AZKEN 10 SARRERAK

2017/04/10

BARDEAK: TIRAKETA-EREMUARI ITZULIA 2017/02/19

Urteak ziren Bardeak bisitatu nahi genituela. Telebista, liburu, egutegi, aldizkari nahiz egunkarietan mila argazki eta mila dokumental irakurri eta ikusiak nituen arren, sekula ez genuen denborarik hartzen kotxea hartu eta bisitatxoa egiteko. Mendi-bizikleta erosi genuenetik, mendi bizikletaren amorratuak diren lagunek behin eta berriz esaten ziguten Bardeetara joatea merezi zuela, ibilbide errazetatik aparte izugarrizko paisaiaz gozatzeko aukera izango genuelako. Denek aholku bakarra eman ziguten: aurreko egunetan euririk bota badu ez joan, bertako lokatz itsaskorra leku guztietatik sartu eta azkenean gurpilak itsatsita ere uzten ditu eta.

Castildetierra muinoa, beharbada Bardeetako muinorik ezagun eta bisitatuena.


Etxe inguruan euria eta Nafarroaren hegoaldean eguraldi eguzkitsua iragarrita zegoela ikusita, Bardeetara bisita egiteko aukera ona izan zitekeela pentsatu genuen. Hainbat telefono dei eta mezuen ondoren, Asier, Iker eta hiruok azkenean Bardeak bisitatzeko ametsa beteko genuen.


IBILBIDEA

Ibilbidea Castildetierra muinoaren ondoko aparkalekuan (Bardeetako interpretazio eta turismo gunetik gora joanda) hasi eta bukatu genuen, Bardeetako tiraketa-eremuari itzulia emanez.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 25 kilometro.
- Punturik baxuena: Militarren kuartela, 285 metro.
- Punturik altuena: 347 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 100 metro.
- Ura: Ibilbidean ez genuen iturririk topatu, beraz, hobe da ura eramaten bada.
- Zailtasuna: Tartean dagoen aldapatxo bakarren batetik aparte iblbideak ez dauka inongo zailtasunik eta pista zabal batetik doa denbora osoan. Komeni da ibilbidea lehorra egotea, euria botatzen duenean izugarrizko lokaztiak egiten dira eta.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Ordu eta erdi pasatxo lasai-lasai joanda, argazkiak eginez eta atseden hartuz.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue.

Powered by Wikiloc


APARKALEKURA IRISTEKO

Goierritarron kasuan, Altsasu arte A-1 errepidea hartu eta hemendik Irurtzun arte A-10 errepidea jarraitu genuen. Irurtzunen AP-15 errepidea hartu genuen 13garren irteeran ("Valtierra/Castejón eta Senda Viva" adierazten duena) uzteko. Errepidetik atera, ondorengo biribilgunean hirugarren irteera ("Valtierra N-113" eta "Senda Viva" karteltxoak dituena) hartu, AP-15 errepidearen gainetik pasatu eta, bigarren biribilgune batean zuzen hartu ondoren, 10 kilometro ingurura dagoen bidegurutzera iritsi ginen.

Bidegurutze honetan eskuinera hartu genuen, NA-134 errepidea eta "Parque natural Bardenas Reales" karteltxoa jarraituz. 8 kilometroen ondoren ezkerrera doan bidegurutzea hartu genuen, "Bardenas Reales" eta "NA-8712 Arguedas" karteltxoak dituena. 700 metro pasata eskuinera doan bidegurutzea hartu genuen, "Bardenas Reales" karteltxoarekin adierazita dagoena. Kontuz bidegurutze honekin, erdi-izkutua dago eta. Hemendik aurrera errepidea jarraitu genuen zezenak hazten diren hainbat lekuetatik (ez dakit zezen ganadutegiak izango diren) paaatu eta, ia bost kilometroen ondoren, Bardeetako interpretazio eta turismo gunera iritsi ginen arte.

Interpretazio eta turismo gunea ezkerren utziz errepidea jarraitu eta, eskuinera egindako bihurgune zabalaren ondoren, errepidearen eskuin ertzean dagoen informazio panel baten parean, ezkerrera zuzen doan lurrezko pista hartu genuen, 2-3 kilometroen ondoren Castildetierra muinoaren ondoko aparkalekura iritsiz.

DESKRIBAPENA

10:50, Castildetierra muinoko aparkalekua, 287 metro. Zeru oskarbia iragarrita bazegoen ere lanbro zuri batek zerua estali eta hotz egiten zuen. Eguzkiaren izpiek nekez zeharkatzen zuten lanbroa eta zeruan erdi-ezabatutako borobil hori bat besterik ez zen ikusten:"Joñooo, frexko itteula" esan nien Iker eta Asierri furgonetatik atera nintzenean. "Bai, furgonetak bost gradu markatzeittu" erantzun zidan Asierrek, "ta zu gañea galtza motxekin" esan zidan Ikerrek. "Euskalmetekon kulpea, eguzkie inbehar zula esan zuten eta" erantzun nien.

Ibilbidea hasteko prestatzen.


Bizikletak furgonetara itsasten zituzten metalezko parrilatik askatu eta, oinetakoak aldatu eta kaskoak jartzen genituen bitartean argazki batzuk egin nituen: "kuriosoa formazio hauek, eh?" Galdetu nien Castildetierra muino ezagun eta famatua seinalatuz. "Ya te digo" erantzun zidan anaiak, "kolore berdera ohituta gaurko bidea arraroa ingo zaigu". Mendeetan zehar ur eta haizearen higadurak zintzelatutako muinoari denbora batean begiratzen aritu ginen. Ama Birjin baten irudia gogora ekarri zidan, burua, koroa eta soineko zabala eta guzti, mendeetan Bardeetako zaindari izan balitz bezala. Gogoeta hauetan nenbilela, hoztu baino lehen martxan jarri ginen ipar-ekialdera doan pista zabala jarraituz.

Castildetierra muinoa.


Ateratzeko prest.


"BTT 3 zenbakie duten markak segitu beharren gare" esan zuen Ikerrek pista ertzean jarritako mugarri itsurako arrastoa seinalatuz. Aurretik 40 kilometroetatik gorako ibilbidea genuen. Ibilbidea ongi adierazita eta, batez ere, eskuinean genuen militar eremura ez pasatzeko ohartzen zuten kartelak maiz zeudela ikusita, Ikerrek GPS-a motxilan gorde zuen: "eztet uste hemen galduko geanik".

Buztin, igeltsu, harearri, kararri eta konglomeratuez osatutako paisai lehorra orbain moduan zeharkatzen duen pista jarraituz, Bardeetako berezitasunarekin liluratuta nindoan: "Ibanek atzo kriston koneju pila daula esan ziten" esan zigun Ikerrek hiruon laguna den ehiztari amorratuaren hitzak ekarriz. "Honek ere eztu burun besteik izaten" erantzun zion Asierrek irrifarrez.

Noizik eta behin argazkiren bat egiteko gelditu arren, ibilbidearen erraztasunagatik kilometroak azkar pasatuz joan ziren eta, konturatzerako, hego-ekialdeko norabidea hartu genuen. Tartean, txirrindulari eta turismoan ari ziren zenbait kotxeekin gurutzatu ginen, baita "boogie" kotxe eta "segway" ibilgailuetan zihoan talde bat ere: "Fijau altzeate jende guztie kontran datorrela?" Galdetu zigun Asierrek "ez al gea ba kontrako direkzion jungo ezta?". "No jodas" erantzun nion. "Lasai" lasaitu zigun Ikerrek "bi aldeta berdin jun leike".

Egindako geldiune batean.


Hizketan ari ginela bideak ustekabean hego-mendebaldeko norabidea hartu eta itzulia azkarregi egiten ez ote ginen susmatzen hasi ginen: "bakarrik hamabi kilometro t'erdi pasatxo goaz, oaindio asko falta da" esan zigun Ikerrek, gure susmoa zein zen somatu balu bezala.

Denbora osoan pistan doan ibilbidea da.


Bidea oso erosoa zen, "erosoegia" beharbada, eta noizik eta behin igo eta jaitsitako maldatxoetik aparte ez genuen beste zailtasunik topatu. Ipar-mendebaldeko norabidea hartu arazi gintuen bihurgunera iritsi ginenean zerbait ongi ez zihoala argi genuen: tiraketa eremuaren itzulia egiten ari ginela argi zegoen, orain arte ibilbidearen arrastoak zintzo eta formal jarraitzen ari ginelako, baina itzulia 40 kilometroetara nekez iritsiko zen.

Argazkia egiteko geldiunea.


Muino berezietako bat.


Bardeetan barrena cowboy filma bateko protagonisten antza genuen: hiru cowboy zaldietan Coloradoko basamortu eta sakanak zeharkatzen. Ikusgarria da haize eta euriak paisaian zein formazio eta irudi berezi sortu ditzaken. Zerura zuzendutako muinoak zuhaitzen enborrak ziruditen eta goitik behera urak eginiko kanaltxoek, nolabaiteko itsura zimurra ematen zieten gaztainondo edo haritzen antzera. Baziren baita ere kubo itsurako zerutik zintzilikatutako lautadak, erpin zorrotzekoak, igoezin itsura zutenak. Formazio eta irudiak lurrean sendo errotuta izan arren oinarrian eroritako harkaitz eta harriek itsura hauskorra ematen zieten. Denak urre eta gorri koloretako zain edo estratu horizontalez apainduak zeuden, nolabaiteko edertasun berezi bat emanez. Pena zerua lanbro zuriaz estalia egotea, honelako egunetan nekez egiten baita argazki ederrak.

Momentu askotan bakardade sentsazioa handia da.


Militarren kuartela atzean utzi genuenean, bidearen ezker ertzean topatutako egur panel bat aprobetsatuz, geldiune motza egin genuen. Panela Bardeetan filmatu diren pelikulei buruzkoa zen, besteak beste, “Airbag”, “Acción Mutante”, “Orgullo y Pasión”, “El mundo nunca es suficiente” edo “Anacleto Agente Secreto” filmak. Argazki batzuk egin eta aurrera jarraitu genuen.

Bardeetan filmatutako pelikulen egurrezko kartela zegoen zabalunean.


Zabalune berean dagoen muino berezia. Badirudi goiti behera eroriko dela.


"Hara han aurren, hasierako muñon antzekoa dau" bota nien. "Que va, hoi goizekoa da" esan zidan Asierrek. "No, jodas", nik. "Ba bai, gañea furgonetare hemendio ikustea" bota zuen. GPS-dun erlojuari begiratu eta 23 kilometro inguru eginak genituela ikusita besteei begiratu eta "joer, gaur denbora gehio kotxen pasa behar deu bizikletan baño" esan nien.

Aurrerago, pistaren amaieran Castildetierra muinoaren punta ikusi daiteke.


Gertuago, punta garbiago ikusten da.


Paraje berde, hori eta gorria.


Aparkalekura iritsi aurretik artzainei eskeinitako estatuari bisita egin eta ondoko eraikinetako baten babesean Ikerrek erositako barratxo berri eta ezberdinen dastaketa egin genuen.

Artzainai eskeinitako estatua.


Hamaiketakoa egiten ari ginen bitartean guretzat arrotza zen paraje honetaz gozatzeko aukera izan nuen. Kuriosoa iruditu zitzaidan formazio guztien estratoen kolore ezberdinak altuera berean daudela, bakarren batek denak simetrikoak izateko erregela batekin margotu balitu bezala, denak geruza beretik sortuak izan direla baieztatuz. Eta tristura ere sentititu nuen. Tristura XXIgarren mendean honelako leku berezi eta ederra militarrek mundua suntsitu eta pertsonak hiltzeko armamentuaz kupidarik gabe erasotzeagatik. Sobra ere artzaintzak baino diru gehiago uzten du bertako herrietan eta gainera, armamentuarekin egindako froga hauek guztiak gure babeserako direla argi dago, erasotzaileetatik babestuak egoteko. Zein erasotzaile? Kapitalismoa? Sozialismoa? Osasun eta gizarte arazoak? Giza baloreen krisia? Pobrezia? Bonba eta armamentuak sortutako gerretako errefuxiatuak? Argi dago erasotzaile hauen guztien aurrean bonba eta armamentuan aurreratuak izatea dela zentzuzkoena, bestela zeinek daki, ea jendea bere kabuz pentsatzen hasi behar den.

Iker eta Asier Castildetierra atzean dutela.


Ni ere bertan izan nintzen, jejeje.


Castildetierra muinoak maitemindu ninduen.


Hamaiketakoaren ondoren bizikletak hartu eta aparkalekura iritsi ginen. Trasteak jasotzen ari ginela Casteldetierra muinoari argazkiak egiteko aprobetsatu nuen. Furgonetan sartu aurretik, kurrilo bandada bat ezerezetik atera eta hauen karrankek muinoaren inguruan geunden ikusle eta turisten zurrumurruaren gainetik nabarmendu ziren. "Mira hijo mío, patos" batek, "que va, eso son gansos" beste batek. "Son grullas" esan nien ehiza garaiak gogoratuz "si fuesen patos o gansos no se les verían las patas". Kurriloek zerua zeharkatu eta iparrean galtzen ziren bitartean furgonetan sartu eta Bardeak atzean utzi genituen.

Castildetierrari beste argazki bat.


Azkeneko argazkia.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina