AZKEN 10 SARRERAK

2013/08/26

TÊTE ROUSSE ATERPEA (3167 m) NID D'AIGLE-TIK

Alpeei egin behar genien lehen bisitaren antolaketa jarraituz (antolaketa osoa ikusteko hemen klik egin dezakezue), Gran Paradiso menditik itzuli ondoren, abuztuaren 7 eta 8an Chamonix inguruko mendietan aritzeko asmoa genuen.

ABUZTUAK 7

Meteofrance-k eguraldiaren iragarpena betean asmatu eta euripean esnatu ginen. Egun honetan gure asmoa Petite Aiguille Verte orratzera igotzea zen, baina eguraldia ikusi ondoren Chamonix-en gelditzea erabaki genuen, atseden eguna hartuz.

Bideo hau gure logelatik grabatua dago eta bertan izan genuen eguraldia ikusi daiteke.


Chamonix-eko eliza parean "turismo" pixkat egiten.


Chamonix-en inguruko mendi eta orratzak. Argazkia, turismo bulegoaren kanpoan dagoen panelari aterata dago.


Aterpetxera itzultzen ateratako panoramika.


Argazki honetan Aiguille du Goûter orratza (eskuineko punta), Dôme du Goûter mendia (erdian) eta Bossons glaziarra ikusi daitezke. Glaziar hau ikusgarria da eta ia Chamonix bertaraino ailegatzen da.


Dru mendiak. Bufff orma hauetan zenbat historia dagoen.


Egun osoa pasiatzen eta dendetan sartu-irtenak egiten pasa ondoren, afaldu eta ohera joan ginen hurrengo egunean eguraldi hobea izango genuen esperantzan.

ABUZTUAK 8

Abuztuaren 8rako Meteofrance-n iragarpenak ez zuen hutsik egin eta berriro ere euripean esnatu ginen. Egun honetarako Mont Blanc du Tacul edota Kosmikoen ertz-lerroa igotzeko asmoa genuen, baina, berriro ere, gure plana pikutara joan zen.

Lehen atseden egunaren ondoren bigarren egun hau atsekabearekin hartu genuen eta ohetik jaikitzeko indar handia egin behar izan genuen.


Baina azkenean dutxa bat hartu, jantzi eta berriro ere Chamonix-eko kaleetan gora eta behera aritu ginen.

Aterpetxetik atera ondoren. Ikusten denez, egun batetik bestera mendietan elurra bota zuen.


Chamonix-eko zubi bat zeharkatzen.


Mendiko dendetan sartu-irten ezberdinak egin ondoren, Reverso batetik hasi, Gore Tex txamarra batetik pasa eta goimendirako bota batzuk ere erosteko aukera izan genuen.

Chamonix-eko kale "komertzialean" erosketak egin ondoren. Parean ikusten den etxean Frantziako mendizale handiak margotuta daude, besteak-beste, balkoitik zintzilik, Gaston Rébuffat.


Eguna pasa eta ohera joan aurretik Meteofrance-n iragarpena irakurri genuen: Abuztuaren 9rako goizean pattal xamar baina egunak aurrera joan ahala eguraldiak hobera egingo zuen. "Ze, Tête Rousse-ra igoko gea ezta?" Galdetu nien, "hombreeee, geldik eotetik nazkauta nau" erantzun zuen Asierrek.

Honela ba, gure plangintza jarraituz, hurrengo egunean Tête Rousse aterpera igotzeko asmoarekin oheratu ginen.

Erreporrarekin jarraitu aurretik, komentatu Mont Blanc-erako igoera hiru egunetan antolatu genuela:

- Lehenengo eguna: Nide d'Aigle-tik Tête Rousse aterpera ailegatu.
- Bigarren eguna: Goûter aterpera ailegatu.
- Hirugarren eguna: Gailurrerako saiakera eta Nide d'Aigle-ra itzuli.

Mendizale askok igoera bi egunetan antolatzen dute, lehen egunean Goûter aterpera igo eta bigarrena gailurrerako saiakera eginez. Orduan, zergatik hiru egunetan? Hiru erantzun ditut:

- Chamonix-en 9rako (gure atseden egun ofiziala) ez baikenuen lo egiteko lekurik topatu. Hau izan zen arrazoirik nagusiena.
- Mont Blanc-eko igoera pixkanaka eta aklimatatuz egiteko, paliza handirik hartu gabe.
- Gailurrerako saiakerarako bi aukera izateko: lehen aukera Tête Rousse aterpetik zuzen igoz (abuzturaren 10erako eguraldi ona eta 11rako txarra iragarrita balego) eta bigarrena, abuztuaren 10ean Goûter aterpean lo egin ondoren bertatik igoz ( abuztuaren 11rako eguraldi ona iragarrita balego).

Izandako esperientziaren ondoren eta Nide d'Aigle-tik Goûter aterpera zuzenean igotzen ziren mendizale batzuk aterpera leher eginda ailegatzen zirela ikusita, Mont Blanc-era Goûter bidetik igotzekotan hiru egunetan igotzea gomendatuko nizueke, baina hau iritzi pertsonal bat besterik ez da.


ABUZTUAK 9

Goizeko zazpiretan esnatu egin ginen.

"Ze egualdi itteo?" Ikerrek. "Bueeeeno, kalea erdi bustita dau baña ez do ebik itten" erantzun zion Josuk.

Gosaldu, motxilak eta trasteak prestatu eta 7:45ak aldera kotxera joan ginen.


GURE BIDEA

Tête Rousse aterpera Nid d'Aigle deitutako tren geltokitik igotzen da. Nid d'Aigle-ra ailegatzeko bi aukera ditugu:
- Tramway du Mont Blanc (TMB) trenaren bidez: Tren hau Le Fayet herrian hartzen da, SNFC (Société Nationale des Chemins de Fer Français -hemengo RENFEa, alegia-) tren geltokiaren ondoan dagoen tren geltoki berezian eta Frantziako kremailera-trenik altuena da. Lehenengo trena 7:20etan irteten da, baina guk 8:30takoa hartzea erabaki genuen aterpera ailegatzeko egun osoa genuen eta. Kotxea SNFC tren geltokian dagoen doako aparkalekuan utzi daiteke, TMB-ren geltokitik oinez hamar minutu eskasera.
Tren hau hartzen badugu, ordu eta laurdenean Nide d'Aigle-n izango gara. Trenaren prezioa: 33 euro joan-etorria.

- Bellevue teleferikoaren bidez: Teleferiko hau Les Houches herrian hartuko dugu eta TMB-ren Bellevue tren geltokiraino eramaten gaitu. Hemendik gora bi aukera ditugu: oinez jarraitu edo TMB-a hartu. Prezioak hauek dira: Teleferikoa joan-etorria: 15 euro. Teleferikoa + TMB joan etorria: 36 euro. Informazio gehiagorako: Ordutegiak eta prezioak.

Guk lehen aukera hartu genuen gure kasuan erosoena hori zen eta.

DESKRIBAPENA

Chamonix-etik Le Fayet herrira kotxez ordu erdi eskas izango dugu. Esan bezela, gu bazpaere 8:30etako trena hartzeko 7:45tan abiatu ginen eta nahiz eta denborari begira ongi irten, biribilgune batean kotxeko GPS-arekin izandako akats bategatik nahiko juxtu ailegatu ginen tren geltokiko takilara.

Aparkalekuan irteteko prest. TMB-ko tren geltokia aparkalekuaren beste puntan dago (argazkiaren amaieran).


08:30, Le Fayet, TMB-ren tren geltokia. Bixkor-bixkor ibili ondoren tren geltokira ailegatu ginen.

TMB hiru trenek osatzen dute: Marie, Anne eta Jeanne. Izenak 1956 urterarte trenaren jabea izan zenaren alaben izenetatik datoz.

Tren geltokian eta Nide d'Aiglera eramango gaituen "Marie" trena.



Tren-kabina...


... Eta trenaren barrualde "klasikoa".


Nahiz eta oso erosoak ez izan, eserlekuetan lekua hartu eta ordu eta laurdeneko bidaiarako prestatu ginen.

Argazki honetan trenbideak dituen tren geltokiak ikusi daitezke.


Datozen argazkietan tren geltoki ezberdinak eta ailegatutako orduak ikusteko aukera izango duzue.

St - Gervais, 08:42.


Tren barruko itzalekin jolasean.


Col de Voza, 1653 m, 09:13.



Bellevue, 1794 metro, 09:22. Les Houche-tik datorren teleferikoa hemen amaitzen da.


... Eta azkenik, tunel bat pasa ondoren, Nide d'Aigle, 2372 metro, 09:36. Neguan eta udaberrian tunel hau elurrarengatik itxita egoten da eta oinez zeharkatu behar izaten da. Aurten uztailaren hasierarte itxita egon da.


Bidai osoan ez genuen inguruko paisaiaz gozatzeko aukerarik izan, kriston behe lainoa zegoen eta, eta bakarren batek lo egiteko ere aprobetsatu zuen.

Trenatik jaisten, ikusten denez behe laino handia eta txirimiria topatu genuen.


09:45, Nide d'Aigle, 2732 metro. "Joer hau da egualdie" nik, "bueno, hobe frexkuran igotzea eguzkitan baño" erantzun zidan Josuk "ba bai arrazoia dezu, holare aurretio deuna ezteu ikusiko" erantzun nion.

Zegoen txirimiria eta langarra kontutan izanda euritako txamarrak jantzi eta gorunzko bidea hartu genuen.

Asier eta Iker irteteko prest Josu, erdi izkutuan, zai dagoela.


Tête Rousse eta Goûter aterpeetara doan bidea arrasto eta gezi gorriz oso ongi markatua dago eta galtzeko arrisku handirik ez dauka.

Ibilbidea hasteko, trenbidearen amaierara joan ginen. Bertan indikazio poste bat topatu genuen.

Iker indikazio postean. Horiz, debekatuta dagoen guztiaren azalpena.


Indikazio postea atzean utzi ondoren metro batzuetan bide zabal bat topatu genuen beste indikazio poste batera ailegatu arte. Indikazio poste honetan aterpeetara ailegatzeko adierazten duen bidea jarraitu genuen.

Josu bigarren indikazio postean.


Hemendik gora bidea hestutu eta maldan gora hasi ginen arrasto eta gezi gorriak jarraituz.


Bideak, ttirri-ttarra, "Z" batzuk eginez, Pierre Ronde deituriko harri-basamortuan gora eraman gintuen.


Lehen aldapa baten ondoren, harriak gero eta ugariagoak egin ziren gure ezkerrean (igoerako norantzan) "Les Rognes" ertz-lerroa utziz. Honela, pixkanaka-pixkanaka, ipar ekialdeko norantza jarraituz, des Rognes etxolara hurbildu ginen.

10:38, des Rognes etxola, 2768 metro. Bidea ez da etxolaraino ailegatzen, bertatik 50 metro ingurura geldituz. Hemendik aurrera malda zati batean desagertu da eta hego-ekialdeko norantza hartuz jarraitu genuen, beti ere arrasto gorri eta hemendik aurrera hitoak jarraituz.

Des Rognes etxolara (laino artean) ailegatzen.


Esan bezela, etxolatik aurrera arrasto gorrietatik aparte hitoen atzetik jarraitu genuen.


Etxolatik aurrea bideak malda galdu eta ordulaurden eskasean lauean edota punturen batean maldan behera ere aritu ginen.

Argazkian bidean zeharkatu genuen elurtegi bakarra ikusi daiteke.


Baina 15 minutu ingururen ondoren bidea berriro ere malda bihurtu zen.


Nahiz eta arkaitz eta harri asko ikusi, bidea oso zapaldua dago eta erraz egin genuen.


Lehen malda honen amaieran bidea orma baten azpira eraman gintuen. Ormara hurbildu ahala bidea hestutu eta bere ezkerretik jarraitzen zuela ikusi genuen. Puntu honetan ormaren kontra jarrita dagoen kable-zirga bat topatu genuen.

Josu, Asier eta Iker ormaren ezkerretik pasatzen.


Ni kable-zirga jarrita dagoen lekuan. Pasabide honek zailtasun handirik ez dauka, honegatik, neguan izotza dagoenerako jarrita ote dagoen pentsatu genuen.


Iker kable-zirga dagoen zatiaren amaieran.


Kable-zirga jarrita dagoen lekua atzean utzi ondoren 2900 metro ingurura dagoen gurutze batera ailegatu ginen.

Ni gurutzera ailegatzen.


Gurutzetik aurrera Aiguille du Goûter ertz-lerroan gora igo ginen altuera irabaziz. Nahiz eta ertz-lerro bat igotzen aritu, bidea, orain arte bezela, oso ongi zapaldua eta zailtasunik gabea topatu genuen. Ertz-lerro honek bere eskuinean Tête Rousse glaziar txikia eta ezkerrean Griaz glaziarra ezberdintzen ditu.

"Zemuz?" Galdetu nien tren geltokitik abiatu ginenetik ia gelditu gabe igo ginela ikusita. "Hola, ttirriki-ttarraka junda de puta madre" erantzun zidan Josuk. Egia esan, ia beste mendizale guztiek zuten igotzeko moduarekin harritu ginen: 200 metro azkar igo eta bost minutuetan atseden hartu, beste tarte bat azkar igo eta beste atseden bat. Guk, Piriniotan egiten dugun moduan, abiadura lasai bat hartu eta ia gelditu gabe goraino jarraitu genuen.

Momentu batean behe lainoa desagertu eta gure aurrean Aiguille du Midi orratz ikusgarria azaldu zen.


Benetan ikusgarria orratz hau, pena kosmikoen ertz-lerroa egin ez izana, baina tira, honela badugu itzultzeko aitzakia.


Beheruntz begirada. Orain arte jarraitutako bidea ikusi daiteke, des Rognes etxola eta gurutzea ere.


Azkenean, argazkian ikusten den bezelan, lehen aldiz Tête Rousse glaziarra eta aterpearen gainean dagoen eraikina ikusi genituen, baita Bionnassay orratza ere (orain arte laino artean geunden eta). Ikusmira honek ikaragarri poztu gintuen.


Ni, Tête Rousse glaziar txikia, Tête Rousse aterpea eta Bionnassay orratza.


"Ostia, Goûter aterpea ikustea!!!" Oihukatu zuen Ikerrek. Denok aterpeari aho-zabalik begira gelditu ginen, parean genuenarekin gozatuz.

Goûter aterpea, Bionnassay orratza eta Tête Rousse aterpe eta glaziarra. Azkeneko hau zeharkatzen lau mendizale ikusi daitezeke.


Bideo hontan orain arte igotakoaren kronikatxoa egiten dut.


Tête Rousse glaziarra zeharkatu aurretik informaziorako etxola antzeko bat topatu genuen. Bertan zegoen gizonak gure asmoen berri galdetu zigun:
- Today Goûter hut?- Galdetu zigun.
- No, we are going to Tête Rousse -Erantzun genion.
- Do you have a booking? - Galdetu zigun.
- Yes.
- Tomorrow summit?
- No. Tomorrow we'll go to Goûter.
- And, do you have a booking?
- Yes.
- OK, good luck.
- Thank you - Erantzun genion.

"Joer hoik die galdera pilla" esan zuen Asierrek. "Esateutenez Goûter-ea ezin da erreserbaik gabe igo, ta deskuidauezkeo erreserbaik ez daukena behera bialtzeo" erantzun zion Ikerrek, "gañea laneko batek esan dit gendarmek juten omen diela aterpeetara kontrolatzea ea erreserbaik gabeko jendea daun". "Hainbesteako?" Josuk, "eztakit ba hoi egie izangoen" esan zion.

Minutu batzuetan atsedentxo bat hartu ondoren, glaziar txikia zeharkatu (ez genituen kranpoirik jarri elurra biguna zegoen eta) eta aterpera ailegatu ginen.

11:50, Tête Rousse aterpea, 3167 metro. Tête Rousse glaziar txikia zeharkatzen ari ginen bitartean, behe lainoak berriro ere aterpea estali zuen.

Aterpera ailegatzen. Behe lainoak berriro ere zerua estali zuen.


Aterpearen sarreran, beste batzuen artean, hiru kartel topatuko ditugu:

Aterpearen kartela...


...Goûter aterpera erreserbarik gabe joan ezkero dituen ondorioaren kartela...


...Eta eguraldiaren iragarpenerako kartel eta harria.


Aterpera sartu eta berehala kaxa handi baten barruan tamaina ezberdinetako zuekoak topatu genituen eta motxilak uzteko euro bat sartu beharreko takila handi batzuk ere, motxilarekin ezin baita aterpera sartu. Botak sarrera hontan edo jangelan utzi daitezkenez, guk bigarren aukera hau hartu genuen aterpearen epeltasuna aprobetsatu eta hurrengo goizean botak hotzak ez jazteko.

Tête Rousse aterpean lo egiteko lekua hartzeko interneten bidez hartu behar da, honetarako izena eman eta kontu bat sortuz. Bertako nagusiak espainiera hitzegiten du eta egonaldia kreditu txartelarekin ordaindu daiteke. Dena den, kreditu txartela irakurtzen duen aparatuak "koberturarik" ez badu (guri gertatu zitzaigun bezela), egonaldia eskudiruz ordaindu beharko dugu. Nahiz eta konketak eta komunak izan, bertan ez dago urik. Telefonoa: 0033 4505 82497. Egonaldien prezioak hemen dituzue ikusgai.

Guk, betiko moduan, aterpean genuen erreserba baieztatu eta gure logelan lo egiteko trasteak utzi ondoren jangelara joan ginen zertxobait bazkaltzera. Baian nire kezkarik handiena ongi hidratatzearena zen honegatik "pixe argie ein arte likidoa edan beharren gare" esan eta esan aritu nintzen egun osoan.

Aterpeko jangela.


"Joerr, ur botila batek 5 euro balio ditu" esan nien. "Bai, ta garagardo batek 7" esan zuen Josuk. Egia esan, aterpeko kartan dauden prezio batzuekin "flipatu" egin genuen, baina ulertu behar da non gauden kokatuta eta zein zailtasun dago janaria eta edaria honaino igotzeko. Uraren prezio honen berri bagenekien, honegatik komeni da ahal den neurrian ura Chamonix-etik ura ekartzea (guk Camelbag-a eta termoa urez beteta eraman genituen)

Datozen bi argazkiak aterpearen kartari atera nizkion.

Edariak...


... Eta janariak.


Bazkaritxoaren ondoren, siestatxoa egin aurretik.


Sarreran geundela, momentu batean zerua berriro ere garbitu zen gure parean bi Goûter aterpeak azalduz.


Eta sarreran denboratxo bat egon ondoren siestatxoa egitera erretiratu ginen.

Annapurna, gure logela.


Gure logelan 18 lagunentzat tokia zegoen.


Eta siestaren aurretik eguneko bitxikeria gertatu zen. Josu leihotik begira ari zela buelta hartu eta "ostia, basauntze bat!!!!" esan zigun. Denak leihora hurbildu ginen Josuren aurkikuntza ikusteko.

Basauntza arkaitzen gainean.


Basauntza gertuago...


"Hoi egitazkoa al da?" esan zuen Asierrek, "nik baietz esango nuke" erantzun nion. "No jodas!! Hoi ez da egitazkoa" esan zuen Ikerrek, "seguru?" Josuk, "oaintxe bertan ikusikoeu" erantzun zion Ikerrek. Iker eta Asier logelatik ateratzen zien bitartean Josu eta biok leihotik begira gelditu ginen. "Oaindio ikusten ai naiz bertara hurbildu eta burua jiratzen badie korrika baten honaño etorrikoiela" esan nion Josuri "ez dakit baña parre batzuk botakoittut" erantzun zidan.

Zinean egongo bagina bezela, adi-adi egon ginen Iker eta Asierren mugimenduak ikusteko. Bapatean gure bistan azaldu eta pixkanaka eta kontu handiz basauntzeruntz hurbildu ziren. Basauntzetik metro t'erdi eskasera zeudela, bapatean Ikerrek basauntzearen gainera salto egin eta adarretatik heldu zion. Hura ikusi eta Josu eta biok aho-zabalka ia lurrera erori ginen.

Iker zutitu, guri begiratu eta "Ikusten? Kartoizkoa da" batekin irrifar bat bota eta aterpera itzuli zen.

Iker basauntzearen gainera salto egin ondoren, Asier ondoan duela.


Siestatxoaren ondoren aterpeko jangelan aldizkariak irakurriz arratsalde pasa egon ginen. Eta hemen Ikerrek aurreratutako beste gauza bat gertatu zen: Bertan geundela motxiladun bi gendarme aterpera sartu ziren. Bertako arduradunekin egon ondoren, aterpeak vivac-a egiteko leku aldera hurbildu ziren. Oraindik ez genekien, baina gendarme hauekin Goûter aterpean berriro ere topo egingo genuen.

Kanpoan geundela, "La Tapia" aterpetxean ezagutu genituen Mikel eta Iñaki gidak azaldu ziren beraien klienteekin. "Zemuz?" Galdetu genien. "Gailurra egin dugu" erantzun zigun Mikelek. "Ostras, zorionak!!!" Esan genien. "Bai, gogorra izan da, behatza zuri zuri dauzket zirkulazioa ona ez daukat eta, ta gainera gailurrean lainoa dela eta ez dugu bista handirik izan" esan zigun "baina, gutxienez igo gara eta ongi". "Nik gaur bi gailur igo ditut" esan zigun Iñakik, "lehenengoa Vallot aterperaino eta bigarrena Mont Blanc-eko gailurreraino. Dirudienez berak zeramakin klientetako bat ez zihoan oso ongi eta Vallot-eraino asko kosta zitzaion ailegatzea. Gero bertan gelditu zen Iñaki eta beste klientea jaisteko zai. Bik oso zoriontsu zeuden eta beraiekin ordu erdi eskas hizketan egon ondoren beherako bidea hartu zuten. "Ea zorterik dezuen" esan ziguten "Aber ba" erantzun genien "dena den Chamonix-en egongo gea" agurtu genituen.

Afaria bi ordutan ematen dute, 18:30etan eta 19:30etan. Guk hurrengo egunerako presa handirik ez genuenez, bigarren txandan afaldu genuen. Afaltzeko, berdura zopa (Frantziako aterpe guztietan ateratzen duten horietakoa) eta oilaskoa saltsan tallarin pusketekin izan genuen. Postrerako, Tutti-Frutti edo sagar konpota almendrekin. Edateko, txarrotan nahi adina ur atera ziguten eta ez ziguten ogirik atera. Mahaian bi frantses gazte eta japoniar gazte batekin batera egon ginen, Yoshi Takada, Japoniatik bakar-bakarrik Mont Blanc mendia igotzera etorritakoa. Afarian zehar Fuji mendira igo zeneko argazkiak harro-harro erakutsi zizkigun. Bere asmoa bihar zuzenean Mont Blanc-eraino igotzea zen.

Gosaltzeko hiru aukera eman zizkiguten: goizeko 1:30tan, 4:30tan eta 7:00tan. Guk azken ordua hartu genuen lasai-lasai ibiltzeko.

Afaldu ondoren, behe lainoa erdi desagertu zela ikusita, aterpearen kanpoaldean izan ginen ikusmiraz gozatzeko.

Ilunabarra ederra izan genuen.


Goûter aterpea eta Bionnassay orratza tibetar otoitzen artean.


Goûter orratza eta bere bi aterpeak eguzkiaren azken argiekin.


Tibetar otoitzak. Zorte ona emango al ziguten?


Tête Rousse aterpea eguzkia sartu ondoren.


Bionnassay orratza, izen bereko glaziarra eta bertan dauden pitzadurak.


Goûter orratza eta aterpeak, biharko helburua. Karratu gorrian igoeraren puntu beltza markatu dut: Korredore handia edo "Bolatoki" famatua.


"Bolatokia" eta bertako zeharkaldia gertuago. Mendizale batzuk zeharkaldia egiteko prest ikusi daitezke.


Argazki asko, eta Etxabarriko mendizale jator batekin hizketan aritu eta behatz bateko sendaketaren ondoren oheratu egin ginen.

Biharko plana? Bi egunetako eguraldi iragarpena ona zela ikusita, Goûter aterpera igotzea.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina