AZKEN 10 SARRERAK

2014/08/02

PICA D'ESTATS (3143 m) MENDIAREN INGURUKO ZORTZI HIRUMILAKOAK 2014/07/26

2014ean Piriniotan apenas ibiliak gara. Maiatzean Picos del Infierno mendietako ipar korridorea eskalatu genuenetik bagenuen Pirinioetara itzultzeko gogoa.

Itzulerarako zer egin pentsatzen ari ginela, ihaz Alpeetatik gentozela egiteke gelditu zitzaigun proiektutxoa karpetatik atera eta mahai gainean jarri genuen: Pica D’Estats mendiaren inguruko hirumilakoak egun berean igotzea.

Pica D’Estats mendia kataluniarrentzat mendi berezia da, bere 3143 metroekin Kataluniako mendirik altuena da eta. Gailurrean duen metalezko gurutze handian ohikoa izaten da Estelada bat topatzea. Mendi hau lehen aldiz 1864. urtean Henry Russell eta Jean-Jacques Denjean mendizaleek igo zuten Frantziatik. Bide bera jarraituz, bertara igo zen lehen kataluniarra Jacinto Verdaguer apaiza izan zen 1883 urtean. 13 urte beranduago, 1896 urtean, gaur egun ohikoen bihurtu den hegoaldeko bidetik, hau da, Vallferreratik, lehen igoera Luis Maria Vidal ingenieri eta geologoaren eskutik iritsi zen.

Pica D’Estats mendiaren inguruan beste zazpi hirumilako daude. Frantzian bere osotasunean dauden Montcalm eta Cap de la coma de Riufred mendiak ezik, beste hirumilakoek (Pic Rodó de Gabardona, Punta Gabarró, Pica D’Estats, Pic de Verdaguer, Pic de Sotllo eta iparreko Pic de Sotllo) Frantzia eta Katalunia arteko mugaren bizkarrezurra jarraitzen dute, bi estatuen arteko horma izango balira bezela. Esan beharra dago zortzi hirumilako hauetatik bi (Iparreko Pic de Sotllo eta Cap de la coma de Riufred), nahiz eta hirumilako izateko behar diren erizpideak jarraitu, hirumilakoen zerrenda ofizialean ez daudela.

Hirumilako guztiak egun berean igotzeko, Luis Alejos-en “Pirineos – Guía de los 3000 m” eta Joan Capdevillaren “Pirineos: los tresmiles en 30 jornadas” (Martinez Roca edizioak) liburuak atera eta, mapa baten laguntzarekin, ibilbidea aztertzen eta ikasten hasi ginen. Beti egiten dugun moduan, ni ibilbidearen prestaketa, denboraren kalkulua eta materiala eta Iker elektronikarekin zerikusia duen guztiaz arduratu ginen.

Hirumilakoren bat igotzeko egindako orain arteko irteeratan Luis Alejosek zehazten dituen denborak erreferentzi ederra genuela jakinda, ibilbidea, atsedenaldiak kontutan izanda, 11 ordu inguruan beteko genuela kalkulatu genuen. Bata besteari begiratu eta orain arte jarraitzen ari garen prestaketa eta entrenamenduak nola zihoazen jakiteko test ederra izango zela pentsatu genuen.

Plana hiru egunetarako antolatu genuen: lehen egunean etxetik atera eta Vallferrera aterperaino igo, bigarrenean, Sana Ana gure patroiarekin eguna, hamaika orduetako ibilbidea egin eta Vallferrera aterpean edota inguruko herri batean lo egin eta hirugarrenean jaiki eta etxera itzuli. Azkenean, Alins herriko Saloria Hotelean lo egin genuen.

Pica D'Estats mendia (erdian) eta inguruko hirumilako batzuk. Argazkia Sotllo menditik egina da. Parajea, behin baino gehiagotan esango dudan bezela, zoragarria da.




EGINDAKO BIDEA

Hirumilako hauek guztiak igotzeko, deskribapen gehienetan jarraitzen den ibilbidea jarraitu genuen, Pica D’Estats mendira doan Gabarró bidea jarraituz.

Lehenik Vallferrera aterpetik Estany D’Estats ibonera igo ginen, hemen ohiko bidea utzi eta Estany Gelat de la conca gelada ibonera igotzeko. Hemendik Estanyet de la Conca Gelada ibonera igo eta honen ondoren Pic Rodó de Gabardona mendia igo genuen, eguneko lehen hirumilakoa.

Pic Rodó de Gabardonatik Punta Gabarró mendira bien arteko ertza gure eskuinean utziz joan ginen, ongi zapaldutako bidexka bat jarraituz, Pica D’Estats eta Punta Gabarró mendien arteko leporaino. Lepo honetan motxilak utzi eta Punta Gabarró  igo genuen.

Pica D’Estats mendira igotzeko Punta Gabarró eta Pica D’Estats mendien arteko ertza igo genuen “Gabarró bidea” jarraituz. Ertza honetan ibilbide osoko zatirik zailena topatu genuen: 5-6 metro inguruko hormatxo bat. Hormatxoa teknikoki ez da zaila (II+) helduleko ederrak baititu, baina gure oinen azpian irekitzen den amildegia galanta da.

Behin Pica D’Estats mendiaren gailurretik Pic de Verdaguer mendia igo genuen eta hemendik, ederki zapaldutako bide batetik, Cap de la coma de Riufred eta Montcalm mendiak. Montcalm menditik atzera egin eta Vallferrera aterpetik mendi honetaraino datorren ohiko bidea Port de Sotllo mendateraino jarraitu genuen. Hemen motxilak utzi eta Pic de Sotllo eta iparreko Pic de Sotllo mendiak igo genituen. Motxilak berreskuratu eta Vallferrera aterpera itzuli ginen, hemendik Pica D’Estats mendira doan ohiko bidea jarraituz (TRF-GR ibilbidea, alegia).

BIDEAREN DATU BATZUK

- luzera: 21,8 km.
- Abiapuntua: Vallferrera aterpea, 1840 metro.
- Amaiera: La Molinassa aparkalekua, 1805 metro.
- Altuera minimoa: La Molinassa aparkalekua, 1805 metro.
- Altuera maximoa: Pica D’Estats, 3143 metro.
- Desnibel positiboa osora: 1910 metro.
- Zailtasuna: Punta Gabarró eta Pica D’Estas mendien arteko ertzan II+ zailtasuna duen 5-6 metro inguruko hormatxoa.
- Igotako mendiak: 8.
- Guk egindako denbora:10 ordu eta 20 minutu atsedenaldiak kontutan hartuta.

Argazki honetan ibilbidearen profila ikusteko aukera duzue.



Ibilbidearen "track"-a deskargatu nahi izanez gero.


Powered by Wikiloc


ERAMANDAKO MATERIALA

Gure asmoa ibilbide osoa zapatilekin egitea zen, baina interneten lortutako informazioaren ondoren, gauden garaiako inoiz baino elur gehiago zegoela ikusita, mendiko botak, kranpoiak eta pioleta eramatea erabaki genuen. Punta Gabarró eta Pica D’Estats mendien arteko ertzarako ez genuen materialik eraman, baina eskalatzen ohitua ez dagoen batekin joanez gero ez legoke gaizki soka motz bat eta aseguratzeko materiala eramatea, lehen esan bezela, oinen azpian irekitzen den amildegia handia baita.

LEHEN EGUNEKO DESKRIBAPENA

Hasieran komentatu bezela, lehen egunean etxetik Vallferrera aterperaino joan ginen. Vallferrera aterpera iristeko Lleidan dagoen Àreu herriraino joan beharra dugu. Gipuzkoarrontzat biderik motzena Frantziatik doan A-64 autopista jarraitzea da. Autopistaren 17garren irteeran (Montrèjeau/Luchon/Saint Bertrand/Valcabrère) atera, eta hemendik aurrera “Lerida” kartelak jarraitzea besterik ez da Vielha herriraino. Vielhatik Baqueira herriraino joan (eskiatzaileek bide hau memoriz ezagutuko duzue) eta hemendik, Bonaigua mendatea igo ondoren, Llavorsí herrira iritsiko gara. Hemen Sort herrira doan bidea utzi eta ezkerreruntz hartuko dugu zubi bat zeharkatuz. Hemendik aurrera Alins herrira eramango gaituzten seinaleak jarraitu beharko ditugu.

Behin Alins herrira iristerakoan, herria zeharkatu eta 5 kilometro eskasera Áreu herrira iritsiko gara.
Àreu herria ere zeharkatu eta honen iparrean hasten den pista bat topatuko dugu. Pista hau erreka baten ondoan doa eta 11 kilometro inguru jarraitu ondoren kotxea utzi beharko dugun La Molinassa aparkalekura iritsiko gara. Aparkalekua Pla de Boet-etik gertu dago eta hemendik gora ezin da jarraitu hesi batek bidea ixten baitu. Pistatik kotxez erraz joaten da eta inongo tarte gaiztorik ez du. Dena den, neguaren ondoren joaten bazarate, ongi dago pistaren egoeraren inguruko informazioa jasotzea.

Guztira, Ordiziatik aparkalekura ia bost ordu eskas pasa genuen.

17:10, La Molinassa aparkalekua, 1805 metro. Kotxetik atera eta pasatako ekaitzaren ondorioak nabaritu genituen: hezetasuna airean, lur bustia, putzuak non-nahi eta zeru iluna. “Hemen ederra botao” esan nion anaiari. “Ba, bai” erantzun zidan.

Aparkalekuaren amaieran, teilatupean dagoen informazio panel bat dago, besteak beste, Pica D’Estats mendira igotzeko bidearen nondik norakoak azalduz.

Irtetzeko prest. Argazkiaren amaieran informazio panela dagoen aterpetxoa ikusi daiteke. Gorriz, jarraitutako bidea.




Aterpera doan bideak hemendik aurrera GR-TRF ibilbidea jarraituz doa. Lokatza zegoela ikusita, guk pistatik jarraitzea erabaki genuen.

Indikazio panela dagoen lekutik egindako argazkia. Argazkian pista isten duen hesia ikusi daiteke.



Pistan 3-4 minutu egin ondoren indikazio poste bat topatu genuen.

Iker pistan. Argazkian indikazio postea non dagoen adierazi dut.



Indikazio postetik aurrera pista utzi genuen ongi zapaldutako bide eta harpidea jarraituz.

Indikazio postean. Hemen pista utzi genuen.




Bidean zubi bat pasa ondoren,  berehala Vallferrera aterpea ikusi genuen.

Zubia zeharkatzen.


Vallferrera aterpea zuhaitz artean.Argazkian bidea zein ongi dagoen ikusi daiteke.


Bigarren zubi bat zeharkatu eta di-da batean Vallferrera aterpera iritsi ginen.

Bigarren zubia.


Aterpera iristen.



17:20, Vallferrera aterpea, 1840 metro. Bertara iritsi, erreserba baieztatu eta eroso jarri ginen.

Aterpearen aurrean dagoen indikazio postea.


Aterpea.


Aterpeak 60 mendizaleentzako lekua dauka (itxita dagoenean 20 plaza uzten dituzte). Kanpoan dagoen beste eraikin batean dutxak ditu (ur beroarekin) eta aterpean bertan jangela handi bat dauka. Solairu bakoitzean litera eta maindirak daude, baita komunak ere. Telefonoa: 973 624 378. Aterpearen zaindaria Juan Manuel Arroyo da. Pentsio erdiarengatik (afaria eta gosaria) biona 74 euro ordaindu genuen.

Bertara iritsi, erreserba baieztatu eta gure ibilbidearen berri eman genienean, Punta Gabarró eta Pica D'Estats mendien arteko ertza oso arriskutsua egongo zela esan ziguten: "Gaur kriston ekaitza bota du eta gainera goian elurra ere egin du" esan ziguten, "gainera, biharko eguraldi ona emanda dagoenez, goiko elurra izoztu eta ertza oso arriskutsu topatuko duzue". Hau entzun ondoren anaia elkarri begiratu eta lurjota gelditu ginen. Gainera kanpoan euria bota eta bota hasi zen gure etsipenerako. "Elurre, izotza eta gañea harkaitza bustie" pentsatu nuen.

Afaldu ondoren gure zortea hobetu egin zen: zeruan ostarteak ireki eta pixkanaka, lotsati, izarrak agertzen hasi ziren. Aterpe zaindariarengana zoriontsu joan eta "hau da zuentzat egin dezaken egualdirik okerrena" esan zigun. "Ze ba?" Galdetu zion anaiak. "Goian dagoen elur guztia izoztu egingo delako" erantzun zigun. "Joer, hau tipo pesimista" esan nion anaiari, "badirudi hortio inor igotzeik eztola nahi".

Azkenean, nahiz eta zaindariak zertxobait "akojonatu", pentsatutako planarekin aurrera jarraitzea erabaki genuen, ertza oso arriskutsu topatukoz gero buelta hartuko genuela adostuz.

Gosariak goizeko seietan ematen hasten zirela jakinda, iratzargailua 5:45tarako jarri genuen.

BIGARREN EGUNEKO DESKRIBAPENA

06:25, Vallferrera aterpea, 1840 metro. Burua hain goiz gosaltzera behartu, komunarekin hitzordua izan eta botak jantzi ondoren, martxan jarri ginen. Ibilbidea aterpearen ondoan dagoen iturrian hasten da, GR-TRF bidea jarraituz.

Iker ibilbidearen hasieran.


Gaurko ibilbidea luzea izango zela bagenekienez, ibilbide osoan indar guztiak erabili gabe ibiliko ginela adostu genuen: "bazpare gero indarrik behar badeu, errekamaran zeozer izateko".

Bidea ipar norantzan doan malda harritsu batetik gora doa, zeta batzuk eginez. Maldak atsedentxo bat eman zigun bihurgune batean, Estany d'Areste ibonera doan bidea gure eskuinean utzi eta aurreruntz jarraitu genuen.

06:45, Coll d'Areste, 2100 metro. Hemen malda amaitu eta Pica d'Estats mendira joateko bidea adierazten duen indikazio poste bat topatu genuen. Hemen ere atseden hartzen ari zen mendizale talde bat topatu genuen. Egia esan, ohiko bidetik joan ginen denbora osoan, mendizaleak non-nahi ikusi genituen, mendi honek duen erakarpenaren seinale.

Iker mendizaleen artean Coll d'Aresten. Argazkian indikazio postea ikusi daiteke.


Coll d'Arestetik aurrera, mendebal-ipar mendebalde norantza duen zeharkaldi luze bat egin genuen Barranc de Sotlloraino.

Iker zeharkaldiaren hasieran.


Zeharkaldia oso gora-beheratsua iruditu zitzaigun, eta apenas ez genuen altuerarik irabazi. Bidea, orain arte bezela, erraz jarraitu genuen oso zapaldua dago eta.

Barranc de Sotllora eramango gaituen zeharkaldian, aurrean Pic de Sotllo.


Bideak ipar ekialderunzko norantza hartzen hasi zenean gure azpian Barranc de Sotllo azaldu zen. "Joer, ikustezu nun dijon bidea?" Esan zidan Ikerrek errekaren ondoan zihoan bidexka seinalatuz. "Ba horruntzaño iristeko dexente jatsi beharko deu" esan  nion.

Eta hala izan zen. Errekaraino iristeko ia 50 metro desnibel jaitsi behar izan genuen. Jaitsieran 7-8 metro inguruko destrepe ezeroso bat egin genuen, ez oso zaila baina bai irristakorra. Guk puntu honetan katiatuta gelditu ziren bi mendizale pasa genituen.

Barranc de Sotllo gure azpian eta jarraitu behar den bidea.


Behin errekaren mailara iristerakoan (goizeko 07:20ak), erreka gurutzatzen duen zubi bat zeharkatu genuen. Aterpetik honaino 55 minutu pasa genituen.

Iker zubira iristen.


Zubia zeharkatu ondoren bideak ipar norantza hartu eta hemendik aurrera bidea gozo-gozo eta ederra bihurtu zen, Pla de la Socalma deituriko aran zabala zeharkatuz.

Pla de la Socalman.


Bidea errekaren ezkerretik doa denbora osoan, ur jauzien hots lasaigarrien artean .



Pla de la Socalma atzean utzi ondoren, "koxka" bat igo eta beste aran zabal batean sartu ginen: Pla  de Canalbona, beste leku batzuetan Plans de Sotllo bezela ere izendatzen dena.

Iker Plan de Canalbonaren hasieran.



Bigarren aran hau zingiratsua da, hainbat lekuetan, belar artean ur dexente topatuz, botak bustiz jarraitu genuen.Pla de Canalbona atzean utzi ondoren, beste "koxka" bat igo eta Estany de Sotllo ibonera iritsi ginen.

08:02, Estany de Sotllo, 2392 metro. Ibon hau bere mendebaldetik zeharkatu genuen. Zeharkaldian bi bide topatu genituen: bat ibonetik gertu eta bestea gorago zihoana. Bata edo bestea jarraitzea berdin diola jaitsieran konturatu ginen. Guk igoeran goikoa eta jaitsieran behekoa jarraitu genuen.

Estany de Sottlo.



Zeharkaldiaren amaieran Coma de Sotllo-tik jaisten den erreka zeharkatu genuen. "Eskerrak botak ekarri ditteun" pentsatu nuen uretan satu nituenean.

Coma de Sotllotik datorren erreka zeharkatzen eta hemendik aurrera jarraitutako bidea.



Behin Estany de Sotllo atzean utzi ondoren amildegia hestutu eta erreka gurutzatzen duen egurrezko zubi hautsi bat topatu genuen. "Ta oain?" Ikerrek, "bueno, gorago jarraitu eta pasatzeko lekuren bat topauko deu" erantzun nion. Zubitik 50 metro inguru gorago igota erreka zeharkatzeko leku bat topatu genuen. Badaezpada, bakarren batek leku honetan ohol bat botata zuen zeharkaldia nolabait erraztuz.

Erreka zeharkatu ondoren, aldapatxo bat igo eta Estany d'Estats ibonera iritsi ginen.

Estany d'Estats ibonaren aurretik dagoen maldatxoaren azpian.


08:35, Estany d'Estats, 2470 metro. "Zemuz?" Galdetu nion anaiari, "oso frexko" erantzun zidan. Hemen, nahiz eta indartsu egon, eguneko lehen atsedenalditxoa hartzea erabaki genuen.

Hemendik gora Pica d'Estats mendira doan ohiko bidea (Port de Sotllotik doana) jarraitzeko erreka berriro ere gurutzatu eta dagoen bide bakarra jarraitzea besterik ez da. Hau izango zen jaitsieran jarraituko genuen bidea.


Estany d'Estats. Paraje hau izugarri gustatu zitzaigun.


Atsedenalditxoaren ondoren, gure ibilbidearekin jarraitzeko, Pica D'Estats mendira doan ohiko bidea utzi, Estany d'Estats bere hegoaldetik inguratu, eta honen ekialdean dagoen malda harritsua igotzen hasi ginen, denbora osoan gainean ikusten genuen ur-jauzitxo bat erreferentzi bezela hartuz.

Maldaren hasieran eta gutxi gora behera jarraitu genuen bidea.


Harrikaran murgilduta, denbora gutxian altuera handia irabazi genuen.


Ttirri-ttarra pixkanaka maldari metroak jan egin genizkion eta, bezperako ekaitzari eskerrak, lurra bustia zegoenez, igoera errazago egin genuen. Igoeraren hasieran hitoak maiz ikusi genituen, baina goruntz gindoazen ehinean hitoen kopurua gutxituz joan zen. Dena den, goitik datorren errekatxoa erreferentzi bezela hartuta ez dago galtzeko arriskurik.

Hainbeste gustuko dugun lekuan gora.


Maldaren amaierara iristear ginela, errekatxoa gurutzatu eta honen ezkerretik (igoeraren norantzan) azken metroak egin genituen, Estany gelat de la conca gelada ibon izoztura iritsiz.

Maldaren amaieran eta hemendik gora jarraitutako bidea.


Gure ezkerrean (ipar-ipar mendebaldean), igoera osoan Pic de Sotllo mendia zelatari izan genuen.



09:20, Estany gelat de la conca gelada, 2650 metro. Ibon erdi izoztua bere ezkerretik (igoerako norantzan) inguratu eta goruntz jarraitu genuen.

Estany gelat de la conca geladan, atzean inguruko mendi ikusgarriak ikusi daitezke.


Hemendik gora, bideak ipar ekialdeko norantza hartzen du, amildegitxo batean sartuz. Hemen topatu genuen beharbada eguneko zailtasunik handiena: amildegitxo osoa estaltzen zuen elurtegi bat. Hasieran elurra ahalik eta gehien ekiditen saiatu ginen, oraindik oso gogor zegoen eta. Baina azkenean erabaki bat hartu beharrean izan ginen: Kranpoiak jantzi eta elurtegitik igo, edota elurtegi eta amildegiaren ezkerreko (igoerako norantzan) hormatik igo. Bitan pentsatu gabe, errazago izango zelakoan, bigarren aukera hartu genuen.

Lehenik elurtegia kontu handiz zeharkatu eta amildegiaren ezkerretik doan hormatik gora igotzen hasi ginen.

Elurtegiaren amaierara piano-piano iristen.


Nahiz eta nik horma deitu. ez da inongo momentuan eskalatu behar. Egia esan ez ginen batere damutu erabaki hau hartu izanaz eta, elurtegia erreferentzi bezela hartuz eta gure eskuinean utziz, metroak erraz irabazi genituen lepo batera iritsi ginen arte.

Nahiz eta elurtegirik ez izan, ni hemendik igotzea gomendatuko nuke, bidean horrenbesteko harri askerik ez dago eta.

Iker elurtegia azpian duela.


Lepora iristen.


Behin lepoan, ezkerreruntz (igoerako norantzan) apenas altuerarik irabazi gabe hartu eta Collet de L'Estanyol lepora iritsi ginen.

Lepoa atzean utzi ondoren. Collet de L'Estanyol arte egin genuen bidea margotu dut.



10:05, Collet de L'Estanyol, 2890 metro. Bertan dagoen harrizko hito eta poste antzeko egurrera iritsi eta bestaldera pasa ginenean, gure aurrean izugarrizko parajea zabaldu zen: gure azpian Estanyet de la conca gelada ibona, Kataluniako altuena, eta parean egunean igoko genituen ia hirumilako guztien ikusmira ikusgarria.  "Ostia, hau akojonantea da", esan nion anaiari.

Collet de L'Estanyoltik dugun parajea.


Hemendik aurrera, metro batzuk galdu ondoren, nahiko ondo zapalduta dagoen bidexka bat jarraitu genuen, Estanyet ibona bere eskuinetik (igoerako norantzan) inguratu eta Port de Riufred leporaino. Hemen bidexka utzi eta poliki-poliki eguneko lehen hirumilakora eramango gintuen malda harritsua igotzen hasi ginen.

Pic Rodó de Canalbonara doan maldaren hasieran.


Atzean Estanyet de la conca gelada ibona azkar gelditzen da.



Uste baino azkarrago, harrituta, Pic Rodó de Canalbona mendiaren gailurrean dagoen hitora iritsi ginen.

Pic Rodó de Canalbonara mendiaren gailurrean dagoen hitora iristen.



10:25, Pic Rodó de Canalbona, 3005 metro. Hasiera batean zalantzan izan ginen gailurrean geunden hala ez, GPS-ak 2995 metro adierazten zituen eta, baina pixkanaka metroek gora egin eta 3004 metro markatu zituen. "Oaingoz ondo goaz, ezta?" Galdetu nion anaiari "Abiadura hontan errazegi" erantzun zidan.

Dirudienez izena Estany d'Estats ibonetik ikusita duen itsura borobilduari zor dio.

Pic Rodó de Canalbonan, 3005 metro.



Hemendik Punta Gabarró mendira igotzeko bi aukera genituela bagenekien: lehenengoa (beharbada ikusgarri eta politena), bi mendien arteko ertza jarraitzea. Bigarren aukera (ez hain polita baina bai azkarragoa, nahiz eta horrenbesteko denbora ere ez irabazi), ertzaren ezkerretik (igoerako norantzan) bidexka bat Pica d'Estats eta Punta Gabarró mendien arteko leporaino jarraitzea da, hemendik Punta Gabarró mendira igotzeko.

Arratsalderako ekaitz arriskua iragarrita zegoenez, denbora dexente irabaziko genuelakoan bigarren aukera hartu genuen.

Pic Rodó de Canalbona menditik egindako argazki honetan guk jarraitutako bidea margotu dut.


Pic Rodó de Canalbona mendiaren ertzatik jaitsi eta ongi zapaldutako bidexka jarraitzen hasi ginen.

Iker atzean Pic Rodó de Canalbona mendia duela.



Bidexkak ez dauka misterio handirik eta erraz jarraitzen da. Punta Gabarró mendiaren gailurra gure eskuinean (ipar ekialdean) dugunean, bidexka ez da hain argia, baina nahiko erraz jarraitu genuen Pica D'Estats eta Punta Gabarró mendien arteko leporaino.

Eta lepora iristear geundela eguneko ezusteko atsegina hartu genuen: Pica D'Estats menditik behera bi korrikalari kataluniar zetozen. Gurekin solasalditxoan ari zirela, Enric-ek  esan zigun bere lagun Joan Pica D'Estats mendira doan ertzan ez aurrera eta ez atzera gelditu eta azkenean amore eman behar izan zuela. Hiruon laguntzarekin beste saialditxo bat egiteko animatzen hasi eta nahiz eta hasieran ezezkoa esan azkenean bigarren saiakeratxo bat egingo zuela esan zigun. "Bi euskaldunekin ziur igoko zarela" animatu zuen behin eta berriz Enric-ek.

Baina Iker eta biok oraindik Punta Gabarró mendia igo beharra genuen. Honetarako motxilak bi mendien arteko lepoan utzi eta motxilarik gabe arin-arin, inongo zailtasunik gabe, Punta Gabarró mendiaren gailurrera iritsi ginen.

Punta Gabarró mendiaren ertzaren azken metroetan.



10:55, Punta Gabarró, 3114 metro. Bertara iritsi, argazki batzuk egin eta azkar-azkar lepora itzuli ginen.

Punta Gabarró mendian, 3114 metro.


Punta Gabarró menditik Pica D'Estats eta Montcalm mendietara eginiko argazkia. Argazkian Cap de la coma de Riufred hirumilako "ez ofiziala" ere ikusi daiteke.


Pica D'Estats Punta Gabarró menditik. Karratuaren barruan ertzak duen zatirik teknikoena non dagoen adierazi dut. Hemendik ikusita, ertzak izugarrizko zailtasuna duela dirudi.


Lepora iritsi, trasteak jaso, azkar-azkar gel bat hartu, eta aurreruntz jarraitu genuen Enric eta Joanekin batera.

Lepoa utzi eta berehala hormatxo motz eta erraz bat igo genuen ertzaren gainera pasatuz eta hemendik jarraituz 3 metro inguruko horma baten azpira iritsi ginen. Horma hau da deskribapen gehienetan azaltzen den 3 metro inguruko horma bertikal famatua. Zuzen igoz gero II+ edo IIIko zailtasuna dauka eta ertz-ertzatik igotzen da. Hemen izan zen Joan ez atzera ez aurrera gelditu zen lekua.

Beste deskribapen batean irakurria nuen horma hau bere ezkerretik (hegoaldetik) II+ zailtasuneko hormatxo bat eskalatuz ekidin zitekela eta bitan pentsatu gabe, Joani bidea aldatuz igotzea errazago egingo zitzaiolakoan ezkerretik igotzen hasi nintzen.

Horma bertikala (argazkiaren eskuinean) eta horma ekiditeko jarraitu genuen bidea.


Ageriako zeharkalditxo baten ondoren, oin nahiz eskuentzat heldulekuak non-nahi topatu nituen eta pixkanaka, erraz, metroak eskalatzen joan nintzen. Nire atzetik Joan zihoan, eta pausu bat eman aurretik, eskuak eta oinak non jarri adierazten joan nintzen. Bere atzetik Enric erraztasun osoz igo zuen, Joani animoak behin eta berriz emanez.

Zailtasun guztiak amaituta, kontu handiz, pixkanaka Pica D'Estats mendiaren gailurrera hurbiltzen joan ginen.

Azkenean, nahiz eta iztar eta hankak harkaitzen "erasoagatik" urratuta izan, Joan bere helburu eta ametsa bete zuen. "Euskaldunak zaretelako, bestela oraintxe bertan negarrez hasiko nintzen" esan zigun. "Negar egin nahi bazu, gugatik lasai bota motel, horixe bakarrik falta gendun" erantzun genion. Azken metroetan Joanek Enric Kataluniako alpinista handi bat zela kontatu zigun, hainbat zortzimilako igotakoa, aurten Ferran Latorre alpinista kataluniarrarekin batera Makalura saiakera bat eginikoa eta Mont Blanc-eko ultratrail famatua 24 orduetatik jaitsi zuen lehen korrikalaria. "Tipo hau edozein etzenaren itsura hartuta diot ba" bota zidan Ikerrek, "bai" erantzun nion "egie esan terreno hontan oso erraz aittu da".

Iker Pica D'Estats mendiaren azken metroetan, bideo kamara eskutan duela.



Bideo hontan Ikerrek ertzan grabatutako bideoaren laburpena ikusteko aukera duzue.




Atzera begirada. Pic Rodó de Canalbona menditik honaino gutxi gora behera jarraitutako bidea margotu dut.




11:15, Pica D'Estats, 3143 metro. Laurok elkar besarkatu eta elkar zorion eta eskerrak eman ondoren, Ikerrek grabatutako bideoa elkarbanatzeko telefono zenbaki eta posta elektronikoak trukatu eta zortea opatuz bakoitzak bere bideari ekin zion.

Pica D'Estats mendian, 3143 metro. Argazkian Enric eta Joan (bizkarrez) ikusi daitezke.


Kurioso eta harrigarria bada ere, gailurrean izan ginen denboran ez genuen inor topatu. Mendizale taldeak hurbiltzen hasten zirela ikusi genuenean, lasaiago jaisteko, ibilbidearekin jarraitu genuen.

Pica D'Estats eta Pic de Verdaguer (hurrengo hirumilakoa) mendien arteko bidean misterio handirik ez genuen topatu. Bi mendien arteko lepoan dagoen vivac batean motxilak utzi eta inongo zailtasunik gabe Pic de Verdaguer mendiaren gailurrera iritsi ginen.

Pica D'Estats menditik behera eta Pic de Verdaguer mendiraino doan ertza erraza.



11:30, Pic de Verdaguer, 3133 metro. Gailurrean argazki batzuk egin eta lepora itzuli ginen eguneko bigarren atsedenaldi "ofiziala" egiteko.

Pic de Verdaguer mendian, 3133 metro.


Pic de Verdaguer menditik behera. Motxilak mendizaleak ikusten diren lepoan utzi genituen. Argazkian hemendik behera jarraitu genuen bidea margotu dut.


Botak kendu, oinak aireztatu, galtzak motzak jantzi, eguzkitako krema eman eta zerbait jan eta edan ondoren, ordu laurdeneko atsedenaren ondoren, berriro ere martxan jarri ginen.

Bidearen erdian elurtegi bat zegoenez, honen eskuinetik (ibilbidearen norantzan) jaitsi egin ginen. Pic de Verdaguer eta Montcalm mendien bidea oso ongi zapaldua dago eta ez dago galtzeko arriskurik.

Cap de la coma de Riufred mendira igotzeko, guk atsedena egindako lepotik behera jaitsitako maldaren ondoren, zuzen jarraitu genuen Montcalm mendira doan bidea gure ezkerrera utziz.

Pic de Verdaguer menditik behera eta Cap de la coma de Riufred mendiraino jarraitutako bidea.


12:00, Cap de la coma de Riufred, 3041 metro. Ofiziala ez den hirumilako honetan argazki batzuk egin eta Montcalm mendiruntz jarraitu genuen.

Cap de la coma de Riufred mendiaren gailurrean, 3041 metro.



Cap de la coma de Riufred mendiaren gailurra eta Pida D'Estats menditik honaino jarraitutako bidea.



Montcalm mendira igotzeko, Cap de la coma de Riufred mendiaren ertza Coll de Riufred leporaino jarraitu genuen.

Cap de la coma de Riufred menditik behera eta Coll de Riufred lepotik Montcalm mendira jarraitutako bidea.


Coll de Riufred lepoan, jakinda berriro ere hemendik pasa behar genuela, motxilak utzi eta pisurik gabe, galtzeko arriskurik ez duen bide zapaldua jarraituz, Montcalm mendia igo genuen.

Montcalm mendiaren igoeran. Nahiz eta harri asko ikusi, igoera gozoa egiten da, bidea oso zapaldua dago eta.


Gogorra ez den aldapa baten ondoren, Montcalm mendiaren gailurrak sortzen duen goi-lautada antzekora iritsi ginen, honen amaieran gailurra topatuz.

Azken metroetan...


12:20, Montcalm, 3077 metro. Hemen ere ez genuen denbora luzean izan. Gailurrean zegoen korrikalari frantses bati gailurreko argazkia egiteko eskatu, beste pare bat argazki atera eta beheruntz jo genuen.

Montcalm mendiaren gailurrean, 3077 metro.


Montcalm menditik Pica D'Estats mendiruntz egindako argazki honetan gaur igo eta igoko genituen ia mendi guztiak ikusi daitezke.



Col de Riufred lepora itzuli, motxilak jaso eta azkeneko hirumilakoen bila abiatu ginen. Riufred lepotik behera, Pica D'Estats mendira hegoaldetik doan ohiko bidea jarraitu besterik ez genuen egin. Port de Sotllo lepora iritsi aurretik urte osoa irauten duen elurtegi bat izaten dela bagenekien eta Riufred lepotik behera elurtegi handi bat zegoela aprobetsatuz, kranpoiak eta pioleta atera genituen hemendik behera azkarrago jaisteko.

Iker Col de Riufred lepotik behera.



Kranpoi eta pioletaren laguntzarekin jaitsiera arin-arin egin genuen Etang de la Cometa D'Estats arte. Hemen bideak ezkerrera (hegoaldera) hartzen du pixkanaka-pixkanaka Port de Sotllora igoz. Puntu honetan ia urte osoan irauten duen elurtegia topatu genuen. Hasieran zeharkaldi horizontal bat egin behar da altuera pixkat irabaziz.

Ni zeharkaldiaren hasieran.



Zeharkaldian oso mantxo zihoan mendizale talde handi batekin topo egin genuen. Ia gehienak kranpoirekin zihoazen (bat erraketekin zihoan) baina ez genuen pioletarekin inor ikusi, horrek dakarren arriskuaz jabetu gabe. Batzuek kranpoiekin zuten trebezi falta ikusi genuenean, edozein momentuan istripuren bat izan zitekenaren beldurrez, talde osoa aurreratzea erabaki genuen. Taldearen ezkerrean 8-10 metroko distantzi utzi eta aurreratu genituen, batzuen begirada zorrotzen artean. Beharbada ez da mendian ibiltzeko modurik txukunena izango, horregatik bakarren bat minduta sentitu bazen barkamena eskatzen diot.

Zeharkaldiaren ondoren, elurtegiaren bi errimaien artean egin beharreko pausu delikatu bat topatu genuen. Pausua ez zen zaila, baina bai kontu handiz ibili beharrekoa, batez ere elurra ordu honetan oso gogorra ez zegoen eta.

Iker pausu delikatuan.



Pausuaren ondoren. elurtegiaren zeharkaldiarekin amaitu eta harrikara batean metro batzuk egin ondoren, Port de Sotllora eramango gintuen beste elurtegi batean sartu ginen. Oraingoan, elurtegia nahiko gora zihoala ikusita, Port de Sotllo bertaraino joatea baino, elurtegiaren amaieraino joatea erabaki genuen, modu honetan kranpoiak ahalik eta gehien aprobetsatuz.

Argazki honetan Port de Sotllora daraman elurtegian (ezkerrean) eginiko zeharkalditxoa eta Sotllo mendiaren gailurreraino jarraitu genuen bidea margotu dut



Sotllo menditik egindako argazki honetan Montcalm menditik jarraitu genuen bidea margotu dut. urdinez, Port de Sotllora jarraitu genuen bidea.



Elurtegia amaitzen zen lekuan kranpoi, piolet eta motxilak utzi eta makuluak hartzea erabaki genuen. Deskribapen gehienetan igoera nekeza eta harri soltez betea dela irakurrita genuenez, igoera lasai hartzea pentsatu genuen, igoeraz ahalik eta gehien disfrutatuz.

Igoeran bi elurtegi topatu genituen, eta kranpoirik hartu ez genuenez, biak inguratu genituen, behekoa bere eskuinetik eta goikoa bere ezkerretik.

Igoerako bidea. Bi elurtegiak argi ikusi daitezke.


Poliki-poliki, arnasa lasia hartuz, maldari metroak irabazten joan ginen tarteta hitoren bat edo beste edota bidexka arrastoak jarraituz.

Iker Sotlloren igoeran, atzeko paisaia zoragarria da.



Azken metroetan harri eta harkaitzaren kalitatea dexente hobetzen da eta konturatzerako gailurrera iritsi ginen.

13:37, Pic de Sotllo, 3073 metro. Ikerri argazkitxo bat atera eta iparreko Sotlloraino jarraitu genuen.

Iker Pic de Sotllo mendian, 3073 metro.



Iparreko Sotllora iristeko bi mendien arteko ertza jarraitzea besterik ez da. Ertzan ez genuen inongo zailtasunik topatu: bi mendien arteko lepora destrepetxo erraz bat egin genuen eta gero hemendik gora zuzen jarraitu genuen inongo zailtasunik gabe.

Iparreko Pic de Sotllo Pic de Sotllo menditik.



13:42, Iparreko Pic de Sotllo, 3058 metro. Emozioz betea eta begietatik malkotxoren bat edo beste ihesi nahian eguneko azken hirumilakoa igo genuen.

Bideo honetan iparreko Sotllora egindako igoera ikusteko aukera duzue.



Iparreko Pic de Sotllo mendian, 3058 metro.


Iker gailurrera iritsi zenean, bion argazkia egin eta ikusmiraz gozatzeko aukera izan genuen Pic de Sotllo mendira itzuli aurretik.


Bi anaiak Iparreko Sotllo mendiaren gailurrean.


 
Itzultzeko, ertza bertatik baino ertzaren ezkerretik (ibilbidearen norantzan) itzuli ginen, eta egia esan, bide hau askoz errazagoa iruditu zitzaigun, inongo momentuan eskuak erabili gabe.

13:53, Pic de Sotllo, 3073 metro. Oraingoan bai, bion argazki "ofiziala" egin eta igotako zortzi hirumilakoez gozatzen hasi ginen.

Pic de Sotllo mendian, 3073 metro.


Pic de Sotllo menditik ekialdera dagoen ikusmira zoragarria da.


Igotako bide bera jaisteko jarraitu eta motxiletara iritsi ginenean beste atsedenalditxo bat egin genuen, jan, edan eta eguzkitarako krema emateko.

Atsedenalditxoaren ondoren berriro ere kranpoiak jantzi eta elurtegiaren goiko aldetik, leku batzuetan errimaiatik gertu, Port de Sotllo lepora jaitsi ginen.

Elurtegia berriro ere zeharkatzen. Port de Sotlloraino egindako bidea margotu dut.



14:20, Port de Sotllo, 2893 metro. Hemendik behera, Pica D'Estats mendira doan ohiko bidea besterik ez genuen jarraitu, eta zein ordu zen kontutan izanda, aurretik zihoazen mendizaleen atzetik joatea besterik ez genuen egin, inguruko parajeaz gozatuz.

Iker Port de Sotllon. Iparreko Pic de Sotllo menditik honaino jarraitutako bidea margotu dut.



Jaitsieran, badaezpada, kranpoiak eskuan eramatea erabaki genuen, hainbat elurtegi zeharkatu behar zirela ikusi ondoren, Erabakia zuzena izan zen, jaitsiera dexente erraztuz.

Port de Sotllotik behera. Hemendik aurrera bideak galtzeko arriskurik ez dauka.


Azken elurtegia zeharkatu genuenean kranpoi eta pioletak gordetzeko denbora hartu, motxilak berregin eta beheruntz jarraitu genuen.

Azken elurtegia atzean utzi ondoren dagoen harrikara jaisten.


Oso ondo zapaldutako bidea zeharkatzen duen harrikararen ondoren berriro belardietara itzuli ginen.


Izugarria izan zen zenbat mendizale ikusi genuen jaitsieran, Txindokin asteburu batean topatu daiteken moduan. Eguneko igoeraz eta indarrez zein ongi gindoazen hizketan ari ginela, ia konturatu gabe Estany D'Estats ibonera iritsi ginen.

15:13, Estany d'Estats, 2470 metro. Ibona oraingoan bere mendebaldetik inguratu eta gelditu gabe jarraitu genuen.

Estany D'Estats ibonera iristen.


Elurrak botatako zubiaren parean.



Hemengo parajeek bisita bat merezi dute.


Jaitsieran bidea erraz eta arinago egiten da, eta konturatzerako Estany de Sotllo ibonera iritsi ginen.



15:30, Estany de Sotllo, 2392 metro. Oraingoan ibonetik gertuen doan bidea jarraitu genuen, eta egia esan, goitik doana baino erosoago iruditu zitzaigun.

Estany de Sotllo inguratzen.


Estany de Sotllotik behera. Azpian Pla de Canalbona haran urtsua ikusi daiteke.


Pla de la Socalma atzean utzi ondoren, Coll d'Arestera eramango gintuen zeharkaldia ikusi daiteke.


Azkenean, hamar ordu eta hogei minutuetako ibilbidearen ondoren, indarrez ustez baino askoz hobe,  Vallferrera aterpera iritsi ginen.

16:45, Vallferrera aterpea, 1840 metro. Aterpeko zaindariari dena ongi irten zitzaigula esan, bidea eta Pica D'Estats mendira doan ertza lehor eta izotzik gabe dagoela esan eta La Molinassa aparkalekura itzuli ginen.

Vallferrera aterpera iristen.


Aterpeko zaindariari ibilbidearen "txostena" pasatzen.


Kotxera harrituta iritsi ginen: "Notatzea entrenamentua, kriston ondo allau naiz" esan zidan anaiak "nik oinazpik pixkat egosita baña primeran" erantzun nion.

Kotxea hartu eta Alins herrian dagoen , Saloria Hotelera joan ginen bertan dutxa bero bat hartu, garagardo pare bat edan, bapo afaldu eta, hurrengo egunean, etxera atseden hartuta itzuliz.


Amaitzeko, Ikerrek ibilbidearen inguruan eginiko bideoa uzten dizuet, espero dut gustuko izatea.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina