AZKEN 10 SARRERAK
riglos etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
riglos etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2019/10/07

RIGLOSKO MAILOAK, "CORED" MAILOA: "OESTE CLASICA" BIDEA, 155 m, V+. 2019/08/27


"Cored" mailoa argazkiaren erdian, mailo "txikia" izan arren ikusgarria dudarik gabe.



Riglos jenderik gabe zegoen, izurrite batek jota izango balitz bezala. Furgonetak hilerrira doan aldapa neketsu igo ondoren, lurretik altxatutako hautsaren artean aparkalekuan gelditu zen. Erdi irekitako leihoetatik sartutako txitxarren burrunba zen kanpoan bizitza zegoenaren adierazle bakarra. Ateak ireki eta furgonetatik jaitsi ginenean beroak sekulako belarrondokoa eman zigun, oraindik uda amaitu gabe zegoela gogoratuz: “normala kalen iñor ez ibiltzea” pentsatu nuen.

Aukera ezberdinak baloratu ondoren "Cored" mailoko “Oeste clasica” bidea eskalatzea erabaki genuen, bide motza eta, zailtasunari dagokionez, ustez azkar eskalatuko genuena. Gauzarik okerrena? Duen orientazioagatik (mendebaldea) eguzkiak bete betean emango zigula.

HISTORIA PIXKAT

 "Cored" mailoa lehen aldiz 1953 urteko azaroan eskalatua izan zen. Eskalada honen egileek J. Vicente, A López (Cintero), P. Pacheco, J.F. Guaza eta R. Montaner izan ziren eta mailoari "Cored" izena jarri zioten Mariano Cored Agustín eskalatzailearen omenez. Huescako eskalatzaile klasiko hau “El Puro”-ren lehen saiakeran zendu zen.

Urte pare bat geroago, 1955an, P. Díaz, R. Motaner, A. Lacasta eta P. Molinak mendebal hormako tximini nabarmena eskalatuz mailo honetako bide klasikoa eskalatu zuten.

70garren hamarkadan eskalada bide zailak iritsiko ziren. Julio Ascaso eta Pedro Expósitok mendian hildako Miguel Lisbona mendizalearen omenez mendebaleko horman bide bat eskalatu zuten. 1977an Torrijo anaiek zailtasunari puntu bat igo eta horma berean bide berria irekiko zuten.

"Oeste clásica bidea" 1993an A. Santolaria eta M. Rufasek birrekipatu zuten.

Riglosko mailo txikietako batzuk, erdian "Cored" mailoa.


Mailotik jaisteko rappel bakarra egiteko, orain arte erabilitako 50 metroetako soka furgonetan utzi eta 60 metroetako bi soka hartu genituen. Honekin batera, eguzki eta beroaren efektua malgutu nahian, ordura arte hutsik eramandako kantinplorak bete, eguzkitako krema erruz eman eta eguzkitarako txapelak jarri genituen.

Material guztia prest, gertuko etxebizitza batetik iristen zen reggaeton "musikaren" zaratapean, lehen izerdi tantak bizkarretik behera erortzen hastearekin batera martxan jarri ginen.

Mailora hurbiltzeko jarraitu beharreko bidea "Aguja Roja" mailora iristeko bide bera denez, ez dut honen inguruko azalpen zehatzik emango.

"Cored" mailoaren hego horma eta bidearen oinera arte jarraitu beharreko bidea.


BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 155 metro.
- Luze kopurua: 5.
- Nork irekia: Pepe Díaz, Lacasta, Molina eta Rafael Montaner 1955 urtean.
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: V+ (35 m), 2ºL: IV+ (15 m), 3ºL: IV+/V (40 m), 4ºL: IV+ (20 m) eta 5ºL: III+ (20 m). Azken 25 metroak sokarik gabe betetzen dira, hasierako metro erraz batzuk eskalatu ondoren (II), mailoaren gailurrera oinez iritsiz. Parabolten artean eskalatu beharko dugu, hauen arteko tartea ez baita motza. Lehenengo bi luzeak batean eskalatu daitezke.
- Orientazioa: Mendebaldea, goizaren lehen orduetan itzalpean eskalatzeko aukera emango digu. Hau udan biziki eskertuko dugu.
- Ura: Riglos herrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Kotxea uzten den lekutik ordu erdi inguru.
- Jaitsiera: Mailoaren ekialdeko horman sabina handi eta zahar baten enborraren inguruan muntatutako rappel puntutik. 60 metroetako bi sokekin rappel batekin lurrera iritsiko gara. Ondoren mailoaren ekialdeko kanal harritsua jaitsiko dugu igoerako bidearekin bat eginez.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 12 express zinta eta zinta batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean eta lehen rappela egiterakoan oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu bete eta berrogeita bost minutu.

BIDEAREN KROKISAK

Ibilbidearen nondik norakoak.


Mendebal aurpegiko luzeetako krokis zehatza.


Hego aurpegiko luzeetako krokis zehatza.


DESKRIBAPENA

Bidearen oinera izerditan blai iritsi arren, sudurretik behera itogin moduan eroritako izerdi-tantek ez ziren gehien kezkatzen nindutenak. Kezkagarriena gorputzean sentitzen nuen neke sentsazioa zen, poliki igo arren, mailora arteko igoera ez bainuen eroso egin, hauspoa nahi baino gehiago berotuz. Goizean Panticosan eskalatzen nekea sentitu arren zerbait pasakorra izango zela pentsatu nuen.

- Arguibellen eskalatu genuneko sentsazio iguala dauket. - esan nion Asierri “Le petit Ramoneur” bidean pasatako bero izugarria gogora ekarriz.
- Gaur etzait iruitzen hainbesteko beroik itteonik – erantzun zidan soketako bat zabaldu eta arnesean lotzen zuen bitartean.

Asierrek nonbaiten irakurrita zuen hirugarren luzean putre batek urtero habia egiten duela, baina bidearen oinean eskalada debekatuta zegoela zihoen kartelik ikusi ez genuenez aurrera jarraitzea erabaki genuen.

- Txarrenen putrea badau bidea rappelau ta beste baten eskalauko deu.

Asierri material guztia ematearekin batera, eskuak magnesio hautsetan sartu eta eskalatzen hasi zen.

- Lehengo luzea, 35 metro, V+. Lehenengo metro bertikaletan dago luze eta bide osoko zailtasunik handiena. Hasierako boloak handiak diren arren, metroak irabazi ahala txikituz doaz. Asierrek metroak pixkanaka irabaziz zihoan bolo eta heldulekuen artean gorputzaren orekarekin jolastuz.

Luzearen lehen metroetan.


Hirugarren parabolta atzean utzi ondoren, harkaitz-bloke handi baten azpira iritsi zenean bat batean gelditu zen. Harkaitz-blokean luzearen laugarren parabolta jarrita dago eta bertara iristean dago luzearen pasabiderik gogorrena. Pasabidea errazteko harkaitz blokearen eskuineko harkaitz-zubi batetik kordel zuri bat pasata dago. Asier blokearen azpitik zertxobait ezkerrera bota eta, zuhurtasun handiz, hormaren pasabiderik gogorrena eskalatu zuen (V+), blokearen gaineko erlaitzera igoz.

Harkaitz-blokearen pasabidea eskalatu ondoren. Blokearen eskuinean kordel zuria ikusi daiteke.


Hemendik gora hirugarren luzea amaitu arte igoko genuen tximinian sartu zen. Tximinia hasierako metroetan inklinatua da eta metroak azkar irabazi zituen (IV+), sabina txiki baten enborraren azken aupadarekin erlaitz txiki batean muntatutako bilgunera iritsiz.

Katu oinak jantzi nituenean goizetik oraindik izerdiz hezeak izan arren,  hezetasunaren freskotasuna eskertu nuen. Hasierako horma ez nuen eroso eskalatu. Eskuak behin eta berriz magnesiodun poltsan sartzen nituen, izerdiaren aurka behin eta berriz borrokatuz. Bolo pare batek, amuarrain iheskorraren moduan, behatzetatik irrist egin eta erortzear izan nintzenean alarma guztiak piztu zitzaizkidan.

Teknika motxilan gorde, oinekin eskalatzea ahaztu eta konfiantza osoa esku eta besoen indarrean jarri nuen. Ez zen denbora luzea pasa behar izan aurreko egunetan metatutako nekea azaleratu eta besaurreak, azido laktikoz pilatzen hasteko. Indarrak agortu baino lehen, nahi baino gehiago estutuz, besaurreak gogor-gogor nituela horma hala nola eskalatu nuen.

Lehenengo bilgunean.


- Pufffff!!! Segi zu aurretio erdi petauta nauta.- Bota nion Asierri besaurreak astinduz. – goizen ustet gaurko indar guztik gastau dittutela.
- Oaingoa kuarto mas omen da. – erantzun zidan animatu nahian.
- Terzero bada ere igual zait, segi lasai.

Asierri materiala pasatu eta, bilguneran lekuak aldatu ondoren eskalatzen jarraitu zuen.

- Bigarren luzea, 15 metro, IV+. Luzea 5-6 metroetako hormatxo tente bat eskalatuz hasten da. Honen helduleku onak aprobetxatuz Asierrek di-da batean eskalatu zuen, zailtasunik gabe (IV+).


Hormatxoa eskalatu ondoren.


Asierrek eskalatzen zuen bitartean hormaren eskuinean zerbaitek atentzioa deitu zidan. Begirada zuzendu eta harrien artean, belar batzuen artetik uztaidun iltze zahar baten burua ikusi nuen: "deskuidau ezkeo 1955etio hemen dau" pentsatu nuen. Azkar-azkar argazki kamera atera, argazki bat egin eta kamera berriro ere zorroan sartu nuen begirada eta arreta Asierri itzuliz.

Iltze zaharra.


Hormatxoa eskalatuta, tximinia estutu eta "X" teknika erabiliz inklinatutako tximinia eskalatzen jarraitu zuen, metroak poliki baino seguru irabaziz (IV+). Begi bistatik galtzearekin batera arreta segurtagailutik ateratzen zen sokara zuzendu nuen, zizarearekin arrantzan aritzerakoan bezala, Asierren eskalada sokak helarazten zidan tentsioarekin jarraituz.

- Reunión!!!!

Bigarren bilgunetik behera egindako argazkia. Lehen bilgunea ezkutuan gelditzen da.


Sokak arnesetik tiraka hasi zirenean eskalatzen hasi nintzen. Luzea teknikoki zaila ez izan arren, eskalatzen hasi eta gutxira izerditan hasi nintzen eskuetako behatz bustietan konfiantza galduz. Magnesiodun poltsan eskuak lehortzeko adinako hautsik ez zegoela sentitzen nuen, eskuak behin eta berriz poltsan sartuz.

- Oain kontuz ibili sasik dare ta.

Gora begiratu eta Asierren azpian sasiak ikusi nituen. Tximinian hankak ongi zabaldu eta, sasien arantza zorrotzak ekidinez, azken metroak eskalatu nituen bilgunera iritsiz. Asierri express-zintak ematen nizkion bitartean gora begiratu eta gure buruen gainetik zerura zuzen-zuzen zihoan tximinia bertikala ikusi nuen. Tximiniaren bertikaltasunak zirrara eragin zidan baita, zergatik ez esan, beldur pixkat ere.

- Hoi kuarto mas da? - Galdetu nion Asierri zur eta lur krokisa begiratu ondoren.
- Hala jartzeo bai - erantzun zidan - baña gehio dala emateo.

- Hirugarren luzea, 40 metro, IV+/V. Luze honetatik zailtasunak baino parabolten arteko tarteak kezkatzen gintuen, Asierrek hauen arteko tartea luzea dela irakurrita zuen eta. Ideia hau burutik kendu nahiko balu bezala bilgunetik berehala atera zen, "X" teknika utzi gabe lehen metroak irabaziz (IV+).

Luzearen lehen metroetan.


Lehen metroen ondoren, bolo handi batera iritsi aurreko erlaitz txiki batera iritsi, buelta hartu eta argazki bat egin zidan.

- Oaingoz ez da zaile - esan zidan lasai asko argazki makinak "klik" egitearekin batera.
- No, no, no - erantzun nion behatza batera eta bestera mugituz - gaur gorputze eztau behar bezela, no,no,no.

"No,no, no...". Bigarren bilgunetik zintzilik.


Besoekin baino oinekin eskalatuz, bolo handia atzean utzi eta metro bertikalak poliki-poliki irabazten jarraitu zuen, parabolt bakoitzera iristea garaipen txiki bat bezala hartuz (IV+). Asierren eskalada, azkarra izan gabe, lasaia zen, dena kontrolpean zuenaren sentsazioa helaraziz.

Bolo handia atzean utzi ondoren.


Metroak eskalatzen zituen heinean tximinia makurtzen doa honen kanpotik eskalatzera behartuz (V). Konturatu nintzenerako nire gainean nuen, bertikalean, bere mugimenduak jarraitzea lepoko mina eraginez.

Tarteka gora eta, lepoari atseden emateko, tarteka behera begiratzen nuen bitartean, Asier tximiniaren amaierara iritsi zen.

Tximiniaren amaieran.


Tximinia eskalatuta, honen eskuineko horma inklinatura pasatu eta azken metro batzuk eskalatuz (IV+) hirugarren bilgunea kokatutako erlaitz zabalera iritsi zen.

Hirugarren luzea "Aguja Roja" mailoaren "Edil" bidearen bigarrena gogora ekarri zidan. Tximinia bertikal eta perfektua, oinak horma batean eta bestean jarriz eskalatu behar dena. Oinen azpiko amildegi sentsazioa izugarria da, behera begira geldituz gero erakartzen duen horietakoa. Luze honetan grabitatearen aurka borrokan ari nintzenaren sentsazio garbia izan nuen. Pena hain nekatuta egon izana, ez bainuen tximini honen edertasunaz behar adina gozatu. Tximiniatik irteteko zertxobait estutu ondoren bilgunera iritsi nintzen.

Tximiniatik ateratzen.


Neka-neka, izerditan blai eta katu oinak kentzeko gogoz izan arren, zoriontsu sentitzen nintzen. Gomendagarriena beharbada bidetik jaistea zela esaten zidan buruari jaramonik egin gabe eskalatzen jarraitzen nuela ikusteak pozten ninduen, nahiz eta eskaladaz ez gozatu. Aitzitik Asier fresko fresko ikusten nuen, sasoiko, eskaladaren esfortzuak beregan eraginik izango ez balu bezala.

Hirugarren bilgunean, "neka-neka, izerditan blai eta katu oinak kentzeko gogoz izan arren, zoriontsu sentitzen nintzen". Gazteleraz esaten den moduan "jodido pero contento,,," jejeje.


- Bueno gutxiñez putren kabie hutsik dau.

Asierren hitzek pentsakeretatik lurrera ekarri ninduten. Alde batera mugitu eta bilgunearen oinean putrearen habia ikusi nuen. Cromlech moduko harrien erdiko adar lehor eta luma zahar batzuk habia izandakoaren testigu isilak ziren. Ez arrautzen arrastorik ezta hezurrik ere, aspaldi zen putreak kumerik hazten ez zuela. Akabo putrearen kezka.

Putrearen habi hutsa.


- Laugarren luzea, 20 metro, IV+. Dagoeneko epeltzen hasitako kantinplorari trago batzuk ur bizi-bizi lapurtu eta bilgunean eroso jarri ondoren Asier eskalatzen jarraitu zuen.

Laugarren luzea bilgunetik eskuinera diagonalean eskalatuz hasten da harkaitz-zubi batetik pasatako altzairuzko kable batera zuzenduz. Bilgunetik gora zuzennean eskalatzen hasiz gero "Sendero Limitek" ireki eta ekipatutako "Vía del bolo" bidearen bosgarren luzea eskalatuko dugu, 6a zailtasunekoa.

Altzairuzko kabletik eskuinerako zeharkaldiarekin jarraitu behar da eskuineko ertzera iritsiz (IV+). Zeharkaldia zaila izan ez arren agerikoa da eta IV+ zailtasun maila zorrotz jarrita duela esango nuke.

Zeharkaldiaren amaieran, hormaren ertzean, hurrengo paraboltaren bila.


Une batez hurrengo parabolta non egongo zen begiratzen aritu ondoren, ertzetik eskuinera zeharkaldian jarraitu eta mailoaren hego aurpegira pasa zen.

- Hemen dau hurrengo parabolta!!! - oihukatu zidan zoriontsu, hego aurpegira pasa eta berehala dagoen erlaitzaren gainetik.

Hego aurpegira ateratzen.


Behin hego aurpegian, helduleku oneko horma inklinatua eskalatuz (III) bilgunera di-da batean iritsi zen.

Bilgunera iritsi aurreko horma inklinatua.


Luze hau ederra bada ere aspaldi zen kontzentrazioa eskaladan baino gorputzean nuen nekean nuela.

- Azkeneko luzea nik eskalaukoet. - esan nion Asierri bilgunera iritsi aurreko erlaitz txikitik.
- Ondo da!!!

Erlaitz txikian neke keinuak egiten.


Bilgunera iritsi, Asierri zintzilik zituen express-zintak "lapurtu" eta denborarik galdu gabe eskalatzen jarraitu nuen.

- Bosgarren luzea, 20 metro, III+. Bilgunetik gora zuzen eskalatzen jarraitu nuen erdian harkaitz-bloke handia duen zuhaixkara zuzenduz (III). Zuhaixka ezkerretik inguratu eta honen gaineko erlaitz txikian atseden hartzen gelditu nitnzen.

Erlaitz txikitik laugarren bilgunera egindako argazkia.


Erlaitz txikitik zertxobait eskuin aldera eskalatzen jarraitu (III) eta luzearen amaierako horma bertikalaren azpian kokatu nintzen.

"... horma bertikalaren azpian kokatu nintzen." Nire azpian harkaitz-bloke handia erdian duen zuhaixka ikusi daiteke.


- Bazpare oain kontuz ibili ze naun bezela deskuidau ezkeo eroi ingo naiz.

Eskuak azkenekoz magnesio poltsan sartu eta, horma bertikaleko helduleku onak aprobetxatuz, bidearen azken metroak gelditzen zitzaidan "duintasunik" handienarekin eskalatzen saiatu nintzen hormaren gaineko bilgunera iritsiz (III).

Bosgarren eta azken bilgunean.


Gertuago... horma bertikala ongi ikusi daiteke, baita harkaitz-bloke handia erdian duen zuhaixka ere.


Laugarren bilgunea bosgarrenetik ikusita.


Asier berehala iritsi gelditu gabe gora jarraitu zuen, 25 metro eskasen (hasieran II, gero oinez) ondoren mailoaren gailurrera iritsiz.

"Cored" mailoaren gailurrean.


Gure eskuinean "Aguja Roja" mailoa bere osotasunean ikusten genuen. "Cored" mailoaren itzala pixkanaka "Edil" bidea estaltzen ari zen, iluntasunak bidea eskalatzen ariko balitz bezala. Orduan bide hau eskalatu genuenean krokisik egin ez nuela gogoratu eta, Asierri esan ondoren, argazki makinak atera genituen mailoa goitik behera metrailatuz.

"Aguja Roja" "Cored" mailotik ikusita, parez-pare "Edil" bideak jarraitzen duen tximinia nabaria itzalpean ikusi daiteke.


Mailoaren gailurrean.


Argazki saioaren ondoren gailurraren bestaldera pasa eta ekialdeko hormara azaldu ginen sabina zahar baten enborraren inguruan muntatutako rappel puntua lokalizatzeko.

Rappela muntatzen...


... eta rappelaren lehen metroetan.


Rappelak 50 metro inguru ditu. 60 metroetako bi sokari ez badugu, bigarren rappel bat homaren erdian dagoen sabina handi baten enborrean muntatu daiteke. Sabinatik beherako metroak, horma makurtzen denez, txorizo baten moduan sokatik zintzilik rappelatzen dira. Komeni da hormaren azpitik kentzea rappelean ezinbestean harriak botatzen baitira.

Rappel erdiko sabinaren parean.


Sabinatik behera, soketatik zintzilik gelditzen den lekura iristen.


"Aguja Roja" mailoa, rappel-aren oinetik ikusita.


Mailoaren ipar horman honen mendebal hormaren oinera itzultzeko bigarren rappel bat muntatuta dagoela irakurri arren, ekialdeko harritzatik jaistea azkarrago izango zela pentsatu genuen. Bitan pentsatu gabe traste guztiak jaso eta harritzan behera hasi ginen.

A zer nolako jaitsiera kaskar eta ezerosoa, eneeeeee!!!!!! Alde bateko eta besteko zuhaixken adarrei eutsiz, tarteka erdi eskiatzen eta ipurdikoren bat edo beste izan eta gero, hautsez beteta, harritza osorik jaistea lortu genuen, metro gutxi batzuk beherago igoerako bidearekin bat eginez.

Harritzaren amaieran. A zer nolako lasaitasuna hartu genuen!!!!


Kotxera arteko itzulera ezustekorik gabe joan zela esatea gustatuko litzaidake. Fundamentuzko krokis bat egiteko helbururarekin argazki on baten bila hasi eta sasi artean galduta bukatu nuen. Hainbat sasi eta zuhaixken erditik pasa ondoren, hankak goitik behera urratuta, Asierrekin bat egin nuen. Eskerrak motxila berak jaitsi zidan!!!

- Holako lekuta galtza motxekin ezin da etorri.
- Bai horire gaur ikasiet - erantzun nion hanketako azkurari hala nola eutsiz - gutxiñez fundamentuzko argazkie indetela ustet behintzat, jejeje.

"Cored" mailoa arratsaren urre kolorekin argituta.


Furgonetara iritsi ginenean biharamunerako Peña Ruebako plana bertan behera utzi eta oporraldiei amaiera ematea erabaki genuen. Gosaltzeko erositako madalenak "afaltzen" genituen bitartean eguzkia Riglos eta Peña Ruebaren atzetik ezkutatuz joan zen, zerua eta hodeiak gorri koloreko mila tonalitatez piztuz. Azken izpiak zeruertzean ezkutatzearekin batera furgonetaren motorra martxan jarri zen.

Riglos tristura puntu batekin utzi nuen, bide eder bat nekearen eraginez ez nuelako gozatu. Asierri esan nion bezala, "bidea igo, igo det, baña eztet eskalau". Etxera iritsi ginenean bideaz ez gozatzearen sentsazioaren gainetik buru eta gorputzari gogor egin eta aurrera jarraitzeak sortutako sentsazio lasaigarria nuen nagusi, dutxan sartu eta ur beroak hanketako urratuak erretzen hasi zenean berehala alde egingo zuena, jejejeje. 

Egunaren azken argiek Riglos eta Peña Rueban eragiten.


KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA

- Agustín Ch., Carasol M. Riglos Vertical, 306-307. Madrid. Ediciones Desnivel, 2018.
- Guinda A. Guía de escalada de Riglos, Agüero y Foz de Escalete, 146-160. Zaragoza. Prames Editorial, 2004.


2019/07/01

RIGLOSKO MAILOAK, ORRATZ GORRIA: "EDIL" BIDEA, 105 m, V. 2019/06/22

Kronika hau beste honen jarraipena da...

“Edil” bidearen oinera iritsi ginenean atsedena hartu eta, bide batez, jan eta edateko aprobetxatu genuen. Motxilak ezpel artean utzi eta begiradak gora zuzendu genituen. Lurretik zerura zuzen-zuzen doan tximiniak atzeraka egiten du: “joer, hau bai dela bertikala!!!” bota nien. Denbora zen Josu eta Asierrek bide honetan egindako saiakeratik. Orduan bigarren bilgunetik ziztu bizian jaitsi behar izan ziren ekaitz bortitz batetik ihesi.

Bide osoa itzalpean, eguzkitarako krema motxiletan uztea erabaki genuen: “azkenen alperrik ekarri deu, jejeje”. Hartutako atsedenaren ondoren, Asierrek beharrezko materiala hartu eta eskalatzen hasi zen: “ea oaingon zemuz dijon” esan zigun lehen metroen ondoren. “Oain arte bezela badijo, seguru ondo dijola” erantzun nion.

“Edil” bideak "Orratz Gorria"-ren ipar-mendebaldeko horma goitik behera erdibitzen duten tximinia bertikal eta nabarmenak jarraitzen ditu. Bideak galtzeko arriskurik ez dauka tximiniak bata bestearen atzetik eskalatzen baitira. Eskaladaren aldetik, oso bertikala eta ikusgarria da, tarteka behera begiratzeak ere bertigoa sentiarazten duena, metroak irabazi ahala oinen azpian izugarrizko amildegia irekitzen baita. Balentria handia Alberto Rabadá eta Ángel Sánchez “Cintero”-rena 1957an bide hau irekitzean, are eta gehiago modu askean eskalatu zutelako, iltze gutxi batzuk jarrita. “Edil” izena Alberto Rabadáren marka erregistratua da, Edilberto izenaren goitizena.

Bide honetara nondik nora hurbildu jakiteko hemen klik egin dezakezue.

"Cored" Mailoa (ezkerrean) eta "Orratza Gorria" (eskuinean). "Edil" bidea bigarren honen ipar-mendebaldean dago.


BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 105 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Alberto Rabadá eta Ángel López “Cintero” 1957ko ekainaren 2an. 1999ko urtean Á. López eta F. Orús-ek berrekipatu zuten.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (30 m), 2ºL: V (30 m), 3ºL: V (30 m), 4ºL: IV (15 m). Zailtasuna ez da gutxietsi behar oso zorrotz jarrita baitago. Gure uste apalean lehenengo luzea V eta laugarrena IV+ zailtasunetik gertuago egon daitezke. Hau gutxi ez bada, parabolten artean eskalatu beharra dago, hauen arteko tartea ez baita motza.
- Orientazioa: Ipar-mendebaldea, eguerdira arte gutxienez itzalpean eskalatzeko aukera emango digu. Hau udan biziki eskertzen da.
- Ura: Riglos herrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Kotxea uzten den lekutik 20-25 minutu.
- Jaitsiera: Orratz gorriaren "Ohiko Bidea" rappelatuz. 60 metroetako bi sokekin lehenengo rappel batekin bigarren bilgunera eta bigarren rappel batekin lurrera iritsiko gara.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 15 express zinta eta zinta batzuk bilguneetarako. Lau friend eraman genituen ez genituen erabili. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean eta lehen rappela egiterakoan oihuka ez aritzeko. Bilgune guztiak uztaidun bi paraboltez osatuak daude azkenekoa ezik. Azkenekoa, sabina baten ingurutik pasatako altzairuzko zirgaz osatua dago.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta berrogeita bost minutu.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen krokis zehatza.


DESKRIBAPENA

- Lehengo luzea, 30 metro, IV+/V. Luzea hormaren azpian liburu irekiaren itsurako diedro zabalean hasten da, honen erdiko arrakalaren ezkerretik hain zuzen ere. Diedroa pixkanaka tentetuz eta estutuz doa tximinia itsura hartu eta bertikal bihurtu arte (III+/IV). Lehenengo metro hauek Asierrek lasaitasun osoz eskalatu zituen, kontzentratuta, hormara itsatsitako harri ezberdinen artean ziurtasun handiz murgilduz.

Luzearen lehen metroetan, liburu irekia eskalatzen.


Diedroak tximini itsura hartu eta bertikaltasuna nagusitzen hasten denean hankak ireki eta, “X” moduan, oinak tximinia osatzen duten bi hormetako harkaitzetan jarriz eskalatzen jarraitu zuen (IV+).

Oinekin eskalatzen.


Asierren mugimenduak kontu handiz jarraitzen genituen: “joer gora beidatzetio lepoko miñe ta dena jartzen ai zait” esan nion Josuri. “Bertikala den señale” erantzun zidan, “bide etzanetan etzaigu lepoko miñik jartzen, jejeje…”.

Tximinia estutzen den lekuan.


Bilgunera iritsi aurretik tximinia estutu eta bertan kateatutako izugarrizko harkaitz batek bidea ixten du.

Argazki honetan Asierren gainean tximinia ixten duen harkaitz handia ikusi daiteke.


Asier harkaitzak osatzen duen sabaiaren azpian kokatu eta, oinak ahal izan zituen guztia altxatuz, sabaia eskuinetik eskalatu zuen (V), honen gaineko erlaitzeko bilgune erosora iritsiz.

Lehen bilgunean.


“Aurrekon eskalau genunen baño errexago iruittu zait” bota zigun bilgunetik. “Seguro gehio darela emateo…”. “Eo zure fuertego zare!!” erantzun nion azpitik.

Lehen bilgunea.


Lehen luzea zuhurtasun handiz eskalatu nuen. Tximiniako harri batzuk leunduak izan arren katu-oinek ongi eusten zuten, eskalada asko erraztuz. Beharbada aurretik Orratzaren “Ohiko Bidea” eskalatu genuelako edo, tximinia uste baino zailtasun gutxiagorekin eskalatu nuen. Sabaian aldiz, makurtua izanda, besoetatik zertxobait tira egin behar izan nuen. Sabaiak helduleku oso onak zituela iruditu zitzaidan. Pasabide honetan errazena sabaitxoaren ezkerreko arrakalatik zertxobait eskalatzen hasi eta, eskuin oina altxatu ondoren, eskuineko arrakalara pasatzea da.

Josu sabaiaren azpira iristen.


- Bigarren luzea, 30 metro, V. Lehen bilgunetik gora begiratzerakoan bigarren luzeaak zirrara eragiten du: “hortik igo behar gara?” izan daiteke burura etorritako galderetako bat.

"Hortik igo behar gara?"


Josuk Asierren soberako express-zintak hartu eta eskalatzen jarraitu zuen. Hankak zabalduta, metroak poliki-poliki irabaziz zihoan, harriak botatzeko beldurrez, arrautzez estalitako zoruaren gainetik murgiltzen ariko balitz bezala.

Tximiniaren lehen metroetan eskuak magnesio hautsetan hautseztatzen.


Lehenengo luzearekin alderatuta, tximinia bertikalagoa eta oinen azpiko amildegi sentsazioa izugarria da. Josuk metroak irabazten zituen heinean sokak ez zuen hormarik ukitzen eta, zerutik zintzilik, zuzen-zuzen iristen zen Josuren arnesetik Asierren segurtagailura.

Luzearen erdia baino gehiago eskalatua dagoenean tximinia estutu eta horma bertikaltasunetik zertxobait makurtua izatera pasatzen da. Josuk, zailtasunik ikusi izan ez balu bezala, oinak tximiniaren bi aldeetara atera eta pasabide honen helduleku ederrak aprobetxatuz erraztasun handiz eskalatu zuen (V).

Luzearen pasabide gogorra erraztasunez eskalatzen.


Pasabidetik gora tximiniak orain arte bezala jarraitzen du, bertikala eta estua, baita helduleku ederrekin ere. Bilgunea tximiniaren amaierako erlaitz eroso batean kokatuta dago.

Bigarren luzeko tximinian murgilduta.


Bigarren luzearen pasabide gogorraren oinean.


“Beheraka beitzen ai zea?” galdetu zidan Asierrek pasabide gogorra atzean utzi ondoren. “Bazpare ez, jejeje” erantzun nion “nere azpiko mundue hanketan bukatzea…”. “Nire ez pentsa, momentu baten behera beitu ta inpresioa indit” erantzun zidan.

Bigarren bilgunera iristen.


Izagirre anaiak bigarren bilgunean.


- Hirugarren luzea, 30 metro, V. Bilgunetik atera eta pixkanaka ezkerrera jo behar da gaineko diedro/arrailera zuzenduz (IV).

Ezkerrerako zeharkalditxoa egin ondoren, diedrora sartu aurretik.


Zailtasun handirik gabeko metro hauen ondoren diedroa estutu eta zertxobait makurtzen da. Asierrek hankak ireki eta diedroaren erdiko arrakala azpitik aztertzen hasi zen pasabide hau eskalatzearen misterioa argitu nahian.

Hirugarren luzeko pasabidearen nondik norakoak asmatu nahian.


Pasabidearen sekuentzia argi zuenean eskuak magnesiotan hautseztatu, gehiegizko magnesioa kentzeko eskuak astindu eta eskalatzen jarraitu zuen. Makurtua egonda, arrakalak zertxobait atzeraka egiten du. Arrakalaren barruko heldulekuei eutsiz, oinak pixkanaka igotzen joan eta gorputza arrakalan sartu zuen nolabaiteko oposizioa eginez. Zentimetroak irabaztearekin batera eskuin oina arrakalan sartuz luzearen pasabiderik zailena eskalatu zuen (V).

Arrakala eskalatzen.


Arrakala atzean utzita, hemendik gorako tximinia bertikala eskalatzen jarraitu zuen (IV+) honen gaineko erlaitz erosoan kokatutako bilgunera iritsiz. Asierren eskalada pausatuaz gozatzen ari ginela atzera begiratu eta putre bat gugana zuzen-zuzen zetorrela ikusi nuen. Josuk ere erreflexuz atzera begiratu eta pixkanaka abiadura hartzen zihoan hegaztiaren intentzioak zein izango ziren adi-adi begira gelditu zen. Bilgunera iristear zegoela hankak atera eta, bere jomuga gu ginela sinestuta genuenean, hegoak okertuz hegaldia biratu eta bilgunetik 8 metro inguru eskuinerago gelditu zen. Begi-bistan ez genuen arren hots arraro batzuk entzuten hasi ginen: “hoi kumea da” esan zidan Josuk begirada berriro ere Asierri zuzenduz. Ama gosariarekin etxera itzulita zegoen.

Hirugarren bilgunea.


Luze honetako pasabidea zaila baino ezerosoa iruditu zitzaidan, beharbada gorputza ongi kokatu ez eta arrakalan sartuta eskalatu nuelako. Josuk aldiz arrakalaren zertxobait ezkerreragotik eskalatuz errazagoa eskalatu zuen. Kronika batzuetan pasabide honi V+ zailtasuna ematen dioten arren, Josuk berak eskalatutako lekutik V zailtasuna duela esatea ongi legokeela esan zigun.

Josu hirugarren bilgunera iristen, behean Orratz Gorriaren itzala ikusi daiteke, baita "Pecholobo" bidea eskalatzen ari zen sokadan aurretik zihoana ere.


- Laugarren luzea, 15 metro, IV/IV+. Luzearen lehen metroetan horma bertikala da eta nahiz eta "Riglos Vertical" liburuko krokisean IV zailtasuna duela azaldu, IV+ zailtasuna azalduko balitz ere ez zen astakeria izango. Hau gutxi ez bada pasabidea babesten duen parabolta ez dago gertu, eskalada “interesgarriagoa” bihurtuz, jejeje. Zailtasunak zailtasun, Josuk lehen metro hauek erraztasun osoz eskalatu zituen, ia gelditu gabe, horma hau mila aldiz eskalatua izango balu bezala.

Luzearen lehen metro bertikalak eskalatu ondoren.


Zaharra eta berria, iragana eta oraina, historia eta unea, ilunabar eta egunsentia argazki berean.


Lehen metro tente hauen ondoren horma inklinatuz doa (III/IV), inklinazioa ia erabat galdu arte. Azken metro erraz batzuk eskalatu (kontuz hemen harri askeak daude eta) eta Josuk sabina baten enborraren inguruan jarritako altzairuzko zirgan bilgunea muntatu zuen.

Luzearen zailtasunak amaituta, bilgunera zuzentzen.


“La ostia da zapaltzen ai gean harrik Rabadá beak zapaldutakok izatea, ezta?” esan nion Asierri pixkanaka zabaltzen ari zitzaidan emozioari ezin eutsiz. “Kuriosoa, historia haundiko bidek die hok” erantzun zidan eskalatzeari utzi gabe.

Azken luzearen zati bertikalenean.


Laugarren, eta azken, bilgunea.


Bilgunetik askatu eta "Orratz Gorria"-ren gailurrera bigarrenez igo ginen. Inguruko haitzetatik janari bila ateratako putreek zeru urdina urratzen hasitako hodei sakabanatuak zeharkatzen zituzten, gure inguruan elegante eta axolagabekeriaz bueltak emanez. Zoriontasun sakon baten menpean nengoen: Riglosko bide historikoetako bat eskalatu berria nuen, uste baino gutxiago estutuz eta, beharbada hau zen garrantzitsuena, behetik goraino biziki gozatuz. "Orratz Gorria"-ren gailurrean, Riglosen eskalatutako zoritxarreko lehen aldi hura haizeak eramana zuen betirako.

Bigarrenez "Orratz Gorria"-ren gailurrean.


Argazki pare bat egin, rappela muntatu eta, “Ohiko bidea” eskalatu genuenean bezala, rappel pare batekin berriro ere lurrean geunden.

Lurrera itzultzen...


Motxilak jaso genituenean zalantzan izan ginen hirugarren bide bat eskalatu edo bazkaltzera joan baina, azkenean urdailak buruari irabazi eta, egokiena mahai inguruan gaurko eskaladak bazkari eder batekin ospatzea zela erabaki genuen, baita ondo erabaki ere, jejeje!!!!

Jaitsiera, igoera bezala, lasai hartu genuen, eskaladan bizi eta sentitutakoari barrenean txertatzeko denbora emanez. Momentu oro gelditu eta atzera begiratzen genuen, gurekin batera ondoko “Pecholobo” (105 m, 6c) bidea eskalatzen hasitako bikotearen aurrerapenak ikusteko. Eskaladan zehar sokada honen hegaldietako oihuak behin eta berriz entzun genituen arren jada azkeneko luzera iristear zeuden, poliki-poliki, ausardiaz, hormari metroak irabaziz. Eskaladan ausardia une labur batek denbora luzean iraun dezaken bake sentsazioa sorrarazi dezake.

Ausardiaren baitan hausnarketan ari nintzela begirada sokadaren ezkerrean erdi-ezkututako tximini bertikalera zuzendu zitzaidan, “Edil” bidearen hirugarren luzean eskalatu genuena. Begiak itxi eta duela hirurogeita bi urte Rabadá eta “Cintero” hortik igotzeko izandako ausardia zenbaterainokoa izango zen imajinatzen saiatu nintzen, aurretik inor pasa gabe, tximinietako harrien egoera ezagutu gabe gora jarraituz.

"Cored" Mailoa eta "Orratz" Gorria. Bien artean ikusten den orratz fina "Gómez Laguna" orratza da.


"Orratz Gorria" gertuago. "Pecholobo" bidea eskalatzen ari zen sokada eta honen ezkerrean "Edil" bidearen hirugarren luzeko tximinia ikusi daitezke.


Furgonetara iritsi ginenean Mailoei begira denbora luzean izan ginen, erlojuari begiratu gabe, minutuak kontatu gabe. Horma bertikal horietan duela hirurogei urte eskalada bideak ireki izana ausardia eta konpromiso handiko lanaren fruitua izan zen inongo zalantzarik gabe. Egungo materialarekin zer egingo zuten? Inorrek ez daki. Asierrek esan zidan bezala “dudaik gabe garai hartakok beste pasta batekok zien…”.

Ya lo creo…

Riglos herri eta Mailoak. Leku ikusgarria inongo zalantzarik gabe.


Bi anaiak proiektu berrien bila...


... Alberto Rabadá eta Ernesto Navarro bere garaian izan ziren bezala... Argazki hau Desnivel.com web orritik hartuta dago, hemendik hain zuzen ere.


KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Agustín Ch., Carasol M. Riglos Vertical, 326-327. Madrid. Ediciones Desnivel, 2018.
- Planas A., Planas D. Rabadá Navarro. Sus vidas, su técnica y sus vías actualizadas. Cuarte (Huesca). Barrabes Editorial, 2002.
- A0avista bloga. Normal a la Aguja Roja, reseña y croquis. Eskuragarri: http://a0avista.blogspot.com/2010/12/normal-de-la-aguja-roja-riglos-resena-y.html
- Wikipedia. SAxifraga Longifolia. Eskuragarri: https://es.wikipedia.org/wiki/Saxifraga_longifolia


Alberto Rabadá eta Ernesto Navarroren oroimenez Riglosen altxatutako oroitarria, omenaldi ederra bi eskalatzaile handi hauentzat.