AZKEN 10 SARRERAK

2018/10/14

ARGUIBELLE, "TICHODROMES" SEKTOREA: "LE PETIT RAMONEUR" BIDEA, 97 m, 5b+. 2018/08/28


Ibilbidearen oineko plakatxoa.


Mendian gora suge baten moduan doan porlanezko pista estu eta bihurritua jarraitu ondoren, Asierrek furgonetaren motorra bi haranen arteko lepoan itzali zuen. Arguibelle eskalada eskolako aparkalekuan geunden. Aparkalekua haritzen gerizpean izan arren, termometroak furgonetatik kanpo hogeita hamar graduetatik gorako beroa zegoela adierazten zuen. Bata besteari begiratu eta, une batez zalantzan izan arren, infernura atera ginen.

Egunsentiak Gourette eski estazioan esnatu gintuen. Gure asmoa Pene Sarriere mendiaren hegoaldeko gandorra eskalatzea zen, zailtasun aldetik arazorik suposatzen ez zigun eskalada. Gandorraren oinera iritsi eta trasteak prestatzen hasi ginenean, haize bolada batek astindu, lurrean eseri eta beldur eta bertigo sentsazio desatsegin bat pixkanaka nagusituz joan zen. Ia ordu erdiz eserita egon ondoren, sokadari mesede baino kalte gehiago egingo niola azaldu eta, Asierri mila aldiz barkamena eskatu ondoren, beherako bidea hartu genuen. Aiztoa bezain estua den gandorraren oinean zer gertatu zitzaidan ez dakit. Gauean ez nuen ez asko ezta ongi lo egin buruko min desatsegin bat bidelagun utziz. Gandorraren oinera iritsi ginenean haize boladek pixkanaka indarra irabaziz joan ziren, eguraldi aldaketaren iragarle eta gandor estuan haizearen menpe egoteak ez zidan konfiantza handirik ematen. Ez dut bihozkadetan sinesten eta eskalatzen hasi izan bagina zer gertatuko zen ez dakit, baina gertatu zitzaidana abisu edo alarma bat izan zela pentsatzeak lasaitzen nau.

Pene Sarrierek utzitako gustu garratza kentzeko asmotan alternatiba baten bila hasi ginen. Orduan Arguibelle eskalada eskola burura etorri zitzaidan. Etxeko bidean kokatuta eta, eskola berri bat ezagutzeko aukera emateaz aparte, etxera gerturatzeko aukera ederra zen. Xabier Larretxearen “Escaladas en el Pirineo Norte” liburua atera eta, bertan hiru luzeetako bide pare bat eskalatzeko aukera genuela irakurri ondoren, furgoneta Arguibellera zuzendu genuen.

ARGUIBELLE ESKALADA ESKOLARI BURUZ

Arguibelle eskalada eskola izen bereko mendiaren mendebaldeko horma bertikaletan kokatzen da. Geografikoki Barétous haranean dago, Zuberoa eta Bearneren arteko mugan, Montory herritik gertu.

Bertara Montory edo Lanne en Barétous herrietatik iritsi daiteke. Gu, Frantziatik (ekialdetik) gentozenez, Lanne de Barétous herria zeharkatu eta  kilometro eskasera Pierre de San Martin-era doan ezkerreko bidegurutze nabaria hartu genuen. Errepidea 6 kilometro eta erdi jarraitu ondoren, eskuinera "Rocher École" karteladun bidegurutzea hartu eta izugarrizko maldan gora hasiko gara. Hemendik gorako bidegurutze gehienetan "rocher école" kartela ikusiko dugu. Eskolaren hormak begi-bistan ditugunean kartelak desagertzen diren arren, hartu beharreko bidegurutzea logikoa da. Bidea ez da txarra baina bai estua. Aparkalekua mendiak osatzen duen lepo batean kokatzen da.

Montory herritik etortzen bagara, herrian bertan eskuinera Haux-era doan bidea hartuko dugu. Kilometro eta erdi pasatxora, "Rocher-Arguibelle" kartelaren parean, ezkerrera hartuko dugu errepidetik aparkalekura iritsiz.

Galerazita dago mahaiaren ondoan dagoen pistan kotxea uztea, baserritarrei pasabidea ez oztopatzeko.

Arguibelle eskolako aparkaleku ondoko atseden lekua. Bertan iturria, egurrezko mahai eta argibide-taula bat dago, baita komun bat ere (argazkian ez da ikusten).


Kareharrizko eskalada eskola hau sei sektorez osatuta dago: “Grands Corbeaux”, “Tichodromes”, “Grand Lierre”, “Jonquilles”, “Pèlerins” eta “Percnoptères”. Zailtasun mailaren aldetik, eskolak dituen 219 bideetan 3c eta 8b+ zailtasun arteko bideak ditugu, V eta VI-ko zailtasuneko bideak nagusituz. Kirol eskaladako eskola bada ere, parabolten arteko tartea, luzea izan gabe, ez da motza eta batetik bestera iristeko eskalatu beharko dugu. “Le petir ramoneur” bideak, hiru luzeetako "La balade souletine" (95 m, 5c+) eta "Le pilier des buis" (90 m, 6b) bideekin batera “Tichodromes” sektorea osatzen du. Sektore hauetara iristeko hamar ("Grand Lierre") eta hogei minutu ("Pèlerins" eta "Percnoptères") artean beharko dugu. "Le petit ramoneur" "kedar-garbitzaile txiki" bezala euskeratuko litzateke, ziurrenik hirugarren luzean eskalatzen den tximini eta leize-zuloari erreferentzia eginez.

Arguibelleko sektoreak eta aparkalekutik hurbiltzeko bideak.


Eskola honetan hurbilketako bide, hormen oin eta eskalada bideetan egindako garbiketa eta txukuntze lana itzela izan da. Adibide moduan, egokitutako aparkalekuan iturria, egurrezko mahai eta komun bat izateaz aparte, eskolari buruzko informazioa jasotzen duen argibide-taula dago eta bertan, beste informazio interesgarriarekin batera, uneoro irekita edo itxita dauden sektoreak zeintzuk diren azalduta dago.

Argibide-taula.


Eskola honen inguruko krokisak Jean-Michel Larricq-ek idatzitako “Escalade en valleé de Bariétous” liburuan jasota daude. Liburu hau inguruko herrietako taberna eta turismo bulegoetan eskuratzeaz aparte (argibide-taulan liburua non erosi daiteken azaltzen da) “Elkar” liburu dendan ere (aurretik eskatuz gero) eskuratu daiteke, Baionako Elkar dendan salgai baitago.

"Escalade en vallée de Barétous" liburuaren azala


BIDEAREN DATU BATZUK

Bilgune guztiak kate batez lotutako uztaidun bi paraboltez osatuak daude.

- Luzera: 97 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Honen inguruko daturik ez dut topatu.
- Zailtasuna: 5b+. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (32 m), 2ºL: 5b+ (30 m) eta 3ºL: 5b+ (35 m). Bigarren luzea "Le pilier des Buis" bidearena eskalatu genuen. “Le petit ramoneur” bidearen bigarren luzeak 5a+ zailtasuna dauka.
- Orientazioa: Mendebaldea. Udako arratsaldeetan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Aparkalekuan bertan iturri bat dago.
- Hurbilketa: 15-20 minutu. Bidearen oinean bidearen izena duen plakatxoa topatuko dugu.
- Jaitsiera: Hurritzez jositako basoan sartu eta erdi ezabatutako xenda maldan behera jarraituko dugu sasi eta garoaz estalitako zelai batera iritsiz. Zelaia beheraino zeharkatuz baso batean sartuko gara. Basoan sartu eta berehala arantzadun alanbreaz osatutako itxitura bat zeharkatu eta hemendik aurrera basoan doan bidea jarraituko dugu ahalik eta altuera gutxiena galduz. Metro batzuen ondoren “Grands Corbeaux” sektorearen horma ikusiko dugu. Behin hona iritsitakoan bidearen oinera itzuliko gara. Bidearen amaieratik aparkalekura 45 minutu inguru pasa genituen.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, bilguneak muntatzeko zinta-uztaiak eta hamar express-zinta. Walkie-talkieak eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu bete eta laurden.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Urdinez, bidearen berezko bigarren luzea.


Krokisa zehatzago. Urdinez, bidearen berezko bigarren luzea.


DESKRIBAPENA

Furgonetatik ateratzearekin batera izerditan hasi eta bitan pentsatu gabe argibide-taularen ondoko mahaian bazkaltzen ari ziren eskalatzaileengana hurbildu ginen. Nafar eta gipuzkoar eskalatzailez osatutako laukotea eskolaren inguruko azalpen eta informazio pila eman ziguten, baita krokisei argazkiak egiteko aukera ere. “Le petit ramoneur” eskalatu nahi genuela esan genienean, nahiz eta argibide-taulan “Tichodromes” sektorea itxita zegoela azaldu, gure lasaitasunerako Montory herrian sektorea zabalik zegoela baieztatu zietela esan ziguten: “2 eta 4 sektoreak dira itxita dauden sektore bakarrak” esan ziguten argibide-taularen zenbakiei erreferentzia eginez.

Bidea eskalatzea debekatuta ez zegoela argituta, beroa zen kezka iturria. Arratsaldeko hiruak izanda, eguzkiak hormetan bete betean eta errukirik gabe jotzen zuen: “oain juten bagea egosi ingogea” izan zen elkarri esan geniona. Arratsaldearen amaierarako ekaitza iragarrita zegoela jakinda, beroa pixkanaka gutxitzen joango zenaren itxaropenarekin, materiala lasaitasun handiz prestatzen hasi ginen. Eguzkitako krema erruz eman eta txapelak jantzi ondoren, laukote euskalduna Montory herrira freskatzera joatearekin batera, martxan jartzea erabaki genuen: “txarrenetio bide azpin daun bason itzalen eongogea”.

Iturriaren ondoko pasabidea zeharkatu, haritzen itzalaren babesa utzi eta zelaian doan bide nabarian gora hasi ginen.

Hurbilketaren lehen metroetan.


Oso poliki igo arren ez zen denbora luzerik pasa izerditan blai hasi, eguzkitako krema begietan sartu eta malkotan hasteko. “Jonquilles” eta “Pèlerins” sektoreetara doan bidearen bidegurutzeko argibide-posteari jarraituz malda igotzeari utzi eta, armiarma sareek itxitako basoan sartzearekin batera “Grand Lierre” sektorea zeharkatzen hasi ginen.

Argibide-postea.


Argibide-postea atzean utzi ondoren, basoan sartu baino lehen. Argazkiko beheko horma "Grand Lierre" sektorea eta atzekoa, "Trichodromes" sektoreak dira.


Ahozabalik gelditu ginen bideen oinean egindako garbiketa lanarekin, bioi Nafarroako San Fausto eskalada eskola burura etorri zitzaigun. “Grand Lierre” sektorea zeharkatu eta berehala “Tichodromes” sektorera iritsi ginen: “hemen dau!!!” bota nion Asierri bidearen oineko metalezko plakatxoan “LE PETIT RAMONEUR” irakurri nuenean.

"Le petit ramoneur" bidearen lehen parabolt eta metroak. Hasierako harkaitz-plaka erditik erdibitutako onddoaren irudia gogorazi zidan, jejeje.


Motxilak blai egindako bizkarretatik kendu eta Asierren kantinploratik ura gogoz edan genuen. Motxila bakarrekin eskalatzea adostu genuen. Nire motxila txikian bi litro urez betetako “Camel bag”-a eramango genuen bitartean, Asierren motxila eskaladan erabiliko ez genuen guztiarekin bidearen oinean utziko genuen: “Pene Sarrierekoa ta gero zuri dagokizu bidea eskalatzen hastea” esan nion umil-umil. Asierrek materiala prestatzen zuen bitartean, zuhaitzen adarren artetik horma zeharka begiratu nuen: “eztet imajinau nahi paretan ingouen beroa” esan nion. Bero eta sargori sentsazioa izugarria zen, eta bion arropak blai genituen. Ia ordubetez bidearen oinean zain egon ondoren, bat batean hodei batek eguzkia estali eta argitasunarekin batera tenperatura ere zerbait apaldu zela iruditu zitzaigun. Honek animatuta, elkarri begirada bat bota eta eskalatzen hasi ginen.

- Lehengo luzea, 32 metro, IV+. Sokak Reversotik pasatu eta izerditutako eskuak magnesiodun poltsan sartu ondoren Asier eskalatzen hasi zen. Luzea, bidearen izenadun plakatxoa itsatsitako onddo itsurako harkaitz-plaka bertikala eskalatuz hasten da. Bertikala izan arren helduleku onak ditu eta errazago da "onddoaren" ezkerretik eskalatzea. Asierrek metroak pixkanaka irabazten zituen, parabolten artean eskuak magnesiotan lehortu nahian. Lehen metroak eskalatu ondoren eguzkia estaltzen zuen hodeia desegin eta eguzkia berriro ere gogoz jotzen hasi zen.

Luzearen hasieran.


Harkaitz-plaka bertikala eskalatuta horma etzaten doa bilgune batera iritsiz. Kirol-eskalada egin nahi bada luzea hemen amaituko litzateke. Gure kasuan gora jarraitu genuen pareko hormara hurbilduz.

Lehen bilgunetik behera egindako argazkia.


Asierrek bilgune honetan express-zinta pasatu eta harkaitz-plaka etzan bat 12 metro inguruan eskalatuz (II-III) pareko hormaren oineko lehen "bis" bilgunera iritsi zen. Metroak irabazten zituen heinean isuritako izerdi tanta potoloak gorputza goitik behera zeharkatzen nindutela sentitzen nuen, ahoan gatz zapore desatsegin bat utziz.

Sokak jaso zituenean eskuak magnesiodun poltsan sartu eta eskalatzen hasi nintzen. Lehen metroak eroso eskalatu arren, bigarren paraboltetik gora izerditan blai hasi nintzen pare bat aldiz eskuak heldulekuetatik irrist eginez. Beroa ez dut ondo eramaten eta asko sufritu arazten nau. Lehen bilgunera iritsi nintzenerako izerditan blai eta egarriak jota nengoen.

Lehen bilgunetik lehen "bis" bilgunera egindako argazkia.


Asierrengana hurbildu nintzenean kiskalduta nengoen. Asierri bidea uztea proposatzea burutik pasa zitzaidan arren, Pene Sarrierekoaren ondoren ez nintzen ausartu.

Lehen bilgunean beroaren menpe.


- Bigarren luzea, 30 metro, 5b+. "Segi zu aurretio, ni egosita nau" esan nion "ta bero honekin estutzen hasten banaiz berehala deshidratauko naiz". Trago bat ur edan eta Asierri express-zintak eman ondoren eskalatzen jarraitu zuen.

Bilgunetik zertxobait eskuinera jo eta bigarren luzea horman gora doan pitzadura bertikal bat eskalatuz hasi zuen harlauz baten azpira iritsiz. Helduleku alderantzikatu bati heldu ondoren harlauzaren ezkerretik eskalatzen jarraitu zuen (5b+).

Harlauzaren pasabidean.


"Zemuz oain arte?" galdetu nion. "Bueno, oaingoz kanto ona dauke" erantzun zidan. Harlauza atzean utzi eta harkaitz-plaka bertikala zertxobait ezkerrera joz eskalatzen jarraitu zuen zuhaixka batera gerturatuz.

Zuhaixkaren parera iritsiz.


Zuhaixkara iritsi baino lehen luzeak zertxobait eskuinera jotzen du bilgunera zuzenduz. Bilgunera hurbiltzen ari zela eskalatutako luzearen eskuinean parabolt ilara bat ikusi nuen: "ustet luze hau gaizki hartu deula" esan nion. "Seguro?" galdetu zidan. "Baietz esango nuke, krokisen horman  eskubien daun luzea delako" erantzun nion, "gañea, hirugarren luzea eskalatzeko hobe eskubitio hartzea". Asierrek eskuinera begiratu eta beste bilgune bat ikusi zuen, "Le petit ramoneur" bidearen berezko bigarren luzekoa, alegia.  Eskuinera zeharkaldi horizontala egin ondoren berezko bigarren bilgunera iritsi zen.

Bigarren bilgunean. "Le petir ramoneur" bidearen berezko bigarren luzearen nondik norakoak margotu ditut, baita parabolten kokalekuak ere.


Bigarren luzea ederra iruditu zitzaidan, bertikala izan arren gozatzen den horietakoa. Pena bertan pasatako beroa.

Bigarren luzea eskalatzen hasteko prest.


Metroak irabazten nituen heinean izerdi tantak buru eta bizkarretik behera erortzen zitzaizkidan. Blai eginda nengoen eta magnesiodun poltsan ez zegoen magnesio nahikoa eskuak lehorrak mantentzeko. Bilgunera iritsitakoan egin nuen lehen gauza ura edatea izan zen: "udik nahi?" eskeini nion Asierri. "Ez, lasai, egarrik eztauket". Bere erantzunak aho-zabalik utzi ninduen. Beroarekin izugarri sufritzen dudan bitartean, Asierrek beroa oso ondo jasaten du eta nik edaten dudanaren erdia nahikoa izaten du martxan jarraitzeko.

- Hirugarren luzea, 35 metro, 5b+. Bilgunea utzi eta honen gainean belarrek hartutako harkaitz-plaka inklinatua eskalatu zuen (II-III) tximinia/kanal batean sartuz.

Harkaitz-plaka eskalatu ondoren. Asier belarren artean dago. Goian luzearen amaierako leize-zuloa ikusi daiteke.


Pixkanaka tentetuz doan tximinia bere ezker hormatik eskalatzen jarraitu zuen (IV hasieran IV + ondoren) honen amaierako leize-zulora zuzenduz.

Tximiniaren erdian.


Tximinian belar asko egon arren, bertako harkaitza oso itsaskorra da eta heldulekuak ere oso onak dira. Asierrek tximinian gora jarraitzen zuen bitartean bilgunean batera eta bestera oinak mugituz nenbilen. Harkaitzaren berotasunagatik oinak egosita nituen katu-oinek orpoetan min eginez. Bidea amaitu eta "infernu" honetatik ateratzeko gogo biziz nengoen.

Leize-zulora iritsi zenean "pasoa hemen daula esango nuke" ohartu zidan. Leiz-zuloa estua, motxilarekin igoz gero, larri ibiliko garena. Oinak eta bizkarra kontrako hormetan jarri eta lehen metroak oposizioan eskalatzen dira. Leize-zuloaren pasabidea babesten duen azken paraboltaren "txapa" kenduta dago eta honen "txurroa" da agerian dagoen bakarra. Aukeran, pasabidea argi ikusiko ez balitz, bertatik artaka-trabagailuaren alanbrea pasatu daiteke.

Soka poliki mugitu zen minutu batzuen ondoren, "kedar-garbitzailea" tximiniatik atera (5b+) eta "Reuniónnnn!!!" bota zidan.

A zer nolako lasaitua hartu nuen eskalatzen hasi eta oinak mugimenduan jarri nituenean!!! Bigarren bilgunea atzean utzi eta zailtasunik gabe tximiniaren oinera iritsi nintzen.

Tximinia azpitik ikusita. Belarrek pixkanaka luze eder hau hartuz joan dira.


Tximinian metroak poliki baina segurtasun handiz irabazi nituen, noizik eta behin ura edanez. "Igual motxila kendu beharkozu" esan zidan Asierrek leize-zuloaren azpira iritsi nintzenean. "Txikie izanda ea kendu gabe pasatzeik deten" erantzun nion.

Leize-zuloaren sarreratik egindako argazkia.


Leize-zuloaren sarreran.


Leize-zuloan sartzearekin batera tenperaturak behera egin zuen: "ostia, hemen ze ondo eotean!!" bota nion Asierri. "Nik ere eskertuet" erantzun zidan. Eskalada osoan eguzkiaren beroaren indar kupidagabea sentitu ez nuen leku bakarrean nengoen. Bitan pentsatu gabe oinak ongi kokatu eta segundo batzuetako atsedena hartzea erabaki nuen: "ea gorputzeko tenperatura zertxobait jaisten zaiten".

Leize-zuloa eskalatzen hastearekin batera motxilarekin pasako ez nintzela baieztatu nuen. Lehen metroak oposizioan eskalatu eta oinak bertikalean kokatu nituenean motxilak enbarazu besterik ez zidan egiten: "kendu ta zinta bat pasakoizut" esan zidan Asierrek bilgunetik.

Motxila kendu aurretik.


Motxila hala nola kendu eta Asierrek pasatako zintari lotu ondoren goraka bultz eginez leize-zulotik atera genuen. Motxilarik gabe, bizkarrean sentitzen hasi nintzen freskotasunak bizia eman zidan. Oinak ongi kokatu eta, altua izateagatik, goian dauden helduleku paregabeetatik helduz leize-zuloa pixkanaka zeharkatuz hasi nintzen.

Bigarren "kedar-garbitzailea" leize-zulotik ateratzen.


Argi dago pasabide hau altua izanez gero errazago eskalatzen dela. Gorputza leize-zulotik erdi ateratzearekin batera errealitatera itzuli nintzen: "ostia, hau da beroa" bota nion Asierri berriro ere izerditzen hastearekin batera.

Errealitatera itzultzen, aurpegiak dena esaten du.


Asierren ondora iritsi eta katu-oinak berehala kendu nituen zuhaitz baten gerizpean eseriz: "aspaldi ez nuen hainbesteko bero pasatzen ta izerdik botatzen". "Bai, pena, bero gutxigokin gehio disfrutauko genun" erantzun zidan. Denbora asko galdu gabe traste guztiak jaso eta zapatilak janztearekin batera beherako bidea hartu genuen.

Hirugarren eta azken bilgunean jaisten hasi aurretik. Bertan jarritako katea, sekula bilgune batean ikusitako lodiena.


Xabier Larretxearen liburuari kasu eginez, basoan sartu eta erdi ezabatutako xenda bat eskuineko joerarekin maldan behera jarraitzen hasi ginen, sasi eta garoz estalitako zelai batera iritsiz. Orain arteko bidea nahiko argia ez bada ere, jarraitzeko arazo handirik ez genuen izan. Zelaian aldiz, batera eta bestera ibili ondoren, azkenean eskuinera 20-25 metro inguru ibili eta behean dagoen basoaren ertzeko bide nabari batera zuzendu ginen.

Basora iristen.


Basoan sartzearekin batera bidea arantzadun alanbreaz osatutako itxitura batek itxi zigun. Bitan pentsatu gabe itxitura zeharkatu eta hemendik aurrera doan bidea jarraitu genuen ahalik eta altuera gutxiena galduz.

Arantzadun alanbreaz osatutako itxituran.


Baso itxiak inguruko erreferentzirik hartzea uzten ez zigun arren, gutxienez noranzkoa zuzena zela jakiteak lasaitu gintuen. Gorputzaren leku guztietan itsasten zitzaizkigun armiarma sareekin borrokan metroak irabazten joan ginen gure ezkerrean horma bat  ikusi genuen arte. Bitan pentsatu gabe basoan gora hasi eta, 20 metro inguruko igoera deserosoaren ondoren, bion lasaitasunerako, “Grands Corbeaux” sektorera iritsi ginen. Sektore hau zeharkatuz di-da batean motxila utzitako lekura itzuli ginen.

Azkeneko ur tantak edan ondoren, aparkalekura izerditan urtuta eta egarri biziz itzuli ginen. Trasteak furgonetaren ondoan utzi eta, basamortuan galdutakoek oasi bat ikusten dutenean egiten duten moduan, iturrira zuzendu ginen bertako ur freskoa kupidarik gabe edanez. Hidratazioari amaiera eman ondoren, gorputza goitik behera nolabait garbitu, freskatu eta arropa osoa aldatzeko aprobetxatu genuen. A zer nolako sentsazio atsegina gorputza freskatu eta arropa lehorra jartzerakoan!!!

Hau guztia gertatzen zen bitartean zerua urdinetik grisera pasatuz joan zen. Lehenengo trumoiek dagoeneko ahaztuta genuen eguraldi aldaketaren berri eman ziguten: "joer juxtu iritsi gea". Ordurako Montorytik itzulitako laukote euskaldunekin solasalditxoa izan eta, dena prest genuenean, trumoien danborradaren artean, agurtu genituen. Milesker emandako informazio guztiarengatik!!!!!

Arguibelleko eskalada eskolari azken argazki batzuk egitearekin batera lehen euri tanta potoloak erori ziren, denbora gutxian ixiltasunak estaltzen zuen parajea zurrunbilo batean murgilduz.

Arguibelleri azken begirada.


Tximista eta trumoien artan, haizetako-garbigailuak ez zuen nahiko abiadura zerutik zetorren euri-jasa garbitzeko. Zorionez ekaitzak ez zuen denbora luzean iraun eta itzulera arazorik gabe egin genuen, udako oporrei amaiera emanez.

Bidean eskalatutako bide honen edertasunaz hitz egiten joan ginen, pena egun bero eta sargoritsua eta pena azken luzean belarrak hartutako zatiak: "notatzea han jendek deportiba gehio itteola" esan zidan Asierrek. Esan bezala, "Le petit ramoneur" bidea ederra iruditu zitzaigun, oso gomendagarria, pena metro gehiago ez izatea. Eta Arguibelle eskalada eskola zer esanik ez, eskola itzela iruditu zitzaigun. Itzuleran behin baino gehiagotan komentatu genuen bezala, "honea asteburun bat pasatzea etorri beharren gare".


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina