AZKEN 10 SARRERAK

2019/11/15

BERIAIN (1.493 M), AKERREGIKO HAMABIETAKO BARGAKO OHIKO BIDETIK, III. 2019/10/27

Egunsentiko ikuskizuna.


Beriain, zimur erraldoi baten moduan, Ergoiena eta Arakil haranen artean irmo altxatzen da, ipar, hego eta mendebaldean horma bertikalak osatuz. Denbora da horma hauek erakarri nindutela, izan ere Sakana erdibitzen duen A-15 errepideko joan etorrietan, denbora-pasan, ipar horman igoera posibleak maiz irudikatu ditut, elurtuta dagoenean batez ere.

Itsura menperaezina duten arren, Andiako mendilerroa eusten duten horma hauek ahuldaderik badute, hauetako batzuk mendilerroaren gainetik altxatzen diren mendietako gailurretan amaitzen direnak. Mendebaldean adibidez, Beriainpuntako gailurretik gertu amaitzen den Bazkalaitz arrakala dago. Iparrean, Moteaundiko kanala dugu, Beriaingo gailurrera arte luzatzen dena. Amaitzeko, hegoaldean, erdi ezkutatua, badago San Donato baselizatik gertu amaitzen den kanal bat ere.

Azkeneko kanal hau 2019ko urrian “aurkitu” nuen, Akerregiko paxaren inguruko kronika prestatzen ari nintzen bitartean. Ibilbideko krokis orokorrak argazkietan marrazten ari nintzela, Gaandurdi pokala deituriko harritza eta Akerregiko paxa batzen diren lekutik gora hego hormak sakonune nabarmena osatuz bertikaltasuna galtzen zuela ikusi nuen. Argazki ezberdinak begiratuz sakonunea kanal mehartu batek goitik behera zeharkatzen zuela iruditu zitzaidan, irteera zuzen bat osatuz: “Eta hemendio igotzeik badau?”, izan zen burura etorri zitzaidan lehen galdera.

Galdera honi erantzuna emateko asmoz, urriaren amaieran bertara hurbildu eta Gaandurdi bidean mugarri gehiago eraikitzeko aprobetxatu nuen. Esploraziorako egun honetan irteera zuzen hau ia goraino miatu ondoren, honen ekialdeko saihesbidetik hego-horma eskalatu nuen, irteera zuzenaren goiko zatia zein itsura zuen ikusteko.

- Goizen indet rekonozimendue ta igotzea posible da. Nahiko goraño igo naiz baña azkeneko zatin destrepatzea erabaki det (bion proiektue da, ez legoke ondo bakarrik egitea) ta zeharkaldi bat egiñez goitio atera naiz. – zihoen egun berean Asierri bidalitako whatsapp mezuak.
- Ze ondo!!! Jungo gea!! – erantzun zidan mezua txaloz betez.

Kronika hau prestatzen hasia nintzela izugarrizko ilusioa egingo zidan ezustekoa jaso nuen. Telefonoak “plin” egitearekin batera Iñaki Lizarragaren mezu elektronikoa iritsi zitzaidan. Gipuzkoan bizi den dorrobarraren mezuan, bizitzaren kasualitateak, kanal honen berri ematen zidan bertatik igotzera animatuz. Artzain bidea dela esateaz aparte bertatik Unanuko artzain bat amildu zela esaten dela ere kontatu zidan. Hau gutxi ez bada, kanala “Akerrei hamabitako barga deritzon harkaitzean hasten da, gure Ergoienako zuloan ezaguna hamabietan iruzkiak bertan ematen duelakoz” ere kontatzen zidan. Iñakik emandako azalpen eta bidalitako argazkiak erreferentzi bezala hartuz, ordura arte izenik ez zuenari izena jarri eta esplorazio egunean Akerregiko hamabietako bargako ohiko bidea jarraitu nuela deskubritu nuen. Zenbat eskertu nituen zure mezuak Iñaki!!! Milesker bihotzez!!!

Kronika argitaratu eta egun batzuetara Iñakik bidalitako beste mezu batean Akerregiko Hamabietako barga berez igoera honetan azaldutako kanalaren mendebaldean dagoen beste kanal bat dela argitu zidan, Lurgorri harritzatik gora San Donatoko baselizara zuzenean doana, hain zuzen ere. Halere, nahiz eta kanal hori Hamabietako barga izan, kronika honetan azaldutako ibilbidea beti Hamabietako bargako igoera edo pasa bezala ezagutu dute. Berak esan bezala, "aittak, beti hamabitako barga zein zan esaten zidan mendira joandakoan hamabiak emandakoan. Eta ondoren, hamabitako bargako pasa zein zan erakutxi ziguten... Orduan, biyei deitzen zaie". 

IBILBIDEA

Ibilbidea Unanun hasten da. Beriainera doan ohiko bidea jarraituz Iturtxiki iturrira iritsiko gara. Beriaingo ohiko bidea utzi eta Lezizagoako bidea jarraituko dugu egurrezko langa bat atzean utzi ondoren pagadian sartu eta Gaandurdi bidea hartuz. Bide hau jarraituta, Lurgorri harritza nabarmena ezkerrean utzi ondoren Gaandurdiko pokala harritzara iritsiko gara.

Harritza zuzen igoko dugu, zatirik erosoenak bilatuz. Harritzaren goiko zatian komeni da honen eskuinetik( belarra dagoen lekutik) igotzen jarraitzea, erosoagoa baita. Akerregiko paxara iristea zailtasun handirik ez dauka (II), azken metroetan eskuak oreka mantentzeko erabiliz.

Akerregiko paxa, iparreko noranzkoan zeharkatu, 5-6 metro inguruko irtengune bat eskalatu (II+) eta bertatik gora doan kanal/tximinia mehartua eskalatzen jarraituko dugu (II+/III) paxa zintzilikatu batera iritsiz. Paxa zintzilikatua iparreko noranzkoan zeharkatu eta 4-5 metro inguruko bigarren irtengune bat eskalatu ondoren (II+) bigarren paxa batera iritsiko gara, aurrekoa baino estuagoa, pareko horma bertikalaren oinean dagoena.

Bigarren pasa honetan eskuinera (ekialdera) bota eta honen amaierara zuzenduko gara eskuinean harritza bat utzita. Pareko ezproira iritsi gabe gora bota eta zuzen eskalatzen jarraituko dugu hormatik atera aurretik harkaitz oneko plakatxo bat eta hormatxo txiki bat eskalatuz (II-II+). Iñakik esan zidan moduan, ezproiaren ertzetik igotzeko aukera ere badago.

Hormatik aterata, ipar-mendebaldean, 120-150 metro eskasera San Donatoko baseliza dago. Bertara iritsi aurretik I zailtasuneko hormatxo txiki bat eskalatuko dugu.

Ibilbide honetako zailtasun maila ez gutxietsi, zailtasun maila handia ez izan arren, hainbat lekuetako eskalada ez baita harkaitz sendoan egiten, erortzeko arriskua handituz.

Jaitsiera Unanutik Beriainera doan ohiko bidetik egingo dugu.

Ibilbidearen nondik norakoak. Gorriz irteera zuzena.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 9 kilometro inguru.
- Punturik baxuena: Unanu, 631 metro.
- Punturik altuena: Beriain, 1.493 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.000 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Nork irekia: Honen inguruko informaziorik ez dut topatu, baina mendeetan artzainek jarraitutako bidea da.
- Zailtasuna: III zailtasuneko pasabide isolaturen bat hasierako kanalean.
- Orientazioa: Hegoaldea.
- Ura: Unanu herrian eta Iturtxiki iturrian ura hartu daiteke.
- Eramandako materiala: Kaskoa. Zailtasun maila hauetan eskalatzeko ohiturarik ez badago, gomendagarria da eskaladarako materiala eramatea: 30 metroetako soka, friend edo artaka trabagailu batzuk, 4 express-zinta eta zinta-uztaiaren bat bilguneak muntatzeko. Material hau guztia batez ere hasierako kanaleann erabiliko dugu, goiko zatian seguruak jartzeko aukera gutxi bait dago.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Hiru ordu eta laurden.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:

Powered by Wikiloc


BIDEAREN KROKISA

Akerregiko Hamabietako bargako ohiko bidearen krokis zehatza. Gorriz, irteera zuzena.


DESKRIBAPENA

"Egunsentia ikuskizun ederra da; hala ere ikusleriaren gehiengoa lo dago oraindik" dio John Lennonen esaldi batek. Goiz ibiltzeak egunsenti itzel batez gozatzeko aukera eman zidan. Kotxea gidatzen nuen bitartean Beriainen inguruko zerua gorritu zen edozein momentuan suak hartuko balu bezala.

A-10 autobidea utzi bezain pronto, NA-7100 errepidearen bazterrean topatu nuen lehen lekuan kotxea gelditu eta begien parean nuen ikuskizunaz gozatzeko unea hartu nuen argazki kamera sutan jartzen nuen bitartean.

Zerua sutan...


Laranja eta gorri koloreak galtzen hasi zirenean motorra martxan jarri eta Unanura bizi berrituta zuzendu nintzen. Une magiko hauengatik bakarrik merezi du mendian goiz ibiltzeak.

GPS-ak sateliteak aurkitzen zituen bitartean Unanuko kale estuen artetik ihes egindako haizeak eguna fresko izango zela ohartu zidan. Ez nuen bitan pentsatu ere egin martxan jarri aurretik haizerako txamarra jartzeko. GPS-ak sateliteak harrapatu eta "pit" egitearekin batera oinez hasi nintzen.

Iturtxiki iturrira iritsi aurretik.


Iogera lasai hartu nuen, haizeak ez hozteko izerdiaren mugatik pasa gabe. Iturtxiki iturria atzean utzi nuenean inkontzienteki atzera begiratu nuen. Beriainen itzala Sakanan metroak galtzen zituen heinean Aizkorri urre kolorez janzten zihoan, zeruko hodeiekin kolore-paleta ikusgarria osatuz.


Beriainen itzala Sakanatik ezkutatzen Aizkorri pizten den heinean.


Zeruak eskeinitako bigarren momentu magikoaren ondoren gaurko eguna borobila izango zenaren sentsazioak hartu ninduen: "ez da posible gaur ezer gaizki ateatzeik" pentsatu nuen.

Hostoek hartzen hasitako Gaandurdiko bidea jarraituz, goizeko bederatziak eta erdietan Gaandurdiko pokala harritzara iritsi nintzen, kotxetik atera nintzenetik ordu betera, gutxi gora behera. Pagadia zoragarri zegoen eta hostoen mailagatik, tarteka orkatilen gainetik, elurretan igotzen ari nintzela zirudien. Igoera bidea mugarri gehiagoz adierazteko aprobetxatu nuen, atzetik etorri daitezkenaren bidea erraztu eta galtzeko arriskua gutxitu asmoz.

Gaandurdiko pokala esmeralda, urre eta kuprez jantzitako basoaren erdian pasillo grisa zirudien.

Gaandurdi pokalaren oinean.


Harritza zuzen igotzen hasi nintzen, poliki baina atsedenik hartu gabe. Hasierako metroetan harriak handiak eta lurrari sendo lotuak daude, igoera erosoa bihurtuz. Zatirik erosoenak bilatu eta hauspoa gehiegi ez berotzeko “zetak” eginez, lehenengo metroak arin irabazi nituen.

Harritzaren lehen metroetan, aurrean Akerregiko Hamabietako barga ikusi daiteke.


Pagadia behean geldituz zihoan hein berean harrien tamaina ere txikituz zihoan igoera pixkanaka ezerosoa bihurtuz. Makulurik gabe, izterretatik tiraka hasi nintzen oinazpietan irrist egiten zuten harri txikien gainetik metroak hala nola irabazi nahian.

Akerregiko Hamabietako barga gertuago. Gorriz eskuak erabiliz igo beharreko zatiak eta zuriz oinez ibili beharrekoak-


Atzera begirada, pagadia pixkanaka azpian geldituz doa.


Metroak irabazi ahala igoera oso deseroso bihurtu zen. Azkenean, harritzaren goiko zatian eskuin ertzera pasatu eta honen eskuinetik, belarrak harriari nolabaiteko itsasgarritasuna ematen dion lekutik, igotzen jarraitu nuen, metroak berriro ere arin irabaziz. Goiko tarte honetan, nahiz eta harkaitza sendoagoa izan, zenbait lekuetan kontuz ibili behar izan nuen harriren bat edo beste aske dagoelako.

Harritzaren amaieran. Parean Akerregiko paxara iristeko igoko nuen zatia eta honen gainean hormak duen koba eta Akerregiko Hamabietako bargaren hasierako kanal mehartua.


Hemendik Akerregiko paxara iristea zailtasun handirik ez dauka (II), eta azken metroetan eskuak “eskalatzeko” baino oreka ez galtzeko erabili nituen. Izan ere, Akerregiko paxara lehen aldiz igo eta 12-15 metro eskas eskuinerago nuen hormatxo inklinatutik igotzea baino errazagoa iruditu zitzaidan.

Gaandurdiko pokala goitik ikusita.


Behin Akerregiko paxan, Hamabietako bargako sarrera duen kanal/tximini mehartua identifikatu eta bertara iristeko biderik errazena bilatzen hasi nintzen. Batera eta bestera begiratu ondoren, Akerregiko paxa iparreko noranzkoan zeharkatu eta 5-6 metro inguruko irtengune bat ahal izan nuen leku errazenetik eskalatu nuen kanal/tximiniara zuzenduz. Irtengune edo hormatxo honek zailtasun handirik ez duen arren (II+) zuhurtziaz eskalatu nuen, harriaren sendotasuna erabatekoa ez baita.

Lehen irtengunea eta kanalera iristeko jarraitu nuen bidea. Argazkiaren ezkerrean horman dagoen koba non dagoen ikusi daiteke.


Kanalaren lehen metroak.


Kanalaren oinetik behera egindako argazkia.


Kanal/tximiniak Txindokiko “Arrastakulos” gogoratu zidan eta bertako harkaitza, hormaren gainetik amildutako harri, elur eta urek zizelkatua, orokorrean ona eta trinkoa da.

Kanaleko lehen metroak  eskalatu ondoren behera egindako argazkia.


Lehen metroen ondoren, monolito batek kanala bitan banatzen du. Ezker adarra belarrez estalia dagoen bitartean, eskuinekoa monolitoak osatzen duen hormaren lagutnzarekin mehartzen da. Bi aukerak neurtu eta orain arteko harkaitzaren kalitatea kontutan izanda, eskuinekoa hartzea erabaki nuen. Hankak bi hormetan zabaldu eta tximiniarako teknika erabiliz, harkaitz trinkoan metroak eroso irabazten hasi nintzen (II+/III). Eskalada hau garbi ikusten ez bada, kanal/tximiniaren ezker horman friend eta artaka trabagailuak sendo trabatzeko primerako kokalekuak daude.

Kanalaren eskuin adarra, nire ustez bietatik eskalatzeko errazena.


Kanal/tximiniaren zatirik tenteenak eskalatu, zatirik estuenetik atera eta malda belartsu bat igo ondoren, tximinia azpian utzi eta paxa zintzilikatu batera iritsi nintzen.

Tximiniaren irteera.


Igoera orain arte oso ongi zihoan, uste baino errazago, eta honek izugarri animatu ninduen. Etxetik telefono mugikorrean ekarritako argazkia aztertu eta paxa zintzilikatu honen eskuin eta ezkerretik irteera errazik ez nuela ikusi nuen. Aukera bakarra aurrera jarraitu eta paxa honen gaineko paxa estu batera iristea zen.

Mugikorra poltsikoan gorde eta paxa iparreko noranzkoan zeharkatu nuen, 4-5 metro inguruko irtengune inklinatu batekin topo eginez. Bigarren irtengune edo hormatxo hau eskalatu ondoren paxa estura iritsi nintzen, behean utzitakoa baino estuagoa, parez pare nuen horma bertikalaren oina alderik alde zeharkatzen duena. Bigarren irtengunea, lehenengoaren moduan, zailtasun handik ez dauka, II+ inguru, baina hemen ere harriren bat edo beste aske topatu nuen.

Bigarren irtengunea eta ohiko bideak paxa estutik jarraitzen duen bidea (puntu zuriz). Puntu gorriz, irteera zuzena.


Paxa estutik gorako aukerak aztertzen hasi nintzen: ezkerretik kanal itsurako horma tente batek zuzen-zuzen hego horma igotzen zuen bitartean, paxa eskuinera amaiera arte jarraituz irteera errazago bat topatuko nuela ikusi nuen. Nire helburua irteera zuzena esploratzea zenez, paxan metro batzuk ezkerrera bota eta belarrez estalitako horma baten azpiran zuendu nintzen.

Bigarren irtengunearen gainetik behera egindako argazki honetan tximiniaren irteera eta paxa zintzilikatua ikusi daitezke.


Gainean nuen hormak bi adar ditu, biak monolito batez bananduak. Ezker adarrak gainetik zer zuen erakusten ez zidan pasabide estu bat zuela ikusita, eskuin adarrera zuzendu nintzen. Lehenengo metroetan belarrari helduz metroak irabazi eta zuhaixka zabal bat ezkerrean utzita belar eta harriak tartekatzen dituen horma bertikal batera iritsi nintzen.

Eskalatzen nuena eskalatzen nuela estutasun baten aurrean jaisteko kapaz izan beharra nuela argi nuen, pasabide zail bat topatuz gero ez aurrera ez atzera ez gelditzeko. Ideia hau buruan hormaren lehen metroak eskalatzen hasi (III) arren berehala beheko bidea hartzea erabaki nuen. Goian ikusten nuen horma segurtasunez jaisteko kapaz izango nintzen ez nuen argi.

Lehen saiakera honen ondoren zuhaixka zabalera itzuli eta, bere gainetik zeharkaldi horizontal bat eginez, ezker adarra eskalatzen hasi nintzen. Kanal hau ere, eskuinekoa bezala, tentea da, tarte askotan belarrari heldu beharrekoa eta aseguratzeko aukera gutxikoa. Zailtasunaren aldetik III/III+ inguruan izan daitekela iruditu zitzaidan. Belarra luzeagoa izanda txarrenean erdi arrastaka jaitsiko nuela pentsatuz metroak irabaziz joan nintzen. Kanala estutzen den pasabidetik 8-10 metrora nengoela, hormaren amaiera gertu sentitu arren, estutasunetik gora zer zegoen ez ikusteak zalantzak sortu zizkidan. Bertan ez aurrera ez atzera geldituko nintzenaren beldurra nagusituz joan zen. Une baten ondoren, aldeko eta kontrakoen balantza aldekoetara makurtu eta hormatik jaistea erabaki nuen, hormaren oineko paxa estura itzuliz. "Hau hurrengon hobe sokakin saiatzen bagea" pentsatu nuen. Asier ondoan ez izateak ere erabakia hartzeko garaian pisua izan zuen, irteera zuzen hau eskalatzea bion proiektua baitzen.

Irteera zuzena paxa estutik ikusita. Lehen saiakera itzalpean dagoen belar eta harrien artean eskalatu nuen. Zuhaixka zabalaren kokalekua ere ikusi daiteke.


Kanalaren oinean, paxan bertan zuhaitz bat ikusi nuen. "Sokakin etortzen geanen hemen reunioa montatzeik badeu" pentsatu nuen.

Bilgunea muntatu daiteken zuhaitza.


Irteera zuzena eskalatzearen beroaldia atzean utzita bigarren aukera hartzea erabaki nuen. Paxa estuan eskuinera (ekialdera) bota eta, oinez, honen amaierara zuzendu nintzen eskuinean harritza txiki bat utzita.

Paxa estuan jarraitutako bidea.
 

Hasierako asmoa parean nuen ezproiraino iritsi eta bere ertzetik gora igotzen jarraitzea zen. Baina bertara iritsi baino lehen zuzen igotzen jarraitzea posible zela ikusi eta zuzen igotzen hasi nintzen, tarteka belarrari helduz (II).

Atzera begirada. Argazkian bi paxen arteko irtengunea eta irteera zuzena (ezkutuan) ikusi daitezke, baita paxa estuan jarraitutako bidea (puntu zuriz) ere.


Zuzen eskalatzen jarraitzea erabaki nuen lekua.


Metroak irabazi ahala horma ere zertxobait tentetzen zihoan, baina zailtasun handirik gabe. Horma eskalatu aurretik harkaitz oneko plakatxo bat (II) eskalatuz metro pare bat pasatxoko hormatxo txiki baten azpira iritsi nintzen.

Harkaitz-plakatxoaren oinetik behera egindako argazkia, panorama ikusgarria da.


Argazki pare bat egin ondoren hormatxoa eskalatzen hasi nintzen.

Azken hormatxo honetako eskalada orokorrean, nahiz eta harriren bat kolokan izan, segurua eta zailtasunaren aldetik II+ inguruan izan daitekeela iruditu zitzaidan. Iñakik bidalitako mezuan beraiek ezproiaren ertzetik igotzen zirela esan arren, pentsatzen dut zailtasunaren aldetik antzera ibiliko dela.

Azken hormatxoa eskalatu ondoren behera egindako argazkia, ezkerrean ezproiak osatzen duen ertza ikusi daiteke.


Hormatxoa eskalatuta, ipar-mendebaldean, 120-150 metro eskasera, San Donatoko baseliza ikusi nuen.

San Donatoko baseliza begi bistan.


Harlauz ezberdinen gainetik zeharkaldi horizontala eginez irteera zuzenaren goiko zatira zuzendu nintzen pasabide estuaren gainetik zer zegoen deskubritzeko irrikan. Bertara iritsi nintzenean ezkutuan gelditzen den zatia erraza zela egiaztatu nuen, belarrez estalitako malda inklinatu bat hormaren amaiera arte luzatzen baitzen. Alde batetik pena sentitu nuen pasabide estua eskalatzen ez saiatzeagatik baina alde berean Asier eta bion proiektua dela buruan, ez nintzen ongi sentituko irteera zuzena bakarrik eskalatu izan banu.

Irteera zuzenaren azken metroak, azpian pasabide estuaren irteera ikusi daiteke.


Irteera zuzenaren amaieran kaskoa motxilan gorde eta, “ohiko mendizalez” mozorrotuta, San Donatoko baselizara zuzendu nintzen, bertara iritsi aurretik I zailtasuneko hormatxo txiki bat eskalatuz.

San Donatoko baseliza.


Goian haizeak bazterrak ederki hozten zituen bitartean, baselizan gelditu gabe Beriaingo buzoi eta gailurrera zuzendu nintzen.

Beriaingo buzoi eta gailurra.


Gailurraren ekialdeko aurpegian babes bat aurkitu eta harri artean eseri nintzenean eginiko igoeraz gozatzen hasi nintzen, baita irteera zuzena eskalatzeko planak egiten ere. Beriaingo hego hormaren atea ireki berria nuen baita irteera zuzenaren misterioa ere. Ezin nuen gehiago eskatu. Zoriontsu, ekialdera begira, begirada aurrean nuen ikusmiran galdu nuen.

Ekialdeko bista zoragarriak. Pirinioak zeru-ertzean.


Jaitsiera pozaz zoratzen egin nuen, Asierri egindako aurkikuntzaren berri emateko irrikan. Etxera iritsi bezain pronto whatsapp mezu bat bidali nion:

- Goizen indet rekonozimendue ta igotzea posible da. Nahiko goraño igo naiz baña azkeneko zatin destrepatzea erabaki det (bion proiektue da, ez legoke ondo bakarrik egitea) ta zeharkaldi bat egiñez goitio atera naiz. - esan nion Akerregiko Hamabietako Bargaren ohiko bidea eskalatu nuela oraindik jakin gabe.

- Ze ondo!!! Jungo gea!! – erantzun zidan mezua txaloz betez.

"Ea aurki den!!!" pentsatu nuen.

Eskalada hau partekatu eta hiru hilabetetara, otsailaren 22an, Mikel Ruiz mendizale gasteiztar gaztea bide hau errepikatzen zendu zen. Istripuaren arrazoia gutxienekoa dela uste dut, baina mendian "0" arriskua ez dela izaten gogora ekarri zidan, nahiz eta mendi hau etxe ondoan izan. Honegatik, hasieran kontatu dudana gogoraztea ez legoke gaizki: igoera honetako zailtasun maila ez da gutxietsi behar, zailtasun maila handia ez izan arren, hainbat lekuetako eskalada ez baita harkaitz sendoan egiten, erortzeko arriskua handituz. Zailtasun maila honetan eskalatzeko ohiturarik ez badago, gomendagarria da eskaladako materiala eramatea, hasierako kanalerako batez ere.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- SITNA: Sistemas de Información Territorial de Navarra. Eskuragarri: http://sitna.navarra.es/geoportal/mapa/mapas.aspx?lg=eu


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina