AZKEN 10 SARRERAK

2019/09/29

PANTICOSAKO BAINUETXEA: "TERCERA VIA DEL NANO" (bide erdia), 115 m, V+ ETA "ESCALERA DE COLOR", 110 m, V+, BIDEAK. 2019/08/27

Hamar ordu eta erdi pasatxoko ibilaldiaren ondoren Pico Serratoren ipar gandorra eskalatua genuen, oporraldietako ametsik erakargarriarena. Goitik behera indarberritu gintuen dutxa beroaren ondoren, egunetako bizarra moztu, arropa garbia jantzi eta afaltzera joan ginen.

Casa de Piedra aterpean lau katuk afaldu genuen. GR-11 ibilbidea osatzen ari ziren mahaikideen kontaketa izan zen entzundako hizketaldi bakarra. Hiru egunetako eskalada jarraituaren ondoren begirada muturraren aurrean jarritako oilasko izterrean nuen, mahaikideen hitzetik urrun, beharbada galderarik gabeko erantzun baten bila, beharbada nekearen eraginez begirada galdua nuelako besterik gabe. Lo-zakuetan sartu eta furgonetako argiak itzali aurretik, biharamunerako euria iragarrita zegoela ikusita, iratzargailuei atseden eman eta goizaren argitasunarekin esnatzea erabaki genuen.

Iragarpenek bete betean asmatu eta asteartea triste esnatu zen, kolorerik gabe. Aparkalekuan ez zebilen inor, jendea beranduago iritsiko zen euriaren zain egongo balitz bezala. Mediterraneo itsasora arteko gauzez betetako motxila astunen azpian uzkurtuta, afariko mahaikideak furgonetaren aurreko kristaletik pasa zirenean, lo-zakuetatik ateratzea erabaki genuen.

- Aplikaziok esateo eguerdiarte eztola ebiik inbehar – esan zidan Asierrek telefonoari begira – igual zeoze ittea badeu.

Leihoetatik begiratu eta lurra lehorra eta zerua zuri zegoen, erlieberik gabe, ekaitz arriskurik gabe. Orduan Panticosako bainuetxeko lehen eta bigarren horman zer edo zer eskalatzeko denbora izango genuela kalkulatu genuen. Egun pare bat lehenago “Vía del Nano” (100 m, V edo IV+/Ae) eta Espolón del Rebollón” (110 m, V+ edo IV+/Ae) bideak eskalatuta, gosaltzearekin batera “Tercera vía del Nano” (115 m, V+), “Escalera de color” (110 m, V+) eta, bide honen ondotik rappelatu ondoren, beharbada “Boletus” (110 m, 6a edo IV+/Ae) bidea ere eskalatzerik izango genuela pentsatu genuen. Bide hauek guztiak, nola ez, "Sendero Límite" taldekoek ireki eta ekipatutakoak dira.

Panticosako bainuetxeko lehen eta bigarren horman "Sendero Límite" taldekoek ireki eta ekipatutako eskalada-bideak.


Bideen artean arin ibiltzeko motxilak hustu eta eskalatzeko materiala eta haize-kontrako txaketak bakarrik sartu genituen. Furgonetatik irten ginenean euriaren aurkako lasterketa martxan jarri zen. Nork irabaziko zuen?

Tic-tac-tic-tac-tic-tac…

Eskalatu nahi genituen lehenengo bi bideen nondik norakoak. "Tercera vía del Nano" bidea gorriz margotua dagoen arren, nahigabe "Supernano" bidearen azkeneko bi luzeak eskalatu genituen, urdinez margotua daudenak, hain zuzen ere.


"TERCERA VIA DEL NANO" BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 115 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Lucas Morale, Julio Benede eta Luis Royok 2019an.
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: V+ (35 m), 2ºL: V (30 m), 3ºL: V+ (25 m) eta 4ºL: III (25 m). Gu bigarren luzean nahastu eta "Supernano" bidekoa hirugarren (IV+, 20 m) eta laugarren (IV, 25 m) luzeak eskalatu genituen.
- Orientazioa: Hego ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Casa de Piedra aterpearen atzeko horman iturri bat dago.
- Hurbilketa: Casa de Piedra aterpearen atzeko zelaigunetik antena batera zuzentzen den belarrezko pista bat jarraituko dugu. Antenara iritsi aurretik eskuinera doan bidexka jarraitu eta maldatxo bat igo ondoren hormaren oinera iritsiko gara. Casa de Piedra aterpetik 5 minutu inguruan bidearen oinera iritsiko gara. Bertan, lehen paraboltetik zintzilik bidearen izena duen zinta topatuko dugu.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik ezkerrera jotzen badugu, lehen horma inguratuz oinera 5-10 minutuetan iritsiko gara.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bakarra, luzera ezberdineko 12 express zinta eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko, batez ere ondoko bideetan sokada gehiago badaude.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Berrogeita bost minutu.

Bidearen lehen paraboltetik zintzilikatutako zinta.


"TERCERA VIA DEL NANO" BIDEAREN KROKISA

Bidearen krokis zehatza guk eskalatu genuen bezala. Beltzez margotutako bide eta bilguneak "Tercera vía del Nano" bidearen hirugarren eta laugarren luzekoak dira.


DESKRIBAPENA

Hurbilketa arin egin genuen, lurrera baino zerura gehiago begiratuz.

- Gaur nei tokatzen zait!!! Jejejeje – esan nion Asierri bidearen oinera iritsi eta motxilak lurrean utzi genituenean.

Arnesa, kaskoa eta katu-oinak jantzi, 12 express-zinta zintzilikatu eta motxila gorputzera sendo estutu ondoren, lehenengo metroak aztertzen nituen bitartean, eskuak magnesio hautsetan sartu nituen.

- Lehengo luzea, 35 metro, V+. Eskalatzen hasi aurretik hain ausart botatako eskaintzaz damutzen hasi nintzen hormari begira jarri nintzenean. Azpitik ikusita burura etortzen den ideia “hor estutzea tokau behar zait” da. Luzearen lehen metroek horma bertikal batek betetzen ditu, goiko zatian aldiz, arrail makurtu bat eskalatu behar da. Gehiegizko magnesioa kentzeko eskuak igurtzi ondoren eskalatzen hasi nintzen.

Luzearen lehen metroetan, nahiz eta bertikalak izan, helduleku onak daudenez, zailtasunik gabe eskalatu nituen (V) makurtutako arrailaren azpira iritsiz.

- Asuntoa hemen hastea – bota nion Asierri eskuak berriro ere magnesio hautsetan sartuz.

Arrailak errespetua sortu arren helduleku onak zituela ikusi nuen. Esku eta besoetatik gorputzaren pisua eusten nuen bitartean oinen kokalekua aldatuz joan eta, laktatoak indarrari irabazi aurretik, zentimetroak pixkanaka irabazi nituen, Asierren animoen artean luzearen laugarren parabolt salbagarrira iritsiz. Uste baino errazago eskalatu arren, lehen aldiz besoetan lau egunetako eskalada jarraituaren nekea sentitu nuen.

Horma bertikala eskalatu ondoren.


Besoak ederki berotu zizkidan sarrerako pasabide honen ondoren horma metro batzuetan inklinatzen da (IV), bilgunera iritsi aurretik etzanez (III). Bilgunea arrail bertikal eta nabarmen batean kokatuta dago.

Lehenengo bilgunean. Nire eskuinean bigarren luzean eskalatzen den arrail bertikala ikusi daiteke.


- Bigarren luzea, 30 metro, V. Bigarren luzea bilgunetik gora bi paraboltez babestutako arrail bertikala eskalatuz hasten da. Helduleku txiki batzuetatik tiraka, Asier arrailaren erditik eskalatzen hasi zen, normalean baino polikiago, normalean baino zailtasun gehiago azalduz.

- Aurreko luzeko pasoa baño gehio kosta zait – esan zidan arraila eskalatu zuenean (V).

Arrail bertikala eskalatu ondoren (V).


Arrailetik gora hormak berriro ere bertikaltasuna galdu eta inklinatzen da. Zati honetan metroak arin irabazi zituen (III+) “reunión!!!!” entzun nuen arte.

Arrail bertikalaren gainetik bilgunera arte dagoen zatia. Kontuz argazki honekin Asier "Supernano" bilgunearen bigarren bilgunean dago eta.


Arraila eskalatzen hasi aurretik lehen paraboltaren ezkerrean (30-40 zentimetro inguru) magnesio arrasto bat ikusi nuen. Ezker eskua bertara zuzendu eta arrastoak helduleku eder bat ezkutatzen zuela ikusi nuen. Helduleku honi tira eginez Asierri hasieran kostatako metro parea errazago eskalatu nuen. Arrailetik ateratzeko aldiz honen barruko heldulekuak bilatu behar dira, oso handiak izan gabe nahikoak direnak.

- Harrittu nau reunioa iristeko alejea daula – esan zidan arrailetik atera nintzenean.
- Ba Sendero Limitekok ekipatzen duten bezela kontuta izanda harritzekoa da, bai – erantzun nion.

Arrail bertikala eskalatu ondoren, azkeneko express-zintatik bilgunera Asierrek ohartutako "alejea" ikusi daiteke.


Bilgunera arteko horma inklinatua eskalatu eta bertara iritsi aurretik, Asierrek ohartu bezala, parabolten artean tarte luzea zegoela ikusi nuen. Oraindik ez genekien baina bidetik atera eta “Supernano” bidearen bigarren bilgunean geunden.

- Hirugarren luzea, 25 metro, IV+. Bilgunearen eskuinera harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatuz jarraitu nuen (III+) arrail nabarmen batera zuzenduz. “Hemen eongoa kintomaseko pasoa” pentsatu nuen, “Supernano” bidearen hirugarren luzea eskalatzen ari nintzela jakin gabe.

Luzeari zailtasuna ematen dion arraila eskalatzen.


Arraila hasieran inklinatua dagoen arren, irteeran tentetu egiten da. Azpian kokatu eta, zertxobait honen ezkerretik mantenduz, uste baino askoz errazago eskalatu nuen honen gaineko erlaitz erosoan kokatutako bilgunera iritsiz (IV+).

Arrailan.


Hirugarren bilgunean.


- Eztakit ze iruittuko zaizun baña eztet uste hau kintomas denik – bota nion bilgunetik – gehienez kuarto mas edo. Igual fisura erditio eskalatuz gehixeo ateakoa.

Bigarren bilgunea hirugarrenetik ikusita.


Esandakoa kontuta izanda, Asierrek arraila erdi-erditik eskalatu zuen zailtasunak bilatuz.

"Asier arraila erdi-erditik eskalatu zuen zailtasunak bilatuz".


- Neire kuarto mas ingurun iruittu zait – erantzun zidan bilgunera iritsi zenean.

Enaren itsurako txori batzuk batetik eta bestetik ziztu bizian pasatzen ziren ekaitzaren aurreko eltxoak ehizatuz. Eskuinean genuen horman gelditzen ziren hurrengo hegaldi azkarra hasi aurretik atseden hartzeko. Txoriei begira ari nintzela horman parabolt berriz osatutako lerro bat ikusi nuen.

- Hara, hortxe bia berrie irikitzen ai die – esan nion Asierri horma seinalatuz.
- Ba horren inguruko informazioik eztau – erantzun zidan - hurrengoako baukeu eskalatzeko beste bat.

Geroago bi gauza deskubrituko genuen: batetik lerro hori ez zela bide berri bat, “Tercera vía del Nano” bidearen hirugarren luzea baizik. Bestetik, guri gertatu bezala, beste sokadaren bat bigarren luzean nahastu eta azkeneko bi luzeak “Supernano” bidetik eskalatuko zutela.

- Laugarren luzea, 25 metro, IV. Bilgunetik atera eta diagonalean eskalatzen hasi behar da eskuinean ikusten den ezproira igoz.

Ezproian.


Ezproia tarteka tente xamar jartzen den arren (IV), pinu txiki baten parera (ezkerrean uzten da) iritsitakoan inklinazioa galtzen du (III+).

Ezproia inklinazioa galtzen duen lekuan. Argazkiaren ezkerrean pinu adierazgarria ikusi daiteke.


Ezproiaren amaieratik hirugarren bilgunera egindako argazkia.


Bilgunera iritsi aurretik hormatxo bat eskalatu (III+) eta horma etzan egiten da (III). Asierrek luze osoa inongo zailtasunik gabe eskalatu eta bilgunera arin iritsi zen.

Bilgunera iritsi aurreko hormatxoa.


Asier soka jasotzen hastearekin batera zerutik tanta fin eta sakabanatu batzuk erortzen hasi ziren, enarak aztoratu eta hegaldien maiztasuna handituz. Langar finak horma bustitzen ez zuen arren eskalatzen hasteak lasaitu ninduen Asierren ondora ahal izan nuen azkarren iritsiz.

Ezproiaren azken metroetan.


Soka azkar bildu eta bilgunearen atzeko pinu nabarmenera babes bila ihes egin genuen. Tantak ez ziren ugariak eta bazterrak oraingoz lehor mantentzen ziren. Hau ikusita aurrera jarraitzea erabaki genuen: “ebie hasi ta pareta bustitzen bada jaitxiko gea”.

"Supernano" bidearen laugarren bilgunean.


Katu-oinak kendu gabe “Escalera de color” bidearen oinera arte oinez jarraitu genuen, oraingoan harkaitz baten gainean dagoen bidegurutzean zuzen jarraituz. Dena ongi joan eta euririk botako ez balu, geroago bidegurutze honetara itzuliko ginen “Boletus” bidera zuzentzeko.

Bideen arteko banaketa egiten duen bidegurutzean.


“Escalera de color” arteko bideak galtzeko arriskurik ez dauka, tartean mugarriak, tartean bide arrastoa duelako. Harritza txiki eta garo-leku bat zeharkatu ondoren, pinu batzuek ezkutatzen duten hormara 7-8 minutuetan iritsi ginen. Bertan, lehen paraboltetik zintzilik, bidearen izena idatzita duen zinta topatu genuen.

Harritza zeharkatzen, aurrerago garo-lekua ikusi daiteke. "Escalera de color" bidea dagoeneko bistan. Hormaren eskuinean ikusten den kanal nabarmenean (kolore horixka duen hormaren ondoan) rappel puntuak muntatuak daude.


"ESCALERA DE COLOR" BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 110 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Luis Royo, Carlos Budría eta Julio Benedek 2017an.
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (20 m), 2ºL: V+ (35 m), 3ºL: V+ (35 m) eta 4ºL: V (20 m).
- Orientazioa: Hego ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Casa de Piedra aterpearen atzeko horman iturri bat dago.
- Hurbilketa: Ohikoena Panticosako lehen hormako bide bat eskalatu aurretik eskalatzea da. Hurbilketa oinez egin nahi badugu Casa de Piedraren atzeko zelaigunetik antena batera zuzentzen den belarrezko pista bat jarraituko dugu. Antenara iritsi aurretik eskuinera doan bidexka jarraitu eta maldatxo bat igo ondoren lehen hormaren oinera iritsiko gara. Lehen horma ezkerretik inguratu daiteke honen gainera iritsiz. Bertatik mugarriz adierazitako bidexka bat jarraituz hormaren oinera iritsiko gara. Oinez guztira 15-20 minutu inguru pasako ditugu.
- Jaitsiera: Jaisteko bi aukera daude: lehenengoa “Escalera de color” de “Espolón del Rebollón” bideen arteko rappel lerrotik jaitsi eta hemendik behera lehen hormaren oinezko jaitsieratik. Bigarren aukera bideen amaieratik eskuinera joatea da, mugarriez adierazitako bidexka bat jarraituz. 15-20 minutuetan GR-11 bidearekin topo egingo dugu, bertatik Panticosako bainuetxera itzuliz.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bakarra, luzera ezberdineko 12 express zinta eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko, batez ere ondoko bideetan sokada gehiago badaude.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: 55 minutu.

Bidearen izena idatzita duen zinta.


"ESCALERA DE COLOR" BIDEAREN KROKISA

"Escalera de color" bidearen krokis zehatza.


DESKRIBAPENA

Bidearen oinean soka bota, arnesera zortziko korapiloaz lotu eta lehen paraboltetik lehen express-zinta pasatzearekin batera euria hasi zuen. Zerutik eroritako tantak kaskoetan txalapartaren antzeko hotsa egiten zuten: “Plik-plik-plik-plik-plik…”.

Bitan pentsatu gabe eskalatzen hasitako metro eskasak jaitsi eta hormaren ezkerreko hurritzetara babes bila zuzendu ginen. Hurritzaren hostoen artetik zerura begira aritu ginen norbaitek iturria ixtearen zain. Ez zen asko botatzen ari eta oraingoz horma lehor mantentzen zela zirudien. Ordu laurdeneko itxaronaldiaren ondoren, tantak zerutik desagertu eta ziztu bizian bidearen oinera itzuli ginen.

- Lehengo luzea, 20 metro, IV+. Luzea helduleku oneko horma inklinatua eskalatuz hasten da (IV+). Oinek irrist egiteko beldurrez metroak kontu handiz irabazi nituen, oinetako heldulekuei baino eskuetakoei konfiantza gehiago emanez.

"Luzea helduleku oneko horma inklinatua eskalatuz hasten da..."


13-14 metro inguru eskalatu ondoren hormara katez lotutako eraizteko mosketoi batekin topo egin nuen, pendulu bat egiteko jarrita dagoena.

Eraizteko mosketoiaren parean.


Eraizteko mosketoia.


Eraizteko mosketoia dagoen lekutik behera egindako argazkia.


Bertatik soka pasatu eta, soka goitik nuela, ezkerrera diagonalean kanal berlartsu baten ondotik kontu handiz jaitsi nintzen (III), soka batez lotutako bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiz. Asier eraisteko mosketoira iritsi baino metro batzuk lehenago ezkerrera zeharkaldia egin eta zuzenean bilgunera iritsi zen.

Argazki honetan eraizteko mosketoiaren kokalekua eta kanal belartsua ikusi daitezke. Express-zinta pasatuta dagoen parabolta bilguneko bietako bat da.


Segurtasunegatik mosketoi hau oso ondo dago baina, nahiz eta seguruen arteko tartea zabala izan, harkaitza lehorra badago zeharkaldi zuzena egitea ez nuke baztertuko, zailtasunaren aldetik III/III+ inguruan egongo baita.

- Bigarren luzea, 35 metro, V+. Asier bilgunearen ezkerretik atera eta arraildun horma bertikala eskalatuz hasi zen (V), bigarren paraboltaren parean pinu txiki bat eskuinean utzi arte.

- Zemuzkoa?
- Oaingoz ez da zaile, kinto ingurun – erantzun zidan.

Bigarren eta hirugarren parabolten arteko tartea luzea da eta nahiz eta hauen artean kordel fin bat jarrita dagoen arren, burua hotz izatea eskatzen du (V). Asierrek hasieran kordeletik express-zinta bat pasatu eta pasabidea eskalatu zuenean zinta hau paraboltera pasa zuen.

Hirugarren paraboltaren parean. Argazkian pinu txikia ikusi daiteke.


Hirugarren paraboltetik gora heldulekurik onenak topatuz eskalatu behar den horma bertikala eskalatzen da (V+). Heldulekuak ez dira oso handiak baina lasai eskalatuz gero topatzen dira . Asier parabolten artean dantzan zihoan, batera eta bestera segurtasunez mugitu eta hauen arteko biderik errazena topatuz.

Horma bertikalean...


Horma zeharkatzen duen arrail batera iritsitakoan honen laguntzarekin zertxobait ezkerrera bota eta, azken metro inklinatu batzuk eskalatu ondoren (V) hormatik atera zen.

Hormaren azken metroetan.


- Oso luze politte – bota zidan hormaren gainetik.

Hormaren gainetik lehen bilgunera egindako argazkia.


Hormaren gainetik, luzearen azkeneko metroak oinez bete zituen harkaitz-bloke handi batzuen oinean kokatutako bilgunera iritsiz.

Bigarren bilgunean.


Niri ere luze ederra iruditu zitzaidan, parabolten artean zuzenean itsu eskalatu gabe pasabiderik errazenak bilatuz eskalatu behar den horietakoa. Izugarri gozatu arren, nahiz eta besoetatik gutxi tira egin, metroak eskalatu ahala besaurreak nekeak nituela sentitzen nuen.

Aurreko bidean ustez V+ zailtasuneko bi luzeak nik eskalatuak nituenez, Asierri hurrengo luzea eskalatzea eskaini nion: “hola biok kintomaseko bi luze eskalaukoitteu”. Ez zuen bitan pentsatu ere egin baiezkoa erantzuteko.

Hirugarren luzearen nondik norakoak.


- Hirugarren luzea, 35 metro, V+. Harkaitz-blokeen ezkerretik atera eta ezkerreko ezproi inklinatua eskalatzen hasi zen. Hasieran erraza den arren (IV), metroak irabazi ahala horma tentetuz da, koska bat eskalatu eta sabai baten azpira iritsiz (IV+).

Zeharkaldiaren hasierako metroetan.


Sabaia azpitik ezker eskuinerako zeharkaldia eginez zeharkatzen da, eskuekin baino oinekin gehiago eskalatuz (V/V+). Poliki-poliki, erraztasun osoz, zeharkaldiaren amaierara iritsi zen.

Zeharkaldiaren amaieran.


- Ze iruittu?
- Uste nuna baño errexago – erantzun zidan - hemendio gora teknikogo dela emateo.

Zeharkaldiaren amaieran argazki bat egiteko denbora hartu eta gainetik zuen horma bertikala zuzen eskalatzen jarraitu zuen, fedea eskatzen zuten helduleku txiki batzuetan gorputzaren pisua jarriz (V+).

Horma bertikalean.


Horma eskalatuta azken metroak oinez egin eta pareko horman kokatutako bilgunera iritsi zen.

Eskalatzen hasi aurretik berriro ere tanta sakabanatu batzuk erortzen hasi ziren: “no jodas, luze hontan ez!!” marmar egin nuen zerura begira. Atentzioa zerutik harkaitzera eramatea lortu nuenean eskalatzen hasi nintzen. Luze hau, aurrekoaren moduan, ederra iruditu zitzaidan. Krokisean zailtasun bera izan arren zeharkaldia errazagoa iruditu zitzaidan, edo gutxienez ez nuen hainbeste estutu, jejeje.

Laugarren luzearen nondik norakoak.


- Bueno azkenekoa – bota nion Asierri materiala jasotzen nion bitartean.

- Laugarren luzea, 20 metro, V. Bigunetik gora ezker eskuin diagonalean doan helduleku oneko arrail nabarmen eta ederra eskalatzen hasi nintzen(V). Horma tentea izan arren azpitik dirudiena baino errazagoa da.

Arraila eskalatzen.


Arraila eskalatuta, honen gaineko horma bertikala amaiera arte zuzen eskalatzen jarraitu nuen. Lehenengo metroetan bertikala den bitartean (V), metroak irabazi ahala horma inklinatuz doa hormatik atera arte (IV+). Eskaladaz gozatzeko luzea da, estutasunik gabekoa, pena luzeagoa ez izatea.

Horma bertikalean


Hormaren gaineko azken metroak oinez bete nituen lurrean kokatutako bilgunera iristeko.

Laugarren, eta azken, bilgunean.


Asier iritsi zenean berriro ere tantaren bat edo beste erortzen hasi zen. Panticosako bainuetxera begiratu eta azpiko bailaran zerua ilunduz zihoala ikusi genuen.

"Azpiko bailaran zerua ilunduz zihoala ikusi genuen".


- Ze esatezu?
- Gaurkoz igual suerte nahikoa izan deula ustet - erantzun zidan soka biltzen zuen bitartean.
- Arrazoizu, hola beste bateako “Supernano” ta “Boletus” utzikoitteu.

Oraingoz nahikoa!!!! Asier eta biok zoriontsu...


Gauza guztiak motxiletan jaso eta, mugarriak jarraituz, bidearen amaieratik eskuinera doan bidea hartu genuen. Denbora gutxian “Espolón Rebollón” bidearen amaierarekin topo egin eta hemendik, duela egun batzuetako bidea jarraituz, GR-11 bidera lehenik eta Panticosara ondoren iritsi ginen.

Eskalada jardunaldia motza izan arren gorputza ez nuen aurreko egunetan bezala sentitzen, fresko, gogotsu. Lau egunetako eskalada jarraituak sortzen hasitako nekea ez nuen onartu nahi, baina nekatuta sentitzen nintzen, atseden txiki bat beharko banu bezala.

Ekaitzari ihes egin arren lehenago edo beranduago iritsiko zela bagenekien baita biharamunera arte gelditzeko asmoa zuela ere. Hiru aukera genituen: etxera joan, egun bateko atsedena hartu edo euririk gabeko lekuren batera mugitu. Aldeko eta kontrakoak neurtu ondoren Riglosera mugitzera erabaki genuen, denbora izanez gero arratsaldean bide azkar bat eskalatu eta asteazkenean Peña Ruebara hurbiltzeko.

Motorra martxan jarri eta Panticosako bainuetxea furgonetaren atzerako-ispiluan txikitu zen desagertu zen arte.

Hurrengo geltokia? Riglos.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Valle de Tena mapa. Editorial alpina, 2016.
- Sendero Límite bloga. 2019/08/31. Tercera vía del Nano. Balneario de Panticosa. Eskuragarri: http://senderolimite.blogspot.com/2019/08/tercera-via-del-nano-balneario-de.html
- Sendero Línte bloga. Escalera de color. Balneario de Panticosa. Eskuragarri: http://senderolimite.blogspot.com/2019/09/escalera-de-color-balneario-de-panticosa.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina