AZKEN 10 SARRERAK

2019/06/28

RIGLOSKO MAILOAK, ORRATZ GORRIA: OHIKO BIDEA, 100 m, IV+. 2019/06/22

“Piiiiipiiiiiipiiii!!!!!”. Asierren iratzargailuak ametsetatik orainera ekartzearekin batera gau osoan haize ufadek kulunkatutako furgonetan mugimendua hasi zen. “Earra lekue, eh? esan zuen Josuk furgonetaren leihotik begira. Peña Rueba urre kolorez janzten zen bitartean behe laino bat Gallego ibaiaren ibarrean aurrera eta atzera zebilen, lotsati, Riglosera iritsi eta herria estali nahiko ez balu bezala. Mailoak itzalpean zeuden, esnatu gabe, eguzkiak hormak argitzearekin batera izango ziren mosketoi eta eskalatzaileen oihuen zain. Bitartean Mailoetatik iristen zen hots bakarra batera eta bestera zebiltzan enaren kantuak ziren.

Egunsentia Peña Rueba, Riglos herri eta Mailoetan.


Peña Rueba urrez jantzia eta honen ezkerrean lehen izpiak Agüero Mailoak argitzen.


Riglosko ikusmirak hitzik gabe uzten duen arren, begirada eta gogoa ez genuen herriko atze-oihala osatzen duen mailo handi eta bertikaletan, herriaren ekialdean sakabanatutako mailo txikietan baizik. Orratz Gorria zen begiradaren jomuga, bertako “ohiko bidea” eta “Edil” bideak aldiz, gogoarena.

Urteak ziren Riglosera itzuli gabe. Azkenekoan, baita bakarrean ere, “Mallo Colorado” mailoan eskalatzen aritu nintzen Josu soka-lagun nuela. “Edo liluratzen zaitu edo gorrotatzen duzu” izaten da Riglosko eskalada moduaz diotena. Eskalada hura Riglosera gehiago itzuliko ez nintzela esanez bukatu arren, hemen nengoen, Riglosko hilerriko aparkaleku txikian furgonetatik trasteak jaso eta Mailoei aukera berri bat eman nahian.

Riglosko Mailo handiak aparkalekua utzi baino lehen.


HISTORIA PIXKA BAT

Riglosko Mailo handi guztiak eskalatu ondoren, eskalatzaileen begiradak mailo txikietara zuzendu ziren. 1947 urtean zehar mailo hauek bata bestearen atzetik eskalatzen joan ziren. Orratz Gorriaren txanda 1947ko ekainaren 2an izan zen, Ángel Serón eta Francisco Fauren eskutik, hain zuzen ere. Orduko testu originala (zirriborratuak barne) honako hau da, Francisco Fau berak idatzitakoa:

"Día 1º de junio. Salimos hacia la cueva Carasol con el fin de escalar el "Pimiento" creyendo que entre la punta de la izquierda (a la que hemos bautizado con el nombre de "Hijo") existía un puente como el que hay entre el "Pimiento" y la "Remolacha" "Aguja Roja" (el de enmedio y derecha respectivamente) pero íbamos subiendo y el "puente" que no aparecía, así es que nos quedamos con las ganas de hacer el "Pimiento", pero al fin y al cabo el "Hijo" es una primera escalada, por lo que no estamos tan disgustados.

(...) Día 4 de junio. Nos dirigimos otra vez a la "Remolacha" "Aguja Roja" pues ha amanecido con sol pero "posiblemente habrá tormenta", nos dijeron, predicción de la que no se equivocaron pues [ilegible] en la cima apenas podíamos estar de pie a causa del fuerte viento.

Iniciamos la escalada a las 10'30 coronando la cima a la 1 sin más incidentes que el haber caído los martillos y el buzón al llegar a una especie de chimenea que hay cerca de la cima. Después de hacer un colosal buzón de piedras y poner una bandera con la camiseta de Serón y [ilegible] el papel de las firmas en mi pañuelo y en una zapatilla bota de escalada iniciamos el descenso, 2 de la tarde, llegando al suelo a las 3'30."

Eskalada hau berehala errepikatu zen, izan ere bigarren errepikapena ekainaren 5ekoa da “Guías Montañeros del Frente de Juventudes de Zaragoza” taldearen eskutik.

Alberto Rabadá eskalatzaile handiak Riglosen eskalatutako lehen bidea hau izan zen, 1951 urteko urriaren 14an, bidearen seigarren errepikapena burutuz. Hamar urte beranduago, 1957ko ekainaren 2an, orratz berean “Edil” bidea irekiko zuen Ángel López “Cintero” soka-lagunarekin.

Bide originala harkaitz-zubiaren ekialdetik hasi beharrean (egungo ohiko bidea), mendebaldetik hasten zen, Gómez Laguna Mailoaren ohiko bidearen lehen luzea partekatuz. Luze hau III zailtasuneko eskalada garbia (ez dago asegururik) da eta egun ez da ia errepikatzen.

Bide honen inguruko krokis on bat Xabier Larretxearen "eskalatzen" blogean topatu daiteke, hemen hain zuzen ere.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 100 metro.
- Luze kopurua: 5.
- Nork irekia: Ángel Serón eta Francisco Fau 1947ko ekainaren 2an. Bi aldietan berrekipatu da: 1993 urtean A. Santolaria eta M. Rufas eta 2017an Sueño Verticalen eskutik.
- Zailtasuna: IV+. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (20 m), 2ºL: IV+ (20 m), 3ºL: IV+ (20 m), 4ºL: IV+ (20 m) eta 5ºL: IV (20 m). Hirugarren eta laugarren luzeak batu eta luze bakarrean eskalatzea da gomendagarriena 40 metroetako luze bat eginez. Parabolten artean eskalatu beharko dugu, hauen arteko tartea ez baita motza.
- Orientazioa: Iparraldea, goizaren lehen orduetan itzalpean eskalatzeko aukera emango digu. Hau udan biziki eskertuko dugu.
- Ura: Riglos herrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Kotxea uzten den lekutik 20-25 minutu.
- Jaitsiera: Bidea rappelatuz. 60 metroetako bi sokekin lehenengo rappel batekin bigarren bilgunera eta bigarren rappel batekin lurrera iritsiko gara. Orratz Gorriko bide gehienen jaitsiera hau denez, komeni da rappela kontu handiz egitea bidea eskalatzen ari direnei harririk ez botatzeko.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 15 express zinta eta zinta batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean eta lehen rappela egiterakoan oihuka ez aritzeko. Lehen eta bigarren bilguneak uztaidun bi paraboltez, hirugarrena (bertan gelditu gabe aurrera egin genuena) uztaidun parabolt bakarrez eta azkeneko bi luzeak gailurren inguruan pasatako altzairuzko zirgaz osatuak daude.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta berrogei minutu.

HURBILKETA

Mailo txikietan eskalatzeko Riglosko hilerriko aparkalekua da kotxea uzteko lekurik eroso eta gertuena. Riglosko herrigunera iritsi gabe, auto-karabanen aparkalekura iritsi aurreko lehen etxeetara iritsi bezain pronto maldan gora doan bidegurutze itxia hartuko dugu (“Arcaz” izenarekin adierazita dago). Malda handi bat igo ondoren hilerrira iritsiko gara. Erreferentzi bezala erabili nahi bada, hilerria “Arcaz” hegaztien interpretazio zentroaren ondoan dago.

Orratz Gorrira iristeko, aparkalekutik mailo txikietara zuzentzen den pista hartuko dugu.

Lehen pausuak, eskuinean hilerria ikusi daiteke.


“Arcaz” hegaztien interpretazio zentroa eskuinean utzi (hilerriaren ondoko eraikin gorrixka da) eta lehenengo bidegurutzean eskuinera hartuko dugu.

Riglosko Mailo txikiak. Orratz gorria eskuinen gelditzen den orratza da.


Igelez betetako putzu artifiziala ezkerretik inguratuz GR-1 ibilbideak jarraitzen duen bide zabalera iritsiko gara. Hilerritik ordu laurden ingurura, gutxi gora behera Cored Mailoa eta Orratz Gorriaren parean gaudenean, pistaren ezkerretik mendian gora doan bidexka nabaria hartuko dugu (bertan mugarri bat dago).

Orratz Gorrira doan bidexka hartu ondoren. Ezkerrean Cored Mailoa, eskuinean aldiz, Orratz Gorria.


Metro batzuk igo ondoren, harriez estalitako tartetxo zabal batean, bigarren mugarri bat topatuko dugu. Mugarri honetan ezkerrera jarraitzen duen bidexka nabaria jarraitu beharrean eskuinera doan bidexka erdi ezkutua jarraituko dugu, hilerritik ordu erdi inguruan Orratz Gorriaren oinera iritsiz.

Bigarren mugarria, hemendik gora eskuinera doan bidexka hartuko dugu.


Bidearen oinera iristeko orratza mendebaldetik (ezkerretik) inguratu eta honen atzean (iparraldean) kokatutako izugarrizko harkaitz-zubia zeharkatuko dugu. Bidea harkaitz zubia eta Gómez Laguna Mailoaren arteko tximinia bertikal eta nabarian hasten da.

Orratz Gorriaren gailurretik egindako argazki honetan hurbilketarako bidearen nondik norakoak ikusi daitezke.


DESKRIBAPENA

Egunsentiaren urre koloreaz gozatu eta gosari azkar baten ondoren, goizeko zazpiak aldera martxan jarri ginen. Beroa iragarrita bazegoen ere goizaren lehen orduko freskotasunak polar finak janztea behartu gintuen: “pentsatzet eskalatzen hasten geaneako manga motzetan jarri beharko geala” esan zuen Josuk polarraren txapelaren babespean.

Hurbilketa presarik gabe hartu genuen. “Edil” bidearen oinetik pasatu eta harkaitz-zubia zeharkatzearekin batera bidearen oinera iritsi eta motxilak lurrean utzi genituen: “ostras, hoi da lehen luzeko tximinie?” galdetu nien tximiniaren bertikaltasunak harrituta. “Bai” erantzun zidan Asierrek. “Joe, ta horrek kuarto mas dauke?”. “Hala esateue” erantzun zidan Josuk, “baña normalen hemengo graduk gorragok izateie”.

Lehen luzeak jarraitzen duen tximinia.


Aurretik inor ez genuela ikusita prestaketa lanak patxadaz hartu genituen. Bide beretik rappel eginez jaitsiko ginela jakinda, beharrezkoa ez genuen guztia motxiletan gorde eta bidearen oinean utzi genituen. Asierrek bidea eskalatzen hasiko zela esan zigun: “gaurko nere lana eskaladaz disfrutau ta zuei argazkik ittea da” esan nien, “horregatio, ez bazaizue inporta erdin jungo naiz denbora guztin”. Argazkiak gora eta behera lasai egiteaz aparte, denbora osoan erdian joateak ez zuen eskalada asko motelduko, bilgunera iritsi bezain pronto nire soka atzetik zetorrenari pasako bainion, honek bilgunean apenas gelditu gabe eskalatzen jarraitzeko.

Beharrezko express-zintak arnesetik zintzilikatu eta Josu prest zegoela ikusi ondoren, Asier eskalatzen hasi zen.

Lehen metroetan...


- Lehengo luzea, 20 metro, IV+. Luzeak harkaitz-zubiaren eskuinetik gora doan IV+ zailtasuneko tximinia bertikal eta nabarmena jarraitzen du (zenbait kroniketan tximini honi V zailtasuna ere ematen diote). Josu eta bion animoen artean, Asier metroak pixkanaka irabazten zituen, eskuak baino oinak non kokatu ongi begiratuz: “harkaitza oso ona da, azpitio emateuna baño askoz hobea” esan zigun lehen metroen ondoren, “baño txapen artek tartea azpitio emateuna baño urrutigo”. Asierrek esan bezala, tximinia goitik behera apurtua dagoela dirudien arren, harkaitz sendoko luzea da. Zailena sokada ezberdinek leuntzen hasitako harkaitzera eta tximinian eskalatzearen teknikara ohitzea izan daiteke, gorputza ongi kokatuz, besoekin baino hankekin indarra egin behar baita.

Anaiaren begiradapean...


Batera eta bestera mugituz argazkiak egiten nituen bitartean Josuk anaiari ez zion begirik kentzen, bien arteko zilbor-hestea irmo mantenduz. Luzea azpitik dirudiena baino bertikalagoa da eta eskalatzen hasi aurretik materiala ongi ordenatzea komeni da, tximiniako parabolt guztiak (luzearen azkenekoa ezik) eskuineko horman baitaude.

Tximiniaren goiko zatian, ezkerraldera pasa baino lehen.


Tximiniaren amaierara iritsi zenean, honen ezkerrera pasatuz luze osoan ezkerrean dagoen parabolt bakarrean aseguratu eta harkaitz-zubiaren gainera igo zen ezker horman (Orratz Gorrian) kokatutako bilgunera oinez iritsiz. Bada uztaidun bi paraboltez osatutako bilgune berri bat Gómez Laguna Mailoan ere, baina hau mailo honen ohiko bidearen lehen luzeko bilgunea da.

Josu tximiniaren amaierara iristen, gure motxilak azpian gelditzen dira.


Lehenengo metroak zailak baino “arraroak” iruditu zitzaizkidan, gorputza ongi kokatu behar den horietakoa. Tximinietan barruraino sartzeko ohitura txarra dudanez, hasieran kosta zitzaidan oinen azpian pixkanaka handituz zihoan altuera sentsaziora ohitu, gorputza tximiniatik atera eta oinekin eskalatzea. Eskalada mota honi eta leundutako harriei neurria hartzen hasi nintzenean metroak arinago irabazi nituen, bilgunera izugarrizko sentsazio onarekin iritsiz.

Tximiniatik ateratzen...


“Luze bertikala, eh?” bota nion atzetik zetorren Josuri. “Azpitio eztu ematen baña tentea jartzea bai” erantzun zidan behean ikusten ziren motxilei zeharka begiratuz.

Hiruen arteko soka aldaketak egin, Asierri soberan zuen materiala jaso eta, bigarren luzean eskalatzen den tximinia identifikatu ondoren, Josuk eskalatzen jarraitu zuen.

- Bigarren luzea, 20 metro, IV+. Erreferentzi bezala hormaren goian eta ezkerrean ikusten den tximinia hartu behar da, luzea bertara zuzentzen baita. Josu bilgunetik zuzen gora lehen metro bertikal batzuk eskalatu ondoren (IV+), luzearen bigarren paraboltetik aseguratu eta, horma zertxobait etzatearekin batera ezkerrera jo zuen.

Lehen metroetako hormatxo bertikala eskalatu ondoren, ezkerrera egiten den zeharkaldian.


Bigarren hormatxo bertikal bat eskalatu (IV) ondoren, ezkerrerako joerarekin jarraitu eta tximiniaren oinean kokatu zen.

Bigarren hormatxoaren oinean, argazkian zuzendu beharreko tximinia ikusi daiteke.


Tximiniaren azpira iristen.


“Tximinin ezkerren txapa batzuk dare” bota zigun. “hoik beste batekok die” erantzun zion Asierrek bilgunetik, “zu tximinin sartu beharrren zare”. Tximiniaren ezkerrean dauden paraboltak “Villarig-Vallés” bidearenak dira, 6a zailtasunekoa, hain zuzen ere. Ohiko bideak jarraitzen dituen paraboltak zuri kolorekoak dira.

Asier Josuren mugimenduak zaintzen...


... baita ni ere...


Tximiniaren zailtasuna lehen luzekoaren antzekoa bada ere (IV+), estuagoa denez leku gutxiago dago barnean murgiltzeko. Josuk metroak pixkanaka irabaziz zihoan, lasaitasun eta konfiantza osoz.

Tximiniaren lehen metroetan...


Bat-batean gelditu zen. Tximiniaren amaieran bidea ixten duen sabaiaren azpian zegoen. Alde batera eta bestera begiratu ondoren, bitan pentsatu gabe sabaia eskuinetik eskalatu zuen bertako helduleku onak aprobetxatuz.

Bilgunera iritsi aurrek sabaitxoan.


Sabaia eskalatuta, honek osatzen duen erlaitz erosoaren eskuinean kokatutako bilgunera iritsi zen.

Bigarren bilgunean.


“Zemuzkoa Josu?” oihukatu nion. “Politte, aurrekon antzekoa, baña pixkat errexagoa” erantzun zigun.

Bigarren luzean, Josuren begiradapean.


Josuri bezala, bigarren luzea lehenengoa baino errazagoa iruditu zitzaidan, beharbada hala delako, beharbada dagoeneko tximinian eskalatzeari neurria hartua niolako. Noizik eta behin Josuri soka tenkatzeko eskatzen nion atzetik zetorren Asierri argazkiren bat edo beste egiteko.

Asier bigarren hormaxo bertikala eskalatu ondoren. Luzea orokorrean tentea da. Azpian harkaitz zubia ikusi daiteke.


Tximinian sartuta.


Bilgunea oso erosoa da, hirurak lasai asko egoteko modukoa. Materiala anai batetik bestera pasa eta, dena prest zuela ikusi ondoren, Asierrek eskalatzen jarraitu zuen.

Bigarren bilgunea.


Bilgunera iritsi aurreko sabaitxoaren azpian.


- Hirugarren luzea, 40 metro, IV+. Bilgunetik gora metro bertikal gutxi batzuk zuzen eskalatu (IV+) eta Asierrek ezkerraldera zeharkaldia egin zuen gaineko tximini nabarmenean sartuz (IV).

Hirugarren luzearen nondik norakoak.


Lehen metro bertikalak eskalatu ondoren tximiniara hurbiltzen.


Tximinia honetako harriak ere, orain arte bezala. sendo itsatsiak daude (IV/IV+). Asierrek tximiniari lehen metroak lapurtzearekin batera eguzkiaren lehen izpiek aurpegiak berotzen hasi zizkigun: “joño, ta nik eguzkitako krema motxilan utzita, jejeje” esan nion Josuri. “Pentsatzet eguzkik gogor jotzen hasteako beran eongo geala” lasaitu ninduen Josuk, Asierri begirik kendu gabe.

Tximiniaren lehen metroetan.


Argazkian ikusten den bezala, ongi begiratuz gero oinentzat helduleku onak topatzen dira.


Tximiniaren erdialdera sabaitxo bat eskalatu behar da, beharbada luzearen zailtasunik handiena (IV+). Asier sabaitxoaren azpian gelditu eta oinentzat dauden helduleku ederrak aprobetxatuz zailtasunik gabe eskalatu zuen.

Sabaitxoa eskalatu ondoren, tarteko bilgunearen parean.


“Hemen anilladun parabolta dau” esan zigun sabaitxoaren gaineko erlaitz erosotik, “ze ingoet reunioa hemen montau?”. “Oaindio material nahikoa daukezu?” galdetu nion. “Bai” eratnzun zidan. “Ba tximinia zuzen dijola ikusita igual hobe goraño iriste bazea, ez?”. “Gañea hemen oaindio soka dexente dezu” esan zion Josuk. Sabaitxoaren gainean uztaidun parabolt bakarrez osatutako bilgunetik express-zinta bat pasatu, atzean utzi eta eskalatzen jarraitzea erabaki zuen.

Tximiniaren amaieran, bilgunera iritsi aurretik, bigarren sabaitxo bat dago, aurrekoa baino errazagoa (IV). Hau ere di-da batean eskalatu eta tximinia amaitzen den pinakuluaren gailurraren ingurutik pasatako altzairuzko zirgan bilgunea muntatu zuen.

Bigarren bilgunea hirugarrenetik ikusita.


Josu sabaitxoa eskalatu ondoren.


Luzea ederra iruditu zitzaidan eta erabaki ona izan zen tarteko bilgunean bilgunerik ez muntatzea. Orain arte bezala, noizik eta behin Asierri soka tenkatzeko eskatzen nion Josuri argazkiak egiteko.

Sabaitxoaren gainetik bilgunera dagoen tartea.


Hirugarren bilgunera iristen...


“Bueno, tontorrea bakarrik iristea falta zaigu” komentatu nien Josu bilgunera iritsi zenean. “Bai” erantzun zuen Josuk “hemendio errexa emateo”.

- Laugarren luzea, 20 metro, IV. Josu bilgunetik atera eta metro gutxi batzuetan harkaitz-plaka etzan bat eskalatu ondoren (II-III), horma tentetzearekin batera, harkaitz handi baten ondoan bilgunetik urrun dagoen lehen paraboltera iritsi zen (III+).

Horma etzana eskalatu ondoren.


Parabolt honetatik gora horma metro gutxi batzuetan gehiago tentetu arren (IV), bigarren parabolt batek pasabidea babesten du.

Horma tentetzen den lekuan lehen paraboltera iritsi baino lehen.


Luzearen zailtasunak amaituta azken bilgunera iristen.


Bigarren paraboltetik gora horma zertxobait etzan (III) eta inongo zailtasunik gabe Orratz Gorriaren gailurrera iritsi zen bertatik pasatako altzairuzko zirgan bilgunea muntatuz.

Azken bilgunea muntatzen.


“Ostras hemen corona de rey loretan dau!!!” oihukatu nion Asierri emozioz bezala. Harridura aurpegiaz begiratzen ninduela ikusita, landare honek bizitza osoan azeriaren buztanaren itsurako loraldi bakarra izaten duela esan nion. “Ea extingittutako lore bat aurkitu behar dezun, jejeje” erantzun zidan irribarretsu. “Hoixe behar genun” erantzun nion, “tres montañeros vascos encuentran una planta prehistórica, jejeje” esan nion berri bateko titulu moduan. Landare honen izen teknikoa Saxifraga Longifolia da eta duela milioi bat urtetik gure artean dago. Kantitate handietan kontsumitzea haurdun dagoenari abortua eragin diezaiokeelako artzainek ganaduaren erditze zailetan erabili izan dute.

Saxifraga Longifolia edo erregearen koroa.


Landareari argazki batzuk egin ondoren Josurekin elkartu nintzen.

Luzearen lehen paraboltaren parean.


Asier azken luzean, atzean hirugarren bilgunea muntatzen den altzairuzko zirga ikusi daiteke.


“Ze iruittuzazu?” galdetu zidan Josuk Orratzaren gailurrera iritsi ginenean. “Bide politte, hankekin eskalatzekoa” erantzun nion “gutxiñez eztet aurrekon hemen eskalau genuneko sentsazio txar hoi izan”.

Hiru mosketeroak zoriontsu Orratz Gorriaren gailurrean...


Gailurrean eta gailurretik argazki batzuk egin eta bilgunera itzuli ginen rappela muntatzera. Lehenengo rappela eskaladako biderik pasatzen ez den horman zehar egiten denez kontu handiz egin behar da behera harririk ez botatzeko. Rappela arazorik gabe joan zen: lehenengo rappel batekin bigarren bilgunera iritsi eta bigarren batean lurrera itzuli ginen.

Lehenengo rappelean...


... eta bigarrengoan...


Bide honen eskalada ederra iruditu zitzaidan, oso bertikala, baina zailtasun handirik ez duena. “Bueno, Edile eskalauko deu?” bota zuten bi anaiek. “Baiiii!!!” erantzun nien bideak eragindako emozioaz kutsatuta. Izerditutako katu-oinak kendu, galtzerdi eta zapatilak jantzi, traste guztiak hartu eta, harkaitz-zubia zeharkatuz, “Edil” bidearen oinera zuzendu ginen.

Bidearen oinean atsedentxo bat hartu eta, bide batez, barratxo bat jan eta ura edateko aprobetxatu genuen. Motxilak ezpel artean utzita lurretik zerura zuzen-zuzen doan tximiniara begira jarri ginen: “joer, hau bai dela bertikala” bota nien. Josu eta Asierrek bide honetan saiakera bat egina zuten baina bigarren luzea eskalatu ondoren korrika batean jaitsi behar izan zuten ekaitz bortitz batetik ihesi.

Bide osoa itzalpean egonda eguzkitarako krema motxiletan uztea erabaki genuen: “azkenen alperrik ekarriko genun, jejeje”. Atsedenaren ondoren eta Asierrek beharrezko materiala hartu ondoren eskalatzen hasi zen: “ea oaingon zemuz dijon” esan zigun lehen metroen ondoren. “Aurrekoa bezela badijo, seguru ondo dijola” erantzun nion.

Eskalada honen nondik norakoak hurrengo kronikan irakurtzeko aukera izango duzue….

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA

- Agustín Ch., Carasol M. Riglos Vertical, 326-327. Madrid. Ediciones Desnivel, 2018.
- Planas A., Planas D. Rabadá Navarro. Sus vidas, su técnica y sus vías actualizadas. Cuarte (Huesca). Barrabes Editorial, 2002.
- A0avista bloga. Normal a la Aguja Roja, reseña y croquis. Eskuragarri: http://a0avista.blogspot.com/2010/12/normal-de-la-aguja-roja-riglos-resena-y.html
- Wikipedia. SAxifraga Longifolia. Eskuragarri: https://es.wikipedia.org/wiki/Saxifraga_longifolia


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina