AZKEN 10 SARRERAK

2009/08/06

MIDI D'OSSAU, GRAND PIC (2884 metro) 09/07/31

Duela bi urte igo genuen mendi hau. Egun horretan Josu, Andoitz, Igor eta lauok Portalet-en lo egin ondoren, hurrengo egunean igo eta jaitsi egin genuen. Mendi oso-osoa da igotzeko: trepadak, destrepadak, harri blokeak, maldak...

Anaiak aurtengo "kurtsorako" hiru helburu jarri zituen: Aneto igo Estasen korredoretik, Vignemaleko Pique Long "Paradiso" grutan lo egiteko eta Midi D'Ossau.

Hasiera batean gure asmoa bi Midien arteko zeharkaldia egitea zen: Uztailak 30eko arratsaldean goiz abitu Portalet-era, Pombie aterpera joan eta bertan lo egiteko. Hurrengo egunean, Peyreget aristatik Petit Pic-era igo eta hemendik Grand Pic-era pasa ondoren, bide normaletik berriro ere kotxera. Honela San Inazio eguna ospatzeko modu bikaina izango genuen.

Azkenean, bizitzaren tirabirak direla eta (aterpean lekurik ez, bidea ongi ikasia ez izatea, etab.) bide normaletik igotzea erabaki genuen.

Honela, Uztailak 30ean 17:30tan Portalet-eruntz abiatu ginen 31an Midia igotzeko asmoarekin.

SARRERA


Nork ez du Midi D'Ossau ezagutzen? Pirinioetako mendirik gehienetatik ikusten den bi puntetako mendi berezia da. Arraroa izango da batzuentzat, baina beti alderantzin dagoen hagina iruditu zait. Botere erakargarri berezi bat dauka kolore iluna duen mendi honek Piriniotan ibiltzen garen mendizaleongan.

Ez da Piriniotetako beste mendi batzuen 3000 metro magikoetara iristen (2884 metro ditu) baina ziur naiz 3000 askok errezeloz begiratzen diotela, Midi-ak mendi bezela aukera mugagabeak eskeintzen baititu urtean zehar: neguan korredoreak (ezagunena beharbada La Fourche) eta udan eskaladarako paraje izugarria.

Inork ez daki ziur noiz igo zen mendi hau lehen aldiz, baina lehen igoera saiakera 1582 urtean jasoa da eta 1787 urtean ezezagun batek mojoi bat altsatu zuen bere gailurrean. Ezezagun hau Aspe haranako artzai bat ote zen pentsatzen da. Lehenengo igoera ezaguna, hau da, izen abizenekin, 1797 urteko urriaren 3an Guillaume Delfau-k eginikoa izan zen, gaur egun bide normala bihurtu den bidetik.

Duen zailtasunagatik, XIX. mendearen amaieran hiru tximiniatan Auribeau-ko prefetaren aginduz barra batzuk jarri ziren. Jarritako barra gehienak 1966 urtean kendu ziren izugarrizko eztabaidaren ondoren. Zailtasuneko lehen eskalada bidea, Hegoaldeko Pilarea, 1959 urtean eskalatuko zen.

GURE BIDEA

Lehen azaldu bezela, Midira igotzeko ohiko bidea jarraitzea erabaki genuen. Bide honetan tximinia moduan hiru zailtasun topatuko ditugu, baina ez dira eskaladako II zailtasunetik igotzen.

Tximinia hauek direla eta batzuen zalantzarik handiena soka eramatearena izaten da. Hiru tximinietan rapelatu ahal izateko paraboltak jarrita daude, baina nire iritzi apalean ez dut uste mendian eskaladatxoak egiteko ohitura duen mendizale batek rapel hauen laguntza beharko duenik. Dena den, eskaladatxoak egiteko ohiturarik ez duen bati sokarik gabe ez egitea gomendatuko nioke, batez ere jaitsierari begira.

Hori bai, gero zehaztuko dudan bezela, KASKOA jantzita eramatea NAHITAEZKOA iruditzen zait.

Udan zehar, eta asteburuetan batez ere, ohiko bidea mendizalez josia dago, honegatik gomendagarria da  goizean goiz martxan jartzea, lehenengo tximiniara Pombie-tik irteten den mendizale tropela baino lehen iristeko.

ERAMANDAKO MATERIALA

Guk ez genuen beste edozein mendira eramango ez genuen materialik eraman. Hori bai, KASKOA NAHITAEZKOA DA, bidean zehar harriak etengabe erortzen baitira.

Bestalde, batez ere destrepatzeko ohitura edo erraztasuna ez dutenentzat, gomendagarria izan daiteke 30 metro inguru rapelatzeko soka bat eramatea, tximinietatik behera lasai jaisteko. Soka eraman ezkero, arnesa eta rapelatzeko materiala ere ("otxoa", "reversoa", "Shunt"-a...) eraman beharko da.

DESKRIBAPENA

Ordizia, arratsaldeko 17:30. Traste guztiak kotxean sartu ondoren, Portalet aldera abiatu ginen. Liedena herrian dagoen jatetxean afaldu eta hurrengo egunean gosaltzeko zerbait erosi ondoren, 20:50 aldera kotxea uzten den Parking-era iritsi ginen. Parking hau Frantzian dago, aduana zaharretik kilometro ingurura Cabane de l'Araille deitzen den lekuan.

Portalet igotzen ari ginela eguraldia ederra zegoen, eguzkia eta beroa, baina muga zeharkatzearekin batera behe-laino itxi bat topatu genuen.

Kotxea utzi eta lehenengo gauza gure dendatxoa muntatzeko leku baten bila aritu ginen. Minutu batzuen ondoren, errepidea gurutzatu eta bestaldean dagoen errekatxoaren ondoko zelaia aukeratu genuen leku egokitzat, belar gozoaren gainean. Baina denda jarri baino lehen, euskaldun petoak bezala, ogitarteko bat afaldu genuen.

Egia esan, zalantza handiak izan genituen denda jartzeko, ez baitakigu gaua bakarrik igarotzeko denda jartzerik dagoen hala ez. Dena den, mendia arautzen duen kartela irakurri ondoren, gaua bakarrik igarotzerik badagoela ulertu genuen.

Parke nazionala arautzen duen kartela,


Iker afaltzen. Behe-lainoa nabaritu daiteke.


Eguzkiaren azken izpiak lainoaren gainetik Midi-a besarkatzen.


Afaldu ondoren, denda muntatu eta 22:00ak aldera zakura sartu ginen. Hurrengo egunean iratzargailuak goizeko 5:30tan astinduko zizkigun belarriak.

Dendara sartzeko prest.


Goizeko bostak eta erdi. Iratzargailuak jo ondoren eta oraindik eguna oso ilun zegoela aprobetxatuz, ordu erditxo gehiago zakuaren epelean egotea erabaki genuen. Honela, goizeko seietan zakutik atera, denda jaso, traste guztiak kotxean gorde eta ederki gosaldu ondoren, goizeko seiak eta erdietan martxan jarri ginen.

06:30. Parking-a, 1700 metro. Oraindik erdi ilun Pombie aterperuntz abiatu ginen. Bideak ez dauka inongo misteriorik: lehenik errepidea gurutzatu behar da eta gurutzatu ondoren pista bat hartu behar da 150 metro inguruan, ezkerrera doan bidexka bat hartu arte. Bidexka hau hartu ondoren, beste 200 bat metroetara zubitxo bat zeharkatzen da, eta hemendik aurrera, bideak ez dauka inongo galerarik, bide bakarra baita.

Zubitxoa pasa ondoren (eskuinean).


Zubitik aurrera malda bat hasten da, eta hemen lehen aldiz hauspoa berotzen hasten da, honegatik malda hau pazientziarekin hartu beharra dago, xuabe-xuabe ederki igotzen da eta. Malda hau Col de Soum de Pombie (2129 metro) lepoan amaitzen da, eta hemendik ikusten da lehen aldiz gure gaurko helburua. "Akojonantea da mendi hau!!!" Esan zuen Ikerrek.

Col de Soum de Pombie-ra iritsi ondoren.


Gaurko lehen aldapatxoa igo dugu.


Col de Soum de Pombie-tik Pombie aterperaino aldapa behera gozo bat dago eta di-da baten ailegatu ginen bertara.

Pombie aterperuntz.


07:30. Pombie aterpea, 2031 metro. "Zemuz zoaz?" nik, "de puta madre", anaiak. Aterpean mugimendu handirik ez zegoela aprobetxatuz gelditu gabe aurrera jarraitzera erabaki genuen. Gure hurrengo helburura: Col de Suzon lepoa.

Pombie-ko aterpea utzi eta berehala harkaitz blokeez jositako tarte batera iritsi ginen, baina ez dauka inongo arriskurik.

Iker harri blokeen pasadizora sartzen. Bukaeran Col de Suzon ikusi daiteke.


Iker harri blokeen erdian. Parean Pombie horma.


Harri blokeen tarte hau bukatzen denean, berriro ere bidexka itzultzen da, pausuak gozo-gozo ematen direlarik.

Harri blokeen tartea atzean utzi ondoren.


Klik, klik, klik,klik... etengabe ari nintzen argazkiak ateratzen mendiari. "Izugarria da".

Jean Santé orratza. Eskuinetik Pombie-Souzon korredorea doa (450 metro MD inf.)


Honela ttirri-ttarra Col de Souzon lepora goizeko 8:00tan iritsi ginen.

08:00. Col de Souzon lepoa, 2127 metro. "Lasai hartu aldapa hau ze uste baño luzegoa da" esan nion anaiari hurruntzen zen bitartean. Lepo honetatik lehenengo tximinia hasten den lekura dagoen aldapa arin-arin hasiz gero ordaindu daiteke. Lehen aldiz Midi-ra igo nintzenean aldapa honetan Andoitzek beroaldi ederra hartu zuen, jejeje.

Col de Souzon-etik gora.


Dagoeneko Pombie aterpea txikia ikusten da. Atzean Partakua mendilerroa.


Col de Souzon atzean utzi ondoren, maldaren heren bat gutxi gora behera betetzen denean hito txiki bat dago eskuinera hasten den bidexka bat markatuz. Puntu hau da Austriakoen pitzadurara joateko hartu behar den bidegurutzea da. Bide hau Midi-ko ipar aurpegira garamatza. "Ahhh!!!!! egunen baten hemendio igo beharko deu".

Midi-a eta Austriakoen pitzadura eskuinean.


Midi-ra doan "Contrafuerte oriental"-a. Hemendik gora doan eskalada bidea(300 metro AD) ere agendan daukat noizbait egiteko. Eskuinean mendizale batzuk ikusi daitezke lehenengo tximinia igotzeko prestatzen.


Ezetz badirudi ere, malda handia dago.


Honela, anaia ttipi-ttapa eta ni klik,klik eta klik gindoazela goizeko 08:25etan lehenengo tximiniaren oinarrira iritsi ginen. Aurretik hirukote bat genuela aprobetxatuz, kaskoa jantzi, barritaren bat jan eta ura gogotik edan genuen gure azpian zabaltzen den paisaiaz gozatuz.

08:40. Lehenengo tximinia (II gradua), 2345 metro. Beharbada tximinia zailena izango da, baina hala ere oso helduleku onak ditu. Gainera zatirik konplikatuenean bi klabija dauzka sartuak, pausuak erraztuz. Z forma dauka: hasieran ezkerrera diagonal bat egiten da 5 metro inguruan, gero eskuinera beste diagonal bat egiten da tximinian sartuta (hemen erosoena hankak irekita igotzea da), eta bukatzeko berriro ere ezkerrera beste diagonal bat plaka batetik, klabijez lagunduta.

Lehenengo tximinia. Lehen diagonalaren hasieran. Goian, tximiniaren amaieran hirukotea ikusi daiteke.


Lehenengo diagonala bukatzen den lekuan.


Bigarren diagonala. Mendizale bat hirugarren diagonala amaitzen ikusi daiteke.


Iker azken diagonalean sartzeko prest.


A0 pausuak egiten...je,je,je.


Lehenengo tximinia bukatuta.


Lehenengo tximiniatik bigarrenera iristeko galtzeko arriskurik ez dago, bidea oso zapaldua dago eta. Puntu honetan aurretik zihoan hirukotea pasa genuen, gainetik ahalik eta jende gutxiago izateko (harrien erorketen arazoagatik, batipat).

08:50. Bigarren tximinia (II gradua). Bigarren tximinia gozatzekoa da. Igotzeko bi aukera ditugu: ezkerretik pitzadura-diedro bat eskalatuz (hemen klabija zaharren zuloak daude -dirudienez, bide originala hau izango zen-) edo eskuinetik. Eskuineko zatian sei mendizale soka bakar batekin igotzen ari zirenez, hauen zain ez egotearren ezkerreko aukera hartu genuen.

Igoera honetan, aurrekoan bezela, eskuak non jarri baino oinak non jarri ikusten joan behar da, oinentzat leku onak ditu eta (eskuentzat ere helduleko ederrak ditu).

Iker bigarren tximiniaren hasieran.


Erdi puntuan.


Ni azken zatian.


Heldulekuak ederrak direla ikusi daiteke. Azpian hasierako hirukotea.


Bigarren tximinia amaitu eta metro gutxietara 8-10 metroetako tximinia-diedrotxo batera iritsiko gara. Diedrotxo honetan bi klabija daude.

Iker bigarren tximinia pasa ondorengo "diedrotxoan".


Ni puntu berean.


Eta diedrotxo honetatik gora, zoramena. Hitoak non-nahi azaltzen dira, mila bidexka daude eta ez dago oso argi nondik nora joan behar den hirugarren tximiniara iristeko. Bide teorikoa, diedrotxo hau amaitu ondoren eskuin diagonal bat eginez (bidea jarraituz) 30 metro inguru egin behar dira, gero ezkerreruntz diagonalean igotzeko. Honela, lehen diagonala egiten ari garen bitartean ezkerrera uzten dugun pareta galdu gabe, tximinia nondik-nora doan ikusi daiteke.

Hau dena teorian. Gu praktikan ez genuen bide "normala" jarraitu eta hito batzuen atzetik gure hirugarren tximinia pertsonala egin genuen. Egia esan, nahiz eta, gu bezela, bidea galdu, inongo momentuan ez zara inongo "marroietan" sartzen. Gainera, guk egin genuen hirugarren tximinia hau hiruetatik errezena iruditu zitzaigun.

Iker gure "hirugarren tximinian" sartzen.


Tximinian barrena.


Tximiniaren pausu zailena eskalatzeko prest.


Iker pausurik zailenean. Egia esan ez zuen inongo zailtasunik.


Eta tximinia honen ondoren..... harriak, harriak eta harriak. Tximinia hau bukatzearekin batera bideak orain arte izandako ikusgarritasuna galtzen du eta harrikara batean bihurtzen da.

Honela, dagoeneko eguzkia ederki berotzen ari zela, harrien artean, ixil-ixil, lurrera begira (harriek izugarri agobiatzen naute eta, jejeje) 09:45tan Midi-ren gailurra zapaldu genuen.

Mujika anaiak Midi-ren gailurrean. 09/07/31 9:48.


Gailurra zapaldu, anaien arteko besarkada eman eta milaka argazki ateratzen hasi ginen ogitartekoa jaten genuen bitartean.

Iker zoriontsu Midi-ren gailurrean.


Bigarren tximinian pasa genuen seikotea harrikaran.


Partakua mendilerroa gailurretik. Mendilerro horretan negurako hainbat projektu ere baditugu...


Ogitartekoa jan ondoren bi Midien arteko zeharkaldi osoa ea ikusten zen ikustera joan ginen, baina ez genuen gauza handirik ikusi.

Petit Midi.


Pombie aterpea eta Aragon punta.


Urrutien joan ginen tokian.


Piriniotako panoa Midi-ren gailurretik. Hau da hau parajea!!!!


Punta Aragon eta Rein de Pombie.


Parking-a. Kriston beheran gelditzen da hemendik ikusita.


Eta gailurrean ordu erdi pasatxo egon ondoren, beherako bidea hartu genuen.

JAITSIERA

10:20. Midi d'Ossau-ren gailurra. Jaisteko ohiko bidea aukeratu genuen, batez ere GPS-an ibilbidea ongi gordetzeko.

Jaitsieraren hasieran harrien artean...


...eta harrien artean...


...benetazko hirugarren tximiniaren amaiera markatzen duen gurutzera arte.


10:45. HIrugarren tximiniaren gainean dagoen gurutzea. Gurutze honek, esan bezela, hirugarren tximiniaren amaiera markatzen du.
Baina kontuz!!!!!!!! Gurutze hau oso traizioneroa da, bere inguruan makurtuz gero...ZASSSSSS!!!!!!!!!!!!!

ZASSSS!!!!!!!!!!! Jejejejeje


Gurutzea.


Hirugarren tximiniak ez dauka zailtasun handirik. Kontutan edukita guk destrepatu egin genuela (ez baikinen hemendik igo) ez zitzaigun batere zaila iruditu.

Hirugarren tximiniatik behera. Gurutzea atzean gelditzen da.


Hirugarren tximinia (atzean) jaitsi eta gero.


Bigarren tximiniaren ondoren zegoen "diedrotxoaren" bila.


"Diedrotxoa" destrepatzeko prest.


Xuabe-xuabe...


Diedrotxoaren klabijetara iristen


"Eh!!! ezin dira klabijak ukitu!!!!! Jejeje"


Orain anaiaren txanda.


Bigarren tximinia destrepatzeko prest. Eskuinean igotzeko aukeratutako bidea ikusi daiteke.


Helduleku paregabeak.


"Hala!!! Agurrrrr!!!!!"


Nola jaitsi bigarren tximinia Sei argazkietan? Horra hor.

Bat...


...bi...


...hiru...


...lau...


...bost...


...eta...sei.


Bigarren tximiniaren ondoren... zein txikiak garen honelako parajeetan...


Lehenengo tximiniaren aurretik...atzean Balaitus.


Palas, Balaitus, Frondiellas eta Arriel...


Lehenengo tximiniara ondo goazela markatzen digun hitoa. Atzean, Balaitus.


Anaia lehenengo tximinia destrepatzen. Hiruetatik destrepada zailena duena hau da.


Eta destrepe guztien ondoren, 11:30tan lehenengo tximiniaren oinarrira iritsi ginen.

Pombie aterpea lehenengo tximiniaren oinarritik.


11:40. Lehenengo tximiniaren oinarria. Kaskoak jaso, barritaren bat jan eta batez ere ura gogotik edan ondoren, Pombie aterperuntz abiatu ginen izugarrizko irrifarrearekin.

Iker Col de Suzon-era ailegatzen.


Jean Santé orratza eta Pombie-Suzon korredorea.


Pombie-Suzon korredorearen sarrera originala (II+). Ezkerretetik eskuinera doan diagonal bat da.


Pombie horma. Lau kordada ezberdin ikusi genituen.


Pombie aterpera iristen ari ginela, honen kanpoan karpa bat jarrita zegoela ikusi genuen. Aterpeko zaindariak esan zigunez 15 pertsonentzat lekua dauka eta bertan oheak, maindirak eta komunak dauzkala ulertu genion.

Pombie aterpea eta kanpoan jarri duten karpa.


12:20. Pombie aterpea. Garagardo hotz bat hartzeko tentatuta izan ondoren, azkenean aterpearen kanpoan argazki batzuk egin, bertan dagoen iturritik ur fresko tragoxka bat hartu eta kotxeruntz jaistea erabaki genuen.

Midi-aren panoa Pombie aterpetik.


Peyreget ertza. ITZULIKO GARAAAAA (eta itzuli ginen)!!!!!!!!!!!!!


Ezinezkoa da mendi honi behin eta berriz argazkirik ez egitea.


Ikerren azken begirada Col de Soum de Pombie-tik...


...baita nirea ere...


Anayet Col de Soum de Pombie-tik. "Ah ze mendi puska etorkizunerako!!!!"


Eta Col de Soum de Pombie-tik xuabe-xuabe behera eginiko gailurrarekin disfrutatzen eta etorkizuneko proiektuekin ametsetan jaitsi ondoren, 13:05etan kotxera iritsi ginen.

Berriro ere egunsentian pasatako zubitxora iristen.


"Amuarrainen bat ikusten dela uste det..." jejeje


Hasieran hartzen den pistan eskuinera hartu behar den bidegurutzean, kotxetik oso gertu.


Kotxea iritsi, arropa aldatu, trasteak jaso eta gogotik hidratatu ondoren, beti egiten dugun moduan Iruñako La Morean dagoen hanburgeseri batera joan ginen igoerako gosea kendu eta igoera ospatzea.

17:20tarako, berriro ere etxean geunden zoriontsu eta nekatuta.

Ez naiz esaten nekatutko, mendi ederra, oso-osoa denetarik duena. Zortea izan genuen bai igoeran baita jaitsieran ere ez baikenuen mendizale askorik topatu. Dena den, topatu genuen mendizale gehienek KASKORIK EZ ZUTEN!!!!!!! gero istripuak izaten direla.....

PROFILA



MIDIRA EGINIKO BESTE IRTEERA BATZUK

- La Fourche korridorea Petit Midira.
- Leku, Javi eta Bixkiren lehen aldia bide normaletik.
- Petit Midi Peyreget ertzetik eta bi Midien arteko zeharkaldia