AZKEN 10 SARRERAK

2013/11/11

PEÑA RUEBA, LOS TERCEROS TAMBIEN EXISTEN (... ETA JAINKOA ERE BAI), 250 m. V. 2013/11/09

"... Eta jainkoa ere bai?" Beharbada burua pitzatuta dudala pentsatuko duzue, baina erreporra irakurtzeko ausardia baduzue jakingo duzue zergatik ari naizen, jeje.

2010eko maiatzean Riglos-era hurbildu nintzen Josu, Iker, Javi eta bixkietako batekin bertako konglomeratua dastatzeko asmoz. Gure lehen bisitarako "Mallo Colorado" aukeratu genuen, Riglos zaleek bertatik hastea gomendatzen baitute. Bosgarren mailako zailtasuna eta lau luze dituzten  "Anorexia" (Javik eta Bixkik) eta "Ultravox" (Josu eta biok) bideak probatzera joan eta bi bideak egin genituen, baina konglomeratuan eskalatzea ez zitzaigun asko gustatu, heldulekuekin, nahiz eta onak izan, ez fidatze horrek tentsio handiegia sortu zigun eta. Ez zen oso esperientzia aberasgarria izan eta Riglos-era eskalatzera itzultzea zaila izango zela pentsatuz etxera itzuli ginen.

Urte bete beranduago, Riglos ondoan "Peña Rueba" deituriko mendi bat zegoela entzuten hasi eta interneten bertako bideen deskribapenak ugaritzen joan ziren. "Konglomeratu ona", "zailtasun baxua", "ondo aseguratutako bideak" bezelako esaldiak irakurtzen nituen behin eta berriz.

"Beharbada konglomeratuari beste aukera bat eman beharko nioke" pentsamentua geroz eta pisu handiagoa hartzen joan eta pixkanaka mendi honen inguruko informazioa biltzen hasi nintzen.  2013ko azaroaren bigarren astean, Riglos ingurua ez zen beste leku guztietan eguraldi txarra iragarrita zegoela ikusita, aukera hau emateko momentua iritsi zela erabaki nuen. Asier eta Iker konbentzitzea oso erraza izan zen eta honela larunbatean goizean Peña Ruebaruntz abiatu ginen.


Peña Rueba mendiaren hegoaldeko horma ikusgarria.



GURE BIDEA

Lehen bisita honetarako Peña Ruebaren hego aurpegian (eta ziurrenik mendi osoan) dagoen biderik errazena aukeratu genuen: "Los Terceros también existen". Bide hau "Sendero Límite" talde nekaezineko kide diren Luis Royo eta Julio Benedék ireki zuten 2004ean. Dirudienez, ekipatzaileek adierazi ziguten bezela (erreporrean azalduko dira), luze askotako eskalada bideak beti zailtasun handia dutela esaten duen lagun bati eskeini zioten, laguna bide hau egitera ekarriz.

Bidea Peña Rueban dagoen Mallo La Mora-rara igotzen da. Guztira, 250 metro ditu eta bederatzi luzeetan banatzen da, zailtasuna bosgarren mailatik igo gabe. Bidea paraboltez babestua dago eta paraboltak oso ongi jarrita daude, hestuasunik ez pasatzeko. "Sendero Límite" taldeak azkenaldian irekitzen ari den bideekin gertatzen ari den bezela, zailtasun handirik ez du eta ongi babestua dagoenez, gu bezelako erdipurdiko eskalatzaileontzat aproposa da.

Nahiz eta bederatzi luze izan, guk bost luzeetan egin genuen, lehen eta bigarren, lau eta bosgarren, sei eta zazpigarren, eta zortzi eta bederatzigarren luzeak lotuz.


Argazki honetan bidearen krokisa marraztu dut. Beltzez guk eginiko bilguneak, luzeen luzera eta zailtasuna ikusi daitezke. Urdinez bederatzi luzeen zailtasun eta luzera. Nahiz eta guk bost bilgune egin, bederatzi bilguneen kokalekuak adierazi ditut. 


Aurrera jarraitu aurretik esan beharra daukat inguru honetako eskalada bide guztiak "Riglos Vertical" deituriko liburu batean daudela. Liburua Murillo de Gállego herriaren sarreran dagoen Los Mallos ostatuan salgai dago. Gidaren prezioa, 30 euro, eta begiradatxo bat eman ondoren oso gida ona iruditu zait, eta Riglos, Peña Rueba, Agüero, Foz de Escalete, Castillo de Loarre eta Garonaren haranako eskalada bide guztiak modu elegantean azalduta daude.

ERAMANDAKO MATERIALA

Bidea paraboltez babestua dago eta paraboltetatik aparte arkaitz zubietatik pasatako zinta eta kableak ere topatu daitezke. Nahiz eta 15 expressekin nahikoa izan daiteken, guk badaezpada 19 express zinta luze (ditugun luzeenak) eraman genituen, luzeak lotu nahi genituenez, sokak ez tiratzeko.  Honez gain, bilguneetan jartzeko zinta sorta bat ere eraman genuen.

PEÑA RUEBARA NOLA IRITSI

Lehenik kotxez Puente La Reina de Jaca herrira joan beharko dugu. Herriaren amaieran dagoen zubia zeharkatu ondoren eskuineruntz A-132 errepidea hartu beharko dugu (errepide honek Puente La Reina Huesca-rekin lotzen du). Errepide honetatik 41 kilometro inguru egin ondoren Murillo de Gállego herrira iritsiko gara gure eskuinean Riglos utzita.


Murillo de Gállego herriaren sarreran, argazkian azaltzen den bezela, A-132 errepidea utziko dugu herrira doan errepidea hartuz. Argazkian Los Mallos ostatua non dagoen ere ikusi daiteke.


Herrira doan errepidea hartu eta 200 metro ingurura ezkerrera doan bihurgune bat topatuko dugu. Argazkian ikusten den bezela, herrira doan errepidea utzi eta zuzen jarraituko dugu "Virgen de la Llena" elizara doan bidea jarraituz. Hau da bidean topatuko dugun lehen bidegurutzea.


Bide honetan 500 metro eskas igo ondoren, eraikitzen ari diren etxe batekin topo egingo dugu. Puntu honetan Virgen de Llena elizara doan bidea utzi eta eskuineruntz doan pista hartuko dugu. Hau da ibilbidean topatuko dugun bigarren bidegurutzea.


Pista hau oso agerikoa da eta bide osoan bidegurutze bakarra topatuko dugu. Bidegurutze honetan biderik garbiena (zuzen doana) ere hartuko dugu, argazkian ikusi daiteken bezela.


Hirugarren bidegurutze hau atzean utzi eta 500 metroetara gutxi gora behera, bi ur putzuren ondotik pasako gara (gure ezkerrean geldituko dira). Bigarren putzuaren ondoren pista lurrezkoa bihurtu eta maldan gora hasten da, baina kotxearekin ongi joan daiteke. Pista hau lehen "aparkalekuraino" jarraituko dugu. Aparkaleku hau ezkerreruntz doan bihurgune itxi baten aurretik dagoen pistaren zabalune bat besterik ez da eta bertan hiruzpalau kotxe sartzen dira. Bihurgunearen ondoren pistak zabalune handiago bat egiten du, bertan dozena erdi bat kotxe sartuz.

Guztira, Murillo de Gallego herritik aparkalekura bi kilometro eskas daude.

Argazki honetan Murillo de Gállego herritik aparkalekuraino dagoen bidea marraztu dut. Zenbakiekin hiru bidegurutzeen kokalekua ikusi daiteke.



Ordiziatik aparkalekuraino pasatako denbora, eskalada gida erosteko "galdu" genuen denbora kontutan izanda, gutxi gora behera bi ordu eta berrogei minututakoa izan zen.

DESKRIBAPENA

09:20, Aparkalekua. Kotxetik atera, hankak pixkat luzatu, materiala prestatu eta motxilak egin ondoren, martxan jarri ginen. "Joe ze hotza itteo" esan zuen Ikerrek. "Ba holako hotza badau, paretan sentittuko deu, nik ez baitet arropa gehio ekarri" erantzun zion Asierrek, "ezta nik ere" bota nien.

Materiala prestatzen.



Hegoaldeko hormara eramango gaituen bidea aparkalekuaren ondoan dagoen pista zahar batean hasten da.


Pistan metro batzuk egin ondoren, ezkerrean hasten den bidexka jarraitu beharko dugu. Bertan hito bat dago.


Eta bidexka hau hartu ondoren, inongo galerarik gabe, hitoak eta marka gorri eta horiak jarraituz, pixkanaka hormara hurbilduko gara.

Kotxetik irten eta bost minutu eskasera Peña Ruebaren hegoaldeko aurpegia parez-pare izango dugu. Argazkian pareta hontan dauden Mallo eta puntak ikusi daitezke..


Bideak hormaren azpira eraman eta honen azpikaldetik ekialdeko norantzan zeharkatzen du, hegoaldeko bia ferratarekin bateginez (jaitsieran jarraitu genuen bidea).

Argazkian eskalada bidearen hasierarino jarraitu genuen bidea marraztu dut eta honen aurretik gurutzatzen den plaka.



Plaka zeharkatzen. 


Plakan ezkerreruntz (iparralderuntz) hartu eta hormren azpikaldean Peña Rueban ezagun egiten ari den "Sendero Límite" bidearen hasieran izango gara, argazkian ikusten den bezela ("S.L.").



09:45, bidearen hasiera. Kotxetik atera eta 25 minutu eskasera, lasai ibilita, bidearen hasierara ailegatu ginen. Honainoko ibilbidea ederki etorri zitzaigun gorputzak bero-bero genituela iritsi ginen eta. Kuriosoa da baina bidearen hasierarteko ibilbidean ez genuen inor ikusi eta lehen eskalatzaileak azaldu zirenerako gu bigarren luzea egiten hasita geunden.

Bidearen hasiera adierazten duen harria, bertan "III.E." markatuta dago.


"Nola ingodeu?" Galdetu zuen Asierrek. "Hirutatik indartsuna zu zea, beraz kintoko luzea zuk ittea hobe" erantzun nion, "nahibazu lehenengo bi luzek zuk egin, gero nik hurrengo luzea, gero Ikerrek, ta zuk bukau".  "Oso ondo" erantzun zidan Asierrek.

Ohikoa denez, trago bat ur edan, motxiletatik trasteak atera eta eskalatzailez mozorrotu ondoren, goizeko hamarretan Asier lehen luzea eskalatzen hasi zen.

Lehenengo luzea, 55 metro, IV. Lehen luze hau plaka etzan batetik gora doa pixkanaka eskuineruntz hartuz. Luzea orokorrean ez da zaila eta zailtasun bakarra bilgunera iritsi baino lehen igo beharreko erresalte txiki batean dago. Paraboltetatik aparte, luzean arkaitz zubietatik pasatako zinta, kordino eta kableak ere topatu genituen expressak non-nahi jartzeko aukera edukiz. Bilgunea erlaitz eroso batean dago.

Hasieran komentatu bezela, guk bideak berez dituen lehenengo bi luzeak bategin genituen.

Asier bidea hasteko prest.



Bideo honetan luzearen lehen metroak ikusteko aukera izango duzue.



Asier bidearen berezko lehen bilgunearen parean.


Guk egin genuen lehen bilgunera eramango duen erresaltetxoaren azpian.


Lehen bilgunean.


"Hoi da hoi erreztasuna" esan nion anaiari "oso indartsu dabil azkenaldin". "Joer, dida batean igo da" erantzun zidan. Asierrek sokak jaso eta bideari ekin genion.

Iker bidearen berezko lehen bilgunean.


Guk eginiko lehen bilgunera eramango gaituen erresaltean.


Lehen bilgunea, uztaidun bi parabolt.



Bigarren luzea, 30 metro, V. Hau da bideari zailtasuna ematen dion luzea. Bilgunetik atera eta ezkerreruntz 5 metro inguruko zeharkaldiaren ondoren zuzen eskalatuko dugu erlaiztxo bat duen sabel ("panza") baterarte. Sabel hau zuzen igo ondoren (V) bideak bertikalitatea zertxobait galdu eta zuzen jarraitzen du pixkanaka eskuineruntz desbideratuz. Bilgunera iritsi aurretik 2,5 metro inguruko horma bertikala igo beharko dugu (V). Luzea oso ongi babestua dago eta zatirik zailena A0-n atera daiteke. bilgunea bi parabolt eta zuhaixka baten inguruan pasatako soka batekin egin daiteken erlaitz batean dago.

Bideo honetan luzearen lehen metroak ikusteko aukera duzue.


Ezkerreruntz egiten den zeharkalditxoaren amaieran.


Sabelera eramango gaituen zati bertikalean, atzean, urrutian, Agüero Malloak ikusi daitezke.


Sabelarekin borrokan.


Asier bigarren bilgunean. Luzeak "C" forma antzeko bat egiten du.


Iker luzea hasteko prest.


Sabelean dagoen pausua nola atera pentsatzen ari nintzela, hanka bat asko altsatu eta iztarrekin indarra egitea aukerarik onena zela pentsatu nuen. Hala nola pausua atera nuenean Ikerrek "ostiaaaaa!!!! Kotxeko giltza!!!!" oihukatu zuen. Beheruntz begiratu eta metal koloreko zerbait pixkanaka urruntzen eta bide azpiko zuhaixken artean galtzen zela ikusi nuen. Instintiboki eskua poltsikoan sartu eta poltsikoko kremailera irekita nuela ikusi nuen.

"Puta mierdaaa!!!" Oihukatu nuen. "Zer?" Galdetu zidan Asierrek bilgunetik. "Kotxeko giltza eroizat" erantzun nion. "Vaya putada!!" erantzun zidan. "Ta oain?" Galdetu nion. "Gutxiñez bilgunera allau ta hitzeingodeu" erantzun zidan.

Sabela igo ondoren hormak bertitalitatea galtzen duen zatian.


Bilgunera eramango nauen azken horma bertilaren azpian.


Iker bilgunera iristen.


Iker bilgunera iritsi zenean zer egin genezaken pentsatzen hasi ginen. "Bi aukera ditteu" esan nien, "bidea bukau ta jaistekon giltza billau edo hemendio errapelatu eta giltza oain billatzen saiau argi gehio dauta". "Onena oain jaistea" esan zuen Ikerrek. "Nei igualtzait" erantzun zigun Asierrek "baño giltza aurkitzea oso zalle izan behar da". "Hala, ordun behera" bukatu zuen Ikerrek.

Hau bezelako blog serio batean (jeje) idatzi ezin daitezken juramentuen artean errapela jarri eta bidearen hasieraraino jaitsi ginen.

Iker bigarren bilgunean errapelatzeko zai.


Bidea errapelatzen.


Zapatilak jantzi, motxilak eta sokak bidearen hasieran utzi eta giltza ezpel eta sasien artean bilatzen hasi ginen. Lehen begiradatxoaren ondoren giltza aurkitzea zaila izango zela ikusi genuen. "Bazpare etxera abixatu beharkozu" esan zidan Ikerrek. Itziarri gure "istriputxoa"-ren berri ematen nion bitartean Iker "Mike"-ekin hizketan aritu zen nolabaiteko erreskate plana martxan jarriz."Buff!!! Ia ezinezkoa izan behar da" esan zuen Asierrek. "Jainkoa existitzen bada, giltza aurkituko dugu" erantzun nion.

Bapatean Ikerrek ezpel batzuen artean magnesio poltsa zahar bat topatu zuen eta poltsa zegoen lekutik metro gutxira ezpainetarako pote txiki bat. "Hok ere goitio eroiko zien" esan zuen. Bilaketa aurrera zihoan ehinean giltza aurkitzeko esperantza jaisten joan zen. Erabat desesperatu aurretik Ikerrek poltsa eta ezpainetarako potea aurkitutako lekura joan nintzen txiskero bat topatuz. "Joer, hemen hainbeste gauza badare ta goitio eroi badie, igual giltza ez da oso urruti ibiliko" esan nien. Hau entzuterakoan Asier nengoen lekura hurbildu eta giltza bilatzen hasi zen.

Ia amore ematear eta Iker berriro Mike-ekin hizketan ari zela Asier oihuka hasi zen: "Soy el puto amo!!!! Soy el puto amo!!!!". "No jodas!! Giltza topauzu?" Galdetu nion. "Ze ustezu ba?" Erantzun zidan, "hala, eskalatzea" amaitu zuen. "Vaya potra!!!" Esan zuen Ikerrek. "¿Vaya potra?" Esan nien, "beti esaten dizuet ba, jainkoa existitzen dela. Beste frogaik behar al dezue?" bota nien irrifar handi batekin."Hurrengoako bakigu, kotxeko bi giltza ekarri behar" bota genuen ia batera.

Bidearen hasierara itzuli eta giltza ongi gorde ondoren bidea berriro ere hasteko prestatu ginen. Ordurako eskalatzaile bikote bat aurretik pasa zen eta bidearen berezko bigarren luzean ari ziren.

Berriz ere Asier goruntz hasi eta di-da batean aurrekoak harrapatu zituen. Beraiekin hizketan egon ondoren, guk eginiko lehen bilgunea jarri eta Iker eta biok goruntz abiatu ginen. "Ba al dakizue zeintzuk dien aurretik dijoztenak?" Esan zigun, "Luis Royo eta Julio Benedé". "No jodas, bidearen ekipatzailek?" Galdetu nion. "Bai" erantzun zidan, "iritsi naizenen bide hau ea eginda zuten galdetu diet". "Eta?" Galdetu nion. "¿Si la tenemos hecha?" Erantzun zidaten "Somos los que equipamos esta vía".

Asier bigarren luzea egin ondoren Iker eta biok ziztu bizian atera ginen. Kuriosoa da batzuetan zein azkar eskalatu daiteken. Hiruok lehenengo bi luzeak (85 metro) ordu erdian bete genituen, hori bai, Iker eta biok, azkarrago igotzeko, express guztietatik tiraka.

Giltzaren ezbeharra pasa eta bigarren bilgunera azkar-azkar itzuli ondoren, arnasa eta lasaitasuna hala nola berreskuratu eta hirugarren luzea eskalatzen hasi nintzen.

Hirugarren luzea, 55 metro, IV. Lehenengo luzea bezela, luze hau ere etzana da. Bilgunetik atera eta metro batzuk zuzen egin ondoren pixkanaka eskuineruntz joango gara, bidearen berezko laugarren luzearen bilgunera iritsi arte. Hemendik gora pausu bertikal motz bat (IV) eskalatu, eta pausu honen ondoren horma erabat etzaten da, bilgunera iritsi aurreko azken metroak oinez eginez. Azken metro hauetan harri aske dexente topatu genituen. Bilgunea lurrean dagoen uztaidun parabolt batekin egiten da.

Bigarren bilgunetik atera ondoren. Goian Luis Royo eta Julio Benedé ikusi daitezke.


Asier eta Iker guk jarritako bigarren bilgunean.


IVko pausua eskalatzen. Pausu hau bidearen berezko laugarren bilgunearen irteeran dago.


Iker hirugarren bilgunera iristen.



Laugarren luzea, 55 metro, IV. Laugarren luzeak aurrekoaren dinamika bera jarraitzen du. Luze etzana, disfrutatzeko modukoa. Luzearen zailtasuna bilgunera iritsi aurretik dagoen hormatxo bertikalean dago (3 metro inguru, IV). Bilgunean bi parabol topatuko ditugu.

Iker laugarren luzearen hasieran.


Argazkian laugarren luzea nondik doan marraztu dut eta tartean dagoen bilgunea (berezko bidearen seigarrena).



Asier hirugarren bilgunean.


Iker gutxi gora behera tarteko bilgunea dagoen lekuan.


Laugarren bilgunearen aurretik dagoen hormatxo bertikalaren azpian...


... Eta hormatxoa eskalatu ondoren.


¡¡¡Reunión!!!.


Agüero herria eta izen bereko Malloak hirugarren bilgunetik.


Tarteko bilgunea, berezko bidearen seigarrena.


Asier bidearekin gozatzen.


Hau da luzeari gradua ematen dion hormatxo bertikala (IV).



"Hiru mosketeroak" laugarren bilgunean.


Bosgarren luzea, 55 metro, III. Misterio handirik ez duen luzea, erraza, etzana eta ensanblean erraz egin daitekena. Bilgunea arkaitz bloke handi baten eskuinean dagoen kable batean dago. Luze honetako leku askotan aske dauden harriak topatu genituen.

Asier luzearen hasieran. Goian ikusten den arkaitz bloke handi horren eskuinetik pasa behar da.


Tartean dagoen bilgunearen parean.


Asier eta Iker bosgarren bilgunean, Mallora igotzeko egin genuen azkenekoa.


Bosgarren bilgunera denok iritsi ginenean sokak bildu eta Malloaren gailurrera igo ginen.

13:25, Mallo La Mora. "Joer, azkar igo gea" esan zuen Ikerrek. "Ba bai, ordu t'erdi eskasean 250 metro eskalatzea ez dau bate gaizki" esan zuen Asierrek. "Bueno, erritmo hontan eskalatuzkeo Vignemalen iparra di-da baten eingo deu, jejeje" bota nion irrifartsu.

Mallo La Moraren gailurrean dagoen hitoaren ondoran.


JAITSIERA

Jaisteko bi aukera ditugu: bidetik zuzen errapelatu edota hegoaldeko ferratatik jaistea. Azkeneko luzeetan dagoen harri askeak kontutan izanda nik ez nuke lehenengo aukera hartuko harri asko bota daitezke eta. Honegatik, guk bigarren aukera hartu genuen.

Hegoaldeko ferratara iristeko lehenik Malloaren iparraldean dagoen lepora jaitsi eta parean dugun horma eskalatu beharko dugu (25 metro, III). Guk bazpaere, 60 metroetako soka erditik tolestatu eta bi soka izango bagenitu bezela igo ginen.

Malloan dagoen hitotik ateratako argazkia, bertan eskalatu behar den hormatxoa ikusi daiteke.


Iker hormatxoa eskalatzeko prest.


Luzearen amaieran dagoen lehen bilgunean, 10 metro inguru gorago bigarren bilgune bat dago (guk geroago ikusi genuen).


Argazki hau bigarren bilgunetik eginda dago.


Hormatxo hau eskalatu ondoren, sokak eta traste guztiak motxiletan gorde, zapatilak jantzi eta ezpalen artean doan bidexka bat  iparralderuntz jarraitu genuen bigarren hormatxo batekin topo egin arte. Hormatxo hau eskuineruntz zeharkaldi diagonal bat eginez igoko dugu (15 metro, III, bi aseguru). Zeharkaldia ez da zaila baina bai oso agerikoa, Lekuk esaten duen bezela "hemen erortzea ez da aukera bat".

Bigarren hormatxoa eskalatu ondoren ekialderuntz zeharkaldi bat egingo dugu ferratarekin topo egin arte. Zeharkaldian noizik eta behin hitoren bat topatu genuen. Bigarren hormatxo honetatik ferrataraino hamar minutu eskas pasa genituen.

Bigarren hormatxoa igo ondoren ferratara iristeko eginiko ibilbidea.


Zeharkaldia erraza da, baina harria oso askea dago.


Noizik eta behin hitoren bat edo beste topatu genuen.


Asier eta Iker ferrataren hasieran, atzean Riglos.


Ferrataren lehen metroetan.



Anaia eta biok atzean Rigloseko Malloak ditugula.


Riglos. Hemendik ikusgarri ikusten da.


Asier parean Varella punta duela.


Atzera begirada, ferrata nondik nora doan ikusi daiteke.



Jaitsieran, eta gertu genuenez, Varella puntara igotzea pentsatu genuen. Gailurreraino ferrata iristen da eta eskaladatxo erraz baten ondoren Asier eta Iker bertaraino igo ziren.

Asier eta Iker Varella puntara iristen.



Iker eta Asier Varella puntan. Parajea ikusgarria da benetan.



Ferrata jarraitzeak ez dauka inongo zailtasunik. Horman eskalatzaile talde bat baino gehiago ikusi daiteke.


Ferratak teknikoki ez dauka zailtasun handirik, noizik eta behin destrepetxo bertikal bat edo beste egin behar da, baina bertan oinak jartzeko burdinak edota kateak daude. 



Ferratak Peña Ruebaren hegoalko horman dauden bideen hasierara eraman gintuen, hemendik kotxera goizean jarraitutako bide bera jarraituz.

Azkenean kotxera 14:40ak aldera iritsi ginen. Trasteak kotxean sartu, arropa aldatu, ura edan eta martxan jarri ginen.

Riglos berriro ere, ia ezinezkoa da honelako ikusmira bati argazkirik ez egitea.


Peña Ruebari azken begirada, ziur itzuliko garela.


Murillo de Gállego herrira itzuli eta A-132 errepidea berriro ere hartu genuen Puente La Reina de Jacaraino, bidean hiruzpalau aldiz geldituz, batez ere Riglos-i argazkiak egiteko.

Riglos berriro ere.


Riglos-i azken argazkia.



Orokorrean esan beharra daukat oso bide dibertigarri eta gomendagarria dela, arkaitza nik uste baino hobea eta, niri behintzat, konglomeratura berriro itzultzeko gogoa utzi didana.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina