AZKEN 10 SARRERAK

2017/04/14

LIZARRAGA - PILATOS BALKOIA - LIZARRAGA, 2017/04/08

Anaiaren bizkar arazoak direla eta, aurten mendian korrikan gutxiago egin eta bizikletan eta eskaladan gehiago aritzeko proposamena egin dugu, ea "kintoa" behingoz sendotzen dugun, jejeje. Hala ere, Euskal Herriko legeari jarraituz, eguraldiak ez digu aukera handirik eman proposamena aurrera ateratzeko. Azkeneko euri eta hotzak atzean geldituta, Euskal Herria antizikloi handi baten eraginpean gelditu eta, hodeiak desagertzearekin batera, eguzkia zeruan nagusituz joan zen. Eguraldi onak egun batzuetan jarraituko zuela ikusita, mendi bizikleei armiarma sareak kendu, garajetik atera eta, D bitamina pixkat hartzeko garaia iritsi zela erabaki genuen.

Mendi bizikletarekin oraindik oso trebeak ez garenez, ibilbide erraz eta luzeraz ertaina zen baten bila hasi ginen. Hasiera batean duela urte batzuk Lizarragatik Ihurbainera erdi-korrikan jarraitutako ibilbidea jarraitzea pentsatu genuen baina, Beriainera igo (eta gero jaitsi) behar den maldak atzera bota gintuen. Argi genuen irteera Andimendin egin nahi genuela, honegatik, Iker wikiloc web gunean irteera egoki bat bilatzen hasi eta topatutako Lizarragatik Pilatos Balkoira doan irteera bat egokia izan zitekeela esan zidan. Bitan pentsatu gabe wikiloc-en Silvak elkarbanatutako irteera deskargatu eta Lizarragako bidea hartu genuen.

Oraingoan Iker eta biok bakarrik joango ginen, Asier Pico del Águila mendiaren ipar-mendebaldeko korridorea eskalatzen ari zelako.

Iker Piltaos Balkoia inguratzen duen hesira iristen.


IBILBIDEA

Ibilbideak "8" baten itsura dauka. Ibilbidea Lizarragako mendatean hasi eta mendebaldeko norabidea jarraitzen duen pista nabaria hartu genuen. Hirugarren kilometroan ezkerrera (hegoaldera) doan bidegurutzea hartu eta hemendik aurrera doan pista zazpi kilometro inguru jarraitu genuen Mendarteko bidegurutzera iritsiz. Hemen Otsaportilloko basobidea hego-ekialdeko norabidean hartu eta sei kilometroen ondoren, teilatu gorridun eraikin baten aurretik eskuinera (hego-mendebaldera) doan pista hartu genuen Pilatos Balkoira iristeko. Balkoiak inguratzen duen pista jarraitu eta lehen bidegurutze nabarian (22,7 kilometroan) eskuineko pista (ipar-mendebaldera) hartu genuen, hiru kilometro ondoren txabola batzuetara iristeko.

Txabola hauen ondoan dagoen pago erraldoiaren ezkerretik nabaria ez den bide eta basabidea bi kilometroetan jarraituz Otsaportilo basobidera lehenik eta Mendarteko bidegurutzera ondoren itzuli ginen, oraingoan zuzen (ipar-ekialdera) jarraituz. Pista 12,5 kilometroetan jarraitu ondoren ibilbidea Lizarragako mendatean amaitu genuen.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 41,5 kilometro.
- Punturik baxuena: 1.100 metro.
- Punturik altuena: 897 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 500 metro inguru.
- Ura: Ibilbidean ez genuen iturririk topatu, beraz, hobe da ura eramaten bada.
- Zailtasuna: Ibilbideak zailtasun handirik ez dauka. Kontuz jaitsi beharreko harri askeez estalitako malda batzuk baditu. Zatirik "teknikoena" Pilatos Balkoia eta Otsaportillo bidearen artean egin genuena izan daiteke, bidea tarteka malkar xamarra baita.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: 3h20' lasai joanda, atsedenak eta argazkiak egiteko pasatako denbora ere kontutan hartuz.

Bidea deskargatu nahi baduzue.

Powered by Wikiloc


DESKRIBAPENA

Eguna beroa iragarrita bazegoen ere goiza oskarbi eta hotz esnatu zen, eguzkiak gosaldu ez balu bezala. Eguzkiak bazterrak berotzen hasi bitarte etxeko terrazako mahaiaren gainean Ikerrek ekarritako croissant, txokolatedun napolitana eta "ochoak" ("8" itsuradun opilak) jarri eta, ibilbideari aurre egiteko energiarekin joan behar ginenaren aitzakiarekin, Iker, Itzi eta hiruok di-da batean jan genituen.

Elikadura osasungarriaren teoria eta arau guztiak hausten dituen gosari goxoaren (zergatik ez esan, jejeje) ondoren, dena prestatu eta, goizeko hamarrak aldera Lizarragako mendaterako bidea hartu genuen.

10:40, Lizarragako mendatea, 1.031 metro. "Ostia, hemen haizea fiñe dabil!" Esan nion anaiari kotxetik atera nintzenean. "Joer, ba bai" erantzun zidan "txaketa beroa jartzekotan nau". Haizearen eraginez gorputzeko ileak iltze moduan tente eta beso eta iztarrak oilo-ipurdi genituela, bizikletak parrilatik askatu, beharrezko material guztia prestatu eta, gorputza berotu asmoz, arin-arin martxan jarri ginen, haizerako txamarra badaezpada motxilan utziz.

Trasteak prestatzen. Atzean ikusten den pista da jarraitu behar dena.


Jarraitu beharreko bidea Lizarragako mendateko bentaren mendebaldera doan pista zuri eta nabaria da, mendia bitan erdibitzen duena. Pasabide bat zeharkatu ondoren bentaren inguruko zalaparta atzean utzi eta ixiltasun eta lasaitasunaren munduan sartu ginen, iparraldean dauden gailurrek haizegatik babesten gintuztenez, txirrinduek sortutako soinuak besterik ez baitziren entzuten.

Pasabidera iristen.


Pista,  iparraldeko horma bertikaletatik babesten gintuzten gailur, harkaitz eta maitagarri eta iratxoen ipuin batetik ateratatako basoaren mugaren artean metroak janez doa, baso eta larreen arteko muga ezarriko balu bezala.

Pistaren lehen metroetan.


Gure abiadura ez zen oso iraunkorra, momenturo argazkiak egiteko gelditzen nintzen eta. Ikusgarria lehen kilometro hauetan ezkerrean gelditzen diren pago eta harkaitzen formak, goroldio orlegi biziz estaliak, eguraldi bortitzaren babesgarriak.

Iparraldeko horma bertikaletatik babestuko gaituzten gailurrak eskuinean ditugula.


Hiru kilometro inguruko gora-beheren ondoren bidegurutze batera iritsi eta ezkerrera (hegoaldera) zihoan mendi-bidea hartu genuen: "gero paretio itzuliko gea" esan zidan Ikerrek ipar-ekialdera jarraitzen zuen pista seinalatuz.

Bidegurutzera iristen, gorriz jarraitutako bidea eta urdinez itzultzerakoan jarraituko genuena.


Bidegurutzean dagoen indikazio postea.Bertan "Artaza, 17,5 km" eta GR-282 "artzaintzaren bidea" ere markatzen ditu.


Pagadiaren bihotzean sartzen den GR-282 mendi-bidea ez zen orain arteko pista bezain "erosoa" eta harri eta zulo gehiago azaltzen joan ziren ibilbidea interesgarriagoa bihurtuz. Pagadiaren sarreran izugarrizko pago erraldoi batek ongietorria eman zigun bertako zaindari moduan: "hemen udan gozo ibilikoa" esan zidan anaiak pagadian sartu ginenean. "Dudaik ez, kriston itzala eongoa" erantzun nion.

Pagadira iristen.


Pagadiaren sarreran dagoen pago erraldoia.


Pagadian sartu, berehala maldan behera hasi eta bidearen ezkerrean harrizko hormaz babestutako sima batera iritsi ginen. Haur ginela, Andimendira egun pasa etortzen ginenean, aitak frankistek atxilotutako asko simetatik behera botatzen zituztela kontatzen zigun, honegatik, Andimendiko simak ikusten ditudan bakoitzean, eztarrian korapiloa sortu eta ezinbestean Gerra Zibila burura etortzen zait, zulo hauen iluntasunera botatakoen arimak oraindik bertan izango balira bezala.

Maldan beheraren amaieran.


Harrizko hormaz babestutako sima.


Sima atzean utzi eta metro gutxietara zegoen bidegurutzean eskuinera zihoan mendi-ibilbidea hartu genuen.

Bidegurutzean.


Ibilbidea orain arte oso ondo zihoan, zailtasunik ez eta parajeaz gozatuz: "Bardeak baño polittago iruitzen zait" esan zidan Ikerrek. "Bakoitzak bere xarma dauke, gu berde zalegok gea" erantzun nion. Pagadia atzean utzi eta, eguzkiaz segundu batzuetan gozatzeko aukera eman zigun zelaigune bat zeharkatu ondoren, berriro ere pagadiaren itzalera sartu ginen.

Zelaigunean.


"Fijau zea denbora oson arrasto gorrik jarraitzen ai geala?" Galdetu nion anaiari, pago baten enbor batean denborak erdi-ezabatutako puntu gorria seinalatuz. "Susmoa neuken" erantzun zidan, "noizik eta behin azaltzeielako".

Bidean topatutako puntu gorrietako bat.


Ibilbideaz gozatuz.


Pagadia bigarrenez utzi genuenean pista eroso batekin topo egin eta denbora gutxian Mendarteko bidegurutzera iritsi ginen.

Pista erosoan.


11:34, Mendarteko bidegurutzea, 915 metro, 10 km. "Zortziko goiko borobile hemen ixtea" esan zidan anaiak ibilbidearen itsura gogoratuz. "Ta oain noaka goatz?" Galdetu nion. GPS-ari begiradatxoa bota eta "ezkerrea, Otsaportilloko basabidea jartzen dun lekura" erantzun zidan "gero honea bueltau ta eskubiko bidea jarraituko deu". Argazki pare bat azkar-azkar egin eta bidearekin jarraitu genuen.

Mendarteko bidegurutzean.


Bidegurutzean dagoen indikazio panela eta atzean jarraitu genuen norabidea.


Ibilbide osoko errepiderik erosoena Otsaportilloko basobidean topatu genuen eta gozo-gozo hego-ekialdeko norabidean joan ginen atzekaldeei atseden emanez. Nahiz eta bidea asfaltatua izan noizik eta behin zuloak batzuk azaltzen ziren, eguraldi bortitz edo eta mantenimendu eskasaren ondorioz. Dena den, bizikletan martxan eraginik ez dute.

Otsaportilloko basobidean.


Ibilbideak tarte honetan galtzeko arriskurik ez dauka eta topatu genuen bidegurutze nabari bakarrean zuzen jarraitu genuen. Asfaltoak pixkanaka lurrari paso eman eta errepidea pista bihurtu zen porlanezko atearen antzeko eraikin baten ondora iritsi ginen arte.

Bidegurutze bakarra.


Ate itsurako eraikinaren parean.


Pista nagusia jarraitu eta, ate itsurako eraikina atzean utzi eta zenbait metroetara, gure aurrean teilatu gorridun txabola batzuk azaldu zirenean, eskuinera (hego-mendebaldera) doan mendi-bidea hartu genuen.

Mendi-bidea hartutako lekuan, aurrean teilatu gorridun eraikina ikusi daiteke.


Lehen metroetan oso nabaria ez bazen ere, zelaigunean behera metroak irabazi ahala bidea nabaritzen joan zen pagadi batean sartuz.

Pagadian sartzear.


Pista harri askez estalia zegoen eta  jaitsiera nolabait konplikatu eta gurpilekin harriak eta pagoetatik eroritako adarrak batera eta bestera botaz jaitsi ginen. Oso abiadura zaleak ez gareneaz, jaitsiera osoa frenoen oihuen artean egin genuen: "honelako bost jatxiera gehio ta frenoik gabe geldittuko gea" esan zidan anaiak irrifartsu. "Ya te digo" erantzun nion "frenoei eragittegatio behatzak minberautaittut".

Jaitsiera "tekniko" honen ondoren bidea berriro ere lasaitu eta larrak zeharkatzen dituen leku zabal batera iritsi ginen eguzkiaz gozatuz. Larrak alfonbra moduan estaltzen zuen belar motza ikusita, ibilbidea gozogoa egiteko bertatik joatea pentsatu genuen, baina ez genituen metro asko egin: "joer belarrak zenbat eusteun" esan zidan Ikerrek. Azkenean, ipurdietan baino hanketan pentsatzen, pistatik jarraitzea erabaki genuen.

Larrak zeharkatu ondoren berriro ere pagadi batera sartu eta honen amaieran topatutako pasabidea zeharkatu ondoren pista "nagusi" batera iritsi ginen, bertan eskuineko bidea hartuz. Azkeneko kilometroetako hego-mendebaldeko norabidea utzi eta ipar-mendebaldekoa hartu genuen, "zortziaren" azpiko borobila borobiltzen hasita geundenaren seinale.

Pasabidean.


Pista nagusian eta jarraitu genuen bidea.


Pista "nagusi" honetan mendizale, txirrindulari eta turisten kopurua handituz joan zen, Pilatos Balkoira iristen ari ginenaren seinale. Bat-batean, pago batzuen itzalaren babesetik atera ginenean, ezerezetik irtenda bezala, Pilatos Balkoia gure parean azaldu zen.

12:30, Pilatos Balkoia, 925 metro, 22 km. Pilatos Balkoia geologikoki leku ikusgarria da eta Urederra ibaiaren iturburura arteko 300 metro bertikalek mendia erabat mozten dute, bakarren batek aizkorakada bat eman balu bezala.

Pilatos Balkoia eta inguratzen duen pista.


Baina aparteko edertasuna duen amildegi honek ere, bere iluntasunean, zorigaitzeko historia gordina gordetzen du. Gerra Zibileko krimenen lekuko, hainbat errepublikar izan ziren amildu eta erahilak. Kamioietan eraman eta amildu egiten zituzten. Hau gutxi ez balitz, amildegiaren oinean, gorputz odoleztatu eta txikituen artean bizirik jarraitzen zutenak buruan tiro batez errematatuak izaten zirela esaten da, erahilketa makabroari amaiera emanez. Leku ederra izan arren, begiak itxi eta adi izanez gero, erahildako errepublikarren oihuak erraietatik errekaren zurrumurru moduan entzun daitezke. Beraien arimak ere, putre bihurtuta, lekuaren zaindari dira, hemen gertatutako krimenen oihartzun.

Iker Pilatos Balkoia atzean duela. Leku hunkigarria benetan.


Amildegitik irtendako haize fin edo momentu hunkigarriagatik, gorputzean hotzikara bat genuela martxan jarri ginen Balkoia inguratzen duen pista jarraituz. Balkoiaren erdia inguratuta genuela, denborak okertutako pago batzuen ondoko bidegurutze nabarian ezkuinera (ipar-ekialdera) hartu genuen, Balkoia pixkanaka atzean utziz. Bidegurutzean indikazio poste bat dago, "Urbasa, 16,8 km" eta GR-282 "artzaintzaren bidea" seinalatuz.

Bidegurutzera iristen.


Bidegurutzean..


Pista honetan betetako hiru kilometroak motzak iruditu zitzaizkigun, ia zulorik gabe eta maldan behera azkar bete genituen eta. Pistaren amaieran txabola batzuetara iritsi ginen hauen aurreko bidegurutzean ezkerreko aukera hartuz.

Pistan.


Txabolen aurreko bidegurutzean.


Txabolen bereizgarririk handiena ondoan duten pago erraldoia da. Txaboletaraino iritsi baina, pista bertan amaitzen zela ikusi genuenean, kezkatzen hasi ginen: "ez genun ba bidea gaizki hartuko?". Ikerrek GPS-a atera eta bideak pago erraldoiaren ezkerretik basoan sartzen zela esan zidan. "Baña, hortio bideik eztau ta" esan nion. "Ba hemendio dijola esateo" erantzun zidan. Pistan metro batzuk atzera egin eta, pagoa gure eskuinean utzita, basora sartu ginen.

Pago erraldoia, txabolak eta jarraitutako bidea.


Hemendik Otsaportilloko basobidearekin berriro topo egin arte izan zen jarraitu genuen biderik "teknikoena". Pisten goxotasun eta erosotasunetik urrun, bidea tarteka nabaria izan arren, tarte askotan oso nabaria ez zen bidexka bihurtzen zen, galtzeko arriskua handituz. Begi bat GPSan begi bat bidean basoari metroak pixkanaka irabaziz joan ginen harri eta eroritako enbor eta adarrak ahal izan genuen moduan saihesten.

Zeharkatuko lokazti batean.


Metroak irabazi ahala bidexka nabariago egiten joan zen mendi-bide batera iritsi ginen arte: "bueno hemendio behintzat norbait pasa da" esan nion irrifartsu anaiari 4X4 baten gurpilen arrastoak ikusi nituenean.

Mendi-bidean.


Ipar, ipar-ekialde norabidea jarraituz basoa zeharkatu eta, aldapa bat jaitsi ondoren, berriro ere Otsapotilloko basobidearekin topo egin genuen "zortziaren" beheko borobila itxiz.

Otsaportilloko basobidera iristen.


Behin errepidean, oraingoan mendebaldeko norabidea hartu eta Mendarteko bidegurutzera iritsi ginen.

13:10, Mendarteko bidegurutzea, 915 metro, 29 km. Oraingoan, goian azaldu bezala zuzen jarraitu genuen "zortziaren" goiko borobila isteko asmoarekin.

Mendarteko bidegurutzean. Gorriz jarraitutako bidea eta urdinez goizean jarraitutakoa.


Bidegurutzea atzean utzi eta errepidean metroak irabazten genituela, bidearen ertzeko zelaigune batean kanpin-mahai baten inguruan bazkaltzen ari zen familia ikusi genuen: "Gogoratze zea atte-amakin honea etortzen giñenen?" Esan nion Ikerri. "Joe baietz" erantzun zidan. "A ze nolako tenis partiduk jokatzen genituen, jejeje".

Mendarteko bidegurutzetik kilometro eta erdi ingurura enborrak pilatuta zeuden bidegurutze nagusi batera iritsi ginen bertan eskuineko aukera hartuz. Bidegurutze honetan "Tximista" aparkalekua kokatzen da.

Enborrak zeuden bidegurutzean, edo "Tximista" aparkalekuan.


Tximista aparkalekuttik aurrera, pagadiaren erditik doan pista nagusia jarraitzea besterik ez genuen egin, tartean Otsaportilloko haginaren ondotik pasatuz. Ikusi genuen bidegurutze bakarrean eskuineko aukera hartu genuen pista nagusia jarraituz. Ordurako hanketako indarra jaisten eta ipurdiko mina handitzen zihoan, bizikleta aspaldi hartu gabeko seinale: "zenbat kilometroittu bueltak?" Galdetu nion Ikerri. "Ba ez nau ziur, 40 inguru". "Ya, baña zenbat? 41 edo 49?"Galdetu nion. "Ustet 44tio behera ziela". 30garren kilometrotik aurrera, betetzen genuen kilometro bakoitzero "bueno, 10 gelditzeie" barre artean esaten hasi ginen.

Goian azaldutako bidegurutze bakarrean.


35garren kilometrotik gora, pagadiaren amaierarekin batera, haize goxo batek aurpegiak freskatu eta gure aurrean Beriain azaldu zen: "buenooo, Beriain ikustebada gertu gaudenen señale" esan nion Ikerri. Ordurako edozein malda igotzerakoan, nahiz eta itsuraz txikia izan, iztarren kexak ziztada txikien moduan jasaten genituen, gaurkoz esfortzu nahikoa egina zutenaren seinale. Maldaren bat ere bizikletak duen garapen txikienarekin igo behar izan genuen, Tourmalet mendatea igotzen arituko bagina bezala.

Beriain bistan.


Beriain ondoan, aurretik genuen malda ikusi nuenean marmar bat bota nuen: "benga Mitz, 50 metro desnibel bakarrik falta dieta" animatu zidan anaiak GPS-ko datuak begiratuz. Nekatuta nindoan, ipurdia erre, gorritu eta minberatua, eta bizkiletaren gainean ez nuen posturarik topatzen: "azkeneko hamar kilometrok sobran izan dittut" bota nion "ipurdie txikituta dauket".

Azkeneko malda luzea parean.


Malda hau igo eta, hainbat maldizio bota ondoren, maldan behera hasi ginen, goizean hartutako lehen bidegurutzera iritsi eta "zortzia" itxiz: "hiru kilometro ta kotxea" pentsatu nuen bizikletan zutik jartzearekin batera.

Lizarragara iristen.


Eskerrak azken hiru kilometroetan maldan gora baino maldan behera gehiago zeuden, bestela ez dakit kotxera iritsiko nintzen ere, jejeje. Hiru ordu eta hogei minuturen ondoren kotxera itzuli ginen.

14:00, Lizarragako mendatea, 1.031 metro. "Buelta politte, eh?" esan zidan anaiak. "Bai baña oain behintzat 30 kilometrotio gorako bueltak itteko ez nau". "Fisikoki?" Galdetu zidan. "Ez, fisikoki baño gehio ipurdigatio" erantzun nion mailota kentzen nuen bitartean.

Kotxean berriro ere.


Arropa lehorra jantzi, bizikletak parrilara lotu eta soberan genuen likidoa edan ondoren etxeko bidea hartu genuen. Asko gustatu zitzaigun Andiako ibilbide mota hau, pista eta, noizik eta behin, mendia tartekatuz, ziur inguruan ibilbide gehiago egingo ditugula.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina