AZKEN 10 SARRERAK
2022/08/29
PANTICOSA, PEÑA ESCUACH HAITZA: "MERCHE" BIDEA, 170 m, 6a. 2022/07/25
"Merche" bidearen amaieran eginiko eskalada eta herriko jaiak ospatzen.
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
Batek baino gehiagok zaharkituta eta "modan" ez nagoela pentsatuko duzue baina nahiago dut mundu "analogikoa" "digitala" baino, eta ez naiz harreman pertsonaletaz bakarrik ari. "Normalean", eskalada edo mendi irteera bati itxura eman aurretik etxean gordeta ditudan liburu eta aldizkarietara jotzen dut lehenik informazio bila. Zahar usaina darien orrialdeen artean orduak pasatzen ditut ezagutu nahi dudan mendi edo hormaren historia eta nondik norakoak irakurtzen. Internet paperean irakurritako informazioaren osagarri bezala erabiltzen dut, bigarren aukera bezala. Eta hasierako "normalean" hitza komatxo artean utzi dut kronika honetako eskalada-bidea gauzatzearen prozesua kontrakoa izan zelako, denok ditugun kontraesanak agerian geratuz, jejeje.
Ez dakit noiz, ez dakit nor, eta ez dakit zein sare sozialetan lardaskatzen ari nintzela "Merche" bidearen berri izan nuen. Bidea ez nuen ezagutzen ezta, aitortu beharra daukat, Peña Escuach haitza. Bidearen zailtasun eta luzerari dagokionez, itxura batean ez zirudien estutasun handirik pasaraziko ninduenik. Luis Alfonsoren "Valle de Tena" liburuan honen inguruko informazio gehiagoren bila hasi nintzenean, onartu beharra daukat gehien erakarri ninduena duen hurbilketa motza izan zela, 15 minutu eskas: "bide hau earra izangoa goiz edo atsalde tonto bateako" pentsatu nuen, Pirinioetara pare bat egunerako egiten ditugun irteera "azkarrak" buruan nituela. Honegatik, Lekuk Anayet mendian eskalatzeko gonbitea luzatu zidanean ez nuen bitan pentsatu ere egin bide hau bezperan eskalatzeko gonbitea luzatzeko: "Elegante!!!" izan zen bere erantzuna.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 170 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Julio Armesto eta Salvador López 2005ean.
- Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: 6a (35 m), 2ºL: IV+ (45 m), 3ºL: V (45 m) eta 4ºL: V (10 m).
- Orientazioa: Hego-mendebaldea. Udan bero handia pasa daiteke, honegatik udan eskalatuz gero komeni da arratsaldearen azken orduetan joatea, pixkanaka itzala topatuko dugulako.
- Ura: Panticosa herrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Kotxea uzten den lekutik 15-20 minutu oso poliki joanda.
- Jaitsiera: Bi aukera ditugu, oinez (30-40 minutu, kronikan azaldua) edo 60 metroko rappel bat eginez. Azken honetarako bidearen amaieratik ezkerrera botako dugu harkaitz-bloke handi batekin topo egin arte. Rappel puntua harkaitz-bloke handi honen ondoan dago.
- Eramandako materiala: 50 metroko soka bat, luzera ezberdineko 12 express zinta eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu bete eta berrogeita bost minutu.
BIDEAREN KROKISA
Ibilbidearen nondik norakoak.
Krokis zehatza.
DESKRIBAPENA
Uda bero doa, beroegi, eta honen lekuko dira lehortutako lurrazalean agertzen ari diren zartadura eta zauriak, bero itogarriak lapurtu dion uraren gabeziak eragiten dizkion zimurduren hausturaren eraginez. Hau gutxi ez bada, uraren gabeziak ahuldutako baso eta soroak suaren mendean utzi ditu, paisaiak beltzez tindatuz, zerua errauts ilunez zikinduz eta naturari bizitza lapurtuz. Beroak goi mendian ere bere eragina izaten ari da: dagoeneko minimoetan dauden Pirinioetako glaziarrak hiltzorian utzi ditu mendiko istripuak areagotuz eta Alpeetako hainbat lekuetan mendi-gidariek udako denboraldia bertan behera utzi dute lur-jausiak direla eta mendiak duen arriskuagatik. Panorama triste honetan eta kotxearen termometroa 35 gradutik behera jaisten ez zela ikusita, uztailaren 25eko eguerdian Panticosarako bidea hartu genuen, herriko martxaren notek eragindako danbor eta barrilen burrunbaren oihartzuna atzean utzita.
Yesa eta Bubal urtegiak mutu inguratu genituen, kotxearen aire egokituak hoztutako kristaletik urik gabe geratzen ari diren urtegi zauritu hauen egoera larriari begiradarik kendu gabe. Lehortea izugarria izaten ari da, adituen arabera mende honetako gogor eta bortitzena. Honek guztiak gogoeta pertsonal bat eskatzen duela uste dut, egoearen arduradunak etxeko atetik kanpo bilatzea izaten delako erraz eta erosoena. Zer dago nire esku aldaketa klimatologikoari aurre egiteko? Zer egin dezaket mundu hau hobetzeko?
Panticosa herrira iritsi aurretik biribilgune bat dago, erdian burdin okerrez osatutako eskultura handi eta arraro bat duena. Biribilgunera iritsi ginenean bigarren irteeran irten (Bainuetxera doana) eta A-2606 errepidetik jarraitu genuen hirugarren kilometroa adierazten duen karteltxoarekin topo egin genuen arte:
Biribilgunean egindako argazki honetan hartu behar den irteera ikusi daiteke, Bainuetxera doana hain zuzen ere.
- Hemen ezkerreta dijon pista hartu beharra zeok - esan nion Lekuri karteltxoaren parera iritsi ginenean.
- Pista kotxek ibiltzeko mukoa dek? - galdetu zidan.
- Irakurri diatenaren arabera bai - erantzun nion -, baña bazpare poliki igo zak.
A-2606 errepidea uzten den bidegurutzea, hirugarren kilometroa adierazten duen karteltxoaren ondoan.
Furgoneta pistan gora hasi zen, kontu handiz, bere atzean gurpilek harrotutako hautsak osatutako laino gris bat utziz. Hasiera batean Leku kezkatuta bazegoen ere, furgonetak erraz gainditu zituen mendiari besarkatuta dagoen pistaren zailtasun txiki guztiak. Kilometro eta erdi pasatxoren ondoren, pista azpitik zeharkatzen duen hodi handi baten ondora iritsi ginen, zentral elektriko batera ura isurtzen duena. Baina kotxea ez genuen bertan aparkatu, hodi honetara iritsi baino 25-30 metro lehenago pistaren bazterrean 2-3 hiru kotxe uzteko aukera duen duen leku batean baizik.
- Ostia, hau dek beroa!!! - esan zidan Lekuk furgonetaren freskuratik irten zenean.
- Bai, oain eskalatzen hasten bagaittuk earki sufrittuko diau - erantzun nion.
Furgoneta aparkatuta utzitako lekua. Argazkian hodi handiaren gutxi gora beherako kokalekua zein den adierazi dut.
Hiruak laurden gutxi izanda eta eguzkiak, haserre egongo balitz bezala, horman gogoz jotzen zuela ikusita, eskalatzen hastea erokeria zela erabaki genuen. Aukeran askoz hobe Lekuk furgonetatik atera zituen aulkietan eseri eta zuhaitzen gerizpean mendiko aldizkari batzuei irakurketa arin bat ematea.
Mundu mailako alpinistek burututako ametsetan murgilduta denborak aurrera egin zuen, baita eguzkiak indarra pixkanaka galdu ere. Arratsaldeko bostak hogei gutxitan, tenperatura 30 gradura "jaitsi" zenean eguzkitako krema eman eta, materiala guztia hartuz, martxan jartzea erabaki genuen, pausu laburrean: "pie de bian kriston beroa bazeok zuhaitzen baten azpin itxoingo diau".
- Hemen aldapa latza zeok!!! - esan zidan Lekuk hodi handiaren parera iritsi zenean.
- Ostia, ba bai!! - erantzun nion bere parera iritsi eta gora begiratu nuenean.
"Hemen aldapa latza zeok!!!"
Gure aurrean aldapatzar bat agertu zen, igotzen hasteko gogoa kentzen duen horietakoa, bero handia dagoenean batez ere. Baina mendiko aldizkarietan irakurritako alpinistek idatzitako kroniken izpirituak kutsatuta (zer erremedio, jejeje) hodiaren eskuinetik mantenduz maldan gora hasi ginen, poliki-poliki, lurrera begira, kilker eta txitxarren burrunbak belarriak astintzen zizkigun bitartean.
Aldapan gora.
Aldapa patxada osoz hartu genuen, hidratazioaren mesedetan ahalik eta izerdi gutxiena botatzeko asmoz. Hodiaren azpitik pasatu daiteken leku batera iritsi ginenean (bertan mugarri bat dago), orain arte jarraitutako aldapa gogorra utzi eta, hodiaren bestaldera pasatuz, ezpelek osatutako baso batean sartzen den bide estu bat jarraitzen hasi ginen.
Hodia azpitik pasatzen den mugarriaren ondoan.
- Itzala earki hartze dek.
- Ya lo creo - erantzun nion Lekuri - eskerrak poliki igotzen ai gaittuken.
Ezpelen artean hodia zeharkatu ondoren.
Bidexkatik 15-20 metro eskas igo ginenean, mugarri baten ondora iritsi eta bertan bidexka utzi genuen bidexka berri bat jarraituz, horma batekin topo egin genuen arte:
Bidexka uzten den mugarriaren ondoan.
- Etzekiat nun baña hemen nunbaitten sirga bat topatu beharra diau.
- Hemen oaingoz soka bat ikuste diat - erantzun zidan aurretik zihoan Lekuk.
Horma igotzen.
Sokaren laguntzarekin horma igo ondoren (III-) altzairuzko zirga hasten den lekura iritsi ginen, arriskutsua izan daiteken zeharkaldi horizontal bat babesten duena.
Zirgan.
Zeharkaldia egiten hasi ginenean, basoak ezkutatutako paisaiak begiak ireki zizkigun: gure azpian Tena bailara bere osotasunean agertu zen, erdi lehortutako Gallego errekak nekez bustitzen zuena. Eskuinean, Partacua mendilerroak, neguko amets etengabea, bailara ixten zuen zeru ertzari itxura basati bat emanez: "neguan bia hau eskalatzea la ostia izango da" pentsatu nuen, Peña Escuach-etik Partacua mendilerro elurtuari egin daitezken argazkietan pentsatzen. Zirgaren amaierara iritsi ginenean, bidean gora beste 10-15 metroetan zuzen igo eta, hormaren eskuin aldera pasatuz, bertan dagoen harkaitz laranjan parabolt batekin topo egin genuen:
Zirgaren amaieratik bidearen hasierara jarraitu behar den bidea.
- Hasiera hau izango dek?
- Seguro baietz - erantzun zidan Lekuk harkaitza seinalatuz - beittu zak, hor "M" bat markauta zeok.
"Beittu zak, hor M bat markauta zeok".
Motxilak lurrean utzi genituenean bizkar izerdituetan freskura goxo bat sentitu genuen. Igoeran beroa pasa genuen arren, azpian utzitako basoaren gainetik tarteka zebilen haize gozo batek eguzkiak eragindako beroa nolabait baretzen zuen, tartekako hats leun batek eltxoen ziztadek erangidako azkura arintzen duten moduan. Arratsaldean zehar haize gozo hau mantendu eta horma itzalpean geratuko zelakoan eskalatzen hastea erabaki genuen.
Arnesa janzten nuen bitartean urduritasun berezi batek hartzen ninduela sentitu nuen. Ezagutzen ez dudan eskalatzaile batek irekitako eskalada-bide berri bat eskalatzen dudan bakoitzean, "zailtasun maila ongi jarria izango du?" edo "seguru kopurua nahikoa izango da?" bezalako galderek zalantzak eta urduritasuna pizten dizkidate, ahalik eta gehiago bidea nire eskalada-mailatik gertu badago. A0 moduan eskalatu zitekeela irakurrita nuen arren, lehen luzeko 6a pasagunea zen kezkarik nagusiena, eta halaxe azaldu nion Lekuri:
- Nahibaek ni hasiko neok.
- Ez ez, lasai, nik eman nahi zioat -erantzun nion -, eboluzionatu nahi badiau erosotasun eremutik atera beharra zeok, jejeje.
- Nahi deken bezela - erantzun zidan -, bestela nere aldetik aurretio hasteko arazoik etzeok.
- Lehenego luzea, 35 metro, 6a. Bilgunearen ezkerretik ateraz eta gainean lurra eta landarerik pixkat duten hormatxo pare bat eskalatu ondoren (III+), parean dagoen hormara zuzendu nintzen, diedro ireki baten itxura eta arrail bertikal bat duena. Horma bertikala bada ere helduleku onak dituela iruditu zitzaidan, nahiz eta helduleku asko alderantzikatuak diren eta harkaitzaren berotasunagatik behatzak izerdituak izan. Hemendik nire eskerrik zintzo eta beroena eman nahi diot magnesio hautsa asmatu zuenari, jejeje.
Luzearen lehen metroetan.
Horma bertikalean 4-5 metro eskalatuak nituenean (IV+), altu geratzen den parabolt batean aseguratu eta, eskuin aldera horizontalean pasa behar izan nuen metro edo metro eta erdiko pausu ezeroso bat eginez, erlaitz txiki baten gainera igo nintzen (V-).
- Zemuz hoa?
- Oaingoz ondo baña harrie oso beroa zeok oaindio - erantzun nion Lekuri eskuak magnesio hautsetan sartuz.
Erlaitz txikian.
Oraingoz ondo nindoan, eroso, eta aseguramenduari dagokionez, luzeak parabolt justuak zituela iruditzen ari zitzaidan, ez soberan ezta faltan ere. Hala ere, oraindik 6a pasagunean zer topatuko nuenaren kezka bueltaka nuela sentitzen nuen.
Erlaitz txikitik eskuin aldera eskalatatzen jarraitu nuen, sabela duen horma batera iritsi nintzen arte (IV), 6a pasagunea duena.
- Oain "al loro" ibili, eh?
- Lasai, nire eskuetan hago ta, jejeje.
Horma arakatzen hasi eta 6a pasagunea bi paraboltez babestua dagoela ikusi nuen. Gorputza pixkat luzatuz lehenengo paraboltera erraz iritsi eta bertatik berehala express-zinta bat eta soka pasatu nuen. Bigarren parabolta askoz gorago geratzen zen, nengoen lekutik urrun. Lehen parabolteko express-zintatik tira egingo banu ere bigarren paraboltera iritsiko ez nintzela ikusi nuenean, errazena hormaren eskuinera pasatu eta bertatik eskalatzen jarraitzea izango zela ikusi nuen. Lekuri abisatu eta, arnasa ahal nuen hobekien kontrolatuz, lehen paraboltaren azpitik eskuin aldera horizontalean mugitzen hasi nintzen oinak zeharkaldi honetan dauden helduleku txikietan jarriz, nahiz eta oinentzat heldulekurik ez dagoela dirudien zeharkaldia izan (V+). Zeharkaldiaren amaieran dagoen ezpelaren parera iritsi nintzenean hormaren eskuin ertzetik zuzen eskalatzen jarraitu eta, eskuin eskuarekin helduleku txiki batetik gorputzaren oreka mantentzen nuen bitartean, ezker eskuarekin bigarren paraboltetik express-zinta eta soka ahal izan nuen azkarren pasatzea lortu nuen, mugimendu pare baten ondoren 6a pasagunea modu garbian eskalatuz: "Tomaaaaa!!!!".
- Earra Xabierrrrr!!!! - oihukatu zidan Lekuk.
- Bufff!!! Tentsioa pasa diat baña uste baño errexagoa dekela iruittu zaiak - erantzun nion -. Zailena bigarren paraboltetio ateatzea.
6a pasagunea eskalatu ondoren.
Bigarren paraboltetik ateratzea zailena iruditu bazitzaidan ere, A0 moduan eskalatuz gero V zailtasunaren baitan geratu daitekeela iruditu zitzaidan. Horma, bigarren paraboltetik gora bertikal izatetik inklinatu izatera pasatzen da, eta helduleku txiki (baina ugariak) eta arrailtxoak dituen harkaitz-plaka bat eskalatuz, adrenalina eta endorfinek eragindako gorakadaren eraginpean, erlaitz eroso batean dagoen bilgunera pozarren iritsi nintzen (V).
Beldur eta kezkei aurre egiteko adorea izateak preziorik ez dauka baina beldur eta kezka hauek gainditzeko gai izateak dakarren sentsazio betegarria ezin da hitzetan jarri, gorputza eta burua estutzera eraman zaituenean batez ere, nahiz eta sentsazio honen iraupena luzea ez den izaten. Hau da eskaladak irakatsi didan gauzik garrantzitsuena da eta beharbada honegatik ere erakartzen nau hainbeste.
Leku 6a pasagunea eskalatu ondoren.
Leku ere, niri gertatu zitzaidan moduan, pasagune zail bat gainditzeak dakarren irribarrearekin iritsi zen bilgunera.
- Paso kabroi xamarra, ez? - bota zidan irribarrea ezabatu ezinik.
- Egia esatea nahi badek gogorragoa espero nian - erantzun nion -, baña hik errex eskalau dek, ez? Gutxiñez hoi iruittu zaiak.
- Atera, atera diat baña earki estututa - erantzun zidan zoriontsu.
Lehen bilgunean zoriontsu.
Lekuk materiala arnesean ordenatzen zuen bitartean, bilgunearen ezkerrean dagoen 2-3 metroko hormatxoa ezpelen batzuen enborrei tira eginez eskalatu nuen (II+). Ezpelen artean doan bidexka jarraitu eta harkaitz-plaka etzan batzuk igo ondoren (II), parean dagoen hormaren oinean kokatutako lehen "bis" bilgunera iritsi nintzen (20 metro inguru).
Bilgunearen gaineko hormatxoa igo ondoren.
Lehen "bis" bilgunean.
- Luze hau zemuzkoa dek? - galdetu zidan Lekuk bilgunera iritsi zenean.
- Ba egie esan etzekiat - erantzun nion -, baña eztiat uste kintotik pasatzen dekenik.
- Bigarren luzea, 45 metro, IV+. Leku bilgunearen eskuinean dagoen arraila eskalatzen hasi zen, metro pare bat eskalatuak zituenean ezkerrera bota eta lehen paraboltera iritsiz (IV+).
- Zemuzko pasoa?
- Hasieran bazeok posizio inkomodo bat baña errexa dek - erantzun zidan.
Lehen paraboltaren parean.
Lehen paraboltera bilgunearen gainetik zuzen eskalatzen hasita iristeko aukera ere badago eta zailtasuna V+ ingurukoa da, baina ez Lekuk ezta gero nik ere, beroaren aitzakian, ez genuen estutzeko beharrik ikusi, jejeje. Lekuk lehen paraboltetik gora zuzen jarraitu zuen eskalatzen, beraien artean tarte motza ez duten paraboltak sokarekin lotuz (IV). Zati honetan kuriosoa da harkaitzak dituen inkrustazio bereziak baita, gezurra dirudien arren, inkrustazio hauek gorputzaren pisua eusteko zein indarra duten. Eskaladari dagokionez, harkaitz-plaka honen eskaladak ur-tantadun plaka bat eskalatzen denaren sentsazioa transmititzen duela iruditu zitzaigun.
- Hirugarren paraboltea iriste haizenen kontu ibili hai, laugarrenera arte aleje majoa zeokela irakurri diat eta - esan nion bilgunetik Xabier Larretxearen kronika kontsultatu ondoren.
- Ondo zeok jakittea - erantzun zidan -. Dena den, oaingoz luzea errexa zijok.
Hirugarren paraboltaren parean.
Xabier Larretxearen kronikan irakurri bezala, hirugarren eta laugarren parabolten arteko tartea luzea da eta komeni da adi joatea biderik ez galtzeko. Dena den, Lekuk esan zidan moduan, zuzen eskalatzen jarraituz gero bilgunera iristeko arazorik ez dago, eta gainera zailtasuna ere bajuagoa da (IV-). Harkaitz-plaka etzaten hasten denean luzea pixkanaka eskuin alderako joera hartzen du zuhaixka batzuen arteko hormatxo batera zuzenduz (III+). Bi metro inguruko hormatxo hau eskalatu ondoren (III), Leku bilgunera iritsi zen.
Bigarren bilgunean. Bertara iritsi aurretik eskalatu behar den hormatxoa ikusi daiteke.
- Luze haure politte, ez?
- Bai, asko gustau zaiak - erantzun nion bilgunera iritsi nintzenean -, ta harkaitzen inkrustaziok berezi itten diate gañera.
- Hurrengo reuniora juteko oinez ibili behar zeok, ez?
- Bai, hemendio eskubitio atera ta pareko pareta hartan omen zeok - erantzun nion bilgunearen eskuinean dagoen sabaidun horma tente bat seinalatuz.
Hormatxoa eskalatu ondoren, bigarren bilgunera iristen.
Oraingoan, nik materiala arnesean zintzilikatzen nuen bitartean Leku bilgunetik eskuin aldera oinez atera eta bigarren "bis" bilgunera zuzendu zen. 12-15 metro inguru oinez ibili ondoren, harkaitz-plaka inklinatu bat eskuin-ezker noranzkoarekin igo zuen (II/II+), gainean dagoen horma zeharkatzen duen sabaiaren ezkerrean kokatu zen arte, bertan baitago bilgunea. Lekuk soka bildu eta lotuta nengoela aprobetxatuz, bigarren "bis" bilgunera zuzen igo nintzen, bigarren bilgunetik atera eta ezker eskuin diagonalean harkaitz-plaka bat eskalatuz (15 metro inguru, III-). Bigarren aukera zuzenago hau jarraitzeak ez dut uste zailtasuna asko igoko duenik.
Bigarren "bis" bilgunetik zintzilik.
- Hirugarren luzea, 45 metro, V. Bigarren "bis" bilgunera iritsi bezain pronto bertatik express-zinta bat pasatu eta eskalatzen jarraitu nuen. Hasteko, bilgunearen ezkerretik atera eta parabolt batez aseguratuta dagoen helduleku oneko hormatxo bat eskalatu nuen (V-). Gure zorionerako eguzkia alde batera bota eta horma itzalpean geratzen hasita zegoen harkaitzaren tenperatura zertxobait jaitsiz.
Hormatxo bertikalean.
Hormatxoa eskalatuta, helduleku onak dituen harkaitz-plaka tente eta zoragarri bat eskalatzen jarraitu nuen (IV). Eskaladaz izugarri gozatzen nindoan, harkaitz-plakaren inkrustazio eta arrail txikiak bata bestearen atzetik konbinatuz, laugarren parabolta atzean utzi nuen arte.
Laugarren paraboltaren parean, zoriontsu itzalpean egoteagatik.
Laugarren paraboltetik gora hasi nintzenean bat batean parabolten lerroa eten egin zela konturatu nintzen eta batera eta bestera begiratu arren ez nuen parabolt gehiago ikusten. Harkaitz-plaka asko etzaten denez goraka metro batzuk igo nituen baina, arazoren batean sartuko nintzenaren beldurrez, laugarren paraboltaren parera itzuli nintzen. Luze honi zailtasuna diedro batek ematen diola irakurrita nuen baina ez nuen inondik inora diedrorik ikusten, lur-jausi batek utzitako arrasto zuri eta nabarmen bat besterik ez.
- Xabi, ondo? - Galdetu zidan Lekuk mugitzen ez nintzela ikusita.
- Paraboltak galdu dizkiat - erantzun nion -. Oain arte etzerean oso urruti baña oain eztiat hurrengoa ikusten.
- Diedroa ikuste dek?
- Ke ba, nere gañen desprendimendu batek utzitako arrastoa besteik etzeok - erantzun nion.
"Desprendimendu batek utzitako arrastoa besteik etzeok" esateak begiak ireki zizkidan: "eta lur-jausiak diedroa eraman badu?" galdera burura etorri zitzaidan bat-batean. Bitan pentsatu gabe eskalatzen jarraitu nuen arrasto zurira hurbilduz. Laugarren paraboltetik 8 metro inguru eta III zailtasunaren baitan dagoen harkaitz-plaka etzan bat eskalatuak nituenean, arrastoaren oinera iritsi baino lehen, honen eskuinean harkaitzetik irteten zen zerbaitek atentzioa deitu zidan. Bertara hurbildu nintzenean bila nenbilen "galdutako" parabolta topatu nuen:
- Hemen zeok!!! - oihukatu nion Lekuri zoriontsu paraboltetik express-zinta eta soka pasatuz.
Hormaren egoerari erreparatuz eta hainbat argazki ikusi ondoren, orain ziur naiz lur-jausiak utzitako arrasto zuria deskribapen batzuek azaltzen duten diedroak okupatzen zuela, batez ere galdutako parabolta topatu nuen lekutik gora parabolt lerroak jarraitzen duen bidea ikusi ondoren.
Topatu nuen paraboltak 2 metro inguruko hormatxo bertikal bat babesten du. Hormatxo honen eskalada ez zitzaidan gogorra iruditu, baina bai ezerosoa, besoetatik tira egin eta bere gainean zutik jarri ahal izateko belauniko jarri behar izan nuelako (V). Hormatxo hau eskalatuta, lur-jausiak utzitako arrasto zuriaren gainetik ezker aldera metro pare bateko zeharkaldi horizontala egin ondoren zuzen eskalatzen jarraitu nuen (IV+).
Lur-jausiak utzitako arrasto zuriaren gainetik zeharkaldia egin ondoren.
Luzearen azken metroak horma inklinatu zoragarri bat eskalatuz betetzen dira, hau ere inkrustazio berezi eta helduleku onekin tartekatua dagoena (IV/IV+). Bilgunea, azken luzeko horma bertikalaren azpian dago, erlaitz eroso batean.
Luzea amaitu ondoren.
Argazki honetan ondo ikusten da lur-jausiak utzitako arrasto zuria eta luzeak hortik gora jarraitzen duen bidea.
Bigarren "bis" bilgunea hirugarren bilgunetik ikusita.
Lekuk ez zuen zailtasun handirik izan luzea eskalatzeko eta, nahiz eta lasai eskalatu zuela esan, berehala iritsi zen bilgunera.
Luzearen lehen metroetan.
Bilgunera daraman harkaitz-plakaren hasieran, arrasto zuria atzean utzi ondoren.
- Zenbat luze falta dittuk?
- Hurrengoa dek azkenekoa - erantzun nion.
- Benetan? Bidea motza intzaiak.
- Fuerte haulako izangoek, jejeje - erantzun nion txantxetan.
- Laugarren luzea, 10 metro, V. Leku bilgunetik eskuin aldera diagonalean atera zen, harmaila erraz batzuk eskalatu (II+) eta parabolt bakarrez aseguratutako horma bertikalaren azpian kokatuz.
- Asuntoa hemen hasteekela ematen dik - esan zidan eskalatzen hasi aurretik.
"Asuntoa hemen hasteekela ematen dik".
Horma bi pasagunetan eskalatzen da: lehenengoan helduleku txiki batzuk aprobetxatuz erlaitz txiki batera igoko gara (V-), luze osoa babesten duen parabolt bakarretik gertu dagoena. Bigarren zatian dago luzearen zailtasunik handiena, hormak bertikal jarraitzen duelako baita heldulekuak txikiak ere. Lekuk ez zuen zailtasun handirik izan lehen pasagunea eskalatu eta erlaitz txikira igotzeko.
Erlaitz txikiaren gainean.
- Zemuzkoa?
- Oaingoz ondo, errex - erantzun zidan -. Ea azken paso hau nolakoa deken.
Hau esan ondoren, hormari batetik eta bestetik begiratzen bazion ere bazidurien ez zuela aurretik zuen pasagunea gainditzeko gakoa topatzen. Azkenean erlaitzaren eskuinetik atera eta erraztasun osoz horma eskalatu zuen bilgunearen eskuinean kokatuz (V). Mugimendu erraz baten ondoren bilgunetik zintzilikatu zen.
- Reunioa hau dek, ez?
- Bai - erantzun nion - Ze ba?.
- Baju xamar geatzen dek eta... - erantzun zidan.
Azken bilgunea hormaren oinetik ikusita.
Lekuk soka bildu eta eskalatzen hasteko esan zidanean hormaren oinera berehala iritsi nintzen, zailtsunik gabe, erraz.
Hormaren oinean.
Hormaren erlaitzera igotzea ere ez zitzaidan asko kostatu, baina hormaren bigarren zatian, bilgunera daramana hain zuzen ere, uste nuena baino gehiago estutu behar izan nuen, Lekuk zati hau zein erraz eskalatu zuen ikusita erraz eskalatuko nuela uste izan nuelako.
Hormaren bigarren zatian.
- Joer, hemen 6a pason baño gehio estutu behar izan diat.
- Bai? - Erantzun zidan -. Nei askoz errexago iruittu zaiak.
- Etzekiat ba - erantzun nion -, igual ez nintzean ongi kolokauko baña behatz puntetatio dexente tiratu diat, jejeje.
Lekuren ondotik pasatuz hormatik irten eta ezker aldera 8-10 metro inguru ibili ondoren beste bilgune bat topatu nuen, luzearen amaierakoa baino erosoagoa. Hala ere, luzearen amaierako bilgunetik ongi aseguratu daitekeela pentsatu genuen, baju xamar geratzen bada ere.
Leku azken bilgunean.
Elkartu ginenean eguzkia bazterrak zeharka argitzen hasita zegoen, urre kolore bat emanez. Eskaladan zehar tarteka ibili zen haize leunak ere, eguzkiak indarra galtzearekin batera, bazterrak freskatzen hasita zegoen. Deigarriena biltzen gintuen isiltasuna zen. Beroaren apaltzearekin batera kilker eta txitxarrak isilik geratu zirela zirudien eta, gure azpian etxebizitzak eta errepideak ikusi arren, goien zegoen isiltasuna erabatekoa zen. Honelakoetan ezinbestekoa izaten da begiak itxi eta katu-oinek egositako oinazpi biluztuetan belarra eta lurra sentitzea, egunerokotasunak desorekatutako oreka galduaren bila. Zoriontsu geunden. Zoriontsu bideak jarri zizkigun zailtasun guztiak gainditu genituelako eta zoriontsu ustekaberik izan ez genuelako. Baina eskertuak ere sentitzen ginen, hasiera batean espero genuen berorik ez genuelako pasatu eta parean genuen ikusmira ikusgarriaz gozatzeko aukera pribilejiatua genuelako.
Bidearen amaieran zoriontsu.
- Gaur ere bidekin ta momentukin asmau diau.
- Bai - erantzun nion Lekuri -, oain haizen freskura earki hartze dek.
Jaitsierak, hasieran behintzat, denbora luzea eramango ez gintuela jakinda, materiala jasotzearen prozesua lasaitasun osoz hartu genuen, eskaladan bizitakoari gorputz eta bihotzean pausatzeko denbora emanez. Peña Escuach haitza Tena bailararen talaia paregabea da inongo zalantzarik gabe eta bertatik egunsentian Partacua mendilerroari egin daitezken argazkiak ikusgarriak izango direla esango nuke, negu giroan batez ere. Arima bete zigun une labur eta, aldi berean, amaigabe honen ondoren beherako bidea hartu genuen.
Ikusmirarekin liluratuta.
Bidearen amaieratik egindako argazkia. Paisaia itzela da, nahiz eta Bubal urtegiaren egoera larria den.
Jaisteko bi aukera genituen: oinez edo rappel eginez. Rappel-a bidearen amaieratik ezkerrera joanez topatuko dugu, harkaitz-bloke handi baten ondoan, baina rappelatzen jaitsiz gero 60 metroko rappel bat edo 30 metroko bi behar genituela jakinda, aukera hau berehala alboratu genuen, 50 metroko soka bakarra genuelako. Rappelaren aukera baztertuta, bidearen amaieratik eskuin aldera oinez ibiltzen hasi eta 40 metro ingurura, ezpel txiki batzuen artean dagoen mugarri batera iritsi ginen. Mugarriaren eskuinetik oso nabarmena ez den bidexka bat jarraitu behar da, ezpel handiago batzuen artean sartzen dena.
Mugarria eta hemendik aurrera jarraitu genuen bidea.
Ezpelen arteko bidexka hau jarraituz harkaitz-plaka inklinatu batzuetara iritsi ginen.
Harkaitz-plaketara iristen. Behean geroago jarraituko genuen ibilbidea margotu dut.
"Harkaitz-plakak zeharkatu edo beheraka jaisten jarraitu?" izan zen sortu zitzaigun zalantza, are eta gehiago goiko harkaitz-plakan dagoen harkaitz-zubi batean kordel bat ikusi genuenean. Baina harkaitz-plaken azpian dagoen zabalunean bidexka bat zirudiena ikusi genuenean plaken eskuinetik (jaitsierako noranzkoan) kontu handiz jaisten hasi ginen (III-), bidexkara iritsi ginen arte. Jaitsiera hau zaila ez bada ere, harkaitza bustita dagoenean ez dut uste erosoa izango denik, honegatik pentsatzen dut goiko plakako harkaitz-zubiko kordela rappel bat egiteko jarrita egongo dela.
Harkaitz-plakak jaitsi ondoren.
Ezpel eta sastraketatik urrun mantenduz zabalunean dagoen bidexkatik jaisten jarraitu genuen, ezker aldera diagonal bat osatuz, mendiak osatzen duen ezproi zabalaren behekaldeko puntan mugarri bat ikusi genuen arte. Mugarria ikusteak asko animatu gintuen, baita azpian dagoen basoaren erdian hodi handia ikustea ere, ez baikenuen garbi jaisten ari ginen bidea zuzena ote zen.
Bidexkan behera. Argazkian ezproian dagoen mugarria eta basoan ezkutaturiko hodi handia ikusi daitezke.
Mugarrira iritsi ginenean zalantzak berriro itzuli ziren: "eta oain nundio jarraittu beharra diau?". Batera eta bestera bueltaka ibili ondoren, zuhaitzen artean ikusten genuen hodi handia erreferentzi bezala hartu eta, mugarria eskuinean utziz, mendian behera jaisten hasi ginen, pasagunerik errazenak bilatuz, puntu gorri batzuk dituen bidexka batekin topo egin genuen arte (II/II+).
Mugarria atzean utzi ondoren.
Puntu gorrietako bat.
Bidexka hau jarraituz pinu batzuen artean dagoen errekasko batera iritsi ginen, ezkerrean zelai bat duena. Hasieran zelaitik gora igotzen hasteko tentaldia izan genuen arrean, errekastoaren bestaldean basoan sartzen den bidexka erdi-ezkutu bat ikusi genuenean ez genuen bitan pentsatu: errekastoa zeharkatu eta bidexka hau jarraitzen hasi. Gure zorionerako bidexka pixkanaka zabalduz joan zen BTT ibilbide baten karteltxoak dituen bide batean amaitu arte. Bide honetatik jarraituz, hodi handiarekin topo egin genuen berriro ere.
BTT karteltxoak dituen ibilbidean, hodi handiak gurutzatzen duen lekura iristen.
Behin hodi handira iritsi ginenean ez genuen inongo zalantzarik izan jarraitu behar genuen bidea zein zen jakiteko. Hodiaren ondoko errailean mantenduz, kotxea aparkatutako pistara inongo arazorik gabe itzuli ginen.
Hodiaren ondotik jaisten.
Pistan berriro ere, furgoneta utzitako lekua ikusi daiteke.
- Egun hauetako lehena egiña - esan nion Lekuri furgonetara itzuli ginenean.
- Bai, ta earra gañea - erantzun zidan -, asko gustau zaiak.
- Itzuli beharko gaittuk orduan, jejeje - erantzun nion irribarretsu -, gañea oain jaitsierako bidea ezautzen diau.
- Ya lo kreo, jejeje.
Traste guztiak jaso ondoren furgonetak igoeran jarraitutako pistatik jaitsi eta Formigaleko Portalet aparkalekura arte gelditu gabe jarraitu zuen, biharamunean Anayet mendian egingo genuen eskaladaren oinarrizko kanpamendura hain zuzen ere. Oraindik ez genekien baina Anayet-en ustekabe pare bat izango genituen jardunaldiari gatz eta pikante pixkat emango ziotena, baina hauek guztiak hurrengo kronikarako kontuak izango dira.
Eskalatutako bideari dagokionez, "Merche" bidea asko gustatu zitzaigun, duen ikusmiragatik, horman dauden inkrustazio bereziengatik eta duen aseguramendu egokiarengatik, pasagune zailetan gertuago, pasagune errazetan urrutiago. Jaitsiera oso argi ez egotea da ikusten diodan oztopo bakarra, espero dut kronika honetako argazki eta azalpenek bide hau eskalatzera animatzen zaretenoi laguntzea. Luis Alfonsoren "Valle de Tena" liburua eskutan eta ondoan zailtasun bereko bideak daudela ikusi ondoren, berriro ere itzuliko garela esango nuke, baina kronikan esan bezala, neguan edo udaberrian itzultzea gustatuko litzaidake, Partacua mendilerro elurtuari argazkiak egiteko.
Peña Escuach haitzari azken begirada. Ea negu edo udaberriren batean itzultzen garen.
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Valle de Tena mapa. Editorial alpina, 2016.
- Alfonso L. Valle de Tena, 254. Edición: La noche del loro, 2021.
- Eskalatzen bloga. Peña Escuach - Merche (6a, 180 m, derrigorrez 5b/A0). Eskuragarri: http://eskalatzeneus.blogspot.com/2019/11/pena-escuach-merche-6a-180-m.html
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina