Abuztuaren 30ean Baztango ikastolak Elizondon Nafarroa oinezen ekitaldien barruan "Nafarroa oinez eta lasterka" mendi lasterketa antolatuta zuen. Lasterketa hau buruan, abuztuaren 23tik 28ra L'Estartiten egiteko entrenamentuak antolatu nituen, 22 eta 29an zazpi orduetako kotxe bidaia izanda, derrigorrezko atsedena izango nuen eta.
Abuztuaren 23an ibilaldi luze eta gogorrena egin nuen ihaz egindako Montgrí mendiguneko mendien zeharkaldia eginez (22 km eta 975 metro desnibel). Oraingoan Puig Rodó mendira doan bidea hitoak jarraituz ongi jarraitu nuen eta ez nuen ihaz bezala arkaitz artean zuzen igo behar izan (ibilbidea eguneratua wikiloc eta ihazko kronikara igo ditut). Sentsazio onak izan nituen denbora osoan eta ihazko denbora (taupaden abiadura berean joanda) ia 45 minutuetan jaitsi nuen. Baina ibilbide honek ere bere alde iluna izan zuen: etxetik irten eta berehala, espaloian gaizki zapaldu eta ezker horkatilean bizpahiru egunetan izango nuen mina egin nuen. Hau gutxi ez bada, kilometro batzuk beranduago, Coll de Les Sorres atseden-lekura iristear nengoela, lurrean zegoen pinu baten adarra ezker oinarekin zapaldu, eskuin horkatilarekin kolpe galanta eman eta horkatilaren barruan izugarrizko kalanbrea sentitu nuen. Oraindik ez nekien, baina kolpe tonto honek tibia atzeko zurdan isuri bat eragin eta aste batzuetan minez egongo nintzen, batez ere "Nafarroa oinez eta lasterka" mendi lasterketaren ondoren.
Abuztuaren 24ean Itzikin bizi-bizi sei kilometro eta erdi oinez ibili ginen, hondartza ondoko pasealekuan alde batera eta bestera. Bi horkatiletan ez nuen minik sentitu nire moralaren onerako.
Abuztuaren 25 eta 26ean kronika honetan deskribatutako ibilbidea bete nuen, egun batean norabide batean eta hurrengoan bestean. Bi egunetan ongi hasi, baina azkenean bi horkatiletan minarekin amaitu nuen.
Abuztuaren 27an erabateko atsedena egin ondoren 28an zelaian hamabi kilometro lasterka egin nituen, hasieran poliki-poliki, baina gero biziago. Ezker horkatilean ez nuen ezer sentitu, eskuinean aldiz, nahiz eta hasieran oso ondo joan, amaieran min pixkat sentitu nuen. Mina handia ez zela eta hurrengo egunean derrigorrez atseden egingo nuela jakinda, "Nafarroa oinez eta lasterka" lasterketara erabat osatuta eta inongo minik gabe iritsiko nintzela pentsatu nuen. Hala izan zen, baina lasterketa honen kronika irakurtzen baduzue konturatuko zarete ez nuela erabat asmatu eta azkenean pinuaren adarrarekin min egin nuen eguna ederki gogoratuko nuela jejeje.
JARRAITUTAKO IBILBIDEA
Ihaz Santa Caterina baselizari bisitatxoa egiteko gogokin gelditu nintzen. Baseliza hau Montgrí mendigunearen erdian dagoen haranean kokatzen da eta 1392 urtean Montserrateko fraile batzuek eraiki zuten.
Santa Caterina ikusteko joan etorri soil bat egin nahiz ez nuenez, ibilbide zirkular bat egitea bururatu zitzaidan: Abiapuntu eta helmuga L'Estartit hartuta, Montgrí mendiguneko mendiak igo nitueneko ibilbide bera jarraitu nuen Puig Rodó eta Puig de Querroig mendien arteko leporaino. Hemen, SL-C 17 ibilbidea jarraituz, Santa Caterina baselizara jaitsi eta ibilbide bera jarraituta Coll de la Creu lepora iritsi nintzen, Montgrí mendiguneko mendien zeharkaldiaren ibilbidearekin berriro ere bat eginez. L'Estartiterako itzuleran Castell de Montgrí, Montplá, Torre Moratxa eta Roca Maura mendiak igo nituen.
IBILBIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 17 kilometro.
- Punturik baxuena: L'Estartit, 0 metro.
- Punturik altuena: Montplá, 310 metro.
- Desnibel positiboa osora: 700 metro inguru.
- Igotako mendiak: 4 (Castell de Montgrí, Montplá, Torre Moratxa eta Roca Maura).
- Ura: Coll de Les Sorres atseden-lekuan ibilbide osoko iturri bakarra dago. Hemendik bitan pasatzen denez, ez dut uste ur beharrik izango denik. Santa Caterinan taberna bat dago baina goiz ibili ezkero itxita egongo da.
- Zailtasuna: Bidearen zailtasunik handiena Castell de Montgrí eta Montplá mendien arteko jaitsieran topatuko dugu, batez ere bustia badago. Torre Moratxa eta Roca Maura mendien artean ere kontuz ibili behar da harkaitzen gainetik ibili behar da eta. Ibilbidea norabide batean nahiz bestean egin daiteke. Hemen deskribatutako bidea alderantziz egiten baduzue, ibilbidea errazago eta azkarrago egingo duzue.
Ibilbidea deskargatu nahi baduzue.
Powered by Wikiloc
DESKRIBAPENA
07:20, L'Estartit sarreran dagoen biribilgunea, 0 metro. Pultsometroa martxan jarri eta ibilbidearekin hasi nintzen. L'Estartit izateko eguraldia ederra esnatu zen, frexkoa eta lasterkan egiteko primerakoa.
Sarreran komentatu bezala, Montgrí mendiguneko mendiak igo nitueneko ibilbide bera jarraitu nuen Puig Rodó eta Puig de Querroig mendien arteko leporaino.
Bi mendi hauen arteko lepora iritsi aurretik Coll de les Sorres atseden lekura iritsi nintzen.
07:56, Coll de les Sorres atseden-lekua, 100 metro inguru, 4,9 km. Iturrian motxilako ur botilatxoak bete, ongi hidratatu eta barratxo bat jan eta gero martxan jarri nintzen.
Coll de les Sorres atseden-lekuan dagoen iturria.
Hemendik aurrera SL-C 17 ibilbidea jarraitzen hasi nintzen. Abantaila galanta da bideak ezagutzea eta ihaz bidegurutze batean baino gehiagoan izandako zalantzak ez nituen oraingoan izan. Lasai-lasai, taupadak kontrolatuz, Puig Rodó eta Puig de Querroig mendien arteko lepora iritsi nintzen.
Lepora iristen, argazkian bertan dagoen hito handia eta geroago igoko nituen Castell de Montgrí eta Montplá mendiak ikusi daitezke.
08:10, Puig Rodó eta Puig de Querroig mendien arteko lepoa, 240 metro inguru, 5,9 km.. Lepora iritsi eta atsedentxo bat egin nuen argazkiak egiteko aprobetsatuz.
Puig Rodó eta Puig de Querroig arteko lepoan. Puig de Querroig-ra doan bidexka ikusi daiteke, baina oraingoan nire itzala dagoen bidea jarraitu nuen. Argazkian ere Puig Rodó (izen bereko beste mendia) eta geroago igoko nuen Coll de la Creu lepoa ere ikusi daitezke.
Santa Caterina baselizara iristeko, lepotik bestaldera SL-C 17 bidearen markak jarraitu nituen.
Lepotik egindako argazki honetan Santa Caterina baselizaraino (pinudiak estaltzen du) doan bidea ikusi daiteke.
Badaezpada, bidea ez galtzeko, lepoaren bestaldean idatzi hau dago.
Lepotik behera doan aldapak misterio handirik ez dauka eta konturatzerako baseliza dagoen lehen pinuetara iritsi nintzen. Argazkian SL markak ikusi daitezke.
Behin pinudian, jaitsiera amaituta, inongo eragozpenik gabe baselizara iritsi nintzen.
08:18, Santa Caterina baseliza, 165 metro inguru, 6,4 km.. Mendian goiz ibiltzean duen gauza txarretako bat zenbait lekuetara iristerakoan oraindik itxita egoten direla izaten da. Kasu honetan hauxe bera gertatu zitzaidan. Baselizaren sarrera nagusira joan eta ate guztiak itxita zeudela ikusita, argazki batzuk egin, eguneko bigarren barratxoa jan eta atseden labur baten ondoren berriro ere martxan jarri nintzen.
Santa Caterina baseliza.
Gorago esan bezala, SL-C 17 ibilbidea utzi gabe, Coll de la Creu lepora zuzendu nintzen.
Santa Caterina baseliza gure bizkarrean dugula, aurrean dugun indikazio postea eta jarraitu nuen bidea.
Indikazio postea gertuago, ni Les Dunesetik nator eta Coll de la Creura noa.
Indikazio poste berean baselizaren inguruko informazioa ematen duen kartela.
Santa Caterinatik Coll de la Creura doan bidea zailtasunik ez, ondo zapalduta eta galtzeko arriskurik ez daukan igoera da.
Santa Caterina atzean utzi ondoren.
Aurretik nuen igoera, borobilduta Coll de la Creun dagoen gurutzea.
Gurutzea gertuago.
Igoera lasai hartu nuen, inongo presarik gabe, inguruan nuen ikusmiraz gozatuz.
Igoeraren erdian gutxi gora behera atzera egindako argazkia.
Konturatzerako Coll de la Creu lepora iritsi nintzen.
08:28, Coll de la Creu, 194 metro, 7,3 km.. Hemendik aurrera Montgrí mendiguneko mendiak igo nitueneko ibilbidearekin berriro ere bat egin eta dagoeneko oso ezaguna dudan bidea jarraituz aurretik nituen lau mendiak igo nituen.
Coll de la Creu eta atzean Castell de Montgrí, igo nuen lehen mendia.
Coll de la Creu eta Castell de Montgrí arteko igoera, nahiz eta azpitik ikusita gogorra iruditu, GR-92 ibilbidearen arrastoak jarraitzen baditugu, uste baino errazago igoko gara, igoerako "Z" pila egiten ditu eta.
Coll de la Creu eta Castell de Montgrí arteko igoeran atzera egindako argazkia. Atzean Puig Rodó mendia ikusi daiteke.
08:39, Castell de Montgrí, 303 metro, 8,1 km.. Gazteluko sarreran argazki bat egin eta aurrera jarraitu nuen, ia gelditu gabe, GR arrastoak jarraituz, Montplá mendira arte.
Castell de Montgrí.
Santa Caterina baseliza Castell de Montgrí-tik. Argazkian Puig de Querroig (zuhaixka batzuk dituena) eta Puig de les Cogullades mendiak ikusi daitezke. Bigarrengoaren ezkerrean L'Escala herria ikusi daiteke.
08:51, Montplá, 310 metro, 9,1 km. Hemen ere argazki pare bat egin eta aurrera jarraitu nuen.
Montplá, atzean Castell de Montgrí.
Montplá mendiaren jaitsieran bi horkatiletan mina sentitzen hasi nintzen: "ostiaaa!!" Pentsatu nuen. Coll de les Sorres atseden-lekura itzuli (09:02, 10,4 km) eta barratxo bat jateko atsedena hartu nuen, ur botilatxoak berriro bete eta hidratzeko ere aprobetsatuz. Bertan zeuden txirrindulari batzuk agurtu ondoren eguneko azken bi mendiak igotzeko prestatu nintzen.
09:30, Torre Moratxa, 220 metro, 14 km. Aurreko mendietan egin bezala, argazki pare bat egin eta aurrera jarraitu nuen.
Torre Moratxa.
09:38, Roca Maura, 225 metro, 14,6 km. Hemen ere ez nuen denbora luzea egin, argazki batzuk egin eta dagoeneko sentitzen zen beroagatik ihesi, beheranzko bidea hartu nuen.
Roca Maura.
Roca Mauratik behera, L'Estartik kanpinetik gora doan ibilbidea jarraitu nuen, herria zeharkatu ondoren, berriro ere abiapuntura iristeko. Menditik atera eta errepidea zapaldu bezain laster eskuin horkatileko mina handitu egin zen: "anda, no me jodas!!!" Pentsatu nuen minari heutsiz.
09:50, L'Estartit sarreran dagoen biribilgunea, 0 metro, 17 km. Biribilgunera iritsi eta zelaian mina gutxitzen zela ikusi nuen. "Bueno" pentsatu nuen "txarrenetik maldanbera bakarrik miñe dauket". Etxera itzuli, dutxa hartu eta bizi-bizi ondartzan sartu nintzen bertako ur gazi eta hotzak horkatilean egin zezakeen mirariaren esperantzan jejeje...
...Baina esperantzan bakarrik, datorren kronikan irakurriko duzuen bezala.
L'Estartit sarreran dagoen biribilgunea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina