AZKEN 10 SARRERAK

2014/09/01

TORRE MORATXA (220 m.) ETA ROCA MAURA (225 m.) L'ESTARTIT HERRITIK

Badira lau urte Gironako L'Estartit herrira udan astebetez familia osoa atseden hartzera joaten garela. Herri honetan dauden Medes irlak urpekaritza praktikatzen dutenentzat paradisua omen da. Ez da harritzekoa izaten irla hauen inguruan urpekarien txalupak ikustea, jaberik gabe noraezean utzita egongo balira bezela.

Baina igeri eta urpekaritzarako talenturik ez dugunentzat ere aukerarik badago. Azpikaldea kristal edo plastikozko materialez egindako txalupa batzuk badaude merkea ez den diru baten truke irletara irteerak egiten dituztenak. Irlen inguruan daudenean, itsasontziaren azpikaldera jaitsi, eta motzak egiten diren minutu batzuetan urpekariek ikusten dutena ikusteko aukera izaten da.

Ur azpian egin daitezken gauzak alde batera utzita, L'Estartit herriak badu ondartza handi bat, nahiz eta jende asko izan, erdi hutsik dagoen sentsazioa duen horietakoa. Mediterraneoko ur eta olatuetatik gozatzeko aukeratik aparte, pasiatzeko leku ederra da.

Itsasoa eta ondartza horrenbeste maite ez dugunontzat edota, mendia maite dugunontzat, beste aukera batzuk ere badira. Oinez, korrika edota mendi bizikletarekin irteeratxo bat egin nahi badugu, inguruko SL, PR eta GR eta mendi bizikletan propio ibiltzeko egindako ibilbideetan aparteko aukera izango dugu. L'Estartit herriaren mendebaldean dauden Torre Moratxa eta Roca Maura mendietara igotzeak merezi du, hemendik dagoen ikusmiratik gozatzeko besterik ez bada. Ibilbide hauen guztien informazioa L'Estartit herriko turismo bulegoan eskuragarri duzue.

Amaitzeko, Torre Moratxa eta Roca Maura mendien ekialde eta hego aurpegietan eskaladarako aukera ere izango dugu. Torre Moratxaren hego aurpegian azken bi urteotan graduz zailak ez diruditen bide motz batzuk ireki dituzte (IV-V graduen inguruan egongo direla dirudite). Roca Mauran dauden bideak aldiz, zailagoak omen dira (seigarren graduaren inguruan), eta bertan, luze batekoak ezik, hainbat luzeetako bideak egiteko aukera izango duzue. Roca Maura mendian dauden eskalada bideetako batzuen informazioa hemen topatu dezakezue.

Herritik kanpo ere gauza interesgarriak daude, kirol, gastronomiko nahiz kulturalak, Gironako Costa Bravak eskeintzen dituen aukera ezberdinez gozatuz.


Duela lau urte, lehen aldiz etorri ginenean, Torre Moratxa eta Roca Maura mendien esplorazio urtea izan zen. Alokatuta genuen etxe txikitik goiz atera eta bien arteko ibilbidea topatu arte behin baino gehiagotan azpian dagoen pinudian galdu egin nintzen. Behin bidea topatuta, gelditzen ziren opor egunak bidea hau errepikatu eta ia memoriz ikasteko erabili nituen. Bigarren urtean mugak zabaldu eta Castell de Montgrí eta Montplá mendiak begi artean hartu nituen. Bi mendi hauetara iritsi aurretik dauden urbanizazio edota Duna Kontinentalean behin baino gehiagotan galdu nintzen, nire ustez, bide logiko eta zuzenena dena topatu arte. Hirugarren urtean ikasitako bideak errepikatzen aritu nintzen esplorazioari atseden emanez eta laugarrenean berriro ere leku berriak esploratzeko irrikan etorri nintzen, oraingoan Montgrí mendiguneko mendiak eta L'Estartit herritik iparreruntz gelditzen diren kalak ezagutuz.

Kuriosoa da zenbat euskaldunek aukeratzen duten leku hau beraien oporretarako, honegatik horietako bat bazara eta oporretan ibilaldiak egitea gustuko badituzu, azken lau urteotan ezagutu ditudan ibilbide ezberdin batzuk elkarbanatzen joango naiz, zure esplorazio gosea irekitzeko asmoarekin.


EGINDAKO BIDEA

Ibilbide hauekin hasteko ibilbide motz eta eder bat aurkeztu nahi dizuet, L'Estartit herritik abiapuntu eta helmuga duen ibilbidea, Torre Moratxa eta Roca Maura mendiak ezagutzeko aukera emango diguna. Ibilbide hau SL-C19 ibilbidea da eta turismo bulegoan banatzen den informazio orriaren arabera "Les Maures" izena dauka.

Ibilbidea hasten dugun lekutik hasten dugula,  L'Estartit herriaren sarreran dagoen biribilgunera joango gara, hilerriaren paretik pasatu eta Torre Moratxa mendira doan ohiko bidetik igotzeko. Hemendik Roca Maura mendira pasa eta Roca Mauraren ipar ekialdetik igotzen den ohiko bidetik jaitsi eta L'Estartit kanping-etik pasatuz, berriro erer biribilgunera itzuliko gara.

Ibilbidea aurkako norantzan ere egin daiteke zailtasuna handitu gabe.

Uda garaian komeni da ibilbidea goiz egitea eguzkiak ederki jotzen du eta.

Mapa honetan ibilbidea nondik-nora doan margotu dut. Gorriz, igoerako bidea eta urdinez jaitsierakoa.



Ibilbidearen track-a deskargatu nahi izanez gero.


Powered by Wikiloc



IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 4,5 km.
- Abiapuntua: L'Estartit, 0 metro.
- Amaiera: L'Estartit, 0 metro.
- Altuera minimoa: L'Estartit, 0 metro.
- Altuera maximoa: Roca Maura, 225 metro.
- Desnibel positiboa osora: 270 metro.
- Zailtasuna: Erraza. Hala ere bidea ez da oso erosoa ibiltzeko harri eta harkaitz asko dago eta, batez ere Torre Moratxa eta Roca Maura mendien artean. Torre Moratxa mendira igotzeko erritmoa lasai hartzen badugu hobe, ia hirurehun eskilaratik gora igoko ditugu eta.
- Igotako mendiak: 2.
- Egindako denbora: Ordubete atsedenaldiak barne.
- Ura: Behin L'Estartit herritik irten ondoren ez dugu urik topatuko.

DESKRIBAPENA

Deskribapenarekin hasi baino lehen, esan bertan azaltzen diren argazkiak egun ezberdinetan egindakoak direla, honegatik beharbada argazki batzuetan zerua hodeitsu eta besteetan oskarbi ikusiko duzue.

07:45, L'Estartit-en sarreran dagoen biribilgunea, 0 metro. Ibilbidea alokatutako etxetik hasten nuen, noski, baina herriaren sarreran dagoen biribilgunea oso ezaguna eta erraz topatzekoa denez, leku aproposa iruditzen zait ibilbidearen abiapuntu "ofiziala" izateko.

Ibilbideari hasiera emateko, Torroella de Montgrí herritik bagatoz, hirugarren irteera hartuko dugu, L'Estartit herriaren hilerriruntz doan GI-641 errepidea jarraituz.

L'Estartit herriaren sarreran dagoen bibiribilgunea. Gezi gorriz hartu beharreko irteera adierazi dut.



Ordu honetan ez da pertsona asko ibiltzen kalean zehar eta ibiltzen direnak, motxila batekin ikusten zaituenean, aurpegi arraroarekin begiratzen zaituzte.

Irteera hartu ondoren, bidea 100 metro inguruan jarraitzen da, topatuko dugun lehen bidegurutzean ezkerreruntz hartuz.

Irteeraren ondoren eta hemendik aurrera jarraitutako bidea.



Bidegurutzea hartu eta gure parean bi gauza adierazgarri ikusiko ditugu: gure ezkerrean hilerria eta gure parean zerura doan eskirala sorta. 


Eskilarak azpitik ikusita.



Nahiz eta hainbat alditan hemendik igota izan, lehen zati honetan dauden berrehunetik gorako eskilarak igotzen ditudan bakoitzean ezinezkoa dut hauspoa ez berotzea. Hilerrian daudenei zerura igotzeko jarri dieten bidesaria izango al da?

Metro gutxietan altuera handia irabazten joango gara, beheruntz egindako argazki honetan ikusi daiteken bezela.



Eskilarak amaitu egin behar direla uste dugunean, eskilarak egin zituenaren tranpa bat besterik ez dela ikusiko dugu. Gure hanka eta hauspoaren kalterako, eskilarik gabeko metro eskas batzuen ondoren traizioz jarritako beste eskilara batzuk topatuko ditugu.

Behin eskilara guztiak igo ondoren errepide batera iritsiko gara, hemen ezkerreruntz hartuz.

Azken eskilarak eta gero hartuko dugun norantza, parean Roca Maura mendia.



Eskiralen amaieratik (ezkerrean) aurrera jarraituko dugun bidea.



Errepide honetatik gora dagoen urbanizazioaren lasaitasunak eta pinudiek askatzen duten erretxinaren usain atseginak ixiltasunaz gozatzeko aukera emango digu.

100-150 metro inguru igo ondoren bidegurutze bat topatuko dugu. Hemen zuzen jarraituko dugu, kotxeentzat itxita dagoen errepidean gora.

Errepidean dagoen bidegurutzea eta jarraitu behar den bidea. Amaieran kotxean ez pasatzeko jarri dituztek zementu bloke handiak ikusi daitezke.



Eta zergatik dago kotxeentzat errepidea moztuta? Argazkian ikusten den bezelako zuloak daudelako.



Errepidean gora doan malda gogor honen amaieran, maldarekin batera gure bihotzaren taupaden erritmoa jaitsiko dela uste dugunean, gure eskuinean eskilara sorta berri bat ikusiko dugu.

Eta nondik jarraitu behar da? Ezkorrenek ziur asmatu dutela, ibilbideak eskilatatik gora doa eta.

Errepidearen amaierara iristen eta eskilak igotzen hasi baino lehen.



Bigarren eskilara saiotxo hau lehenengoa baino "gozogoa" egiten da, nahiz eta ehun eskilaretatik gora igo. Eskilaren amaieran, lehen sortarekin egin dugun moduan, ezkerreruntz hartuko dugu.

Eskilaren azpian. Amaieran gezi baten bidez jarraitu behar den norantza adierazi dut.


Eskilaren bigarren sorta hau leku aproposa da, Medes irlei argazkia egiteko aitzakiarekin, atsedentxo bat hartzeko.


Eskileren amaieratik aurrera jarraituko dugun bidea.


Hemendik aurrera ibilbideak tarte batean atseden emango digu, maldan behera doa eta, 400-500 metro ingurura indikazio poste batera iritsi arte.

8:00, indikazio postea, 100 metro inguru. Indikazio poste honetan errepidea utzi eta eskuineruntz hartuko dugu bidexka bati jarraituz.

Indikazio postea eta hemendik aurrera jarraitzen den bidea.


Indikazio postea.



Indikazio postetik aurrera doan bidexka.


Bidexkak metro batzuetan iparralderuntz egin ondoren, pixkanaka ipar-mendebalde eta mendebalderuntz hartzen du erdi-garbitutako pinudi bat zeharkatuz. Bideak galtzeko arrisku handirik ez du, baina SL markak (zuri eta berdeak) garestiak omen dira eta kontu handiz joan behar da bidea ez galtzeko.

Bideak hasiera batean galtzeko arrisku handirik ez dauka.



Izugarri gustuko ditut Mediterraneo aldeko basoek izaten duten usaina. Pinudi honetan ere, gure inguruko pinudietan gertatzen ez den bezela, erretxinaren usainaz gozatu eta pagausoren bat edo besteren loaldia mozteko aukera izango dugu, metro gutxi batzuetan gure ibilbidearen bidelagun bihurtuz.

Momentu batean, bide logiko eta zapalduena aurreruntz jarraitzen duela dirudienean, eskuineruntz (ipar mendebalderuntz) diagonalean oso argia ez den bidexka bat doala jarraituko dugu.

Bidexka "nagusia" utziko dugun lekua.



Bidexka  hestutu egiten da eta, pinuen artean, Torre Moratxaren hegoaldean dagoen hormaruntz eramaten gaituela ikusiko dugu. Bideak eramaten gaituen horma honetan azken bi urteotan 5 eskalada bide ekipatu dituzte. Eskalada bideetara iritsi aurretik, oina ohikoa den baino gehiago igo behar den harkaitz bat igo beharko dugu.

Argazkian ikusten den bezela, bideak eskalada bideetara eramango gaitu.


Eskalada bideen azpira iristerakoan bideak ezkerreruntz (mendebalderuntz) lotsagabe hartzen du, Torre Moratxaren hego aurpegian dagoen hormaren ahuldadearen bila.

Eskalada bide hauek ez dira oso luzeak eta, azpitik ikusita, ez dirudite oso zailak, pentsatzen dut gogorrena bosgarren gradu inguruan ibiliko dela. Baina eskalada bideetan beti gertatzen den bezela, azpitik bideak errazagoak ikusten dira esku eta oinentzako lekuak non-nahi ikusiz, honegatik, nik esandakoa komatxo askoren artean hartzen baduzue hobe.

Eskalada bideak atzean utzi ondoren, atzeruntz egindako argazkia. Pinu batean SL marka bat ikusi daiteke.        


Aurreko argazkia egindako puntu beretik aurreruntz egindako argazkia.


Hemendik aurrera SL markekin batera argazkian ikusten diren marka hori eta urdinak ere topatuko ditugu. Berez ez dakit zein ibilbideri dagokien baina asko ikusiko ditugu.



Gure eskuinean horma amaitzen dela ikusten dugunean, harkaitz batera igo eta bidea bitan banatzen dela ikusiko dugu.

Zein bide jarraitu pentsatzen baduzue, berdin dio, bat edo bestea jarraituta ere puntu berberara iritsiko zarete eta.

Bidea bitan banatzen den lekuan. Bide urdina edo gorria jarraitzea berdin dio. Nik beti gorria jarraitzen dut.



Aurreko bi bideak hogei metro inguru aldenduta ibili ondoren berriro ere elkartu egiten dira beste bidegurutze baten aurretik. Hemen ezkerreko bidexka jarraituko dugu, argazkian ikusten den bezela.



Eta bidegurutze hau atzean utzi eta oso leun eta labainkorrak diren harkaitz batzuetatik igo ondoren (kontuz euria botatzen duenean), nik  "bidegurutze garrantzitsua" deitzen diodan bidegurutzera iritsiko gara.

08:10, "Bidegurutze garrantzitsua", 150 metro inguru. Bidegurutze hau Torre Moratxa eta Castell de Montgrí-ra doazen bideak banatzen dituen bidegurutzea da. Ezkerreruntz hartzen badugu, Castell de Montgrí gaztelurantz doan pistara iritsiko gara. Bidegurutzean zuzen jarraituz gero aldiz, Torre Moratxara igoko gara.

"Bidegurutze garrantzitsua"ren argazkia (argazkia Torre Moratxaren igoerako norantzan egina da).



Oraingoan, Torre Moratxara goazenez, goruntz zuzen jarraituko dugu, pinua pixkanaka galdu eta sastraka eta erromeroari pausua emanez. Zati honetan erretxinaren usainak erromeroaren usainari txanda emango dio.

"Bidegurutze garrantzitsua" atzean utzi eta metro gutxira beste bidegurutze bat topatuko dugu, hemen ere ezkerreko bidexka hartuz. Bidegurutze honetan, beheko argazkian ikusten den bezela, marka hori eta urdin bat topatuko dugu.



Eta ibiltarien ondorioz leun-leunak dauden harkaitz eta harrietatik doan bidexka jarraituta, konturatzerako, ziurrenik izerditan blai, Torre Moratxa mendira igoko gara.

8:15, Torre Moratxa, 220 metro. Nahiz eta txikia izan, mundua oinen azpian duzunaren sentsazioa izaten den mendi horietako bat da, ingurukoa zu baino baxuagoa dago eta. Egunsentia hemendik ikustea izugarria izaten da.

Gailurrean dagoen dorrea XVIII mendekoa da eta dirudienez L'Estartit herria piratetatik babesteko erabiltzen zuten.

Torre Moratxa mendiaren gailurrera iristen.



Ekialderuntz Roca Maura eta Medes irlak ikusteko aukera izango dugu.


Mendebalderuntz aldiz, Montplá eta Castell de Montgrí azalduko zaizkigu, eta hauen aurrean duna kontinentala.

Argazki hau mendebalderuntz egina dago. Torre Vella urbanizazioa adierazi dut, Castell de Montgrí-ra joan nahi badugu honen ondotik pasako gara eta.


Castell de Montgrí gertuago... Aurten ia egunero globoak hegan ikusteko aukera izan nuen.


Torre Moratxatik Roca Maura mendira igotzeko, dorrearen sarreraren ezkerretik (parez-pare begiratzen badugu) doan bidexka erdi izkutua jarraituko dugu, argazkian ikusten den bezela.


Bi mendi hauen arteko bidea oso hestua da eta dizdiratsuak diren harri nahiz harkaitz labainkorren gainetik doa, kontuz bustiak badaude.

Bi mendien arteko lepora iristerakoan bidegurutze bat topatuko dugu. Bidegurutze honetan, argazkian ikusten den bezela, ezkerreko bidea hartuko dugu. Erabakia hartzerakoan parean SL markadun zuhaitz batek lagunduko digu.



Bidexka jarraituz pista batera iritsiko gara. Hemen, Roca Mauraren gailurrera igotzeko bi aukera ditugu: lehenengoa pista jarraitzea eta bigarrena (hemendik doa SL bidea) pistaren eskuinetik eta amildegitik gertu doan bidexka erdi-izkutua jarraitzea. Lehenengo aukerak inongo misteriorik ez duenez, nik bigarrena deskribatuko dizuet.

Pistara iristerakoan dagoen hitoa. Argazkian SL ibilbideak jarraitzen duen bidea margotu dut.



Torre Moratxatik egindako argazkian bidea pista utzi ondoren gutxi gora behera nondik doan ikusi daiteke. Argazki honetan Medes irlak osatzen duten bi irla nagusiak ere ikusi daitezke: Meda Gran eta Meda Petita.



Ez dizuet engainatuko hemendik gorako bideak garbitze lan bat behar duela esaten badizuet. Bidea asko hestutzen da eta zenbait lekuetan sastraken artean nahi eta nahi ez ibili behar da harkaitzen gainean oreka mantenduz. SL markak ere urriak direnez bidea ezeroso bihurtzen da. Harkaitz eta harrien gainetik ibiltzen trakets xamarrak bazarete, hobe pistatik jarraitzen baduzue hemen bihurritu bat egiteko aukerak handitu egiten dira eta.

Bidexkaren zati batean. Leku batean baino gehiagotan mediterraneoko sastraken "laztanak" sentitzeko aukera izango dugu.



Harkaitzen gainetik saltoka eta oreka mantenduz igo ondoren, di-da batean Roca Maura mendiaren gailurrera igoko gara.

08:25, Roca Maura, 225 metro. Mendi honetan gehienetan itsasoari lapurtutako haize gozoaz gozatzeko aukera izaten da, bertako ikusmirarekin batera. Aurten egurrezko hesi edo "balkoi" antzeko batzuk jarri dituzte, baita inguruko lekuak identifatzen dituzten bi argazki panoramiko ere.

Roca Maura mendiaren gailurrera iristen, egurrezko hesia ikusi daiteke.


Hegoalderuntz egindako panoramika. Izenak bertan dagoen panoramikaz lagunduta jarri ditut.


Mendebaldetik iparreraino egindako panoramika. Panoramika hau egiteko ere gailurrean dauden argazkiak hartu nituen erreferentzi bezela.



Kuriosoa izaten da ordu hauetan ondartzara begiratzea. Ordu pare batean puntuz eta itzalkinez betetzen joango den ondar zatia pakean izaten da, esnatu arte sarrerako atea itxita izango balu bezela.

Roca Mauraren gailurretik mendebalderuntz metro batzuetan jarraitzen badugu, egurrezko beste hesi-balkoia duen gailurtxo batera iritsiko gara. Hona iristeko bi aukera ditugu: pistara jaitsi eta eskuineruntz hartu (ibilbidearen norantzan) edo antenaren eskuinetik dagoen bidexka jarraitzea.

Roca Maura menditik bigarren mailako gailurtxora iristeko dauden bi aukerak: pista jarraitzea (gorriz) edo antenaren eskuinetik pasatzea (urdinez).


Bigarren mailako gailurtxoan. Honek ere ikusmira ederra dauka.



Gailurtxo honetan dagoen txintxarridun plaka.


Eta gailurtxo honetatik L'Estartit herrira itzultzeko pistara jaitsi (iparralderuntz) eta metro batzuetan indikazio poste bat ikusiko dugu.

Gailurtxotik indikazio postera dagoen bidea.


Indikazio postea, hemendik aurrera jarraituz gero badakigu nora goazen.



Indikazio postetik behera doan bidea garbituta dago eta galtzeko arrisku handirik ez dauka, baina lehen zatian harri eta harkaitz labainkor asko dauka, honegatik, kontuz jaistea gomendatzen dizuet.

Bidexkaren hasieran.



Lehen metro batzuen ondoren badirudi bideak ezkerreruntz hartzen duela, baina ez da hemendik jarraitu behar, poste elektrikoen inguruan garbitutako baso lerroa besterik ez baita.

Goian aipaturiko "bidegurutzea". Guk eskuineruntz jarraituko dugu. Hemendik Torre Ponça dorrea ederki ikusten da.


Gertuago...


Hamar minutu eskasean,  maldatsua den jaitsieraren ondoren, L'Estartik herritik datorren errepidera iritsi eta eskuineruntz hartuko dugu, argazkian ikusten den bezela.


Errepidean.


Zein gozoa den maldan behera ibiltzea, batez ere eguzkiak jotzen hasten duenean. Errepidean behera metro batzuetan jarraituz gure ezkerrean  L'Estartit kanping-a utziko dugu bidegurutze batera iritsiz. Bidegurutze honetan, berriro ere biribilgunera iristeko, eskuineruntz hartuko dugu Carrer de Barcelona kaletik.

L'Estartit kanping-aren azpian dagoen bidegurutzea eta jarraitu beharreko norantza.


Eta, argazkian ikusten den bezela, errepidea jarraituz, bidegurutzetik 5-10 minutu eskasean biribilgunera iritsiko gara.


08:45, L'Estartit-en sarreran dagoen biribilgunea, 0 metro. Roca Mauratik biribilgunera, arin-arin ibilita 15-20 minutu inguruan iritsiko gara, ibilbide borobil honi amaiera eman eta dutxa eder bat irabaziz.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina