AZKEN 10 SARRERAK

2011/06/29

ERISTE EDO BAGÜEÑOLA MENDIAK: Erdiko ERISTEA edo GRAN ERISTE (3056 m), Ipar ERISTEA edo BERALDI (3031 m) eta Hego ERISTEA (3041 m) 2011/06/25

Udako prestaketarekin jarraituz, Culfreda mendien ondoren, burutzera ordu gehiago eramango gintuen erronka hartu genuen: Eriste edo Bagüeñola mendiak. Irakurritako deskribapenak erreferentziatzat hartuta 10 ordu ingurura hurbilduko zen ibilbidea, test ederra udari begira.

Eriste mendiak ezagutzeko, fitxaketa berria egin genuen: Javi. Javikin behin baino gehiagotan izanda geunden eskalatzen, baita Piriniotan ere. Kriston tipoa da, berarekin edozein mendira joan daiteken horietakoa.

GURE BIDEA

Eriste edo Bagüeñola mendiak Posets-Maladeta Parke naturalaren barnean kokatzen dira, Forqueta mendien hegoaldean eta Posets handiaren itzalpean. Eristeak hiru hirumilako dira: Iparrekoa, Beraldi ere izenekoa (3031 m), Gran Eriste edo Erdikoa (3056 m), hiruetatik garaiena eta beharbada bisitatuena, eta honen hegoaldean Hegoaldeko Eristea (3041 m). Mendi hauek ez dira oso bisitatuak, egun osoan bi mendizale bakarrik ikusi genituen.

Gure asmoa hirurak igotzearena zen, baina ez genekien hirurak batera igotzeko zein zen aukerarik egokiena. Hasiera batean hiru hirumilako hauek eta hauen hegoaldean dagoean Bagüeña edo Tuca de Comajuana mendia lotzen dituen arista egitea pentsatu genuen Pico Baixo de Bagüeñatik hasita, baina eramango genuen material eta pisua, eta batez ere lau izango ginela kontutan izanda, aukera hau, nahiz eta tentagarria izan, baztertu genuen.

Aristaren aukera baztertuta, hiru hirumilakoak lotzeko biderik motz, logiko eta errezenaren bila hasi ginen, honetarako interneten beste mendizale batzuek eginikoa aztertzen hasi ginelarik. Aztertutako ibilbideen artean Gorka azkarate mendizale urretxuarrak 2008an eginikoa izan zen gehien konbentzitu gintuena. Gorkari pare bat mezu bidali eta berak emandako aholku eta ibilbidearen track-a jaso ondoren, ibilbidea ia buruz ikasteari ekin genion. Blog txiki hontatik azkarate mendizale handiari eskerrak ematea besterik ez daukat, milesker Gorka.

Eristeetara igotzeko irteera punturako Sahun  portuko lepoa aukeratu genuen. Portu honetara ailegatzeko Plan herritik ateratzen den pista aukeratu genuen. Plan herriraren sarreran eskuinera Zinqueta errekaruntz bide bat ateratzen da. Zubia gurutzatu ondoren ezkerrera pista bat hasten da. Lurrezko pista bat da, baina egoera nahiko onean dago. Hamabi kilometro inguru pista honetatik ibili ondoren, Sahun portuko lepora ailegatuko gara. Bertan kotxea uzteko hiru-lau leku izango ditugu.

Eristeak Sahun portuko lepotik.


Gertuago...


Lo egiteko bi aukera genituen: lehenengoa Sahun portuko lepotik iparreruntz 3 bat minutu zelaian ibili ondoren dagoen txabola. Aukera hau azkaratek hartu zuen 2008an. Gure bigarren aukera Marradetas aterpean lo egitea zen. Bertako telefonoa eta web orria lortu ondoren, lo egiteko señorito xamarrak bihurtzen ari garela kontutan hartuta, hau izan zen hartu genuen aukera.

Iker Sahun portuko lepoan. Atzean Gorka azkaratek lo egiteko erabili zuen txabola ageri da. Gorriz igotzeko jarraitu genuen bidea, urdinez Javik eta biok jaisteko erabili genuena.


Lepotik gertu dagoen arkaitz plaka batean bulder saiotxo bat egiteko parada izan genuen. Aupa Javi!!!!


Marradetas aterpea abentura enpresa batek kudeatzen du (TTaventura). Aterpea Sahun portuko lepora ailegatu baino kilometro eskas batera dago, 2018 metroetara. 20 mendizaleentzako literak dauzka, bi komun dutxekin, egongela txiki bat tximiniakin eta jangela bat. Pentsio erdiaren prezioa: 32 euro, lo egin eta gosaltzeko aukera hartzen bada: 15 euro. Kokalekua izugarria, eta bertako guarda, Sara, oso neska jatorra eta sukaldari ederra, denok "maitemindu" gintuena. Erreserba egiteko, abentura enpresaren web orriaren bidez egin genuen, dena den enpresa honen telefonoa eta arduraduna honako hauek dira: Carmen, 974 51 00 24. Aterpea erabat gomendagarria da.

Cerro Marradetas aterpea.


Aterpearen ikusmira ikusgarria da.


Aterpearen barrenak. Sarrerako atea, ezkerrean "taberna" harrera gune eta sukaldea,  eta arkuen atzean egongela. Argazkia jangelatik aterata da.


Porrusaldari egurra ematen.


Aterpearen bigarren solairua. Hemen literak ikusi daitezke. Beste hiru logela daude eta leihoaren ondoan komunak.


ERAMANDAKO MATERIALA

Duela hamabost egun Culfreda mendietatik ikusten zen elur kantitatea erreferentzia bezela hartuta eta Gran Eristera egin beharko genuen trepada kontutan izanda, honako materiala eraman genuen: Bi piolet eta kranpoiak eta kaskoa. Soka eramatea hasieratik baztertu genuen.

DESKRIBAPENA

5:45, Sahun portuko lepoa, 2020 metro.Goizeko lau t'erdietan hala nola jaiki ondoren (23:30 aldera oheratu ginen), goizeko bostetan gosaltzeko geldituak geunden. "ez du batere hotzik egin" esan nien zakutik atera eta leihotik begiratu nuenean. "Ea elurre zemuzkoa topatzen deun" esan zuen Josuk. Gosaldu ondoren, aterpeko kontuak egin eta Sahun portuko lepora joan ginen zuzen-zuzen kalean 11 ºC zeudela.

Sahun portuko lepoan kotxea utzi eta  iparralderuntz metro batzuk egin eta lo egiteko pentsatu genuen lehen aukerarako txabola ezkerrean utzi ondoren, altuerarik galdu gabe hasieran ipar-ekialderuntz eta geroago iparralderuntz Barbarisa iboneruntz abiatu ginen, gure azpian Els Prats eta Barbarisa txaboletara doan pista utziz. Bidea ez genuen ongi hartu eta denbora osoan Gorka azkaratek utzitako trackaren gainetik joan ginen.

Josu ibilbidearen lehen metroetan, bere ondoan txabola ikusi daiteke.


Egunsentia puri-purian. Lehen metroak sastraka batzuen artean egin genituen, gure hanken kalterako. Etxera bueltatzerakoan dutxak gogorazi gintuen non ibili ginen.


Atzera begirada, kotxea utzitako tokia ikusi daiteke. Gure azpian Els Prats eta Barbarisa txaboletara doan pista ere ikusi daiteke.


Sastrakak atzean utzi ondoren harri bloke handi batzuetara ailegatuko gara.


6:35, izugarrizko harrizko hitoa, 2050 metro. 2050 m ingurura izugarrizko hito bat topatuko dugu eta dagoeneko Ibon Chicot de Barbarisatik jaisten diren ur jauziak ikusiko ditugu. Hemendik aurrera azkarateren bidearekin bat egin genuen.

Hitora ailegatzen, atzean Ibon Chicot de Barbarisatik jaisten diren ur jauziak.


Hitotik aurrera jarraituko dugun bidea.


Javi hitoa atzean duela.


Hitoa atzean utzi ondoren, ia altuerarik galdu gabe aurrera jarraitu genuen.

2170 metro ingurura Barbarisa txabolatik datorren PR HU-51 bidearekin bat egingo dugu, PR hau Ibonets de Barbarisaino jarraituko dugularik.

PR HU-51 bidearekin bat egiten...


Bi bideak bat egiten duten tokitik atzera begirada.


7:05, PR HU-51, 2170 metro inguru. Hemendik aurrera, esan bezela, bide hau jarraituko dugu ibonets de Barbarisaino. Egia esan goiza nahiko bero zegoen nahiz eta manga luzeko kamisetekin joan. Dena den, oso leku itzala da eta eguzkiak nahiko berandu egin zigun bisita.

PR HU-51 bidea jarraitzen.


7:15, Ibon Chicot de Barbarisa, 2260 metro. Ia konturatu gabe ibon honetara ailegatu ginen, eta ia konturatu gabe atzean utzi genuen.

Maldan gora Ibon Chicot de Barbarisa atzean utzi ondoren.


Atzera begirada, behean Ibon Chicot de Barbarisa.


Leku honetan bidea gozoa doa belar bigun artean eta badirudi ez zarela nekatzen. Di-da batean Ibon de Barbarisara ailegatu ginen.

Ibon de Barbarisara ailegatzen.


7:30, Ibon de Barbarisa, 2310 metro. Hona ailegatu ginenean aho zabalik gelditu ginen. "Hau da lekua" Ikerrek, "Bai, gainera amorraiek ere badare" bota zuen Josuk saltoka nola ari ziren adieraziz.

Ibon de Barbarisaren edertasunagatik txundituta. Atzean Eristeak (Erdikoa eta Hegoaldekoa bakarrik ikusten dira)..


Ibon de Barbarisa. Lekua izugarria da.


Aurretik duguna...


... eta atzera begirada. Atzean erdi eguzkitan jaitsieran igaroko dugun Pardines lepoa ikusi daiteke.


Ibon de Barbarisa utzi eta hamar minutu ingurura ibonets de Barbarisara (2360 metro inguru) ailegatu ginen. Hemendik aurrera biderik maldatsuena hasiko da. Malda handia izateaz aparte ia ibilbide osoan izango ditugun harri eta harkaitz blokeak ere izango ditugu oinen azpian. Lehen malda potente honek ia 500 metroko desnibela irabazi ondoren gure hurrengo helburura eramango gaitu: Ibon Chelau.

Ibonets de Barbarisatik aurretik dugun bidea Ibon Chelaurarte.


Biderik erosoenaren bila.


Javi lehen malda potentean.


"Blokez bloke ibiltzea etzait batere gustatzen" komentatu nien, "egie esan nazkagarrikeri bat da hola ibiltzea, Perdigueroa datorkit burura" Iker. Gero blokez-bloke ibiltzetik erabat nazkatuta bukatuko genuela oraindik ez genekien.

Belarraren bila. Belar lekuetan arkaitzik ez zegoen behintzat.


Ikerrek ordea, txintxo eta formal azkareteren track-a jarraitu zuen gure bidetik ezkerrera (igotzeko norantzan).


Hegoaldeko Eristea eta honen eskuinean Bagüeña edo Tuca de Comajuana mendia. Bien artean Bagüeñola pitzadura ikusi daiteke.


Gertuago... Bagüeña mendia eta Bagüeñola pitzadura. Hasieran pitzadura hau La Gralla pasabidearekin nahastu genuen ez baikinen ongi orientatu.


Atzera begirada, ibonets de Barbarisa, Ibon de Barbarisa eta honen gainean eguzkitan Pardines lepoa.


Hauspoa eta hankak ongi berotu ondoren, pixkanaka Ibon Chelau-ra hurbildu ginen.

Lehen malda potentea atzean utzi ondoren. Ezkerrean Ibon Chelau dagoen tokia atzeman daiteke.


8:50, Ibon Chelau, 2805 metro. "Hau da lehertzea!!!!" Ikerrek. "Xuabego igo beharra genuen" erantzun nion. Josu eta Javik Ibon Chelautik zertxobait desbideratu zirenez, beraien zai geunden bitartean zertxobait jan eta edateko aprobetsatu genuen, baita argazki batzuk ateratzeko ere. Baina atsedentxo honetan hoztu egin ginen, hurrengo orduetan urdailean sentsazio arraro bat eta botagurekin ibiliko ginelarik.

Ibon Chelau, bere izenari ohore egiten. Gainean eta ezkerretik eskuinera: Pico d'el Sen, Erdiko Eristea eta Hegoaldeko Eristea.


Ordu laurden baino gehiago atsedenean izan ondoren, Erdiko Eristera nondik igoko ginen pentsatzen aritu ginen, azkarateren track-ak elurretik eramango gintuela ikusita. Azkenean ahalik eta elur gutxiena zapalduko genuen bide bat egitea pentsatu genuen.

Ibon Chelau ondoan dagoen vivac batean. Igoerako bidea markatu dut.


Hasiera batean zuzen jo genuen metro batzuetan eta ondoren mendia eskuin-ezker zeharkatu genuen Gorka azkarateren track-aren bila.

Josu eta Javi zuzen jo genuen lehen metroetan.


Javi azpian Ibon Chelau eta atzean Pica Sierra mendia duela.


Eskuin ezkerreko trabesia egin genuenean tximinia baten parera ailegatu ginen. Azkaraten track-aren arabera bazirudien tximinia hontatik gora jo zutela "baina ez da gauza bea tracka zelaien edo pareta baten jarraitzea, metro gutxitan izugarri desbideratzen baita" esan zuen Ikerrek. Dena den, zailtasun handirik ez zuela ikusita, tximiniaruntz abiatu ginen zuzen zuzen.

Josu lehen trepadatxoetan gainean tximinia ikusi daitekelarik. Berak tximiniara hartu beharrean zuzen jarraitu zuen, Paso de la Grallara ailegatu zelarik.


Iker tximiniaren sarreran. Lehen metroak elurraren ezkerretik egin eta gero zuzen ezkerrera jo genuen elurra jarraitu gabe arkaitzean gora. Gorago berriro ere tximiniara itzuli ginen.


Javi eta biok tximiniara sartzen.


Tximiniak ez dauka zailtasun handirik, baina kontu handiz ibili beharreko lekua da. Ez dut uste III gradutik pasako denik eta gradu honetara ere oso puntu konkretutan ailegatzen da. Harria oso askea da eta esku nahiz oinak non jarri kontuz ibili behar da. Honelako lekuetan ohitura faltagatik edo, Javik nahi baino gehiago sufritu zuen, nahiz eta deportibako eskaladan nahiko lasai ibiltzen den mendizalea izan.

Elurra atzean utzi ondoren benetako trepadetan murgilduta.


Javi lehen trepada hau amaitu ondoren.


Lehenengo trepadatxoaren ondoren, berriro ere gure eskuinera (igoeraren norantzan) jo genuen tximiniaren bila (gogoratu hasieran ezkerrera hartu genuela elurra ez zapaltzeagatik).

Javi berriro ere tximinian sartuta.


Konturatu gabe, Ikerrek aurre hartu zuen eta Josurekin batera gailurrera ailegatu zen. "Zemuz Javi?", "Tentsiokin" erantzun zidan, "lasai motel, eskuak eta oinak non jarri ondo pentsau eta erraz igoko dezu" komentatu nion. Tentsioz, baina pixkanaka, paretari metroak irabazi genizkion.

Javi hestuasun handienetatik atera ondoren.


Tximinia gailurraren ezkerrera (igoerako norantzan) ateratzen denez, gailurraren azpitik trabesia erraz bat egin eta azkenean gailurrera ailegatu ginen.

10:35, Gran Eriste edo Erdiko Eristea, 3056 metro. Goiz osoan mendien itzalpean ibili ondoren, azkenean eguzkia ederki eskertu genuen, hala ere, anaia eta biok genuen botagurea ez zitzaigun joan. "Zemuz igo zea Javi?" galdetu zion Josuk "Ostras, tentsiokin, eh" erantzun zion.

Gran Eriste edo Erdiko Eristea, 3056 metro.


Erdiko Eristea atalaia izugarria iruditu zitzaigun, inguruko mendirik altuenak bertatik ikusten baitira.

Maladeta-Aneto inguruak...


Posets Espadas eta hauen arteko arista ezaguna.


Orain dela hamabost egun igo genituen Culfredak


Bachimala...


Denbora luzez atsedenean egon ondoren, ongi hidratatu, eguzkitako eta ezpainetako krema barra-barra eman eta Iparreko Eristearen bila joan ginen. Hasiera batean aristatik jarraitzeko tentazioa izan genuen, baina "azkaratek ez badu egin zerbaitegatik izango da" esan ondoren, ideia hau baztertu genuen. Gran Eristetik jaisteko Paso de la Grallaren bila joan ginen. Honetarako, lehenik gailurretik hegoaldera metro batzuk egin eta zuzezean mendebalderuntz tximinia antzeko batetik behera destrepatzen hasi ginen (jaitsiera honetan hildako bati jarritako plaka bat dago). Tximinia antzeko honen amaieran ezkerrera (hegoaldera) hartu behar da berriro ere trabesiatxo bat eginez La Grallako pausura ailegatuko garelarik. Orain arteko destrepeek ez dute inongo arazorik.

Josu La Gralla pausuan.


Hemendik behera ere erdi destrepatzen jarraitu behar da (erraza) ibon alto de Bagüeña erreferentzia bezela hartuta harkaitz "itsasora" ailegatuko garelarik. Norantza ekialdekoa da gutxi gora behera.

Josu eta biok La Gralla pausutik behera.


Iker harrietara ailegatzear. Azkenean harri eta arkaitzetatik nazkatuta amaitu genuen.


Oraindik elur arrastoak topatu genituen, baino zuen biguntasuna kontutan izanda ez genituen kranpoirik jantzi ere egin. Gorriz jarraitutako bidea markatu dut. Bidea Iparreko Eristetik jaisten den iparekialdeko arista inguratuz egin genuen.


"Hauntzaino jarraitu behar da mendie igotzeko?" Josuk, "azkareteren deskribapenen dioenez, hori da biderik motzena" nik, "Eta ezin al da aristatik igo?" Josuk, "igo bai, baina III gradutik gorako pausuak omen ditu, eta sokaik pe..." nik, "ba nik saiakeratxo bat ein behar diot ba" esan zuen Josuk, "Kontuz ibili eta tontona ez ein" esan nion. "Pausu gaiztoren bat ikusten badet buelta hartuko det" esan zuen Josuk. "Dena den, lehenengoa ailatzen dena besteei itxoin diezadala" bukatu zuen Ikerrek. Honela Josu aristaruntz zuzen abiatu zen.

Josu aristaruntz. Gerora bide hau hartzeaz damutu egin zen.


Guk Josu bakarrik uztearen preokupazioarekin aurrera jarraitu genuen nozik eta behin zeharka aristari begira. Argi genuen sokarik gabe ez ginela honelako leku batean sartuko.

Mendia inguratu ondoren, eta ikusita berriro ere bide beretik itzuliko ginela, motxilak bloke batzuen artean utzi eta beharrezko lau gauzekin (ikurrina, argazki kamara eta bastoiak) igotzea erabaki genuen.

Javi motxilak utzi ondoren.


"Hau da aldea motxilakin igo edo motxilaik pe igo" Javik, "Hori dek arrazoia" Iker. Iparreko Eristera nondik joan behar den nahiko argi ikusi daiteke, baina harriz-harri ibili behar da oinak non jarri ongi begiratu behar delarik (horkatilarik ez bihurritzeko). Motxilak utzitako lekutik gailurrera 25 minutu inguru pasa genuen, eta beroak jota edo, oso nekatuta ailegatu ginen Josu zai genuen gailurrera.

12:05, Iparreko Eristea edo Beraldi, 3031 metro.Josu ikusi nuenean berealdiko poza sentitu nuen, "gutxienez ez zaio ezer gertatu" pentsatu nuen. "zemuz igoera Josu?" galdetu nion. "Kristoneko marroian sartu naiz eta ia ez aurrera ez atzera ibili naiz. Gaur mendiak nire lekuan utzi nau eta ikasketa ederra eman dit" erantzun zidan. Gero kontatuko zigun IV edo V pausu batera ailegatu zela aristaren bila ari zenean eta bertan sekula pasa gabeko bildurrak pasa zituela. Azkenean, aristara atera zenean, berealdiko lasaitasuna hartu zuen.

Iker, Javi eta Josu Iparreko Eristeren gailurrean neke aurpegiekin.


Hori da hori erromeria Posets mendiaren gailurrean


Iparreko Eristea edo Beraldi, 3031 metro.


Josuk motxilan igotako urari errepaso galanta eman ondoren, berriro guk motxilak utzitako lekura jaitsi ginen.

Josuk Iparreko Eristeren jaitsieraren hasieran.


Iker aurretik... Aurrean Punta d'els Millars mendia duela.


Javi eta biok motxilak hartzeko azken metroetan. Jaitsieraren "goxotasuna" ikusi daiteke. Dagoeneko nahiko nekatuta eta oinen azpiak egosten hasiak genituen.


Motxilak hartu eta ahalik eta altuerarik gutxiena galduta eguneko azken Eristearen bila joan ginen. Bertatik jaisten den eta ekialdeko orientazioa duen arista zabal batera ailegatu ginenean berriro ere motxilak utzi genituen motxilarik gabe igotzeko asmoarekin. Gainean genuen nekea ikusirik, sandwich eta barritaren bat jan (edo jatera behartu, gure urdailak nahiko pattal baitzeuden) eta ura patxadaz edateari ekin genion. Orduan mirari bat gertatu zen: Ikerrek motxilatik Red Bull lata bat atera eta tragoxka bana hartu genuen. Ez dakit honen burbuxengatik edo, baina bi hiru korroskada bota eta urdailari buelta eman genion, orain arteko botagurea desagertu zelarik.

Hobekuntza hau eta urdaila bere lekuan zegoela ikusita, gailurrerako bideari ekin genion. "Ni ez nijo" esan zigun Javik "Nola ezetz, gailurra di-da baten eingo deu eta" Ikerrek, "gaur ez nabil batere eroso goizean pasa ditudan hestuasunak eta gero. Honela zuen motxilak gorde eta atseden hartuko det" esan zigun "zorte on" batekin batera. Honela Josu, Iker eta hiruok azken hirumilakoaren bila abiatu ginen.

Bideak lehen aldiz hitoen bidez markatuta zegoela ikusi genuen. Ekialderuntz doan arista zabala jarraitu behar da tximinia baterarte. Tximinia igo ondoren, hitoak jarraitu behar dira gailurrera eramango gaituen aristaraino.

Hegoaldeko Eristera igotzeko jarraitu genuen bidea. Argazkia jaitsieran aterata dago.


Josu tximinian. Nahiz eta bertikal xamarra izan, helduleko oso onak dauzka.


Iker aristara ailegatzen.


Josu aristaren punturik hestuenean aurrean gailurra duela.


Azken metroetan...


Iker ere azken metroetan.


13:30, Hegoaldeko Eristea, 3041 metro. "Azkenennnn, ostiaaa joderrrr!!!!!!" oihukatu nuen emozioz betea, "Tomaaaaaa!!!!!" Ikerrek. Ordurarte gainean generaman nekea kontutan izanda, mendi honetara igotzea kriston liberazioa izan zen.

Hegoaldeko Eristea, 3041 metro.


Gailurretik argazki batzuk atera eta berehala hartu genuen beherako bidea.

Vignemale handia Hegoaldeko Eristetik.


Hiru Sororeak, Marbore...


Han behean gelditzen da goizean pasa dugun Ibon Chelau.


Iker zoriontsu gainean duen nekea izkutatu asmoz.


Igotako bide bera jaisteko jarraitu eta hogei minutu inguruan Javi zegoen lekura ailegatu ginen. Motxilak jaso (orduz-ordu hauen pisua ere handitzen dela dirudi) eta Pardines lepoaren bila joan ginen eguzkiaren indarpean eta, orain arte bezela, harri bloketik blokera ahalik eta bide errezena topatu asmoz. Hemendik aurrera kotxeraino iraungo zuen gurutze bidea jada hasita zegoen.

Motxilak jaso ondoren beherunzko bidean.


Iker atzean gaurko hirugarren eta azken hirumilakoa duela.


Josu eta Javi aurretik. Pardines lepora jarraitu beharreko bidea markatu dut.


Josu eta Javi azpian, lehenik, Forqueta mendiak dituztela.


Iker harkaitz desertuan. Aristari lotua dagoen azken mendiraino ailegatu behar da.


Atzean Javi hala nola blokeak pasatuz.


Pardines lepora ailegatzeko lehenik beste lepo bat pasa behar da. Lepo hau etengabean eskuinean utzi dugun aristaren amaieran topatuko dugu.

14:45, Lehen lepoa, 2740 metro inguru. Hasiera batean lehen lepo hau Pardines lepoa zelakoan hartu genuen, baina bestaldera agertu eta Barbarisa ibona ikusten ez zela ikusirik, kolpe latza hartu genuen. Gure gurutz bidean erromatarren emandako zigorradetako bat hau izan zen.

Josu eta Iker lehen lepo honetara ailegatzen.


Ni neu lepo berean beste aldetik ikusita.


Lepo hau zeharkatu ondoren, Pico Baixo de Bagüeña mendiaren hego-ekialdean dauden bi ibon txikietara jaitsiko gara.

Lehen lepo hau pasa ondoren. Bi ibon txikiak ikusi daitezke. Jarraitutako bidea eta Pardines lepoaren kokalekua markatu ditut.


Iker eta bere aurrean Josu Pardines lepoaren bila.


Azkenan hito bat!!! Iker Pardines lepora jaisteko prest.


15:15, Pardines lepoa, 2538 metro. "Zemuz Josu?" galdetu nion, "Mamma miaaa" erantzun zidan. Gelditu gabe Barbarisa iboneruntz abiatu ginen dagoeneko lurrera begira eta argazkiak ateratzeko gogo gutxikin.

Iker Pardines lepoan...


...Josu atzetik...


...eta Javi taldea ixten.


Barbarisa ibonera doan jaitsiera zapaldutako bide bat jarraituz doa jada, baina oinazpiak hain egosita genituen ez genuela bide hau apreziatu ere egin.

Iker Barbarisa Ibona azpian duela. Honen gainean Barbarisa ibonetak ikusi daitezke.


Josu eta biok jaitsiera honen azken metroetan.


Azkenean Barbarisa ibonera ailegatu ginenean berriro ere PR HU-51 bidearekin, eta beraz, igoerako bidearekin bat egin eta zuzen zuzen, ia ezer esan gabe eta lurrera begira, goizean pasatako harrizko hito handiruntz abiatu ginen.

Josu eta Iker PR HU-51a alde batera utzi baino lehen harrizko hitoruntz.


16:20, goizean utzitako izugarrizko hitoa, 2050 metro inguru. Bertan hamar minutuz motxilak lurrera bota eta ura edan eta nolanahi atseden hartzeari ekin genion.

Iker hitora ailegatzen.


Atseden honen ondoren nolabait motxilak berriro ere bizkar gainean jarri eta pixkanaka kotxeruntz abiatu ginen.

Atzera begirada. Atzean gelditzen dira gaurko mendiak...


Buletatzeko Ikerrek eta Josuk goizean hartutako bide bera jarraitu zuten. Javik eta nik ordea izugarrizko hito honetatik pixkanaka beherunzko norantza hartzen zuen bide "gozo" bat jarraitu genuen (hasieran urdinez markatu dudana).

Josu kotxetik gertu. Goizean utzitako txabola ikusi daiteke.


Honela, hamaika ordu t'erditik gora ibili ondoren berriro Sahun portuko lepora ailegatu ginen, lehertuta, oinak egosita, baina neke eta giahrretako min guztien gainetik Eristeak igo genituen zoriontasunarekin.

Javi eta biok azken metroetan. "azkenean!!!!!!!"


PROFILA




2 iruzkin:

  1. Zoragarria berriz ere! Gogorra eta luzea da bidea, baina Eristeak merezi dute.

    Segi gogor! ikusi arte.

    ErantzunEzabatu
  2. Milesker giroa,

    Nik ere merezi dutela uste dut, baina anaiak pasatakoa ikusi eta gero esan zidan ez dela gehiago bueltatuko, je, je ,je

    ErantzunEzabatu