Abenturatxo hau Mont Blanc mendiaren igoeran eginiko bigarren kapitulutzat hartu daiteke. Lehenengo kapitulua irakurtzeko hemen klik egin dezakezue.
Goizeko 2:15ak. Altueran hidratatzea oso ongi dago, baina gehiegi hidratzeak ere bere ondorioak ditu eta ordu erdian zakuan bueltaka aritu ondoren, Asier komunera zihoala ikusita ni ere komunera jeiki egin nintzen. Komunean geundela zurrunbilo bat entzun genuen:
- Zer da hoi?- Galdetu zidan.
- Eztakit baña haizea emateo - erantzun nion.
Komunaren ondoko atera hurbildu eta kanpoko haizete hotzak atzera bota gintuen. "Joer, gaur Mont Blanc-era igotzeko asmokin atera dienentzako txarra ba" esan nion Asierri. "Ba bai, haizete honekin zalle izangoue" erantzun zidan.
Berriro ohearen epeltasunera itzuli eta lo gelditu ginen.
Goizeko sei t'erdietan Josuren alarmak esnatu gintuen. Zetazko zakuetatik jeiki, jantzi eta komunera berriro ere bisitatxoa egin ondoren gosaltzera joan ginen. Gosaltzeko kakao hautsetan ur beroan nahastuta, eta bakoitzarentzat tostada bat, ogi-xerra bat eta zuku bat eman ziguten. Zerealak nahi adina hartzeko aukera dago baina guk ez genuen hartu.
GURE BIDEA
Orain arteko errepor ezberdinetan azaldu dudan bezela, Mont Blanc-eko igoera hiru etapetan banatu genuen:
- Lehenengo etapa: Nid d'Aigle-tik Tête Rousse aterpera. Erreporra irakurtzeko hemen klik egin dezakezue.
- Bigarren etapa: Tête Rousse aterpetik Goûter aterpera.
- Hirugarren etapa: Mont Blanc-eko gailur saiakera.
Tête Rousse aterpetik Goûter aterperaino doan igoera ez da luzea, guk lasai-lasai joanda hiru ordu baino gutxiago pasa genuen. Baina denborarekin ez da fidatu ezta itsutu behar faktore askoren menpe (gero ikusiko duzuen bezela) dago eta.
Bidea teknikoki ez da zaila baina bai, nire ustez, arriskutsua. Hasieran Tête Rousse glaziarra gurutzatu beharko dugu. Glaziar honen zeharkaldia ez dago arriskuetatik kanpo gainean dagoen Payot ertz-lerrotik harriak etengabe erortzen ari dira eta. Behin zeharkaldi honen ondoren Mont Blanc-eko igoeraren puntu beltzetako batera ailegatuko gara: Grand couloir-en zeharkaldia edo "bolatokia" famatua. Zeharkaldia ez da oso luzea, 40-50 metro inguru, baina bai oso arriskutsua bertatik erortzen diren harrien kantitate eta tamaina edonor izutzeko modukoa da eta. "Bolatokia"-n pasatako tentsioaren ondoren, Goûter orratzera igo beharko dugu II mailako zailtasuna (gidaren batean III-ko zailtasuna ere ematen diote baina nire uste apalean ez da hainbesteraino ailegatzen) duen eskaladatxo amaigabean, eta bertan, gure harreta osoa, igoeran baino, harriak ez botatzean izan beharko dugu. Amaitzeko, ertz-lerro elurtu eta erraz bat jarraituz Goûter aterpe berrira ailegatuko gara.
Tête Rousse aterpean ateratako argazki honetan gaurko igoera ikusi daiteke.
ERAMANDAKO MATERIALA
Igoera honetarako ez da aparteko materialik behar, baina kaskoa ezinbestekoa da. Kaskotik aparte badaezpada arnesak jantzita eta sokak motxiletan prest eraman genituen Gran Paradiso-ra eraman genuen beste materialarekin batera, baina ez genituen erabili.
DESKRIBAPENA
07:50, Tête Rousse aterpea, 3167 metro. Gosaldu ondoren, logelara itzuli, gauzak hartu, motxila egiten bukatu eta irteteko prestatu ginen.
Irteteko prest.
Aterpetik atera ondoren vivac egiten den gunera zuzendu ginen, Tête Rousse glaziarrean sartuz. Elurra oso gogorra ez zegoenez kranpoirik ez jartzea erabaki genuen.
Aterpetik atera ondorengo lehen metroetan.
Vivac gunea atzean Bionnassay orratza duela.
Aurretik dugun ibilbidea eta bertako lekurik esanguratsuenak.
Glaziarrean maldan gora hasi ginenean, elurra gogorragoa eta maldak zuen inklinazioa ikusita, kranpoiak jartzea erabaki genuen.
Hasieran, goiko argazkian ikusten den bezela, glaziarra eskuin-ezker gurutzatuz igotzen hasi ginen eta bihurgune baten ondoren, ezker-eskuin zeharkaldi batekin amaitu genuen zeharkaldia.
Ezker-eskuin zeharkaldia hasi ginenean Payot ertz-lerrotik harriak erortzen ari zirela ikusi genuen. Ez ziren harri handiak baina ordurarteko lasaitasuna bapatean joan zitzaigun. "Joer, ba hemen harrik eroitzen ai badie..." hasi zen Asier "... aber boleran zer daun". "Ehhh!! Portzierto" esan zion Ikerrek "Zorionak Asierr!!!!". "Ostia egie da" Josuk "hau da hau zu akordatzea ta ni ez". Belarrietatik tirakada txiki batzuen ondoren goruntz jarraitu genuen.
Glaziarra amaitzen den lekuan, les Rouches Rouges ertz-lerroaren azpian, goitik erortzen ziren harrietatik babesean kranpoiak kentzea erabaki genuen.
Kranpoiak kendutako lekuan. Zuzenean gora jo ezkero les Rochers Rouges ertz-lerroa igoko dugu, ezkerretik Payot ertz-lerroa dator tea eskuinean (elurra dagoen lekuan) le Gran Couloir eta "bolatokia" ikusi daitezke.
Aurrera jarraitu aurretik esan beharra daukat, "Mont Blanc, 4808 m, 5 vías a la cumbre" liburuan, Aiguille du Goûter-era igotzeko, François Damilanok ez duela gomendatzen Fayot ezta les Rochers Rouges ertz-lerroetatik igotzea, bertatik botatzen diren harriak ohiko bidetik igotzen diren mendizaleen gainera erortzen dira eta. "Cuatromiles de los alpes por rutas normales" liburuak aldiz, Payot ertz-lerrotik igotzea gomendatzen du. Egia esan, "bolatokia"-ren esperientziaren ondoren, erabat ados nago Francçois Damilanok egiten duen gomendioarekin.
Gure abenturatxoarekin jarraituz, kranpoiak kendu eta 100 metro inguru igo ondoren, eskaladatxo motz bat barne, "bolatoki" famatuaren sarrerara ailegatu ginen.
08:27, "Bolatokia", 3270 metro. "Bolatokia"-k Goûter orratzatik jaisten den Grand Couloir-a zeharkatzen du. Zeharkaldia ez da oso luzea (40-50 metro) baina bai agerikoa duen inklinazioagatik, honegatik hobe bertan ez irristatzea, askotan, gure kasuan bezela, elurra eta "verglas" motako izotza izaten baita. Baina zeharkaldi honetako arriskua ez dago inklinazioan, Grand Couloir-etik erortzen diren harri eta arkaitzetan baizik, zenbait momentuan, harrien erorketa ia etengabekoa izanez.
Zeharkaldia babesteko asmotan, alderik alde zirga-kable bat jarrita dago, baina Chamonix-en Aitzolek (Ibarrako gida batek) gomendatu zigun bezela, hobe bertan ez lotzea, erori ezkero bertatik zintzilik gelditu eta erortzen diren harrien menpean gelditzeko arriskua dago eta.
"Bolatokia"-ren sarreran dagoen kartela zirga-kablean nola lotu behar den azalduz.
"Ostia, hoi da harrik eroitzea" esan zuen Ikerrek harri eta arkaitzak etengabe erori eta erori ari zirela ikusita. "Puta madre, ea nola pasatzen deun" Josuk. Gure aurretik mendizale mexikar batzuk zeuden, baina nola, eta batez ere,
noiz pasatu ez zuten batere argi ikusten. Azkenean, amore eman eta buelta hartu
zuten.
Mexikarrek buelta hartu zutela ikusi genuenean elkarri begiratu eta ezer
esan gabe, begiradarekin bakarrik, elkarri "gu aurrera goaz, ezta?" galdetu genion. Goruntz begiratu eta helikopteroak Goûter-ea materiala etaman eta eraman ari zirela ikusi genuen. "Konturau zeate helikopterok hurbiltzen dien bakoitzen harri gehio eroitzeiela?" Galdetu nien "Ba bai, helikopterok aldeitten dutenen denbora pixkabatea harrik tarte txiki baten eztie eroitzen" esan zuen Ikerrek.
Aitzolek "La Tapia" aterpetxean emandako aholkuei jarraituz, "bolatokia" bik zeharkatzen zuten bitartean beste bik harriak erortzen ziren hala ez oihukatuko zietela erabaki genuen. Honela ba, Iker eta Asier zeharkaldia egiteko prestatu ziren.
Goûter aterpetik helikoptero bat atera eta 30 segunduen ondoren harriak eta arkaitzak erori eta erori ondoren, Iker eta Asier ziztu bizian atera ziren gure animoen artean.
Bideo honetan Iker eta Asierren zeharkaldia ikusteko aukera izango duzue. Baita ere, pazientzi gutxiko mendizale batzuk beste batzuen gainetik nola pasatzen diren. Amaitzeko, kaskorik gabekoren bat ere ikusten da.
Argazki hau Ikerrek zeharkaldia egin ondoren atera zuen. Sarreran dauden mendizaleak Josu eta biok gara eta gure aurrean aurretik pasa zen bikotea. Argazkian ere zirga-kablea ikusi daiteke.
Leku beretik grabatutako bideo honetan harrien erorketa zer-nolakoa topau genuen ikusteko aukera izango duzue.
Iker eta Asierren zeharkaldiaren ondoren Josu eta biok arnasa lasai hartu genuen.
"Ufffff, bueno Josu oain gure txanda" esan nion. Baina gure aurretik
bikote bat pasa zen.
Bikoteko neskak zeharkaldia di-da
batean egin zuen. Neskak zeharkatu zuen erreztasuna ikusita, mutila
zeharkaldia egiten hasi zen. "Poliki dijo ezta?" esan zidan Josuk "Neire
hala iruitzentzait" erantzun nion. Zeharkaldiaren erdian zegoela,
bapatean helikoptero bat hurbildu eta arkaitzak erortzen hasi
ziren mutilaren aurretik eta atzetik pasatuz. Hau ikusita, mutilaren
erreakzioa geldirik gelditzea izan zen. "Ostia, tipo hoi harri batek jo
ta hortxe gehittu behar da" esan nion Josuri "Ostia baietz, bengaaaaaa
ostiaaaa sikiera korrika hasiiii" hasi zen Josu oihuka. Tentsio handiko
momentu honen ondoren eta oraindik ez dakit zergatik, ez zion inongo
harririk jo eta azkenean mutila pasa egin zen.
Bideo honetan mutila honen zeharkaldiaren bi momentu ikusteko aukera izango duzue.
"Bueno.
oain bai Josu, gure txanda" esan nion. Beste helikoptero batek aldegin
zuenean hogei arte zenbatu eta harriak ia erortzen ez zirela ikusita
Josu eta biok korrika batean hasi ginen. Zeharkaldiaren erdian geundela,
aurreko mutila gelditu zen lekuan, lurrean "verglas" motako izotza
zegoela ikusi genuen. Bihotza eztarrian eta "Hemen ez eroi, hemen ez eroi" burua animatuz
aurrera segi eta bi-hiru jauzitxoren ondoren bestaldera pasa ginen.
"Ostia, hau da tentsioa pasa detena!!!" esan zidan Josuk arnas-hestuka. "Nik ebai" erantzun nion, "esperoet hau izatea igoera oson pasako deun tentsiorik handiena".
Gauza bat eta besteagatik, "bolatokia" denok zeharkatzerako 25 minutuetatik gora pasa genuen.
"Bolatokia" zeharkatu ondoren behuntz ateratako argazkia. Eskuinean ikusten den elur arrastoa Tête Rousse glaziarra da eta ezkerrekoa Bionnassay glaziarra. Erdian Tête Rousse aterpea ikusi daiteke.
Urduritasunari pasatzeko ia denborarik eman gabe, leku honetatik ahalik eta azkarren aldegiteko asmoz, goruntz jo genuen. Igoera osoan marka eta gezi gorriak topatu genituen, baita, lekuren batean edo bestean, hitoren bat ere.
Metro batzuetan eskaladatxo bat egin ondoren bideak eskuineruntz hartzen du diagonal bat eginez. Zati hau, argazkian ikusten den bezela, oinez egiten da.
Eskuineruntz doan diagonal hau metro batzuetan jarraitu ondoren ezkerreruntz beste diagonal bat egin genuen Goûter aterpe zaharretik behera datorren ertz-lerro antzeko baten azpira ailegatu arte.
Argazkian ertz-lerro hontatik gorako bidea gutxi gora behera nondik nora doan markatu dut.
Behin ertz-lerro honetara ailegatzerakoan, bideak gutxi gora behera zuzen jarraitu genuen eskaladatxoak tartekatuz.
Eskaladatxoak ez dira zailak baina argazkian ikusten denez, oso arkaitz hautsia dago eta behetik datozenei harriak botatzeko arrisku handia dago denbora osoan, honegatik, eskuak eta oinak non jarri ongi begiratu behar da.
Josu eta Asier gorago. Ia denbora osoa bi aterpeak bistan izango ditugu.
Ni Bionnassay orratza atzean dudala.
Ertz-lerroaren heren bat gutxi gora behera igo dugunean, 10 metroetako eskaladatxo tenteago bat egingo dugu, baina, hasieran esan bezela, II mailako zailtasunetik igotzen ez dena.
Ni eskaladatxo tente honen hasieran, behean mendizale gehiago ikusi daitezke.
Bideo honetan zati hau igotzen ikusteko aukera izango duzue.
Zatitxo tente honen ondoren berriro ere eskaladatxo errazak eginez gora jo genuen. Gutxi gora behera ertz-lerroaren erdialdera ailegatzerakoan gurutze bat topatu genuen.
Iker gurutzearen parean.
Gurutzea.
Iker, gurutzea eta Goûter aterpea.
Hemendik gora, harri eta arkaitz askeak tartekatuz erraz igo ginen.
3600 metro inguruan, lehen arrastoak azaltzen hasi ziren eta hemendik gora elurra pixkanaka ugariagoa topatu genuen. Igoera honek duen orientazioa (mendebaldea) eta altuera kontutan izanda, elurra oso gogorra topatu genuen, baina hala ere ez genuen inongo momentuan kranpoiak jartzea pentsatu arkaitzen gainetik eroso joaten zen eta.
Iker elurra ugariagoa topatu genuen lekuan.
Aurretik duguna, Goûter eta Mont Blanc-etik datozen mendizaleak ikusi daitezke.
Elurra geroze eta gehiago ugaritzen joan zen, baita gogortzen ere, leku batzuetan eskaladatxoak zertxobait zailduz. Hala ere zailtasun handiagoko eskaladatxoetan, argazkian ikusten den bezela, zirga-kableak jarrita topatu genituen.
Iker eta bioi oso deigarri iruditu zitzaigun goitik zetozen mendizale askoren destrepatzeko baldartasuna, eta egia esan, soltura handiarekin jaitsi ziren mendizale gutxi ikusi genuen. "Jaitsiera hain kabroia izangoa?" Galdetu zidan Ikerrek. "Eztakit, baña kontutan izan Mont Blanc-etik badatoz, oso nekauta etorriko diela" erantzun nion. "Buff, ea guk nola jaisten deun" esan zidan.
Poliki-poliki, eta jaisten ari ziren mendizaleei pasatzeko lehentasuna emanez, Goûter aterpe zaharrera ailegatu ginen.
10:30, Goûter aterpe zaharra, 3817 metro. Bertan atsedentxo bat hartu, kaskoa kendu, kranpoiak jarri, eguzkitako krema eman eta eguzkitako betaurrekoak jarri eta aterpe berriruntz abiatu ginen.
Asier eta Iker aterpe zaharretik irteteko prest.
"Atzoko japonesa ikusi al dezue?" Esan zigun Asierrek "Bat ikusi deu baña etzaigu iruittu atzokoa zenik" erantzun zion Ikerrek. "Ba seguru izango zela ze piolet eta erropa berdiñek zittun" esan zigun Asierrek, "paretik pasa denen Takashiiii oihukatu diot". "Takashi?" Nik "Ez al zen ba Takada?". "Eztakit, nk Takashi deittu diotenen begira geldittu ta eta Top? Galdetu diot". "Ta ze esan dizu?" Ikerrek "No" erantzun zion Asierrek. Takashi edo Takadaren kontuarekin parrre batzuk egin ondoren martxan jarri ginen.
Aterpe zaharretik metro batzuk gora egin genituen aterpe berriraino eramango gintuen ertz-lerro baterarte.
Josu ertz-lerrora eramango gintuen zatian...
... Eta ertz-lerroan atzean Dôme du Goûter mendia (altuena) eta eskuinean Bionnassay orratza daudela.
Iker ere ertz-elrroan aterpera hurbiltzen.
Ertz-lerrotik atzeruntz eginiko argazkia, paraje hau erabat ikusgarria da.
Argazkia hau ertz-lerroan ateraratako 180 gradu inguruko panoramika da.
Azken metroetan...
...Eta atzera begirada, aterpe zaharra ikusi daiteke.
10:45, Goûter aterpea, 3835 metro. Elurretan eginiko ertz-lerro errazaren ondoren aterpera ailegatu ginen.
"Zemuz?" Galdetu nien. "Indarrez de puta madre" erantzun zuen Ikerrek "erritmo hontan earki igo gea".
Aterpeko sarreran atentzioa deituko digun lehen gauza jarrita dagoen bideo kamera izango da.
Behin aterpean sartzerakoan gure ohiko martxa jarraitu genuen: botak kendu, bertako zapatilak jarri, motxilak sarreran utzi eta harrerara izen ematera joan. Tête Rousse aterpean ez bezela, aterpe honetan logelatan motxilekin sartzea dagoenez, erreserba baieztatu ondoren, gure logelara joan, motxilak bertan utzi eta hamaiketakoa egitera jangelara jatsi ginen. Dena den, nahiz eta motxilak logelatan uzterik badagoen, botak, kranpoi, piolet eta makuluak sarreran utzi behar dira.
Goûter aterpearen egoerak eta kokatua dagoen lekuak bakarrik bisitatxo bat merezi dute. Mont Blanc inguruko aterperik ezagun eta bisitatuena izango da inongo
zalantzarik gabe. Lo egiteko erreserba egina izatea beharrezkoa da. Erreserba interneten
bidez egin behar da nahi eta nahi ez, honetarako kontu bat sortu behar delarik. Egonaldia gehienez 30 eguneko
aurrerapenarekin hartu daiteke eta egonaldia hartzeko ordua goizeko
zazpiretan irekitzen da, lehen bi minutuetan leku guztiak hartuz. Lekua hartzeko denbora irabazi nahi badugu, izena eman, kontua
ireki, eta gure kontua irekita dugula, goizeko zazpiretan puntu-puntuan
lekua hartzen saiatzea gomendatzen dizuet. Baina esan bezela, azkar ibili,
bi-hiru minutuetan leku guztiak hartzen dira eta. Aterpean
espainieraz hitzegiteko arazorik ez dugu izango eta egonaldia kreditu
txartelarekin ordaindu daiteke. Tête Rousse aterpean gertatzen den
bezela, hemen ere konketetan ez dago urik eta komunetatik datorrena ez
da edangarria. Telefonoa: 0033
4505 44093. Egonaldien prezioak hemen dituzue ikusgai.
Argazki honetan harrera eta taberna funtzioak betetzen duen lekua eta jangelaren zati bat ikusi daiteke.
Beste argazki honetan aldiz, jangela hobe ikusi daiteke. Ikusten denez aterpe osoa egurrez estalita dago, suposatzen dut hau barruko beroa hobe mantentzeko egina dagoela.
Gure hamaiketakoa hasteko prest.
Aterpea izugarria da eta aterpe bat baino luxuzko aterpetxe bat dirudi. Logelatatik irteterakoan pasilloan lurrean jarrita dauden argitxo batzuk pizten dira komuneraino eta komunetik irteterakoan gauza bera logeleraino. Oheak beharbada zertxobait hestuak dira baina oso erosoak.
Guk, betiko legez, hamaiketatxoa egin eta siestatxoa egitera erretiratu ginen.
Gure gaurko logela.
Logela barrutik, argazkian ikusten den atea sarrerakoa da..
Atetik ateratako argazkia. Gure logelan 14 pertsona sartzen ziren, eta hemen ere paretak egurrezkoak direla ikusi daiteke.
Literen parean motxilak uzteko lekua.
Logelako leihotik genuen ikusmira izugarria zen.
Eta siestatxoa egin ondoren, aterpearen kanpoan dagoen ikusmiraz gozatzea atera ginen. Honetaz aparte, afaldu aurreko denbora ederki hidratatzeko ere aprobetsatu genuen, pixkanaka-pixkanaka edaten arituz.
Bionnassay orratza ikusgarria, ikusten den lekutik ikusita ere.
Orratzatik Col du Dômera doan ertz-lerroaren zati bat gertuago. Bertan dauden erlaitzek beldurra ematen dute.
Beheruntz begirada, Tête Rousse aterpea oso behean gelditzen da.
Tête Rousse aterpea eta vivac gunea gertuago.
Iker, Asier, Bionnassay orratza eta bere ertz-lerroa.
Eguna aurrera joan ahala mendizale gehiago hurbiltzen hasi ziren.
Zorionak zuriiiiiiiiiiiiiiiii!!!!!!!!!!!!!!!!!!.
Ni aterpeko barandilan ikusmiraz gozatzen.
Kanpoan geundela bapatean lau tipo azaldu ziren malla eta zapatillekin Mont Blanc-eko gailurretik behera korrika. "Ta hok nundik azaldu die?" Galdetu nion Asierri. "Eztakit baña ez die edozein izango" erantzun zidan "ziurrenik Mont Blanc-eko ultrataila prestatzen aittukoie". Sarreran minutu pare bat egon ondoren aterpe barrura sartu ziren bertan gaua pasatzera.
HIzketan eta argazkiak ateratzen ari ginela Nid d'Aigle-tik zuzenean zetozen mendizale asko ikusi genuen. Nahiz eta batzuk ongi ailegatu, ikusi genuen gehiengoa leher eginda ailegatzen zen. "Ufff, ea biharko errekuperatzen dien bestela dexente sufrituko due" esan nuen. "Azkenen guk eindeuna hobena, lasai-lasai bi eguneta honaño igo eta bihar indarrez gora abittu" erantzun zidan Ikerrek.
Afaria arratsaldeko, bai, arratsaldeko 18:30tan eman ziguten. Afaltzeko haragi gisatua pastarekin, gazta pixkat eta identifikatu ezin izan genuen izugarrizko postre gozo eta goxoa eman ziguten. Aterpe hontan ez ziguten ez urik ezta ogirik atera.
Gran Paradiso mendira igo ginenean egin genuen bezela, afaldu ondoren hemen ere termoak utzi genituen gosariarekin batera tez beteta jasotzeko, baina Vittorio Emmanuelle II aterpean gertatu ez bezela, hemen sei euro kobratu ziguten.
Afaldu eta gero, berriro ere kanpora irten ginen azken argakitxo batzuk atera eta 20:00etan oheratzeko.
Oheratu aurretik ateratako azken argazkia, eguzkia oraindik nahiko goian. Zorte pixkat batekin eguzkia ikusiko genuen hurrengo aldia Mont Blanc-en gailurretik izango zen.
Esan bezela, 20:00etan ohera joan ginen, biharko egun handia izan zitekenaren bezperan. Biharko primerako eguraldia iragarrita zegoela esan zigutenean oraindik eta gogo handiarekin oheratu ginen.
AZKEN 10 SARRERAK
2013/08/29
GOÛTER ATERPEA (3835 m) TÊTE ROUSSE ATERPETIK 2013/08/10
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
20:31
Etiketak:
alpeak,
chamonix,
gouter,
goûter,
mont,
mont blanc,
rousse,
tete,
tête,
tête rousse
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina