AZKEN 10 SARRERAK

2015/09/11

NAFARROA OINEZ ETA LASTERKA: "HAMABORTZ, AMA BAT" 2015/08/30

Aurtengo mendi erronkarik handiena G2H lasterketan parte hartu eta amaitzea zen eta honetarako urtebetean buru-belarri aritu ginen lasterkan (zintan, kalean eta mendian), eskalada alde batera utzita.

Erronka honi begira egin genuen lehenengo lasterketa Euskal Herria Mendi Erronka izan zen, eta orduan idatzi nuen kronikan azaldu bezala, bizitza osoan egindako lehen mendi lasterketa izateko, testa gainditutzat eman genuen. Lasterketa honetan gauza asko ikasi genituen, batez ere ultra-lasterketa bati nola aurre egin behar zaionaren inguruan.

G2H frogaren eguna ere iritsi eta, lasterketarako genituen aurreikuspenak kontutan izanda, froga hau ere gainditzat jo genuen, nire ustez aurrekoa baino nota altuagoarekin. Lasterketa honetan, aurrekoan ikasitakoa praktikan jarri eta gauza berriak ikasi genituen, ziurrenik etorkizunerako ederki etorriko zaizkigunak.

G2Htik aurrera, mendi lasterketei dagokionez, ez genuen helbururik. Dena den pena ematen zigun ordura arte lortutako sasoi puntu “ona” galtzea, honegatik, sasoia mantendu nahian, mendi lasterketen parte hartzea irailaren bukaera arte luzatzea erabaki genuen, urritik atzera entrenamenduak eskaladarekin tartekatzeko.

uztaila amaieran eta abuztuan, oporrak tarteko, Jokinek emandako aholkuak erreferentzi bezala hartu eta entrenamenduak oporraldietarako lekuetara ezinbestean egokituta hala nola entrenatzen joan nintzen, mendia gutxi zapalduz.

Abuztuaren amaierarekin batera, izena emandako lehen lasterketa iritsi zen: Baztango ikastolak “Hamabortz ama bat” lemapean 2015ean antolatuko duen Nafarroa oinez ekitaldien barruan Elizondon prestatu zuten “Nafarroa oinez eta lasterka” lasterketa.

Lasterketa honetarako Ikerrek, ezker belaunean zuen isuri bat medio, kale egin zuen, baina gutxienez lasterketara laguntzaile moduan joango zela egin zidan. Natxo lasterketa honetan izena emanda zuenez, larunbatean hainbat whatsapp trukatu ondoren, igandean, goizean-goiz, Natxo eta Erikarekin gelditu eta laurok Elizondoko bidea hartu genuen.

Kotxean Natxori bere erritmora joateko eskatu nion, nitaz arduratu gabe, nahiago bainuen lasterketa bakarrik egin Natxoren atzetik arnasestuka ibiltzea baino. Bizitzan egiten nuen hirugarren mendi lasterketa zen, lehenengo lasterketa motza, eta gainera bakarrik egingo nuena. Hau guztiak izugarri urduritu ninduen eta kotxean hitzegin eta hitzegin joan nintzen besteen kalterako jejeje.

Elizondora goizeko zortziretako iritsi, autoa utzi eta dortsalak jasotzera joan ginen. Beste lasterketetan bizitako sentsazio bera bizitzen zen: korrikalariak gora eta behera giharrak berotzen, beste batzuk luzaketak egiten eta beste batzuk begirada infinitoan zutela, hori bai, denak izugarrizko itsura profesional eta hanka gihartsuekin.

Dortsala soinean jarri, eguzkitarako krema eman, barratxo eta gel bat jan eta lasterketa aurretik hidratatzen ari nintzela, korrikalarien artean Txapis, Naroa, Unai eta Maddalen azaldu ziren. Banekien hemen zirela, baina hala ere familia ikusteak izugarrizko ilusioa egin zidan. Natxori nitaz ahaztu eta berak egurra ematera ateratzeko gogoratu, komunera bitan joan eta, goizeko bederatzietan, ikastolako haurrek egin zuten atzerako kontaketa ederraren ondoren, lasterketa martxan jarri zen.

Hasiera: goazen!!!!! Argazkia Txapisek egina da.


Lasterketa mentalki sei zatitan banatuta nuen: 8,5 kilometro eta 800 metro desnibeleko igoera Albako harriaraino (eguneko maldarik handiena), hemendik 6 kilometroetako jaitxiera Aldundera, 2,5 kilometro eta 300 metro desnibeleko igoera Berdaitz arte, beste kilometro pare bat gora eta behera Basabar arte, kilometro eta erdi eta ia 200 metro desnibeleko igoera Burgaraino eta hemendik Elizondora 6 kilometroetako jaitsiera, tartean Maulitx eta Atxarreta mendiak igota. Nire asmoa Aldundera (14,5 km) lasai joatea zen, entrenamenduetako abiadura jarraituz, hemendik aurrera, indarrak eta eskuin horkatila (Gironatik minduta nuena) ongi izan ezkero, azken 13 km-etan biziago joateko. Elikadura eta hidratazioari dagokionez, 4 kilometroro barratxo erdi bat jatea pentsatuta nuen, baita soinean ur botilatxoak eramatea ere, bero handia iragarrita zegoen eta.

Hala ere, askotan gertatzen den moduan, gauza bat buruan duzun plangintza da eta bestea gero egiten duzuna jejeje. Lehenengo bi kilometroak ziztu bizian joan ziren: taupadak “a tope” eta kilometroak ia lau minutu eta erdietan eginez: “La ostia” pentsatu nuen, “hola jarraituzkeo Aldundera leher inda iritsiko naiz”. Bizi-bizi igo genuen errepidea utzi eta mendian gora hasi ginenean, onena beste lasterkariekin ahaztu eta nire erritmoa hartzea zela erabaki nuen, bihotz taupadak eta arnasketa entrenamentuetarako abiadurara egokituz. Lasterkariak arnasestuan eskuin-ezkerretik aurreratzen ninduten eta pixkanaka atzean gelditzen hasi nintzen. Momentu batean ere atzera begiratu nuen: “ez naiz ba azkenekoa gelditzen aittuko?” Pentsatuz jejeje.

Larramendiko anoa postuan (5,2 km, 38') lasterketaz disfrutatzen hasi nintzen, entrenamenduetako sentsazio berberak eta elikadura eta hidratazioa kontrolpean nituela. Anoa postuan baso pare bat ur edan eta aurrera jarraitu nuen bertako ezer jan gabe. Hemendik aurrera gutxi gora behera bi-hiru kilometroro likidodun anoa postu bat zegoenez, botilatxoetako ura tartean edateko gorde nuen, anoa postuetan hidratatzeko aukera izango nuen eta. Gainera froga osorako janaria gainean nuenez, postuetan denbora gutxiago “galduko” nuen, ez bainuen bertan ezer jango.

Pagoen gerizpean metroak irabazten joan eta, nire abiadura lasaian, inguratzen ninduen basoaz gozatzen joan nintzen, jendearen animoen artean. Pagoen amaierarekin batera Albako harria mendira iritsi nintzen (8,7 km, 1 ordu eta 22') izugarri eskertu nuen hego haize zakar batekin borrokan. Bertan zeuden boluntarioen animoen artean gailurreko harkaitzetatik kontu handiz jaitsi eta maldan behera lasterka hasi nintzen zelai gozo eta bigunak zeharkatu eta inguruko paisaiaz gozatuz. Jaitsiera ere lasai hartu nuen, indarrak gordez. Lekuren batean baino gehiagoan ere gelditu egin nintzen inguruan nuen ikusmiraz gozatzeko.

Botilatxoetan nahikoa ur eta jaitsierak sei kilometro inguru zituela ikusita, tarteko Belaun anoa postuan gelditu gabe (11,4 km, 1 ordu eta 37') jarraitu nuen, bertan arnasestuka zeuden lasterkari batzuk aurreratuz: “lehenengo igoeran dena eman duenak oain komerik izangoittu” pentsatu nuen. Lasterketaren lehen zati honetan hunkigarria iruditu zitzaidan pagoen artean zesta-punta eskuetan zuten haur pilotari talde batek egin zigun pasilloa.

Aldundera (14,7 km)iristerako urik gabe gelditu nintzen. Gainera hemen eguzkiak ederki jo eta bero handia egiten zuen, ez baitzuen haizerik jotzen. Bertako anoa postuan gelditu, botilatxoak bete eta ongi hidratatu ondoren aurrera jarraitu nuen. Orain arteko sentsazioak? Oso onak. Nekea? Oraingoz ez. Minik? Eskuin horkatilean molestia txiki bat baina ongi. Denbora? Ordu bat eta 55'. "Ongi" pentsatu nuen, "pentsatutako denboren barruan nijo", nire helburua lasterketa lau ordu eta erdi inguruan amaitzea zen eta.

Ongi nindoala ikusita taupaden abiadura puntu bat igotzea erabaki nuen, badaezpada indarrak gordez. Lasterketa abiadura bizitu eta Berdaitzera doan igoeran lasterkari gehiago aurreratzen hasi nintzen, baita mendi martxa egiten ari ziren azken mendizaleak ere.

Berdaitzera nahiko frexko iritsi nintzen (17,4 km, 2 ordu 23') eta hemendik aurrera nuen gora eta beherako zatiaren beldurrez orain arteko abiadura mantentzea erabaki nuen. Beharbada ez da oso apala izango hau esatea baina zoriontasun handia sentiarazi ninduen lasterkariak aurreratzea ikusteak (oraindik ez nekien noski, baina Aldundetik Elizondora ez ninduen inorrek aurreratu).

Basabarreko anoa postura iritsi nintzenean (19,9 km, 2 ordu eta 38'), indarrez oraindik ongi nindoala ikusita, abiadura beste puntu bat bizkortzea erabaki nuen, hankek nola erantzuten zuten ikusteko. Burga (21,3 km, 2 ordu 53') eta Maulitxeko (22,5 km, 3 ordu 2') igoera eta jaitsierak oso azkar eta indartsu egin nituen, honegatik, Goisemeseko anoa postuan ederki hidratatu ondoren, ibilbideko azken igoera gogorrean, taupadei kasurik egin gabe burua makurtu, hortzak estutu eta lasterkari eta mendizaleak alde batetik eta bestetik aurreratuz Atxarretara arnasestuan iritsi nintzen: “ostia ze onaaa!!” oihukatu nuen zorionez betea gailurrean zeuden bi boluntarioen begiradapean. Ordurako jaitsieratan eskuin horkatilean min handiagoa sentitzen hasita nengoen baina oraingoz jasangarria zen. Hemendik aurrera behin baino gehiagotan gogoratu nintzen Montgrí mendiguneko zeharkaldia egiterakoan horkatil honetan adar batekin hartutako kolpea, Castell de Montgrí mendiaren kronikan idatzi nuen bezala.

Jaitsieretako batean. Argazkia Nafarroa Oinez eta lasterkaren facebook orritik hartu dut.


Atxarretako igoera izan zen ibilbide osoan arnasestuka ibili nintzen leku bakarra. Hemendik behera (24,9 km, 3 ordu 18'), botilatxoetan neraman ura Elizondorarte iristeko nahikoa izango zela pentsatuz, aurretik nituen anoa postuetan ez gelditu eta oraindik nituen indarrak pixkanaka erretzen joatea erabaki nuen taupaden abiadura eta pultsometroarekin ahaztuz. Atxarretako anoa postua atzean utzi eta jaitsiera gogor baten ondoren (zein ongi hartzen diren jaitsiera hauek oraindik indarrak dituzunean jejeje), Intzuriko anoa postua atzean utzi eta lasterketak gorderik zuen azken ezustekora iritsi nintzen: ibai batera iritsi arte dagoen jaitsiera gogorra.

Errusiar mendi bateko punturik garaienean dagoen haurra bezala sentitu nintzen: "Hau da aldapaaaaa!!!". Ez dakit zenbateko malda duen baina jaitsiera oso gogorra iruditu zitzaidan, batez ere nekatuta baldin bazaude. Gorputza pixkar atzera bota eta lehenengo metroak konfidantzaz hartu nituen aurretik nituen mendizale eta lasterkariak aurreratuz. Baina bitan irrist egin ondoren, hirugarrenean ipurdiko bat hartu eta, minik ez hartzeko, abiadura zertxobait moteltzea erabaki nuen. Ez dakit zenbat errekatxo zeharkatu ondoren (ez dakit errekatxo bera ote zen ere jejeje) ibaira iritsi nintzen.

Hemendik aurrera, zailtasun guztiak amaituta, hanka eta oinei frenoa kendu eta pausuak luzatuz Elizondoko etxeak nola hurbiltzen ziren ikusi nuen. Elizondoko kaleetan sartzear nengoela ezin izan nion emozioari heutsi eta, ohiko bihurtzen ari den moduan, Itzi eta amarekin gogoratu nintzen. Amari orain arteko erritmo bizia mantentzeko indarrak eta horkatileko minari joateko eskatuz, jendearen animoen babesean eta begiak busti-bustiak nituela helmugara iritsi nintzen irteeratik hiru ordu eta erdi pasatxora.

Lasterketa amaitzear. Argazkia Nafarroa Oinez eta lasterkaren facebook orritik hartu dut.


Iker eta Erikak ikusi nindutenean erabat harritu ziren, espero ez duzun bisitaria etxera iritsi izan balitz bezala: "Ez altzenun ba lau orduterdi inbehar?" Galdetu zidan Ikerrek. "Joer, ba bai" erantzun nion, "baña bigarren zatin hain ondo ikusi naiz egurre ematea pentsaudetela". "Zeñek irabazio?" Galdetu nien "Jokin lenengoa, Iban Letamendi bigarrena ta Iker Karrera hirugarrena", erantzun zidan Erikak. "Natxo zemuz?", "oso ondo" erantzun zidan, "zu baino ordu erdi eskas leno iritsia". Helmugan bertan L'Estartiteko Roca Maura mendian topatu nuen lasterkari elizondoarra ikusi nuen. L'Estartiten egindako ibilbideen inguruko solasalditxoa izan ondoren, elkar zoriondu eta zerbait jatera joan nintzen. Orduan Unai eta Maddalen azaldu ziren korrikalarien artean zorionak ematea. Bi ilobekin eta Txapis eta Naroakin hizketan aritu ondoren, argazki bat egin eta dutxetarako bidea hartu nuen. Bidean Jokin ikusi eta berarekin hizketan aritzeko aukera izan nuen. G2Han izandako sentsazioak eta orain eramaten ari garen entrenoi buruz hitzegin ondoren, elkarri zoriondu eta agurtu ginen. Horrenbeste denbora lesionatuta izan ondoren, pentsatzen dut Jokinek lasterketa hau irabazteaz izugarrizko zoriontasuna hartuko zuela. Zorionak makinaaaa!!!!!

Unai eta Maddalenekin helmugan zoriontsu. Argazkia Txapisek egina da.


Orokorrean lasterketa biribila egiteko aukera izan nuen: ia ibilbide osoan inguratzen ninduen paisaiaz gozatzeko aukera izan nuen denbora osoan lurrera begiratzen aritu gabe, izugarri gozatu nuen eta indarrez nahiko ongi iritsi nintzen helmugara, buruan nuen helburutik ordubete azkarrago gainera. Okerrena? Nahiz eta ongi hasi, eskuin horkatileko mina itzuli egin zela eta oraingoan gogor gainera.

Ez dut amaitu nahi Baztan ikastolako antolakuntzari zorionak eta eskerrak eman gabe. Aukeratutako ibilbidea ederra iruditu zitzaidan, oso ongi markatua eta inongo momentuan galtzeko arriskurik ez zuena. Anoa postuen kopuru eta kokalekua ere elegantea. Eta nola ez ba eskertu ibilbide osoan izandako boluntario, ikusle eta mendi martxan parte hartu zuten mendizaleen animo eta zainketekin, honela indarren erdiekin kilometro bikoitzak egin daitezke.

Facebook-en komentatu nizuen bezala, Nafarroa oinez lasterketa hau antolatu duzuen moduan antolatzen baduzue, arrakasta ziurtatuta duzue. Bejondeizuela!!!!!.

"HAMABORTZ, AMA BAT!!!!!!!!"


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina