AZKEN 10 SARRERAK

2010/12/20

AIZKORRIKO GURUTZEA LEPOETAKO NARDEATIK 2010-12-19

2010eko udazkenaren amaiera. Aurten ahalik eta gehienetan, elurra badago behintzat, Aizkorriko kanaletan sartzea pentsatu dugu anaia eta biok. Honekin batera beste ahalegin bat egitea pentsatu dugu: joaten garen bakoitzean kanal berri edota bariante berri batetik sartu edo irtetea.

Abenduaren erdialdean Iker eta biok Aizkorriko gurutzera Zegamako maratoia igotzen den bide beretik igo ginen, hau da, Sancti Espiritu baselizatik gora doana, batez ere Aiztontor altua eta Aizkorriko gurutzearen artean Otzaurtetik ikusten diren kanalak eta hauen irteerak "inbestigatzera". Honela, Otzaurtetik ikusten diren lau kanalen irteerak non zeuden eta hauen sarrerarako leku aproposena Emendatz deituriko lekua izan zitekela pentsatu genuen.

Kanal hauek normalean ez dira hain bisitatuak izaten Iralarrainardea edo Nardasakon bezalako kanalen itzalpean daudelarik. Dena den, gero ikusiko nuen bezala, hauek ere aukera politak eskeintzen dituzte.

Aizkorriko kanalak Otzaurtetik ikusita. Aizkorriko gurutzea eta Aiztontor altuaren artean lau kanal nabarmen ikusi daitezke. Argazkiaren ezkerrean ikusten den elur kono zabala Nardaaundi da eta honen eskuinekoa, Lepoetako Nardea.

Aizkorri mendilerroko kanal nagusiak beste ikuspegi batetik.


Abenduaren 19an astean zehar botatako elurra aprobetsatuz Aizkorrira itzuli nintzen kanal hauek hobe eta gertuagotik ikusteko asmoarekin. Oraingo honetan bakarrik joan nintzen ez Iker eta ez Leku ere ezin baitzuten joan. Josu ere, erdi lesionaturik, etxean gelditu zen. Badaezpada bi piolet eta kranpoiak eraman nituen, baina ibilbide osoan arriskurik hartuko ez nuen patua egin nuen nire buruarekin.

DESKRIBAPENA

Eginiko ibilbidea, Lepoetako Nardeatik gora doana. Ezkerrean ikusten den mendia Aiztontor altua da eta elur kono zabala Nardaaundi.


Aldaola, goizeko 9:00ak. Otzaurtetik gora elurretako gurpilak estrinatu ondoren Aldaolara poliki baina seguru iritsi nintzen bertan kotxea utzi nuelarik. Aldaola deituriko lekuan plaka bat duen arkaitz bat dago San Adrian kobaruntz doan zementuzko bidearen ondoan. Bertan kotxea uzteko lekua eta bidegurutze bat topatuko dugu. Bidegurutze honetan eskuineko bidea hartuz gero San Adrian aterpea, Sancti Espiritu baseliza eta Emendatzera besteak beste doan lurrezko pista bat hartuko dugu.

Aldaolan dagoen harkaitza.


Aldaolan dagoen bidegurutzea. Guk eskuinera doan pista hartuko dugu.


Behin pista hartu eta metro batzuetara errekatxo baten gainetik doan "zubi" bat zeharkatu behar da.

"Zubia"


Zubia pasa ondoren pistak pagadi batean zehar doa gozo-gozo, zubitik 200 metro ingurura beste bidegurutze batera ailegatuko garelarik. Bidegurutze honetan Emendatzera joateko berriro ere eskuineko pista hartu behar dugu. Zuzen jarraituz gero San Adrian aterpera joango gara zuzen-zuzen.

Bigarren bidegurutzea. Hemen berriro ere eskuinera joko dugu.


Hemendik aurrera eta Emendatz arte PR-GI 69 eta PR-GI 70 bideek jarraitzen duten pista jarraituko dugu. Pista lau-laua da eta pagadi baten erdian doa. Noizik eta behin pinudiren bat edo beste ere zeharkatuko dugu.

Pinudi batera hurbiltzen. PR marka ikusi daiteke.


20 minutu inguru ibili ondoren hirugarren bidegurutze batera ailegatuko gara. Oraingo honetan ezkerreko pista jarraituko dugu, bi PR-ak jarraituz.

Hirugarren bidegurutzea, guk ezkerrekoa hartuko dugu.


Bidegurutzean PR-ak nondik doaz adierazten duen postea.


Gertuago...


Bidegurutze hau hartuta, maldatxo bat igo ondoren, larizti batera ailegatu arte jaisten da. Bertan Emendatzen daudenetatik lehen borda ikusiko dugu. Lariztia zeharkatu ondoren, ezkerrera lehen aldiz Nardaaundi eta Lepoetako Nardean dauden kanalak ikusi genituen.

Lariztitik atera ondoren, ezkerrerako bistak. Eskuin-eskuinean erdi izkutuan ikusten den kanal zatia Sakonaundi da.


Honela, ordu erdi eskas ibili ondoren Emendatz deituriko lekura ailegatuko gara.

Emendatz, goizeko 9:25ak. Emendatz bi pagadien arteko zelaiune bat da, bertan hainbat borda daudelarik. Bertara ailegatzerakoan San Adrianera doan Donejakue bidea topatuko dugu.

Donejakue bidea markatzen duen postea. Atzean kanalak.


Hemendik aurrera, kanalaren hasiera erreferentzi bezela hartuta, gutxi gora behera kanalaruntz zuzen joatera erabaki nuen.

Postea atzean utzi ondoren. Gaur egingo dudan kanala argazkiaren erdian ikusi daiteke.


Gertuago, lehenengo bi erresalteak non dauden adierazi ditut.


Atzera begirada, Emendatzeko borda bat. Ezkerrean Aralar ete gure Txindoki handia.


Kanalaren hasiera doan bidea pagadi baten erditik doa. Hasiera batean bidea gozo-gozoa da, baina kanalera hurbiltzen hasten garenean, basoan Aizkorriko gurutzetik amildutako harkaitzez betetzen hasten da.

Kanalera hurbiltzen. Aizkorriko gurutzetik amilduriko harkaitzak ikusi daitezeke.


Emendatzetik 20 minutu inguru ibili ondoren, Lepoetako Nardeara iritsiko gara, bertan kanaletatik behera amilduriko harri eta arkaitz piloa dagoelarik.

Lepoetako Nardeara ateratzen.


Lepoetako Nardeararen oinera iritsi nintzenean gauza xelebre bat pasa zitzaidan. Bapatean, zabalunearen bestaldeko pagadian animali batek eginiko orro arraro bat entzun nuen. Zein animali zen jakin gabe ixilik gelditu eta zain gelditu nintzen ea animalia ikusten nuen. Bapatean, pago baten atzetik orkatz familia bat irten zen saltoka pagoz-pago, eta irten bezela, berriro ere pagadian izkutatu ziren. Hotsa arraroa orkatzek egiten dutena, bai jauna!!!

Lepoetako Nardeatik behera begirada.


Gora begirada, dagoeneko kanalaren hasieratik gertu.


Kanalaren hasiera, 9:55. Elurraren kantitate-kalitatea ikusirik (elur gutxi eta hautsa) kranpoirik ez jartzea erabaki nuen. "Lasai igo eta kanaleko punturen batean gauza zailtzen bada, buelta erdia hartu eta kotxera itzuliko naiz" pentsamentuarekin kanalean gora hasi nintzen.

Kanalaren hasiera.


Kanalean lehen metroak egin ondoren. Azpian Emendatz ikusi daiteke.


Kanalean gora bost minutu egin ondoren lehen erresalte batekin topo egin nuen. Erresalteak 5-6 metro inguru izango ditu eta ziurrenik ez du aparteko zailtasunik izango egoera onean dagoenean zuzen hartuta irabazteko, baina elurraren egoera ikusirik, bere ezkerretik irabazi nuen belarrei hala nola tira eginez.

Lehen erresaltea, bere atzean bigarrena somatu daiteke. Egoera onean erdiko arkaitzaren alde batetik nahiz bestetik arazorik gabe igotzea izango dela uste dut. Nik ezkerragotik igo nuen.


Erresalte hau utzi eta 25 metro ingurura bigarren erresalte batekin topo egin nuen. Erresalte honek 15-20 metro artean izango ditu eta nahiko "interesgarria" (zerbait esateagatik) izan daiteke egoera onean. Parez-pare extraplomo bat egiten duen harkaitz bat dago eta lehen begiradan erresaltea irabaztea ezinezkoa iruditu zitzaidan. "Akabo", pentsatu nuen, "buelta hartu eta banijo beste kanal ba inbestigatzea".

Baina pareta adi aztertu ondoren Z letra bat eginez igo daitekela ikusi nuen, hasiera batean ezkerrera diagonal bat eginez gero ezker-eskuin extraplomaturiko arkaitzaren gainetik pasatuz eta azkenik zuzen-zuzen igoz. Honela bide hau egiteko asmoarekin goruntz abiatu nintzen. Lehen diagonalean elurraren egoerak kontu pixkat hartzea behartu ninduen, baina erraz egin nuen. Ezker-eskuin doan pasabidean sartu nintzenean honen belarraren gainean elur hauts geruza bat zegoela ikusi nuen. Egoera ongi aztertu ondoren eta nire buruarekin ibilbide hasieran eginiko patua gogora ekarriz buelta hartzea erabaki nuen, azkenik erresaltea bere eskuinetik bira bat eginez irabazi nuelarik. "Sokarekin etortzen garenean saiatuko gea" pentsatu nuen.

Bigarren erresaltea. Gorriz hasieran egin nuen bidea eta buelta hartzea erabaki nuen puntua. Urdinez gero hartuko nuen bidea.


Buelta hartzea erabaki nuen puntutik ateratako argazkia. Ez nintzen hemendik aurrera pasatzera ausartu.


Eskuinetik hartu nuen bide hau era nahiko entretenigarria atera zen, batez ere hasieran bi arkaitzen artean igo behar izan nuen "diedrotxoan"

Hasierako "diedrotxoa" goitik ikusita, izen hau merezi badu.


Bigarren erresaltearen irteeraren argazkia. Hurrengo batean hortik irtengo garelako esperantza daukat.


Bigarren erresalte honen ondoren kanalak zailtasun guztiak galtzen ditu 35-40 gradu inguruko malda batean bihurtzen delarik. Dena den, bere xarma ere badu pagoen arteko pasaera hestu batetik gora doa eta.

Bigarren erresaltearen ondoren, kanala pagoen artean hestutu egiten da.


Atzera begirada. Leku honek bere xarma ere badu.


Hemendik gora elurraren kantitate eta kalitatea ere hobetu zen, gustora igotzen zelarik. Hala ere kranpoiak jartzeko nahiko gogorra ez zegoen oraindik.

Pagaditik gora 10-15 minutu ibili ondoren pagadia amaitu eta, Aizkorriko kanaletan ohikoa den bezela, aristaren irteerara eramango ninduen zabalune handi batera irten nintzen.

Pagadian azken metroak egiten...


Pagaditik kanpo jarraitutako bidea.


Hasiera batean kanala bere osotasunean jarraitzea pentsatu nuen, baina nahiz eta elurraren kalitatea hobetu, leku batzuetan oso askea zegoen eta kanala ezkerrera utzita zuzen jarraitzera erabaki nuen. Gainera, kanala jarraituz gero ezin izango nituen Ikerrekin "inbestigaturiko" irteera posibleak gertutik aztertuko.

Atzera begirada, dagoeneko kanalatik pixkanaka desbideratzen.


Bapatean elurraren kantitateak behera egin eta zabalune honetan dagoen harrikara erdi agerian topatu nuen, igoera zertxobait zaildu zelarik. Dena den, ni gora begira nindoan gerora hirugarren erresalte bezela izendatuko nuen pasabideari begira.

Harrikaran gora jarraitutako bidea eta hirugarren erresaltea.


Hirugarren erresaltera hurbiltzen.


Honela, xuabe-xuabe, argazkiak eta deskantsatzeko denbora hartuz, 11:10 aldera (Emendatzetik atera eta ordu eta berrogeitabost minutuetara) hirugarren erresaltera ailegatu nintzen. Hirugarren erresalte honek 3-4 metro inguru izango ditu eta bi arkaitzen artean dagoen zirrikitu batetik gora igotzea besterik ez da. Esku nahiz oinetarako helduleku onak ditu eta kontu pixkat hartuz arazorik gabe igo nuen.

Hirugarren erresaltea bere irteeratik begiratuta.


Erresalte honetatik gora abiatu eta metro gutxietara elurra dexente gogortzen zela ikusi nuen. Malda zenbatekoa zela ikusirik (40-45 gradu inguru), eta erorketa baten beldurrez, kranpoiak eta piolet bat motxilatik atera eta jantzi ondoren goruntz abiatu nintzen Zegamako maratoiak jarraitzen duen bidearekin topo egin nuen arte. Aizkorriko gurutzera doan bidera irten baino lehen, etorkizunerako beste irteera interesgarri batzuk buruko disko gogorrean gorde nituen.

Kranpoiak jarri nituen lekuan. Maratoiak Aizkorriko gurutzera igotzeko jarraitzen duten bidetik bi mendizale datoz.


Aizkorriko gurutzera doan bidera irteteko hartu nuen irteera.


Pano txiki bat. Ezkerrean irteteko hartu nuen bidea eta parez-pare Sancti Espiritutik Aizkorriko gurutzera doan bidea (Zegamako maratoiak jarraitzen duena).


Aizkorriko gurutzera doan bidera irten nintzenean motxilan kranpoiak gorde, pioleta txintxilikatu eta haizetarako txubaskeroa eta gorroa jantzi ondoren (kristoneko haizea zegoen eta), Illarretaegiko muinora (bide hau Kalbariotik datorren bidearekin bat egiten duen muinoa) atera eta 11:45tan Aizkorriko tontorra zapaldu nuen.

Aizkorriko gurutzea.


Aterpean sartu, ur eta deskantsu pixkat hartu eta di-da batean beheruntz abiatu nintzen Sancti Espiritura doan bidetik, hemendik berriro ere kotxea utzitako lekura ailegatzeko.

Hurrengo baterarte.

KANAL HONETATIK EGINIKO BESTE IGOERA BATZUK.

- Erresalteak zuzen egiteko saiakera, Josu, Iker eta Lekurekin 2012/02/18