2011ko lehen hamabostaldian udako eguraldia egin zuen. Hau ikusirik apirilak 9ko astebururako hemen nonbait zerbait egiteko plana egina genuen Josu, Ikerrek eta hiruok, beste behin, astebururako bero handiegiak iragarrita baitzeuden (Piriniotako korridoreetan sartzeko arriskutsuegi).
Baina bapatean, ostiral arratsaldean "la meteo que viene" bloga kudeatzen duen Jorge Garciak ezusteko itsaropentsu bat eman zigun: "iganderako ipar haizea jo eta iso 0-a 2200 metroetara jaitsiko da". Hau ikusita, Josuri deitu eta aspaldian gure jomuga zen La Fourche korridorea egitea proposatu nion. Plana? Larunbatean bazkal ondoren Pombie aterpera joan, bertan lo egin, eta igandean Petit Pic-a igo La Fourche korridoretik. Josuk bitan pentsatu gabe baiezkoa esan zidan. Ikerri deitu nionean ere, berak ez zuen arazorik jarri.
GURE BIDEA
Midi d'Ossauren Grand Pic-a bitan igota genuen, bietan bide normaletik, baina Petit Pic-a igotzeko gogo bizikin geunden aspalditik. Gainera mendi honen lehen aldirako bi aukera genituen: Peyreget arista, hemendik Grand Pic-era pasa eta berriro Pombie aterpera bueltatzeko, edo La Fourche korridorea. Egia esan behar bada, bi aukeretatik La Fourche-arena izan da beti gehien erakarri gaituena urte sasoi jakinetan bakarrik igo daiteke eta.
La Fourche korridorearen lehen igoera ezezaguna da. Korridore honek bi Midiak erditik banatzen ditu. Hego-ekialdeko orientazioa dauka, beraz, komeni da goiz sartzea bertan. Bere zailtasuna AD edo AD+ mailakoa da, duen elur kantitatearen arabera, elur gutxikin erdialdean IV mailako harkaitz erresalte bat sortzen baita. Dena den, Petit Pic-en gailurrean amaitzen badugu, aktibitatea AD+ mailara igotzen da,gailur honetara ailegatzeko IV mailako pareta bat igo behar baita.
La Fourche korridorea. Argazkiak IV-ko erresaltea non sortzen den eta jaitsierarako erabili genituen rapelen kokalekua adierazi dut.
ERAMANDAKO MATERIALA
Hiru lagunentzat: Pioletak, kranpoiak, arnesa, 70 metroetako bi soka, dozena erdi bat express, fisurero joku erdia, Link Cam gorri eta horia, Alien gorri eta berdea, luzera ezberdinetako bagak eta kaskoa. Izotz torlojuak eta estakak etxean utzi genituen, eta erraketak kotxean. Dena den, beti bezela, behar baino material gehiago eraman genuen.
DESKRIBAPENA
Etxe azpian 15:00tan gelditu ondoren, 18:30tan Portalet portuaren bestaldean (Frantzia aldean) kilometro eskas batera dagoen, Cabane de l'Araille lekuaren ondoko Parkingetik Pombierantz abiatu ginen.
Irteteko prest. Hori da pisua motxilek zutena!!!! Atzean Peyreget eta Midiren Petit Pic eta Grand Pic mendiak ikusi daitezke.
Lehen metroetan, elur maila zenbat jaitsi den ikusi daiteke.
Motxilen pisua, eta gaurko ibilbidea ordu t'erdi ingurukoa izango zela kontutan izanda, bidea pazientziz hartu genuen, bidean zehar hitzegiten joan eta konturatzerako Col de Soum de Pombiera ailegatu ginelarik.
Josu eta Iker Col de Soum de Pombiera ailegatzen. Atzean dagoeneko La Fourche korridorea ikusi daiteke bi Midien artean.
Col de Soum de Pombietik Pombie aterperaino jaitsiera gozo bat izaten da beti, nahiz eta oraingo honetan elurraren egoera nahiko biguna izan.
Col de Soum de Pombietik behera, paisaia paregabea da.
Pixkanaka Piriniotako elurrak joaten ari dira...
Iker Pombiera ailegatzen. Ezkerrean La Fourche korridorearen sarrerara daraman Grande Raillère konoa ikusi daiteke.
Korridorearen nondik norakoak azaltzen...
Ordu eta erdi eskas ibili ondoren, Pombie aterpera ailegatu ginen. Aterpe honen zati bat negurako irekita izaten da. Zati honek, gela hauek ditu:
Sarrera bat. Bertan motxilak zintzilik utzi daitezke. Hemen ere larrialdietarako telefono bat dago.
Sukaldea, su eta gasarekin. Guk ez genuen gasik topatu.
Eta logela bat, hamabost pertsonentzako literekin.
Arritu gintuen inor ez topatzea aterpe barruan. Aterpearen ondoan dagoen beste aterpe txiki batean mendizale batzuk zeuden kanping denda batean, baina ez zuten asmo handirik aterpera etortzeko. "aterpera libre izanda dendan lo ein behar due?" esan zuen Josuk "hala dirudi" Ikerrek. "Aterpea libre eukita nik ez det denda baten lo eiten ni por el forro" Josuk, "ezta nik ere" Nik.
Etxetik eramandako sandwich, ogitarteko eta fruitu lehorrak afaldu ondoren, gaueko bederatzietan zakuetara joan ginen lo egitera. Harrigarria bada ere, aterpera hiruontzat bakarrik izango genuen. Alarma goizeko bostetarako jarri genuen.
Ringggg!!!!!!!!Rinngggggggg!!!!!!!! Goizeko bostak. Hala nola jeiki eta leihora hurbildu ginen zein eguraldi genuen ikusteko. "Kriston behe-lainoa dago!!!" esan nien "Ez esan" Josuk. "Joer, linternakin ezin da hiru metro baino gehiago argitu", komentatu nien. "Trankis, GPS-a dugu eta" Ikerrek.
Gauean soberan gelditutako sandwich bat eta bi madalena jan (Josuk makarroi platerkada bat sartu zuen), behar ez genuen materiala zabor poltsetan bildu eta sukaldeko baldetan utzi ondoren goizeko seietan aterpea utzi genuen.
Josu eta Iker gosaltzen.
06:00, Pombie aterpea. Aterpetik atera eta iluntasuna besterik ez genuen ikusi. "Nundik joko deu?" Josuk. Aterpetik eskuin aldera bidea oso zapaldua ikusi nuenean, "hemendik jarraituta ziurrenik lakue alde batera utziko deu" esan nien. Honela hain zapaldua zegoen bidea jarraitzen hasi ginen itsu-itsuan. 20 minutu inguru ibiltzen ari ginela, bapatean behe-lainoa altsatu eta Grand Pic-era doan bide normalaren ondoan gindoazela konturatu ginen, Pombie paretaren azpian geundelarik.
"Joder, desbideratu egin gea" esan nien "eskerrak GPS-a ekarri deun". Pombie pareta erreferentzi bezela hartuta, Grande Raillère-tik gora abiatu ginen korridorearen sarreraren bila.
Josu Grande Raillèren gora. Atzean Peyreget mendia ikusi daiteke.
Bapatean, elur erdi-bigun batetik gora gindoazela, elur jauziek eginiko kanal batera ailegatu eta hemendik gora jo genuen korridorearen sarreraren bila. Kanal honetan elurra oso gogorra topatu genuen, orain arte topatutakoarekin alderatuz.
Elur jauziek eginiko kanalean gora, ia korridorearen sarreran.
07:25, La Fourcheren sarrera. Azkenean, erdi galduta ibili ondoren, korridorearen sarrerara ailegatu ginen.
Josu korridorearen sarreran. Kanalaren sakonera ikusi daiteke.
Atzera begirada, behe-lainoa izugarria zen.
Elurraren kalitatea ikusita, pioletak atera gabe jarraitzea erabaki genuen, IVko erresaltea sortzen den punturarte, nahiz eta maldak 45 gradu inguru izan.
Iker eta Josu erresaltea sortzen den puntua aurrean dutela.
07:50ak aldera erresaltea sortzen den puntura ailegatu ginen, bertan korridorea hestutzen delarik. Puntu honetan bastoiak gorde, kaskoa eta pioletak atera eta gora jarraitu genuen. Erresaltea nahiko estalia topatu genuen, baina dagoeneko ia 30 zentimetroetako pitzadura bat irekitzen hasia zen.
Josu erresaltea gainditzen Iker prestatzen ari den bitartean.
Hemendik gora elurra elegantea, gogor-gogorra, topatu genuen. Korridorearen malda ere 50 graduetara igo zen, momentu batzuetan 55 graduetara ere ailegatzen zelarik.
Josu eta atzean Iker erresaltea gainditu ondoren.
Hemendik gora malda ere handiagoa bihurtu zen, baita elurraren kalitatea ere.
Iker igoeraz gozatzen.
Iker korridorean gora. Elurraren kalitatea ikusirik, ez genuen sokarik atera ere egin.
Hau da gozadea!!!! Elurraren gogortasuna nabaritu daiteke.
Ehiztari ehizatua. Zertan ari da?
Ba gure kuadrilako Igortxori agur bideo bat ari ginen grabatzen ezkondu egiten zen eta. Hemen azpian doakizue grabatutako bideoa. Ez da oso profesionala baina tira.
Atzera begirada...
Pixkanaka, korridoreaz gozatuz, berriro ere korridorea zabaltzen den puntura ailegatu ginen, hemendik aurrera malda ere pixkanaka jeisten da.
Josu eta Iker korridorea zabaltzen den puntura ailegatzen.
Josu eta biok zabalunearen sarreran...
...baita Iker ere.
Dagoeneko zabalunean...
...eta pixkanaka korridorearen amaieraren bila.
Iker eta Josu zabalunearen sarreran...
...eta korridorearen azken metroetan.
08:35, La Fourche. Aterpetik atera eta bi ordu t'erdira La Fourchera ailegatu ginen, uste baino beranduaxeago. "Zenbat gelditzen da puntaino?" Josuk. "Ez dakit ba, gidetan aterpetik gailurreraino hiru ordu inguru markatzen ditu..." nik.
La Fourchetik Petit Pic-ra igo behar den IV-ko paretatxoa nondik igoko genuen eztabaidatu ondoren, azkenean martxan jarri ginen. Gehienetan egin izan dugun bezela, paretatxo honi Josuk eman zion lehenik. Paretatxo hau hartzeko La Fourchetik zeharka iparralderuntz hartu behar da ezkerrean arista bat utziz. Paretatxoa uste baino motelxeago egin ondoren Josuk "Reunión!!!" oihukatu zuen. Bilgunea bloke baten inguruan egin zuen.
Josu IVko paretatxoan.
IVko pareta honek ez dauka misterio handirik. Oin nahiz eskuetako helduleku ederrak dauzka. Gainera bertako harkaitza oso eranskorra da eta segurtasun handia ematen du. Guk pareta goitik behera zeharkatzen duen pitzadura antzeko baten eskuinetik igo genuen.
Iker 0 bilgunean.
Ni neu, IVko pausuan. Josu non bilgunea non jarri duen ikusi daiteke.
Josu 1 bilgunean.
Josuren parera ailegatzerakoan eta denbora aurrera zihoala ikusirik, motxilak bertan utzi eta Iker gure parera ailegatutakoan, gelditu gabe gora jarraitzea proposatu nion. "Oso ondo" esan zidan.
Iker 1 bilgunera ailegatzen, azpian La Fourche eta atzean Grand Pic mendia.
Iker gure parera ailegatu zenean, motxila utzi eta 1 bilgunetik gora ateratzen den elur maldan gora abiatu zen. Ez ginen konturatu, baina Ikerren motxilarekin batera GPS-a eta Pirinotako gailur argazkietarako ikurrina ere bertan gelditu ziren. Elur malda honen egoera, dagoeneko eguzkiaren eraginez, oso biguna topatu genuen.
Iker elur maldan gora. Gero rapela jarriko dugun lekuan lehen express-a jarri zuen.
Iker elurretan nola satzen zen ikusita Josuk arkaitzetatik gora trepatzen jarraitzea erabaki zuen, nik ordea, anaiaren bidea jarraitu nuen, puntu askotan belaunetaraino sartu eta beranduegi egiten ez zenaren bildurra sartu zitzaidalarik. Honegatik, Ikerrrek 2 bilgunea jarri zuen puntura ailegatu nintzenean, zakarki sokatik askatu eta ziztu bizian gailurrera joateko esan nion, gailur argazkia atera eta ziztu bizian berriro ere beherunzko bidea hartzeko. "Trankis, eh?" erantzun zidan.
10:20, Petit Pic. Gailurrera ailegatu, bertatik argazki batzuk atera eta gailur argazkia atera ondoren, hamar minutu egon ondoren beherunzko bidea hartu genuen.
Petit Pic menditik ateratako panoa. Ezkerrean Grand Pic-a ikusi daiteke.
Petit Pic du Midi d'Ossau, 2807 metro.
Jaisteko ahalik eta rapel gehienak aprobetsatzea pentsatu genuen. La Fourchera bi rapeletan jaitsi ginen. Lehenengoa guk bigarren bilgunea jarri genuen lekuaren ondoko bloke batetik behera egin genuen. Kuriosoa da, baina rapelak egiteko lekuz josia dago bide osoa, bagak, kordinoak eta maillon-ak ia non nahi topatu daitezkelarik.
Iker lehen rapelean.
Motxilak utzitako lekua bigarren rapela jarri genuen lekutik.
Iker IVko pareta rapelatzen.
Iker ni nengoen tokira ailegatzear zegoela, izotz plaka batean irrist eta izugarrizko kolpea hartu zuen belaun batean. "Ostiaa!!!!!!!! Hau da mine!!!!!!" . Nigana errenka ailegatu zen, eta zuen min aurpegia eta belaunaren egoera ikusita larritu ere egin nintzen "Beheraka jarraitu La Fourcheraino eta bertan deskantsua hartu Josu eta biok sokak jasotzen ditugun bitartean" eskatu nion.
Josu IVko paretan behera.
Sokak jaso eta pixkanaka La Fourchera jaitsi ginen. Iker bertan eserita topatu genuen belaunean izotza jarria zuela. "Zemuz?" esan nion. "Mine dauket, baina jetsiko naiz" esan zidan.
Denbora asko galdu gabe, korridorea rapelatzeko lehen rapelaren bila hasi ginen, lehen rapela ia La Fourche bertan jarri genuelarik.
Iker eta Josu lehen rapela montatzen.
Josu lehen rapelean, Iker dagoeneko jaitsia zuen.
Bigarren rapela bloke baten inguruan jarri genuen. Bertara ailegatzeko, erdi trepadatxo bat egin genuen.
Bigarren rapela.
Askotan pasatzen zaigun bezela, rapelekin makina bat arazo izan genuen sokak etengabe korapilatzen zitzaizkigun eta. Bigarren rapelarekin korridorean dagoen erresalteraino ailegatu ginen. Honen gainean hirugarren rapela jarri genuen.
Iker hirugarren rapelean sokak askatzen Josuren begiradapean.
Laugarren eta azken rapela pitzadura baten gainean jarri genuen.
Josu laugarren rapelean. Pitzadura ikusi daiteke.
Laugarren rapelaren ondoren, sokak jaso eta inguruko paretetan lehen elur koladatxoak erortzen hasita zeudela ikusirik, ziztu bizian maldan behera jaitsi ginen Pombie aterpera 13:00ak aldera ailegatu ginelarik.
Trasteak jaso ondoren berriro ere lainopean.
Pombie aterpera ailegatu, bertan ederki hidratatu, fruitu lehorreren bat jan eta motxilak berriro egin ondoren, kotxeruntz abiatu ginen. Ikerri, jaitsiera gozogoa egin asmoz, soka kendu eta nik jaitsi nion, hala ere, minez jaitsi zen kotxeraino. Azkenean kolpea besterik ez zen izango.
Col de Soum de Pombietik behera.
Azkenean, 14:20ak aldera kotxera aileatu ginen, uste baino askoz beranduago, nekatuta, oraindik azkenean elurrak hartu zuen itsurarekin urduri, baina erabat zoriontsu Piriniotako klasiko bat egina genuelako.
PROFILA
Profila ez dago Petit Pic-en gailurreraino egina, GPS-a IVko paretaren gainean motxilaren barruan gelditu baitzen.
AZKEN 10 SARRERAK
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina