Baina azkeneko urteotan Lizarragako mendatetik igotzeko gogoa eta arrazoi nagusia ez zen Beriainera iristeko bide berri igotzea, ibilbide honek gordeta duen altxor izkutua baizik: Euskal Herriko erdigunea. Etxetik hain gertu izanda, Euskal Herriko erdigunean izan gabe geunden. Puntu bat besterik ez dela pentsatu badezakezue ere, bertara joateak izugarrizko ilusioa egiten zidan.
Euskal Herriko mendietan badira leku majikoak. Nire ustez, puntu hau leku majikoen zerrendan egon daiteke.
Udako gure prestaketarekin jarraituz, Ikerri Lizarragako mendatetik Beriain mendiraino joatea proposatu nion: "Jun da etorri, bakarrik?" Galdetu zidan. "Bueeeeeeno, tarten hamazazpi mendi igotzeik badauzkeu" erantzun nion, "Ihurbaineraino ibilbidea luzatzen badeu".
GPS-an mendiak bata bestearen atzetik nola lotu aztertu ondoren, ibilbide "majiko" honi aurre egiteko gelditu ginen.
EGINDAKO BIDEA
Ibilbide hau modu ezberdinetara egin daiteke kilometro gehiago edo gutxiago eginez, interneten irakurri daitezken deskribapenen aldakortasuna ikustea besterik ez dago. Lizarragako mendatetik ia Beriaingo gailurreraino doan pista bat dago, bere ibilbidean ferra itsurako ibilbide bat eginez.
Gure asmoa, pista hau erreferentzi bezela hartuta, joaterakoan, pista gure ezkuinean utzi eta etortzerakoan pista ezkerrean (joateko norantzan) utziko genuen, tamaina ezberdinetako bi ferra eginez.
Joateko bidean, Lizarragako mendatean hasi eta Tunelgaña mendira igo ginen. Ondoren, Tunelgaña eta Atazabal mendien arteko ertza jarraitu, eta tartean Saratsa, Aitzorrotz, Eskalaborro eta Pagomotxeta mendiak igo genituen. Atazabal menditik Peña Blanca mendira pasa eta hemendik Beriain mendiko goi-lautadaren sarrera ireki zigun Lezizagoa edo Lezitza mendira igo ginen. Lezitzatik Euskal Herriko erdigunera jaitsi, Lizarragatik datorren pista zeharkatu, eta goi-lautadaren bestaldean (iparraldean) dagoen Amorro mendira igo ginen. Amorrotik, Beriain mendira doan ohiko bidearekin bat egin eta Beriain eta azkenik Ihurbain mendiak igo genituen.
Itzultzeko Beriain berriro igo eta Lizarragatik datorren ohiko bidea jarraitu genuen Altos de Goñi mendiraino. Hemendik Lizarragatik datorren pista gure eskuinean (ibilbideko norantzan) utziz, Arrasaundi, Elordia, Beorzulo, Tontorraundi eta Dorroketa mendiak igo genituen, pistara jaitsi eta ibilbideari amaiera emanez.
Argazki honetan eginiko ibilbidea ikusteko aukera duzue. Mapa honetan igotako mendi batzuen kokalekua ez dut uste zuzena denik.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 34 kilometro.
- Altuera minimoa: Lizarragako mendatea, 1031 metro.
- Altuera maximoa: Beriain, 1493 metro.
- Desnibel positiboa osora: 1450 metro.
- Ura: Bide osoan ez dago iturririk.
- Zailtasuna: Zailtasunik ez dauka.
- Igotako mendiak: 17.
- Guk egindako denbora: 6 ordu eta 35 minutu.
Ibilbideak duen itzal eskasagatik, udan egiten badugu merezi du oso goiz irtetzea.
Argazki honetan ibilbidearen profila ikusteko aukera duzue.
Ibilbidearen "track"-a deskargatu nahi izanez gero.
Powered by Wikiloc
DESKRIBAPENA
07:55, Lizarragako mendatea, 1031 metro. Tunela zeharkatu (gu Lizarraga herritik gora igo ginen) eta eskuinean dagoen aparkalekuan kotxea utzi genuen. Gauden garaiako zen baino freskura handiagoarekin trasteak prestatu eta martxan jarri ginen.
Trasteak prestatzen, atzean eguneko lehen mendia ikusi daiteke.
Hasteko prest, argazkian tunela ikusi daiteke, eta bertatik datorren NA-120 errepidea. Gorriz, jarraitutako bidea margotu dut.
NA-120 errepidea zeharkatu eta harrizko pista bat jarraitu genuen, metro batzuetan jarraitu ondoren Lizarraga bertatik datorren zementuzko pista batekin bat eginez.
Pistaren lehen metroetan, azpian aparkalekua eta Lizarragako mendatean dagoen kantera ikusi daitezke.
Zementuzko pistarekin bategin ondoren, gure eskuinean itxita dagoen sima bat utzi genuen. Bertatik dagoeneko Tunelgaña mendia ikusten zenez edo, pausua arindu, eta azkar-azkar maldan gora hasi ginen.
Zementuzko pistarekin bategin eta gero. Argazkian Sima, Tunelgaña eta Beriain mendiak non dauden ikusi daitezke.
Ez genituen metro asko igoko, 200- 250 inguru, baina maldaren amaierara arnas-hestuka iritsi ginen. "Ez al gara gora etorri?" Esan nion anaiari. "Ba bai" erantzun zidan "hemendio aurrera lasaiago ibili beharko deu, bestelaaaa...". Malda amaitzen den lekuan zementuzko pista desagertu eta harrizko pista bihurtzen da berriro ere. Guk puntu honetan pista utzi eta iparralderuntz hartu genuen.
Iker pista utzi genuen lekuan eta Tunelgaña mendiraino egin genuen bidea.
08:06, Tunelgaña, 1146 metro. Bost minutuetako igoeraren ondoren, Tunelgañaren gailurrera iritsi ginen. "Ostia, mendi hau ikusgarrie da benetan!!!" Esan zuen Ikerrek. "Ba, bai" erantzun nion aurretik genuen ertz ikusgarriari begira.
Iker Tunelgañaren gailurrean.
Tunelgañan, 1146 metro.
Hemendik aurrera, ia denbora osoan amildegitik gertuen mantentzen saiatu ginen, leku ikusgarri honetatik ahalik eta gehien disfrutatuz.
Tunelgaña mendia atzean utzi ondoren. Lekua erabat ikusgarria da. Atzean Saratsa mendia ikusi daiteke.
08:15, Saratsa, 1173 metro. Ertzatik hain gertu joateak ez zigun bidea erraztu eta harkaitzetik-harkaitzera erdi saltoka metroak irabazi genituen, oinez edota korrika ibiltzeko bide eroso bat topatu gabe. Saratsa mendiaren gailurrean dagoen kohete itsurako buzoiak, Murumendin dagoena gogoratu zigun.
Iker Saratsa mendiaren gailurrean.
Argazki batzuk atera eta aurreruntz jarraitu genuen gure hurrengo mendiaren bila: Aitzorrotz. Bidea egin eta gero esan beharra daukat mendi honetara igotzeko biderik azkarrena pistara jaitsi eta bertatik joatea dela, ertzatik edota ertzatik gertu jarraituz gero, ez baitugu ibiltzeko leku erosorik topatuko.
Guk, lehen esan bezela, amildegitik ahalik eta gertuen mantentzen saiatu ginen, bidean beste tontor eta punta batzuk igoz.
Tunelgaña eta Aitzorrotz mendien artean.
Barraskiloa eguzkiaren lehen izpien zain.
Harkaizdun punta fin bat igo ondoren, ertza xamurragoa bihurtzen da, belarrak harkaitzari, argazkian ikusten den bezela, lekua hartuz.
Saratsa mendia utzi eta ordulaurden batera gutxi gora behera, gure eskuinean Saratsa baltsa utzi genuen. Hemendik aurrera, Aitzorrotz mendiaren azpira eraman gintuen malda bat jarraitu genuen.
Iker maldan, atzean Saratsa baltsa eta gaur igoko genuen azken mendia ikusi daitezke.
Saratsa menditik aurrera, ia bide osoan hesi batetik gertu ibili ginen, batzuetan bere eskuinetik eta besteetan bere ezkerretik.
Aitzorrotz geroz eta gertuago.
Maldaren amaieran. Aitzorrotzera igotzeko hesia gurutzatu behar izan genuen. Atzean Eskalaborro mendia (igo genuen hurrengoa) ikusi daiteke.
Hesia gurutzatu eta arkaitzean gora, inongo zailtasunik gabe, Aitzorrotz mendiaren gailur ikusgarrira iritsi ginen.
08:43, Aitzorrotz, 1192 metro. Mendi honen ekialde eta iparraldean dagoen horma benetan ikusgarria da eta bertigorik ez baduzue, merezi du bertaraino hurbiltzea. Dena den, honelako mendietan gertatzen den bezela, harkaitza bustia badago arriskutsua izan daitekela pentsatzen dut.
Ni Aitzorrotz mendiaren gailurrean.
Iker azken metroetan...
Aitzorrotzen, 1192 metro.
Aitzorrotzik aurrea ertza berriro ere zabaldu eta korrika saiotxoren bat egiteko aukera izan genuen, baina, ia ibilbide osoan gertatu zitzaigun bezela, ez zitzaigun korrika egiteko leku aproposa iruditu. "Korrika itteko nahiagoet Aralar hau baño" esan zidan Ikerrek harkaitzetik harkaitzera saltoka ari ginen bitartean.
Iker Aitzorrotz mendiaren gailurretik jaisten.
Azkar-azkar Aitzorrotz mendia atzean utzi genuen.
Malda bat igo ondoren, harkaitzen artean salto eginez, pixkanaka Eskalaborrora hurbiltzen joan ginen. Argazkian, gutxi gora behera Eskalaborroren hegoaldean gelditzen den Larragako baltsa ikusi daiteke.
Azken metroetan... Gailurra argazkian ikusten den puntaren atzean gelditzen da.
09:00, Eskalaborro, 1228 metro. Ageriko punta bat atzean utzi ondoren, metro batzuk jarraitu eta bien artean 15-20 metro duten bi punta topatu genituen. "Eta bi hauetatio zein da?" Galdetu nion Ikerri. GPS-a atera eta "joder, gailurra bi punten erdian markatzeit" erantzun zidan. Gailurra zein zen argi ez genuenez, bakoitza punta batera igo eta argazkia egin genuen.
Iker mendebaldeko puntan...
... Eta ni ekialdekoan.
Hurrengo helburua? Pagomotxeta mendia.
Bertara iristeko, orain arte bezela, bi mendien arteko ertza besterik ez genuen jarraitu. Hemen ertzak banatzen dituen bi munduak kuriosoak dira: Alde batetik, gure ezkerrean, iparraldean, pagadi itxia, eta bestetik, gure eskuinean, hegoaldean, belardi zabala.
Hala ere, nahiz eta parajea ederra izan, orain arteko bidea, behin baino gehiagotan esan dudan bezela, ibiltzeko oso erosoa ez zitzaigun egin.
Eskalaborrotik jaisten.
Gutxi gora behera Pagomotxetaraino egin genuen bidea.
09:13, Pagomotxeta, 1237 metro. Gailur hau pagoak alde batera eta bestera dituen gailur bakarra da eta izena primeran datorkio. Gailurrean haizeak okertutako pago gazte bat dago.
Iker Pagomotxetan, 1237 metro.
Pagomotxetatik aurrera jarraitzeko, ertza metro batzuetan utzi genuen, bertatik jarraitzeko bidea zikina zegoen eta. Hegoaldean dauden pagoen artetik pasa eta berriro ere ekailderuntz hartu genuen hesi baten eskuinetik jarraituz.
Iker Pagomotxeta mendia atzean utzi ondoren. Argazkian Atazabal eta Peña Blanca mendiak ikusi daitezke.
Belarrak harkaitzari berriro ere lekua hartzen dion leku honetan korrika saiotxo bat egiteko aukera paregabea izango genuela pentsatu genuen, baina, berriro ere ez genuen leku erosorik topatu.
Bi muino igo ondoren, Atazabal mendiraino eramango gintuen maldaraino iritsi ginen.
Bidean topatu genuen lehenen muinotik jaisten.
Iker bigarren muinoa igo ondoren eta jarraitutako bidea.
Esan bezela, tarte honetan guztian, hesi baten ondoan joan ginen.
Iker azken maldan.
09:29, Atazabal, 1252 metro. Hemen ere gailurraren puntu zehatza non ote zegoen begira aritu ginen. GPS-ak markatzen zigun punturik garaienean hito bat jarrita zegoela ikusi genuenean, bertan gailurreko argazkia egin genuen.
Iker Atazabal mendiaren gailurrean.
Atazabal mendiaren hegoekialdetik ipar-ekialderaino eginiko panoramika. Bertan segidan igo genituen bi mendiak ikusi daitezke.
Atazabal eta Peña Blanca mendien arteko bideak misterio handirik ez dauka eta guk, inongo biderik jarraitu gabe, hegoekialdeko norantzan nahiko zuzen joanda egin genuen.
Iker Atazabal menditik behera, parean Peña Blanca.
09:36, Peña Blanca, 1266 metro. Saratsa mendiaren ondoren hemen izan zen buzoi bat topatu genuen bigarren mendia.
Peña Blanca mendian, 1266 metro.
Buzoiaz aparte, gailurraren ipar mendebaldean estela bat ere ikusi genuen.
"Bueno, alde hontako mendikin bukau deu" esan nion Ikerri "oain hor goikok falta die", erantzun zidan Beriango goi-lautada seinalatuz.
Peña Blancatik Lezizagoa edo Lezitza mendira igotzeko hasieran ipar, ipar-ekialderuntz nahiko zuzen jarraitu genuen gure eskuinean Fuentefria baltsa utziz.
Peña Blancatik aurrera jarraitutako bidea. Argazkian Fuentefria baltsa ikusi daiteke.
Fuentefria baltsa atzean utzi ondoren muino bat igo eta lautada batera jaitsi ginen.
Iker muinoaren gainean eta hemendik Lezizagoa edo Lezitza mendiraino jarraitutako bidea.
Lautada honetara Dorrao eta Unanu herrietatik datorren pista batekin topo egin genuen. Pistaraino iritsi eta bertan dagoen indikazio poste bateraino joan ginen.
Iker indikazio postera iristen.
Indikazio postetik gora, guk GPS-an genuen track-a begiratu eta bide zuzenago bat jarraituz ibilbidea motzagoa egiteko aukera genuela ikusita, ipar mendebalderuntz diagonal bat eginez gountz hasi ginen.
Iker indikazio postea atzean utzi ondoren, dagoeneko Peña Blanca urruti gelditzen da.
Zertxobait gorago. Argazki honetan gutxi gora behera jarraitu genuen bidea margotu dut.
Harkaitz hormara iritsi ginenean, honen ezkerrean zegoen plaka inklinatu batetik igo eta goi-lautadara iritsi ginen.
Iker plaka inklinatuaren azken metroetan.
Behin goi-lautadan, zapaldutako bide erraz batetik Lezizagoa edo Lezitza mendiaren gailurrera iritsi ginen.
Iker goi-lautadan eta jarraitutako bidea.
Lezizagoa edo Lezitza mendiaren azken metroetan. Atzean Beriain mendiaren gailurra ikusi daiteke.
10:08, Lezizagoa edo Lezitza, 1348 metro. Tunelgañako gailurra ikusgarria bada, hau ez da atzean gelditzen. Hegoaldean duen horma bertikala benetan izugarria da, eskerrak buzoia ondoan duen heusteko, jeje.
Iker Lezizagoa mendiaren gailurrean.
Lezizagoa mendian, 1348 metro.
Hurrengo pausua? ibilbidearen puntu majikoa, Euskal Herriko erdigunea.
Erdigunera iristeko, Lezitza menditik iparralderuntz jarraitu genuen nahiko zuzen, goi bailararen punturik baxueneraino. Bertara iritsi ginenean uste genuen erdigunea nahiko garbi ikusiko genuela, baina ez zen horrela izan. GPS-ari eskerrak, guk uste baino 150-200 metro inguru ekialderago erdigunea topatu genuen.
Lezitzaga menditik behera jarraitu genuen bidea eta gero Euskal Herriko erdigunetik gora jarraituko genuena.
10:18, Euskal Herriko erdigunea, 1236 metro. Bertan, alde batean lauburua eta bestea EH eta erdigune bat margotuak dituen estela antzeko harria dago eta honen inguruan zirkunferentzia ezberdinak osatuz harri pila bat. Erdigunea nola kalkulatu zen jakiteko jakinmina baduzue, hemen duzue azalpen zehatza.
Aitortu beharra daukat, kristoneko zoriontasuna sentitu genuela puntu honetara behingoz etortzeagatik (espero dut azkenekoa ez izatea).
Iker Euskal Herriko erdigunean.
Euskal Herriko erdigunean, 1236 metro.
Euskal Herriko erdigunean egin beharreko argazkiak egin eta aurreruntz jarraitu genuen. Dorrao eta Lizarragatik datorren pistatik metro batzuk egin ondoren, pista utzi eta ipar-mendebalderuntz zuzen jo genuen Amorro mendiraino. Mendi hau goi-lautadaren ipar hormaren gainean gelditzen da.
Amorro mendiko bidean. Sekula ikusita genituen txanpinoi handienak aurkitu genituen. "Sikiera zizak izango balie" esan zidan Ikerrek irrifartxo.
Goi-lautadatik gora, zelai gozotik hasieran eta harri solteko leku ezeroso batetik ondoren, Amorro mendiaren gailurrera iritsi ginen.
10:34, Amorro, 1349 metro. Amorroren gailurrean zuhaixka bat eta honen ondoan hito txiki bat topatu genituen.
Iker Amorro mendian.
Amorro mendiko hito txikiaren ondoan. Atzean Uharte Arakil, Uharteko Aiztondo eskalada eskola, eta Madalen aitza eta Artxueta mendiak ikusi daitezke beste batzuen artean.
"Bueno, hurrengoa Beriain" esan nion anaiari. "Bai, azpin ikusten den bide hoi jarraitzea besteik eztaukeu" erantzun zidan.
Amorro menditik zeharka jaisten joan ginen Beriain mendira doan ohiko bidearekin bat egin arte.
Iker Amorro mendiaren jaitsieran.
Gertuago... Jarraitutako bidea margotu dut.
Dagoeneko baseliza eta gailurra bistan.
Azken metroak...
11:03, Beriain, 1493 metro. San Donato baselizaren ondotik pasa eta, gelditu gabe, Ihurbain mendira jaistea adostu genuen. "Bueltakon ermitan atsedena hartuko deu" esan zidan Ikerrek.
Iker San Donato baselizaren ondotik pasatzen.
Beriandik Ihurbainera doan bidea dagoeneko ezaguna eta gainera maldan behera denez, arin-arin egin genuen.
Iker Beriaindik behera eta jarraitu genuen bidea.
Ihurbain mendira iristen...
11:15, Ihurbain, 1420 metro. "Joer, lehen aldie da mendi hontara pitzaduratik igo gabe igotzen geala" esan nion anaiari. "Ba bai" erantzun zidan irrifartxo batekin.
Iker Ihurbain mendiaren gailurrean.
Ihurbain mendian, 1420 metro.
Argazki batzuk egin eta jaitsieran jarraitu genuen bide beratik Beriainera itzuli ginen, baina oraingoan baselizara joan beharrean, Unanuatik datorren ohiko bidea utzi eta gailurrera zuzen atera ginen.
Beriainera itzultzen.
Beriain mendiari egindako argazki ikusgarria. Zulo honetatik atera ginen neguan Moteaundiko kanala Gotzonekin igo genuenean.
11:34, Beriain, 1493 metro. Gailurrean argazkia atera eta baselizara sartu ginen atseden hartzera.
Beriainen, 1493 metro
Baselizan sartu eta atseden lasaia hartu genuen: zerbait jan, edan, eguzkiko krema eman eta galtzerdiak ongi jarri genituen, hainbeste harkaitzen gainetik ibili ondoren erabat mugituta genituen eta. 11:50ak aldera berriro ere martxan jarri ginen.
Beriain mendia atzean utzi ondoren. Lezizagoa edo Lezitza mendia hemendik ikusgarri ikusten da.
Igo beharreko hurrengo mendia Altos de Goñi zen (beste leku batzuetan Alto de las Bordas Viejas izena ere ematen diote), urrutien gelditzen zitzaigun mendia. Goi-lautadan behera gindoazela mendi honetara iristeko biderik motzena zein izango ote zen pentsatzen aritu ginen: Beriainera Lizarragatik datorren pista jarraitu edo igoeran Lezizagoa mendira igotzeko jarraitu genuen bidea jarraitu. Azkenean bi bideen artetik zuzen jarraitzea adostu genuen bi aukerak baztertuz.
Iker goi-lautadaren azpian.
Hasieran bidea gozo-gozo egin genuen, baina pixkanaka jarraitutako terrenoa karstikoa bihurtu eta konturatu ginerako harkaitzetik harkaitzera saltoka eta destrepetxoak egiten geunden. Moralki erretzen hasita nengoenean, behingoz, Lizarragatik datorren pistara iritsi ginen. Berriro ere bide bera errepikatuko banu, nahiz eta bide luzeagoa izan, pistatik jarraituko nuke, edo gutxienez pistatik gertu, ziurrenik motzagoa izango baita.
Pista zeharkatu ondoren, hego-ekialdeko norantza hartu eta 100-150 metro inguru ibili ondoren utzitako borda batera iritsi ginen. Hemendik dagoeneko Altos de Goñi mendia ikusi genuen.
Iker bordara iristen eta hemendik Altos de Goñira jarraitutako bidea.
Argazki honetan atzean utzitako borda (borobil gorrian) eta hemendik gora jarraitutako bidea margotu dut. Lizarragatik datorren pista ere garbi ikusi daiteke.
12:58, Altos de Goñi, 1265 metro. Ez dakit beroagatik, nekeagatik edota harkaitz batetik bestera saltoka ibiltzeagatik edo, baina igotzen gehien kostatu zitzaidan mendia izan zen. Gailurrean puntu geodesikotik aparte ikastolen irudia den "Argitxo" ere badago.
Gailurraren mendebaldean hainbat borden hondakinak ikusteko aukera izango dugu.
Iker Altos de Goñi gailurrean.
Altos de Goñitik egindako argazki honetan Beriain ikusgarria da benetan.
Altos de Goñitik aurrea jarraitzea ez da oso konplikatua, bertatik hego-mendebalderuntz doan ertza zabala jarraitzea besterik ez dugu, gure eskuinean (ibilbidearen norantzan) pista bistatik galdu gabe.
Altos de Goñitik aurrera jarraitu genuen bidea.
Hemendik aurrerako mendi guztiak GPS-ko mapan lokalizatuak genituen Arrasaundi ezik. Arrasaundi mendia non zegoen jakiteko, mendikat web orriak markatzen dituen koordenadak sartu genituen. Hala ere, badaezpada, ertzatik ahalik eta gertuenen matentzea erabaki genuen.
13:06, Arrasaundi, 1261 metro. Eskalaborro mendiarekin gertatu zitzaigun bezela, GPS-ak gailurraren puntua hitodun bi tontortxoen artean adierazten zigunez, bi tontortxoetan argazki bana egin genuen.
Iker ipar tontortxoan...
... Eta hego tontortxoan.
Hemendik aurrera, gelditzen ziren mendiak GPSan sartuta genituenez, mendien arteko bideak ahalik eta zuzenen egitea pentsatu genuen.
Arrasaunditik Elordiara igotzeko orain arteko ertza zabala jarraitu besterik ez genuen egin, hegomendebaldeko norantzarekin.
Iker eta Elordia mendiraino jarraitu genuen bidea.
13:15, Elordia, 1235 metro. Maldatxo bat igo ondoren gailurrera iritsi ginen. Bertan dagoen hito txikian argazkia egin eta aurreruntz jarraitu genuen.
Iker Elordia mendian. Atzean Altos de Goñi eta Arrasaundi mendiak ikusi daitezke.
Mendi honetatik Beorzulo mendira igotzeko, gure eskuinean topatu genuen hesia erreferentzi bezela hartu genuen.
Elordiatik egindako argazki honetan gutxi gora behera jarraitutako bidea margotu dut. Eskuinean hesia ere ikusi daiteke.
Hesiak harkaitz hormatxo bateraino eraman gintuen (gogoratu gu bere ezkerretik joan ginela bidea motzagoa egiteko). Hormatxoa igotzeko, honen ezkerretik gora doan bide bat jarraitu genuen.
Argazki honetan hormatxoa igotzeko jarraitu genuen bidea margotu dut. Hemen ere, gure eskuinean hesia ikusi daiteke.
Hormatxoa igo ondoren hego-mendebaldeko norantzarekin goruntz jarraitu genuen, erdi lehortutako baltsa txiki edo putzu bat zeharkatuz. Bertan hesia zeharkatu genuen.
Beorzulo mendiaren aurretik beste menditxo bat igo genuen. Hemen mendebaldeko norantza hartu eta metro batzuk igo ondoren Beorzulo mendiaren gailurrera iritsi ginen.
Argazki honetan Beorzuloren aurretik dagoen menditxora jarraitutako bidea margotu dut. Gutxi gora behera zaldiak dauden lekuan putzua topatu genuen.
Beorzuloren aurretik dagoen menditxoan.
13:36, Beorzulo, 1228 metro. Mendiaren punturik garaienaren bila ari ginela, lurrean "RESPETE" inskripzioa zuen harri bat ikusi genuen. "Joer, ba hau da gailurre" esan zidan Ikerrek altuera neurtzen zuen bitartean.
Iker inskripzioa duen harriaren ondoan altuera neurtzen.
Beorzulo mendiaren gailurrean dagoen harri berezia.
Kuriosoa da nola diren mendiei izenak emateko erizpideak. Beorzuloren inguruan, eta hemendik aurrera jarraitu genuen bidean, "izenik gabeko" muino edo tontortxo pila bat pasa genuen. Ez dakidana da zergatik batzuei izena ematen zaien eta beste batzuei ez.
Dena den, gure hurrengo helburua Tontorraundi mendia zenez, Beorzulo eta Tontorraundiren arteko bidea ahalik eta zuzenen egiten saiatu ginen.
Honetarako ipar-mendebalderuntz zuzen jo genuen, Beorzulotik behera.
Beorzulo menditik jaisten.
Beorzulotik txillarraz betetako malda batetik jaitsi ginen. Tarte hau izan zen korrika gustuen egin genuen zatia.
Iker malda jaitsi ondoren eta hemendik aurrera jarraitu genuen bidea.
Malda amaitu ondoren, bidexka bat topatu eta jarraitu genuen mendebaldeko norantzarekin, Tontorraundi mendia gure parean azaldu zen arte. Zati hau ere nahiko xamurra iruditu zitzaigun arin-arin ibiltzeko.
Iker Tontorraundi mendiaren ekialdeko aurpegia parean duela.
Igoera zuzen hartu eta, erdi arnas-hestuka, gailurrera iritsi ginen.
13:52, Tontorraundi, 1203 metro. Bertara igo, argazki batzuk atera eta aurreruntz jarraitu genuen.
Iker Tontorraundi mendiaren gailurrean, atzean Lizarragatik datorren pista ikusi daiteke.
Tontorraunditik Dorrokoteka mendira joateko bagenekien Saratsa baltsaren pareraino jarraitu beharra genuela, ia bere parean hego-mendebalderuntz hartzeko. Zalantza bakarra pistatik edota, orain arte bezela, ia altuerarik galdu gabe jarraitzea zen. Azkenean bigarren aukera hartu genuen mendebaldeko norantza lotsagabe jarraituz.
Tontorraundi eta Saratsa baltsaren artean.
Saratsa baltsaren parera iritsi aurreko bidean gora eta behera aritu ginen etengabe eta nahi baino gehiago nekatu ginen. Baltsaren parera iristear geundela, hegomendebalderuntz hartu genuen.
Iker hegomendebalderuntz hartu genuen lekuan.
Behin hegomendebalderuntz hartu genuenean, urrutian gaurko azkeneko mendia azaldu zen.
Ttirri-ttarra, azkeneko mendia zela jakinda, indarberrituta gailurrera iritsi ginen.
14:12, Dorrokoteka, 1176 metro. "Azkenaaaaaaa!!!!!" Oihukatu genuen. Bertako hito handian bakoitzak harri bana jarri, argazki batzuk egin eta kotxeruntz abiatu ginen.
Iker Dorrokotekaren gailurrean.
Mendi gehiagorik igoko ez genuela jakinda, Dorrokoteka mendiaren ertza metro batzuetan jarraitu eta pixkanaka hemendik jaisten joan ginen Lizarragatik datorren pistarekin bat egin genuen arte.
Dorrokoteka mendiaren ertzan eta hemendik pistaraino jarraitutako bidea.
Harrizko pista zementuzkoa bihurtzen den lekuan. Goizean pista hemen utzi genuen Tunelgaña mendira igotzeko.
Aparkalekua dagoeneko bistan.
14:30, Lizarragako mendatea, 1031 metro. Nekatuta, baina oso zoriontsu, aparkalekura iritsi ginen. Bertan egiten zuen beroa kontutan izanda, motxilak kotxean sartu, martxan jarri eta Lizarragako mendatean dagoen iturri famatuan gelditu ginen, bertan ederki frexkatu eta pagoen itzalpeaz gozatzeko.
Kotxera iristen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina