AZKEN 10 SARRERAK

2015/08/15

GRAN CANARIA: DEGOLLADA ANCHA MASPALOMASEKO FAROTIK

5 urte badira Itzi eta biok Gran Canaria aukeratzen dugula oporretaz disfrutatu ahal izateko. Irlak aukeran leku asko ditu, baina gu beti hegoaldera joaten gara, Maspalomas ingurura. Bertan ez dugu beste lekuetako bero handia eta jende pila topatzen eta ia egun osoan haize goxo batek tenperatura nolabait gozatu egiten du. Eguneroko agenda oso estresantea izaten dugu: berandu jaiki, gosaldu, korrika saio txiki bat, igerilekua/hondartza, siesta, bazkaldu, siesta, igerileku/hondartza, afaldu eta ohera lo egitera jejejejeje. Beti atentzioa deitzen dit oporretan egiten dugun lo pila, ziurrenik urtean zehar itsuraz egiten ez dugunaren ordaina izango da.

Aurtengo oporraldirako gure eguneroko agenda estresantea ahalik eta estresanteago bihurtzeko asmoz aldaketa bat egin nion: goizean, gosaldu aurretik, baraurik, korrika saio bat egitea, aurreko urteetakoa baino luzeagoa. "Baraurik?" Pentsatuko duzue, "tipo honi burua joan zaio" jejejeje. Jokinek eman zigun aholkuen artean noizik eta behin abiadura baxuan baraurik korrika egitearena izan zen: "metabolismoa bizkortu eta erregaiak gantzetara pasatzea errazten du" esan zigun. Lehendik ere baraurik korrika saiotxoren bat edo beste egina nuen eta banekien, nire kasuan behintzat, sentsazio "ezberdin" bat sentitzen zela (ez dakit sentsazio hau nola adierazi).

Korrikan egiteko irlaren hegoaldeak aukera handiak ditu eta itsas ondoko pasealeku zoragarriak dauzka, baina denen gainetik Maspalomaseko dunak kokatuta dauden hondartza alderik-alde zeharkatzea da nik gustukoen dudana. Olatuen soinu erlaxagarrien artean korrika egitea eta eguzkia uraren gainetik nola irteten den ikustea preziorik ez dauka, eta hau nik esatea arraroa da hondartza ez baita gustuko dudan leku horietako bat jejejeje.

Hondartzako korrika saioetako batean egindako argazkia.


Baina hondartzan korrika egitetik aparte mendia ere zapaldu nahi nuen eta hau izan daiteke Maspalomasek duen gabezietako bat. Irlaren tokirik menditsuena erdialdean dago, eta ez da makala, 1949 metroekin Pico de las Nieves mendia baita mendirik altuena. Baina mendiak Maspalomasetik urrun gelditzen dira eta bertara joan-etorria egitea 70 km inguruko ibilbideak suposatzen duenez, aukera hau tristura handiz baztertu egin nuen.

Orduan B plan baten bila hasi nintzen. Interneten begiratzen hasi eta, honelakoetan egiten dudan bezala, lehenik wikiloc web orrira jo nuen. Bertan mendiko bizikletan egiteko hainbat irteera topatu nituen, baita korrikan egiteko bakarren bat ere. Maspalomaseko faroa irteera eta helmuga bezala hartuta, sarean topatutako hainbat irteera koktel-ontzian sartu eta gutxi gora behera 30 km-ko ibilbide bat prestatu nuen.

Hala ere, nahiz eta paperean ibilbidea txukun gelditu, ibilbidea egiteak bi saiakera eraman zituen: lehenengoan ez dakit zein izeneko auzo batean galduta izan eta ez aurrera ez atzera ibili ondoren, frustrazio handiz hotelera itzuli nintzen. Bigarren saiakeran aldiz, bete-betean asmatu eta ibilbide osoa egin nuen, hala ere, irakurriko duzuen bezala, ezustekoren bat ere izan nuen.

JARRAITUTAKO IBILBIDEA

Ibilbidea Maspalomas faroaren ondoan hasi nuen, leku hau topatzea erraza baita. Hemendik ekialdera hartu eta Maspalomas iparretik itsasora zeharkatzen duen erreka zabal eta lehorrera iritsi eta iparreruntz jarraitzen hasi nintzen, Osasun etxea dagoen lekuraino. Hemendik aurrera, iparreko norabidearekin, Barranco de los Vicentillos sakana jarraitu nuen bere osotasunean Ayagaures herritik datorren pista batekin topo egin arte.

Pistara iritsi bezain pronto ezkerrera hartu (hegomendebaldera), hau da, Ayagaureseko norabidean, eta "Degollada Ancha" deituriko lepora iritsi nintzen (Gran Canarian bi haranen arteko pausu edo lepoak "degollada" hitza jasotzen du). Eta bide batez, behin honaino iritsita, parean nuen mendi koxkorrera igo nintzen. Mendia igo nuen bidea ez da arriskutsua baina bai agerikoa eta II mailako zailtasunak topatu nituen. Jaitsiera aldiz, mendiaren ekialdetik zeharkaldi bat eginez, bide errazago batetik egin nuen.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 30,5 kilometro.
- Punturik baxuena: Maspalomaseko faroa, 10 metro.
- Punturik altuena: Degollada Anchan dagoen mendi koxkorra, 546 metro.
- Desnibel positiboa osora: 550 metro.
- Igotako mendiak: Degollada Anchan dagoen mendi koxkorra.
- Ura: Ibilbide osoan ez dago ura hartzeko aukerarik (nik ibilbidea uztailean egin nuen, ez dakit neguan egoera nolakoa izango den) eta ura eramatea ezinbestekoa da. Nik litro bat ur eraman nuen eta gutxiegi izan zen.
- Zailtasuna: Bideak inongo zailtasunik ez dauka eta Vicentillos sakanean harri aske pila topatuko dugu. Mendi koxkorra gandorratik igotzen badugu II mailako zailtasuneko eskalada topatuko dugu (harri askea eta ageriko gandorra). Errazagoa da ekialdetik inguratu eta gero zuzen igotzea (jaitsieran jarraitu nuen bidea).

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue.


Powered by Wikiloc


DESKRIBAPENA

Deskribapenarekin hasi aurretik esan ibilbide honetarako eraman nuen janari eta edari bakarra platano pare bat eta litro bat ur izan zela, gutxiegi noski, gero irakurriko duzuen bezala. Gainera, ibilbidea denboraren baldintzapean egin beharra nuen, gosariak emateko jangela goizeko hamaikak arte irekita zegoen eta.

07:00, Maspalomaseko faroa, 10 metro, 0 km. Goizeko freskurarekin (20 gradu inguru) martxan jarri nintzen. Iparraldera korrikan hasi eta autobus geltoki handiaren aurretik dagoen biribilgunean eskuinera hartu nuen Oasis etorbidea jarraituz. Metro batzuetara dagoen biribilgune txikian zuzen jarraitu (bigarren irtera), hurrengo bidegurutzean ezkerrera hartu eta metro gutxien buruan "La Charca" hezegunera iritsi nintzen. Hezegune honetan ur-oilo, lertxun eta ahateak ikusteko aukera izaten da.

Hemendik aurrera, eskuinean Maspalomaseko dunak nituela, iparrera jarraitu nuen "La Charca"raino doan errekaren ezker ertzeko (igoeraren norabidean) bidea jarraituz. Dena den, topatu nuen lehen zubian errekaren beste ertzera pasa eta hemendik aurrera errekaren eskuin ertzeko pasealekua jarraitu nuen.

Zati honetan ibilbideak misterio handirik ez dauka eta farotik atera eta ia 4garren kilometroa egitear nengoela Maspalomaseko Osasun Zentrua dagoen zelaigunera iritsi nintzen. Merkatuko postuak jartzen ari ziren saltzaileen begirada arraroen artean zelaigunea bere eskuinetik zeharkatu eta parean nuen GC-1 errepidearen azpitik doan pasabidea zeharkatu nuen.

Hemendik aurrera, ia bi kilometroetan hauts eta hareaz beterik pista bat jarraitu nuen ipar-ekialdeko norabidearekin. "Buenoo, hemendio behintzat bakarren bat korrika pasa da" pentsatu nuen lurrean zeuden mendiko zapatilen arrastoak ikusi nituenean.

Jarraitzen ari nintzen pista eta eskuinetik zetorren beste pista bat elkartu behar zuten lekura iritsi aurretik, pista utzi eta ezkerrera irteten den bidea jarraitzen hasi nintzen, pausuak iparrera ikusten nuen sakanaren sarrerara zuzenduz. Sarreraren ezkerrean oilategi itsurako etxola bat utzi nuen bertako zakurren zaunken artean.

07:38, Barranco de los Vicentillos sakana, 70 metro, 6 km. Onartu beharra daukat leku honek txunditu ninduela. Bat-batean, zientzia-fikzio filmeak erreferentzi bezala hartuta, ilargia edota Marten nengoen sentsazioa izan nuen. Eskuin eta ezkerrean nituen bi horma gorrien artean sartu eta, oraindik itzalpean, pixkanaka gora zihoan bideari metroak jaten hasi nintzen.

Los Vicentillos sakana.


Sakanan sartzerakoan bidearen egitura zeharo aldatu eta hare eta hautsa izatetik harri aske izatera pasatzen da, tarteka erabat lehorra topatu nuen errekatxoa zeharkatuz.

Orain arte bideak galtzeko arriskurik ez, eta oraindik freskuran, eguneko lehen platanoa janez, metroak erraz irabazi nituen.

Gutxi gora behera 12 kilometro eta erdi egin nituenean bidea kainaberaz estalia topatu nuen. Nahiz eta bidea hemen amaitzen zela pentsatu, kainaberen artean bide arrastoak ikusten zirela ikusita, aurrera jarraitzea erabaki nuen. 50-75 metro kainaberen artean egin ondoren, bidea berriro ere bere osotasunean agertu eta ezkerrera bihurgune itxi bat egin ondoren aldapan gora hasi nintzen: "Beno, hemen hasiko da gaurko maldaik gogorrena" pentsatu nuen. Abiadura moteldu eta pixkanaka gora egin nuen, tartean lasai izango ziren hiru eper eta koneju pare bat beraien loalditik esnatuz.

Bideak zuzen gora jotzen du eta, orain arte bezala, galtzeko arriskurik ez dauka. Bat-batean, bidearen ertza batean, erabat desmuntatutako kotxe bat topatu nuen. "Joer, bauke meritue kotxea desmuntatzeko honaino ekarri izana" pentsatu nuen. Kotxea (edo hobe esanda kotxetik gelditzen zena) atzean uztearekin batera erlojuan alarma bat azaldu zen: pultsometroko sentsoreari pila aldatu beharrean zaude. "Joer!!" Pentsatu nuen "oain pila aldatu arte itsu nau pantailan ez baita beste ezer ikusten". Gero Ikerrek esango zidan alrma hori nola kendu erlojuaren beste datuak ikusi ahal izateko, baina orduan gora "itsu" jarraitu nuen.

Metroak irabazi ahala parez pare mendi ikusgarriak ikusteko aukera izango dugu.


Bi kilometrora iritsiko ez den igoera honen ondoren, dagoeneko eguzkipean, Ayagaures herritik datorren pistarekin topo egin nuen. Pistan ezkerrera (hegomendebaldera) hartu eta, 200 metro eskas korrika egin ondoren, Degollada Ancha lepora iritsi nintzen.

08:40, Degollada Ancha, 480 metro, 14,5 kilometro. Bertan gelditu gabe metro batzuetan aurrera jarraitu, pultsometroko sentsoreari pila aldatu eta motxilan nuen bigarren eta azken platanoa jan egin nuen.

5 minutu eskaseko atsedentxoaren ondoren berriro martxan jarri nintzen farora itzultzeko asmoarekin. Baina berriro ere Degollada Anchara iritsi nintzenean parean nuen mendi koxkorra deika nuela ikusi nuen. Lamien deiarekin gertatzen den moduan, mendi honen deiari ezin izan nion ezetzik esan jejejeje. Gainera, euskal mendizale "on" bezala, ezin da mendi irteera egin inongo puntarik igo gabe, harkaitz puska bat bada ere jejejeje.

Degollada Anchatik igotako mendi koxkorrera egindako argazkia. Gorriz igoerako bidea eta urdinez jaitsierakoa.


Parean nuen mendia nondik igo aztertu ondoren, parez-pare nuen gandorratik igotzea erabaki nuen. Lehen metroak, bidexka bat zirudiena jarraituz egin nituen gandorra nire eskuinean utzita. Gandorrara igotzeko izan nuen lehen aukera aprobetsatuz, eskaladatxo erraz baten ondoren (II) gandorrara igo eta metro eskas batzuk bere gainetik egin nituen ondoren bere eskuinera(igoeraren norabidean) pasatzeko. Gandorraren eskuinean beste metro eskas batzuk egin eta honen ezkerrera pasa nintzen berriro ere. Gandorraren gainetik jarraitzea arrikutsu ikusten nuenez (harri askeak eta gainera kalean korrika egiteko zapatilek ez zidaten konfidantza handirik ematen) ageriko zeharkaldi bat egin behar izan nuen tentsio une motz baten ondoren inongo zailtasunik gabe gailurrera iristeko.

09:00, mendi koxkorraren gailurra, 546 metro, 15 km. Nire azpian nuen ikusmiraz gozatu, argazki bat egin eta beherako bidea hartu nuen: "hona bi orduetan igo banaiz, hamar t'erdietako Hotelen erraz nau" pentsatu nuen gosariak emateko gehiegizko ordua gogoan.

Mendi koxkorretik iparrera egindako argazkia. Gorriz igoeran jarraitu dudan bidea. Atzean Ayagaures herriko etxeak ikusi daitezke.


Mendi koxkorraren jaitsiera errazago egin nuen. Mendiaren ekialdera harri askeen artean jaitsi eta, igoeran jarraitu nuen gandorra ezkerrean utzita arazorik gabe itzuli nintzen Degollada Ancha lepora.

Erlojua begiratu eta 11:10ak zirela ikusita "hamar t'erditako jaisten banaiz lasai dutxau ta gosaltzea iritsiko naiz" pentsatu nuen.

Jaitsieran mendi koxkorrari egindako argazkia. Gorriz igoerako bidea eta urdinez jaitsierakoa.


Jaitsieran igoeran jarraitutako bide bera jarraitu nuen eta, lehen kilometroak oso erraz egin nituela ikusita, ia ur osoa edan nuen di-da batean iritsiko nintzela pentsatuz.

Baina jaitsieran ez nuen gauza bat kontutan izan: eguzkia eat beroa!!! "Kanariar irletan egoteko bada delitua eguzkia eta beroa kontutan ez izatea" pentsatuko duzue arrazoi handiz. Ba bai, hala izan zen, eta hanka-sartze honek primerako errepasoa eman zidan.

Igoeran itzalpean zegoen gehiengoa jaitsieran eguzkipean topatu nuen, eta gainera, pausu bat ematearekin batera tenperaturak gradu bat gora egiten zuela sentitzen nuen. Osasun zentrua dagoen zelaigunera iritsi nintzenerako, motxilan nituen botilatxoak erabat tolestuz azken ur tantak edan nituen: "Buffff!!!" Pentsatu nuen, "oaindio falta denaaaa". Krisi momentu honetan Itziren deia jaso nuen: "Nun zare?" berak, "anbulatorion" nik, "Beandu ez?" Galdetu zidan "Bai, gero kontaukoizut, ea hamaiketako gosaltzeko iristen naizen".

Metroak aurrera egin ahala abiadura moteltzen joan nintzen eta azkeneko kilometroa 7,5 minutu/km-ko abiadura mantentzeko nahiko lan banuen. Erlojuari begira eta minutuak binaka zihoazela ziruditen, eta nahiz eta hamaiketarako iritsi, gosaldu aurretik dutxatzeko denborarik izango ez nuenaren beldurra nuen. "Gañea seguro ez duela dutxaube jangela pasatzen uzten" pentsatu nuen nire burua "animatuz" jejeje.

Hau gutxi ez bada, Hoteletik kilometro eta erdira nengoela bidegurutze bat gaizki hartu (dagoeneko lurrera begira nindoan beste inora begiratu gabe) eta hondartzarako bidea hartu nuen. "Ostia!!! Hoixe bea bakarrik falta nun" haserretu nintzen.

Azkeneko 3-4 kilometroak kriminalak izan ziren: denbora osoan lurrera begira (ez nuen faroa ikusi nahi geroz eta urrunago zegoela iruditzen zitzaidan eta), izugarrizko egarriarekin, egiten nituen pausuak nolabait zenbatuz. Tarte batean ere nire burua animatzen joan nintzen ondartzara zihoazen turisten begirada arraroen artean.

11:40, Maspalomaseko faroa, 10 m, 30,5 km. Leher eginda farora iritsi nintzen eta korrikan (momentu horretan egiten nuenari korrika egitea deitzerik bada) Hotelera sartu, eskilarak hala-nola igo (soka finko eta jumar batekin azkarrago igoko nituen jeje) eta logelara sartu bezain pronto soinean nuen guztia lurrera bota, dutxatu, bainu-jantzia, kamiseta garbi bat eta sandaliak jantzi eta 10:55etarako jangelan sartu nintzen, adiskidetsua iruditu ez zitzaidan langileen begiradapean.

Harrigarria bada ere zerbait jan, baina batez ere ia konpultsiboki ez dakit zenbat zuku edalontzi edan ondoren, gorputzean nuen leher egindako sentsazioari buelta eman eta gutxienez igerilekura penagarria ez zen ibilera batekin iritsi nintzen, Itziri pasatako abentura (abentura ez, harduragabekeria) kontatzera. Eta hau harrigarria bada, handik ordubetera gutxi gora behera hanketako neke sentsazioa eta minbera ere joan eta bazkal ostean korrika saio motzagoa egin izan banu sentitzen nuen.

Berriro Hotelean oinei atseden ematen jejeje.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina