AZKEN 10 SARRERAK

2015/03/02

SENTSAZIO TERMIKOA MENDIAN: ZER DA? ZEREN MENPEAN DAGO?

Artikulu honetan, modu errazean, mendian sentitu daiteken sentsazio termikoari buruz arituko naiz , kontzeptu eta definizio arrarorik gabe.

Giza gorputzaren tenperatura egokia 37 gradu inguruaren baitan dago. "Hidratazioa mendian eta ariketa fisiko bat egiterakoan" artikuluan azaldu nuen bezala, tenperatura hau mantendu ahal izateko, gizakiak sortzen eta galtzen duen beroaren artean oreka bat mantendu beharra dauka. Gorputzak sortzen duen beroa galtzen duena baino handiagoa bada gorputza berotuko da. Aldiz, galtzen duen beroa sortzen duena baino handiagoa bada, gorputza hoztuko da. Gorputzetik tenperatura galtzearen abiaduran, ingurunean dagoen tenperatura, hezetasuna eta haizeak eragina dute.

Sentsazio termikoa gizakiak ingurunearen haize eta hezetasunaren aurrean duen bero edo hotzaren sentsazioa da. Kontzeptu hau, tenperatura bereko egun ezberdinetan hotza edo beroa zergatik sentitzen dugun azaltzen saiatzen da. Askotan entzun izan ditugu “Euskal Herriko 0 graduak ez dira Burgosko 0 gradu bezalakoak, hemen hotza hezurretaraino sartzen da” bezalako esaldiak.

Sentsazio termikoa orokorrean bi faktoreen menpe egon daiteke: mendizale nahiz ingurunearen menpekoa faktoreak.

MENDIZALEAREN MENPEKO FAKTOREAK

Gure gorputza beroari baino hotzari sentikorragoa da. Azal azpian hotzari sentikor diren 250.000 puntu ditugun bitartean, beroari sentikor diren 30.000 puntu bakarrik ditugu.

Orokorrean gure menpean bi faktore izango ditugu: sortu eta galtzen dugun beroa.

Sortzen dugun beroa

Sortzen dugun beroa, gorpuzkera, sexua eta adinaren menpe dago besteak-beste. Salbuespenak salbuespen, muskulu gehiago dutenek gizenek baino, gizonezkoek emakumeek baino eta gazteek zaharrek baino bero gehiago sortzen dute.

Aktibitate fisikoak ere eragina dauka, aktibitatearen ondorioz beroa sortzen denez, hotz gutxiago sentituko dugu eta. Ez da gauza bera 5 graduko tenperaturan galtza motz eta kamiseta batekin aulki batean eserita egon edo Txindokira korrikan igotzen aritzea. Dena den, erabat nekatuta gaudenean ez dugu hainbesteko berorik sortzen, aktibitatea jaisteaz aparte metabolismoa ere jaitsten zaigu eta. Honegatik oso garrantzitsua da mendira joaten garenean atseden hartuta eta ondo lo eginda joatea.

Elikadura ere kontutan hartzeko faktore garrantzitsua da. Neguan kalorietan aberatsak diren elikagai beroak jaten ditugu, energia gehiago ematen dute eta. Udan aldiz, elikagai hotzak eta kalorietan urriagoak direnak jaten ditugu. Elikaduraren inguruko informazio gehiago irakurri nahi baduzue hemen klik egin dezakezue.

Elikadurarekin erlazioa duen beste faktorea hidratazioa izango litzateke. Honen inguruan "Hidratazioa mendian eta ariketa fisiko bat egiterakoan" artikuluan aritu nintzen, hala ere, artikulua asko laburtuz, gutxi hidratatutako gorputz batek beroa errazago galtzen du. Hotza egiten duenean gainera, likido beroak edateak gorputza berotzen lagunduko digute.

Galtzen dugun beroa

Galtzen dugun beroak gorpuzkera eta adinarekin ere zerikusia dauka. Gorputzeko azaleko ile eta gantzak gorputza beroa mantentzen laguntzen du. Zortzimilakoen sukarra izan zen 80garren hamarkadan, Himalayara joan behar ziren mendizaleak “gizendu” egiten ziren hotza hobe jasateko. Adinaren kasuan, zaharrek beroa errazago galtzen dute gazteek baino. Beste faktore batzuk ere badaude. odol zirkulazioa, oxigenazioa etab besteak-beste.

Galtzen dugun beroa hobekien kudeatzen lagunduko digun faktorea jantzita dugun arropa da, neguan batez ere. Eta ez arropa bakarrik, arroparen egoerak ere eragina handia dauka: arropa bustia badago beroa errazago galduko dugu. Hau garrantzitsua da jakitea, batez ere neguan, nahiz eta txatxipiruli den super lumatako txamarra edota polarra jantzita ere, bustia badago, tenperatura erraz galduko dugu eta. Azkenaldian korrikalari asko ikusi ditut tenperatura baxu eta euripean ohiko polar bat edota haizeagatik soilik babesten duen blai egindako txamarra gainean jarrita dutela. Mugimenduan dauden bitartean, beharbada ariketa fisikoaren bidez sortzen duten beroa galtzen dutena baino handiagoa izango da, baina zerbaitegatik gelditzen badira (pentsa dezagun lesio batean) ziztu bizian hoztuko dira dudarik gabe.

Mendian eraman daiteken arroparen inguruko aholku batzuk nahi badituzue, artikulu hau irakurtzea gomendatzen dizuet.

Amaitzeko, esan beharra dago inguruneko tenperaturara egokitu gaitezkeela. Aklimatazio hau egokia izan dadin, altuerarekin egiten den bezala, pixkanaka egin beharko genuke eta ez bat-batean. Duela urte batzuk, Itziar eta biok Egipton izan ginen, Euskal Herria eta hegazkina 20-24 gradu inguruan utzi ondoren, kalean zeuden 41 graduetara irten ginen. Egun pare bat gutxienez pasa behar izan genuen ingurunean genuen tenperatura berrira nolabait ohitzen joateko.

Honelako egunetan, elurra, haizea eta hotza egiten duenean, sentitu daiteken sentsazio termikoa izugarrizko hotzarena izan daiteke. 




INGUNEAREN MENPEKO FAKTOREAK

Inguruneko hainbat faktorek airearen tenperaturan eragina izango dute. Artikulu honen helburua meteorologiaren inguruko ikasketa bat egitea ez denez, nire ustez garrantzitsuenak diren faktoreak azalduko ditut.

Altuera

Mendian egiten ditugun aktibitateak altueraren menpe daude. Atmosfera askean, tenperatura altuera handitzearekin batera jaisten da. Zergatik? Azalpen zientifikoa hau izango litzateke: aire burbuila batek, altuera irabazten duenean, presio txikiagoaren eraginez, zabaldu egiten da, zabaltze honen ondorioz tenperatura galduz. 12.000 metroko altuera arte, tenperatura 100 metro bakoitzeko 0,65Cº jaisten da.

Hala ere, aire masaren egoerak ere tenperaturan eragina dauka. Aire ase batean, tenperatura 100 metro bakoitzeko 0,5Cº jaisten da. Aire lehor batean aldiz, tenperatura 100 metro bakoitzeko gradu bat jaitsiko da. Hau, aire hezea gutxiago hozten delako gertatzen da, edota beste modu batera esanda, aire lehorrak beroa errazago galtzen duelako.

Dena den hau ez da beti horrela gertatzen, batzuetan tenperatura altuerarekin batera handitzen joaten da eta. Fenomeno honi inbertsio termikoa deritzo eta gauean ematen den beheko aire geruzen hoztearen ondorioz ematen da, batez ere zerua oskarbi, haizerik gabe eta antizikloiak lasai daudenean. Aire hotz honek bailara eta mendien azpialdeak estaltzen ditu, bere gainetik aire masa beroago bat utziz. Antizikloia oso indartsua eta hainbat egunetan luzatuko balitz, neguko eguzkiak aire masa hotz hori berotzeko nahiko indarrik ez duenez, aire masa hau loditzen joan daiteke egunetan bailaretatik joango ez den behe-lainoa sortuz. Laburtuz, inbertsio termikoa dagoenean, bailaretan tenperatura hotzagoa izango da mendian baino.

Haizea

Haizeak airearen tenperaturan duen eraginaren adibiderik argiena udan dugu. Beroa egiten duenean haizagailua martxan dugu freskatu asmoz. Zergatik? "Hidratazioa mendian eta ariketa fisiko bat egiterakoan" artikuluan azaldu bezela, konbekzioa gorputzetik beroa galtzeko bide bat da. Konbekzioa inguruan dugun airearen kontaktuaz galtzen den beroaren bideari. Haizea dagoenean, gure inguruko airea etengabe berritzen ari denez, beroa etengabe galtzen dugu. Honegatik, zenbat eta haizea indartsuagoa izan, bide honen bidez galtzen dugun beroa ere handiagoa izango da, batez ere agerian dugun gorputz ataletan.

Taula honetan haizeak inguruneko tenperaturan sortu dezaken sentsazio termikoa ikusi daiteke.


Hezetasuna

Hezetasunaren eragina Euskal Herrian batez ere udan sentitzen dugu. Udatik kanpo, hezetasun handiko egunak (euriak, behe-lainoak, langarrak etab) batez ere egun hotz edo freskoetan izaten dira, hezetasunak tenperaturan izan dezaken eragina gutxituz. Neguan haizea izaten da sentsazio termikoan eragina handiena duena.

Udan aldiz, tenperatura altuari hezetasun altua batzen bazaio, inguruneko hezetasun honek ez dio gorputzeko izerdiari lurruntzen uzten, bero sentsazioa handituz.

Taula honetan hezetasunak inguruneko tenperaturan sortu dezaken sentsazio termikoa ikusi daiteke.



Amaitzeko, ikusi duzue zenbat faktore eta gauzek duten eragina sentsazio termikoan. Faktore hauek ezagutzea garrantzitsua da, mendira igotzen garenean izango dugun egoera klimatologikoaren arabera modu batera nahiz bestera jokatzeko aukera emango digu eta, gure gorputzak sortu eta galtzen duen beroaren arteko oreka ahalik eta orekatuena izan dadin.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina