AZKEN 10 SARRERAK

2013/08/18

VITTORIO EMMANUELLE ATERPEA (2735 m.) PONT-ETIK, 2013/08/05




Alpeetako lehen bisitarako prestatuta genuen antolaketari jarraituz, abuztuaren 4ean Chamonix-era ailegatu ginen bertan gure "oinarrizko kanpamentua" ezarriz.

Chamonix-era ailegatzea oso luzea egin zitzaigun, hamabi ordu pasa genuen (atsedenaldiak barne) bertaraino ailegatzeko eta kotxetik jaitsi ginenean gure ipurdiek ederki asko eskertu zuten.

Chamonix-eko bidean lehen kotxe-gidari aldaketa egin ondoren.


Dena den, nahiz eta ipurdiak lokartuta izan, Chamonix-era ailegatzea zerbait majikoa izan zen, hainbestetan aldizkari edota web orrietan ikusitako mendiak lehen aldiz argazkietatik kanpo ikusi genituen eta.

Chamonix-era ailegatzen.


Aiguille du Goûter.


"Hoi ez al da Goûter aterpea?", "Eta beste hoi ez al da Aiguille du Midi?". Chamonix-erako sarrera honelako galderak egiten egin genuen eta egia esan, erabat "flipatuta" eta lerdea dariola ailegatu ginen bertara.

Aiguille du Midi eta honen eskuinean Bossons glaziarra. Glaziar hau ia Chamonix bertaraino ailegatzen da eta glaziar bat herri batetik hain gertu ikusteak erabat liluratu gintuen.


Behin Chamonix-era ailegatu ondoren, La Tapia aterpetxearen ondoko aparkalekuan kotxea utzi eta egun hortarako behar genituen trasteak kotxetik atera genituen.

La Tapia aterpetxearen aparkaleku txikian.



Ohean atseden pixkat hartu, Chamonix herriari bisitatxo azkar bat egin, leku turistikoetan argazki batzuk atera eta afaltzera joan ginen hurrengo egunean goiz jaikiko ginen eta. 

Josu, Asier eta hiruok Chamonix-eko leku turistikoenean: Michel Paccard eta Jacques Balmat mendizaleei eskeinitako estatua. Hauek izan ziren 1786ko abuztuaren 8an Mont Blanc-era igo ziren lehenak.


Esan bezela, Chamonix bisitatzeko ia denborarik gabe, afaldu eta oheratu egin ginen bihar hasiko baitzen Alpeetako lehen mendiko igoeraren lehen kapitulua.

GURE BIDEA

Gran Paradiso mendira igotzeko aterpe erabilienak bi dira: Chabod eta Vittorio Emmanuelle II eta bi hauetatik bisitatuena bigarrena da. Honegatik, gure igoerarako bigarren aterpe hau aukeratu genuen. Web orri ezberdinetan entzunda nuen aterpe hontan lekua hartzea zaila izaten zela, honegatik, badaezpada erreserba Uztailaren lehen astean egin nuen. Erreserbak telefonoz egiten dira 0039 0165 95920 telefonora (aterpeko telefonoa) deituz.

Vittorio Emmanuelle II aterpera ailegatzeko abiapuntua Aostako Valsavarenche haranean dagoen Pont herrian dago. Bertan kanping bat, jatetxea eta izugarrizko aparkalekua topatuko dugu eta goiz ailegatu ezkero ez dugu kotxea uzteko arazorik izango.

Egia esan, eguneko gauzik zailena Chamonix-etik Pont-era ailegatzea izan zen kotxeko GPS-arekin arazotxo bat izan genuen eta. Ibilbidean Mont Blanc-eko tunel famatua pasako dugu (51 joan eta etorria, etorria zazpi egunen buruan egiten bada) Cormayeur herrira ailegatzeko. Guztira, Chamonix-etik Pont herrira ordu t'erdi pasa genuen. Ibilbidea hemen ikusi dezakezue.

Argazki hontan Pont-etik Vittorio Emmanuelle II aterpera doan bidea ikusi dezakezue.


DESKRIBAPENA

09:40, Pont, 1960 metro. Kotxea utzi, mendiko traste guztiak eta motxila astunak atera, "mendizalez" jantzi eta irteteko prestatu ginen.

Irteteko prest.


Aparkalekutik ekialderuntz joan beharko dugu, Informazio panel baten ondotik pasa eta turismo bulegotxo baterarte.

Josu ibilibdearen hasieran. Informazio panela eta, bere atzean, turismo bulegotxoa ikusi daitezke. Argazkian zeharkatu beharreko zubia, jarraituko dugun bidea eta Monciair mendia ere adierazi dut.


Ibilbide hasieran dagoen informazio panela.


Ekialderuntz metro batzuk egin ondoren Savara ibaiaren gainean dagoen zubia zeharkatu eta bideak hegoalderuntz eramango gaitu, ibaiaren ezkerretik (ibilbidearen norantzan).

Zubia zeharkatzen.


Zubia zeharkatu ondoren indikazio panel hau topatuko dugu.


Bidea hasiera batean errekaren ondoko pista zabal batetik doa.


Asier eta Iker ibiltzeko gozoa den pistatik.


Pistan hogei minutu inguru ibili ondoren argazkian ikusten den aterpe honetara ailegatu ginen.


Eta aterpearen paretik pasa ondoren pista utzi eta "1" zenbakia duen bidexka bat hartu genuen, basoan sartuz. "1" zenbakidun ibilbide hau izango da Vittorio Emmanuelle II aterperaino eramango gaituena.

"1" zenbakidun bidea hartzen. Bidea arrasto horiekin markatua dago.


Basoan sartu eta berehala egurrezko zubi bat zeharkatuko dugu.


Eta zubia gurutzatu ondoren aldapan gora hasi ginen, turista eta mendizaleentzat ederki egokitutako bidexka batetik.

Malda ez da gogorra baina nahiko iraunkorra da. Honelakoetan bazpare hobe pazientziz hartzea.

Izagirre anaiak basoan gora.


Bidean denetik aritu ginen hizketan. Asierren kasuan, motxilak sorbaldan minik ez egiteko gerrian nola lotu daiteken aritu ginen.

Bihurgunez-bihurgune basoari metroak jaten goan ginen.


... Eta gugan ohikoa den moduan, aldapa umorez hartu genuen. Igoerarako bidexka nolakoa den ikusi daiteke.


"Bidea gozo-gozoa iiten da" esan zuen Asierrek. "Ea bihar jaistekon ere gozo-gozoa den" erantzun zion Ikerrek.

Basoan gora 25 minutu inguru ibili ondoren basoaren amaierara ailegatu ginen, hemendik gora eguzkiak gure gorputzak ederki berotuz.

Asier azken pinua atzean utzi ondoren, behe-behean Pont gelditzen da.


Pont gertuago. Nahiz eta metro gutxietan altuera handia irabazi bidea ez da deserosoa egiten oinen osasunerako.


Asierrek Ciarforon mendia ikusi zuenean "Hoi ez da Gran Paradiso, ezta?" galdetu zidan. "Ez, hemendik ez da ikusten" erantzun nion, "ze ba?". "Duela urte batzuk honaino etorri ginen Gran Paradisoa igotzeko asmokin ta konfundittuta pareko hori igo genuen" esan zidan. "Ta zemuzko igoera da?" Galdetu nion. "Bueeeno, leku baten soka finko bat topau genun ta etzitzaigun igoera errexa iruittu" erantzun zidan. "Bueno, gutxiñez oaingoan benetazko Gran Paradisoa igotzeko aukera izango dezu" esan nion irrifar batekin.

Pixkanaka gure parean Vittorio Emmanuelle II aterpetik gertu dauden mendiak azaltzen hasi ziren, horien artean Ciarforon erakargarria.


Basorik gabeko tartean, eguzkiaren eraginagatik edo, gehiago kosta zitzaigun metroak irabaztea baina parean genuen ikusmirak esfortzu bat merezi zuen.


Ikusten denez bideak ez dauka inongo zailtasunik eta honen ondorioz, mendizale eta turista asko ikusi genituen bidean zehar, batzuk, egia esan, mendizale itsura gutxiarekin.


Malda handiko lekuetan ere eskilarak jarri dituzte, jejeje.


Azkenean, bi ordu eskaseko ibilbidearen ondoren, Vittorio Emmanuelle II aterpera ailegatu ginen.


11:40, Vittorio Emmanuelle II aterpea, 2735 metro. Nahiz eta motxilen pisua ederki nabaritu, uste baino frexkoago ailegatu ginen.

Vittorio Emmanuelle II aterpea eta inguruan dituen mendi ikusgarriak: La Tresenta, Ciarforon eta Monciair.


Aterpearen kanpoan dagoen iturri originala...


... Eta aterpearen sarrera.


Motxilak lurrean utzi, aterpearen harrera gunera joan (sarreran dago) eta erreserba konfirmatu ondoren botak kendu (sarreran jazteko txankletak daude), makuluak eta pioletekin batera sarreran utzi (ezin baita bota, makulu, piolet eta kranpoiekin aterpean sartu) eta gure logelara joan ginen hurrengo eguneko arropa atera eta zeta zakua ohearen gainean uzteko.

Aterpeak 160 lagunentzako lekua dauka eta denetatik dago: Iturri bat kanpoan, komunak eta dutxak urarekin, jangela handi bat, kanpoan terraza handi bat mahai eta bankuekin, kapera bat (bakarren batek otoitzik egin nahi badu, jeje), eta, nonbaiten irakurri nuen bezela, aterpea beti obretan omen dago. Oraingoan ere aterpearen alde bat handitzen ari dira. Afarirako bi txanda daude 19:00 eta 20:00etan eta gosarirako lehen ordukoa hartu genuen, hau da, goizeko 3:30tan.

Lo egiteko bi aukera dauzka: dozena erdi bat mendizaleentzako logelatan lo egin, edota teilatupean dagoen logela handian lo egitea. Guk bigarren aukera hartu genuen federatua izanda pentsio erdia 29 eurotan ateratzen zen eta.

Igoerako egunerako termoa te beroarekin bete nahi bada, afaldu eta gero utzi, zenbaki bat jartzen diote, eta gosariarekin batera dohan betetzen dute. "Joer ba hoi da detallea" esan zuen Josuk "Ba bai, honelako gauzekin marketing eingo due" erantzun nion.

Gure trasteak ohearen gainean zabaldu ondoren, bazkaltzera joan ginen.

Anaia eta biok bazkaria prestatzen: txorixo, saltxitxoi eta urdaiazpiko ogitartekoak.


... Eta bazkariarekin batera, argazkian ikusten den bezela, hidratatzeari ekin genion, denok dakigunez, altueran ederki hidratatu behar da eta, jejeje. 66cc-ko Birra Moretti bakoitzak 4 euro balio ditu, Chamonix-en pinta bat baino gutxiago!!!!


Bazkaltzen, ondoko alemanak aho zabal gelditu ziren jan genuen guztia ikusi eta gero.


Bazkaldu ondoren siestatxoa bota eta argazki batzuk ateratzera joan nintzen.

Vittorio Emmanuelle II aterpea (eskuinean ikusten den eraikina neguan irekita uzten duten zatia omen da) Lago di Moncorve-ren ondoan.


Aterpea dagoen lekua zoragarria da. Aterpearen eskuinean dagoen eraikin txikia kapera da.


Aterpearen kanpoko iturria atzean Ciarforon eta Monciair mendiak dituela.


Ciarforon mendiak erabat erakarri gintuen, hurrengo batean izan beharko da, nahiz eta Asierrek dagoeneko igota izan.


Afarian aterpean lana egiten duen nepaldar baten lana egiteko modu ikusgarriarekin gozatzeko aukera izan genuen: pertsona honek platerak banatu eta jasotzeko daukan abiadura eta esku batean eramateko plater kopurua duen gaitasuna ez dut inon ikusi eta bi edo hiru langileen lana egiten du. "Honelako pare batekin enpresa bateko langileen erdia kalea jungo zien" esan zuen Asierrek.

Ederki afaldu ondoren (pasta, haragi gisatua eta txokolate flana) kanpoko terrazara joan ginen ilunabarra ikustera.

Ilunabarra eder bat ikusteko zortea izan genuen.


Eta ilunabarraren ondoren ohera joan ginen, goizeko hiruetan jeiki behar genuen eta.

"Macho macho man, I've got to be a macho man..." jejejejeje.


Biharko igoeran behin eta berriz pentsatzen, irakurritako deskribapenak gogoratu eta bidea nire buruan errepasatzen, hala-nola lo gelditzen saiatu nintzen. Nire lehen laumilakoari saiakera izango zen eta oso urduri nengoen: "nola moldatuko naiz altuerara?", "nahiko hidratatuko naiz?", "zein abiaduran igoko gea?", "Hotz handia egingo al du?" bezelako galderen artean pixkanaka-pixkanaka Morfeok bere besoetan hartu ninduen.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina