AZKEN 10 SARRERAK

2011/08/03

BESIBERRIEN KRESTERIOA CAVALLERS URTEGITIK 2011/07/23

Hamar egunetan mendira joan gabe egon ondoren, azkenean gure lehen test serioa egiteko asteburua ailegatu zen: Besiberri inguruko hirumilakoak igotzea. Lehen egunerako Besiberrien kresterioa egitea aukeratu genuen, eta bigarren egunerako Punta Alta de Comalesbienes mendia. Ihaztik pendiente genuen honako bisitatxoa, baina denbora eza eta eguraldia eskasa medio ezin izan ginen hurbildu ere egin. Hasiera batean arazorik ezean erronka hau egiteko indarrez ongi ibiliko ginela pentsatu genuen, baina gero irakurriko denez, "arazotxo" bat sortu zitzaigun lehen egunean.

Ostiral arratsaldean kotxea hartu eta Boi haranean dagoen Erill la Vall herrira Iker, Josu, Leku eta lauok hurbildu ginen Frantzia zeharkatu eta Vielhako tunela pasa ondoren. Lo egiteko, herrian bertan dagoen L'Aüt hotela aukeratu genuen. Hotela primerakoa iruditu zitzaigun: atentzio atsegina, janari ederra eta kalitate prezioaren arteko erlazioa oso ona.

Erill la Vall herrian dagoen eliza famatua eta ezkerrean lo egiteko aukeratu genuen L'Aüt hotela.


Hotela elizatik ikusita.


Herrian bueltatxo bat eman eta, inork ikusi gabe, batzuek elizan bulder saiotxo bat egin zuten.


Iker eta Josu ere animatu ziren. Aspaldi hiru hauek ez zeudela eliza baten inguruan hainbeste denbora, je, je, je.


Erill la Vall herriko eliza gauez. Merezi du eliza hau ikusteko bakarrik bada ere herri honetara hurbiltzea.


Bi egunetarako Cavallers urtegia aukeratuko genuen abiapuntu gisa. Cavallers urtegia Erill la Vall herriaren iparralderuntz 20 minutura dago gutxi gora behera. Errepide on bat dago Caldes de Voi herriraino. Herri hau atzean utzi ondoren biribilgune bat topatuko dugu hemendik aurrera errepidea Cavallers urtegiraino estutzen delarik. Dena den, nahiz eta errepidea hestutu, oso errepide ona da. Behin Cavallers urtegira ailegatzear gaudela nahiz Parking ezberdin batzuk topatuko ditugu, guk bi egunetarako lehen Parking-ean kotxea uztea pentsatu genuen, hemendik Cavallers urtegira hamar minutu oinez gutxi gora behera egongo direlarik.

GURE BIDEA

Besiberrien aristaren inguruan informazio asko aurkitu daiteke non nahi. Guk, gehiengoak egiten duen bezela, ipar-hegoalde norantzan egin genuen, Besiberri Nord mendian hasi eta Punta Passet mendian amaituz. Hasiera batean zalantza izan genuen egun batean edo bi egunetan egiteko, azken aukera hau hartuz gero, mendizale gehiengoak egiten duen bezela, Estanyet de Malavesinan bibakeatuz. Azkenean, arintasuna eta azkartasunari garrantzi handiagoa eman eta kresterio osoa egun berean egitea pentsatu genuen, gure planen arabera, 11 eta 12 orduen arteko irteera izango zelarik. Gero ikusiko genuenez, denbora hauetatik gora joan zitzaigu mendi irteera.

Arista hau lehen aldiz 1926 urteko Uztailaren 31an P. Abadie, J. Arlaud, H.P. Barjon, H. Marceillac, L. Mothe eta F. Oustalet mendizaleek bete zuten Comaloformo mendiraino. Aristak ADko zailtasuna dauka III mailako zailtasunetik igotzen ez delarik. Gainera, zailtasun handienak aristaren lehen zatian daude, Besiberri Nord eta Besiberri del Mig mendien artean. Esan beharra da ibilbide osoa hitoz ongi markatua dagoela eta eguraldi ona izanez gero, galtzeko arrisku gutxi dagoela. Laino artean murgilduz gero, ez dakit bat nolakoa izango den.

ERAMANDAKO MATERIALA

Honako materiala eraman genuen: 60 metro inguruko soka, kaskoa, arnesak, baga batzuk, bi Alien, Lim Cam gorria, fisurero joku erdia, Reversoak, sei express eta dozena erdi bat segurtasunezko mosketoi. Material guzti hontatik kaskoa, arnesa, soka eta reversoa (azken hiru hauek rapelatzeko bakarrik) bakarrik erabili genuen.

DESKRIBAPENA

6:05, Cavallers urtegiko Parking-a, 1700 metro. Goizean goiz jeiki eta gosaldu ondoren, kotxea hartu eta Cavallers urtegira hurbildu ginen. Eguna zoragarria esnatu zen, zerua oskarbi eta tenperatura frexkoa, hotza izan gabe. Trasteak hartu eta urtegiaren dikera doan errepidea jarraitu genuen bere amaiera arte.

Urtegira doan errepidea jarraitzen.


6:15, Cavallers urtegia, 1723 metro. Hemendik gora oso ondo prestatu eta zainduriko bideak urtegiaren eskuinetik jarraitzen du. Lehen metroetan eskalada eskola bat uzten da bidearen eskuinean. Ez dakit zein mailatako bideak izango diren, baina bide zailak iruditu zitzaizkigun.

Josu urtegiko lehen metroetan.


Eskalada bideen azpian...


Atzera begirada, urtegia babesten duen dikea ikusi daiteke.


Bideak ez dauka inongo zailtasunik eta oso ongi dago markatua, argazkian ikusten den bezela.


Dagoeneko eguzkiak goiko mendiak argitzen hasi ditu nahiz eta hemen iluna izan nagusi.


6:45, Pletiu de Riumalo, 1840 metro. Pixkanaka eta ia konturatu gabe haran zabal batera ailegatu ginen: Pletiu de Riumalo. Haran honen sarreran indikazio poste bat dago, hemen banatzen baitira Besiberrietara eta Joan Ventosa i Calvell doazen bideak.

Josu eta Leku indikazio postean.


Postea gertuago...


Indikazio postean motxilak utzi eta ur tragoxka bat hartu genuen. "bero zeok" Lekuk, "bai gauen ez dik batere hotzik egin" Josuk. Erropa pixkat kendu eta aurrera jarraitzeko prestatu ginen.

Pletiu de Riumalotik gora lehen malda potentea topatuko dugu gure hurrengo helbururarte: Estanyet de Malavesina. Malda honek Malavesina amildegia igotzen du hasiera batean bertatik jaisten den errekaren eskuinetik eta geroago bere ezkerretik.

Malavesina amildegia eta bertara eramango gaituzten lehen indikazioak.


Maldara ailegatu baino lehen Riuet d'Estany Negre erreka zeharkatu behar da egurrezko bi zubietatik. Argazkian gurutzatu beharreko lehenengoa ikusi daiteke.


Goazen, goazen!!!!!


Bidea hasiera batean Estanyet de Malavesinatik datorren errekaren eskuinetik doa.


Leku atzean Punta Alta de Comalesbienes mendia duela, biharko helburua.


Bidea hitoz josia dago, dena den zati honetan ez dago galtzeko arriskurik bide arrastoa oso nabaria baita.


Punta Altaren mendebalde aurpegian dauden amildegiak itzelak dira.


Amildegiaren erdian gutxi gora behera zelai zati bat topatuko dugu, bertan malda zertxobait malgutzen delarik, dena den, zelai hau pasa ondoren malda berriro ere gogortzen da.


Eguzkia badirudi Travessani orratzen artean izkutaketan jolasten ari dela. Oraindik ez genekien baina ez genituen orratz hauek egun osoan ikusiko.


2280 metro inguruan erreka zeharkatu eta bere ezker aldera pasako gara.


Behin errekaren ezker aldera pasatakoan, harri eta arkaitzak desagertu eta bidea zelai baten erditik doa...


...baina honek ez du esan nahi malda malgutzen denik...


Denbora gutxian oso behean gelditzen da Pletiu de Riumalo.


Honelako maldetan hitz gutxi izaten da eta bakoitza bere gauzetan pentsatzen joaten gara.


...azkenean pixkanaka Estanyet de Malavesinara ailegatu ginen. Argazkian bertan bibakeatu duten bi mendizale ikusi daitezke.


8:10, Estanyet de Malavesina, 2500 metro. 800 metroetako desnibelaren ondoren laku honetan lehen aldiz Besiberrien arista ikusi genuen. Aurrera jarraitu baino lehen, atsedentxo bat hartzea pentsatu genuen jan eta edateko. Atsedentxoa eguzkitako krema emateko ere aprobetsatu genuen, dagoeneko bere eguzkiaren eraginpean geunden eta.

Josu Estanyet de Malavesinan, aurretik dugun kresterioa aztertzen.


Estanyet de Malavesina eta atzean gure gaurko ibilbidea.


Gertuago... hemendik izugarria ikusten da.


Bideak Estanyet de Malavesinaren ekialdeko hertza inguratzen du arkaitz bloke batzuen artean Bretxa d'en Peyta bretxaruntz doan bidea jarraituz. Behin lakua inguratu ondoren, lakutik gora beste malda gogor bat hasten da. Komeni da malda honetan ahalik eta denbora gehiena belarratik joatea harriak oso askeak baitaude.

Iker lakua inguratu ondoren. Igoerarako jarraitu genuen bidea gutxi gora behera nondik doan markatu dut.


Di-da batean Estany de Malavesina behean gelditzen da gure indar eta hauspoen kalterako.


Ahalik eta denbora gehienean harriak ekidin behar dira, dena den tarte honetan nahi gabe harri bat bota eta gure atzetik zihoazen mendizale batzuetatik nahiko gertu pasa zen gure "Piedraaaa!!!!!" oihuen artean.


Bretxa d'en Peyta gainean ikusi daiteke, dena den guk gainean ditugun arkaitz hauetara ailegatzerakoan ezkerrera hartuko dugu, gutxi gora behera 2750 metroetara.


Behin Bretxa d'en Peytara doan bidea uzten dugunean hainbeste gustuko dugun harrikara batera ailegatu eta hego mendebalderuntz zeharkaldi bat egingo dugu.


Gorriz gutxi gora behera jarraitutako bidea markatu dut, dena den zati hau oso ongi dago markatua, leku askotan bide arrastoa ere badagoelarik.


Parean gaur igoko dugun lehen hirumilakoa: Besiberri Nord.


Atzera begirada, Estany Negre ikusi daiteke.


Bidea ez da oso maldatsua, baina malda nahiko konstantea da.


Paraje ederrak dira benetan.


Errepisa erraz batzuk igo ondoren eta hitoei segika, pixkanaka aristara hurbilduko gara.

Aristara ailegatu eta Lac de Mar isuria ikustera hurbildu ginenean hodei itsaso izugarri honekin topo egin genuen.


Behin aristara ailegatzen garenean, bere hertzaren gertutik ibili beharra daukagu bidearen lehen trepadetan murgilduko garelarik.


beste trepadatxo baten bila...


Bi hauek lasai doaz terreno hauetan.


Aristak mendebalderuntz duen patioa izugarria da.


Momentu batean ezkerreruntz doan errepisa batera ailegatuko gara. Errepisa hau jarraituta Besiberri Nord mendira igotzeko igo behar den diedro ezagunera ailegatuko gara. Diedro honen azpian arnesak, kaskoak, bagak eta txintxilikario guztiak (fisuak, friends-ak eta expresak) jarri genituen eta bide batez zerbait jan eta edateko aprobetsatu genuen.

Diedro honek III mailako zailtasuna dauka baina bere eskuinetik ekidin daiteke II mailako zailtasuneko grada batzuetatik gora.

Diedro famatua. Egia esan argazkian dirudiena baina errazagoa da.


Diedroa igotzen...


...eta amaieran. Arkaitza oso eranskorra dauka eta bere pitzaduran oinak ederki enpotratu daitezke.


Diedroa goitik ikusita.


Diedroa igo ondoren bidea aristaren hertzatik gertu jarraitzen du ezkerrera joateko joerarekin.


Di-da batean igoera honek duen beste paso ezagun batera ailegatuko gara: ezkerrera doan trabesia expuestoa.

Ni trabesiaren hasieran. Gutxi gora behera nondik doan markatu dut.


Trabesiak ez dauka misterio handirik, arkaitza ona eta oinak ongi jartzeko leku anitzak, baina kontu handiz ibili behar da nahiko expuestoa baita.

Iker, Leku eta Josu trabesia pasa ondoren.


Trabesiaren ondoren oin nahiz eskuetako helduleku paregabeak duten bloke bertikal batzuetatik gora igoko gara. Igoera honek ere, diedroa bezela, III mailako zailtasuna dauka.

Iker, Josu eta Leku bloke hauetatik gora...


Baita ni ere, patioa polita dago atzean.


Bloke hauen ondoren bidea orain arte bezela ezkerrerako joerarekin metro batzuetan jarraitu eta bapatean eskuinera hartzen du ia konturatu gabe Besiberri Nord mendiaren gailurrera ailegatuko garelarik.

Iker eta Leku eskuinera hartu beharreko lekuan.


Ni eskuinera doan pasabidea hartu ondoren.


10:05, Besiberri Nord, 3015 metro. "Lehenengoa!!!!!" Ikerrrek. "Uff!!! ez zaigu oraindik ezer falta!!!!" komentatu nuen nik gelditzen zen arista zatia ikusita.

Aneto alderako panoa Besiberri Nord mendiaren gailurretik.


Besiberri Nord, 3015 metro.


Atseden pixkat hartu ondoren arista egiteari ekin genion. Arista berez hemendik aurrera hasten da. Zaila izanda ere, hemendik aurrera ahalik eta hobekien saiatuko naiz aristaren nondik norakoak azaltzen.

Orokorrean arista bere hertzatik jarraitu behar da zailtasunak aristaren eskuinetik ekidinez.

Aristaren eskuinera pasa behar den lekuan. Atzean aurretik duguna ikusi daiteke.


Aristaren eskuinera pasa behar den lehen leku hontatik behera.


Pausuak oso entretenigarriak dira eta ez dira II mailako zailtasunetik pasatzen.


Noizik eta behin bide arrastoak dituzten errepisak azaltzen dira.


Iker eta Leku trabesia berean.


Trepadak eta destrepeak etengabeak dira baina, esan bezela, ez dira II mailako zailtasunetik igotzen.


...beste errepisa bat...


...baina zailtasun gutxikoa.


Beste destrepe bat. Denbora osoan hitoak jarraituz ibili ginen.


Zailtasunak bere eskuinetik ekiditen, bretxa sakon baten aurretik dagoen azken orratz batera ailegatuko gara: Oliveras bretxaren atarian gaude. Bretxa honetara jaisteko bi aukera ditugu: orratzatik hamar metro inguruko rapel bat egin edo orratz honen eskuinetik destrepe bat egin hitoak jarraituz(II mailakoa) blokez osaturiko terraza bat zeharkatu eta orratza inguratuko dugularik. Guk bigarren aukera hartu genuen Jaume Oliveras bretxara jaisteko.

Josu eta Leku azken orratza honetan. Atzean aristak duen zatirik zailena ikusi daiteke.


10:35, Jaume Oliveras bretxa, 2959 metro. Behin bretxa honetara ailegatzen denean, teknikoki aristaren zatirik zailenera ailegatuko gara: III mailako zailtasuna duen 20 metro inguruko pareta. Pareta honen lehen metroak eskuetako helduleko eskas eta erdipurdiko arkaitzetatik gora egiten dira (III-) errepisa batera ailegartu arte. Errepisa honetan zertxobait ezkerrera jo eta helduleku eskasetako paretatxo batetik gora joan behar da (III) ezker-eskuin norantzan doan tximinia baterarte. Tximinia hau jarraituz (II+) pareta irabaziko dugu. Guk aukera hau hartu genuen. Pareta hau igotzeko beste aukera bat dago: behin lehen errepisa ailegatzerakoan ezker-eskuin doan pitzadura bat jarraitu behar da (III+ oso expuestoa) goraino.

Aristaren zatirik zailenean: gorriz guk jarraitutako bidea, urdinez Josuk jarraitutakoa (iltze bat dauka sartua baina ez dauka zailtasun handiagorik) eta orlegiz III+ mailako pitzadura.


Pareta azpitik honela ikusten da.


Paretaren lehen metroetan...


...Errepisara ailegatzen (III-)...


...Ezkerrera hartu beharreko errepisan...


...Iker errepisara ailegatzen...


...errepisan...


...ezker eskuin doan tximiniara ateratzeko azken esfortzuan (III)...


..Ezker-eskuineko tximiniara (II+) atera ondoren...


...eta tximiniatik (II+) ateratzen.


Zailtasunak gainditu ondoren berriro ere aristan.


Behin pareta hau gainditu ondoren, orain arte bezela zailtasunak eskuinetik ekiditen joan behar da. Zati honetan ere ez da II mailatik pasatzen.

Orratzak bere eskuinetik ekiditen.


Baita Iker ere, atzean Besiberri Nord.


Leku aristaz gozatzen.


Eskuinetik orratzak ekidinez hurrengo pausu interesgarrira ailegatuko gara: Salles bretxara jaisten den rapela.

10:55, Salles Bretxara jaisteko rapela, 2955 metro. Rapel hau 10-15 metro inguruko bi rapeletan dago banatua, bien artean errepisa bat dagoelarik. Destrepatu nahi izanez gero II+ mailako destrepetan murgilduko gara. Guk 60 metro inguruko soka genuenez, rapel bakarra egin genuen bretxaren azpiraino. Askotan pasatzen zaigun bezela, sokak zituen korapiloekin arazoak izan eta rapela jartzea behar baino denbora gehiago eraman gintuen.

Rapela montatu ondoren jaisteko prest.


Rapelaren lehen zatian. Atzean ikusten den pitzadura (eguzkitan dagoen blokearen ezkerrean) zeharkatuz bigarren rapelera pasa daiteke.


Iker rapelean. Soka noraino jaisten den ikusi daiteke.


Josu bigarren rapela egin nahi bada hartu behar den errepisaren parean.


Josu rapela amaitzeko prest.


Bi rapelak non dauden markatu dut. Guk lehenengotik lurreraino jaitsi ginen.


Behin bretxara igo ginenean izugarrizko harri ona duen adherentziko paretatxo batetik (III-) gora joan ginen aristen hertzaraino.

Iker paretatxoan.


Josu eta Leku paretatxoa igo ondoren aristaen hertzara ateratzen.


Josu berriro ere aristaren hertzan.


Aristaren zati honetan pausu "interesgarriak" egiten dira, baina ez dira II mailatik pasatzen.


Iker zoriontsu.


Beste destrepe bat. Trepada eta destrepeak etengabeak dira ibilbide osoan.


Orain arte bezela zailtasunak eskuinetik ekiditen dira.


Benga, benga, hurrengo gailurra bertan dugu eta!!!


Iparraldeko Besiberri del Mig edo Simó gailurrera eramango gaituen azken trepadetan.


Atzera begirada, Besiberri Nord mendia dagoeneko atzean utzi dugu.


Iker iparraldeko Besiberri del Mig mendiaren gailurrera ateratzen.


11:45, Iparraldeko Besiberri del Mig edo Pico Simó, 3002 metro . Gailur honetan talde argazkia atera ondoren, ia atsedenik hartu gabe Hegoaldeko Besiberri del Mig edo Jolis gailurreruntz abiatu ginen.

Iparraldeko Besiberri del Mig edo Pico Simó, 3002 metro.


Besiberri del Mig mendien arteko arista zatiak ez dauka inongo zailtasunik (I) eta di-da batean gaurko hirugarren gailurrera ailegatu ginen.

Anaia eta biok Simó gailurretik behera.


Hegoaldeko Besiberri del Mig mendira doan arista zatia erraza da. Ezkerrean Besiberri Sud mendia ikusi daiteke.


Josu eta Iker Jolis gailurrera ailegatzen.


atzera begirada, ezkerrean Besiberri Nord eta eskuinean Pico Simó mendiak ikusi daitezke.


12:00, Hegoaldeko Besiberri del Mig edo Pico Jolis, 3003 metro. Hemen ere atsedenerako denborarik hartu gabe, gailur argazkia atera eta hamaiketako egingo genuen lekura jaisteko prestatu ginen: Pas de Trescases lepoa.

Hegoaldeko Besiberri del Mig edo Pico Jolis, 3003 metro.


Pas de Trescases lepoak laku izoztu baten gainean dago. Hona ailegatzeko aristaren hertza jarraitu beharra daukagu, edo gutxienez, hertzaren gertutik ibili, jaitsiera lasai asko egiten delarik inongo zailtasunik gabe eskuak ia poltsikotan ditugula.

Pas de Trescaseserako jaitsieran.


Ikusten denez, jaitsierak ez dauka inongo zailtasunik. Argazkian Pas de Trescases non dagoen eta hemendik aurrera jarraitu genuen bidea gutxi gora behera nondik doan markatu dut.


Leku, non dago Aneto?


Pas de Trescasera ailegatzen.


12:25, Pas de Trescases, 2907 metro. Lepo hau arista hasi dugunetik Riumaloruntz eskeintzen duen lehen irteera da. Bertan atsedenaldi luzea hartu genuen: ogitarteko batzuk egin, ura edan eta lasai egon.

Pas de Trescases lepoan atsedena hartzen.


Atseden hartu ondoren 12:50tan gure hurrengo helburuaren bila joan ginen: Besiberri Sud mendia.

Pas de Trescases lepotik Besiberri Sud mendira joateko bi aukera ditugu: aristaren hertzatik jarraitu II eta II+ pasuak irabaziz. Bigarren aukera arista uztean datza. Guk bigarren aukera hau hartu genuen.

Lepoa utzi eta arkaitz batzuk eskuinean utzi ondoren bi elurtegien artean pasa ginen pixkanaka aristatik aldenduz. Bidea arkaitz bloke eta harri puskatuen artean egiten da Besiberri Sud mendia defendatzen duen paretara ailegatu arte. Puntu honetan aristatik doan bidearekin bat egingo dugu.

Leku eta Iker Pas de Trescases lepoa atzean utziz.


Hemendik aurrera gutxi gora behera jarraitu genuen bidea markatu dut. Besiberri Sud mendira igotzeko igoko dugun tximinia non dagoen ere adierazi dut.


Zati hau arkaitz bloke eta harri solteez josia dago. Parean aristaren hertza bere osotasunean jarraituz gero Besiberri Sud mendira igon behar den pareta ikusten da.


Behin bi bideak bat egiten dutenean, Besiberri Sud mendira igotzeko bi aukera ditugu: arista hertzatik jarraitu pitzadura bertikal eta zertxobait extraplomatua igoz (IV). Pitzadura hau iltze batez babestua dago. Bigarren aukera guk hartu genuena da: Altuera galdu gabe ezkerreruntz joan ginen hitoak jarraituz gailurraren eskuinean dagoen tximinia batekin (II) topo egin arte.

Josu eta Iker tximiniaren hasieran.


Tximiniak lehen zatian harri eta arkaitz soltez osatua dago, baina bere eskuinetik edo tximiniatik kanpo (Lekuk egin zuen bezela) bere ezkerretik igoz gero, arkaitzaren kalitatea dexente hobetzen da. Behin tximinia igo ondoren, arazorik gabe Besiberri Sud mendira ailegatuko gara.

Ni tximiniaren lehen metroetan. Arkaitzaren egoera ikusi daiteke.


Josu tximiniaren eskuinetik igo zen...


...baita gu ere...


...arkaitz onenaren bila...


...Leku ordea tximiniatik kanpo honen ezkerreko hertzetik igo zen.


13:20, Besiberri Sud, 3030 metro, 13:20. Konturatu gabe Besiberri Sud mendiaren gailurrera ailegatu ginen eta bertan Euskal Herritik etorritako mendizale talde handi bat topatu genuen, ordurarteko ixiltasuna hautsi zelarik. Gure artean argazkiak atera ondoren Comaloformo mendiruntz abiatu ginen. Gure asmoak zeintzuk ziren ikusita, euskaldunen taldeko batzuk gure pausuen atzetik abiatu ziren.

Besiberri Sud, 3030 metro.


Aurretik duguna...


Besiberri Sud menditik Comaloformo mendira doan zatian kontu handiz ibili behar da hitoek markatzen duten bidea ez galtzeko (nahiz eta hitoak ongi jarriak egon). Hasiera batean, Besiberri Sud gailurretik mendebalderuntz abiatu behar da (Avellaners leporuntz) eta ezkerreruntz kanal txiki bat destrepatu behar da (II mailakoa) bretxa batera jaisteko.

Kanal txikia destrepatzen.


Kanal txiki hau destrepatu ondoren.


Hemendik aurrera, orain arte bezela, zailtasun guztiak eskuin aldetik ekidingo ditugu, baina esan bezela kontu handiz ibili beharra dugu hitoak ez galtzeko.

Zailtasunak ekiditen, bidea gutxi gora behera nondik doan markatu dut.


Bigarren bretxa batera ailegatzen.


Noizik eta behin bide arrastoak ere badaude.


Zati hau nahiz eta kaotiko xamarra izan, hitoak ongi adierazten dute nondik joan behar den.


Pausu batzuk expuesto xamarrak dira, Iker pasatzen ari dena bezelakoa.


Riumalo aldera pausua ahalbideratzen duen hirugarren bretxa batera ailegatzen garenean, aristaren hertzaren eskuinetik II mailako paretatxo bat igoko dugu.

Paretatxoa igotzeko prest.


Paretatxoa amaitzen.


Paretatxo hau igo ondoren Josu eta Ikerren zain gelditu nintzen argazkiak atera ahal izateko.

Josu paretatxoa bukatzen.


Argazkiak ateratzen ari nintzen bitartean Lekuk aurrera jarraitu zuen bistatik galdu genuelarik. Bapatean paretatik behera zerbait erortzen ari zela entzun genuen eta honekin batera Lekuren min oihuak "AAAyyyyy!!!! Ayyyyyy!!!!!". Korrika batean pareta zeharkatu eta gu geunden lekutik 3-4 metroetara errepisa baten gainean Leku etzanda topatu genuen: "Ondo Leku? Ondo al zaude?" Josuk "Ayyyy!!!!" Lekuk, "Leku!!!!! Ondo?" nik, "Ondo, baina kriston mine zeukeat" Lekuk. Hala nola Leku zegoen tokira ailegatu ginen eta altxatzen lagundu genuen. "Ibiltzeko gai zea?" Nik, "Bai, baina min haundie zeukeat" berak. "Ze pasa da?" Ikerrek, "zortzi metro ingurura zeoken pausu horizontalean paretak atzeraka bota eta behera joan neok, azken momentuan gorputzari buelta eman eta errepisa honetan gelditu naizelarik". Bere zegoen errepisaren azpian zegoen patioa ikusi eta "Hori da zortea izan duguna" pentsatu genuen. Hemendik aurrera Lekuren Besiberrien kresterioa gurutz bidea bihurtuko zen.

Leku erori ondoren lehen pausuak ematen.


Iker Comaloformo mendira eramango gaituen azken bretxan. Hemendik hegomendebaldeko aldetik kanaleta bat igoz (II) gailurrera ailegatu ginen.


13:55, Comaloformo, 3033 metro. Azkenean, ia zortzi orduren ondoren Besiberrietako mendirik garaienera ailegatu ginen. Leku hala nola ailegatu zen, min handiarekin, baina Punta Passet mendira joateko asmoarekin.

Comaloformo, 3033 metro.


Comaloformo menditik Passet mendira igotzeko altuera galdu behar da Passet Bretxara ailegatu arte. Honetarako ez da aristaren hertzetik jaitsi behar, aristaren eskuinetik baizik, hitoak jarraituz. Jaitsierak ez dauka zailtasun handirik, baina Lekurentzat izugarri gogorra izan zen.

Comaloformo mendian behera. Leku ia ibili ezin zihoan.


Momentu batean Lekuk aurrera ez jarraitzea erabaki zuen. "Ondo al hago?" anaiak, "Bai, baina aurrera jarraitzen badiat ez zekiat nola ibiliko neoken berriz kotxera bueltatzeko" Lekuk.

Gure motxilak Lekuren zaintzapean utzi genituen bitartean Passet mendiruntz abiatu ginen. Behin Passet bretxan iristerakoan, Passet mendira igotzeko bi aukera ditugu: Arista jarraitu plaka liso batetik gora eskuinetik bordeatu behar den sabai batera ailegatu arte (III). Aukera hau Josuk hartu zuen. Bigarren aukera errazagoa da eta Iker eta biok jarraitu genuen: Plaka lisoa ezkerretik bordeatuz II+ maila duen tximinia batera ailegatuko gara. Tximinia hau igo ondoren Josuk aukeratutako bidearekin bat egingo dugu.

Passet bretxa eta Josuk (gorriz) eta guk (urdinez) jarraitutako bideak.


Pausua, Passet Bretxatik ikusita.


Ni tximinian murgilduta.


Iker tximiniaren lehen zatian


Behin aristara atera ondoren, zailtasuna jaisten da (II), baina kontu handiz ibili behar da patioa handia baitago.

Aristara ateratzen.


Iker aristan.


Honela, Punta Passet mendira ailegatu ginen, Leku gurekin ez zegoen tristurarekin.

14:30, Punta Passet, 3002 metro. Mendi honek bi gailurrez osatua dago. Nahiz eta gure GPSak bigarren gailurra gailur nagusia zela adierazi, badaezpada bi gailurretan argazkia atera genuen. Mendi honekin eztabaida txiki bat sortu da Kataluniako institutu geografikoak eginiko azken neurrien arabera 2997,57 metro ematen dizkio eta. Gure GPSak 3003 metro adierazi zuen gailur nagusian.

Punta Passet mendiaren gailur nagusia, 3002 metro. Hau hiregatik  zihok, Leku!!!!!


Badaezpada beste gailurrean ere argazkia atera genuen.


Denbora asko galdu gabe berriro ere Passet bretxara bueltatu ginen hemendik Leku zegoen tokira joateko.

Iker Passet bretxara ailegatzen.


Lekurengana ailegatzerakoan eskuin aldakan min handia zuela esan zigun. "Nahi dezu helikopteroa eskatzea?" esan zion Ikerrek "Ez, saiatuko neok hala nola ibiltzen" Lekuk, "min handia badaukek minaren kontrako injekzio bat jarriko diat" esan nion niok.

Honela, traste guztiak jaso eta bueltako bideari ekin genion. Riumalo aldera pasatzeko Comaloformo gailurraren iparraldean dagoen lehen pitzadura aukeratu genuen gailurrara igo gabe inguratuz.

Riumalorantz eramango gaituen pitzadura zeharkatzen.


Iker pitzadura pasa ondoren.


Pitzaduratik behera doan bidea nazkagarria da. Harrikara solte batez osatua dago eta oso nekeza egin zitzaigun jaitsiera, batez ere Lekuri, minez itotzen ari zen eta. Bere egoera ikusita botikinetik minaren kontrako injekzioa atera eta jarri egin nion. "Hemendik ordu betera ez badizu efekturik eiten edo mina okerrera badijo, erreskate taldeei deituko diegu" esan nion.

Leku sufritzen injekzioa jarri aurretik.


Jaitsiera ez da batere atsegina eta ez du segurantza handirik ematen.


Lekuk hala nola jaitsi zen nire begiradapean. Jaitsieraren egoera tamalgarria dela eta, pare bat aldiz lurrera joan zen.


Pixkanaka gure pausuen azpian mugitzen ziren harrien gainetik elurtegi batera ailegatu ginen gure eta Lekuren lasaitasunerako.

Iker elurtegian. Jaitsierako bidea nolabait markatu dut.


Pixkanaka Estany Gelat de Comaloformo lakurantz abiatu ginen ahalik eta bide erosona aukeratuz, nahiz eta,, ikusten den bezela, bide osoa arkaitz blokez josia izan.


Beheruntz jarraitutako bidea gutxi gora behera markatu dut.


16:20, Ibon Gelat de Comaloformo, 2696 metro. Ia Ibon honen ondora ailegatu ginenean ezkerrera hartu genuen beste ibon txiki batzuen bila.

Ibon Gelat de Comaloformo lakua eskuinean utzi ondoren ezkerrera hartu genuen beste laku izoztu batera ailegatu arte.


Hasiera batean gure asmoa Ibon Gelat de Comaloformo pasa eta Pas de l'0sso pasabidetik Cavallers urtegira itzultzea zen, baina Lekuren egoera ikusirik aukera hau erabat baztertu genuen.

Laku izoztu honen ondoren 1610 metroetara dagoen hirugarren laku batera ailegatuko gara.


Atzera begirada. Pitzaduratik gutxi gora behera jarraitutako bidea markatu dut.


Pitzadura gertuagotik... duen jaitsiera "gozoa" ikusi daiteke.


1610 metroetara dagoen lakua. Oso laku ederra iruditu zitzaigun.


1610 metroetan dagoen laku honetan atsedenaldi bat hartzea erabaki genuen, zertxobait jan eta edan eta Leku zer moduz zihoan ikusteko. "Mina zertxobait jun dek, ta oain hobe nijek" esan zigun. Hau ikusita kotxera bere kabuz ailegatuko zenaren esperantza handiagotu egin zen. Hogei minutu inguru lakuan atsedenean izan ondoren berriro ere martxan jarri ginen.

Laku hontatik aurrera bidea ere hitoz markatua dago. Lehenik lakua bere ezkerraldetik inguratu behar da honen amaierara ailegatzear gaudela ezkerreruntz hartu eta mendiaren bestaldera pasa behar garelarik.

Lakua inguratu ondoren ezkerrera hartzeko prest.


Behin mendiaren bestaldera pasa ondoren belar terraza batzuetatik ibili beharko dugu, tarteka belarra, tarteko arkaitz plaken gainetik ipar-ekialde norantzarekin.

Mendiaren bestaldera pasa ondoren aurretik duguna.


Aurreko argazkiko leku bera baina atzera begiratuz, lakua non amaitzen den eta mendi honen aldera nondik pasa garen nabaritu daiteke. Leku animosogo zihoala ikusi daiteke.


Mendi aurpegi honetan 20 minutu inguru ibili ondoren, pixkanaka Malavesina amildegira eramango gaituen puntura ailegatuko gara.

Bidea zelai eta arkaitz plakez osatuta dago. Gorriz Malavesina amildegira jaisteko jarraitutako bidea markatu dut gutxi gora behera.


17:45tan Malavesina amildegira ailegatu ginen igoerako bidearekin berriro ere topo egin genuelarik, Estanyet de Malavesinaren azpitik.

Malavesina amildegira jaisten. Estanyet de Malavesina gainean utziko dugu.


Ordurako, minaren aurkako injekzioaren eraginez, Lekuren mina dexente lasaitu zen nahiz eta oraindik mina izan. "Honaino ailatu baneok, kotxeraino ere ailatuko neok" esan zigun gure lasaitasunerako.

Travessani orratzak hodei artean.


Iker azpian Pletiu de Riumalo duela.


Gaurko eguna ez zen izan Travessani orratzak bere osotasunean ikusteko egunik egokiena izan.


Jaitsiera, jaitsiera gehienak bezela, nahiko nekeza egin zen, bakarren batek ipurdiko bat baino gehiago hartu zuelarik...


...baina azkenean Pletiu de Riumalora ailegatu eta bertako paisaiaz gozatzeko aukera izan genuen.


Josu Riuet d'Estany Negre errekaren zubietako bat pasatzen.


Talde argazkia bigarren zubian, nahiz eta batzuk amuarrainei kasu gehiago egin.


19:05, Pletiu de Riumalon dagoen indikazio postea, 1840 metro. Hemen apenas gelditu gabe kotxerunzko bidea hartu genuen zuzen zuzen.

Josu Cavallers urtegira hurbiltzen. Urtegiaren dikea oraindik oso urruti gelditzen da.


Iker eta Leku urtegia inguratzen. Dikea bukaeran ikusi daiteke.


19:50, Cavallers urtegia, 1723 metro. Botak kentzeko gogokin urtegiaren dikearen parera ailegatu ginen eta berriro ere goizean igotako errepidetik behera joan ondoren arratsaldeko 20:00tan kotxera bueltatu ginen.

Cavallers urtegitik behera errepidea hartzeko prest.


Kotxera oso nekatuta ailegatu ginen hamalau ordu ibili ondoren eta Lekuk eginiko esfortzu eta pasatako sufrimendua deskribatu ezina da, meritu handikoa, gutxien eskura dagoen horietakoa. Kotxera ailegatzerako, eskuin aldakan zuen kozkorroak ukabila baten tamaina zuen.

Trasteak jaso eta Hotelera itzuli ginen dutxa bat hartu eta afaltzeko asmoarekin. Biharko eguna zalantzaz betea genuen, ez baikenekien Leku nola egongo zen. "Bihar min handirk ez bazeukeat, proba egingo diat" esan zigun. "Gaur izan dituzun minak badituzu hobe da igo gabe gelditzea, bestela zure kalterako izango da" esan nion nik. Ikerrek Leku minez jarraituz gero berarekin Punta Altara igo gabe geldituko zela esan zigun, baina hirumilako bat anaiarekin ez igotzea ere ez nuen nahi, beraz nire buruarekin patua egin nuen inorri ezer esan gabe: "anaia ez badijo, ni ere ez noa". Lotarako antiinflamatorio bat hartzeko eskatu nion Lekuri gauean efektua egingo zion esperantzarekin, baina dena den hurrengo egunean zer egingo genuenaren preokupazioarekin lo gelditu ginen.

PROFILA




4 iruzkin:

  1. Oso ona Ekipo! Elizako eskalada batezere, jajaja.

    Pendiente dudan actibitatea, ia egunen baten erremedioa jartzen diodan. Erreportai hau ederki etorriko zait.

    Zorionak Argazkiengatik, batzuk ikaragarri onak dia eta.

    Segi gogor! ikusi arte.

    ErantzunEzabatu
  2. Milesker artista,

    kresterio hau egitea merezi dik!!!!! Salbuespenak-salbuespen, Lekuren erorketa medio, gu oso gustura etorri ginen eta kresterio gosea ederki hasetu gintuen.

    Ondo izan.

    ErantzunEzabatu
  3. Zorionak! pena ikusi ez izana, 23an han inguruan nenbilen eta 24 an nire neska (Uraza mendiaken) Andoaingo mendi taldearekin Punta Altara joan zen. Agian topatu zineten. Eskertzekoa eta pozgarria da foroan euskaraz idatzitako posta ikustea!
    Segi horrela eta animo!!!

    ErantzunEzabatu
  4. Milesker Xabat!!!

    Barkatu hain berandu erantzun izana baina Piriniotan izan naiz. Ba ziurrenik "Uraza" ikusiko genuela zeren eta euskaldun pila bat topatu genuen Punta Altako bidean.
    Ondo izan.

    ErantzunEzabatu