AZKEN 10 SARRERAK

2024/04/08

ETXEBERRI (ARAKIL - IRURTZUN), AIXITA: "BASOZAIN EMBOSKATU" BIDEA, 140 m, IV. 2024/03/17


"Basozain emboskatu" bidearen hasiera adierazten duen kordela.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

- Ze ordu da? - Galdetu zidan Asierrek sokak errekuperatu genituenean.
- Hamaikak eta hogei pasata.
- Ondokoari emango diogu?
- Benga, hemen egonda pena litzake ez eskalatzea.

"Aixitako Teilak" bidea eskalatuta genuen jada. Orain Mikel Txintxak eta Christian Pauk irekitako "Basozain emboskatu" bidea eskalatzeko asmoa genuen. Material guztia eta motxilak eskuetan hartuz ezker aldera jarraitu genuen. II+ zailtasuna izan dezaken hormatxo txiki bat igo ondoren erlaitz zabal eta eroso batera igo ginen, arteen itzalpean aurkitu genuena.

- Hara, hemen kordino bat jarrita dau!!! - esan zidan Asierrek harkaitz-plakaren oinean dagoen harkaitz-zubi txiki bat seinalatuz.
- Bueno, bidearen hasiera topatu degu behintzat.
- Ea hau zemuzkoa den...

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 140 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Mikel Txintxak eta Christian Pauk, 2022an.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: IV (35 m), 2ºL: III (10 m), 3ºL: III+ (35 m) eta 4ºL: IV (60m).
- Orientazioa: Hego-ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Etxarren herrian.
- Hurbilketa: Ahizpa Handira doan ohiko bidea jarraituko dugu. Hormetatik gertu gaudenean, Ahizpa Handiaren mendebaldeko “V” handia izeneko lepo nabarira doan kanala hasten den lekuan, ezkerrera doan xenda jarraitu eta metro batzuetan altuera pixka bat galdu ondoren, trikuharri itsura duen harkaitz handi eta nabarmen batera iritsiko gara. Harkaitzaren ondotik pasatu eta aurrera doan bidexka 60-65 metro eskas jarraituz harritza txiki eta estu batera iritsiko gara. Harritza hau gurutzatu eta zuhaitz artean pasatu ondoren (zenbait puntuetan dezente makurtu beharko dugu) "Ahuntzen bidea" eta "Aixitako Teilak" bideak hasten diren lekura iritsiko. Bidea hauen ezkerrean hasten da, 15 metro ingurura dagoen erlaitz batetik. Bidearen hasieran kordel bat topatuko dugu. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera berrogeita hamar minutu inguru pasako ditugu. Joseba Arlegiren aholkuari kasu eginez, hurbilketarako modurik erosoena Etxeberriko herritik abiatzea da. SL-NA ibilbidea jarraitu Aixitarantz. Tontorrera bidea hartuta, hirugarren ehiza postua baino lehen eskuinerantz bidezidor bat doa paretaren oinetik, hitoak jarraituz.
- Jaitsiera: Aixitako gaztelua izan zenaren kokalekutik behera ongi zapaldutako bidea jarraituko dugu SL-NA 131 bidearekin bat egin eta kotxera itzultzeko. Jaitsiera osoa itzalpean egiten da eta Biaizpeko horma ikusgarri eta bertikalak ikusteko aukera paregabea izango dugu. 45-50 minututan kotxea utzitako lekuan izango gara.
- Eramandako materiala: 60 metroko bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Totem sorta eta zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordubete eta hogei minutu.

BIDEAREN KROKISA

Aixitako hego-ekialdean irekitako eskalada-bideak. "Basozain emboskatu" bat zenbakiduna da.

"Basozain emboskatu" bidearen krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

Eskalatzen hasi aurretik eguzkitako-krema eman nuen berriro ere. Gaurkoan ez nuen lepoa gehiago gorritzeko inongo asmorik, jejeje.

- Lehenengo luzea, 35 metro, IV. Beti da zirraragarria eskalada-bide berri bat eskalatzen hastea, zer esanik ez egun berean eskalatzen den bigarrena bada. Beste norbaiten irudimenak orri zuri batean idatzi duen kontaketa bat lehen aldiz irakurtzea bezalakoa da; kontaketa honi buruz zerbait entzun duzu, zerbait irakurri duzu, baina bizitzea bezalakorik ez dago, kontaketa idaztera eraman duen irudimen hori ulertzeko eta irudimen horretatik ikasi nahi bada. Crhistian Pauren kronikaren irakurketagatik bagenekien parean genuen harkaitz-plaka etzan eta zabala eskuin joerarekin eskalatu beharra genuela arrasto zuri eta nabarmen baten ondotik pasatuz, harkaitz-plakaren eskuinean bi arrailek osatzen duten “V” hizkira iritsi arte. Ez nuen zailtasun handirik izan arrail hauen oinera iristeko (II hasieran, III azken metroetan) baina erraza bada ere zuhurtziaz eskalatu nuen, plaka liken beltz eta irristakorrez tapizatuta dagoelako eta auto-babeserako aukera handirik ez dagoelako gainera.

“V” hizkia osatzen duten bi arrailetatik gora harkaitz-plakak inklinazioa irabazten du.

"V" hizkia osatzen duten arrailetatik gora egindako argazki honetan paraboltaren kokalekua ikusi daiteke.

Arrailek eskaintzen dituzten helduleku paregabeak aprobetxatuz, luzearen parabolt bakarrera iritsi nintzen, lurretik 20 metro ingurura dagoena (III+). Oraindik ez nekien baina lehenengo - eta azkeneko - asegurua luzeak duen parabolt bakar honetan jarriko nuen.

Luzearen parabolt bakarraren parean.

Parabolt honek luzearen pasagunerik zailena babesten du, helduleku txikiak dituen hormatxo gozagarri bat. Hormatxo hau eskalatu ostean (IV) harkaitz-plaka inklinatu bat topatu nuen, ezkerrean duen arrail/diedrotxo bat aprobetxatuz errazago eskalatzen dena. Harkaitz-plakaren erditik eskalatuz gero auto-babeserako aukera handirik ikusi ez nionez, arrailetik eskalatzea erabaki nuen luzea amaitzen den horman mailoidun bi paraboltez muntatutako bilgunera iristeko (III).

Lehenengo bilgunera iristen.

- Misterioa argituta!!! – Esan nion Asierri -. Hau da lehen ikusi deun reunioa.

Lehen bilgunetik behera egindako argazkia.

Ordubete lehenago, “Aixitako teilak” eskalatu genuenean bere lehen bilgunetik orain zintzilik nengoen bilgunea ikusi genuen, zein bideari ote zegokion zalantza piztuz. Zalantza argituta zegoen jada.

Lehenengo bilgunea.

Asierrek lasaitasunez eskalatu zuen lehenengo luze hau; gainera, soka gainetik zuela aprobetxatuz, bilgunera iritsi aurreko harkaitz-plaka inklinatua erditik eskalatu zuen.

- Ze iruittu zaizu erditik eskalauta?
- Ez dakit – erantzun zidan -. III+ edo?

Asier harkaitz-plaka tentetzen hasten den lekura iristen.

- Bigarren luzea, 10 metro, III. Soberan nuen material guztia ematen nion bitartean luzeak nondik jarraitzen duen begira aritu ginen. Berehala ikusi genuen bilgunearen ezkerrean dagoen koskan zinta batekin muntatuta dagoen harkaitz-zubi bat.

Bilgunetik ezker aldera doan erlaitz estu baten gainean mantenduz, Asierrek 3 metro inguruko zeharkaldia egin zuen koskaren azpian kokatu zen arte. Harkaitz-zubitik express-zinta bat pasatu, bertan dauden helduleku onak aurkitu eta koska erraz eskalatu zuen (III), honen gainean dagoen erlaitzera igoz.

Koskara igotzen.

Argazki honetan koska babesten duen harkaitz-zubia ikusi daiteke, zinta batekin muntatuta dagoena.

Erlaitzean zalantzaz betetako une labur bat izan genuen, ez genekielako oso ziur hurrengo luzeak nondik jarraitzen zuen. Baina une labur honen ondoren, hurrengo bilgunearen bilaketan, Asierrek erlaitza alderik alde zeharkatu zuen, tartean arte bat eta ezpel baten albotik pasatuz.

- Hemen puente-roka txiki baten kordino bat jarrita dau!!
- Ba seguro reunioa hori izangoela – erantzun nion.

Ezpelaren bestaldean, harkaitz-zubi txiki batean, Asierrek bigarren bilgunea aurkitu zuen. Kordel bakar honetatik ez aseguratzeko, badaezpada, bilgunea harkaitz-zubi beratik zinta-uztai bat pasatuz eta ondoan dagoen arrail batean Totem bat trabatuz muntatu zuen.

Bigarren bilgunea argazkian ikusten den ezpelaren bestaldean dago.
Bigarren bilgunea.

Christan Pauren kronika esku artean, bilgunearen gainean ikusten ari ginen diedro etzana eta bere kronikaren argazkietan agertzen zena berbera zela egiaztatu genuen.

- Ondo goaz!!!

- Hirugarren luzea, 35 metro, III+. Sabel itxura duen hormatxo bat eskalatu eta diedro etzanaren oinean kokatu nintzen (III+). Oinak non jarri ongi begiratuz diedroa kontu handiz eskalatu nuen, ez zailtasunagatik, tartean harkaitz aske bat baino gehiago zegoelako baizik, mota honetako eskalada-bideetan ohikoa den moduan (III+). Diedroaren amaierara iritsi nintzenean, zertxobait ezkerrera bota nintzen zuzen eskalatzen jarraitu ahal izateko, harri askez beteta dagoen erlaitz batera igo nintzen arte (III).

Diedro etzana eskalatu ondoren, harkaitz askeetako bat eskuan dudala.

- Hau harriz beteta dau – esan nion Asierri -. Ez det uste luzek hemendik jarraituko dunik.

Erlaitzaren ertzera itzuli eta diedroaren ezkerrera (igoeraren noranzkoan) harkaitz trinkodun ezproi antzeko bat ikusi nuen. Bertatik eskalatzen jarraituz gero, luzeari eskalada-metro batzuk gehiago gehituko nizkiola pentsatu nuen.

- Handik jarraituko det!!!

Handik jarraituko det!!!

Erlaitz harritsura iristeko eskalatu nituen azken metroak jaitsi eta ezkerrera pasa nintzen ezproitik jarraitzeko, arte txiki batzuetara iritsi nintzen arte (III+).

Arte txikietara iritsi aurretik eskalatu behar den tartea.

- Hemendik gora eskalada bukatzen da – esan nion Asierri.
- Kronikaren arabera reunioa zuhaitz baten daula esango nuke.

Inguruan nituen zuhaitzen enborretara begiratzen hasi nintzen bilgune baten antzeko zerbaiten bila baina ez nuen ezer topatu. Halako batean, 15 metro ingurura nuen horma baten oinean dagoen zuhaitz baten enborrean soka bat lotuta zegoela iruditu zitzaidan. Ezer hoberik gabe bertara zuzendu nintzen oinez eta iruditu zitzaidana egia zela baieztatu nuen: zuhaitzaren enborrean soka bat zegoen bilgunera iritsi nintzela adieraziz.

Aurreko argazkian ikusten ziren arteetatik egindako argazki honetan hirugarren bilgunearen kokalekua ikusi daiteke.

- Reunionnnnn!!!!!

Asierrek ez zuen denbora luzea behar izan nire ondora iristeko.

Ezproi itxurakoa amaitzen den lekuan dauden arte txikien parean.

Hirugarren bilgunea, enbor batetik pasatako soka batez muntatuta.


- Hemendik gora ze geratzea?
- Ba kronikaren arabera segundoko paso batzuk – erantzun zidan Asierrek-, bakarren bat terzerokoa.
- Nahibazu eskalatzen hasi ta soka bukatzen denen ensanblen aterako naiz.
- Bale – erantzun zidan -. Zailenetik juten saiatuko naiz.

OHARRA. Christian Pauren kronikaren arabera, “Basozain emboskatu” bidea bilgune honetan amaituko litzateke; izan ere, hemendik gorako tartea II zailtasuneko tarte bat bezala adierazita dago bere krokisean. Bideari hurrengo 60 metroak batzearen arrazoia laugarren luze honetan IV zailtasuneko bi pasagune eta III+ zailtasuneko pasagune bat aurkitu eta eskalatu izana izan da, beste pretentsiorik gabe.

- Laugarren luzea, 60 metro, IV. Hormak eskaintzen dituen aukera ezberdinak baloratu ondoren, Asierrek erditik eskalatzea erabaki zuen (III+), baita honen gainean dagoen horma inklinatua ere (III-). Bi hormen artean kontu handiz mugitu zen, harri askeak daudelako.

Bilgunearen ondoko horma eskalatzen.

Lehenengo hormatik behera egindako argazkia. Argazkian hirugarren bilgunea ikusi daiteke.

Lehenengo bi horma hauek eskalatu zituenean begi-bistatik galdu nuen. Sokak “Reverso”-tik gelditu gabe nola irteten ziren ikusten nuen bitartean Asierrek arte batzuek osatzen duten basotxo baten ezker ertzetik jarraitu zuen, harmaila erraz batzuk eskalatzen (II/III-). Arteen ertzean mantenduz, horma bertikal batekin topo egin zuen.

Arteen ertzean dauden harmailak azpitik ikusita.

Sokaren mugimendua bat-batean gelditu zen. Ez nekien Asier zertan ari zen, baina oztopo baten aurrean egongo zela susmatu nuen. Asier bere aldetik, parean zuen horma bertikala nondik eskalatuko zuen ari zen baloratzen. Horma alde batetik zein bestetik begiratu ondoren, bere oinean dagoen arte baten enborretik aseguratu eta horma eskuin aldetik eskalatu zuen, irteeran Totem bat trabatuz (IV). Horma hau eskalatuta, metro batzuk eskuinera mugitu zen eta bigarren hormatxo bat eskalatu zuen, sabel itxurakoa, aurrekoa baino motzagoa baina helduleku txikiagoak dituena (IV).

Eskalatu genuen IV zailtasuneko lehenengo horma azpitik ikusita. Asier aseguratu zen zuhaitza ikusi daiteke.

Ni bitartean soka amaitu arte falta ziren metroak kontatzen nindoan: “12 metro, 10 metro, 8 metro, 6 metro…”. 5 metro inguru falta zirenean, soka berriro ere geratu zen. Asier hormatxo berri baten oinean zegoen, sabeldun hormatxoaren gainean dagoena; baina hormatxo honek ez zion buruhauste handirik eman eta ez zuen arazo handirik izan eskalatzeko (III+). Ensanblean eskalatzen hasteko bilgunetik askatu eta hormara hurbildu nintzenean Asierrek zuhaitz baten enborrean hirugarren bilgunea muntatu zuen.

Laugarren bilgunean.

- Joer, ba bai zaildu dezula luzea, jejeje – esan nion irribarretsu bilgunera iritsi nintzenean.
- Politte geratu da.
- Ya lo kreo – erantzun nion -. Aukeran nahiago det zertxobait estutzea segundoko eskalada errazak egitea baino.
- Posible denean behintzat saiatu behar da, jejeje – erantzun zidan irribarretsu.

Gainetik zer geratzen zitzaigun ez genekienez, azken metroak sokekin aseguratzea erabaki genuen. Baina bilgunetik irten eta bereahala, harmaila pare bat igo nituenean (II/II+) Aixitako gaztelua izan zenaren hondakinak agertu ziren nire eskuinean. Bere inguruan putre talde bat zebilen biraka, bata bestearekin gurutzatuz, noraezenan egongo balira bezala.

Aixitako gaztelua izan zenaren hondakinak.

- Soka Reversotik askatu dezakezu – esan nion Asierri.

Asier hormaren amaierara iristen.

Oraindik fresko mantentzen zen belarretan oinutsik, harkaitz txapal batean eserita, putreen joan-etorriei begira jarri ginen. Aho-zabalik geunden, gaztelutik begira ari zen familiaren moduan; harrigarria da aire-korronteak nola dominatzen dituzten, esfortzurik egingo ez balute bezala. Ederra izango litzateke mundua beraien ikusmira zabaletik ikustea, lurrera itsatsiak egoteak dakarren ikusmira mugatu eta baldintzatutik aske.

Taldeko argazkia.
Une lasai eta atsegin honetaz gozatzen genuen bitartean zintzurra freskatu eta material guztia motxiletan gordetzeko aprobetxatu genuen. Eguzkitako krema laugarrenez eman ostean beherako bideari ekin genion, baita hiruretarako kotxera iritsi ere. Tartean, Haitz Handiko “Caballé” bide mitikoa eskalatzen ari ziren bi kordadari begira aritu ginen. Ea aurten bide historiko hau eskalatzeko aukera eta zorterik dudan.

Bi kordada "Caballé" bidean.


“Basozain emboskatu” bideari dagokionez, Mikelek eta Christianek izan zuten sentsazio bera izan genuen guk ere. Ondoan dituen bideen itxura ikusita, lehenengo luzea tenteagoa espero genuen. Lehen luzetik gorakoa beharbada ez dauka interesa handirik eskalada jarraikor eta zail baten bila ari direnentzat; izan ere, Christianek bere kronikan dioen moduan, lehen luzean bi mailoi jarrita utzi izanaren arrazoia nahi izanez gero bertatik jaisteko da, ondoan dauden beste bideen lehen luzeak kirol-eskaladako eskola bat izango balitz bezala eskalatzeko aukera emateko. Hala ere, nire uste apalean bideak lehen luzetik aurrera bere xarma baduela esango nuke, nahiz eta leku batzuetan harri askeekin kontuz ibili behar den. Baina mendi-eskaladako estiloan ireki eta ekipatu den eskalada-bide batean harri askeak topatzea saihetsezina da, asko errepikatzen den bide bat ez bada behintzat. Harri askerik gabeko honelako eskalada-bideak nahi dituztenek badute non aukeratu luze bakarrekoak nahiz hainbat luzekoak diren kirol eskalada-bideen segurtasunean.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Montañas de Camille bloga. 2022/10/15. "Basozain emboskatu" (IV/AD, 75m), la nueva de Aixita sur. Eskuragarri: https://christianpau.blogspot.com/2022/10/basozain-emboskatu-ivad-75m-la-nueva-de.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina