AZKEN 10 SARRERAK
gran paradiso etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
gran paradiso etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2013/08/21

GRAN PARADISO (4061 m), VITTORIO EMMANUELLE II ATERPETIK 2013-08-06

Atzo, eta gure Alpeetarako plangintza jarraituz (plangintza osoa ikusteko hemen klik egin dezakezue) Vittorio Emmanuelle II aterpera igo ondoren, Gran Paradiso mendira igotzeko asmoarekin oheratu ginen (Vittorio Emmanuelle II aterpera nondik igotzen den jakiteko hemen klik egin).

Goizeko hiruak. Josuk alarman duen Jean Michel Jarre-ren Oxygene 2 musikarekin batera esnatzen hasi ginen:"Ze ordu da?" Ikerrek, "Hiruek" Josuk. "Zemuz lo indezue?" Galdetu nien "Ba ez oso ondo" Josuk, "nei lo hartzea kostau ziten baña azkenen nahiko ondo indet" erantzun nien.

Erdi lo eta erdi ilunpean zeta-zakuak jaso, motxilak egin eta "gosaltzera" joan ginen. Gosaltzeko kafesnea edo tea, tostadak, mermelada eta gurina eman ziguten. Termoak afariaren ondoren utzi genituenez, gosariekin batera tez beteta doan itzuli zizkiguten.

Hala nola ogi pusketak eztarritik pasatu, gosaldu eta komunera bisitatxoa egin ondoren,  aterpearen terrazara irten ginen azken prestaketak egin eta nire lehen laumilakoari saiakeratxoa egiteko.

GURE BIDEA

Gran Paradiso Aosta eta Piamonte italiar lurraldeen artean dago. Lehen igoera 1860 urteko irailaren 4an J.J. Cowell, W. Dundas, M. Payot eta J. Tairraz (azken bi hauek gida moduan) mendizaleek burutu zuten. Kuriosidade moduan, esan Gran Paradiso italiar lurrean oso-osoan dagoen laumilako bakarra dela. 

Gran Paradisora igotzeko ohiko bideak Chabod  eta Vittorio Emmanuelle II aterpeetatik irteten dira. Bi bide hauetatik ibiliena bigarrena da eta egia esan oso mendizale gutxi ikusi genituen Chabod aterpetik gora. Bi bideak Schiena d'Asino edo "astoaren bizkarra" deitzen den bizkarrean bat egiten dute. Bideak ez dauka aparteko zailtasunik eta glaziar batean ibiltzea besterik ez da. Dena den, elur gutxi botatako urteetan glaziarrean pitzadurak maiz azaltzen dira (guk ez genuen pitzadurik topatu), honegatik, erabat gomendagarria da lotuta joatea. Gran Paradisoaren gailurrera ailegatzeko II-ko pausu horizontal bat pasa beharko dugu, erraza, baina agerikoa (Lekuk askotan esaten digun bezela "caerse no es una opción"). Bertan hiru parabolt jarrita daude pausua express edota mosketoiekin babestu ahal izateko.

Vittorio Emmanuelle II aterpetik Gran Paradisora jarraitutako bidea. Gorriz igoerakoa eta orlegiz jaitsierakoa.


Vittorio Emmanuelle II aterpean ateratako argazki honetan igoera beste ikuspuntu batetik ikusi daiteke. Schiena d'Asino lekua non dagoen markatu dut.



ERAMANDAKO MATERIALA

Igoera honetarako kranpoiak, piolet klasiko bat, arnesa, bi izotz torloju, 30 metroetako soka, "reverso" motako aseguratzailea, segurtasun mosketoiak, zinta luze batzuk eta gailurrera ailegatzeko dagoen pausurako bi express zinta eraman genituen. Kaskoarekin zihoazen mendizaleak ikusi genituen baina guk, bidearen erraztasuna dela eta, ez eramatea erabaki genuen.

DESKRIBAPENA

04:00, Vittorio Emmanuelle II aterpea, 2735 metro. Aterpe honetara nola ailegatzen den jakiteko hemen klik egin. Aterpetik atera eta atentzioa deitu zidan lehen gauza kalean zegoen tenperatura izan zen. "Joer, ez du hotzik itten" komentatu nien. "Ba bai" Asierrek "baña ziurrenik glaziarrea aillatzekon hoztuko du" erantzun zidan. Hau entzun eta gero, "badaezpada" txalekoa motxilan gorde eta forro polar gorria jantzi nuen.

Igoerarako prestatzen.


Irteteko prest.


Iker GPS-a martxan jartzen atzean Vittorio Emmanuelle II aterpea duela.


Bidea aterpea eta kaperaren artean hasten da eta bidexka bat metro batzuetan jarraitu ondoren ibilbideak arkaitz blokeen artean iparralderuntz jarraitzen du. Ibilbidean galtzeko arrisku handirik ez dago, bidea ongi jarraitzeko hito asko daude eta, baina hala ere, gauez irten ginela kontutan izanda, kontu handiz ibili ginen tarteka hitoei eta tarteka GPS-ari begira.

Goruntz hasi eta denbora batera ia beste mendizale guztiak gure eskuinetik zihoazela konturatu ginen gure atzetik bakar batzuk besterik ez zetoztela ikusiz: "Noa dijozte beste hoiek?" Galdetu nien "Eztakit baña GPS-ak hemendio dela markatzeo" erantzun zidan Asierrek.

Oraindik ez genekien baina glaziarrera ailegatzeko bi bide daude (honetaz jaitsieran konturatu ginen): Lehenengoa (guk jarraitu genuena) morrenaren ezkerraldetik (igoeraren norantzan) doa, luzeagoa da, baina nire gusturako ibiltzeko gozogoa da. Bigarren bidea morrenaren erditik doa eta nahize eta zuzenagoa izan, ez dut uste horrenbesteko denborarik aurreratzen denik.

05:00, Glaziarraren hasiera, 3100 metro inguru. Ordubete eskas ibili ondoren glaziarraren hasierara ailegatu ginen. Gure aurretik zihoazen guztiek glaziarra zeharkatzeko prestatzen ari zirela ikusita (kranpoiak jantzi, pioleta atera eta sokarekin lotzen) guk ere gauza bera egitea pentsatu genuen nahiz eta elurra gogorra ez egon. Era berean zertxobait jan eta edateko aprobetsatu genuen.

Soka eta burdin guztiak atera eta jantzi ondoren, glaziarrean sartzeko prest.


Bi kordada egin genituen: gazteen (Iker eta Asier) eta aitonen (Josu eta biok) kordada. Ahalik eta azkarren glaziarrean sartzen saiatu ginen zetorren mendizale piloa ikusi eta gero, gazteak aurretik eta aitonak atzetik.

Hasi eta metro gutxietara eskuineko kranpoiak "klak" egin eta botatik atera egin zitzaidan. "Joerrrrrrrr!!!!!" bat bota nuen kranpoia jarri nahian kordada ezberdinak nire ondotik pasatzen ziren bitartean. "Xabi lasai, eztau presik, bidea oaindik luzea da" lasaitu ninduen Josuk. Urduritasunez betea kranpoia nola-hala jantzi eta orpoan behar baina gehiago hestutu nuen, orpoan izango nuen erredurari atea irekiz.

Berriro ere martxan jarri eta 300-400 metro ingurura, arkaitz bat igotzeko, metro t'erdiko trepadatxo motz eta erraz bat egin genuen. Puntu honetan denbora luzean zai egon ginen gure aurretik zihoan mendizale batek baino gehiagok nahi baino zailtasun handiagorekin igo zuen eta.

Trepadatxo honen ondoren malda gogortu egiten da eta indartsuago gindoazela ikusita, gure aurreko kordadako gidak edukazio handiz pasatzen utzi gintuen.

Josu glaziarrean trepadatxoa eta honen ondoren dagoen lehen malda gogorra pasa ondoren. Atzean kordada gehiago datozela ikusi daiteke.


Lehen malda gogor honen ondoren malda lasaitzen da metro batzuetan, baina hala ere, argazkian ikusten den bezela, malda ez da desagertzen.


Gazteak, beraien eta gure artean oraindik kordada batzuk zeudela ikusita, denok batera joateko itxarotea erabaki zuten.

Denok berriro bateratzen.


Metro lasai batzuen ondoren maldak berriro ere gora egiten du. Honelako lekuetan, kordadek bateratzen zirela konturatu ginen. Hau ikusita, eta elurra gogorra zegoela kontutan izanda, kordada batzuk pasatzeko asmoarekin, metro batzuetan arrastotik atera ginen.

Kordada ezberdinak bigarren malda gogorrean.


Josu atzean Asier eta Iker dituela.


Egunsentia Mont Blanc (ikusten den mendirik altuena) inguruan.


Malda honek ttirri-ttarran eta zeta batzuk eginez, Schiena d'Asino edo "astoaren bizkarra" deitzen den bizkarrera eraman gintuen. Lehen esan bezela, puntu honetan gure bideak Chabod aterpetik datorrenarekin bat egiten du.

Schiena d'Asino-ra hurbiltzen. Argazkian aurretik dugun bidea ikusi daiteke.


Schiena d'Asinora eramango gaituen azken metroetan, dagoeneko gailurra bistan dugu.


Argazki hau Schiena d'Asino-n aterata dago. Puntu honetan Gran Paradisora doazen ohiko bi bideek bat egiten dute. Ikusten denez, puntu honen ezkerrealdean izugarrizko serac-ak daude.



07:00, Schiena d'Asino edo "astoaren bizkarra", 3550 metro inguru. Schiena d'Asino edo "astoaren bizkarretik" aurrera maldak atsedentxo bat eman zigun Becca di Moncorvé lepoaren ingururaino. "Joer hau da beroa daukatena" komentatu nien "arropa kendu behar det bestela blai einda allauko naiz". Lepo honen inguruan lautadatxo bat dagoenez, atsedentxo bat hartu genuen arropa kendu eta zertxobait jan eta edateko. Hemendik aurrera ibilbideak iparreko norantza hartzen du. Hemendik gora, ez dakit nola eta noiz izan zen, baina Josu eta bioi gerora Alpeetako abestia bihurtuko zen "Azzurro" abestia ezin burutik kendu eta ia denbora osoa abesten joan ginen. "Azurrooo laralalalalaraa Azurrooooooo" jejeje.

Asier eta Iker (argazkian ikusten den lehen kordada) Becca di Moncorvé leporuntz hurbiltzen.


Becca di Moncorvé lepoa atzean utzi ondoren berriro ere martxan azken maldatxoari ekiteko.


Becca di Moncorvé lepotik gora maldak ez dauka horrenbeste gogortasunik baina piano-piano hartu beharrekoa da. Ibilbidean gure eskuinean bigarren mailako punta batzuk utziko ditugu, horien artean, "il Roc" ikusgarria.

Gailurra geroz eta gertuago.


Behin gailurraren azpian dauden arkaitzetatik metro batzuk igo ondoren kranpoiak kendu eta motxilak arkaitz batzuen ondoan uztea erabaki genuen. Nahiz eta kranpoiak kendu ez zuten mendizaleak ikusi, nire ustez hartu genuen erabakia zuzena izan zen, arkaitzetik kranpoirik gabe erosoago igotzen baita.

Bi anaiok azken metroei emateko prest.


Gailurrera ailegatzeko II mailako pausu horizontal bat zeharkatu beharko dugu. Pausua hiru paraboltez babestua dago eta ez dauka zailtasun handirik, baina kontu handiz pasa behar da akatsen bat izan ezkero erorketa handia dago eta. Guk express zintak jarrita pausua babestu genuen.

Honelako pausuetan mendizale batzuek duten mailarekin konturatzen zara. Gure aurretik zihoan kordadako azken mendizaleak zailtasun eta beldur handiz pausua zeharkatu ondoren ez zen gailurrera ailegatu. Bere paretik pasa ginenean zuen beldur aurpegia erabat adierazgarria zen.

Dena den, nahiz eta honelako kasuak eman, inongo momentuan ez genuen inor aurpegi txar ezta inorren gainetik pasatzeko asmoarekin ikusi. Gu gailurrera ailegatu ginenetik pausuaren hasieran kordada bat gure zai gelditu zen eta itzuli ginen arte ez ziren zeuden lekutik mugitu.

Ni pausuaren erdialdean.



Pausua amaitzen, parabolten kokalekua ikusi daiteke.


Bi express bakarrik eraman genituenez Josu arkaitz batetik soka pasatuz babestu nuen. Argazkian kamara eskutan ikusten den mendizalea da gailurrera ailegatu ez zena.


Gailurrera eramango nauen azken arkaitzetako bat igotzen.


Argazki hau Ikerrek gailurretik atera zigun. Pausuaren hasieran ikusten den mendizale taldea gu itzuli arte ez ziren bertatik mugitu.


08:05, Gran Paradiso, 4061 metro. Azken arkaitz batera igo ondoren parez-pare Madonnaren (Ama birjina) estatua topatu genuen. Gailurrean leku handirik ez dagoenez Iker eta Asier lehenik igo ziren guk argazkiak atera ahal izateko.

Iker gailurrean.


Madonnaren ondoan zoriontsu.


Gazteak, Gran Paradiso, 4061 metro...


... Eta aitonak, Gran Paradiso, 4061 metro.


Madonna.


Mendizaleon zaindari.


Gailurrean ez ginen denbora luzean egon, esan bezela, mendizale talde bat II-ko pausuaren hasieran zai genuen eta (Chapeau beraien jarreragatik!!!!). Honela ba, gailur argazkiak azkar-azkar atera, Madonnari eskerrak eta muxu bat eman eta beheruntz abiatu ginen.

Nire lehen laumilakoa izateko, ez dakit presagatik edo, baina gailurrean ez nuen ezer berezirik sentitu edota ez nuen ezer berezirik sentitzeko denborarik izan. "Ez sentitze" honek harritu egin ninduen normalean edozein gailurretan hunkitu egiten naiz eta.  "altuerak bihozgabe bihurtu ote nau?" Pentsatu nuen.

Baina kranpoiak kendutako lekura itzuli ginenean ordea, "Tomaaaa" eta "ostiaaaa"-ka hasi nintzen. Beste mendizale batzuk arraro begiratu ninduten (haserre ote nengoen pentsatuko zuten jeje) baina batzuetan nire sentimentuak modu honetan azaleratzen ditut eta oraingoan honela izan zen. Dirudienez, sentimentuak modu honetan azalerazteak euskaldun bezela identifikatzen zaitu igoeraren azken metroetan zeuden mendizale ormaiztegitar batzuekin pasa zen bezela.

Gailurra atzean utzi ondoren, denbora gutxian mendizale kopurua laukoiztu egin zen.


Izugarria mendi honetara igotzen den mendizale kopurua, baina hala ere, denbora osoan esan bezela, inorrekin ez genuen inongo arazorik izan.


Josu Becca di Moncorvé lepoaren ingurura (eguzkitan) hurbiltzen. Ciarforon mendia (atzean dagoen lehenengoa) hemendik ez da hain handia ikusten.


Igoeran pasatako serac-en ondoan. Egunen batean erortzen badira...


09:10, Schiena d'Asino, 3550 metro inguru. Puntu honetan, guretzat igoera eta jaitsiera oso azkarra egin ondoren, ormaiztegiar bikoteak harrapatu gintuzten eta metro batzuetan elkarrekin joan ginen.

Schiena d'Asino-n. Bi mendizale (borobil gorrian) Chabod aterpetik gora doan bidean ikusi daitezke. Guk ezkerreruntz hartuko dugu eguzkiaren epeltasunean. Bukaeran Mont Blanc handia ikusi daiteke.


Mont Blanc mendia gertuago. Hemendik ikusgarria ikusten da.


Guk gurera, igoeran eginiko "Z" guztietatik behera.


Bideak ez dauka inongo galerarik eta arrastoa edo beste mendizale batzuk jarraitzea besterik ez da.


Momentu artistikoa, jeje...


Pixkanaka glaziarraren amaierara ailegatu ginen, kranpoiak kentzeko gogoarekin.


Argazki honetan hiru bide markatu ditut: Urdinez, igoeran kranpoiak jantzi genituen lekuraino dugun ibilbidea, gorriz igoeran jarraitutako bidea eta orlegiz jaitsieran jarraitu genuena.


Jaitsierarako bidean igoeran baino elur gehiago zegoenez, kranpoiak ere beranduago kendu genituen. Azkenean, elurra amaitzen zen lekuan kranpoiak erantzi (bagenuen gogoa, bai), eta fundamentuzko atseden bat hartzeko aprobetsatu genuen, barritaren bat jan, ura edan, arropa aldatu eta eguzkitako krema emateko. Ia ordu erdiz atseden hartzen egon ondoren jaitsierari ekin genion.

Merezitako atsedena hartu ondoren berriro ere martxan jartzeko prest.


Dagoeneko Vittorio Emmanuelle II aterpea bistan.


Aterpera ailegatzen.


11:00, Vittorio Emmanuelle II aterpea, 2735 metro. Bertan berriro ere Ormaiztegiko mendizaleekin solasalditxo motz bat eduki ondoren beherunzko bidea hartu genuen.

Agur Vittorio Emmanuelle II aterpea!!!. Argazkian zakarrontzi bat ikusi daiteke. Aterpearen inguruan honelako zakarrontzi gehiago jarrita daude.


Aterpetik jaitsi eta metro gutxietara dagoen bidegurutzea: guk Pont-eko bidea hartu genuen, igoeran bezela.


Jaitsieran, Asier eta Josuk goierriko ehunmilak frogatik ezagutzen duten neska bolondres batekin hizketan aritu ziren. Beraien plana aterpera joatea zen hurrengo egunean gailurra egiteko asmoarekin.

Pont-era jaisten ari ginela momentu batean buelta hartu eta Iker motxila lurrean utzi eta goruntz korrika abiatzen zela ikusi nuen. "Ze kristo?" Oihukatu nion Asierri. "Oaintxe konturau da txalekoa motxilatik eroi zaiola". "No jodas, ta baki nun izan da?" Galdetu nion, "eztakit baña aterpetik behera motxilan txintxilik zuela seguru dau" erantzun zidan. Momentu batean zai egon eta kriston beroa egiten zuela ikusi eta gero, Asierrek bi motxilak hartu, nik makuluak, eta beheruntz abiatu ginen. Asierrek bi motxilak hogei minutuz jaitsi ondoren, Josuk erreleboa eman, Ikerren motxila hartu eta Pont-eraino jaitsi zuen. Hori da indarra eta meritua!!!!

12:30, Pont, 1960 metro. Pont-era ibiltzetik nazka-nazka eginda ailegatu ginen, oinak egosita, sorbaldak minberatuta eta, nire kasuan, eskuin orpoan anpulu bat nuela. "Dokumentalak normalen mendi puntan bukatzen die" esan zidan Asierrek "ta ez da sekula beherako jatxiera azaltzen". "Fijo" erantzun nion "Ikusi nahiko nituzke Calleja edo Txikonen oinak kotxera edo oinarrizko kanpamentuetara allatzen dienen".

Asier Pont-era ailegatzen.


Kotxea utzita genuen lekura ailegatu, motxilak lurrera bota, botak eta galtzerdiak kendu eta belarretan etzan egin ginen. Ordu erdi eskas etzanda geundela Iker azaldu zen: "Zer?" Galdetu nion, "ezerrez, ia aterperaño igo naiz jende guztiri txalekoik aurkittun galdezka ta ez du inorrek ikusi". "Zer zeon txalekoa bakarrik?" Galdetu zion Josuk, "ke ba, txalekon barrun GPS-a, frontala eta ikurriña zeren". "Hoi da hoi putadea" Josuk. "Ta gehien izorratzen nauna ikurriña galtzea da, oain arte igotako hirumilako guztitan egon data" erantzun zigun.

Bazpare, bakarren batek Vittorio Emmanuelle II aterpean txalekoa utziko zuen esperantzan, aterpera deitu eta bertako arduradun batekin erdi espainieraz eta erdi-ingelesez hitzegin ondoren, bertan zegoen gida euskaldun batekin pasatu (oraindik ez nekien La Tapia-n ezagututako Iñakirekin hizketan ari nintzela) eta gidari gertatutako guztia azaldu nion. Azkenean gidak txalekoaren berririk ez zutela esan zidan. Aterpean neska euskaldun ezagun bat bazegoela ere komentatu nion, bazpare txalekoa azalduko balitz berari emateko. Bazpare ere, telefonoa eman nien bakarren batek uzten bazuen aterpetik abisatu ahal izateko, baina gaur arte ez du inorrek deitu.

Ikurrinaren galeraren atsekabearen ondoren, Chamonix-eko bidea hartu genuen, oinarrizko kanpalekura. La Tapia-ra ailegatu, beharrezko dutxa hartu eta arropa garbia jantzi ondoren, "sikiera lehen laumilako hau ospau beharkoeu" esan zuen Ikerrek.

Aterpetxetik irten baino lehen, bertan ostatatuta zeuden Mikel iruindar eta Iñaki hernaniar gidekin ("V+, todo vertical" taldekoak) hitzegiten aritu ginen eta orduan jakin genuen aterpean hizketan aritu nintzen euskalduna Iñaki izan zela. Iñakik berak esan zigun zaila ikusten zuela norbaitek txalekoa itzultzea.

Honela ba, aterpetxetik atera eta Chamonix-era joan ginen Gran Paradisoren gailurra ederki ospatzera. Bihar, eguraldia ona bazen, Petite Aiguille Verte-ren txanda izango zen, baina meteofrance-k eguraldi txarra iragarrita zuen. "Ea ez duten asmatzen" esan zuen Asierrek.

Gran Paradisoko gailurra ospatzen.



2013/08/18

VITTORIO EMMANUELLE ATERPEA (2735 m.) PONT-ETIK, 2013/08/05




Alpeetako lehen bisitarako prestatuta genuen antolaketari jarraituz, abuztuaren 4ean Chamonix-era ailegatu ginen bertan gure "oinarrizko kanpamentua" ezarriz.

Chamonix-era ailegatzea oso luzea egin zitzaigun, hamabi ordu pasa genuen (atsedenaldiak barne) bertaraino ailegatzeko eta kotxetik jaitsi ginenean gure ipurdiek ederki asko eskertu zuten.

Chamonix-eko bidean lehen kotxe-gidari aldaketa egin ondoren.


Dena den, nahiz eta ipurdiak lokartuta izan, Chamonix-era ailegatzea zerbait majikoa izan zen, hainbestetan aldizkari edota web orrietan ikusitako mendiak lehen aldiz argazkietatik kanpo ikusi genituen eta.

Chamonix-era ailegatzen.


Aiguille du Goûter.


"Hoi ez al da Goûter aterpea?", "Eta beste hoi ez al da Aiguille du Midi?". Chamonix-erako sarrera honelako galderak egiten egin genuen eta egia esan, erabat "flipatuta" eta lerdea dariola ailegatu ginen bertara.

Aiguille du Midi eta honen eskuinean Bossons glaziarra. Glaziar hau ia Chamonix bertaraino ailegatzen da eta glaziar bat herri batetik hain gertu ikusteak erabat liluratu gintuen.


Behin Chamonix-era ailegatu ondoren, La Tapia aterpetxearen ondoko aparkalekuan kotxea utzi eta egun hortarako behar genituen trasteak kotxetik atera genituen.

La Tapia aterpetxearen aparkaleku txikian.



Ohean atseden pixkat hartu, Chamonix herriari bisitatxo azkar bat egin, leku turistikoetan argazki batzuk atera eta afaltzera joan ginen hurrengo egunean goiz jaikiko ginen eta. 

Josu, Asier eta hiruok Chamonix-eko leku turistikoenean: Michel Paccard eta Jacques Balmat mendizaleei eskeinitako estatua. Hauek izan ziren 1786ko abuztuaren 8an Mont Blanc-era igo ziren lehenak.


Esan bezela, Chamonix bisitatzeko ia denborarik gabe, afaldu eta oheratu egin ginen bihar hasiko baitzen Alpeetako lehen mendiko igoeraren lehen kapitulua.

GURE BIDEA

Gran Paradiso mendira igotzeko aterpe erabilienak bi dira: Chabod eta Vittorio Emmanuelle II eta bi hauetatik bisitatuena bigarrena da. Honegatik, gure igoerarako bigarren aterpe hau aukeratu genuen. Web orri ezberdinetan entzunda nuen aterpe hontan lekua hartzea zaila izaten zela, honegatik, badaezpada erreserba Uztailaren lehen astean egin nuen. Erreserbak telefonoz egiten dira 0039 0165 95920 telefonora (aterpeko telefonoa) deituz.

Vittorio Emmanuelle II aterpera ailegatzeko abiapuntua Aostako Valsavarenche haranean dagoen Pont herrian dago. Bertan kanping bat, jatetxea eta izugarrizko aparkalekua topatuko dugu eta goiz ailegatu ezkero ez dugu kotxea uzteko arazorik izango.

Egia esan, eguneko gauzik zailena Chamonix-etik Pont-era ailegatzea izan zen kotxeko GPS-arekin arazotxo bat izan genuen eta. Ibilbidean Mont Blanc-eko tunel famatua pasako dugu (51 joan eta etorria, etorria zazpi egunen buruan egiten bada) Cormayeur herrira ailegatzeko. Guztira, Chamonix-etik Pont herrira ordu t'erdi pasa genuen. Ibilbidea hemen ikusi dezakezue.

Argazki hontan Pont-etik Vittorio Emmanuelle II aterpera doan bidea ikusi dezakezue.


DESKRIBAPENA

09:40, Pont, 1960 metro. Kotxea utzi, mendiko traste guztiak eta motxila astunak atera, "mendizalez" jantzi eta irteteko prestatu ginen.

Irteteko prest.


Aparkalekutik ekialderuntz joan beharko dugu, Informazio panel baten ondotik pasa eta turismo bulegotxo baterarte.

Josu ibilibdearen hasieran. Informazio panela eta, bere atzean, turismo bulegotxoa ikusi daitezke. Argazkian zeharkatu beharreko zubia, jarraituko dugun bidea eta Monciair mendia ere adierazi dut.


Ibilbide hasieran dagoen informazio panela.


Ekialderuntz metro batzuk egin ondoren Savara ibaiaren gainean dagoen zubia zeharkatu eta bideak hegoalderuntz eramango gaitu, ibaiaren ezkerretik (ibilbidearen norantzan).

Zubia zeharkatzen.


Zubia zeharkatu ondoren indikazio panel hau topatuko dugu.


Bidea hasiera batean errekaren ondoko pista zabal batetik doa.


Asier eta Iker ibiltzeko gozoa den pistatik.


Pistan hogei minutu inguru ibili ondoren argazkian ikusten den aterpe honetara ailegatu ginen.


Eta aterpearen paretik pasa ondoren pista utzi eta "1" zenbakia duen bidexka bat hartu genuen, basoan sartuz. "1" zenbakidun ibilbide hau izango da Vittorio Emmanuelle II aterperaino eramango gaituena.

"1" zenbakidun bidea hartzen. Bidea arrasto horiekin markatua dago.


Basoan sartu eta berehala egurrezko zubi bat zeharkatuko dugu.


Eta zubia gurutzatu ondoren aldapan gora hasi ginen, turista eta mendizaleentzat ederki egokitutako bidexka batetik.

Malda ez da gogorra baina nahiko iraunkorra da. Honelakoetan bazpare hobe pazientziz hartzea.

Izagirre anaiak basoan gora.


Bidean denetik aritu ginen hizketan. Asierren kasuan, motxilak sorbaldan minik ez egiteko gerrian nola lotu daiteken aritu ginen.

Bihurgunez-bihurgune basoari metroak jaten goan ginen.


... Eta gugan ohikoa den moduan, aldapa umorez hartu genuen. Igoerarako bidexka nolakoa den ikusi daiteke.


"Bidea gozo-gozoa iiten da" esan zuen Asierrek. "Ea bihar jaistekon ere gozo-gozoa den" erantzun zion Ikerrek.

Basoan gora 25 minutu inguru ibili ondoren basoaren amaierara ailegatu ginen, hemendik gora eguzkiak gure gorputzak ederki berotuz.

Asier azken pinua atzean utzi ondoren, behe-behean Pont gelditzen da.


Pont gertuago. Nahiz eta metro gutxietan altuera handia irabazi bidea ez da deserosoa egiten oinen osasunerako.


Asierrek Ciarforon mendia ikusi zuenean "Hoi ez da Gran Paradiso, ezta?" galdetu zidan. "Ez, hemendik ez da ikusten" erantzun nion, "ze ba?". "Duela urte batzuk honaino etorri ginen Gran Paradisoa igotzeko asmokin ta konfundittuta pareko hori igo genuen" esan zidan. "Ta zemuzko igoera da?" Galdetu nion. "Bueeeno, leku baten soka finko bat topau genun ta etzitzaigun igoera errexa iruittu" erantzun zidan. "Bueno, gutxiñez oaingoan benetazko Gran Paradisoa igotzeko aukera izango dezu" esan nion irrifar batekin.

Pixkanaka gure parean Vittorio Emmanuelle II aterpetik gertu dauden mendiak azaltzen hasi ziren, horien artean Ciarforon erakargarria.


Basorik gabeko tartean, eguzkiaren eraginagatik edo, gehiago kosta zitzaigun metroak irabaztea baina parean genuen ikusmirak esfortzu bat merezi zuen.


Ikusten denez bideak ez dauka inongo zailtasunik eta honen ondorioz, mendizale eta turista asko ikusi genituen bidean zehar, batzuk, egia esan, mendizale itsura gutxiarekin.


Malda handiko lekuetan ere eskilarak jarri dituzte, jejeje.


Azkenean, bi ordu eskaseko ibilbidearen ondoren, Vittorio Emmanuelle II aterpera ailegatu ginen.


11:40, Vittorio Emmanuelle II aterpea, 2735 metro. Nahiz eta motxilen pisua ederki nabaritu, uste baino frexkoago ailegatu ginen.

Vittorio Emmanuelle II aterpea eta inguruan dituen mendi ikusgarriak: La Tresenta, Ciarforon eta Monciair.


Aterpearen kanpoan dagoen iturri originala...


... Eta aterpearen sarrera.


Motxilak lurrean utzi, aterpearen harrera gunera joan (sarreran dago) eta erreserba konfirmatu ondoren botak kendu (sarreran jazteko txankletak daude), makuluak eta pioletekin batera sarreran utzi (ezin baita bota, makulu, piolet eta kranpoiekin aterpean sartu) eta gure logelara joan ginen hurrengo eguneko arropa atera eta zeta zakua ohearen gainean uzteko.

Aterpeak 160 lagunentzako lekua dauka eta denetatik dago: Iturri bat kanpoan, komunak eta dutxak urarekin, jangela handi bat, kanpoan terraza handi bat mahai eta bankuekin, kapera bat (bakarren batek otoitzik egin nahi badu, jeje), eta, nonbaiten irakurri nuen bezela, aterpea beti obretan omen dago. Oraingoan ere aterpearen alde bat handitzen ari dira. Afarirako bi txanda daude 19:00 eta 20:00etan eta gosarirako lehen ordukoa hartu genuen, hau da, goizeko 3:30tan.

Lo egiteko bi aukera dauzka: dozena erdi bat mendizaleentzako logelatan lo egin, edota teilatupean dagoen logela handian lo egitea. Guk bigarren aukera hartu genuen federatua izanda pentsio erdia 29 eurotan ateratzen zen eta.

Igoerako egunerako termoa te beroarekin bete nahi bada, afaldu eta gero utzi, zenbaki bat jartzen diote, eta gosariarekin batera dohan betetzen dute. "Joer ba hoi da detallea" esan zuen Josuk "Ba bai, honelako gauzekin marketing eingo due" erantzun nion.

Gure trasteak ohearen gainean zabaldu ondoren, bazkaltzera joan ginen.

Anaia eta biok bazkaria prestatzen: txorixo, saltxitxoi eta urdaiazpiko ogitartekoak.


... Eta bazkariarekin batera, argazkian ikusten den bezela, hidratatzeari ekin genion, denok dakigunez, altueran ederki hidratatu behar da eta, jejeje. 66cc-ko Birra Moretti bakoitzak 4 euro balio ditu, Chamonix-en pinta bat baino gutxiago!!!!


Bazkaltzen, ondoko alemanak aho zabal gelditu ziren jan genuen guztia ikusi eta gero.


Bazkaldu ondoren siestatxoa bota eta argazki batzuk ateratzera joan nintzen.

Vittorio Emmanuelle II aterpea (eskuinean ikusten den eraikina neguan irekita uzten duten zatia omen da) Lago di Moncorve-ren ondoan.


Aterpea dagoen lekua zoragarria da. Aterpearen eskuinean dagoen eraikin txikia kapera da.


Aterpearen kanpoko iturria atzean Ciarforon eta Monciair mendiak dituela.


Ciarforon mendiak erabat erakarri gintuen, hurrengo batean izan beharko da, nahiz eta Asierrek dagoeneko igota izan.


Afarian aterpean lana egiten duen nepaldar baten lana egiteko modu ikusgarriarekin gozatzeko aukera izan genuen: pertsona honek platerak banatu eta jasotzeko daukan abiadura eta esku batean eramateko plater kopurua duen gaitasuna ez dut inon ikusi eta bi edo hiru langileen lana egiten du. "Honelako pare batekin enpresa bateko langileen erdia kalea jungo zien" esan zuen Asierrek.

Ederki afaldu ondoren (pasta, haragi gisatua eta txokolate flana) kanpoko terrazara joan ginen ilunabarra ikustera.

Ilunabarra eder bat ikusteko zortea izan genuen.


Eta ilunabarraren ondoren ohera joan ginen, goizeko hiruetan jeiki behar genuen eta.

"Macho macho man, I've got to be a macho man..." jejejejeje.


Biharko igoeran behin eta berriz pentsatzen, irakurritako deskribapenak gogoratu eta bidea nire buruan errepasatzen, hala-nola lo gelditzen saiatu nintzen. Nire lehen laumilakoari saiakera izango zen eta oso urduri nengoen: "nola moldatuko naiz altuerara?", "nahiko hidratatuko naiz?", "zein abiaduran igoko gea?", "Hotz handia egingo al du?" bezelako galderen artean pixkanaka-pixkanaka Morfeok bere besoetan hartu ninduen.