AZKEN 10 SARRERAK

2014/05/21

PICOS DEL INFIERNO: IPAR KORRIDOREA, 200m, D-

Bizitzak eskeintzen dizkigun aukeren aurrean pauso bat aurrera eman behar dela pentsatzen dut. Azken finean gure aurretik pasatzen den segundu bakoitza itzuliko ez den segundua da, eta gure bizitza ez da hain luzea segunduak alperrik ihes egiten uzteko. Hau dela eta, joan den astelehenean Josuk MAT taldean Picos del Infiernoetako ipar korridorea egitea proposatu zuenean ez nuen bitan pentsatu.

Aurten anaia eta biok Josu eta Asierrekin eskalatutakok metroak eskasak genituen eta laurok zerbait egiteko gogoz geunden. Gainera ia urtebete bazen Piriniotara itzultzen ez nintzela eta udaberriak azken elurrak eraman aurretik korridoreren bat egiteko irrikitan nengoen.

Hurrengo bi egunetan, honelakoetan gertatzen den bezela, etxean ditudan liburuetan eta interneten korridorearen inguruko informazio bila hasi nintzen. Interneteko ohiko legez, denetatik irakurri nuen: "IV+ mixtoko irteera konplexua", "III+ zailtasuneko irteera erraza", "korridorearen sarreran 75º etako igoera gogorra", "korridorearen sarreran 50 graduetako maldatxoa", etab. Argi gelditu zitzaidan gauza bakarra  zailtasunak hasieran eta amaieran topatuko genituela izan zen, erdi bidean zer topatuko genuenaren inguruan inorrek ez baitzion garrantzirik ematen.

Plana erraza zen: ostiral arratsaldean etxetik abiatu, Panticosaraino joan, Ibones de Bachimaña aterperaino igo, han afaldu eta lo egin, eta goiz gosaldu ondoren korridorea egin.

EGINDAKO BIDEA

Goian aipatu bezela, ibilbidea bi egunetan banatu genuen: Lehen egunean Ibones de Bachimaña aterperaino igo ginen, eta bigarrenean, aterpetik atera, korridorea igo, eta Picos del Infiernoetako hegoaldeko korridoretik jaitsi ondoren Panticosako Balnearioraino jaitsi ginen Pondiellos lepoa zeharkatu ondoren. Ibilbide hau egun berean ere egin daiteke, guk egin genuen ibilbideari ordu t'erdi batuz. Guk nahiago izan genuen ostiralean igo ordu t'erdi gehiago lo egiteko, jejeje.

Picos del Infiernoetako ipar korridorea Erdialdeko eta Hegoekialdeko Infiernoen artean dago. Korridore hau lehen aldiz nork igo zuen ez dago argi eta nahiz eta deskribapen batzuetan P. Acuña eta S. Rivas-ek 1956ko uztailean igo zutela esan, bi mendizale hauek ez zuten korridore hau igo, ipar aurpegia baizik.

Korridoreetan gertatzen den bezela, zailtasun aldakorrekoa da, elur eta izotzaren menpe baitago. Nire deskribapena guk topatu genuen egoeraren menpe egingo dut, baina kontutan izan behar da egoera hobea edota okerragoa izan dezakela.

Korridorearen krokisa guk egin eta topatu genuen bezela. Nahiz eta guk 0 bilgunea sarreran dagoen harkaitz blokearen ondoren egin, eskalatzaile askok nik "bilgune posiblea" jarri dudan lekuan egiten dute.



Zailtasun handienak lehen luzeko goulotte izoztuan eta korridorearen irteeran topatu genituen eta orokorrean ez zitzaigun korridore zaila iruditu, baina bai kontuz ibili beharrekoa, batez ere irteeran, honelako lekuetan mendiak ez baitu ezer oparitzen. Guztira, hiru luzeetan eskalatu genuen.

ERAMANDAKO MATERIALA

Kordada bakoitzeko 60 metroetako soka bat, hiru iltze, alien semaforoa, lincam hori eta gorria, dozena erdi bat express zinta, baga eta izotz torloju batzuk eta bi elur-hesola. Honetaz aparte, kaskoa, arnesa, kranpoiak eta bi pioletak, noski.

DESKRIBAPENA

Aterpera iritsi ginenean (ordu t'erdi eskas Panticosako Balneariotik), aterpeko zaindariak albiste kaxkar bat eman zigun: "el corredor está seco, no sé si podréis hacer algo". Gosez geundenez, afariko postrera iritsi arte (portzierto afaria mundiala izan zen, kaneloi, entsalada, solomoak saltsan eta yogurrarekin) ez ginen zaindariak esan zigunarekin ohartu eta alternatiba baten bila hasi ginen. Ondoko mahaian korridore bera egiteko asmoa zuten gida bat eta bere bi klienteak zeuden, baina hauek ere, zaindariak esandakoaren ondoren, zalantzaz beteak zeuden.

Bata besteari hurrengo egunean zer egingo genuen eta erabaki bat hartu gabe, lo egitera joan ginen.

Goizean, gosaldu ondoren gidari zer egin behar zuten galdetu genion: "nosotros vamos a la norte de los infiernos" erantzun zigun. Elkarri begiratu eta azkenean gu ere leku berera joango ginela erabaki genuen: "igotzeik ez badau, sikiera Infiernok bide normaletik igoko ditteu" esan zuen Josuk.

06:45, Ibones de Bachimaña aterpea, 2200 metro. Gida eta bi klienteak urrun genituela, zeru garbi eta hotz baten azpian martxan jarri ginen. Bideak galtzeko arrisku handirik ez dauka, GR-11 bidea jarraitzea besterik ez da, Infiernoetako ohiko bidea jarraituko bagenu bezela.

Ibones de Bachimaña aterpea utzi ondoren.


Beheko Bachimaña ibonean dagoen pasabidea zeharkatzen. Ibonean dagoen izotza pixkanaka urtzen ari da.


Lehen metroetan, GR-11 bidea jarraitzeak zailtasun handirik ez dauka.


Aterpeari azken begiradatxoa.


Goiko Bachimaña ibonera iristen.


Goiko Bachimaña ibonatik gora elurra etengabe topatu genuen. Gauean egindako hotzak ederki gogortuta zuen elurra, baina hala ere, zegoen arrasto garbia ikusita, kranpoirik ez jartzea erabaki genuen.

Argazkian dagoeneko Piedrafita mendia eguzkitan. Aurten mendi honetan Nefropatia korridorea ez dela sortu esan zigun aterpeko zaindariak.


Atzera begirada, eguzkia eta beroak pixkanaka mendiei jantzi zuria kentzen ari zaie.


Piedrafita mendi ikusgarria.



07:45, beheko ibon urdina, 2365 metro. Hona dagoeneko eguzkiaren epeltasunean iritsi ginen eta atsedentxo bat egiteko ere aprobetsatu genuen.

Josu; Iker eta Asier Beheko ibon urdinean.


Beheko ibonetik gora aldapatxo bat igo eta di-da batean goiko ibon urdinera iritsi ginen: "Edo ibon txurira" pentsatu nuen ibon osoa izotz eta elurrez estalita zegoela ikusi ondoren.

Hemendik gora Infiernoetako lepora daraman aldapa igotzen hasi ginen. "Hor aurren dijoztenak ez al die gida eta beste bik?" Esan zuen Asierrek Infiernoetako leporuntz zihoazen hiru mendizaleri begira. "Ziur baietz" erantzun zuen Josuk. "Ba goruntz jarraitzen ai badie, korridorea ezta oso ongo eongo" bota nien.

Argazkian gorriz guk jarraitutako bidea eta urdinez Infiernoetako lepora doan bidea margotu ditut. Nahiz eta oso txiki ikusi, gida eta bi klienteak ikusi daitezke.


Eta bapatean Infiernoetako ipar korridorea gure aurrean, urrun, azaldu zen.


"Zemuz ikustezue?" Galdetu nien. "Hemendio ez da ba oso ondo ikusten" erantzun zuen Asierrek. "Hoi erraz konpontzea" esan nion. Argazki kamera atera eta ematen duen zoom guztiarekin korridoreari argazki bat atera nion. Kameraren  pantallan argazkia ikusi eta ahal izan genuen guztia handitu egin genuen. "Ba ez da hain gaizki ikusi" esan zuen Asierrek, "goiko bloke hoi pelatu xamar ikustea baña beste guztie nahiko ondo daula emateo". "Ordun ze ingodeu?" Galdetu zuen Ikerrek. "Onena korridoreraño jun ta bertan ikusi" erantzun zuen Josuk.

Bitan pentsatu gabe, harkaitz batzuen ondoan kranpoiak jantzi eta pixkanaka korridoreruntz abiatu ginen.       


Korridoreraino eraman gintuen maldan aspaldian Piriniotan eta motxila astunarekin ibili ez izana ederki somatu nuen. Goruntz edo beheruntz begiratzen nuen bakoitzean gauza guztiak distantzia berean jarraitzen zutela iruditzen zitzaidan eta korridorera sekula iritsiko ez ginelaren sentsazioa ere izan nuen momenturen batean.

Iker maldan gora. Gogorra egin zitzaigun.


Honelakoetan bakoitzak erosoen erritmoa hartu eta bere bakardadean igotzen da.


09:35, korridorearen hasiera, 2850 metro inguru. Korridorearen hasieran dagoen harkaitz bloke famatua ia osorik estalita eta bertako elurra gogor-gogorra zegoela ikusita blokea igo (55º inguru) eta honen ondoren bilgunea egitea pentsatu genuen.

Gure 0 bilgunerako elur-hesola bat eta bi pioletak jarri genituen. Iker iristen zen bitartean, Asier eta bion artean kordada baterako material guztia genuela ikusita, hoztu aurretik goruntz hastea erabaki genuen.

Lehen luzea, 50 metro, 65º. Elur gogorrezko 55º inguruko malda baten ondoren 60-65º gradu inguruko izotzezko goulotte batera iritsi ginen. Goulotte-aren azpian 2ko Camalot bat jarri ondoren Asier goruntz jarraitu zuen.

Asier Camalot-a jartzen.



Kolpe ziur eta sendoekin metroak irabazten joan zen: "zemuzkoa?" Galdetu nion, "ederra!!!" Erantzun zidan.

Ia goulotte-aren amaieran izotz torloju bat sartu eta, goulotte-tik atera ondoren eskuineko horman zegoen iltzean expressa sartu ondoren goruntz jarraitu zuen, bistatik galduz. Goulotte-aren ondoren 50-55º inguruko malda bat besterik ez genuen topatu bilgunerarte. Bilgunea elur-hesola eta pioletekin ere egin zuen.

Asier goulotte-aren irteeran, iltzea zegoen lekuan.



Kristoneko luzeak egin zitzaizkigun minutuen ondoren, eta eskuak hotzengatik erabat minberatuta nituela "Reuniónnnnnnnn!!!!!!" oihukatu zuen. Luzea elegantea iruditu zitzaidan eta izotzezko goulotte-ak puntu ederra eman zion. Nire atzetik, hotzetik ihesi, Josu abiatu zen.

Josu goulotte-an, Ikerren begiradapean.


Asier lehen bilgunean.


Lehen bilgunera iritsi nintzenean eskuak oraindik ez nituen beroak, eta ia denborari galdu gabe, Asierri hiru-lau express eta friend pare bat lapurtu eta goruntz jarraitu nuen.

Bigarren luzea, 65 metro II+. Lehen bilgunea atzean utzi eta 50-55º inguruko malda bat igotzen hasi nintzen. 45 metro inguru igota nituela nire parean bigarren harkaitz blokea azaldu zen. Nahiz eta azpitik elurrik ez zuela iruditu, bere eskuinean (gorunzko norantzan) elur-izotz pixkat eta iltze bat jarrita zeudela ikusita, hemendik gora igotzea erabaki nuen (hau izan zen luze osoan jarri nuen lehen segurua): "Zenbat soka falta da?" Oihukatu nion Asierri, "15-20 metro inguru" erantzun zidan. "Bueno" pentsatu nuen, "nahikoa blokea igotzeko".

Blokearen azpian dagoen iltzean expressa sartu eta pixkanaka, ahalik eta harri gutxienak botatzeko intentzioarekin, blokeak mistoan dituen 10-15 metroak eskalatu nituen. Zailtasuna ez dut uste II+ baino gehiagokoa izango denik, baina harri aske asko topatu nuen. Blokea igo ondoren 7-10 metro ingurura lezeko bilgune famatua ikusi, eta erortzeko arriskurik ez zegoela baieztatu ondoren bilgunerantz abiatu nintzen. "Soka bukau daaaaa!!!!" Oihukatu zidan Asierrek bapatean. "Bilgunetik 5 metro ingurura nau" erantzun nion, "baleeee!!!! Ordun esanblen aterako naiz" bota zidan. Bilgunea egiteko bi aukera topatu nituen: hormaren eskuinean sapaiatik zintzilik zegoen zinta eta hormaren ezkerrean jarrita zegoen kordino zabal bat. Nik bigarren aukera hartu eta "Reunionnnnnn!!!" oihukatzearekin batera Asier gelditu egin zen. Bilgunea egiten den lekua erlaitz baten gainean dago eta oso erosoa da.

Bilgunea jarri ondoren eta Asier di-da batean iritsi zen niregana.

Bloketik irteten.


Bigarren bilgunetik ertzaraino gelditzen dena. Irteera parean ikusten den pitzaduratik gora doa ertzan elur-erlaitzik ez dagoenean. Elur-erlaitz handiak daudenean irteera ezkerretik egiten da IV+ zailtasuneko horma misto bat eskalatuz. Argazkiaren eskuinean azken luzean topatu genuen iltze bakarren lekua adierazi dut.


Solasalditxo motz baten ondoren, soberan nuen materiala Asierri pasa eta goruntz jarraitu zuen.

Hirugarren luzea, 40 metro, III+. Bueno, III+ esaten dudan lekuan IV- ere esango banu ez dut uste gehiegizkoa izango zenik.

Asier bilgunetik atera eta denbora gutxira Ikerren burua harkaitz bloketik ateratzen ikusi nuen.

Iker bloketik ateratzen.


"Zemuz?" Galdetu nion, "eskuk izoztuta dauzket" esan zidan, "ia eztittut sentitzen". Eskuineko bilgunera hurbildu eta erlaitzean eseri egin zen eskuak hala-nola berotzen saiatzen zen bitartean. Nekez "Reverso"-a bilgunean jarri eta Josu aseguratzen hasi zen.

Iker bigarren bilgunean oraindik hotz aurpegia duela.


Bitartean Asierrek goruntz jarraitu zuen.

20-25 metro 50-55º inguruko malda batetik gora igo ondoren pitzaduraren hasierara iritsi zen. Bertan 2ko Camalot-a jarri eta goruntz hasi zen. Lehen metroen ondoren, gure zorionerako, pitzadura izotzez betea topatu genuen. Bertan pioletak ederki sartu eta, Aizkorrin eskalatzen egongo bagina bezela, pioletak trakzionatuz eta eskuekin harkaitzera heutsiz metroak jaten joan zen. Badaezpada, irteeraren aurretik Alien horia sartu eta ertzaraino igo zen.

Asier pitzaduraren lehen zatia igo ondoren.



Goian fundamentuzko bilgune bat egiteko tokirik topatu ez zuenez, ertzaren bestaldera pasa eta sokaren marruskaduraren laguntzarekin luzea aseguratu zidan.

Ez dakit soka gainetik nuelako edota pioletak konfidantza handia ematen didatelako, baina luzea ez zitzaidan zaila egin. Hala ere kontu handiz ibili beharreko lekua da, batez ere bertaraino izoztuta iristen bazara.

Ertzara atera, tajuzko "Gora Euskadi"-ak bota eta elkar besarkatu genuen. "Bueno, beste klasiko bat poltsikora" esan zidan.

10:55, korridorearen amaiera. Asier eta biok pozez zoratzen geunden eta pixkanaka Iker eta Josu ere korridoretik irteten hasi ziren.

Soka askatu eta Josu eta Ikerren igoera grabatzeari eman nion.

Josu bloketik ateratzen.


Asier eta biok ertzan zoriontsu eta Josu korridorearen zaitirik zailena igotzeko prest.


Lauok azken luzean, modan jarri diran "selfi"-a eginez (bizitza guztiko autoerretratoak, alegia).


Josu arkaitz zatia hasteko prest eta Iker ezkerreko bilgunean.


Iker azken luzean.


Denak korridoretik irten ginenerako 11:20ak izan ziren.

Trasteak jaso, bertan utzi eta Hegoekialdeko Infernura igotzea proposatu nien: "gutxiñez gailur bat igo beharko deu".

Iparekialdeko Infernua, 3082 metro.


Ia urtebete bazen Piriniotako hirumilako bat ez nuela zapaltzen eta kristoneko ilusioa egin zidan.

Egiten zuen eguraldi ona eta zeru garbia aprobetsatuz, inguruko hirumilakoei argazkiak ateratzeari eman nion.

Balatius, Frondiellas aldea.


Vignemale aldea.


Gavarnie aldeko hirumilakoak.


Panticosa gainekoak.


Ordu erdi pasatxoko atsedenaren ondoren, 11:55tan itzulerako bidea hartzea erabaki genuen. Itzultzeko Picos del Infierno mendietara igotzen den hegoaldeko korridorea jaistea erabaki genuen.

Korridorearen lehen metroetan.


Korridoreak zailtasun handirik ez dauka eta 40-45º inguruan ibiliko da gehienez.

Iker korridoreare amaieran.


Korridorea jaitsi ondoren. Argazkian Pondiellos leporaino jarraitu behar den bidea margotu dut.


Pondiellos orratza eta honen atzean Garmo Negro.


Pondiellos lepora iristen.



12:20, Pondiellos lepoa, 2809 metro. Hemen ere atsedentxo bat hartu, argazki pare bat egin eta beheruntz jarraitu genuen.

Iker eta Asier Pondiellos lepoan, atzean Picos del Infierno mendietara doan hegoaldeko korridorea ikusi daiteke.


Pondiellos lepoa atzean utzi ondoren.


Eta hemendik Panticosaraino beste ordu t'erdi pasatxo pasa genuen, 14:00etan beratara iritsiz. Honelaketan gertatzen den bezela, zazpi orduetatik gora ibili ondoren, elur, mendiko bota, motxila eta bota gogorretaik kokoteraino bukatu genuen, baina gutxienez egun honetako bazkaria ederki irabazi genuen.

Amaitzeko, irteeraren bideo erreporra uzten dizuet, espero dut gustuko izatea.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina