AZKEN 10 SARRERAK

2013/11/02

LARRUNARRI (TXINDOKI) INGURUKO MENDI "EZEZAGUNETATIK" 2013/11/01

Larraitzetik gora irteten den gehiengoa Txindoki igotzeko asmoarekin joaten da (edo gara, jeje) batez ere. Mendi ederra da, oso estetikoa, magnetismo berezikoa.Txindokik duen erakarpenaren itzalpean mendi asko gelditzen dira, Aralarko "ahaztu" edo "ezezagunak" bezela geldituz.

Aspaldian nenbilen "ezezagun" hauetako batzuk igotzeko asmoarekin, eta azaroak bateko jai eguna aprobetsatuz, Larraitzera gerturatu nintzen ibilbide zirkular bat egiteko asmoz. Ibilbidea egiteko arin ibili nahi nuen, eguarditik aurrera hegoaldeko haize ufada handiak iragarrita baitzeuden.

NIRE BIDEA

Ibilbidea Larraitzen hasi nuen. Hemendik, Txindokira doan Muitzeko bidea jarraituz, Aitzegi mendia igo nuen lehenik eskaladatxo entretenigarri bat eginez. Aitzegitik aurrera, ertz-lerro bat jarrituz, Larraone eta Etitzegi mendiak igo nituen, eta nahiz eta tentatuta egon, Uzkuiti eta Aoki mendiak beste baterako utzi nituen.

Behin Etitzegin, Muitzera jaitsi eta Txindokira igo nintzen, hemendik jaitsi eta Auntzizegira igoz. Auntzizegin denboraz ongi nindoala ikusita, askotan egiten dudan ibilbidearekin jarraitzea pentsatu nuen, modu honetan, Arrubi Gañe, Ganbo Txiki eta Ganbo mendiak igo ondoren Irazustako lepora jaitsi eta Alotzatik berriro ere Larraitzera itzuliz.

Gutxi gora behera jarraitutako bidea, gorriz joandakoa eta orlegiz itzulerakoa.




DESKRIBAPENA

08:30, Larraitz, 404 metro. Kotxetik atera, motxila hartu eta arin-arin irten nintzen Txindokiren azpian dagoen antenara doan pistaren bila.

Larraitzen dagoen langa eta hemendik pistaraino jarraitu nuen bidea.



Larraitzetik Aitzegi mendia ikusi daiteke. 


Pistarekin bat egin ondoren, bigarren langa bat pasatzen da.



08:41, Antena, 580 metro inguru. Goizeko freskurarekin nahiko azkar igo nintzen. "Smithy, nahizta ondo jun, hemendik gora lasaio igo bestela leher inda bukaukozu" esan nion nire buruari.

Antenara ailegatu aurretik hito bat dago. Hito honen parean zuzen hartuko dugu, bidexka bat jarraituz eta antena gure eskuinean utziz.

Antenaren azpian daogen hitoa eta jarraitutako bidea.


Hemendik gora doan bideak galtzeko inongo arriskurik ez dauka eta Txindokiren ipar aurpegi izkutuan sartuko gaitu.

Aitzegi eta Larraone denbora osoan bistan.


Bidea, nahiz eta hestua izan, galtzeko arriskurik ez dauka.


Argazki honetan Aitzegiren azpiraino jarraitutako bidea (gorriz) eta Txindokira doan Muitzeko bidea (urdinez) markatu ditut. Bi bideak, Muitzetik jaisten den errekatxoa zeharkatu ondoren dagoen bihurgune batean banatzen dira.



09:15, Muitzeko bidea utziko dugun bihurgunea, 825 metro inguru. Bihurgunera ailegatzerakoan ezkerreruntz hartu nuen, Amezketa herritik datorren bidea jarraituz.

Bihurgunea.


Metro batzuen ondoren bidea utzi eta zeharkaldi bat eginez Aitzegiruntz jarraitu nuen, bere mendebaldeko aurpegi ikusgarria parez-pare topatuz.

Argazkihonetann Aitzegiren mendebaldeko aurpegia ikusi daiteke. Aurpegi honetan Mikel Saez de Urabain alpinista ordiziarrak bi bide ireki ditu (urdinez eta orlegiz). Bide hauen inguruko informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue. Gorriz nik jarraitu nuen bidea markatu dut.


Menbedaldeko hormaren azpira iritsi nintzenean alde batera eta bestera aritu nintzen bide erraz baten bila. Bilaketa honetan ari nintzela haizea gogor jotzen hasi zen, eta hormatik zuzen igotzeko eginiko bi saiakeratxoen ondoren, eta batez ere, haizearen indarrak eragin zidan beldurragatik, errazenetik igotzea erabaki nuen.

Hormaren hegoalderuntz jo eta ia ertzean nengoela goruntz jo nuen, esan bezela, errazena bilatuz eta, ahal zen neurrian, igoeraz gozatuz. Horman topatu nuen arkaitzaren kalitateak harritu egin ninduen, orokorrean arkaitz ona dago eta. Zailtasuna bakoitzaren arabera, nik pixkanaka ezkerreruntz (igoeraren norantzan) jo nuen pareta goitik behera zeharkatzen duen belar kanal baten bila joateko. Denbora osoan eskaladatxo errazak eginez joan nintzen, inongo momentuan IIIko zailtasunetik igoz. Hala ere leku interesgarri asko ikusi nituen, eta beharbada, IV-V etik igo gabe bide interesgarriren bat baino gehiago ireki daitezke bertan.

Belar kanalaren gainkaldera irten ondoren beheruntz ateratako argazkia.


Denbora osoan gure atzean Txindoki izango dugu. Argazki honetan neguan egindako bide ezberdinak margotu ditut, gorriz, Lekurekin egindakoa (informazio gehiago hemen), urdinez Ikerrekin egindakoa (informazio gehiago hemen) eta orlegiz Josurekin eskalatutako ertz-lerroa (informazio gehiago hemen).


Belar kanalean azken metroak egin ondoren, nahiz eta ertz-lerro erraza izan, haizearen indarragatik zutik mantentzeko indarra eginez, Aitzegiren gailurrera iritsi nintzen.

09:45, Aitzegi, 1135 metro. Bertan argazki batzuk atera ondoren aurreruntz jarraitu nuen. Haize ufadak uste baino lehenago iritsi ziren eta ez nuen batere gogorik ertz-lerroan denbora luzean aritzea haizearen menpean.

Aitzegi, 1135 metro, atzean Txindoki ikusi daiteke.


Aitzegiren gailurra eta atzean Txindoki.


Aitzegitik aurrera ertz-lerro bat jarraitzea besterik ez nuen egin. Hasieran zelai zabal batetik igo nintzen eta arkaitzetara hurbiltzen nintzen ehinean, ertz-lerroa hestutzen joan zen.

Argazki honetan Aitzegitik Larraone mendiraino jarraitutako bidea margotu dut. Argazkian Amezketatik Balerdira igotzen denean pasa beharreko Astunaldeko lepoa eta Artubi eta Uakorri mendiak ikusi daitezke.



Nahiz eta tarte batzuetan ertz-lerroa hestutu, ez nituen ageriko pausurik egin. Arin-arin, hamar minutu inguruan Larraone mendiaren gailurrera iritsi nintzen.

09:55, Larraone, 1198 metro. Urteak ziren gailur hau zapaltzen ez nuela eta ilusio handia egin zidan. Bertatik argazki pare bat atera eta bidea jarraitu nuen.

Larraoneren gailurrean dagoen buzoia, atzean Txindoki.


Nahiz eta goierritarrok ohituta gauden ikusmira ez izan, Txindokiren aurpegi hau ere ederra da.


Ertz-lerroak arkaitzen gainetik jarraitu nuen, denbora osoan ertzean mantenduz. Ertzetik mantentzen bagara, pausu interesgarriren bat edo beste egingo dugu.

Larraone atzean utzi ondoren atzera begirada. Gorriz, orain arte jarraitutako bidea.


Leku beretik Etitzegi mendiraino duguna. Mendiaren aurretik dagoen lepoa adierazi dut. Gero hemendik behera (mendebalderuntz) jaitsi nintzen Muitzera ailegatzeko.


Larraoneren gailurretik hamar minutu pasatxora Etitzegi mendiaren aurretik dagoen lepora iritsi nintzen.

Lepotik ateratako argazkia. Ezkerrean ikusten den ertz-lerroa jarraitu nuena da.


Txindoki gertuago.


Lepotik gora zuzen jarraitu eta eskaladatxo erraz baten ondoren Etitzegi mendiaren gailur berezira iritsi nintzen. Lepotik gailurrera iristeko bada bide errazago bat, jaitsieran jarraitu nuena.

10:10, Etitzegi, 1196 metro. Esan bezela, gailurra oso berezia da, amildegi batetik zintzilik dagoen arkaitz baten gainean dago eta. Bertatik argazki pare bat atera, eta haizeagatik ihesi aurreruntz jarraitu nuen. Hasieran Uzkuiti eta Aokiraino jarraitzera pentsatu nuen, baina, berandu egingo zitzaidanaren beldurrez, Txindokiruntz jarraitu nuen.

Etitzegi mendiaren gailurra, atzean Artubi eta Uakorri mendiak eta beraien artean dagoen Astunaldeko lepoa ere. Argazkian Buruntzuzi aterpetik Astunaldera doan bidea argi ikusi daiteke. Bide hau Balerdira igotzeko jarraitu behar izaten da.


Etitzegiko buzoia.



Etitzegi, 1196 metro..


Honela, Uzkuiti eta Aokiren aukera alde batera utzita, Etitzegitik lepora itzuli eta mendebalderuntz hartu nuen Muitzera jaisteko.

Lepoa eta jarraitutako bidea.


Hurrengo helburua? Txindoki igotzea. Egia esan, zaila egiten zait Aralarrera igotzen naizenean igoeran edo jaitsieran Txindokira ez igotzea.

Lepotik Txindokiren gailurreraino jarraitutako bidea. Argazkian Aizkorri ikusi daiteke.



Muitzeko errekatxoa zeharkatu ondoren atzeruntz ateratako argazkia. Bertan lepotik behera eginiko jaitsiera ikusi daiteke.


Txindokiko igoeran. Argazki honetan orain arte eginiko ibilbidea ikusi daiteke. 


10:45, Txindoki, 1341 metro. Bertara ailegatu, gailurraren argazki bat atera eta, jendetzatik ihesi, bidea jarraitu nuen.

Txindoki, 1341 metro.



Behin Txindokira igo ondoren zalantzan izan nintzen Larraitzera jaitsi edo ez. Baina erlojuari begiratu eta oraindik hamaikak laurden gutxi zirela ikusita, askotan hemendik aurrera askotan egiten dudan ibilbidea jarraitzea erabaki nuen, hau da, Arrubi Gañe, Ganbo Txiki eta Ganbora igotzea. Baina gaurkoan aldaketa txiki bat egin nahi nion, nahiz eta mila aldiz paretik pasa oraindik Auntzizegi mendia igo gabe nuen eta.

Txindokitik Auntzizegira jarraitutako bidea (gorriz). Urdinez, Txindokira doan ohiko bidea margotu dut.



Txindokitik behera ederki asko jaitsi nintzen, baina Auntzizegiren gailurrera iristeko maldetan hauspoa ederki berotu zitzaidan.

11:00, Auntzizegi, 1247 metro. Erritmoa pixkat lasaitu eta arnasketa berreskuratuz, mendi honetara nire lehen igoera egin nuen. Bertan ez nintzen denbora luzean egon, haizeagatik batez ere, eta argazki pare bat egin ondoren Arrubi gañeruntz jarraitu nuen.

Auntzizegi mendiko buzoia, atzean Txindoki.


Auntzizegitik aurrera jarraitutako bidea.


Auntzazegitik jaitsi ondoren ibilbidea larretatik gozo doa, baina ez engainatu, maldan gora goaz eta. Kuriosoa da  haizeak gogor jotzen duenean zein nekeza den ibiltzea eta, nire kasuan batez ere, arnasa hartzea.

Bidea ertz-lerro zabal batetik jarraitu nuen, Arrubi Gañera eramango ninduten azken metroak arkaitzen gainetik igoz.

Argazki hau aurrekoaren bidea amaitzen den lekutik aterata dago gutxi gora behera. Bertan Arrubi Gañeraino jarraitu nuen bidea margotu dut. Argazkian gero igo nituen Ganbo Txiki eta Ganbo ikusten dira, baita Beriain ere.



11:15, Arrubi Gañe edo Arrubi, 1320 metro. Buzoi bikoitza duen gailur honetara iritsi, buzoi bakoitzean argazki pare bat atera, eta ia gelditu gabe, aurreruntz jarraitu nuen.


Arrubi Gañe, 1320 metro. Argazkian bi buzoiak ikusi daitezke.



Argazki honetan Arrubi Gañetik Ganbo Txikira jarraitu nuen bidea margotu dut.



Arrubi Gañetik Ganbo Txikira doan bideak egun argi batean ez dauka inongo galerarik baina behe lainoa topatu ezkero kontu handiz ibili beharreko lekua izaten da galtzeko arrisku handia dago eta.

Arrubitik bi mendien arteko lepora jaitsi eta hemendik gora zuzen jo nuen iztar eta birikak berriro ere berotuz.

11:25, Ganbo Txiki, 1377 metro. Gailurrera iritsi eta ia atsedenik hartu gabe Ganboruntz jarraitu nuen.

Ganbo Txiki, 1377 metro, atzean Ganbo handia ikusi daiteke.



Argazki honetan Ganbo Txikitik Ganbora igotzeko dauden bi bideak margotu ditut. Nik ibilbide gorri jarraitu nuen, malda handiena duena. Urdinez margotu dudan bideak ez dauka horrenbesteko maldarik baina luzexeagoa da.


Ganboren gailurrera eramango ninduen azken maldan ia indar guztiak utzi ondoren, di-da batean bertara iritsi nintzen.

11:32, Ganbo, 1412 metro. Haurrak ginela, guretzat Txindoki zen inguruko mendirik altuena. Honegatik, a zer nolako disgustua hartu nuen Ganbo Txindoki baino altuagoa zela esan zidatenean. Ganbora igo nintzen lehen aldiz Hiru Erregen Mahaian nengoenaren sentsazio bera izan nuen, niretzat orain arte inguruan zegoen mendirik altuena igo nuen eta.

Ganbo, 1412  metro. Argazki hau atzeruntz eginda dago, hau da, jarraitutako bideruntz. Argazkian Anboto, Murumendi eta Usurbe ikusi daitezke Txindokirekin batera.


Aralarko bigarren mendirik altuena atzean utzi eta Irazustako lepotik bertara igotzen den ohiko bidea jarraitu nuen.

Argazki honetan Ganbotik Irazustako lepora doan bidea margotu dut. Argazkian Uarrain, Malkorrri, Gañeta eta Beleku ikusi daitezke, Aratz eta Aizkorriko gailurrekin batera.


Behin Irazustako lepora ailegatu ondoren hemendik Larraitzera doan ohiko bidea jarraitu nuen Alotzako iturritik pasatuz. Irazustako lepotik Larraitzera doan bidea errepor honetan deskribatuta dudanez, ez dut honen inguruko azalpenik emango.

Azkenean, erdi korrika, edo hemen esaten dugun moduan, korrika txikian, 12:10etarako Larraitzera itzuli nintzen.

Ibilbidea orokorrean ederra da eta zailtasun tekniko handirik ez dauka, gainera Aitzegira oinez igo daiteke inongo eragozpenik gabe. Ibiltzea asko gustatzen zaizuenei, joaterakoan Uzkuiti eta Aoki mendiak igo eta itzultzerakoan Uarrain, Malkorri, Gañeta, Beleku eta Ausa Gaztelu igotzen badituzue, oso ibilbide majoa geldituko zaizue. Aitzaki honekin badaukat hurrengo baterako erronka txikia, jejeje.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina