AZKEN 10 SARRERAK
nafarroa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
nafarroa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2025/10/05

ZIORDIA: "OSTADAR" BIDEA, 182 m, 6a (V/A0). 2025KO IRAILA.

Bidearen hasieran jarrita utzi dugun plakatxoa.


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Antxon Gorrotxategirekin egun osoa soka batetik zintzilik egon ondoren, jaitsieran estropezu egin eta ezkerreko eskuan kolpea hartu dut. Hasieran min handirik sentitu ez badut ere, ordu batzuk geroago dutxa bizigarri baten ondoren ordura arte ahaztuta neukan mina hasi da. Eroriko tentela izan da, nekeak, goseak eta egarriak eragindako eroriko tentel horietako bat, hogei urte dituzunean gertatzen ez dena: "inoiz ez naiz orain bezain gaztea izango" errepikatzen dut behin eta berriz, ezkerreko esku minduari begira. Baina istorio honen alde ona da, nekearen, gosearen, egarriaren eta ezkerreko eskuko minaren gainetik, "Ostadar" bidearen goiko bi luzeetara iristeko sarrera aurkitu dugula, Antxonek eskalatu zitekeela susmatzen zuena. Biharamunean lehenengo paraboltak jarri genituen eta hirugarren egunean Asierrek lehen luzeko lehen eskalada mundiala egitea lortu zuen, marka berri bat ezarriz. Ondoren egun gehiago etorriko ziren, nekez, gosez eta egarriz zipriztindutakoak, bidea segurtasunez eskalatzeko prest utzi genuen arte. Tartean, ezkerreko eskuko minak dirauen arren baretuz doa, ez hogei urte nituenean bezain azkar, baina baretuz azken finean, nire buruari "inoiz ez naiz orain bezain gaztea izango" gogoratzen diodan bitartean.

Bide honen istorioa irailaren hasieran hasi zen, Antxonen mezu elektroniko bat jaso nuenean. Mezuan esaten zidan "Ostadar" ireki zuenetik sarrera bat egin nahi ziola bere oineraino iristen den hartxingadi inklinatuaren azpiko horman, baina ez zuen oso argi sarrera hori posible zenik, horma oso trinkoa baita. Baina esan zidan paretan diedro pare bat daudela, hormaren ahulezia bakarrak, hartxingadi inklinatura iristeko aukera emango luketenak. Arazoa zen bi diedro horien arteko tarteak gaindiezina zirudiela, eta goiko diedroak oso zaila: "Egia esan, nahiko ideia eroa da, eta ziurrenik ez du ibilbiderik izango", esanez amaitzen zuen. Opor egun batzuk nituela aprobetxatuz, ez nuen bitan pentsatu abentura honetan lagunduko niola esateko, Asierrek egun batzuk geroago esango zuen bezala.

Lanordu askoren ondoren, irailaren 27an, bidearen hasieran "Ostadar" izena duen plakatxo bat jarrita, amaitutzat eman genuen, eta urriaren 4an lehenengo eskalada "ofiziala" egin genuen, bidea segurtasunez eskalatu daitekeela bermatzeko. Urriaren 11an berriro eskalatu eta bilgune guztiak uztaidun bi paraboltekin utzi genituen, bertatik segurtasun handiagoz rappelatu ahal izateko. Eskalada hau laugarren eta bosgarren luzeen arteko bidea mugarriekin adierazita uzteko ere aprobetxatu genuen.

Irailak 27. Antxon "Ostadar" izena duen plakatxo jarri berriaren ondoan.

“Ostadar” Santa Barbaran Antxonekin maiz eskalatzen duten Lasarteko eskalatzaileei egindako omenaldi txiki bat da, Lasarteko mendi taldea Ostadar Saiarre Kirol Taldearen barruan baitago. Mendi kutsudun eskalada-bide bat geratu da eta Asierrek dioen bezala, luze guztietan eskalatzea eskatuko digu. Inork ezustekorik hartu ez dezan, ez da kirol-eskaladako estiloan ekipatu dugun bidea, eta pasagune zailenetan ainguratze finkoak utzi ditugun arren, oro har, horien arteko tartea ez da motza; honegatik, auto-babeserako materiala eramatea gomendagarria izan daiteke. Horretaz gain, estilo honetako eskalada-bide ireki berrietan gertatzen den moduan, oraindik ere harri askeak eta helduleku hauskorrak aurkituko ditugu, baina horrek hobera egingo du bidea errepikatu ahala. Zailtasun maila luze bakoitza hainbat aldiz eskalatu ondoren proposatu dugu, mugimendu bakoitza nola egin eta heldulekuen kokapena gutxi gorabehera ezagutu ondoren. Bidearen errepikapen bakoitzarekin ikusiko da proposatzen dugun zailtasun maila berresten den.

Nork esango zigun duela urte batzuk Antxonekin bide bat irekitzeko zortea izango genuela, non eta Ziordian gainera. Luxu eta ohore bat izan da Antxoni proiektu honetan lagundu izana, eta zenbat ikasi dugun gainera. Bide honetaz gozatu ahal izatea espero dugu, guk gozatu dugun bezainbeste.

Urriak 4, Antxon Asier eta hiruok zoriontsu, "Ostadar"-en lehen eskalada amaitu ondoren.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 182 metro.
- Luze kopurua: 6.
- Nork irekia: Azkeneko bi luzeak Antxon Gorrotxategik 2024ko azaroan. Hasierako lau luzeak Antxon Gorrotxategik, Asier Izagirrek eta Xabi “Smithy” Mujikak 2025eko irailean.
- Zailtasuna: 6a (V / A0). Luzez-luze: 1ºL: V/V+ (28 m), 2ºL: 6a edo V / A0 (28 m), 3ºL: V+ (28 m), 4º L: V (28 m), 5º L: V (30 m) eta 6ºL: V+ (40 m).
- Orientazioa: Hegoaldea.
- Ura: Ziordia herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: “Rösti” bidearen hurbilketa jarraituko dugu baina bide hori hasten den basora sartu aurretik eskuinera mugarriz adierazitako bidezidor bat jarraituko dugu, lehen luzearen oinera eramango gaituena.
- Jaitsiera: Hiru aukera ditugu: Lehenengo aukera bidearen amaieratik ekialdera jotzea da ertzetik baino basotik gehiago ibiliz. Ziordiako ezproiaren parera iritsitakoan oso nabaria ez den xenda jarraituko dugu “Irati” bidearen amaiera arte. Hemendik aurrera jaisteko bidea puntu gorri gehiagoz adierazita dago. Bigarren aukera mendebaldera jotzea da ertzetik hurbil mantenduz eta puntu gorriak jarraituz, “Mugalari” bidearen amaiera arte. Hemendik behera puntu gorriz eta mugarriz adierazitako bidetik joko dugu hormaren azpira iristeko. Hirugarren aukera bidea rappelatzea da eta horretarako bilgune guztiak (laugarrena izan ezik) uztaidun bi paraboltekin utzi ditugu, laugarren bilgunetik 60 metroko soka bakarrarekin bide osoa rappelatu daitekeelako. Hori bai, 60 metroko soka bakarrarekin laugarren bilgunera iristeko, azken bi luzeetako hormaren ezkerraldean (paretari aurrez aurre begiratuz gero) dagoen haitzuloa bi rappel eginez rappelatu beharko dugu. Haitzuloan rappel puntuak ere prest daude, lehenengoa zuhaitz baten enborrean eta bigarrena haitzuloan bertan dagoen harkaitz-zubi batean.
- Eramandako materiala: 60 metroko soka bat gutxienez bidea rappelatu nahi bada, luzera desberdineko 16 express-zinta, friend sorta bat eta luzera desberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta erdi lasai ibilita.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak. Krokisean Röstieta "JB" bideen kokapena non dagoen ikusi daiteke.

Krokis zehatza. Urdinez bidea rappelatu nahi bada haitzulotik laugarren bilguneraino jarraitu behar den ibilbidea.

Bidearen oinera arteko ibilbidea deskargatu nahi baduzue:

Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Irailean zehar egindako eskalada guztietan bizitako bizipenak kronika batean islatzeko gaitasunik ez dudanez, luze bakoitzaren deskribapen hotz eta zehatza baino ez dut egingo; hori bai, luzeak irekitzeko garaian izan genituen bitxikeriekin nahastuta. Argazki gehienak urriaren 4an egin genuen lehen eskaladakoak dira.

- Lehenengo luzea, 28 metro, V/V+. Sarreran esan dudan bezala, Asierrek lehen aldiz eskalatu zuen luze hau. Hasiera batean, azpitik ireki nahi genuen luze hau, baina lehen metroetan dagoen horma makurtuak eta diedroaren irteerak atzera bota gintuen.

Plaka inklinatu bat eskalatzen hasiko gara, hildako zuhaitz handi batean amaitzen den arrail bat duena (IV).

Plaka inklinatua eskalatzen.

Hasieran, soka bat jarri genuen zuhaitz horren enborrean, baina, azkenean, haren atzean dagoen plaka inklinatuan parabolt bat jartzea erabaki genuen, zuhaitzak ez baitu kofiantza handirik ematen.

Zuhaitzaren atzeko paraboltera aseguratzen.

Plaka inklinatuaren beste aldean horma makurtu bat aurkituko dugu. Nahiz eta lehen eskaladan Asierrek bere ezkerretik (diedrotik) eskalatu zuen, luzea eskuinetik sartzea erabaki genuen, harkaitza trinkoagoa delako eta pasagunea zertxobait zailagoa delako, hori bai, norberan altueraren arabera (V/V+).

Norberaren altueraren arabera V edo V+ izan daiteken pasagunean.

Asier pasagunean.

Pasagune horren ondoren, diedroaren eskuinaldean dagoen horma arraildua eskalatzen jarraituko dugu, bi harkaitz-zubiekin utzi duguna (IV+).

Horma arrailduan.

Diedrotik eskalatzen jarraituko dugu, eta pixkanaka eskuinerantz desbideratuko gara horma amaitzen den lekuraino (V).

Diedroaren azken metroetan.

Diedroaren azken metroak azpitik ikusita....

...eta goitik ikusita.

Hormaren amaieratik zuhaixka artean jarraituko dugu lehen bilgunera iristeko (III), horma bertikal baten oinean.

- Bigarren luzea, 28 metro, 6a (V/A0). Antxonek luze hau eskuinerago irekitzeko ideia zuen, baina lehen aldiz eskalatu nuenean, oraingo lerroari jarraituz, eta eskalagarria zela esan nionean, orain dagoen bezala uztea erabaki genuen.

Bilgunearen ezkerretara igaroko gara, eta gainean dugun horma makurtua eskalalatuko dugu (6a, V/A0). Bitxia badirudi ere, pasagune honetan gehien kostatzen dena hormaren gainean dagoen zulo nabarmenean zutik jartzea da, ia heldulekurik ez baitago eskuetarako.

6a pasagunean, zulo nabarmenera igotzen.

Pasagune bera goitik ikusita. Antxon zulora igotzen.

Zuloan zutik gaudela, ezkerrerantz eskalatzen jarraituko dugu, horma bertikal baten oinean utzi dugun harkaitz-zubi baterantz (V/V+). Horma bertikala eskalatuko dugu (V+) eta zuhaitzen artean dagoen pasillo harritsuan barrena jarraituko dugu hirugarren horma bat topatu arte (III).

Horma bertikalean friend bat trabatu nahian.

Horma bertikalaren amaieran.

Hirugarren horma eskalatuko dugu (IV+), eta utzi dugun parabolt bakarraren altuerara iristean, eskuinera pasako gara, plaka inklinatu bat zeharkatuta, bigarren bilgunera iristeko (IV-).

- Hirugarren luzea, 28 metro, V+. Hau izan zen lau luze berrietatik eskalatu genuen lehena, Antxonen ustez, diedro honek “Ostadar” bidearen sarrera irekitzeko sarrera baitzuen. Horregatik, Antxoni lehen aldiz eskalatu zuenean aurpegian zabaldu zitzaion irribarrea ikusgarria izan zen:

- Eskalatu daitekeeeeee!!! - Oihukatu zuen zoriontsu, buruan zuen proiektua gauzatu zitekeela jakinda.

Lehen metroek ez dute misterio handirik, gainean dugun diedro ikusgarria eskalatu behar baita (V+).

Diedroaren lehen metroetan.

Diedroa bere osotasunean. Ikusgarria benetan.

Diedroaren irteera bi modutara egin daiteke: errazena diedroaren ezkerretik jarraitzea da (V-) baina guk diedro beretik edo zertxobait eskuinagotik jarraitzea gomendatzen dugu, irteera pikanteagoa delako (V/V+).

Diedroaren irteeran.

Irteera goitik ikusita.

Diedroa eskalatu ondoren, zuzen eskalatzen jarraituko dugu diedro itxura duen horma txiki bat eskalatuz, ezkerrean parabolt bat utziz erlaitz batera igo arte (IV).

Erlaitzetik egindako argazki honetan azken hormatxoa ikusi daiteke. Bide nondik doan adierazteko utzi genuen azken parabolt hau.

Erlaitzetik zertxobait eskuinerantz jarraituko dugu erdi-oinez, bilgunera iritsi arte (II).

- Laugarren luzea, 28 m, V. Laugarren luzea lau mailaz osatutako eskailera handi bat da. Bilgunearen gainetik irtengo gara, plaka inklinatuak dituen kanaltxoak aprobetxatuz (III). Plaka honen ezkerraldean harkaitz-zubi bat muntatuta utzi dugu badaezpada.

Plaka inklinatuan.

Plaka honetara igo ondoren, bigarren plaka batera iritsiko gara, aurrekoa baino tenteagoa eta bi paraboltekin aseguratuta utzi duguna. Eskaileraren bigarren maila eskalatzeko, Dülfer teknika erabiliko dugu, eskuak plakaren eskuineko ertzean jarriz (V).

Bigarren plakaren hasieran.

Plakaren lehen metroak goitik ikusita.

Plakaren amaieran.

Bigarren plakaren gainean eskaileraren hirugarren maila eskalatuko dugu, aurrekoak baino tenteagoa, baina helduleku oso onekin (V-). Hemen ere parabolt bat utzi dugu pasagunea aseguratzeko.

Eskaileraren hirugarren mailan.

Eskailera igotzen amaitzeko, harkaitz-bloke erraldoi bat duen hormatxo bat eskalatuko dugu (III), eta honen ondoren ez dugu beste arazorik izango laugarren bilgunera iristeko (II+).

Hildako zuhaitz handi bat erreferentziatzat hartuta, bilgunearen gainetik irtengo gara gainean dagoen hartxingadira iristeko. Tarte honetan eskuak erabili beharko ditugu noizean behin, baina ez da tarte zaila (II+). Hartxingadia ez da erosoa ibiltzeko, baina pixkanaka eta kontu handiz metroak irabazten zaizkio. Gure ustez, bidea errepikatu ahala, bidexka bat egiten joango da han. Azken bi luzeek zeharkatzen duten horma denbora osoan ikusten denez, ez dago galtzeko arriskurik, baina dena den bidea mugarriekin adierazita utzi dugu. Hori gutxi ez balitz, bosgarren luzearen oinean beste plakatxo bat aurkituko dugu, “Ostadar” izenarekin.

Azken bi luze hauek lehen aldiz eskalatu genueneko bizipenak kronika honetan jasota daudenez, baita krokis zehatzak ere, kasu honetan ere horien azalpen hotz bat besterik ez dut emango.

- Bosgarren, 30 metro, V. Plakatxoaren gainean dagoen harkaitz-plaka arraildutik laupabost metro eskalatzen hasiko gara, eta muntatutako bigarren harkaitz-zubira iristean, eskuinetara zeharkaldi bat egingo dugu, hormaren azpian dagoen lizar bakarti baten eskuinean dagoen diedro baten oinean jarriz (III), arrail bat duena. Diedroa eskalatu (IV+) ondoren zuzen jarraituko dugu horma bertikal batetik, gainean dagoen sabai batera zuzenduz (IV+).

Diedroan.

Arrail batetik igoz sabaia ezkerretik saihestuko dugu eta haren gainean dagoen harkaitz-plakara igoko gara (V).

Sabaia saihesten.

Plakatik metro gutxi batzuk eskalatu ondoren, eskuinetara zeharkaldi horizontal bat egingo dugu, lehen bilgunea muntatuta dagoen erlaitz erosora iristeko (V-).

Bosgarren bilgunean.

- Seigarren luzea, 40 metro, V+. Bilgunearen gainetik irtengo gara, sabel formako harkaitz-plaka batera arte (V-). Plaka hori eskalatu eta arrasto zuri bat duen harkaitz batera iritsitakoan, eskuinetara dagoen erlaitz txiki batera pasako gara (V).

Luzearen lehen metroetan.

Erlaitzaren gainetik, luzeak berdin jarraitzen du: V zailtasunean, helduleku onak eta bertikaltasuna. Ur-tantez zipriztindutako plaka batera iritsitakoan zuzen eskalatzen jarraituko dugu harkaitz-zubi handi bateraino, soka bat jarrita duena (V). Harkaitz-zubitik ezkerrera pasako gara parabolt bateraino (V+) eta ondoren zuzen jarraitu beharko dugu ur-tantadun plaka batera igotzeko (V+).

V+ zeharkaldian.

Bigarren ur-tantadun plaka zuzen eskalatzen hasi (V), eta ezkerretik eskuinera zeharkaldi bat eginez, luzearen irteeraren azpian jarriko gara, harkaitz-plaka bertikal bat, eskuinaldean ezproi moduko bat duena (V).

Bilgunera daraman plaka bertikala.

Plaka hau eskalatuta (V) bilgunera iritsiko gara.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Smithyren bloga bloga. 2025/06/26. Ziordia: "Ostadar" bidea, 70 me, V+. 2025-05-25 Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2025/06/ziordia-ostadar-bidea-70-m-v-2025-05-25.html
- Smithyren bloga bloga. 2023-04-03. Ziordia: Rösti" bidea, 200 m, 5b+. 2023-03-25.. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2023/04/ziordia-rosti-bidea-200-m-5b-20230325.html


2025/06/17

PORTUPEKOLEZE, SAN ADRIAN BASELIZA ETA LEZAUNDI LIZARRAGAKO MENDATETIK. 2025-05-18.


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Inoiz gertatu al zaizue pertsona batekin produktu bati buruz hitz egiten aritu ondoren, produktu horren publizitatea sare sozial guztietan ikusten hastea? Niri produktuaz pentsatzearekin bakarrik gertatu zait, jejeje. Badirudi “Anaia Nagusi” batek zelatatzen gaituela eta horrek batzuetan beldurra eragiten du. Horixe gertatu zitzaigun Portupekolezekin.

Aspaldi pentsatu genuen Itzik eta biok Portupekolezera joateko ideia, baina horretaz hitz egiten hasi ginenean sare sozioalak Urbasako mendilerroak duen txoko berezi honetako bideoz eta argazkiz betetzen hasi ziren, era guztietako mezu erakargarriekin: “Nafarroako altxorretako bat…”, “ezagutzen ez duzun toki bat ziur…”, “ezin zara Nafarrotik joan hau ikusi gabe…”, “Andiamendi mendilerroko altxor bitxia…”. Asierrekin horretaz hitz egin nuenean ere, esan zidan bera eta bere bikotea han izan zirela duela gutxi: “oso leku politte”, esan zidan, “merezi du”. Bat-batean, kareharrizko zubi erraldoi honen inguruko informazio eta irudiak iristen hasi zitzaizkidan leku guztietatik, “Anaia Nagusiak” leku hori bisitatzea nahiko balu bezala, jejeje.

Ibilbidea prestatzen hasi ginenean, pentsatu genuen Portupekolezera bakarrik joatea “laburregia” izan zitekeela. Ibilbidea luzatzearren, Ollide mendia, San Adriango aterpea eta Lezaundi, Urbasako lezerik handiena, bisitatzea ere pentsatu genuen, ibilbidea 13 kilometroraino luzatuz.

IBILBIDEA

Ibilbidea Lizarragako mendatean hasi genuen, bentaren ondoan dagoen aparkalekuan. Andiamendiko gailurreriartik gertu dagoen bidezidorrari jarraituz, Portupekoleze arkuak eta San Adrian baseliza bisitatu genituen, Sakana aldera dagoen ikuspegi ikusgarriaz gozatuz. San Adriandik Lezaundi haitzulora joan ginen pagadi galkor bat zeharkatuz eta Lezaunditik Lizarragako mendatera beste pagadi galkor bat zeharkatuz iritsi ginen, azken kilometroak hasieran jarraitzen hasten den pista nabarmenari jarraituz.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 13 kilometro.
- Punturik baxuena: Lizarragako mendatea, 1025 metro.
- Punturik altuena: Mendebaldeko Ollide, 1.121 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 545 metro inguru.
- Igotako mendiak: 4.
- Zailtasuna: Irteerak ez dauka zailtasun teknikorik.
- Ura: Lizarragako bentan hartu daiteke.
- Eramandako materiala: Ez da material teknikorik behar ibilbide honetarako.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Hiru ordu eta berrogeita hamar minutu, atsedenak barne.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:
Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Goizeko zortziak eta erdietan iritsi ginen Lizarragako bentaren ondoko aparkaleku erdi-hutsera. Gure ondoan, ile nahasiak zituen bikote altxatu berri bat zegoen. Kafe ketsu bat gosaltzen ari ziren pegatinaz betetako furgoneta baten atetzarraren azpian, pirata baten tatuajeak bezala, bisitatu zituzten tokiak adierazten zituztenak.

Zerua oskarbi zegoen arren, haize fresko batek mugitzen zituen neguak bihurritutako elorriak, sentsazio hotz bat sortuz. Egun hauek aproposenak izaten dira erretzeko, hotza sentitu arren eguzkiak errukirik gabe erretzen baitu; honegatik, erlojuaren GPSa martxan jartzen nuen bitartean, eguzkitako krema emateko aprobetxatu genuen. Ez zidan beldurrik ematen Portupekolezera iristeak, Asierrek esan zidalako mendilerroak osatzen duen gailurreriatik gertu mantentzen bagina parez pare aurkituko genuela. Hala ere, badaezpada “track” bat jaitsi nuen wikiloc webgunetik, Lezaundira nondik iritsi ez nekielako. Erlojuak GPS sateliteak harrapatu zituenean eta pantailan jarraitu behar genuen bidea marraztuta agertu zenean, martxan jarri ginen.

Aparkalekutik mendebalderantz doan pistari jarraitu genion, gizakiak mendilerroari eragindako orbainetako bat, pasabide metaliko bat zeharkatu genuen arte. Orduan, pista utzi eta iparralderantz jo genuen, aldapan gora, gailurreriatik metro batzuk beherago doan bidezidor baten bila, lehen metroetan, hesi metaliko batetik gertu doana eta zer gordetzen duen asmatzeko gai izan ez ginena.

Pasabide metalikoa igaro ondoren.

Bidezidorra lehen metroetan hesi metaliko baten ondotik doa.

Hesi metalikoak inguratzen duen itxitura atzean geratu zenean, bidezidorretik irten eta gailurreriara hurbildu ginen, zer ezkutatzen duen ikustera. Eta harkaitzen bestaldean Sakana agertu zitzaigun, azkeneko urteetan bere harkaizterietan bizipen zoragarriak oparitu dizkidana. Bi surflari bagina bezala, gailurreria osatzen duten olatu berdeak surfeatzen jarraitu genuen, batzuetan beherantz eta besteetan gorantz, haizeak mugitzen zuen belarraren gainetik, olatua lehertu zen arte.

Belarrezko olatuen gainean surfeatzen.

Orduan aho zabalik geratu ginen, parean genuenari begira: ezerezetik agertu zela zirudien kareharrizko zubi erraldoi batek bidea oztopatu zigun bat-batean.

Ezerezetik agertu zen kareharrizko arkua.

Kosta egin zitzaigun Portupekolezen geundela konturatzea, eta hasiera batean ez genuen sinesten bertara iritsi ginenik, urrunago espero genuelako. Gainera, inor ez ikusteak harritu gintuen, baita poztu ere, hau bezalako leku batean bakarrik egotea ez baita erraza izaten.

Portupekolezeko bi arkuak.

Portupekoleze bi arkuz osatutako formazio karstikoa da, uraren indarrak eta denboraren pazientziak sortutakoa. Bi arkuetatik handiena zen bidea oztopatzen gintuena. Arku honek zubi baten itxura du eta gainera igotzeko zailtasunik ez badago ere, kontuz ibili beharko dugu, irrist eginez gero eroriko bakarra izango baitugu. Arku horren ondoko bidezidorrari jarraituz, bigarren arkura jaitsi ginen, mendiari itsatsia dagoena, eta leze baten itxura duena.

Goiko arkua azpitik ikusita.

Beheko arkua.

Leku magikoa iruditu zitzaigun, gordea, babestua, sekretuz eta isiltasunez betea, sabaiatik erortzen ziren ur tantek apurtzen zutena. Gaua bere babesean pasatako animaliek utzitako usain bereziak airea kutxatzen zuen, lezeari aintzinako leku baten itxura emanez; izan ere, begiak itxiz gero denboran atzera egiteko aukera ematen du, teknologiarik gabeko garai batera, non artzainek su baten inguruan elkartzen ziren istorio zaharrak partekatzera.

Goiko arkua behekoaren aterpetik ikusita.

Harritu gintuen lekua zein den adierazten duen kartelik ez topatzea, baina arkuen gainean informazio eskean dagoen egurrezko panel huts bat ikusi genuen, faltan bota genuen informazioa gordeko duena ziurrenik.

Itzi goiko arkura igota.

Leku erakargarri honetaz bakardadean gozatzeko zortea izan genuen, intimitate osoz. Hainbat argazki egin ondoren ibilbidearekin jarraitu genuen, SL markekin adierazitako bide bati jarraituz.

Martxan berriro, SL markak ikusi daitezke.

Bideak ez du zailtasun teknikorik, eta, nahi izanez gero, arin ibiltzeko aukera ematen du. Zailtasun bakarra hego haizea zen, tarteka zakarki jotzen zuena, edozein unetan amildegira bultzatuko gintuela mehatxatuz. Baina haizearen zakarkeria Ollideko haitzen iparraldean zabaltzen den ikuspegi ederrak konpentsatu zigun: udaberri hezeak berdetutako larre eta ibaien artean Sakanako etxeak sakabanatuta ageri dira, mahai-oihal berde batean sakabanatutako ogi-apurrak bailira. Etxe batzuetako tximinietatik irten eta zeru urdinean desegiten zen ke zuria zen norbait bizi zenaren testigu bakarra. Zerumuga Aralar eta Aizkorriko mendilerroek mugatzen dute, ikuskizun eder honen eszenatokiari itxura basati bat emanez. Baina ikuskizun eder honetako protagonista guztien gainetik Beriain nabarmentzen da, etzanda dagoen animalia erraldoi bat balitz bezala, bailarari begira. Zenbat pertsonek gozatuko zuten ikusmira honetaz gure aurretik eta zenbat pertsonek gozatuko dute gure ondoren. Honegatik bakarrik ibilbideak merezi du.

Gandorreriatik gozatu daiteken ikuspegi ederra.

Bata bestearen atzetik Ollideko haitzak igo genituen, errusiar mendi batean egongo bagina bezala; gora eta behera, behera eta gora, Bargattentte mendira iritsi ginen arte, iparraldean orratz fotogeniko eta erakargarri bat duena.

Ollideko haitzetako batera igotzen.

Bergattentte puntara iristen.

San Adrian baseliza Bergattentteko gailurretik.

Datu meteorologikoak hartzeko postu bat dirudiena duen punta batetik pasatzean, Arrangarteko pitzadurak, Lizarragatik datozen bideetako pasabide naturaletako batek, bidea moztu zigun. Aurrean, San Adrian baseliza ikusten genuen, gertu, eskura, baina bertara iristeko gailurreria utzi pitzadura inguratu beharko genuen. Kronika partekatu nuenean Iñaki Lizarragak argituko zidan bezala, punta honetan dagoena ez da datu meteorologikoak neurtzeko postu bat, ganaduaren GPS seinaleak handitzeko irrati transistore bat baizik. Eskerrik asko azalpenengatik!!!

Datu metereologikoak hartzeko postua duen puntan.

San Adrian baseliza Arrangateko pitzaduraren gainetik ikusita.

Pagadian sartzea eskertu genuen, ez bere itzal freskoagatik, haizegatik babestu gintuelako baizik. Aldapa goxo bat igo ondoren, minutu gutxi barru iritsi ginen San Adrian baselizara.

San Adrian aterpera iristen.

San Adriango baseliza talaia ikusgarria da,eta bertatik dagoen ikuspegia bikaina da. Eraikinak bi gela ditu: alde batetik, baseliza bera eta, bestetik aterpe gisa egokitutako gela bat. Azken horretan tximinia bat eta banku pare bat aurkituko ditugu. Itzik ondo ezagutzen zuen aterpe hori, zeren, denbora libreko begiraleak ginenean, han negu-baldintza gogorretan gaua pasatzea egokitu baitzitzaion. Egun hartan, baseliza, orain itxura atsegin eta goxoa zuena, elurrez blai zegoen, eta igaro zuten gaua hotz handikoa izan zen, lo-zaku bustietan ia lorik egin ezinik; hau da, inoiz ahazten ez den mendiko gau tipikoa, jejeje.

Baselizaren ondoan aspaldiko abenturak gogoratzen.

San Adriango postontziak.

Iñaki Lizarragak esango zidan moduan, Urbasako mendilerroa San Adriandik aurrera hasten da, ordura arte ibilitako mendilerroa Andiamendi delarik, nahiz eta askok mendateak zatitzen dituela esaten duten. Geologikoki, bien artean dagoen Zubeltzeko fallak banatzen ditu. Zein ederra den horrelako zuzenketa eta iruzkinak jasotzea!!!!

Mendebaldetik baselizara doan ohiko bidetik jaitsi eta pagadian sartu ginen berriro, Lizarragako mendatetik datorren pistarekin bat eginez. Eta pista horretatik jarraituz, handik minutu gutxira pagadia utzi eta zelaigune zabal batera irten ginen, eta han GPSak ohartarazi zigun pista utzi behar genuela zelaia hegoalderantz zeharkatzeko.

Pistarekin bat egiten den tokian.

Pista utzi ondoren zelaia zeharkatzen.

Ez naiz gai hemendik aurrera nondik nora ibili ginen azaltzeko edo bidearen azalpen zehatzak emateko. Pagadian berriro sartu ginenean, noizean behin bidezidor bat zirudien zerbaiti jarraitu genion, noizean behin basoan zehar ibili ginen eta noizean behin elorri arteko zelaiguneren bat zeharkatu genuen. Gutxienez, noizean behin mugarri bat ikusteak poztu egiten gintuen, gu baino lehen handik norbait pasa zen seinale zelako. Ez galtzeko, denbora gehiago pasa genuen erlojuaren pantailari begira aurrean genuenari begira baino. Halako batean, pago batzuen atzean, behatz itxurako orratz bitxi bat agertu zen.

Topatu genituen mugarrietako baten ondoan.

Aho zabalik geratu ginen. Orratz bitxiaren atzean mendiaren alde batetik bestera sabai ikusgarri bat zabaltzen zen, bertan habia egiten duten txorien kantuez apaindua. Lezaundi, izenak dioen moduan, leze handia da; izan ere Urbasako haitzulorik handiena da. Wikipedia web orrian irakurri dudanaren arabera, dolina handi baten hondorapenaren ondorioz sortu zen. Erlaitzak hirurogeita hamar metroko luzera eta ia hogeita hamar metroko desnibela du. Haitzulorako sarrera zabala da, 450 metro luze da eta desnibela hogeita hamar metro ingurukoa da. Neurri honekin, ez da harritzeko ganaduaren babesleku izatea; izan ere animali ezberdinen gorotzek lezearen zorua tapizatzen dute.

Lezaundi, argazkiaren ezkerrean behatz itxurako orratza ikusi daiteke.

Eguzkia errukirik gabe berotzen berotzen hasita zegoen basoko bazter guztiak, haizeak goizean pasa arazitako freskura gogora eramanez. Ibilbidea amaitzeko kilometro batzuk falta zitzaizkigunez, ez ginen denbora luzez lezean geratu.

Taldeko argazkia.

Lezaundira iritsi ginen bezala, Lezaundik joan ginen, hau da, erlojuaren pantailari gehiago begiratuz inguratzen gintuenari baino. Pantailak bide onetik zoazela esan arren, galduta zaudelako sentsazioarekin ibiltzea ez da atsegina, are gehiago nekea eta sargoria hasten direnean. Pagadian galduta geundela zirudienean, erdi ezabatutako bidezidor bat, mugarri bat edo kareharrizko lauzaz eraikitako artzainen txabolen hondakinak agertzen ziren, sastrakak isildu nahian dabilen iragan oparo baten oroitzapenak.

Pagadian "galduta" berriro ere.

Ez zen itzulera atsegina izan, nahiz eta leku eder batzuetatik igaro ginen. Itzuleran, bidezidor estuak belarrez betetako pista zahar bihurtu ziren, eta belarrak hartutako pistak pista zabalago eta zapalduago bihurtu ziren. Puntu honetan asko poztu gintuen Arabako mendizale talde handi batekin topo egiteak, zibilizaziora itzultzen ari ginen seinale. Amaitzeko, pista zapaldu honek goizen goiz jarraitu genuen pista nagusira eraman gintuen, zirkulua itxiz.

Belarrez estalitako pista zaharrean.

Pista zapalduan.

Zirkulua ixten.

Goizeko aparkaleku erdi hutsak orain inurritegi bat zirudien, batera eta bestera zihoazen autoz betea, libreki mugitzeko leku baten bila. Autoetatik irteten ziren inurriak, motxila txikiz armaturik, Lizarragako bentara edo amaitzen ari ginen pistara zihoazen. Gurutzatzen genituen pertsona guztiak agurtzen tematu ginen arren, tristura handia sortu zidan mendian agurtzeko ohitura galtzen ari delako sentsazioak. Batzuek ohitura falta bezala hartzen dutena jarrera falta bezala ikusten dut nik. Atsegina izateak eta irribarre egiteak gure baitan eta beste pertsonengan duen aldaketa-ahalmenaz jabetuko bagina, ziur nago egunerokoan gehiago praktikatuko genukeela.

Lizarragako mendatera iristen.


KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Wikiloc. Cueva de Lezaundi. 2023-10-18. Eskuragarri: https://es.wikipedia.org/wiki/Cueva_de_Lezaundi