Nik ere dudan mendi-gose asegabean, L'Estartit herriko liburudenda batean Montgrí parke naturaleko mapa bat erosi eta Montgrí mendigunearen inguruko mendiak ezagutzeko ibilbide bat prestatu nuen, errepor honetan kontatuko dizuedana.
Ibilbidea berezia izanda, anaia eta biontzako berezia den egunarekin bat egitea pentsatu nuen, gure amaren urtemuga eguna.
EGINDAKO IBILBIDEA
Esan bezela, ibilbide honekin Montgrí mendigunearen inguruko hainbat mendi bisitatu nituen. Roca Maura eta Castell de Montgrí mendietara igotzeko deskribatutako ibilbideak batu eta batuketatik lortutako ibilbideari zatitxo berri bat erantsi nion.
L'Estartit herritik atera eta Castell de Montgrí-ra doan ibilbidea Coll de les Sorres lepoan dagoen atseden-lekuraino jarraitu nuen. Hemen, Santa Catarina baselizara doan SL-C 17 ibilbidea hartu, eta Puig Rodó eta Puig de Querroig mendien arteko lepora iristerakoan, ipar mendebalderuntz doan bidexka pista bateraino jarritu nuen, tartean Puig de Querroig eta Puig de les Cogullades mendiak igoz.
Pistan ipar mendebaldeko norantzarekin egurrezko langa bateraino jarraitu, langa pasa eta berehala hegomendebalderuntz doan bidexka hestu bat hartu nuen, pixkanaka Puig Rodó mendia bere ipar mendebaldetik inguratu eta mendi honen hertzan amaituz. Puig Rodó eta Castell de Montgrí mendien arteko bideak ez dauka inongo misteriorik, bien arteko Coll de la Creu lepotik aurrera GR-92 ibilbidea jarraitzea besterik ez nuen egin eta. Castell de Montgrí-tik L'Estartit herrira itzultzeko, Torre Moratxa eta Roca Maura mendiak ere igo nituen Castell de Montgrí mendira doan ibilbidea deskribatu nuenean itzultzeko jarraitu nuen bide bera jarraituz. Oraingoan, L'Estartit herriaren sarreran dagoen biribilgunera zuzen iritsi ordez, hondartzaren ondoan dagoen pasealekua jarraituz itzuli nintzen.
Mapa honetan gorriz joandako eta orlegiz itzulerako bidea ikusteko aukera duzue.
Ibilbidearen track-a deskargatu nahi izanez gero.
Powered by Wikiloc
Ibilbidea berriro ere 2015ean egin nuen, oraingoan Puig Rodó mendira bide egokia jarraituz. Hona hemen ibilbidearen track berria deskargatu nahi baduzue, ibilbide hau hobea da.
IBILBIDEAREN DATU BATZUK
- Ibilbidearen luzera: 23 km.
- Abiapuntua: L'Estartit, 0 metro.
- Amaiera: L'Estartit, 0 metro.
- Altuera minimoa: L'Estartit, 0 metro.
- Altuera maximoa: Montplá, 310 metro.
- Desnibel positiboa osora: 1040 metro.
- Zailtasuna: Erraza. Hala ere bidea ez da oso erosoa ibiltzeko harri eta harkaitz asko dago eta, batez ere Torre Moratxa eta Roca Maura mendien artean. Castell de Montgrí-tik behera doan bidea oso labainkorra da, kontuz batez ere bustia badago, ipurdiko bat hartzeko arriskua dago eta.
- Igotako mendiak: 7.
- Egindako denbora: Lau ordu atsedenaldiak barne.
- Ura: Coll de les Sorres lepoko atsedengunean ibilbide osoko iturri bakarra topatuko dugu.
DESKRIBAPENA
07:25, L'Estartit-en sarreran dagoen biribilgunea, 0 metro. Ibilbidea leku estrategiko honetan hasi nuen berriro ere, nahiz eta track-aren abiapuntu bezela leku hau ez irten (track-a garbira pasatzerakoan arazo bat izan nuen). Eguna erdi lainotua eta frexko esnatu zen, "mendira ateratzeko primerakoa" pentsatu nuen.
Biribilgunetik, Montplà eta Castell de Montgrí mendietara igotzeko jarraitu nuen ibilbide bera egin nuen Coll de les Sorres leporaino.
08:15, Coll de les Sorres, 100 metro inguru. Bertako atsedenlekuan, ohiko moduan, ur tragoxka ederra hartu, kantinplorak bete eta aurreruntz jarraitu nuen.
Oraingoan GR-92 ibilbidea hartu beharrean, honen eskuinetik (ipar mendebalderuntz) doan SL-C 17 ibilbidea hartu nuen, atsedenlekuan dagoen indikazio postearen arabera, Santa Caterina baselizara eramango ninduena.
Coll de les Sorres lepoan, oraingoan eskuineko bidea hartu nuen.
Coll de les Sorres lepoan dagoen indikazio postea.
Pista zabal bat ehun metro inguru jarraitu ondoren, eskuineruntz doan bihurgune batean pista utzi eta zuzen jarraitu nuen SL marken atzetik. Oraingoan SL markekin ez nuen inongo arazorik izan, bidea oso ongi markatua dago eta.
Pista utzitako bihurgunea.
Bidea pinudian metro batzuk egin ondoren, soro baten ezkerretik (ibilbidearen norantzan) jarraitu nuen. Soroaren amaieran, argazkian ikusten den bezela bidea dexente hestutzen da.
Bidea hestutzearekin batera, maldan gora hasi nintzen, nire eskuinean garai batean Masia bat izandako eraikin baten hondakinak utziz.
Bideak xorro-xorro goruntz jotzen du eta azkar joanez gero somatzen da.
SL marka.
Coll de les Sorres lepotik irten eta hamar minutu ingurura bidegurutze bat topatu nuen. Bertako SL markak ezkerreruntz joateko esaten zuenez, ezkerreko bidea hartu nuen, beste bidea alde batera utziz. Gero etxean ikusiko nuen eskuineko bide honek Roca Galera mendira eramango ninduela. Beste batean izan beharko du.
Bidegurutzean. Lurreko SL markak adierazi bezela, ezkerreruntz doan bidea hartu nuen.
Bidegurutze bera atzean utzi ondoren. Jarraitu ez nuen ("X" batekin "itxita" dagoena) bidea jarraitu izan banu Roca Galera mendira igoko nintzateke.
Bidegurutze berean dagoen SL marka.
Bidegurutzea atzean utzi eta pixkanaka mendebalde eta hego-mendebalderunzko norantzarekin jarraitu nuen Puig de Querroig eta Puig Rodó mendien arteko lepora igoz.
Atzera begirada, urrutian L'Escala herria ikusi daiteke.
08:30, Puig Rodó eta Puig de Querroig mendien arteko lepoa, 240 metro inguru. Hito handi bat duen lepo honetan aukera ezberdinak nituen aurrera jarraitzeko. Ezkerreruntz (hegoekialderuntz) hartuz bero Montplà mendiaren iparrean dagoen Puig Rodó mendira, zuzen (hegomendebalderuntz) hartuz gero, Santa Caterina baserilazara, eta eskuineruntz (ipar-mendebalderuntz) hartuz gero Puig de Querroig mendira iritsiko nintzen. Atsedentxo bat hartzeko denbora pentsatzeko aprobetsatuz, hirugarren aukera hartu nuen.
Puig Rodó eta Puig de Querroig mendien arteko lepoan.
Bide hau da hego-mendebalde norantzarekin Santa Caterina baselizara eramango ninduena.
Baina nik Puig de Querroig mendira eramango ninduen bide hau hartu nuen.
Bidexka hau hartu eta di-da batean, malda txiki bat igo ondoren, Puig de Querroig mendiaren gailurrera iritsi nintzen.
08:33, Puig de Querroig, 261 metro. Bertara iritsi, argazki batzuk atera eta ipar mendebalderuntz doan bidea jarraitu nuen. Maldan behera nindoala bidean harri aske dexente topatu nituen eta oinak non jarri ongi pentsatu behar izan nuen harriei ostikorik ez emateko. Maldaren amaiera iristerakoan bideak berriro goruntz jotzen du, Puig de les Cogullades mendiaren gailurreraino.
Puig de Querroig mendiaren gaiurretik egindako panoramika. Argazkian Puig de les Cogullades mendiraino jarraitutako bidea margotu dut.
Puig de les Cogullades mendira iristen.
08:36, Puig de les Cogullades, 210 metro. Bertako gailurrean dagoen hitoan argazki batzuk egin eta aurreruntz doan bide bakarretik jarraitu nuen.
Puig de les Cogullades mendiaren gailurretik atzeruntz egindako argazkia...
... Eta aurretik duguna.
Hemendik aurrera, bideak beheruntz egiten zuela ikusita, oinei frenoa kendu eta, arin-arin, erdi korrika jarraitu nuen, goiz honetako haize frexkoaz gozatuz.
Bidea korrikan aritzeko ez da txarra eta metroak erraz egiten dira.
Atzera begirada, handik gatoz.
Pig de les Cogullades menditik behera ordulaurden eskas nindoala pista batera iritsi nintzen. Puig Rodó edo Muntany d'Ulla mendia parez-pare nuela ikusita, pista eskuineruntz (ipar mendebalderuntz) jarraitzea erabaki nuen, ezkerreruntz jarraituz gero Santa Caterina baselizara iritsiko nintzela pentsatuz. Etxean ibilbidea Google Earth programan ikusi nuenean, nire lasaitasunerako pista ezkerreruntz jarraitu izan banu bidegurutzetik ehun metro ingurura bukatu egiten dela ikusi nuen.
Pistara iristen, argazkian ikusten den bezela eskuineruntz hartu nuen.
Pista maldan behera eta xamurra denez, metroak erraz irabazi nituen. Jaitsiera osoan ezkerrean gelditzen den harana Vall de Santa Caterina izena dauka.
Pistan behera, parean Bellcaire D'Empordà herria.
Pista hartu eta zazpi minutu eskasera egurrezko langa batera iritsi nintzen.
Ezkerreruntz begiratu eta Castell de Montgrí eta Puig Rodó mendietatik zeharo urruntzen ari nintzela konturatu nintzen. "Puig Rodó mendiruntz dijon lehenengo bidea ikusten detenean pista utzi ta haruntz hartukoet" pentsatu nuen langa zeharkatzen nuen bitartean, "hemendio jarraituta Bellcaire D'Empordà" mendian bukaukoet eta".
Langaren ezkerreruntz ikusten dena.
Eta nire pentsamentuak egi bihurtzeko norbaitek entzun bazidan bezela, langa zeharkatu eta bost metro ingurura ezkerreruntz bidexka hestu bat zihoala ikusi nuen. "Hemendio juteik eongoa?" Galdetu nion buruari bidexkara hurbiltzen nintzen bitartean.
Bapatean, sastraka batzuen ondoan, erdi izkutaturiko hito bat ikusi nuenean ez nuen bitan pentsatu, lehen martxa sartu eta bidexkan behera erdi korrika hasi nintzen.
Langatik ateratako argazki honetan jarraitu nuen bidea margotu dut. Borobilduta hitoa ikusi daiteke.
Haranaren azpiraino iritsi arte bidexka, nahiz eta bakarra izan, ez zidan konfidantza handirik ematen, edozein momentuan bukatuko zenaren beldurra nuen eta. Baina haranaren azpian bidexkak bide zabalago bati txanda eman zionean izugarrizko lasaitasuna hartu nuen.
Haranaren azpian bidexkak bide zabalago bati pausu eman zion lekuan.
Hemen berriro ere lasai asko korrika egiteko aukera izan nuen, bidea gozoa baita, eta olibondoak landatutako soro pare bat zeharkatu ondoren ongi zapaldutako pista zabal batera iritsi nintzen.
Etxean zain nuen mapan ikusiko nuen bezela, olibondo hauek landatutako leku zabal honek Vall petita de Santa Caterina izena jasotzen du.
Zeharkatu nuen olibondoetako soro bat.
Pista honetara iritsi nintzenean argi nuen ezkerreruntz (hego-ekialderuntz) jarraituz gero Santa Caterina baselizara eta eskuineruntz Bellcaire D'Empordà herrira iritsiko nintzela.
Pista zeharkatu eta parean bidexka bat Puig Rodó mendiruntz zihoala ikusi nuenean hemendik jarraitzea erabaki nuen.
Santa Caterina baselizara iritsi nintzenean eta hemendik aurrera jarraitu nuen bidea.
Bidexka honetan metro batzuk egin ondoren, Puig Rodó mendiruntz eramango ninduela konbentzitzen hasi nintzen, batez ere noizik eta behin bidean hitoak ikusten nituen eta.
Bidexkaren lehen metroetan.
Bidexkan ikusi daiteken hitoetako bat.
Bideak, presa handirik gabe, pixkanaka goruntz doa eta igoeran Puig Rodó mendia bere ipar mendebaldetik inguratzen doa. Hemen bidea zapalduago dago, bertako harriak leunagoak daude eta.
Momentu batean, bidea jarraituz gero Ulla herrira iritsiko ez ote nintzen beldurra sartzen hasi zitzaidan. "Metro batzuk jarraitu ta bidek ezpadu goruntz itten nik ingoet" pentsatu nuen.
Zeharkaldian, parean Ulla herria.
Azkenean, menditik gehiegi desbideratuko nintzenaren beldurpean ipar mendebalderuntz zuzen jotzea erabaki nuen. Igoera, nire lasaitasunerako, uste baino errazago egin nuen, harkaitzak zabalak dira eta. Puig Rodó mendiaren hertzara iristear nengoela nire ezkerrean bidexka bat ikusi nuen. Dirudienez, nonbaiten hitoak galdu eta ohiko bidea galdu nuen.
Puig Rodó mendiaren hertzara iritsi nintzenean egindako argazkia.
Behin hertzan, jarraitu beharreko bideak ez dauka misterio handirik eta erdi zapaldutako bidexka baten gainetik joan nintzen denbora osoan.
Santa Caterina baselizara doan pistatik ordu erdi eskasera, Puig Rodó mendiaren gailurrera iritsi aurretik, mugarri bat duen bigarren mailako mendi batera iritsi nintzen.
Bigarren mailako mendian.
Bigarren mailako mendi honetatik hego-ekialderuntz egindako argazkia eta Puig Rodó mendiraino jarraitutako bidea.
Bigarren mailako mendi honetatik bidexka zapalduagoa topatu nuen, baina korrika ibiltzeko ez oso erosoa, honegatik, oinez arin-arin jarraitu nuen, bost minutu pasatxoan Puig Rodó mendiaren gailurrera igoz.
Puig Rodó mendiaren gailurrera iristen.
09:40, Puig Rodó edo Muntany d'Ulla mendia, 307 metro. Mendi honen gailurrean puntu geodesiko bat topatuko dugu. Izena bikoitza duela esango nuke Kataluniako institutu kartografikoaren mapan Puig Rodó eta L'Estartit herriko turismo bulegoan eman zidaten mapan Muntany d'Ulla bezela izendatuta azaltzen da eta.
Puig Rodó mendiaren gailurretik bigarren mailako mendiruntz (ipar-mendebalderuntz) egindako argazkia. Argazkian bigarren mailako mendia ikusi daiteke.
Ekialde eta hego-ekialderuntz egindako panoramika. Argazkian Santa Caterina baselizaino doan pista argi eta garbi ikusi daiteke. Argazkiaren eskuinean Coll de la Creu lepoa ikusi daiteke, nire hurrengo helburua izango zena.
Puig Rodó menditik Castell de Montgríra doan bidea, tartean Coll de la Creu lepoa.
Puig de Rodó mendian beherako lehen metroetan korrika hasi nintzen, baina harri aske gehiegi zegoela ikusita erritmoa jaitsi eta ttirri-ttarra, erdi oinez eta erdi korrika, Coll de la Creu leporaino jaitsi nintzen.
Coll de la Creu lepora iristen.
09:45, Coll de la Creu, 194 metro. Gurutze handi bat duen lepo honetan hiru aukera nituen: ezkerreruntz (ipar-ekialderuntz) goizean utzitako SL-C 17 bidea Santa Caterina baselizara joateko, eskuineruntz (hegoalderuntz) GR-92 bidea Torroella de Montgrí herrira jaisteko, edo zuzen, GR-92 bide bera Castell de Montgrí mendira igotzeko. Nik hirugarren aukera hartu nuen.
Coll de la Creu lepoan dagoen gurutzearen argazkia.
Coll de la Creu-tik Castell de Montgrí-ra doan GR-92 bidea.
Coll de la Creu-tik gora egun osoan ikusitako lehen mendizale eta turistak ikusi nituen. Beno, hobekiago esanez, mendizale eta turista taldeak.
Nahiz eta gaztelura iristeko irrikitan izan, hemendik aurrerako bidea ezaguna nuen eta, igoera lasai hartu nuen hauspoa gehiegi ez berotzeko, ongi zapaldu eta adierazitako bidetik inongo galerarik gabe Castell de Montgrí gaztelura iritsiz.
Malda "amaitzen" den lekuan atzeruntz egindako argazkia, bertan Puig Rodó mendia ikusi daiteke.
Gaztelu azpian datoen kanteratxoa, dirudienez hemendik atera zituzten gaztelua egiteko harrietako batzuk.
Kanteraren aurrean dagoen informazio karteltxoa.
09:55, Castell de Montgrí, 303 metro. Egun batzuetan gorputzak ariketaren aurrean duen erreakzioa berezia izaten da. Gaztelura, nahiz eta normalean egiten nuen distantzia baino gehiago ibili, inoiz baino indartsuago iritsi nintzen. Ez dakit eguraldiaren tenperaturak, denbora osoan indarrak neurtzen joatea, hidratazio eta elikadura, edota guztien nahasketa bat izan zen, baina gorputzaren erreakzioa sekulako izaten ari nintzen.
Gazteluaren kanpoan argazki pare bat egin eta itzulerako bideari ekin nion.
Castell de Montgrí gaztelua.
Hasieran esan bezela, Castell de Montgrí-tik L'Estartit herrira itzultzeko hona igotzen naizen bakoitzean jarraitzen dudan bide bera jarraitu nuen, tartean, Montplà, Torre Moratxa eta Roca Maura mendiak igoz.
10:09, Montplà, 310 metro. Gaurko mendirik garaiena igo, argazki pare bat egin eta aurreruntz jarraitu nuen.
Montplà menditik atzeruntz egindako argazkia.
Montplá menditik egindako panoramika honetan gaur igotako mendi gehienak ikusi daitezke.
10:21, Coll de les Sorres, 100 metro inguru. Iturrian berriro ere hidratatu eta denborarik galdu gabe aurreruntz jarraitu nuen.
Coll de les Sorres lepoan dagoen iturria.
10:53, Torre Moratxa, 220 metro. Hemen ere, ia gelditu gabe, argazki parea egin eta gaurko azken mendiruntz abiatu nintzen.
Torre Moratxa mendian.
11:00, Roca Maura, 225 metro. Ibilbide osoan, abuztuak 20 bakoitzeko gertatzen zaidan moduan, ezin izan nuen ama burutik kendu, honegatik, eguneko azken mendia igotzearekin batera bere presentzia oso gertu somatu nuen. Momentu horretan, izugarrizko zoriontasunak bildu eta, itsaso barrenera begiratuz, hunkitu egin nintzen, tartean zoriontasun malkoren bat isuriz: "Milesker ama zurekin bizitako une bakoitzarengatik!!!".
Roca Maura mendian.
Komentatu bezela, egun honetan indartsu nindoala aprobetsatuz, L'Estartit kanping-etik biribilgunera zuzen joan beharrean, herriko kaleak zeharkatu eta hondartza eta portua lotzen duten pasealekura iritsi nintzen, metro askoetan pasealekua jarraitu eta, herriari inguraketatxo bat eginez, 11:25 inguruan biribilgunera iristeko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina