AZKEN 10 SARRERAK
haitz etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
haitz etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020/02/25

HIRU HAITZAK EDO HIRUAITZ (1.130 m), BAKAIKUTIK, 2020/02/22

Bi une ezberdin argazki berean... Mendebaldeko Haitzaren zuloetako magia ote?.


Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

 - Eunen baten horrea igo beharren gare…
- Seguro jentil-begi, sorgin-zulo edo holako izen mitologikon bat izangoula – esaten nion beti Asierri.
- Bai, hain karakteristikoa izanda seguro holako izenen bat izangoula.

Zenbat aldiz errepikatu izan da hizketa hau Iruñeatik A-10 errepidean etorri eta, Bakaiku parean, hegoaldera begiratuz bi zulo nabarmen dituen haitz erraldoi bat ikusten genuen bakoitzean. Eta ez da gutxiagorako.

Askotan hitz eginda genuen hara nola iritsiko ginen eta plan bat ere egina genuen. Egia esan, plana ez zen oso konplikatua, ezta sofistikatua ere, eta Bakaikutik basoan zehar harkaitzetara ahalik eta zuzenen igotzean zetzan. Baina orduan ez genekien ezer monolito misteriotsu horiei buruz …

Bakaikuren hegoaldean, Andia-Urbasa Parke Naturalean kokatuta, Sakana zaintzen duten hiru monolito berezi daude, Hiru Haitz edo Hiruaitz izena jasotzen dutenak. Gasteizko noranzkoan, A-10 errepidetik nabarmen ikusten dira, batez ere Mendebaldeko Haitza. Monolito honek, bi begi erraldoien moduan, bi zulo ditu eta hauetatik zerua eta sakana zaintzen ditu, haitzari nolabaiteko kutsu magiko edo mitologikoa emanez.

Otsailaren 22ko goiza oso hotz esnatu zen, “hotzegi” esango nuke. Peñartea eskalada eskolako aparkalekuan gelditu eta kotxetik atera ginenean, tenperatura jaistearekin batera eskalatzeko gogoa ere hoztu egin zitzaigun. Kotxeak gradu bakarra adierazten bazuen ere, eskalada eskola honetan etengabe jotzen duen haizeak sentsazio termikoa jaisten zuen. Ez genekien zer egin: zain egon harkaitza epeltzen hasi arte edo beste leku batera eskalatzera joan?

- Ta Bakaikuko harkaitz hoita juten batea? – Proposatu nion Asierri.
- Eztiazu siñistuko baña hoixe bea pentsatzen ai nintzen – erantzun zidan – bazkaldu aurreko plan ona izan leike.

Ez genuen bitan pentsatu. Kotxea martxan jarri eta, Peñarteako hormak atzean utzita Bakaikuko noranzkoa hartu genuen.

Errepidetik behin eta berriz begiratzen genien haitz horien misterioa argitzear zegoen …

IBILBIDEA

Ibilbidea Bakaikun hasi eta amaitu genuen. Herrian, NA-2410 errepidearen 25garren kilometroaren ondoko bidegurutzean hegoaldera zuzentzen den Portuko kalean gora hasi ginen SL marka zuri eta orlegiak jarraituz.

2 kilometro eskaseko igoera etengabearen ondoren, haitzetatik gertu ginenean, SL bidea utzi eta, zapaldutako bidexka bat jarraituz, Hiru Haitzetara iritsi ginen.

Jaitsiera igoeran jarraitutako bide beretik egin genuen. Dena den, ibilbide zirkular bat egin nahi bada, SL bidea jarraitu daiteke, Santa Marina baselizatik pasatuz Bakaikura itzultzeko.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbide osoaren luzera: 4,5 kilometro inguru.
- Punturik baxuena: Bakaiku, 510 metro.
- Punturik altuena: Hiru Haitzak, 1.130 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 630 metro inguru.
- Zailtasuna: Ibilbideak zailtasun teknikorik ez badu ere, haitzen arteko bidexka estuetan kontu handiz ibili beharko dugu. Haitz edo zuloetara igo nahi badugu ere kontuz ibili, batez ere bustiak badaude, denetan II inguruko eskaladatxo bat egin beharko dugulako. Mendebaldeko haitzaren ipar-puntara igotzeko, zuloen gainetik zeharkaldi delikatu bat egin behar denez, soka bat eta eskaladarako materiala eramatea gomendagarria izan daiteke.
- Orientazioa: Iparra.
- Ura: Bakaikun hartu daiteke, baita bidean topatuko dugu Urdinbideko iturrian ere.
- Eramandako materiala: Ez da material berezirik behar, Mendebaldeko ipar-puntara igo nahi ez bada behintzat.
- Ibilbide osoa egiteko pasatako denbora: bi ordu eta erdi inguru, goien pasatako denbora luzea barne.

DESKRIBAPENA

Bakaikura goizeko hamarrak aldera iritsi ginen. “Google maps” aplikazioa martxan jarri eta herritik hegoaldera pista nabarmen bat zihoala ikusi genuen, haitzen ingurura zuzentzen zena.

- Igual pista hontan nunbaitten aparkau ta inbestigatzen hasiko gea.

Pistan gora hasi eta malda gogor baten ondoren panel-adierazle batekin topo egin genuen.

- Hemen harkaitzen informazioa dau – esan zidan Asierrek leihotik begiratuz.
- Harritzekoa zen ezer ez eotea, deskuidauezkeo goraño bide ta guzti eongoa.

Panel-adierazletik gorako pistaren ertzean kotxea uztea zaila izango zela izango ikusita, maldan behera hasi eta herrian bertan aparkatzea erabaki genuen: “Oain gutxiñez nundio igo behar den bakigu…”.

Kotxetik argazki kamerak bakarrik hartu genituen. NA-2410 errepidearen bazterretik 25garren km arte jarraitu eta, oraingoan oinez, minutu batzuk lehenago kotxearekin igotako Portuko kale maldatsua igotzen hasi ginen.

NA-2410 errepidea uzten den bidegurutzean.


Portuko kalea, ezetz asmatu izena nondik datorkion... jejeje.


Hasierako metro hauek malda handikoak dira. Egoera normal batean sen onak igoera hau lasai hartzea gomendatuko balu ere, arin hasi ginen, tenperatura baxuaren eraginez gorputzak hoztuta genituenez, nolabait berotzen hasteko.

Portuko kalearen maldaren erdian, eskuinean Hiru Haitzak.


Zazpi minutu eskasean panel-adierazlera bigarrenez iritsi ginen.

- Hiru Haitzak daukea izena – esan zidan Asierrek – ta bertaño bide bat dijo.
- Bueno oain gutxiñez bakigu bidea markauta eongoela – erantzun nion panelari argazki bat eginez.

Panel-adierazlea. Guk igo eta jaisteko jarraitutako bidea ezkerrekoak da, ez genuen ibilbide zirkular osoa egin.


Paneletik gora pistak maldatsu jarraitzen du, atsedenik eman gabe, lagun gutxiko aurpegia duten katez lotutako lau zakurrez babestutako eraikin batera arte.

Paneletik gora ere maldak ez du atsedenik ematen.


Eraikin hau atzean utzi eta, noizik eta behin dauden SL marka zuri eta orlegien atzetik, ezkerrera doan pista hartu genuen, metro gutxietara dagoen bidegurutzean eskuinera hartzeko.

"... metro gutxietara dagoen bidegurutzean eskuinera hartzeko".


Pagadiaren gainetik, Hiru Haitzak zerura zuzendutako hortzen moduan nabarmentzen ziren.

- Tri cime di Bakaikua, jejeje – bota nion Asierri txantxetan.

"Tri cime di Bakaikua".


Zelai bat zeharkatu ondoren pagadian sartu eta orain arte jarraitutako pista zabal eta garbia mendi-pista bihurtu zen.

"... orain arte jarraitutako pista zabal eta garbia mendi-pista bihurtu zen".


Aspaldi itxi gabeko langa zahar eta herdoildu bat zeharkatu ondoren, Bakaikutik atera eta hogei minutu pasatxora, pagadiaren erdian dagoen iturri batera iritsi ginen.

Irekitako langa zaharraren parean.


- Urdinbide – esan zidan Asierrek iturriaren ondoko pagoaren oinean zegoen karteltxo bar irakurriz
- Urdinbideko Exelar eo holako zeoze - erantzun nion ondoan zegoen bigarren karteltxo batean idatzita zegoena irakurri nahian.


Mendiaren erraietatik isuritako ur freskoa edan ondoren gorako bidearekin jarraitu genuen.

Urdinbideko iturriaren parean.


Iturriaren ondoko pagoaren oinean eroritako karteltxoak.


Iturria atzean utzi ondoren, badirudi bideak haitzetatik urrun desbideratu nahi gintuela, kontrako noranzkoa hartzen baitu. Dena den, metro batzuen ondoren, eskuinera hartzen den bidegurutze batean berriro ere noranzko zuzena hartu zuen.

"...eskuinera hartzen den bidegurutze batean berriro ere noranzko zuzena hartu zuen".


"... baita haitzetara zuzendu ere!!!".


Eguzkia pixkanaka indarra hartuz zihoan, neguak biluztutako pagoen adarren artetik gu arte iristen ziren izpien berotasuna senti araziz. Sentsazio atsegina izaten da neguko goiz hotzetan eguzkiaren berotasunaren eraginez gorputza nola berotzen hasten den sentitzea. Berotasun sentsazio hau handitzen hasi zenean, izerditzen hasi aurretik, abiadura zertxobait jaitsi genuen.

Pixkanaka gerturatzen... Mendebaldeko Haitzaren bi zuloak ikusi daitezke.


Lokaztutako bihurgune batean Etxarri Aranatzera doan bide bat hasten den bidegurutzea dago (egurrezko kartel txiki bat dago bertan). Zapatilak ez zikintzeko kontu handiz ibiliz, bidearen bazterretik jarraitu genuen hemendik gorako aldapa lasaitasunez hartuz. Maldaren amaieran, gurutze bat ondoan duen langa batekin topo egin genuen.

Etxarrira doan bidea hasten bidegurutzetik gorako aldapa.


"Maldaren amaieran gurutze bat ondoan duen langa batekin topo egin genuen".


- Fantxiko gurutza, Bakaiku – esan zidan Asierrek gurutzera arrimatuz.

Fantxiko gurutza.


Argazki batzuk egin ondoren gorako bidearekin jarraitu genuen. Bat batean pagoen artean irekitako argiune txiki batean, behe-behean Bakaiku ikusteko aukera izan genuen.

- Joer, metro gutxitan altura haundie irabazteala – bota nion Asierri.
- Hasi geanetio denbora guztin goraka ai gea - gogorazi zidan.

"Bat batean, pagoen artean irekitako argiune txiki batean, behe-behean Bakaiku ikusteko aukera izan genuen".


Konturatzerako, pagoen artean Hiru Haitzak oso gertu ikusi genituen. Bidea utzi eta zuzen igotzen hastea pentsatzen hasita geundenean bidegurutze bat azaldu zen.

"... pagoen artean Hiru Haitzak oso gertu ikusi genituen".


Bitan pentsatu gabe orain arte jarraitutako SL bidea utzi eta bidegurutzetik gora hasi eta pagoen artean galtzen den bidexka estu eta zapaldua igotzen hasi ginen, Hiru Haitzetara zuzenduz.

SL markadun bidea utzitako lekua, gainean Mendebaldeko Haitza.


Bidexkak tarte motzean metroak lotsagabe irabazten baditu ere, eroso igotzen den horietakoa da.

Haitzetara zuzentzen, argazkian Mendebaldeko Haitza.


Azken pago ilarak osatzen duen mugara iristearekin batera lehenengo haitzak azaldu ziren.

Aratz eta Aizkorri lehenengo haitzen begiradapean. Aurtengo negua, elurraren aldetik, triste doa.


- Zulok ikusteie?
- Oaindio ez – erantzun zidan Asierrek.

Bidexkatik metro gutxi batzuk gorago igo eta, Erdiko Haitzaren oinera iritsi ginenean, ezerezetik Mendebaldeko Haitzak agerian dituen bi zulo erraldoiak azaldu ziren.

- Aurreatzen bazea hemendio argazkin bat ingoizut – esan zidan Asierrek.
- Bale – erantzun nion – hola nik gero jaixtekon zurire bakarren bat ingoizut.

Asierri kasu eginez, Erdiko eta Mendebaldeko Haitzen arteko belaztian gora hasi nintzen.

"... belaztian gora hasi nintzen".


Tarte honetan ibilbidea oso argia ez denez, iruditu zitzaidan bide erosotik igotzen jarraitu nuen: “hau bustita topau ezkeo kontuz ibili beharkoa” pentsatu nuen, belar luzea irristakor egongo dela pentsatuz.

... azken metroetan.


Goizeko hamaikak eta hamar ziren Mendaldeko Haitzaren azpiko zulora iritsi eta, bertan zutitu nintzenean, Asierrek argazkiak egiten hasi zenean. Bakaikutik hona ordu bete eskasean igo ginen.

Mendebaldeko Haitzaren azpiko zuloan.


Asier txiki gelditzen da Erdiko Haitz ikusgarriaren itzalpean.


Asierrek metroak irabazten zituen bitartean goiko zulora igo nintzen. Igoerak zailtasun handirik ez dauka eta metro pare bateko hormatxo bat igotzea besterik ez da (II zailtasuna).

Nor da nor?


Lekua magikoa iruditu zitzaidan, bertan eseri eta meditazioa egin daiteken horietakoa. Zulo txikian beste argazki batzuk egin ondoren, postuak aldatu genituen, Asier bi zuloetara igoz.

Goiko zulora igotzeko jarraitu beharreko bidea, atzetik (mendebaldetik) ere igotzeko aukera dago.


Mendebaldeko Haitzaren goiko zuloan.


Mendebaldeko Haitzaren goiko zulotik Erdiko Haitzera egindako argazkia. Ni ere, Asier bezala, txiki gelditzen naiz haitz hauen handitasunean.


- Misterio resuelto!! – Bota nion Asierri berriro ere elkartu ginenean.
- Bai – erantzun zidan – ez nun uste bide bat honaño iritsiko zenik.
- Ezta nik ere, bestela ziur leheno etorrita izango giñela.

Aizkorri, Mendebaldeko Haitzaren beheko zulotik ikusita.


Misterioa argituta, Hiru Haitzen ikusmira ikusgarriaz gozatzeko denbora hartu genuen, presarik gabe, leku honek eskatzen duen bezala. Mendebaldeko eta Erdiko Haitzen arteko belarrezko kanaletik igo ondoren, Mendebaldeko Haitzaren hego-puntara igo ginen.

Erdiko eta Ekialdeko Haitzen arteko belarrezko kanalean, azpian Bakaiku.


Mendebaldeko Haitzaren ipar-puntara iristeko zulo handiaren gaineko zubia pasatu behar da. Hasieran tentatua izan bagina ere, harkaitzaren kalitatea nolakoa den ez jakiteak atzera bota gintuen, leku honetan erortzea aukera bat ez delako: "beste egunen baten sokakin saiauko gea”.

Mendebaldeko Haitzaren hego-puntan.


Aratz, Aizkorri, Anboto, Udalatx... Haitzetatik dagoen ikusmira ederra da.


Eguzkiaren epeltasunaz blai, presarik gabe, Hiru Haitzen arteko zeharkaldia egin eta, Erdikoa ezik, beste biak igotzeko denbora hartu genuen. Erdiko eta Ekialdeko Haitzen arteko bidea ez zitzaigun erosoa iruditu. Belar eta harri askez estalitako inbutu itsurako kanal zabal bat zeharkatzea besterik ez bada ere, oso maldatsua denez, bertan irrist edo eroriz gero mina hartu daitekela iruditu zitzaigun.

Erdiko Haitzaren punta eta Bakaiku.


Beriain Ekialdeko Haitzaren hego-puntatik ikusita.


Ekialdeko Haitzak ere, Mendebaldekoak bezala, bi punta ditu, hegokoa eta iparrekoa. Iparreko puntara igotzeko eskuak erabiliz 3-4 metroetako hormatxo tente bat jaitsi behar da (II), zailtasunik ez duena baina kontu handiz ibili beharrekoa, bertatik erortzerik ez dagoelako.

Ekialdeko Haitzaren ipar-puntatik Mendebaldeko Haitzari egindako argazkia. Bi zuloak basoarekin kamuflatuak gelditzen dira.


Hiru Haitzen itzala Sakanan luzatzen.


Leku berezi honetan txundituta geunden, argazki kamerak eskuetan, batera eta bestera argazkiak eginez. Ekialdera begiratu eta Beriaingo hego-horma bere osotasunean ikusi genuen. Asierri kanal eta irteera ezberdinak non zeuden adierazten nion bitartean, Beriaingo Hamabietako bargako ohiko bidean tragedia bat gertatzen ari zen. 34 urteko gasteiztar batek istripua izan eta bertatik amilduta zendu zen. Igande beltz bat euskal mendizaletasunarentzat. Nire doluminik sentikorrenak Mikelen lagun, famili eta ezagunei. Urte hasieratik Beriainen izandako bigarren erreskatea izan da, lehenengoa Bazkalaitz arrakalan gertatu zen eta hainbat hezur apurtu zituen mendizale gasteiztar bat bertatik atera behar izan zuten. Istripu bat izatearen arriskua gutxitzea neurri handi batean norberaren esku dago, baina tamalez, segurtasun neurri asko hartu arren, mendian inor ez dago istripu bat izateaz salbu, mendian "0" arriskua ez baita izaten.

Bi putre haitz bakarti batean Beriaingo hego-hormaren handitasunaz gozatzen. Egun tristea izango zen.


Hiru Haitzen arteko zeharkaldia egin ondoren, hauen hegoaldean dagoen hormatxora oinez igo eta hegoaldean zabaltzen den lautadara iritsi ginen.

Beriain eta Iruaitzeta mendiak.


Haize leun eta goxo batek aurpegiak freskatzen zizkigun bitartean lautadari begira gelditu ginen, ezertan pentsatu gabe, pagoen artetik mirari baten zain izango bagina bezala. Kontenplazioari eskeinitako une honen ondoren, lautadak hormarekin osatzen duen ertzaren ondotik mantenduz mendebaldera jarraitu eta berriro ere Mendebaldeko Haitzera itzuli ginen, oraingoan argazkia mendebaldetik eginez.

Hiru Haitzak. Argazkiaren erdian Erdiko eta Ekialdeko Haitzen arteko kanal belartsua ikusi daiteke.


Erdiko Haitzaren puntako detailea.


Erdiko Haitzaren beste argazki bat. Puntaren forma ikusgarria da, atzera begiratzen ari den animali baten itsurakoa.


Mendebaldeko Haitzaren azpiko zuloa mendebaldetik ikusita.


Mendizale pare bat agurtu ondoren beherako bidea hartu genuen. Goien pasatako denbora kontutan izanda, bazkaltzera garaiz iritsi nahi genuenez, igotako bide beretik jaistea erabaki genuen, Bakaikura ziztu bizian itzultzeko.

Azken argazkia. Itzuliko gara!!!!!


Lekua itzela iruditu zitzaigun, ikusgarria inongo zalantzarik gabe. Bertara itzultzeko garai aproposa urria izan daitekeela pentsatu genuen, pagadia urre eta gorri kolore biziz jantzita dagoenean.

- Buahh, ta gañea eguzkie zulotio sartze bada argazkie izugarrie izan leike.
- Holako leku bat Dolomitetan eongo balitz jende pila jungo zen bisitan – esan zidan Asierrek kotxean.
- Esan dizut ba, Tri Cime di Bakaikua, jejejeje!!! – Erantzun nion irribarretsu.

Asierri arrazoi ez zaio falta. Etxe ondoan “ezkutuko” paradisu edo paradisu “ezezagun” asko ditugu, bertakoek ezik jende gutxik ezagutzen dituztenak. Turismoaren inguruan, Euskadiko hainbat hiri eta mendietan eztabaida handia dago eta ez dut eztabaida berririk piztu nahi baina batzuetan ditugun altxor geologiko batzuen nahiko “propagandarik” egiten ez dugula iruditzen zait, kanpoan ikusten dugunari balio handiagoa emanez. 0 km-ko produktuak modan dauden honetan, 0 km-ko turismo naturala ere sustatzea proposatu nahiko nuke. Modu honetan, masifikatuak ditugun dozena erdi mendi, iturburu eta leizeak beharbada arnas pixka bat hartuko lukete. Edo, beharbada masifikatu gabeko gune natural lasai eta basatiak masifikatzen hasten dira …

Nork daki…


2015/12/02

MADALEN HAITZ: OILAXKA ORRATZAK, 1GO ORRATZA, IV+ (2015/11/15)

OHARRA!!! Nafarroako Gobernuak 2018ko apirilaren 13an argitaratutako kirol jarduerak arautzen dituena Nafarroako Foru Komunitateko zenbait harkaiztitan” 80/2018 ebazpenaren arabera, orratz hauetan otsailak 1 eta irailak 15 artean eskalatzea debekatuta dago.

Madalenaitzaren inguruan eskalatzeko debekua adierazten duen karteletako bat (argazkia 2019koa da).


Madalen Haitza Aralarko San Miguel mendiaren hegoaldean dagoen mendi bakarti eta ikusgarria da. Hegoaldetik ez du aparteko den mendiaren itsurarik, baina ipar aurpegia horma bertikal batek zorrotz mozten dio. Duen itsurak Yosemiteko Half Dome mendia gogorazten dit. Uharte Arakiletik San Miguelera igotzen bagara ezinbestean begiak ipar aurpegi honetara joango zaizkigu.

Baina mendi honen hego aurpegiak ere, nahiz eta hain ikusgarria ez izan, ongi begiratzen badugu, badu altxor izkutu eta ikusgarria. Zerura begira dauden hiru behatzen modura, Oilaxka orratzek A-10 errepidetik atentzioa deitzen dute. Pizten duten erakargarritasuna behin baino gehiagotan hizpide izan da gure bidaietan: "Piriniotatik etortzen garen bakoitzen beti pentsatzet ea hortio igotzeik daun edo ez" esan izan du Asierrek behin baino gehiagotan.

Orratz hauek eskalatzeko aukera pentsatzen hasi ginenean, hauen inguruko informazio gutxi dagoela ikusi genuen, izan ere guk ez genuen ezer topatu, ez etxeko liburuetan ezta interneten ere.

Irteera hau egin aurreko egunetan Asierrek inguruak miatzen aritu zen eta lehen orratzaren igoera erraza zirudiela esan zidan. Gainera, eskaladaren hasieran iltze bat topatu zuen: "gutxiñez hemendio norbait igota dau". Hala ere, orratz hauek eskalatzeko etxetik irten ginenean, zalantza, kezka eta urduritasun puntu batekin joan ginen aurretik zer topatuko genuen ez genekien eta.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 80 metro.
Luzeak: 2.
Nork irekia: Ez dugu honen inguruko daturik topatu.
Zailtasuna: IV+. Luzez-luze: 1ºL: III (15 m), 2ºL: IV+ (65 m). Harkaitza ezegonkorra da zailtasun "mentala" (eta erortzeko arriskua, zergatik ez esan) handituz.
Orientazioa: Hegoaldea, udan beroa pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 40 minutu inguru.
Jaitsiera: 60 metroetako errapel zintzilikatu bat eginez.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 15 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako, Alien semaforoa (grisa baita ere), Camalot jokoa eta lincam gorri eta horia. Walkie-talkie parea ere eraman genuen bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Komenigarria da "shunt" motakoa eramatea, errapela metro batzuetan zintzilikatua da eta.
Bidea eskalatzen pasatako denbora: Ordu eta laurden orratza bakarrik (lehenengo luzea izan ezik).

BIDEAREN KROKISA

Krokisa orratza hegoaldetik ikusten badugu.


Krokisa orratza ekialdetik ikusten badugu.


Orratzaren luzearen nondik-norakoak.


KOTXEA UZTEN DEN LEKURA IRISTEKO

Etxegarateko mendatetik bagoaz, A-1 errepidea jarraitu eta Altsasun A-10 errepidea hartu beharko dugu Iruñako norabidean. A-10 errepidea 9garren irteeran ("Irañeta") utziko dugu (Irurtzundik etorrita ere, A-10 errepidea uzten den irteera 9garrena da). Irteeraren ondoren dagoen bidegurutzean ezkerrera hartu eta A-10 errepidearen gaineko zubia zeharkatu ondoren bigarren bidegurutze batera iritsiko gara. Hemen herrira doan aukera hartuko dugu.

A-10 errepidetik aparkalekura jarraitu beharreko bidea (gorriz). Urdinez Arakil ibaia.


Irañeta herria hego-ipar norabidean zeharkatu eta Arakil ibaiaren ondotik doan zementuzko pista batera iritsiko gara. Bertan Aralarko itzuliari buruzko informazio kartela topatuko dugu.

Herriaren irteeran dagoen Aralarko itzuliari buruzko informazio kartela.


Hemendik aurrera zementuzko pista jarraitzea besterik ez dugu: Erromatar itsurako zubi batetik ibaia zeharkatu eta ondoren dagoen bidegurutzean eskuinera hartuko dugu, beste bidegurutze batean dagoen San Miguel baselizara iritsiz.

Zementuzko pistan, parean Madalen haitza.


Madalen haitza San Miguel baseliza dagoen bidegurutzetik, eskuinean Oiaxka orratzak. Argazkia etxerako bidean egin genuen.


Orratzak gertuago. Benetan ikusgarriak dira.


Baseliza dagoen bidegurutzean aurrera (ez dugu eskuinera doan bidea hartuko) jarraitu eta gure eskuinean abeletxe antzekoa eta landetxe bat utzi ondoren, langa bat pasatu eta aparkalekura iritsiko gara.

BIDEAREN OINERA IRISTEKO

Aparkalekutik orratzetara gutxi gora behera jarraitu genuen bidea. Argazkian Hego mendebaldeko gandorra ere ikusi daiteke.


Aparkalekutik harrizko zubi batetik Urruntzur erreka zeharkatuko dugu, hemendik aurrera doan bide zabala jarraituz.

Harrizko zubian amuarrainei begira. Beti esaten dugun bezala "Vedado de Pesca" jartzen badu, amuarrainak daudenaren seinale, jejeje.


Zubitik aparkalekura egindako argazkia.


Bidea zabala da, erraz jarraitzen den horietakoa.


Haitz batzuen ondotik pasa ondoren, ibilbidea hasi eta 10 minutu ingurura, bideak ezkerrera bihurgune bat egiten du. Hemen bidea utzi eta basoan erdi-izkutuan sartzen den bidexka bat hartu genuen, aldapa bat igo eta zabalune batera iristeko. Zabalune honetan haitz batera igo eta bertatik Maddalen Haitzaren hego-mendebaldeko gandorraren ikusmiraz gozatzeko aukera izango dugu.

Bidea utzi genuen lekua.


Zabalunera eramaten duen aldaparen azpian.


Zabalunea utzi eta ezpelen artean aldapan behera doan bidexka bat hartuko dugu (mendebal norabidearekin) arantzadun burdinari baten azpitik pasatuz.

Zabalunea atzean utzi ondoren, aurrean ezpelak ikusi daitezke.


Arantzadun burdinaria.


Gure ezkerrean harkaitz horma bat topatzen denean ezkerrera (mendebaldera) hartuko dugu, tartean lur-jauzi batek utzitako zabalune bat zeharkatuz. Ezkerrean dugun harkaitz horma oinetik inguratu eta hormaren gainera igoko gara lehenengo orratzatik behera datorren gandorrera iritsi arte. Kotxetik gutxi gora behera 40 minutu izango dira.

Hurbilketan orratza ikusi genuen momentu bakarrenetako batean.


Lur-jauzia dagoen zabalunean.


Harkaitz horma inguratzen.


Harkaitz horma inguratu ondoren, horma Asierren eskuinean dago.


Orratza laino eta zuhaitz artean...


Orratzatik hegoaldera doan gandorra.


DESKRIBAPENA

Larunbata bero baten ondoren igandea ere eguzkitsua izango zela iragarrita zegoen, baina Etxegarateko mendatearen bestaldean hogei metroetara ikusten uzten ez zuen behe-lainoan sartu ginenean, aurretik zer topatuko genuenaren zalantza piztu zitzaigun.

Asierrek egindako miaketa kontutan hartuta, gure asmoa hiru orratzen zeharkaldia egin eta Maddalen Haitzaren gailurreraino iristea zen, modu honetan bide original bat eginez.

Bidearen oinera hurbiltzen ginen ehinean behe-lainoa trinkotuz joan zen eta ia orratzen azpian izan arte ez genituen ikusi. Jaitsieran ikusiko genuen moduan, egun garbiarekin arazo hau ez dago.

Oinak eta zapatilak erabat bustiak eta 40 minutuetako ibilaldiaren ondoren basoak harkaitzari pauso eman, eta lehen orratzatik hegoaldera doan gandorraren oinera iritsi ginen. Gandorraren ertzara igo eta II-II+ zailtasuneko eskaladatxoak tartekatuz 4-5 metro inguruko harkaitz bertikal batekin topo egin genuen: "aurreko egunen hemendio gora ere igo nintzen" esan zidan Asierrek. Harkaitza hezea eta zapatilak bustiak izatea ez da konbinaketa ona izaten eta, aurretik genuen eskaladatxoa oso zaila ez izan arren (III inguru), badaezpada soka bat atera eta luze motz bat eginez pausua aseguratzea erabaki genuen.

Gandorraren lehen metroetan.


Lehenengo luzea (marraztuta) egin genuen hormatxoa. Lehorra dagoenean sokarik gabe eskalatu daiteke.


Lehen luzea, 15 metro, III. Traste guztiak lurrera bota eta katu oinak jazten genituen bitartean haize hotza hezurretaraino sartzen hasi zitzaigun: "Rediossss, hau da hotza!!!" Kexatu nintzen, "eskerrak sikiera haizeako txamarra ekarri deten". "Ba nik atzoko egualdie ikusita eztet ba ezer ekarri" erantzun zidan.

60 metroetako soka erditik tolestatu, Asierrek bi puntak arnesera lotu eta harkaitza eskalatzen hasi zen. Luze motz honek aparteko zailtasunik ez dauka eta ezkerraldera zeharkalditxo bat egin ondoren zuzen eskalatu zuen, zuhaixka batean bilgunea muntatuz. Hala ere, badaezpada zeharkaldian dagoen zuhaixka batean aseguru bat jarri zuen pausoa babesteko.

Zeharkalditxoan.


Luze honek zailtasun handirik ez dauka (lehorra dagoenean erraza dela esan zidan Asierrek) baina sokaren erabilera gomendatuko nuke, erraza izanda ere ezin baita erori. Lekuk askotan esaten duen bezala, pauso honetan "erortzea eztek aukera bat".

0 bilgunean.


Muntatu genuen bilgunetik gandorraren ertzan ensanblean jarraitu genuen (II-II+ pausuak) bigarren luzearen oinera arte. Tarte hau ez da zaila baina etengabe hozten gintuen langar eta haize boladek igoera zertxobait zaildu ziguten, gorputzak berotzerik lortu ez genuen eta.

1 bilgunetik gora, atzean orratza ikusi daiteke.


Lehen orratzaren eskalada hasten den tximiniaren azpian.


Atzera begirada, gandorra ia bere osotasunean.


Lehen "bis" bilgunea hormaren oinetik 10-15 metro inguru beherago muntatu beharrean izan ginen haize eta langarragatik babesean egoteko. Dena den, haizerik gabeko egun batean egokiena bilgunea tximiniaren oinean muntatzea izango litzateke.

Bigarren luzea hasteko prest. Argazkia lehen "bis" bilgunetik egina dago. Haizerik gabeko egun batean bilgunea Asier dagoen lekuan muntatzea da onena, baina kontuz, aurretik doana harriak botako ditu eta.


Bigarren luzea, 65 metro, IV+. Motxilatik bigarren soka atera, Asierrek lotu eta denbora luzerik gabe eskalatzen hasi zen. Luzearen hasieran sartuta dagoen iltzea erreferentzi bezala hartuz hemendik gora eskalatzen hasi zen, hormaren erdiko belar eta zuhaixkek erdi-estalitako tximinia eskuinean utziz.

Iltzean asegurua jartzen.


Baina lehen metroak 2-3 metroak eskalatu ondoren, eta batez ere asegururik jartzeko aukerarik ikusi gabe, eskuinera zeharkalditxo horizontala egin eta tximinian sartu egin zen.

Tximinian.


Tximiniaren barruan ez zituen metro asko egin eta ahal izan zuen lehen aukeran honen eskuinean dagoen plaka bertikalera pasatu eta tximinia gainditu zuen, honen amaieran dagoen zuhaixka batean aseguru bat jarriz.

Tximinia eskalatu ondoren bilgunera egindako argazkia.


Tximinia atzean utzi ondoren metro batzuk gora egin eta alde batera eta bestera begira ari zela ikusi nuen: "zemuzkoa ikustezu?" Galdetu nion talkietik. "Ba hemen eskubin beste tximini bat dau baña itsura txarra dauke. Hortio zoze ikustezu?" Galdetu zidan. "Ba ez" erantzun nion "hemendio goiko parten plaka extraplomatu bat daula emateo".

Eskuinean zegoen tximinia azken aukeratzat utziz, horma gainditzeko beste bide baten bila hasi zen. Saiakera pare baten ondoren amore eman eta tximinia eskalatzen saiatuko zela esan zidan.

Bigarren tximiniaren oinean.


Tximiniaren oinean fisurero bat jarri eta bertako zuhaitzera igo zen. Baina igotzearekin batera fisureroa askatu eta sokan behera joan zen: "Aaajjjj" oihukatu zuen. Ahal izan zuen modu eta lekuan bigarren aseguru bat jarri eta bistatik galdu nuen. Egia esan ez nuen azken eskaladetako Asier ausart eta segurua ikusi eta honek kezkatu ninduen: "bea hola badau ea nola ibiliko naizen".

Bigarren tximinian.


"Poliki baña gutxiñez goraka dijo" pentsatzen nuen soka pixkanaka ematen nion bitartean. Kolpeka bezala eskalatzen ari zela sentitzen nuen, 30 zentimetro soka eman, gelditu, beste 30 zentimetro, berriro ere gelditu...

Ez dakit zenbat denbora behar izan zuen tximinia eskalatzeko baina orratzaren gainetik bere kaskoa ageri zela ikusi nuenean izugarrizko lasaitasuna hartu nuen: "zemuz?" Galdetu nion, "Bufff, harkaitz guztie hautsita dau" erantzun zidan. "Zenbat soka falta zait?", "ba hiru-lau metro inguru, gehio ez". "Ba ustet bilgunetik atera beharkozula, bestela ezin izangoet bilguneik muntau".

Orratzaren gailurrera daraman ertzara egindako argazkia.


Orratzaren gailurretik bilgunera egindako argazkia, ongi begiratu ezkero nire kasko argia ikusi daiteke.


Bilgunea azkar-azkar desmuntatu eta bilgunetik atera nintzen Asierrek behar zituen soka metroak emateko. Bilgunetik 5-6 metro inguru besterik ez nituen igo haizearen menpe geldituz. Asierrek talkietik bilgunea muntatu arte pasa ziren minutuak nahikoak izan ziren hotzak akatzeko. "Nahizunen hasi" esan zidanerako jada eskuetako behatz puntetan mina nuen. Gauzak horrela, eskalatzen hasi nintzen.

Iltzera arteko eta tximiniaren lehen metroak erraz eskalatu nituen nahiz eta behatz puntekin harkaitza apenas sentitu. Asierrek soka jasotzen zuen ehinean sokak askatutako harriak horman behera erortzen ziren urrun pasa gabe.

Eskaladaren hasieran dagoen iltzea.


Tximiniaren eskuin plakara pasa nintzenean, Asierrek tximiniaren gaineko zuhaixkan jarri zuen zintaren eraginez, sokak berriro ere tximiniara eramaten ninduela sentitu nuen. "Joerrr" pentsatu nuen, "hoixe bakarrik behar nun". Goraka joaterik ez nuela ikusita berriro ere tximinian sartu nintzen parean nituen zuhaixka eta belar guztiei tira eginez. Ahal izan nuen moduan tximinia eskalatu (tartean eroritako hainbat harri gertu pasa eta pare batean belarretan irrist egin ondoren) eta, itsasoan itotzear dagoena flotagailuari heltzen dion moduan, arnasestuan, zinta jarrita zuen zuhaixkari heldu nion.

Hotzaren eraginez ez nuen denbora nahikoa hartu arnasketa berera itzultzeko eta, denbora askorik galdu gabe, bere lekutik askatu zen fisureroa "berreskuratu" eta bigarren tximiniaren oineko zuhaitzera igo nintzen.

Gora begiratu eta diedro itsurako tximinia itsuraz oso zaila ez zirudiela pentsatu nuen: eskuekin lehen harkaitzak heldu eta hauskor eta kolokan zeudela ikusi nuen arte.

Bigarren tximinia azpitik ikusita.


Gorputza bat-batean gogortu eta, Asierrek igoeran egin zuen moduan, tximinia zentimetroka eskalatzen hasi nintzen edozein momentuan oinak edo eskuak (edo biak) jarrita nituen heldulekuak aska zitezkeen beldurrez. Tximiniatik irtetzear nengoela honen eskuineko ertzara pasatu eta, kolokan zeuden harkaitzei eutsiz, azken metroak eskalatzen hasi nintzen.

Eta orduan eguneko bigarren ezustekoa gertatu zitzaidan: bi soketako bat nire azpian zegoen zuhaixka baten inguruan kateatu eta ez zidan goraka eskalatzen jarraitzen utzi: "Ostia putaaaaaa!!!!" Oihukatu nuen dardar batean.

Sokatik tiraka hasi eta zuhaixkatik mugitu ere egiten ez zela ikusi nuen. Hasiera batean burua hutsean gelditu eta zer egin ez nekien: leku okerrenean ez aurrera ez atzera nengoen. Kateatutako sokatik askatu eta soka bakarrarekin igotzea ere pentsatu nuen baina gero soka hau nola errekuperatu ere beldur nintzen. Azkenean, zertxobait lasaitu eta odola berriro ere garunera iristen hasi zenean, kateatu gabeko soka tenkatu eta kateatutakoa askatzeko eskatu nion Asierri: "Zeba?" Galdetu zidan, "Eske soka horie zuhaitz baten engantxauta dau ta ezin det handio atera". Asierrek soka eman eta kateatutako soka aske nuela zuhaixkaren gainetik pasatzen saiatu nintzen. Baina hiruzpalau saiakeren ondoren soka zegoen lekutik mugitzen ez zela ikusi nuen. Orduan Asierri helduta nengoen sokatik ere metro bat emateko eskatu nion. Gorputza sokaren tentsiotik aske sentitu nuenean dar-dar batean hasi nintzen ukitzen nuen guztia mugitzen zen eta. Azkenean "sendoen" iruditu zitzaidan harkaitzari heldu, beso batetik erdi-zintzilikatu eta kateatutako soka askatzea lortu nuen: "tira, tiraaa!!!" Eskatu nion Asierri.

Ez nintzen lasaitu berriro ere bi soken tentsioa sentitu nuen arte. Orduan, tximiniatik erabat irten eta orratzaren gailurrera arteko ertza hestua jarraitu nuen. Hemengo harkaitza ere penagarria dago eta nahiz eta harkaitz sendo eta trinkoa iruditu harkaitz gehienak kolokan daude, baina hemen gutxienez zailtasuna ez da handia (II+ inguru).

Aurretik pasatako tentsioa oraindik kendu gabe, dar-dar batean orratzaren gailurrera iritsi nintzen: "ostia, urtek zien ez nuela hainbesteko tentsioik pasatzen" esan nion Asierri "ze luze txarra!!!". "Ba bai" erantzun zidan "harkaitza penagarrie dau". "Halare, de primero ateatzeko kriston meritue izan dezu".

Asier bilgunean.


Bilgunera iritsi eta bilgunearen ondoko zuhaitzetik errapelatzeko aspaldi utzitako soka zati bat ikusi genuen. Hala ere, gure asmoa orratz guztiak eskalatzea zenez, bigarrenera igotzeko horma miatzen hasi ginen eta, gure etsipenerako, ez genuen eskalada garbirik ikusi.

Lehen eta bigarren orratzen arteko lepotxoa.


Horma bertikal eta ukitzearekin bakarrik askatzen dena eta aseguruak jartzeko ere apenas lekurik gabeko batek pausua mozten zigun. Hormaren eskuin aldean arrail estu bat ikusi genuen: "hemendio igual iltze batzuk sartuta estribo batzukin igotzea izangoa" esan zidan Asierrek. "Nik eztet ba bate garbi ikusten" erantzun nion. "Ez, ez, nik ere ez. Ta gañea orratza igoko bagenure hemengo harkaitza ikusita goien ea bilgunea nun ta nola ittedeun".

Azkenean gure eskalada hemen amaitu eta errapel bat eginez hemendik "ihes" egitea onena zela adostu genuen.

Oiaxka orratzen lehenengo orratzaren gailurrean.


Baina errapela zein aldera? Ekialdera edo mendebaldera? Bi aldeak nolabait miatu eta errapela ekialdera egingo genuela erabaki genuen. Katu oinak jaso, errapelatzeko zuhaitzean zegoen soka fidagarria ez zelakoan gure zinta bat eta malloi bat jarri (eskalada eta orratz honi egin genion ekarpena, jejejeje), sokak goitik behera bota eta Asierrek sokaren 60 metroak errapelatu zituen.

Errapela muntatzen.


Errapelak zailtasun handirik ez dauka eta lehenengo bi orratzen artean leiho moduan dagoen zulo handi baten ondotik pasatzeko aukera ematen digu.

Bi orratzen arteko "leiho" naturala.


Lekurik tentenean zintzilik gelditu eta, ezinbestean, azpian dagoen zuhaixka baten gainera jaisten zara. Zati honetarako ongi etorriko litzateke "shunt" motakoa eskuak libre izateko.

Errapelaren zatirik zintzilikatuenean, atzean bigarren orratza.


Honen ondoren eskuineko joerarekin errapelatzen jarraitu eta harkaitza amaitzen den lekuraino zailtasunik gabe iritsi nintzen. "Ez al dezu shunt-ik ekarri?" Galdetu zidan Asierrek irrifartsu. "Ba ez" erantzun nion, "goitio ateako ginela konbentzituta neon eta".

Errapela amaitzen.


Errapelaren amaieratik egindako argazkia.


Sokak jaso eta, basurdeen moduan, ezpelen artean metro batzuetan ibili ondoren, pixkanaka beherako bidea hartu genuen goikoan jarraitutakoarekin bat egin arte.

Orratzen beste ikuspuntu bat.


Lehenengo orratzaren azpitik berriro ere pasatzen.


Gertuago...


"Zemuzko eskalada iruitu zaizu?" Galdetu nion Asierri pasatako tentsio guztiak atzean utzia, "buffff, bildumazaleentzat bakarrik, eztet uste itzuliko naizenik". "Uste bakarrik? Ni ziur naiz ezetz, jejejeje".

Orratzei azken begirada... Ez dut uste itzuliko garenik jejejeje.