AZKEN 10 SARRERAK

2025/07/07

ZIORDIA: "MUGALARI" BIDEA, 365 m, 6a+. 2025/06/14

"Mugalari" bidearen hasieran jarritako plakatxoa.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Gezurra badirudi ere, bost urte igaro dira 2020tik. Nork esango zigun 2020an birus batengatik mundua geldituko zela. Osasun arloan lan egiten dugunontzat estres handiko garaia izan zen, psikologikoki eta emozionalki oso gogorra, eta egin zigun zauria sakona izan zen. Zauri hori pixkanaka sendatzen doan arren, uste dut uzten ari digun orbaina denbora luzean iraungo duela. Osasun arloaz gain, garai bat izan zen non, deskonfinamendua baretu ahala, ondo ikasi behar izan genituen noraino iristen ziren gure herrien, probintzien edo autonomia-erkidegoen mugak, isunik ez jasotzeko. Orduan, gure herrien, probintzien edo autonomia-erkidegoen benetako tamaina zein den eta muga horien barruan zenbat mendi gordetzen diren jakin genuen; nire herriaren kasuan, bat ere ez, jejeje.

Mugak noraino iristen ziren testuinguru honetan, 2020ko udazkenetik 2021eko negura bitartean, Antxon Gorrotxategik “Mugalari” bidea irudikatu eta ireki zuen, Egino eta Ziordiaren arteko harkaiztiko eskalada-bide luzeenetako bat. Eskalada-bide hau bi herri horien arteko mugatik doa, beraz, Araba eta Nafarroa artean; izan ere, azkeneko bilgunea bi herrien arteko mugan bertan dago. Bide hau irekitzerakoan, Antxonek esan zigun behin baino gehiagotan “mugalari” bat bezala sentitu zela, kontrabandoan ariko balitz bezala; hortik dator bidearen izena. Antxonen sentimendua ulertzen dut ez naizelako mugen aldekoa, geografikoak, sozialak, arrazazkoak, erlijiosoak, politikoak, fisikoak edo psikologikoak izan, uste dudalako pertsonen artean desberdintasunak eta banaketak sortzen dituztela batasuna eta elkartasunaren ordez, muga horren barruan dagoen taldeko kide zarenean izan ezik, nahiz eta taldea zuk bakarrik osatu.

Bidea errepikatu ahala, aldaera berriak ireki ziren, hala nola “Mugarri” orratzaren hegoaldeko aldaera eta plaka fosforitoen aldaera, Rafa Elorza eta Sergio Martinen eskutik, eta azken luzeko plaken aldaera, Juankar Sanzen eskutik.

“Mugalari” eskalatu zutenen artean erreferentzia hurbilena Josu eta Aitorrena zen. Bide hori udako egun bero batean eskalatzeko ausardia izan zuten, eta ausardia hori deshidratazio eta karranpen moduan ordaindu zuten. Josuri egun hartan zein gaizki pasa zuten “ahaztu” zitzaionean, bidea oso ona iruditu zitzaiola esan zidan, gomendagarria, eta plaka fosforitoen aldaera oso gogorra iruditu zitzaiola.

- Benetan ez duzuela oraindik “Mugalari” eskalatu? Hori konpondu beharra dago – esan zigun Antxonek harrituta, oraindik bidea eskalatu gabe genuela esan genionean -. Bertara joaten zaretenean abisatu eta zuekin joango naiz gida moduan, jejeje.

Horrela egingo genuela hitz eman genion, “baina hori bai, bide originalatik, eh?”, Antxonek zehaztu zigun bezala.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 365 metro.
- Luze kopurua: 10.
- Nork irekia: Antxon Gorrotxategik 2020ko udazkena eta 2021eko neguaren artean.
- Zailtasuna: 6a+. Luzez-luze: 1ºL: V (45 m), 2ºL: 6a+ (35 m), 3ºL: IV+ (35 m), 4ºL: III- (35 m), 5ºL: V (45 m), 6ºL: II (35 m), 7ºL: IV+ (35 m), 8ºL: 6a (40 m), 9ºL: III (40 m) eta 10ºL: IV+ (20 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ziordia herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Ziordiako ezproira hurbildu eta ezkerrean utziko dugu hartxingadi handi batera iritsiz. Hartxingadi hau eta ondorengo basoa alderik alde zeharkatu ondoren, bigarren hartxingadi bat zeharkatuko dugu, eta berriro basoan sartzerakoan, haritz baten enborrean bidera nondik iritsi adierazten duen karteltxo bat ikusiko dugu (10-12 metro gorago). Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 50 minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik jaisteko bidea puntu gorriz eta mugarriez adierazita dago. Bidearen amaieratik kotxea uzten den lekura ordu bete eta laurden minutu inguru pasako ditugu.
- Eramandako materiala: 60 metroko bi soka, luzera ezberdineko 14 express-zinta, friend eta artaka-trabagailu sorta eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta harkaitz-blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Lau ordu eta berrogeita bost minutu.

Ziordiatik bidearen oinera arteko ibilbidea deskargatu nahi baduzue:
Powered by Wikiloc

Bidearen amaieratik Ziordiara arteko ibilbidea deskargatu nahi baduzue:
Powered by Wikiloc

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak, urdinez "Pasabide" bidea.

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

Ekainak 14rako hitzordua jarri genuen, ekaineko egunak luzeak izaten direla aprobetxatuz. Ziordiara iritsi ginen bidearen krokisik begiratu gabe, ez baikenuen Antxon ondoan izatea baino krokis hoberik izango. Arratsalderako ekaitza iragarrita bazegoen ere, Antxonek bidea hirugarren luzetik aurrera edozein lekutan utz daitekeela esan zigunez, kezkarik gabe hasi ginen ibiltzen Ziordiako etxeen artean.

Ziordiako etxeen artean.

Ziordiako ezproiaren azpitik igaro ginenean, atentzioa eman zigun bigarren luzean dagoeneko kordada bat ikusteak. Goizeko zortzi eta erdietan herritik irten ginela kontuan hartuta, hormatik zintzilik zegoen kolore biziko kordada hori oso goiz ibilia zela ondorioztatu genuen. Ekainean eta udan, nahiago izaten dugu mendira goizean goiz joatea, eguzkia eta beroa nagusitzen hasi baino lehen kotxean bueltan egoteko. Zer esanik ez, egun hartan gertatzen zen bezala, ekaitza iragarrita badago.

Pasabide” bidea eskalatu genuenean bezala, Ziordiako ezproia pasa ondoren bi hartxingadi zeharkatu behar izan genituen “Mugalari”-ren oinera iristeko.

Bigarren hartxingadia zeharkatzen.

Bigarrena zeharkatu eta basoan sartu ginenean, haritz baten enborrean karteltxo bat ikusi genuen, “Mugalari” inskripzioarekin batera gezi bat duena:

- Karteltxo hau jarri nuen etortzen direnak gal ez daitezen – argitu zigun Antxonek -, bakarren bat bidearen hasieraren bila basoan galduta ibili zela esan baitzidan.

Argazki honetan haritzan jarritako karteltxoa ikusi daiteke.

Karteltxoaren geziak adierazten duen noranzkoari jarraituz, dozena bat metro igo ondoren, hormara iritsi ginen. Han, bidearen hasiera aurkitu genuen, “Mugalari” izena duen plakatxo batekin.

- Argazki kamera hartu dezu? – Galdetu nion Asierri materiala prestatzen ari ginen bitartean.
- Ekarri dezu?
- Bai.
- Ba ordun kotxen geatu da – aitortu zidan.
- Aibaaa!!! - erantzun nion -. Ba inporta ez bazaizue nik erdin eskalatuko dut, horrela argazkiak goitik eta behetik doanari aterako dizkiot.
- Ni gaurkoan atzetik joango naiz denbora osoan – esan zigun Antxonek -, orkatilan mina daukat azkenaldian eta ez naiz beretaz fidatzen.
- Bale, orduan ni aurretik joango naiz – amaitu zuen Asierrek.

Hiru kideko kordada baten abantaila handienetako bat argazki asko egitea gustatzen zaigunentzat da aukera ematen duela argazki horiek hainbat angelu eta tokitatik egiteko, bai aurretik eskalatzen ari denari (beste kordadakideak aseguratzen dion bitartean), bai atzetik doanari (edozein lekutan sokatik zintzilikatzeko aukera dagoelako argazkiak egiteko). Baina hala ere sentimendu kontrajarriak nituen; alde batetik, eskalada osoan soka gainetik edukitzeak lasaitasuna ematen zidan eskalatzeko eta argazkiak egiteko, eta, bestetik, bidea "bistara" ezin eskalatzeak kendu egiten zion eskaladari aurretik eskalatzeak dakarren tentsio berezi eta adrenalina hori.

- Lehenengo luzea, 45 metro V. Asier diedro itxura duen eta helduleku onak dituen plaka tente bat eskalatzen hasi zen, lehen parabolta jarrita dagoen erlaitz txiki batera igotzeko (IV+).

Argazki honetan Asierrek eskuin oina erlaitz txikian dauka; bertan dago luzearen lehen parabolta.

Erlaitzaren gainetik horma bertikal bihurtzen da metro batzuetan.

- Eskuinetik errezagoa da!!! – Esan zion Antxonek, horma zuzen eskalatzen hasten zuela ikusi zuenean – baina hortik ere eskalatu daiteke.

Metro bertikal horiek erditik eskalatuta (5b), horma zertxobait etzaten da, eta luzea arte baten enborrean jarritako soka batera zuzentzen da (IV+). Antxonek Asierri esan zion moduan, lehen metro bertikal horiek eskuinetik errazago eskalatzen dira, helduleku handiagoak daudelako. Hala ere, zailtasunari dagokionez, V inguruan mantentzen da.

Hasierako metro bertikalak eskalatu ondoren.

Harrigarria iruditu zitzaidan Antxonen oroimena, Asierri denbora osoan esaten baitzion non zegoen hurrengo asegurua, baita heldulekurik onenak non zeuden ere. Bitartean, argazki batzuk egitera joan nintzen, eta Asier nondik zebilen ikusi nuenean atentzioa eman zidan “Mugalari”-en lehenengo luzea ez dagoela “Pasabide” bidetik hain urrun.

Argazki honetan “Pasabide” (urdinez) eta “Mugalari” (gorriz) bideen nondik norakoak ikus daitezke. Asier zirkulu gorriaren barruan dago.

Hormaren gainean dauden zuhaitzetara iristean, Asier azkarrago mugitzen hasi zen, enbor batzuen inguruan sokak lotuta dituzten zuhaitzen artetik doan pasillo harritsu eta etzan batean zehar, horma bertikal batekin topo egin zuen arte (III). Orduan ezkerrera biratu eta bizpahiru metro ibili ondoren bilgunera iritsi zen.

Antxon bidearen hasieran.

Lehen bilgunean.

- Bigarren luzea, 35 metro, 6a+. Asierri luzean jasotako materiala ematen zion bitartean Antxonek bigarren luzearen inguruko azalpen eta zehaztapen guztiak eman zizkigun:

- Hasieran 6a eman nion luze honi baina errepikatu zen heinean 6a+ inguruan dagoela baieztatu zidaten – esan zigun -. A0 moduan eskalatu daiteke baina hala ere estutu behar da.

Asier bilgunearen gainetik dagoen hormatxora igo zen (III) eta friend-ekin ongi aseguratzen den diedro inklinatu bat eskalatu ondoren (IV), begi-bistatik galdu genuen.

Hormatxoa eskalatzen.

Diedroaren amaieran.

Tarte basotsu txiki bat erdi-oinez zeharkatu ondoren muntatuta dagoen harkaitz-zubi batetik aseguratu eta luzeari zailtasuna ematen dion hormaren aurrean aurkitu zen, arrail batetik eskalatzen dena (II+).

Handik aurrera bere abiadura zeharo moteldu zen. Antxonen segurtagailutik soka poliki pasatzen zen bitartean, arrail hori Dülfer teknikarekin (babariar teknika bezala ere ezaguna) eskalatzen zela kontatu zidan:

- Hormak denbora osoan ezkerretara botatzen zaitu eta oinekin oposizioa egin behar da ezker aldera ez erortzeko.

Bukaezinak irudituko zitzaizkion minutu batzuen ondoren, azkenean talkie-tik Asierren “reuniónnn!!!” hitza atera zen.

Gure txanda iritsi zenean, tarte basotsutik irten eta aurrean nuena ikusi nuenean ez zitzaidan hain gogorra iruditu.

- Pareta ematen duna baño bertikalagoa da – esan zidan Asierrek bilgunetik, pentsatzen ari nintzena asmatuz.
- Liberatu dezu? – Galdetu nion.
- Bai – erantzun zidan -. Pasoa azkeneko bi parabolten arten daula esango nuke.
- Ze onaaa!!!

Arraila hasten den lekura iristea ez zitzaidan asko kostatu (IV+), baina bere azpian jarri nintzenean gauza aldatzen dela argi geratu zitzaidan.

Arraila azpitik ikusita.

Arraila bi eskuekin hartu eta, Antxonek esan zidan moduan, Dülfer teknika erabiliz, pixkanaka igotzen hasi nintzen, ezker aldera ez erortzeko indarra eginez. Niri ere tarterik zailena azkeneko bi parabolten artekoa iruditu zitzaidan. Asierren animoen artean, arrailaren amaierara iritsi eta eskuin eskuarekin bere gainean dagoen helduleku onari eutsi arte ez nuen arraila eskalatutzat eman.

- Tomaaaaa!!! – Oihukatu nuen zoriontsu.

Orduan, Asierri abisatu ondoren, sokatik zintzilikatu eta Antxoni argazkiak egiteari eman nion. Eta Antxonek, estutu zuen arren, arazo handirik gabe eskalatu zuen diedroa.

Arrailaren hasieran.

- Ez dago gaizki 65 urteko zahar batentzat, ez? – Bota zidan irribarretsu nire parera iritsi zenean.
- Joer, gustatuko litzaidake 65 urtekin zu zabiltzan moduan ibiltzea – erantzun zion Asierrek bilgunetik.

Pasagunerik gogorrenean.

Luzearen pasagunerik gogorrena eskalatuta, eskuin aldera pasa behar da, gainean ikusten den harkaitz-zubi handi batera zuzenduz (IV/IV+), eta harkaitz-zubitik ezker aldera zeharkaldi erraz bat egin ondoren bigarren bilgunera iritsi ginen (IV-).

Bigarren bilgunea bertara iritsi aurreko harkaitz-zubitik ikusita.

- Hirugarren luzea, 35 metro, IV+. Asier soka batekin muntatuta dagoen eta bilgunearen gainetik urrun dagoen harkaitz-zubira zuzendu zen (IV-). Segururik gabeko tarte luze hau laburtzeko asmoz, friend bat trabatu zuen bilgunearen eta harkaitz-zubiaren artean.

Luzearen hasieran dagoen harkaitz-zubiaren parean.

Luzeak arteen artetik doan pasillo harrokatsu batetik jarraitzen du, harlauza txiki batera igo arte (IV).

Harlauza txikiaren gainean.

Harlauza txikitik (bertara igota nagoela ikus daiteke) beherantz egindako argazkia.

Harlauzaren gainetik, Asier begi-bistatik galdu genuen, luzeak inguratzen baititu bilgunearen gainean ditugun arteak, eskuinetik, sabai txiki batean amaitzen den eta helduleku onak dituen horma tente batetik (IV). Sabai txikia ezkerretik eskalatu zuenean (IV+), Asier bat-batean gelditu zen.

- Antxon, luzeak nondik jarraitzen du? – galdetu zigun talkie-tik.
- Sabai txikia eskalatu duzu?
- Bai.
- Orduan zuzen jarraitu beharrean, eskuinean daukazun horma eskalatu beharra daukazu – erantzun zion -. Zuhaitz txiki batean soka bat ikusiko duzu.
- Bale!!!

Asier Antxonek esandako horma eskalatzen hasi zenean, berehala iritsi zen enborrean soka bat lotuta duen zuhaitzera, denboraren eraginez kolorea galduta zuena. Oinean huntza duen horma hau eskalatu ondoren (IV), bilgunera iritsi zen.

Bilgunera iristeko eskalatu behar den horma azpitik ikusita. Argazkian enborrean soka duen zuhaitz txikia ikusi daiteke.

Zuhaitzan dagoen sokak kolorea galdu zuela eta Asierrek zalantzak izan zituen tokitik ongi ikusten ez zela ikusita, Antxonek soka zaharra kendu eta berri bat jarri zuen.

Antxon sabai txikiaren irteeran.

Laugarren luzea eskalatzeko prestatzen ari ginela, Antxonek eskuinean dagoen horma seinalatu zigun:

- Ikusten duzue Rösti-ren hirugarren luzeko arraila?

Berak adierazten zuen lekura begiratu genuenean, berehala ezagutu genuen horman zabaltzen den arrail nabarmena.

- Bide hau prestatzen ari nintzenetako batean ikusi nuen eta berehala pentsatu nuen hurrengo bidea handik joango zela – esan zigun.
- Beraz Rösti hemen jaio zen – esan zion Asierrek.
- Hori da, jejeje – erantzun zigun irribarretsu.

- Laugarren luzea, 35 metro, III-. Luze hau transiziozko luzetzat hartu daiteke. Asier bilgunearen gainetik erdi-oinez irten zen, ezproi itxurako baten ertzetik jarraituz.

Laugarren luzearen lehen metroetan.

Zinta bat eta soka bat (Antxonek soka berri batengatik aldatuko zuen geroago) duen hormatxo batera igo ondoren (II+), zuzen jarraitu zuen, parean dagoen orratzera zuzenduz. Belarra duen tarte motz bat erdi-oinez zeharkatu ondoren plaka inklinatu bat igo behar izan zuen bilgunera iristeko (III-).

Bilgunera iristeko igo behar den plaka inklinatua azpitik ikusita.

Laugarren bilgunea.

- “Mugalari” monolito honetan jaio zen – esan zigun Antxonek bilgunera iritsi zenean.
- Ah bai?
- Bai – erantzun zigun -. Bailaratik monolito hau ikusi nuenean, bertan luze bat ireki behar nuela ikusi nuen. Arazorik handiena bidea honaino nondik iritsiko zen eta hemendik aurrera nondik jarraituko zuen asmatzea izan zen. Eta honekin zorte handia izan nuen.

Antxonek eskalada-bideak sortzeko duen irudimena ikusgarria iruditzen zait. Berak apaltasunez zortea deitzen dion horri nik talentua deitzen diot. Irekitzen dituen bideen zailtasun-maila “ertaina” kontuan hartuta, hormak oso modu berezian begiratu behar dira maila horretako bideak irekitzeko.

- Bosgarren luzea, 45 metro, V. Bilgunearen gainetik dagoen plaka inklinatura igo eta bertan dagoen arrail handi batetik jarraitu ondoren, Asierrek eskuinerantz eskalatzen jarraitu zuen, muntatutako harkaitz-zubi bati jarraituz, gainean dagoen sabaia eskuinetik saihesteko asmoz (III).

Sabaiara zuzentzen.

- Sabaira igotzen zarenean sokak bere gainetik pasatu – iradoki zion Antxonek bilgunetik -, bestela sabaiaren azpian trabatu egiten dira.

Sabaia eskalatu ondoren. Hobe da, argazkian ikusten den bezala, sokak sabaiaren gainetik pasatzea.

Sabaira igo zenean, monolitoaren eskuinaldean dagoen helduleku oneko arrail bertikal bat eskalatu zuen (IV+) eta, ezkerreko joerarekin jarraituz, monolitoaren erdian dagoen erlaitz txiki batera igo zen (V-).

Arrail bertikala eskalatzen.

Arrail bertikala goitik ikusita.

Erlaitz txikiaren gainean. Asierren gainetik paraboltak ikusi daitezke.

Erlaitzaren gainetik, orratzaren erditik jarraitu zuen lehen metroetan (V), eta gero ezkerrerantz jo zuen pixkanaka, bilgunera daraman plaka tente baten oinera iritsiz (V).

Plaka tentearen oinean.

Plaka tente hau erditik eskalatuz (V), Asierrek ez zuen zailtasun handirik izan bilgunera iristeko.

- Plaka hau errazagoa da ezkerretik, IV+ edo – esan zigun Antxonek bertara iritsitakoan -, baina “de segundo” joanda erditik eman beharko diot, jejeje.

Bilgunera daraman plaka eskalatzen.

- Seigarren luzea, 35 metro, II. Laugarren luzea bezala, seigarren luzea ere trantsizio-luzetzat hartu daiteke, baina luzea ezin da arinki hartu, lehenengo metroetan eroriko bat izanez gero min handia egin baitaiteke. Horregatik, sokatik askatu gabe luzea egitea gomendatu zigun Antxonek.

Asier bilgunetik gora dagoen puntara igo zen (II) eta ezkerrera biratu ondoren gandor estu batetik jarraitu zuen beste punta batera igo zen arte (II+). Lehen metro horiek dira kontu handiz ibili behar direnak:

Gandor estuan. Eskuinean “Mugarri” orratzaren hego-horma ikusi daiteke, baita bertatik doan aldaerak (5b zailtasunekoa) jarraitzen duen ibilbidea eta parabolt bat ere.

- Hor harkaitz-zubi bat aurkituko duzu – esan zion Antxonek bilgunetik.

Harkaitz-zubiaren parean.

Puntan dagoen harkaitz-zubitik aseguratu zenean, Asier puntaren beste aldera igaro zen eta bertatik jaitsi eta oinez igotzen jarraituz “Mugarri” orratz ikusgarriaren ezkerretara (mendebaldera) jarri zen. Belarrak eta harkaitz-plaka etzanak tartekatuz, metro batzuk gorago dagoen bilgunera iritsi zen (II+). Deigarria da bilgunearen eskuinaldean dagoen ipuru bitxia, denborak, eguraldiak eta baldintza gogorrek okertu dutena forma ikusgarri eta eder bat emanez.

Seigarren bilgunea, Asierren eskuinean ipuru berezia ikusi daiteke, baita “Mugarri” orratzaren hego-hormako aldaeraren parabolt bat.

- Pasabide eskalatu genuenean eta Mugarri orratzaren atzeko tximinia ikusi genuenean, egunen batean hortik bakarren bat igoko zela pentsatu genuen – esan nion Antxoni bilgunera iritsi eta zazpigarren luzearen hasieran eskalatzen den tximinia ikusgarria ikusi genuenean.
- Ba kuarto mas besterik ez dauka – erantzun zigun -, eta gainera azpitik ireki nuen.
- Ez nuke sekula esango zailtasun hori izango zuenik – erantzun zion Asierrek -, azpitik ikusita behintzat.

- Zazpigarren luzea, 35 metro, IV+. Luze honen lehenengo metroak zein ikusgarriak diren ikusita, Antxonek Asierri aseguratzen zion bitartean, metro batzuk atzerago joan nintzen argazkiak egitera.

Luzea “Mugarri” orratzaren eta atzean duen gandorraren artean dagoen tximinia ikusgarria eskalatuz hasten da. Behin bere oinean dagoen zintan aseguratuta, Asierrek ez zuen zailtasun handirik izan pasagunea babesten duen paraboltera iristeko eta bertatik orratzaren puntara igotzeko (IV+). Pasagune hau, zaila baino gehiago, ikusgarria da, eta helduleku oso onak ditu “Mugarri” orratzaren horman. Hori bai, pasagune estua da, eta pertsona altua bada, ez da oso erosoa.

“Mugarri” orratzera igotzen.

Leku bera goitik ikusita. Argazkian tximinia zenbat estutzen den ikusi daiteke.

Urrats luze bat emanez, “Mugarri” orratzaren puntatik gandorrera pasa zen.

Gandorrera igotzen.

- Orain bi paraboltez muntatutako bilgune bat ikusiko duzu – esan zion Antxonek -. Aurrera jarraitu, bilgune hori Rafak eta Sergiok ireki zuten hegoaldeko aldaerarena baita.
- Bale – erantzun zion Asierrek.

Antxonen aholkuari jarraituz, express-zinta bat jarri zuen “Mugarri” orratzaren hegoaldeko aldaeraren bilgunean, eta gandorraren ertzetik jarraitu zuen.

Gandorrean. Bertan dauden puntak ikusi daitezke baita “Mugarri” orratzaren hego-hormako aldaeraren bilgunearen kokalekua ere (express-zinta jarrita dagoen lekua).

Gandorra hainbat puntaz osatuta dago eta ikusgarria da, tarteka estua, eta punturik altuena parabolt batekin aseguratutako punta batean du (III+).

Antxon gandorraren punturik, eta puntarik, altuenean.

Bertatik aseguratuz eta beste aldera kontu handiz pasatuz, Asierrek hori koloreak dituen horma batekin topo egin zuen, Rafak eta Sergiok “plaka fosforitoak” bezala bataiatu zutena. Orduan eskuinera jo zuen eta, parabolt batetik aseguratu ondoren, arte handi baten ondoan dagoen bilgunera iritsi zen (II).

Zazpigarren bilgunea. Argazkian bilgunera iritsi aurretik dagoen parabolta ikusi daiteke.

Antxonek esan zigun azken parabolt hori ez zela beharrezkoa, baina luzea nondik doan adierazteko Rafa eta Sergiori jartzeko eskatu ziela, inor ez nahasteko eta haiek “plaka fosforitoetan” ireki zuten aldaeraren bilgunean amaitzeko, gandorraren ezkerraldean dagoena.

Parabolta jarrita dagoen puntatik egindako argazki honetan, “plaka fosforitoetako” aldaerak jarraitzen duen ibilbidea ikusi daiteke (marrazkia Rafa Elorzak egina da). Inor ez nahasteko, “Mugalari”-ren bilgunea non dagoen ere adierazita dago.

- Zortzigarren luzea, 40 metro, 6a. Hasi eta berehala dago luzearen pasagunerik zailena. Hala ere, bilgunearen eskuin aldean dagoen harkaitz-bloke handiko paraboltetik aseguratu eta besoetatik tira eginez, Asierrek ez zuen zailtasun handirik izan pasagune hau eskalatzeko (6a).

- Aseguratu hor dagoen harkaitz-zubitik ere – gomendatu zion Antxonek -. Apropos jarri nuen, pasagunea A0 moduan eskalatu ahal izateko edo, eroriz gero, blokearen azpitik zintzilik ez geratzeko, nire semeari gertatu zitzaion bezala.

Harkaitz-zubitik express-zinta bat pasatu zuenean, Asier begi-bistatik galdu genuen.

Asier harkaitz-zubitik express-zinta eta sokak pasatzen.

Belarrez estalitako kanaltxo batean gora metro batzuk igo ondoren (III), kanaltxoaren eskuineko hormara igo zen, eta handik eskalatzen jarraitu zuen, erlaitz txiki bateraino (IV+).

Erlaitz txikitik beherantz egindako argazki honetan bertara igotzeko eskalatu behar den horma ikusi daiteke.

Erlaitz hori erdian arrail bat duen diedro bertikal baten oinean dago.

- Orain Midian eskalatzen diren diedro moduko bat eskalatuko du – esan zidan Antxonek, sokaren mugimenduari arretarik kendu gabe.
- Zaila? – Galdetu nion harrituta, 6a pasagunearen ondoren zailtasun guztiak amaitzen zirela uste bainuen.
- V+ inguru – erantzun zidan -, baina tximiniaren teknikarekin ondo eskalatzen da.

Diedroa azpitik ikusten denean, hotzikarak sortzen dituen horietakoa da, liburu bertikal erdi-ireki bat dirudielako. Eskuineko horma uraren eraginez leunduta dago eta bertan dauden helduleku urriak oso txikiak dira. Ezkerreko horman heldulekuak aurkituko ditugu, gorputza igo ahal izateko ezkerreko oina jartzeko. Oso ondo aseguratuta dagoen arren, aseguruen artean eskalatu beharko dugu; izan ere, bide osoan gehien estutu nuen lekua diedro hau izan zen, txminiak eskalatzeko dudan teknika ezagatik ziurrenik. Antxonek, berriz, oso erraz eskalatu zuela iruditu zitzaidan, izerdirik bota gabe.

Diedroaren amaieran dagoen sabaiaren azpira iritsi zenean (V+), Asierrek eskuineko hormara pasa zen sabai txikiago bat eskalatzeko (V+). Sabaia gainditu eta metro batzuk gehiago eskalatu ondoren (V), lepo itxurako leku batera iristean, bat-batean gelditu zen:

- Antxon, luzea orain nondik doa? – Galdetu zigun talkie-tik, non zegoen esan zigunean -. Nagoen lekuan badirudi ezkerrera doala baina ez dut muntatutako harkaitz-zubirik ikusten.
- Eskuineko hormara pasa behar duzu eta metro gutxi batzuetara harkaitz-zubi bat aurkituko duzu – erantzun zion.

Asierrek berehala aurkitu zuen Antxonek esandako harkaitz-zubia eta horma hori eskalatuta arazorik gabe iritsi zen bilgunera (V-).

Zortzigarren bilgunea.

Antxonek kontatu zidan Asier nahastu zen tokian logikak esaten duela ezkerrerantz eskalatzen jarraitu behar dela, baina handik jarraituz gero luzea oso itsusi geratzen zela. Horregatik, logikari desafio eginez, eskuinetik sartu zuen luzea. Zekarren materialarean artean errotuladore bat zegoen, harkaitzean gezi bat margotzeko, luzea nondik nora doan adierazteko, eta, horrela, inork nahasketarik ez izateko.

Antxon gozatzen, eskuinerantz hartu behar den lekuan, harkaitzean gezia margotu ondoren.

- Luze honetan ere logikak esaten du goraka irten beharko zela, baina hormari egindako argazkietan ikusi nuen eskuin aldera zeharkaldi bat eginez luze polit bat gera zitekeela – esan zigun bilgunera iritsi zenean -. Luze erraz bat da, III edo, baina oso ikusgarria, putre-habia asko dituen bobeda handi baten gainetik doalako.

- Bederatzigarren luzea, 40 metro, III. Asier horizontalki eskuinera irten zen bilgunetik metro batzuetara dagoen harkaitz-zubi batera iristeko (II+). Puntu horretan ere, gezi bat margotu genuen harkaitzean, zeharkaldiak eskuinerantz jarraitzen duela adierazteko.

Zeharkaldiaren hasieran. Harkaitz-zubiaren gainean margotu genuen gezia ikus daiteke.

Luzean dagoen bigarren harkaitz-zubira iritsi zenean (III-) gorantz eskalatzen jarraitu zuen, eta, bi arte txikiren artetik igaro ondoren, luzean muntatutako hirugarren harkaitz-zubira iritsi zen (III).

Antxon bigarren harkaitz-zubiaren parean, goraka eskalatzen hasi aurretik. Argazkian bi arte txikiak ikusi daitezke.

Handik aurrera, Antxonen azalpenei jarraituz, eskuinerantz jarraitu zuen zeharbidearekin, hormaren ertzetik pare bat metro beherago, muntatutako harkaitz-zubiei jarraituz, belarrez estalitako kanaltxo batera iritsi zen arte (III). Kanaltxotik igo ondoren (III-), bederatzigarren bilgunera iritsi zen, kanal nabarmen bat duen monolito baten azpian dagoena.

Bederatzigarren bilgunea kanaltxotik ikusita.

Antxon zeharkaldiaren amaierara iristen.

- Hamargarren luzea, 20 metro, IV+. Antxonek esan zigun azken luzearen jatorrizko ibilbidea monolitoa bitan banatzen duen kanaletik zihoala (III+), baina Juankar Sanzekin bidea errepikatu zuenean, Juankarrek monolitoa eskalatu zuela luzeak orain jarraitzen duen ibilbidetik.

- Luzea ia aseguratu gabe eskalatu zuen – esan zigun -, baina badaezpada bi parabolt eta iltze bat jarri nizkion.

Eskuinetik errazagoa bada ere, Asier monolitoa erditik eskalatzen hasi zen, lehen paraboltera iritsiz (IV+).

Lehen paraboltaren gainetik, iltzetik aseguratzen.

Iltzetik aseguratu ondoren, iltzearen gaineko harlauza handira igo zen ezkerretik (IV).

Argazki honetan iltzea ikusi daiteke.

Antxonek kontatu zidan bi paraboltak jarri zituenean iltzea kentzeko zorian egon zela:

- Baina uste dut ukitu erromantiko bat ematen diola luzeari, ezta?
- Zalantzarik ez izan!!! – Erantzun nion.

Harlauzara igota.

Azken bilgunera daraman plaka tentea ezkerretik ere errazago eskalatzen den arren, zuzen eskalatu genuen, bidearen azken metroei pikante pixka bat botatzeko (IV+).

Azkeneko plaka eskalatzen.

Monolitoa eskalatuta, bilgunea bere puntaren atzean dago, hormaren ertzean, Egino eta Ziordia arteko muga adierazten duen metalezko plakatxo batetik gertu.

Bidearen hamargarren, eta azken, bilgunean.

- Zer iruditu zaizue? – Galdetu zigun Antxonek bilgunera iritsi zenean.
- Oso ona – erantzun genion aho batez.
- Ondo aseguratuta dagoela uste duzue?
- Nik baietz esango nuke – erantzun zion Asierrek.

Jaitsieran, Antxonek Ziordiako bideak prestatzeko motxila astun batekin behin eta berriz igo duen bideari jarraitu genion. Lehenengo metroetan, azken luzeko monolitoa ezkerretik (jaitsieraren noranzkoan) inguratzen du eta hamargarren bilgunera iritsitakoan, puntu gorriak eta mugarriak jarraitu behar dira. Jaitsierak arreta eskatzen du lehen zatian, karst-gune bat zeharkatzen baitu; gero, nahiz eta erosoagoa izan, kontuz ibili beharko dugu puntu gorriak non dauden ikusteko.

Karst-gunean. Argazkian puntu gorrietako batzuk ikusi daiteke.

Jaitsieran, bidearen nondik norakoak komentatzen joan ginen. Bide zoragarria iruditu zitzaigun, eta kontuan hartuta Antxonek nola bilatu duen lerro egoki eta ikusgarriena, artelan bat, hain bide luzean hain lerro bikaina mantentzea oso zaila delako.

Hainbat urtez zain egon ondoren, azkenean “Mugalari” eskalatu genuen eta hiruoi aho zapore gozoa utzi zigun, aurpegietan genituen irribarreak ikustea besterik ez zegoen.

- Gaur asko gozatu dut.
- Baita guk ere – erantzun nion Antxoni agurtu aurretik -. Eta gainera gaur ere asko ikasi dugu zurekin. Eskerrik asko!!!!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina