AZKEN 10 SARRERAK

2010/12/12

AKETEGI ERPINA NARDAGAIZTOTIK, "BLOKE" IRTEERA: ELURRAREN BILA 2010/12/11

Azaroaren amaieran botatako lehen elurtearen ondoren, urtero legez, Aizkorriko kanalak elurrez bete egin ziren, baina abenduaren lehen asteburuan elurra botaberria zegoen, beraz, bigunegia kanaletan sartzeko, honela abenduko zubia Txindokin eta Aizkorrin barrena ibiltzen pasa genuen zubiaren ondorengo asteburuaren zain.

Baina harrigarria bada ere, astean zehar kriston hego-haizea bota zuen (tenperaturak 20 graduren inguruan ibili ziren) eta bazterretako elurrak eraman zituen. Dena den Aketegitik jaisten den Nardagaizton elur pixkat geratu zen (hiru egun lehenago prismatikoekin kanala aztertzen aritu ondoren, uste genuen nahiko ongi egongo zela, baina gero konturatuko ginen hau ez zela horrela izango) eta zubiraren ondorengo astebururako iragarrita zegoen izoztearen esperantzarekin kanalean sartzea erabaki genuen. Anaia eta biokin batera Leku ere etorri zen kanal gosez.

Aizkorri mendilerroko kanal nagusiak. 2017an Zegamako mapa toponimikoa argitaratu eta kanal eta mendiei jatorriko izena eman zien, izenak argazkian bezala geldituz.


Nardagaiztoren deskribapena hemen jarria daukat, honegatik deskribapen honetatik aparte eginiko gauzak bakarrik komentatuko ditut.

DESKRIBAPENA

Deskribapenarekin hasi baino lehen,. esan "bloke" irteeraren izena guk asmatu dugula. Irteera honek ziurrenik bere izen propioa izango du, honegatik. gure asmoa ez da urteetan jarraitu diren kanalen irteerak gure modura batailatzea. Izena hau "guretzat" sortu dugu, egiten ditugun irteera ezberdinak ezberdindu asmoz. Zergatik bloke? Ea erreporra irakurri ondoren asmatzen duzuen je,je,je.

Bidearen krokisa.


Krokisa beste ikuspuntu batetik.


Kotxea Itzubiaga bordaren ondoan utzi eta traste guztiak bizkarreratu ondoren kanalaruntz abiatu ginen. Oraingo honetan eskalatzeko materiala ere eraman genuen: iltze, friends eta fisurero batzuk, soka, espresak, bagak etab.

Kotxetik abiatu aurretik harritu gintuen lehen gauza izozte eza eta hego-haizea izan zen, nahiz eta Goierri bailara osoa izoztuta izan.

Lehen pausuak ematen. Goierri bailara lanbro artean ikusi daiteke, eta atzean, gure mendia.


Pixkanaka "beroaren" eraginez, kanalaren lehen erresaltera iritsi ginen, eta normalean egin izan dugun bezela, erresalte hau bere eskuinetik pasa genuen bigarren erresaletara eramango gaituen elurtegirarte.

Lehen erresaltea. Elurraren eskasia nabaritu daiteke.


Bigarren erresalteak elurrik ez zuela ikusirik, kranpoirik ez jartzea erabaki eta elurtegia bere eskuinetik irabazi genuen erresalterarte.

Bigarren erresaltera eramango gaituen elurtegiruntz.


Erresaltearen hasieratik atzera begirada.


Lehenengo aldia zen bigarren erresalte hau elur eta izotzik gabe topatzen genuela eta ikustekoa da nola aldatzen den. Anaiak eman zion lehenik bere eskuinetik, baina lehen bi metroak egin zituenean ez aurrera ez atzera gelditu zen bi harri irristakorren artean edozein moduan helduta. Hau ikusirik, Leku eta biok erresaltearen ezkerretik erresaltea irabazi eta Lekuk eskua eman eta gero anaiak azkenean erresaltea irabazi zuen. "Ostia, hau da tentsioa pasa detena" anaiak.

Anaia bigarren erresaltearen gora blokeatu aurretik.


Iker nola hala erresaltetik atera nahian. Lekuk ezkerretik igo eta ateratzen lagundu zion.


Tentsio momentu honen ondoren, bigarren erresaltearen bigarren zatira abiatu ginen, baina lehen zatian pasatako hestuasunak ikusi eta gero eskuin aldetik irabazi genuen (erresalte hau normalean ezkerretik igotzea izaten da errezena), bertan dagoen pago baten adar batetik elkarri lotutako bagekin soka bat egin ondoren.

Bagak elkarri lotzen pagoaren adarrera lotzeko.


Iker eta Leku erresalea "A0"-n pasa ondoren.


Bigarren erresalte hau erabat pasa ondoren hirugarreneko bidea hartu genuen. Erresalte honetara daraman elurtegia ere nahiko eskas zegoela ikusirik, elurtegiaren ezkerretik eroritako zuhaitzen adarrei heutsiz pixkanaka erresaltera hurbildu ginen.

Elurra eskuinean utzita.


Elur jausiek botatako pago bat pasatzen. Bukaeran hirugarren erresaltea ikusi daiteke.


Hirugarren erresalte hau ere bere eskuinetik pasa genuen, harriaren kalitatea hobea baitzen. Erresalte hau normalean elurrez betea egoten da eta ez dauka inongo zailtasunik, baina elurrik gabe...

Erresaltea irabazten.


Hirugarren erresaltea gainditu ondoren eta elurraren kantitatea ugariagoa zela ikusirik kranpoiak jartzea erabaki genuen. Lehen erresaltean pasatako tentsioa berriro ere ez pasatzeko arnesak eta traste guztiak ere badaezpada prestatu genituen.

Hirugarren erresaltea pasa ondoren materiala prestatzen.


Hemendik gora duguna.


Kanalean gora. Elurraren kalitatea oso ona topatu genuen, gogor-gogorra.


Laugarren erresaltera daraman azken maldatxoa gainditzen...


Oraingo honetan laugarren erresaltea igo beharrean, bertara iritsi baino lehen ezkerrera hartu genuen ea zer topatuko genuen "inbestigatzea". Hiru egun lehenago prismatikoekin kanala aztertu genuenean, bariante hau interesgarria izan zitekela pentsatu genuen.

Laugarren erresaltea. Ikusten denez, guk ezkerrera hartu genuen.


Hemen ere malda tentetu egiten da.


Erresalte txiki bat pasa ondoren (seguraski elur gehiago dagoenean erabat estalita izaten dela) eskuinera bi kanal irteten dira. Guk eskuinekoa hartu genuen (ezkerrekoa beste egun baterako), gainera anaia eta Leku kranpoi nahiz pioletekin disfrutatzeko elurra zuen bakarra hau zen. Nik dagoeneko kranpoiak kendu egin nituen eta belarretik gora jo nuen.

Bi kanalak. Urdinez nik jarraitutako bidea, gorriz, Iker eta Lekuk jarraitutakoa.


Ahalik eta elur gehiena aprobetsatzen...


...eta maldaz gozatzen.


Atzera begirada.


Leku kanalaren irteerarako prestatzen...


...eta gainditzen.


Anaia puntu bera irabazi ondoren.


Eta ni ere igotako lekutik ateratzen. Puntu batean nahi baino izerdi gehiago bota nuen.


Txindoki eta Zegama.


Honela kresteriorako irteerara eramaten duten kanalen zabalgunera ailegatu ginen. "Eta orain zer?" Ikerrek. "Nik trasteak ekarri ditugula ikusita hormatik zuzen aterako nintzen" komentatu nuen. "Nigatik ere, perfekto" Lekuk. Honela, pareta aldera hurbiltzen joan ginen kresteriora igotzeko pausu erraz baten bila.

Iker eta Leku zabalgunean. Parean ikusten den mendirik altuena Aketegi Erpina da eta eskuinean eguzkipean dagoena, Aketegi.


Jarraitu genuen bidea. Argazkiak bilguneak non kokatu genituen ere ikusi daiteke. Kokapena orientagarria da.


Leku igoeraz gozatzen.


Anaia azken paretaren hasierara eramango gaituen azken erresaltetxora ailegatzen.


Erresaltetxoaren sarreratik atzera begirada.


Erresaltetxoa gainditu ondoren. Izugarria elurrik gabe paraje hauek nola aldatzen diren.


Azken erresaltetxo honen ondoren jarraitu genuen bidea.


"A ze parea!!!!!"


Horma aztertu ondoren, guretzat teorikoki konpromezu handirik izango ez zuen pitzadura bat topatu genuen elurtegi baten amaieran. Elurtegian plataformatxo bat egin ondoren soka atera eta hirurok lotu ginen (70 metroetako hiruen artean banatu genuen).

Sokaren erdian zortziko korapiloa egin ondoren, pitzadura igotzeko prest.


Eskaladan pasatzen den moduan, azpitik bidea beti errazago ikusten da. Honela, makina bat izerdi bota behar izan nituen pitzaduratik irteteko eta bihotza ahotik atera nahian zebilela pitzaduraren amaieran zegoen zuhaitz baten enborran baga bat lotu nuen. Espresa jarri eta soka pasa nuen arte ez nintzen lasaitu. "Beno Smithy, okerrena ein dezu, hemendik gorakoa di-da batean disfrutatzera" esan nion nire buruari.

Pitzaduran barrena.


Pitzadura atzean utzi eta lasaiago abiatu nintzen goruntz bilera jartzeko leku baten bila. Nire asmoa bilera ahalik eta goien jartzearena zen, honegatik nire begiak eta nire oinak paretaren erdian zegoen pinakulu handi batera (bidoi handi baten tamainakoa gutxi gora behera) joan ziren zuzen-zuzen, "hemen baga bat pasatu eta beste biei aseguratzeko como Dios" pentsatu nuelarik. Pinakulura ailegatu eta konfidantza osoz bi besoekin heldu eta bertatik gorputza erdi zintzilikatzearekin batera "krak" bat entzun eta pinakulua gainera hasi zitzaidan erortzen. Hemendik aurrerakoa geldo pasa zen. Pinakulua erditik pitzatu eta zatirik handiena gorputza alde batera nolabait makurtuz ekidin nuen. Pinakuluaren beste zatia iztarraren gainera erori eta nolabait heutsi nion.

Baina ekidin nuen pinakulua Iker eta Leku zeuden lekurantz abiatu zen ziztu bizian. "Kontuz!!!!! Kontuz!!!!!!!" oihukatu nien. Pinakuluak pitzaduraren amaieran jo eta pitzaduraren gainetik salto egin ondoren kanalaruntz jarraitu zuen. Pinakuluaren atzetik beste harri batzuk pitzaduratik behera abiatu ziren. Eta ondoren, ixiltasuna.

Oraindik pasatakoa sinestu gabe nengoela "Ondo zarete?" oihukatu nuen (banekien Lekuk kaskoa zuela, baina anaiak berea etxean utzi zuen). Luzeak iruditu zitzaizkidan segunduak pasa ondoren "gu ondo gare, zu, erori ein zea?" anaiak erantzun zidan. "Ez, ongi nago" erantzun nion, ezker eskua odolez betea nuela oraindik jakin gabe. "Ostia, hori da harri puska, gu garen lekutik metro erdi baino gutxiagora pasa da. Kolkoa lurrez betea dauket" anaiak.

Izugarrizko izu honen ondoren (mendian izan dudan handienetako bat), bilera sendo jarri eta Iker eta Leku aseguratu nituen.

Leku pitzaduratik ateratzen. Bera orain dagoen tokian jo zue pinakuluak.


Ni bileran.


Anaia pinakulua zegoen tokian Lekuren zain.


Leku pinakuluaren ondarren ondoan.


Hirurak berriro ere elkartu ginenean, pasatakoa behin eta berriz gogoratu genuen. Eskapada galanta, bai jauna.

Bilera eta soka jaso ondoren, trepada erraz baten ondoren ertzara atera ginen.

Bilera eta soka jaso ondorengo azken trepadatxoan.


Aketegi Erpina gure zain.


Ertzara ateratzen, atzean Beriain.


Eta hemendik aurrera, gozo-gozo Aketegi Erpinera iritsi ginen.

Gailurrerako azken metroetan.


Nardagaiztoren elur-arrastoak.


Araba alderako bistak.


...eta amaitzeko, gailur argazkia.


Jisteko, beti egiten dugun moduan, Aketegira igo eta bere iparraldetik pixkanaka Nardasakonera abiatu ginen, elurra ahalik eta gutxien zapalduz berriro ere kotxera itzultzeko.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina