AZKEN 10 SARRERAK

2011/04/08

PEÑA KARRIA (1130 m.) HEGO EKIALDEKO ARISTATIK 2011/04/02

Palomares mendira doan mendebaldeko aristarekin batera, arista hau aspaldi gure "egin beharrekoen" zerrendan genuen. Garai honetan Pirinioei begira egoten gara batez ere, baina nire eskuetara Sua edizioak berriki argitaraturiko "Aristas y Crestas de Euskal Herria" liburua ailegatu zenetik, nolabait arista hau uda baino lehen egin beharra genuela adostu genuen. Honela, Apirilaren lehen astebururako izugarrizko beroak iragarrita zeudenez, eta bero hauekin Pirinioetako korredore bat egitea arrisku handia izango zela ikusirik, Iker, Josu eta hiruok arista honi bisita egiteko gelditu ginen.

GURE BIDEA

Peña Karria mendia Valderejo Parke Naturalean kokatua dago, Arabaren medebaldean. Mendi honetara igotzeko abiapunturik gertukoanea Arroyo de San Zadornil herria da. Arroyo de San Zadornil herrira ailegatzeko N1 errepidea hartu beharra daukagu Gasteiz arte. Gasteiz atzean utzi ondoren Langraiz herrira doan 340 irteera hartu behar da, hemendik aurrera A-2622 errepidea jarraitzeko. Errepide hau jarraituz, Pobes, Paul eta Añana herriak zeharkatuko ditugu. Añana herria atzean utzi ondoren, gure hurrengo helburua Espejo herria izango da orain arteko errepide bera jarraituz. Espejo herria zeharkatu ondoren, eta orain arte bezela, A-2622 errepidea jarraituta Villanueva de Valdegovia eta Gurendes herriak zeharkatuko ditugu. Ailegatuko garen hurrengo herria San Millan de San Zadornil izango da. Hemendik aurrera A-2622 errepidea BU-5532 errepidea izatea pasako da, azkenik, San Millan herria atzean utzi ondoren Arroyo de San Zadornil herrira ailegatuko garelarik. Kotxea uzteko, herriaren erdian eskuinera doan bide bat hartu eta erreka gurutzatu ondoren, eskuinera hartu eta bidearen ondoko zabalune batean utzi genuen.

Kotxea utzitako lekua, atzean Arroyo de San Zadornil herria ikusi daiteke.


Peña Karria eta bere hegoekialdeko arista.


ERAMANDAKO MATERIALA

Hiruontzat: 70 metroetako soka bat (gure helburua ahalik eta zatirik handienean ensanblean igotzea baitzen), dozena erdi bat express, fisurero joku erdia, Link Cam gorri eta horia, luzera ezberdinetako bagak eta kaskoa.

DESKRIBAPENA

08:50 Arroyo de San Zadornil. Goiza fresko esnatu zen, iragarrita zegoen beroa kontutan izanda, primerako giroa. Kotxetik trasteak motxiletan sartu ondoren, aristaruntz abiatu ginen. "arista politte ematen du" esan zuen Josuk, "ikusgarrie omen da eta ikusitako argazkiak izugarriak die" erantzun nion.

Bidea kotxea utzi genuen lekutik 50 metro inguru zementuzko pista batetik herriruntz abiatu eta eskuinera doan bide batetik gora doa. Bidearen hasieran egurrezko langa eta ate bat dago.

Peña Karriaruntz doan bidearen hasieran GPSa martxan jartzen.


Egurrezko langa zeharkatu ondoren bi aukera ditugu: ezker aldera, Peña Karriaruntz doan bide normala jarraitu eta behin aristara hurbiltzen garenean eskuinera hartu aristaren azpitik, aristaren hasierara eramango gaituen puntu bat arte. Guk beste aukera bat hartu genuen: langa zeharkatu eta eskuinaldera jo genuen aristaren hasiera erreferentzi bezela hartuz, pixkanaka puntu horretara hurbilduz.

Josu langa pasa ondoren lehen metroetan.


Bidea hasieran pinudi baten erditik doa.


Denbora gutxian metro asko irabazi genituen, pareta batekin topo egin genuen arte. Pareta honetatik ezkerrera mugitu ginen bera gainditzeko pausu errezenaren bila.

Pareta bordeatzen, aurrean ikusten den zuhaitzetik gora jo genuen.


Iker pareta gainditzen.


"Ederki hasi deu egune, harri txarretatik gorako trepadetan" esan nien, "espero det goikoa hobea izatea" Ikerrek.

Pareta hau hiru trepadetan gainditu ondoren harrikara batera ailegatu ginen.

Josu harrikaratik gora. Goian dagoeneko arista ikusi daiteke.


Dagoeneko Arroyo de San Zadornil herria oso behean gelditzen da.


Honela, ttirri-ttarra batean aristara igo ginen.

Aristara igo ginenean gure aurrean azaldu zen paisaia izugarria izan zen.


09:30 aristaren hasiera. Aristaren lehen metroak ezer jarri gabe egin ondoren, berehala, eta berandu izan baino lehen, soka ezik beste trasteak jarri genituen.

Aristaren lehen metroetan. Hasieratik duen giro paregabea nabaritu daiteke.


Aristaren lehen ehun metro inguruak atzean utzi ondoren mugarri bat duen tontor batea ailegatuko gara. Aristaren zati honetan, arista nahiko zabala da.

Mugarria.


Mugarritik aurrera, nahiz eta leku askotan arista ekiditeko pausuak izan, denbora osoan aristaren hertzean mantenduko ginela adostu genuen, asuntoa zailtzen zela ikusten genuen lehen zatian soka aterako genuelarik.

Iker aurretik bidea irekitzen.


...eta Josu, oraingo honetan berriro ere kaskorik gabe, bidea ixten.


Parajea eta giroa, denbora osoan ikusgarriak dira.


Momentu batean, arista hestutzen hasten zela ikusirik, soka ateratzea erabaki genuen. Hemendik aurrera ensanblean joan ginen hiruok soka berara lotuta, Josu aurretik, Iker erdian eta ni atzetik.

Soka ateratzea erabaki genuen lekua.


Dagoeneko ensanblean. Hemendik aurrera hasten da aristaren zatirik dibertigarriena I eta II mailako trepadatxoekin.


Ni hirukotea ixten.


Esan bezela, lehen zati hestu hau oso dibertigarria da, berotzen joateko.


Haurren moduan gozatzen.


Bapatean III mailako trepada batera ailegatu ginen. Trepada hau pitzadura batetik gora doa eta pitzaduraren erdian egurrezko tako bat jarrita dago babesgarri gisa. Josuk pitzadura erraza ikusi zuenez, gelditu gabe aurrera jarraitu zuen ensanblean. Pausu honen sarreran bilgune bat omen dago, baina guk ez genuen ikusi.

Iker pitzadura gainditzen.


Pitzadura "babesten" dagoen egurrezko takoa.


Ni pausu beratik ateratzen.


Pausu honen ondoren arista berriro ere zabaldu egiten da, bigarren tontor batera ailegatuko garelarik.

Iker bigarren tontorrean.


Bigarren tontor honetatik destrepe erraz baten ondoren jaitsi eta pixkanaka arista berriro ere hestutzen joango da.

Zabalunea atzean utzita, berriro aristaren gainean.


Aurreko argazkian ikusten den trepadatxo errazaren ondoren, aristaren zatirik ikusgarrienean sartzen gara. Hasieran batean. 60-70 metro ingurutan arista erabat hestutzen da. Zati honetan erdoildutako iltze zahar bat topatu genuen, dena den bagen bidez oso ondo babesten da zati osoa. Zati honen bukaeran, aristari gradua jartzen dion IV+eko zatira ailegatuko gara. Zati honen aurretik, dagoeneko arkaitz batean dauden bi iltze zahar aprobetsatuz, bilgunea jarri genuen.

Aristaren zati hestuenaren hasieran...


...erdialdean...


...eta zatia amaitzen. Josu dagoen puntua da bilgunea jarri genuen lekua.


"Zemuz dijo arista?" galdetu nien bilgunera ailegatzerakoan. "oso politte, ea oaingoa nolakoa den" Josuk. "Nik oso errez, uste baino errezago" Ikerrek.

IV+eko zatia babesteko soka erditik tolestatu eta Josuk aurretik eman zion bi anaiak atzetik, bakoitza sokaren punta bat lotua genuela, jarraitu geniolarik. Zati honek bi zati dauzka: hasiera batean bileratik bertikalki zuzen jo behar da aristara atera arte. Behin aristan trepada erraz baten ondoren gradua ematen duen pausura ailegatuko gara.

Iker Josu aseguratzeko prestatzen.


Gure bilgunea.


Josu zatiari IV+eko gradua ematen dion pausuan.


Josu pausua gainditu ondoren bilgunea jartzeko leku baten bila.


Iker bilgunetik atera ondoren aristara igota.


IV+eko pausuaren aurretik dagoen trepada errazean.


Ni bilgunetik atera ondoren.


Iker IV+eko pausuaren sarreran.


Gertuago... bidea ageriko pitzaduratik gora doa gutxi gora behera soka jarraituz.


IV+eko pausuak helduleku ederrak ditu eta arkaitzak oso eranskorra da. Ez dauka misterio handirik eta pitzadura jarraitzea besterik ez da. Ez genuen pausu osoan inongo iltze edo asegururik ikusi. Nahiz eta gidetan IV+ gradua eman, guri errazagoa iruditu zitzaigun.

Iker pausuaren hasieran, beharbada zatirik zailena.


Lehen pausua gainditu ondoren pitzadura jarraitzea besterik ez da.


Pausua gaindituta.


Ni nire txandaren zai. Atzean arista osoa ikusi daiteke.


Pausua gainditu ondoren, pausu polita iruditu zitzaigun.


Josuk gu aseguratzeko jarri zuen bilgunea kentzen.


Hemendik aurrera berriro ensanblean jarri ginen. Bi blokeen artean pausu luze bat emango dugu (kontuz erortzen ez bazara) plaka batera eta hemendik III gradua ematen dioten trepadatxo batetik berriro ere aristara irtengo gara.

Josu III-ko trepadatxoaren ondoren.


Iker bi blokeen arteko pausua eman ondoren igo beharreko plakan.


Josu eta Iker zailtasunak bukatzen diren puntura ailegatzen. Puntu honetan arkaitz zubi batean krodino bat dago jarria.


Ni puntu berara ailegatzen.


Hurrengo "zailtasuna" kate eta parabolt batez babestua dagoen 4-5 metroetako rapel batera ailegatuko gara. Errapelan denbora irabazi asmoz, soka finko bat jarria dago. Guk soka erabili genuen jaisteko, nahiz eta badaezpada express bat jarri errapelaren hasieran.

Josu errapelaren bila. Atzean dagoeneko Peña Karriaren gailurra ikusi daiteke.


Sokatik jaisteko prestatzen.


Iker sokatik behera.


Hemendik gailurrera tximinia erraz batetik gora igotzea besterik ez da. Josu tximinia errazegi ikusi zuenez, bere bariantea egin zuen.

Josu tximinia erraza eskuinean duela.


Josu bere saltsan...


Errapela amaitu ondoren, Josu dagoeneko gailurrean.


Honela, 11:30tan Peña Karriaren mediaren gailurrera ailegatu ginen, kotxetik atera eta bi ordu t'erdi eskasera.

Peña Karria, 1130 metro.


11:50 Peña Karria. Tontorrean 20 minutu inguru egon, ederki jan eta edan eta trasteak jaso ondoren, jaitsierarako prestatu ginen. Jaisteko mendi honetara datorren bide normala erabili genuen. Bidea via ferrata batetik behera doa.

Gailurretik mendebaldera hartuta 150-200 metro egin ondoren via ferrata hasten den tokira ailegatuko gara. Toki honetan mosketoi bat dago via ferrata egin beharrean zati hau errapelatu egin nahi bada erabili ahal izateko.

Via ferrata hasten den tokia. Ezkerrean errapelatzeko mosketoia ikusi daiteke.


Via ferratak bi destrepez dago osatua: lehenak bi zatitan dago banatua, baina bigarren destrepea baino errazagoa da.

Iker lehen destrepearen lehen zatian.


Lehen destrepearen bigarren zatiaren hasieran.


Josu bigarren destrepearen amaieran.


Bigarren destrepearen ondoren metro batzuetan sirga bat jarraitu behar da, zailtasun guztiak amaitzen direlarik.

Iker sirga dagoen zatia atzean utzi ondoren. Hemengo paretak izugarriak dira.


Zailtasun guztiak amaitu ondoren herriraino itzuliko gaituen bidea oso ebidentea da eta berriro aristaren azpitik eramango gaitu. Azkenean, 12:45tan kotxera ailegatu ginen.

Itzuleran herria denbora osoan bistan dugu.


Peña Karriari azken begirada.


PROFILA




2 iruzkin: