AZKEN 10 SARRERAK
2025/06/09
IHABAR: "BASURDEAK KATUOINEKIN", 200 m, V. 2025/05/17
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
Bidearen hasieran markatuta dagoen gezia.
- Hasiera hemen dauuu!!! – Oihukatu nion Asierri, ezpeldi itxi, ilun eta hezean bolada luze batean galduta ibili ondoren – paretan gezi bat markatu dute.
Asier ezpel artetik agertu zen. Borroka luze batetik zetorren soldadu bat zirudien: kaskotik eta motxilatik ezpel adar txikiak zintzilikatzen zitzaizkion, eta arropak kolore berdez eta marroiez erabat zikinduta zeuzkan, enborretan hazten den goroldio bustiak tindaturik.
- Nola ikustezu? – Galdetu nion – Nere aplikaziok hamabitako ebie egingo dula esaten du.
- Ordun oaindik denbora ematen digu zeozer eskalatzeko – erantzun zidan -. Ez dirudi prezipitazio haundigirik egingo duenik.
- Primeran!!! Ea zorterik deun – erantzun nion, hodei ilunez geroz eta gehiago kargatzen ari zen zeru grisari begira.
“Basurdeak katuoinekin” bidea Christian Pauri esker ezagutu genuen, sare sozialetan “Arrataundiko ninia” bidea ezagutzera eman zuenean. Bide berri hau ireki zutenak zeintzuk diren ikusita, abentura ederra genuen ziurtatuta, edo hori zen uste genuena.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 200 metro.
- Luze kopurua: 5.
- Nork irekia: Haritzek, Borjak eta Shantik, 2025eko otsailaren 2an.
- Zailtasuna: V-. Luzez-luze: 1ºL: IV / V (35 m), 2ºL: IV + / V (25 m), 3ºL: IV+ (50 m), 4ºL: IV- (40 m) eta 5ºL: V (50 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ihabar herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Ihabartik Urdebezera igotzeko jarraitzen den ohiko bidetik, baina bideak gora egiten duen lekuan mendebaldera joko dugu, hormaren oinetik gertu doan bidexka bat jarraituz. Eroritako txabola herdoildu batera iritsitakoan basoan sartuko gara bidearen oinera iritsi arte.
- Jaitsiera: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den bide beretik.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdineko 8 express zinta, friend sorta eta luzera ezberdinetako zinta-uztai batzuk harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: hiru ordu.
BIDEAREN KROKISA
Bidearen nondik norakoak.
Krokis zehatza.
DESKRIBAPENA
Goiz atera ginen kotxea aparkatutako tokitik, iragarritako ekaitza iritsi baino lehen bueltan egon ahal izateko. Bide honen abentura hasten da bidea non hasten den aurkitzen, ez baita erraza. Guk Ihabarko harkaiztira doan ohiko bideari jarraitu genion, baina oraingo honetan, Urdebezera doan aldapa igo beharrean, mendebaldera doan bidexka bat hartu genuen, hartxingadia oinarritik zeharkatzen duena eta harizti baten eta ezpeldi baten arteko mugatik jarraitzen duena. Bidezidorra bitan banatzen den leku batean, goranzko aukera hartu eta bidea amaitzen den lekuraino iritsi ginen, denborak desegindako txabola herdoildu bateraino. Hemendik gora, ezpeldi ilunean sartu ginen, baina ez naiz gai esateko nondik nora ibili ginen bidearen hasiera aurkitu genuen arte, ez baikenuen ikusten hirugarren luzeko arte nabarmena, horman erreferentziatzat hartu genuena. Udaberrian basoan ibiltzearen alde onena zuhaitzetan jaio berri diren hosto berriek ematen duten itzal freskoa bada ere, hosto horiek beraiek ikusmena metro gutxi batzuetaraino ixteko eragozpena dute. Batzuetan zutik, tarteka makurtuta eta gutxi batzuetan ia lau hanketan, azkenean bidearen hasiera adierazten duen horman markatutako gezia aurkitu genuen.
- Hasiera hemen dauuu!!!
Geziaren gainetik begiratu genuenean, ez genuen muntatutako harkaitz-zubirik ikusi, eta horrek harritu egin gintuen, Shantik eta bere lagunek harkaitz-zubi batzuk muntatuta utzi baitzituzten Ihabarren irekita dituzten beste bi bideetan, batzuetan bertatik asegurutzeko eta beste batzuetan bidea nondik doan adierazteko. Oraingoan, haiek pasatako lekuko isilak horman zirriborratutako gezi bat eta kendutako harri batek utzitako orbain zuri bat besterik ez ziren. Horrek sortutako ziurgabetasunarekin hasi ginen bidea eskalatzen. Zer ezusteko biziko genituen Shantik eta bere lagunek pestatuko bide berri honetan? Hurrengo orduetan ikusiko genuen.
- Lehenengo luzea, 35 metro, IV / V. Geziaren ezkerretik eskalatzen hasi nintzen, gainetik dagoen harkaitz-plakaren ezkerreko ertzetik, bertatik irteten den ezpel txiki baterantz. Enborrean zinta-uztai bat jarri nion, eta eskuinetara mugituz harkaitz-plaka trinkora pasa nintzen, itsasgarritasunezko mugimendu batzuen ondoren plaka eskalatzeko (IV): "Bide osoa horrelakoa bada, ederra izango da", pentsatu nuen, Asierrek argazki bat egiten zidan bitartean.
Plaka gainean.
Harkaitz-plakatik gora, zuzen eskalatzen jarraitu nuen, behatz itxura duen horma baten eskuineko ertzetik, gainetik nituen ezpelek bidea oztopatu zidaten arte (III+). Orduan, argien ikusi nuen bidetik jarraituz, ezkerretik inguratu nituen gainetik neuzkan ezpel horiek, eta behatzaren puntara igo ondoren (III), eskuinera egin nuen berriro, haien gainean jarri nintzen arte. Metro batzuk gehiago igo ondoren, harkaitz-plaka bertikal baten oinera iritsi nintzen (III-).
Behatz itxurako horma.
Gorputzak plakaren erditik eskalatzen jarraitzeko eskatzen zidan, buruak, berriz, esaten zidan erditik jarraitzea arriskutsu izan zitekeela, pare bat metro igo beharko nuelako asegururik jarri gabe eta helduleku txiki batzuei tiraka. Bi metro hauen ondoren bazirudien helduleku hobeagoko tarte bat zetorrela, friend batekin babesteko aukera zuena. Ahal izan nuen sakonen kontzentratzen saiatu nintzen arren, konfiantza gutxiko bi saialdien ondoren, buruak gorputzari (edo beldurrak nahiari, zergatik ez esan) irabazi zion.
Plaka bertikala. Sokak jarraitzen duen bidetik saiatu nintzen eskalatzen. Asierrek bertatik eskalatuko zuen (V).
- Ea plaka nunbaitetik eskalatzen deten seguruik jarri gabe – esan nion Asierri -, hola zuk zuzen eskalatzeko aukera izango dezu.
Alde batera eta bestera begiratu ondoren, plakaren ezkerreko ertzean arrail zabal eta tente bat aurkitu nuen, diedro itxurakoa, ezpel sendo batean amaitzen dena. Eta poztu egin ninduen harri handi bat kenduta zegoela ikusteak, norbait handik pasatu zen seinale izan zitekeela iruditu zitzaidalako.
Zuhur eskalatzen hasi nintzen arrail/diedroa, helduleku bakoitza heldu aurretik sendoa zela ongi ziurtatuz eta noizean behin oinak arrail barruan trabatuz (IV). Arraila eskalatu ondoren, diagonalean mugitu nintzen eskuinerantz, jada inklinatuta zegoen harkaitz-plakan zehar, eta erlaitz zabal batera igo nintzen (III), horma baten azpian dagoena. Bertan dagoen harlauza batetik bilgunea muntatu nuen zinta luze bat pasatuz. Tarte honetan ez nuen inongo asegururik jarri Asierrek plaka erditik eskalatu ahal izateko, baina zeharbidea zaila ez bada ere, ez zen erabaki zentzudun bat izan, are gehiago behin bakarrik eskalatu den bideaz ari garenean, edozein helduleku aska baitaiteke eroriko bat eraginez. Eta kasu honetan, erori izan banintz, min handia hartzeko billete asko izango nituzkeen. Eskaladan istripu asko ez dira luze gogorretan gertatzen, luze errazetan baizik, eskalatzailea erlaxatu eta erne egoteari uzten dionean. Gauza bat bikaintasunez egiteko modu bakarra egiten ari zaren horretan kontzentrazio eta arreta osoa jartzea da.
Lehenengo bilgunea.
- Ze iruittu zaizu? – Galdetu nion Asierri, plaka erditik eskalatu zuenean.
- Pasoa lehenengo metrotan dau, ta pasoaren ondoren aseguratu daitekeela iruditu zait – erantzun zidan, nik uste nuena baieztatuz -. Hala ere nik V edo emango nioke.
- Gutxiñez oaingo hontan luzea eskalau deu, jejeje.
- Bai, jejeje – erantzun zidan irribarretsu -, azkenekon honeaño iristeko larri ibili nintzen.
Plaka bertikaletik irteten.
Bigarren aldia zen bilgune horretara iristen ginena. Lehenengoan, kronikaren hasierako elkarrizketa gertatu zena, Asier luzea amaitzear zegoela, sekulako zaparrada batek harrapatu gintuen, iragarpen guztiei aurre hartu ziona eta hormatik ihes egitera behartu gintuena. Euri tanta potoloak kolkotik behera erortzen zitzaizkigun bitartean, pare bat arteen enborretatik bi rappel eginez bidearen oinera jaitsi ginen. Bi egun pasa behar izan ziren zintzilik utzi nuen materiala erabat lehortzeko, jejeje. Gaur zerua oskarbi zegoen, eguzkitsu, eta euritarako txamarrak eguzkitako kremarekin ordezkatu genituen.
- Bigarren luzea, 25 metro, IV+ / V. Krokisa begiratu genuenean, ez genuen argi izan nondik jarraitzen zuen bigarren luzeak, bertan margotuta zegoen lerroa ez zetorrelako bat horman ikusten ari ginenarekin.
- Ebidentena hemendik gora igotzea dela esango nuke – esan zidan Asierrek, hormaren ezker aldea begiratzetik itzuli nintzenean.
- Nik ere hala uste det – erantzun nion – ezkerreko alde hartan horma oso etzana da, eta luzek kintoko paso bat badauke seguro handik ez dijola.
Christian Pauek sare sozialetan partekatutako Shantiren krokisaren argazki bat generaman. Krokisean lerro bat zirriborratuta zegoen hormaren argazki orokor batean, luze bakoitzaren zailtasuna eta metroak adierazten zituena. Lerro zirriborratuaren zabalera zela eta, ez zen erraza luze bakoitza nondik nora zihoan zehatz-mehatz jakitea. Gure senari jarraituz, bilgunearen gainetik jarraitzea erabaki genuen.
Asier eskuin joerarekin eskalatzen hasi zen, horma horizontalean mozten duen arrail nabarmenaren azpian dagoen harkaitz-zubi handi batera iritsi arte (III+). Arrail horizontalean zutitu eta horma zuzen eskalatzen jarraitzea begiratzen aritu ondoren, aukera hau baztertu zuen, arrailaren gainetik dagoen harkaitz-plaka bertikalean heldulekurik ez zuelako ikusi.
- Paso hau kinto baño gehio dela esango nuke – esan zidan.
Horma zuzen eskalatzea baztertuta, eskuinerantz pasa zen eta eskuineko ertzetik eskalatzen jarraitu zuen, horma gainera zailtasun handirik gabe iritsiz (IV+).
Horma gainean. Soka doan lekutik eskalatzen saiatu ginen arren, oso zaila iruditu zitzaigun.
- Kinto iruittu zaizu?
- Kuarto mas edo...
- Gero soka gañetik edukita saiauko naiz horma zuzen eskalatzen, ea krokiseko kintoa hor daun – erantzun nion.
Hormaren gainetik amaitzen dira zailtasunak. Asierrek ezpelen artean jarraitu zuen, harkaitza ahalik eta gehien aprobetxatuz (III-), harkaitza amaitu zen arte. Orduan bilgunea arte handi baten enbor zabalean muntatu zuen.
Ezpelen arteik pasa ondoren dagoen tarte etzana.
Asierri gertatu zitzaion bezala, ez nuen horma zuzen eskalatzeko modurik ikusi, baina, bera ez bezala, ni ezkerrera joan nintzen harlauza zabal batera iritsiz. Eskalatzen jarraitu nuen babariar teknika erabiliz harlauzan gora, hormara igo nintzen arte. Pasagune honek V zailtasuna izan zezakeela iruditu zitzaidan.
Horma gainetik egindako argazki honetan horma eskalatzeko bi aukerak ikusi daitezke.
- Igual zu igo sean lekutik igoko zien? – Esan zidan Asierrek bilgunera iritsi nintzenean.
- Beharbada – erantzun nion -, baina ezkutun geratzen den paso bat da, eta “de primero” junda ez dakit hemendik sartuko zien.
Bigarren bilgunea.
Bilgunea desmuntatu, zuhaitz artean pasatu eta ezker joerarekin oinez jarraitu genuen harkaitz-plaka batetik, krokisean margotutako etenpuntuen lerro bati jarraituz, hasieratik identifikatuta genuen arte nabarmen eta berezi bat dagoen horma baten oinera joz. Hormara iristear ginela, zuhaixka batzuen adarrak moztuak izan zirela iruditu zitzaigun, pasabide estu bat irekiz. Hau ikusita, bide egokitik gindoazela pentsatu genuen.
Bigarren eta bigarren "bis" bilguneen arteko tartea.
Pasabidea zeharkatu genuen eta horma bertikal bihurtzen den lekuraino igo ginen, honen eskuinetara jarriz.
Bigarren "bis" bilgunean.
- Krokisaren arabera luzea eskuin aldera dijola ematen du, goiko tetxue ebitatuz – esan nion Asierri krokisa erakutsiz.
- Hala ematen du, bai.
- Hirugarren luzea, 50 metro, IV+. Horma zuzen eskalatzen hasi nintzen lehen metroetan, dituen arrail eta helduleku ederrak aprobetxatuz (IV).
Luzearen lehen metroetan.
Kalitate oneko 5-6 metro eder hauen ondoren, horma zertxobait etzaten da, eta horrek aukera eman zidan metroak arinago eskalatzeko (III). Nahiz eta horma ezpelez zipriztinduta egon, eskalatzeko trabarik egiten ez dutela iruditu zitzaidan. Ezpel batzuen artetik pasa ondoren, horma ixten duen sabai handi eta ilunaren azpira iritsi nintzen.
Sabaiaren azpian.
- Nork esango zun hemen holako tetxu haundi bat egongo zenik – esan nion Asierri.
Bidea oztopatzen zidan sabaia ez da hain garbi ikusten hormari urrutitik begiratzen zaionean, ia ez baita nabarmentzen. Azpitik, berriz, itxura beldurgarria zuela iruditu zitzaidan, eskalaezina, nahiz eta eskuinetara eskalagarria dirudien arrail estu bat duen.
Krokisari jarraituz, sabaia eskuinaldetik inguratzen hasi nintzen, fidagarriak ez ziruditen harkaitz batzuei eutsiz (III). Eta pare bat metroko zeharbidearen ondoren aurkitu nuen ezustekoa itzela izan zen: zeruraino luzatzen zela zirudien diedro luze bat.
Zeharkaldiaren amaieran.
Ezustekoagatik emozionatuta nengoen arren, diedroa kontu handiz eskalatzen hasi nintzen, mugimendu bakoitza egin aurretik helduleku bakoitzaren sendotasunari ongi begiratuz. Nolanahi ere, friend-ak trabatzeko aukera handiak zituela iruditu zitzaidanez, lasai eskalatu nuen, gozatu ederra hartuz. Zailtasunari dagokionez, IV/IV+ inguruan egon zitekeela iruditu zitzaidan.
Diedroa azpitik ikusita.
Diedroa zabaltzen hasten den toki batean, ezkerrerantz ezpel batzuk dituen tximini / kanal inklinatu bat diagonalean zihoala ikusi nuen. Hormaren puntaraino iristen zela iruditu zitzaidanez, bertatik eskalatzen jarraitzea erabaki nuen, lehen metroetan dauden ezpelen artetik kontu handiz pasatuz. Dozena bat metro pasatxoko eskalada baten ondoren, hormara igo nintzen (IV-).
- Puntan nauuuu!!! – Oihukatu nion Asierri hormaren gaineko ertzetik emozioz betea.
Puntan nauuuu!!!
Asierrek argazki pare bat egin ondoren, hormak osatzen duen punta txikira igo nintzen (II), eta metro batzuk ibiliz, punta txiki honen atzean dauden arte handietako batean muntatu nuen bilgunea.
Hirugarren bilgunea.
- Gustatu zait luze hau – esan nion Asierri horma puntara igo zenean.
- Neri ere – erantzun zidan -. Politte ezkutun daun diedro hori.
Asier hormaren punta txikian.
Ikusi genuenean bilgunearen gainetik harkaitz-plaka etzan batzuk bata bestearen atzetik zetozela, oinez jarraitzea erabaki genuen, 15 metro ingurura dagoen arte narbarmen baten ondotik hasten den harkaitz-plaka inklinatu bateraino. Bertara iristeko pare bat metroko plakatxo tente bat igo behar izan genuen (III-).
Hirugarren eta hirugarren "bis" bilguneen arteko tartea.
- Laugarren luzea, 40 metro, IV-. Asierrek ez zuen zailtasun handirik izan harkaitz-plakaren lehen metroak eskalatzeko (IV-); izan ere, tenteenak izan arren, harkaitz trinkoa dute helduleku onekin. Harkaitz-zubi batean aseguratu ondoren, urak higatutako kanaltxo bat eskalatu zuen, eta plaka etzaten hasten den tokian, ezpelek osatzen duten hesi batek bidea moztu zion. Orduan hasi ziren zalantzak:
Luzearen zailtasunik handiena eskalatu ondoren.
- Luzea oain nundik dijo? – Galdetu zidan.
- Krokisen arabera zuzen esango nuke – erantzun nion – ezpelen arten sartuta.
Asierrek ez zuen oso garbi ikusten krokisak islatzen zuena, horregatik plakaren alde batera eta bestera mugitu zen, eskalatzen jarraitzeko harkaitz gehiago eta hobearen bila. Azkenean amore eman eta zuzen jarraitu zuen ezpel artean.
Ezpel artean sartzen.
- Rreunionnnnn!!!! – Iritsi zitzaidan minutu batzuetara ezpel artetik.
Ezpelek osatutako hesia zeharkatu nuenean kostatu zitzaidan Asier non zegoen ikustea. Plaka etzan bat zeharkatu (II) eta sokari jarraituz, arte handi baten enborrean muntatutako bilgunera iritsi nintzen.
Laugarren bilgunea: non dago Wally?
- Ikusi al dezu hor daun hito hori? – Esan zidan, bigunetik metro batzuetara zegoen toki bat seinalatuz.
Bilgunera iritsi aurretik, pare bat harriz osatutako mugarri txiki bat zegoen, norbait handik pasa zen seinale.
Mugarri "misteriotsua".
- Bidea ireki zutenek jarriko zuten, ez? – erantzun nion -, Ez zait beste aukeraik okurritzen.
- Nik ere gauza bera pentsatu det.
Luze bat baino ez zitzaigun geratzen bidea amaitzeko, eta hurrengo erronka luze hau non hasten den jakitea izango zen. Krokisari begiratuta, basoan oinez ibiltzeko tarte bat genuela ikusi genuen: metro batzuk horizontalean eskuinerantz, metro batzuk gorantz eta metro batzuk horizontalean ezkerrerantz. Bilgunearen ondoko mugarriak zeharkaldiaren hasiera adierazten zuelakoan, horizontalean mugitzen hasi ginen han dagoen bidezidorretik. 15 bat metro egin ondoren, harkaitz-plaka etzan batek estaltzen duen zabalgune batera iritsi ginen. Baina eskuinera gehiegi desbideratu ginelakoan, basoa gorantz zeharkatzen hasi ginen, goroldioz estalitako horma inklinatu batek bidea oztopatu zigun arte. Orduan, horma honen oinetik ezkerrerantz horizontalean mugitzen hasi ginen:
- Han emateu pareta zertxobait garbiago daula – esan zidan Asierrek, goroldio gutxiago zuela zirudien zati bat seinalatuz.
Bioi iruditu zitzaigun garbiketa bat egin zela bertan, goroldioa kentzeaz gain hormatik harriren bat ere kenduta zegoela baitzirudien. Baina irudipen hauek askotan gure garunak ikusi nahi duenaren isla izaten dira, horma bateko harri bat edo goroldioa edozein animalik kendu dezakeelako, edo harriak bere kabuz erori daitezkeelako, edo goroldioa ez delako leku guztietan modu berean hazten. Askotan ikusi nahi duguna ikusten dugu.
- Ba hemendik hasiko gea ordun!!!
- Bosgarren luzea, 50 metro, V. Lehenengo hiru metroak dira luzeko zailenak, baita tenteenak ere. Zulo batean friend bat trabatu eta metro hauek kontu handiz eskalatzen hasi nintzen, oinak goroldio hezea zuten heldulekuetan kontu handiz jarriz eta helduleku txikietan sartutako behatz puntekin desoreka oreka bihurtuz. Kontu handiz eskalatutako metro hauen ondoren (V) horma etzan egiten da.
Lehen metroak eskalatu ondoren.
Luzearen lehen metroak azpitik ikusita.
Orduan bidean zehar gehien errepikatu genuen galdera bota nion Asierri:
- Luzea orain nundik dijo?
Luzea orain nundik dijo?
Plakatik hainbat buelta eman ondoren, hildako zuhaitz baten ezkerretik gorantz eskalatzen jarraitu nuen sabai batera zuzenduz (III), eta poztu egin ninduen lehen metro hauetan harri handi batzuk kenduta zeudela ikusteak; bide egokitik nindoan seinale? Hala pentsatu nuen. Sabaiaren oinera iritsi nintzenean, zuzen eskalatzea berehala baztertu nuen, ez dirudien arren zailtasun handirik ez duelako eta bere gainetik eskalatzen jarraitzea erakargarria ez dela iruditu zitzaidalako, ezpel asko baitago. Aukera hau baztertuta, sabaia eskuinetik inguratu (III) eta plaka etzan bat eskalatzen jarraitu nuen ezpelek bidea itxi zidaten arte (III-).
Argazki honetan hildako zuhaitza (eskuinean) eta sabaia (parean) ikusi daitezke.
Orduan ezpelen artean ezkerrerantz mugitu eta parean hormatxo bat agertu zen, eskaladari amaiera emango ziona zirudiena.
- Hiru edo lau metro inguru falta zaizkizu – esan zidan Asierrek talkie-tik orduan, azken hormatxo hura eskalatzeko asmoa burutik kenduz.
Asierren mezua jasota, ondoan nuen arte baten enborrean muntatu nuen bosgarren bilgunea.
Bosgarren bilgunea.
Azken bilgunera iristen.
Azkeneko bilgunea desmuntatzen nuen bitartean, Asierrek zerutik banatzen gintuen hormatxoa eskalatu zuen, eskaladari amaiera emanez (III).
Hormatxoa eskalatu ondoren.
- Pena azkeneko bi luzek – esan nion bere ondora iritsi nintzenean.
- Bai – erantzun zidan -. Gutxiñez hemengo plakak nolakok dien ikusteko balio izan digu.
Krokisari azken aldiz begiratu genionean, ez genuen argi ikusi azkeneko luzea bidea ireki zutenek jarraitu zuen bide beretik eskalatu ote genuen, nahiz eta iruditu zitzaigun luzearen hainbat puntutan harriren bat kenduta zegoela. Shantik ere ezin izan zidan argitu nik marraztutako bidearen krokisa bidali nionean, eta esan zidan gogoratzen zuela azken luzea harkaitz iluneko plaka bat eskalatuz hasi zutela. Guk eskalatu genuen goroldioz betetako hasierako plaka? Baliteke.
Bidearen lehen hiru luzeak politak iruditu zitzaizkigun, eta harri askeren bat kenduz eta aseguru finkoren batekin hiru luze eder gera daitezke. Azken bi luzeetan ez genuen hainbeste gozatu, batez ere azkenekoan, nahiz eta lehen metroak “pikanteak” diren. Baina, Asierrek esan zidan moduan, harkaiztiaren goiko alde hau ezagutzeko balio izan zigun; izan ere, aspaldi begiz jota genuen “basurdeak katuoinekin” bidearen ezkerraldeko lerro bat ikustera joatea animatu gintuen, gure uste apalean Ihabarren irekitzeko geratzen den azken lerroa. Ezkerrerago eskalada-bide berriak irekitzeko aukera politak daude, baina putreek habiak egiten dituzten tokitik oso gertu daude, eta mendian lehentasuna bertan bizi diren animaliek eta hegaztiek dutela uste dugu.
"Basurdeak katoinekin" bidearen amaieran.
Hilabete geroago, Ihabarrera hurbildu ginen berriro, “azken lerro” hori eskalatzeko asmoz, eta sorpresa polita hartu genuen soka batekin bere oinean egindako lokarri bat aurkitu genuenean.
Hormaren oinean dagoen soka.
Horrek izugarri animatu gintuen, pentsatu baikenuen irudimenean genuen lerroa eskalada-bide bihurtua izan zela. Bi aldiz pentsatu gabe, horma eskalatzen hasi ginen, baina ez dakigu lerroz nahastu ginen edo bidea ez den oraindik ireki, eskalatu genuen lerro osoan ez baikenuen inor pasatu zen arrastorik aurkitu. Lerroa modu garbian eskalatu genuen, horman ezer utzi gabe, bilgune batzuk non muntatu genituen adierazten duten horman markatutako “X” batzuk izan ezik. Azkenean, sei luzeko lerro bat eskalatu genuen, baina hirugarren luzetik gorako tartea ez zitzaigun oso interesgarria iruditu eskaladari dagokionez; izan ere, III / III+ zailtasuneko tarte motz batzuk lotzen ditu, erdi-oinez egiten diren baso eta ezpel tarte itxiekin tartekatuz. Bigarren eta hirugarren luzeetan jarraitu genuen ibilbidea polita izan arren arriskutsua izan daiteke, harri aske asko dituelako, baina hirugarren luzea amaitzen den puntara modu zuzenago eta ederragoan irits daiteke luze bakar batekin, aseguru finkoren bat jarriz. Gure ustez, irekiko den eskalada-bide berri honek bigarren aukera honi jarraituko dio. “Gure” hirugarren luzearen gainetik, ez dakigu nondik joango den bide berria, guk eskalatu genuena baino leku interesgarriagotik ziurrenik; horregatik, ez dugu eskalatu genuen lerro hau inola ere izendatu, uste dugulako bide berri hau prestatuko dutenek eskubide osoa dutela ondoen deritzoten moduan izendatzeko. Irrikan gaude eskalada-bide berri hau noiz egongo den prest jakiteko eta ondoren frogatzeko, ziur bide eder bat geratuko dela. Animo asko bide hau prestatuko dutenei!!!!
Azken lerro honen ondoren, Ihabarrera lerro berrien bila egin ditugun bisitak amaitutzat ematen ditugula uste dugu. Sare sozialetan aipatu nuen moduan, Kortaturen azken diskoa gogoratuz, lerro hau izan daiteke gure “azken guda dantza”.
Ihabarko gure "azken guda dantza".
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
20:11
Etiketak:
arakil,
basurdeak,
basurdeak katuoinekin,
eskalada,
ihabar,
katuoinekin,
smithy,
smithy blog,
smithyrenbloga,
urdebez
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)