AZKEN 10 SARRERAK

2024/04/02

ETXEBERRI (ARAKIL - IRURTZUN), AIXITA: "AIXITAKO TEILAK" BIDEA, 70 m, V. 2024/03/16


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

- Bakizu Aixitan bi bide berri darela?
- Ah bai?
- "Aixitako teilak" ta "basozain enboskatu" – erantzun zidan Asierrek -. Bigarrena Christian Pau eta Mikel Txintxarena da.
- Ta lehenengoa?
- Joseba Arlegina uste det.

Eginotik itzuli ginenean, etxera sartu bezain laster sua argitaletxeak 2022an argitaratutako Carlos Velazquezen “Nafarrroan eskalada egiteko gida” esku artean hartu nuen; eta hara non aurkitu nuen “Aixitako Teilak” bidearen krokisa. Bigarren luzetik aurrera “Ahuntzen bidea” bidearekin lerro bera partekatzen zuela ikusi nuenean Asierri mezu bat bidali nion:

- Bigarren luzetik rappelatzen badeu igual bi bidek egun beren eskalau ditzazkeu. Total, “Ahuntzen bidea" dauneko eskalatuta daukeu.
- Horixe bera ari nintzen ni ere pentsatzen – erantzun zidan -, goiz ibiliz gero bazkaltzea arazorik gabe iritsiko geala pentsatzen det.

Eginon erabilitako motxilatik materiala atera gabe nuen oraindik eta dagoeneko biharamunerako plana eginda genuen. Nire bizitzaren aspektu guztietan planak hain erraz egiteko ahalmena (edo motibazioa, edo gogoa) izango banu...

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 70 metro.
- Luze kopurua: 2.
- Nork irekia: Joseba Arlegik.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: V (40 m) eta 2ºL: V (30 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Etxarren herrian.
- Hurbilketa: Ahizpa Handira doan ohiko bidea jarraituko dugu. Hormetatik gertu gaudenean, Ahizpa Handiaren mendebaldeko “V” handia izeneko lepo nabarira doan kanala hasten den lekuan, ezkerrera doan xenda jarraitu eta metro batzuetan altuera pixka bat galdu ondoren, trikuharri itsura duen harkaitz handi eta nabarmen batera iritsiko gara. Harkaitzaren ondotik pasatu eta aurrera doan bidexka 60-65 metro eskas jarraituz (tartean “Arteen Artean” bidearen oinetik pasako gara) harritza txiki eta estu batera iritsiko gara. Harritza hau gurutzatu eta zuhaitz artean pasatu ondoren (zenbait puntuetan dezente makurtu beharko dugu) bidearen oinera iritsiko gara. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera berrogeita hamar minutu inguru pasako ditugu. Joseba Arlegiren aholkuari kasu eginez, hurbilketarako modurik erosoena Etxeberriko herritik abiatzea da. SL-NA ibilbidea jarraitu Aixitarantz. Tontorrera bidea hartuta, hirugarren ehiza postua baino lehen eskuinerantz bidezidor bat doa paretaren oinetik, hitoak jarraituz.
- Jaitsiera: Aixitako gaztelua izan zenaren kokalekutik behera ongi zapaldutako bidea jarraituko dugu SL-NA 131 bidearekin bat egin eta kotxera itzultzeko. Jaitsiera osoa itzalpean egiten da eta Biaizpeko horma ikusgarri eta bertikalak ikusteko aukera paregabea izango dugu. 45-50 minututan kotxea utzitako lekuan izango gara.
- Eramandako materiala: 60 metroko bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Totem sorta eta zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordubete eskas.

BIDEAREN KROKISA

Aixitako hego-ekialdean irekitako eskalada-bideak. "Aixitako Teilak" bi zenbakiduna da.

Krokis zehatza. Bigarren bilgunetik gora dauden puntu zuriek Ahuntzen bidea” bidearekin elkartzeko jarraitu behar den bidea adierazten dute.

DESKRIBAPENA

Goizean goiz iritsi ginen kotxea uzten den aparkaleku txikira; izan ere lehenengoak iritsi izanagatik lekua aukeratzeko izaten den pribilejioaz gozatzeko aukera izan genuen. Egun berotsua iragarrita zegoen arren, ihintzaz bustitako bide bazterreko belarrak gaua freskoa izan zela salatzen zuen, ur-tantak lurrunduko zituzten eguzkiaren lehen izpien zain. Zalantzan izan ondoren azkenean polarrak kotxean uztea erabaki genuen; baita asmatu ere, ez genituelako egun osoan faltan botako.

Blogean partekatutako “Aixita” eta “Ahuntzen bidea” bideen kroniken azalpenak jarraituz ez genuen arazorik izan bidearen oinera iristeko.

- Joer, tontamentean hemen altura hartzen da, eh? – bota nion Asierri kotxea utzitako lekua seinalatuz.
- Bai – erantzun zidan -. Kotxea hemendik txikie ikusten da.

Hurbilketa paizentziaz hartu behar den horietakoa da, izerditan blai amaitu nahi ez bada behintzat. Ahizpa Handira doan ohiko bidearen aldapa nekagarria igotzen genuen bitartean edozein aitzaki hartu genuen atseden motz bat egiteko: zuhaitz zahar baten adar zaharretan jarritako putreei begira gelditzea, Ahizpa Handiaren ekialdeko horman irekita dauden eskalada-bideen lerroak irudikatzea edo bidean dauden koskak tapizatzen dituzten harri txikietan irrist ez egiteko ezpelen adarretatik tira egiteko denbora hartzea.

“Aixitako Teilak” eta “Ahuntzen bidea” bideak leku berean hasten dira; izan ere bi bideek lerro berbera jarraitzen dute hasierako metroetan. Aixitako hego-ekialdeko hormako eskalada-bideak lehen aldiz eskalatu genituenean hauen izenen lehen hizkiak hormen oinean markatuak zeudela gogoratzen genuen, baina oraingoan ez genituen ikusi. Kuriosoa da denborak, goroldioak edo higadurak guk mendian utzitako arrastoak nola ezabatzen dituen; pentsatzen dut bizitzan gauza bera gertatuko dela uzten ditugun arrastoekin ere.

Bide beretik rappel egiteko asmoa genuenez, motxilak hormaren oina zipriztintzen duten arteen itzalpe freskoan uztea erabaki genuen. Ez genuen erabaki bera hartu igoeran ihintzez busti genituen zapatila eta galtzerdiekin; hauek eguzkitan geratu ziren, jaisten ginenerako lehorrak egongo zirenaren itxaropenez.

- Hasiko naiz ni – proposatu nion Asierri – atzo zuk bukatu zenun eta, jejeje.
- Bale – erantzun zidan -. Gaur eguzkitako krema eman dezu?
- Noooooski baietz, etxetik emanda nator.

Asierren galderak tranpa zuen, eguzkiak bezperan lepoa gogoz gorritu zidalako. Badaezpada eguzkitako krema berriro eman nuen. Eskuetako behatz artean soberan geratu zen krema kentzea lortu nuenean eskalatzen hasi nintzen.

- Lehenengo luzea, 40 metro, V. 15 metrora gutxi gora behera dagoen lehen parabolta jomuga nuela, bertara iritsi arte eskalatu behar diren bi harkaitz-plaka etzanak (belarrez estalitako arrail inklinatu eta zabal batek banatzen dituena) zailtasunik gabe eskalatu nituen. Ez da eskalada zail bat (II/III) baina harritu ninduen plaka etzan hauek liken beltzez tapizatuak egotea.

Luzearen lehen paraboltaren parean.

- Pentsatzen det orain ezker aldera jo beharko detela – esan nion Asierri paraboltak babesten duen harkaitz-plaka eta hormatxoa eskalatu nituenean (III).

Nondik jarraitu behar nuen begira nengoela, gainetik dagoen sabai nabarmenaren ezker aldean dagoen parabolt distiratsua ikusi nuen, luzearen 40 metroetan jarrita dagoen bigarrena.

Nondik jarraitu beharra den begira.

Bitan pentsatu gabe ezker aldera diagonalean eskalatzen jarraitu nuen, eskuinean “Ahuntzen bidea” bidearen paraboltak utziz. Totem bat trabatzea eskatu zidan hormatxo txiki bat eskalatu (III+) eta harkaitz-plaka tente baten oinera iritsi nintzen. Nondik jarraitu begiratzen ari nintzela nire ezkerrean metalezko zerbaitek atentzioa deitu zidan. Bertara hurbildu nintzenean iltze bat topatu nuen. Iltzetik luzearen hirugarren express-zinta pasatu eta paraboltaren azpian dagoen arrail tente batera zuzendu nintzen, non beste iltze bat aurkitu nuen, oraingo hau erdi-aterata.

Ezkerraldera hartu behar den lekutik egindako argazki honetan luzean jarritako seguru finkoen kokalekua adierazi ditut. Argazkian, hormatxoa eskalatzeko trabatu nuen Totem-aren kokalekua ere ikusi daiteke.

- Pentsatzen nun paraboltak bakarrik zerela jarrita – esan zidan Asierrek azpitik.
- Ba bigarren iltzea da hau – erantzun nion.

Arrail tentea eskalatu (IV) eta harkaitz-plaka tente batera igo nintzen. Luze osoan gehien kostatu zitzaidana paraboltetik banatzen ninduten 2-3 metroak eskalatzea izan zen, liken beltz, hauskor eta irristakorrez estalitako itsasgarritasunezko pasagune bat eskalatzea eskatu zidalako. Harkaitzaren zimur leunetan oinak jarri eta, edozein momentuan irrist egitearen beldurrez, gorputza pixkanaka altxatu nuen, uste eta nahi baino esfortzu mental gehiagorekin paraboltera iritsiz (V). Eskuak izerditan blai nituen eta pare bat aldiz magnesio-poltsan sartzeko keinua egin nuen. Baina magnesio-poltsa etxean zegoen ahaztuta mahai baten gainean eta faltan bota nuen soinean ez eramatea, harkaitz-plaka tente honetako heldulekuak borobilduak eta leunak direlako.

Bigarren paraboltaren parean.

Asierrek esanda luzeak sabaia ezkerretik saihesten duela banekien, honegatik ezker aldera begira jarri nintzen hurrengo seguruaren bila. Orduan metro batzuk ezkerrago soka beltz batekin muntatuta dagoen harkaitz-zubi bat ikusi nuen.

Berriro ere kontu handiz, oinak jarri aurretik katu-oinen puntekin likena kenduz, ezker aldera mugitzen hasi nintzen, harkaitz-zubira iritsi nintzen arte (IV+).

- Bueno, ea tetxue zemuzkoa den!!!

Harritu ninduen nengoen lekutik sabaian parabolt, iltze edo harkaitz-zubirik ez ikustea: "zerbait jarrita egongo da", pentsatu nuen. Harkaitz-zubiaren ezkerrera pasatu eta, helduleku on batzuk aprobetxatuz, zuzen eskalatzen hasi nintzen sabaiaren azpian kokatzeko (IV+). Gainean nituen harkaitzak eskuekin ukitu eta helduleku ederrak zituztela baieztatu nuenuean, bitan pentsatu gabe besoetatik tira egin, oinak jartzeko helduleku on batzuk aurkitu eta, bigarren tiraldi baten ostean ez nuen zailtasun handirik izan harkaitzetako batek osatzen duen erlaitz txikira igotzeko (V). Ez nuen aseguru finkorik aurkitu baina aitortu beharra daukat ez nuela aseguru bat jartzeko beharrik sentitu ere.

- Suposatzen da reunioa hor nunbaiten egongo dela - esan zidan Asierrek.

Erlaitz txikira igota, lehenengo bilgunearen bila.

Batera zein bestera begiratzen nuen arren ez nuen bilgunerik ikusten. Logikak zuzen eskalatzen jarraitzea esaten zidan baina zerbaitek, intuizioak beharbada, oraingoan logikari jaramonik ez egiteko gomendatzen zidan. Halako batean ezkerrean nituen arteen artean zerbaitek atentzioa deitu zidan. Zorrotzago begiratu nuenean, zuhaitzen artean erdi-ezkutatua dagoen harkaitz-plaka batean uztaidun bi parabolt ikusi nituen.

- Hemen dau!!! - Oihukatu nion Asierri.

Igota nengoen erlaitz txikitik ezker aldera 3 metro inguruko zeharkaldi horizontala egin ondoren arteen artean erdi-ezkutatua dagoen lehenengo bilgunera iritsi nintzen.

Lehenengo bilgune "ezkutua".

Asier aseguratzen nuen bitartean, 8 metro inguru ezkerrago eta zertxbait beherago mailoidun bi paraboltez osatutako bilgune bat ikusi nuen: "Basozain emboskatu" bidearen lehen bilgunea? Hala izango zela pentsatu nuen, eskalatzen ari ginen bidearen ezkerrean bide bakarra zegoela uste genuelako. "Basozain emboskatua" eskalatu beharko genuke bilgune honen misterioa argitu nahi bagenu.

- Notatzea bide hau ez dela asko eskalatzen, ez?
- Zeba?
- Plaka osoa liken beltzez estalita daulako - erantzun nion Asierri.
- Bai, hori bai - erantzun zidan -. Ta gañea irrist egiten du.

Asier liken beltzez estalitako harkaitz-plaka tentean.

- Bigarren luzea, 30 m, V. Asierrek automatikoki, hizketaldi handirik gabe, arnesaren uztaietatik zintzilik nituen friend eta express-zintak hartu zituen bezain laster eskalatzen jarraitu zuen, ahalik eta denbora gutxiena galtzeko asmoz. Ezkerrean ikusi genuen bilgune "misteriotsua" zein bidekoa zen jakin nahi bagenu azkar ibili beharko ginateke.

Asierrek bilgunetik gora irten eta gainetik dagoen harkaitz-plaka inklinatua zuzen jarraitu zuen eskalatzen, gainean dagoen horma bertikal batera zuzenduz (III+). Plaka hau ere liken beltzez estalita zegoen, baina lehen luzeko plaka bezain tentea ez denez ez zuen arazo handirik izan hormatxoaren azpian kokatzeko.

- Hor goien parabolt bat ikustea - esan zidan hormatxoaren azpitik.

Bigarren luzean eskalatzen den lehenengo hormatxoaren oinean.

Hormatxoak helduleku oneko arrail zabal eta motz bat dauka. Bertatik igo eta zertxobait ezkerrera pasatuz, Asierrek ez zuen zailtasun handirik izan luzearen lehen paraboltetik aseguratzeko (IV+).

Hormatxoa eskalatu ondoren.

- Goiko paretaren azpin beste parabolt bat ikusten det - esan zidan hormaren gainetik.
- Nun?
- Ezker alden.

Paraboltetik zertxobait gora igo eta berehala hasi zen ezker aldera eskalatzen, igota zegoen harkaitz-plaka inklinatua ixten duen sabaiaren ezker aldera hurbilduz (IV-).

Zeharkaldiaren hasieran.

Luzearen bigarren - eta azken - paraboltetik aseguratu zenean, gainetik zuen horma bertikala nondik eskalatu begiratzen hasi zen. Ni nengoen lekutik eskalada interesgarria zirudien, hormak erdian arrail bat duen diedro baten itxura hartzen duelako. Zein zirraragarria den sekula eskalatu ez duzun pasagune batera iristen zarenean. Puzzle ezezagun baten pieza desordenatuen aurrean egongo bazina bezala sentitzen zara. Zure lana pieza hauek nola kokatuko dituzun ongi pentsatzea izaten da, bakarren bat modu okerrean kokatuz gero erortzeko arriskua duzulako. Horregatik komeni da lasaitzea eta denbora hartzea pasagune bat eskalatzen hasi aurretik. 

Bigarren paraboltetik aseguratu ondoren.

- Zemuzkoa ikustezu?
- Ez du zaile ematen baña ez det parabolt gehio ikusten - erantzun zidan.
- Sikiera diedro horren pitzaduran friend bat sartu daikela emateu.
- Bai.

Oinak ahal izan zuen lekurik goienean jarri ondoren diedroa eskalatzen hasi zen, gorputza zertxobait altxatzen zuen bakoitzean oinak diedroa osatzen duten bi paretetan ere altxatuz. Ez zuen esfortzu handirik behar izan diedroaren ezkerrean dagoen harkaitz batek osatzen duen erlaitz txiki batera igotzeko (V). Puzzlea ebatzita zuen dagoeneko.

Lehenengo metroen ondoren, ezker oina erlaitz txikian jarrita dauka.

- Hemendik gora ez du zaile ematen baña bazpare friend bat sartu behar det - esan zidan Totem-a eskutan hartuz.

Totem-a trabatu zuen arrail berari heldu eta babariar teknika erabiliz ez zuen zailtasun handirik izan luzearen bigarren horma eskalatu eta honen gainean dagoen erlaitzera igotzeko, harri askez estalita dagoena (V).

Hormaren gainetik lehen bilgunea horrela ikusten da. Argazkian ikusten den moduan, hormaren gaineko erlaitza harri askez estalita dago.

Lehenengo hormatxoaren azpitik bigarren bilgunera dagoen ikusmira.

Azkeneko metro etzan eta erraz batzuk erdi-eskalatu ondoren (III-) bilgunera iritsi zen, uztaidun parabolt bakarrez osatuta dagoena. Hau ikusita, Asierrek bilgunea uztaidun parabolta eta honen gainean dagoen harkaitz-zubi handi bat aprobetxatuz muntatu zuen, bilgunea sendoa zela ziurtatuz.

Bigarren luzea lehenengoa baino gehiago gustatu zitzaidan, beharbada harkaitz-plakek liken gutxiago zutelako edo beharbada bi hormen eskaladak xarma gehiago duelako.

Bigarren paraboltera iristeko egin behar den zeharkaldiaren hasieratik egindako argazkia.

Haur txiki baten moduan gozatu nuen eta konturatu nintzenerako Asierren ondoan nengoen, luzea motz egin zitzaidanaren seinale. Une gozoak une laburrak izaten omen dira.

Bigarren bilgunea, uztaidun parabolt bakarrez osatutakoa. Argazkian harkaitz-zubia ikusi daiteke, baita erlaitza tapizatzen duten harri askeak ere.

- Bi luzek egiten duten rekorridoa ikusita ez dakit hemendik rappela egitea egokiña izango den - esan zidan bilgunera iritsi nintzenean.
- Gauza bera pentsatu det - erantzun nion - Gañea lehenengo luzen dauden arbolak ikusita litekena da sokak bertan trabatzea.

Bigarren bilgunetik rappel egiteari gauza onik ikusten ez genionez, “Ahuntzen bidea” bidearen lehen bilgunera arte zeharkaldi bat egin eta bertatik rappel egitea erabaki genuen. Asierrek aseguratuta, ez nuen zailtasun handirik izan bertara iristeko (III- gehienez). Okerrena, bilgune honen gaineko hormatxoa jaisten hasi nintzenean inurri handi eta gorri batzuk eskuetan emandako hozkada maitagarriak. Zer egingo diogu beraien etxea inbaditzen ari bagara?

Ahuntzen bidea bidearen lehen bilgunetik rappel egiten.

- Ze ordu da? - Galdetu zidan Asierrek sokak errekuperatu genituenean.
- Hamaikak eta hogei pasata.
- Ondokoari emango diogu?
- Benga, hemen egonda pena litzake ez eskalatzea.

Material guztia eta motxilak eskuetan hartuz ezker aldera jarraitu genuen. II+ zailtasuna izan dezaken hormatxo txiki bat igo ondoren erlaitz zabal eta eroso batera igo ginen, arteen itzalpean zegoena.

- Hara, hemen kordino bat jarrita dau!!! - esan zidan Asierrek harkaitz-plakaren oinean dagoen harkaitz-zubi txiki bat seinalatuz.
- Bueno, bidearen hasiera topatu degu behintzat.
- Ea hau zemuzkoa den...
- Ea ba - erantzun nion lehen metroak eskalatzen hasiz.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Velázquez C. Guía de escalada en Navarra, 143. Bilbo. Sua Edizioak, 2022ko ekaina.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina