Capéran de Sesques orratza, kanpaindorre baten itxura duen orratz ikusgarria.
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
Ia hiru ordu eta erdiko hurbilketa eta 1300 metroko desnibela baino gehiago eskatzen duen 65 metroko V zailtasuneko eskalada bat egingo zenuke? Beharbada ez. Eta esango banizu 65 metro horiek Frantziarko Pirinioetako orratz eder eta ikusgarrienetako baten ohiko bidea direla, eta orratz honek eskalada frantsesaren historian leku kuttuna duela? Uhmmmm.
Ez dakit eskalatzaile izan aurretik mendizale izan garelako edo eskalada baten estetika eta historia lehenesten ditugulako luzera eta zailtasunaren gainetik, zer esanik ez atzetik istorio ederra badu, baina, gure kasuan, erantzunik gabe geratu den bigarren galdera horri baiezko biribila erantzuten diogu beti.
Capéran de Sesques, Pic de Sesques mendiaren hegoaldean dagoen orratz ikusgarria da, Ossau eta Aspe haranen artean. Hegoaldetik ikusita 65 metroko orratz “xume” bat besterik ez bada ere, iparraldean, amildegi baten ertzean dagoenez, 120 metrora iristen da.
Capéran, capéraà hitz bearnesaren forma frantsesa da, “apaiza” edo “kapilaua” esan nahi duena, baina baita “kanpaindorrea” ere. Eta hegoaldetik ikusita kanpaindorre baten itxura dauka, eliza eta guzti.
Pierre Bourdieu (1895 – 1969) Escot herriko artzaina ezaguna zena eskalada praktikatzeagatik, gehienetan oinutsik. 1922ko ekainaren 4an, 45 minututan, oinutsik eta sokarik gabe, Capéran de Sesques eskalatu zuen lehen aldiz eta hegoaldetik bigarren saiakeran. Lehenengo ahaleginean, gaur egun bigarren luzearen hasieran eskalatzen den horma makurtuaren azpiraino iritsi zen, baina ez zen ausartu gorago igotzen.
Bourdieuren eskaladaren aurretik, Capéran de Sesquesen eskalada ezinezkotzat jotzen zen; izan ere, gailurrean zehar balezta batekin soka bat pasatzea pentsatu zen orratz honetara igotzeko. 1872 urtean Jean Arlaud bera ere orratzaz liluratuta geratu zen. 1907an, Ussel, Fontan de Negrin eta Castagnék orratzaren hegoaldeko hormaren bidea aurkitu zuten, baina bi saiakeren ondoren hasierako diedroa amaitzen den sabaiaren azpiraino baino ez ziren iritsi, “Castagné horma-hobia” bezala bataiatuko zutena eta gaur egun iltze bihurritu bat duena. Haien atzetik, hainbat kordadak saiakera gehiago egin zituzten, Maure Heidek Bulletin Pyénéen aldizkarian 1924an argitaratu zuen artikulu batean irakurri daiteken bezala. Kordada batzuek saiakera bat baino gehiago egin zuten, baina ez zuten orratza igotzerik lortu, Pierre Bourdieuren igoera ikaragarria iritsi zen arte.
Orratzaren iparraldeko aurpegi beldurgarria François Cazaletek eta Roger Maillyk konkistatu zuten 1935ko irailaren 9an, eta Robert Ollivierrek bere mendi-gidaliburu ospetsuan "garai hartako Frantziako harkaitz-eskaladako biderik zailena" zela idatzi zuen. Eskalada honen garrantzia hain handia izan zen, Patrice de Bellefonen “Los Pirineos, las 100 mejores ascensiones y excursiones” liburu ospetsuan agertzen dela.
Urte batzuk ziren Asier eta biok orratz hau eskalatu nahian genbiltzala, baina orratz honen hegoaldeko hormaren eskaladari buruzko informazio zehatza aurkitzea ez zen lan erraza izan. Ollivier mendi-gidaliburutik kanpo, ez genuen informaziorik aurkitu. Interneten ere informazio gutxi aurkitu genuen: deskribapen bat Mendikat orrian, beste deskribapen bat Isak eta Josuk wikilocera igotako trac batekin batera eta Piruk duela urte batzuk bere “Ikusi mendizaleak” blogean idatzitako kronika bat. Hau ikusita Josuri mezu bat bidali nion nire zalantzak azalduz eta bere erantzuna azkarra izan zen: “bi soka eraman genituen, 30 metrokoak eta 7,8 mm-koak. Friend, arteka-trabagailu eta zinta-uztaia batzuk. Gogorrena hurbilketa da, eskalada erraza da, nahiz eta pasaguneren bat borrokalaria izan (IV zailtasunean). Hirugarren bilgunetik sokarik gabe joaten da gailurrera. Lehen rappela 3Btik 2Bra bitartekoa da”. Zalantza guztiak argituta, ez genuen aitzakiarik orratz ikusgarri hau ez eskalatzeko.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 65 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Pierre Bourdieuk 1922ko ekainaren 4an.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (23 m), 2ºL: V (15 m) eta 3ºL: IV+ (25 m).
- Orientazioa: Hego-mendebaldea. Goizean itzalpean dago.
- Ura: Etsaut herrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Etsaut herritik gora doan pista baten amaieran dagoen Seberry aparkalekutik Col D'Arras lepora doan bideari jarraituko diogu hasieran eta GR-10 ibilbideari ondoren, Salistre bordara zuzenduz. Borda honen gainetik orratza ikusten hasiko gara. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera hiru ordu eta erdi pasako ditugu.
- Jaitsiera: Bide beretik.
- Eramandako materiala: 30 metroko bi soka, luzera ezberdineko 8 express-zinta, friend sorta eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta harkaitz-blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu eta laurden inguru.
- Ibilbide osoa betetzeko pasatako denbora atsedenaldiak zenbatuz: Bederatzi ordu eta erdi, atsedenaldiak zenbatuz.
BIDEAREN KROKISA
Bidearen nondik norakoak.
Krokis zehatza.
Bidearen oinera arteko ibilbidea deskargatu nahi baduzue:
Powered by Wikiloc
DESKRIBAPENA
Gauean iritsi ginen Seberry aparkalekura (Bidearen oinera iristeko “track”-ean aparkalekua non dagoen ikusi daiteke, ibilbidea bertan hasten baita), Etsauten gora doan Bieus pista sigi-sagatsu eta aldapatsuari amaieraraino jarraitu ondoren. Pista estu horretan, bihurgune bakoitzean otoitz egin behar izan genuen, ibilgailu bat aurrez aurre ez aurkitzeko, eta gainera azken zatia asfaltatu gabe dago. Dena den, azken zati horretan mantso ibiliz gero ez dago arazorik kotxearekin igarotzeko. Igoera luze baten ondoren, bi ibilgailu isil eta lokartuen artean aparkatzeko zortea izan genuen, dozena bat auto inguru sartzen diren aparkaleku txikian libre geratzen zen leku bakarrean.
Kanpoan sargoria zegoen, eta ohea prestatzen ari ginela, gurekin gaua pasatu nahi zuten eltxoak leihoetan pilatzen hasi ziren, pozarren, furgonetaren barruko argi goxoak erakarrita.
- Ateratzen bazea argik itzaldu – esan zidan Asierrek.
- Bai, ze horko bat sartzen bada gaue emango digu.
Ez zen denbora asko igaro lo-zakuetan sartu ginen arte, nahiz eta bidaian afaldu genuen plater konbinatua urdailean bueltaka zebilen irteera baten bila. Bost ordu genituen aurretik goizeko laurak arte, iratzargailuak joko zuen ordura arte, lo egiteko, edo lo egiten saiatzeko, bero handia egiten zuen arren leihoak ezin genituelako ireki, konpainiarik nahi ez bagenuen behintzat.
Gaua erdi esna eta erdi lotan igaro ondoren, gosari azkar bat eztarritik nekez igaro eta goizeko lau eta erdietan abiatu ginen. Aparkalekua isilik jarraitzen zuen, ilunpearen mantaren azpian zeuden ibilgailuen barruan inor egongo ez balitz bezala. Lapurretan ariko bagina bezala, zaratarik egin gabe aparkalekua zeharkatu eta Col D’Arras lepora doan bideari jarraitzen hasi genion.
Aparkalekuan hartu behar eden bidea, Col D’Arrans lepora doana.
Oraindik hotz harrapatu gintuen aldapa handi baten ondoren, pagadi eder bat zeharkatzen du bideak, gure linternekin argitzen saiatzen ginena.
Bidean igaro genuen bidegurutze bateko kartela.
Pagadiaren erdian dagoen Col D’Arras lepoa atzean utzi genuenean, GR-10 ibilbideari jarraitzen hasi genion, GR-11 ibilbideak bezala, mugaren beste aldean, Pirinioak zeharkatzen dituena Mediterraneo itsasoraino.
GR-10 ibilbidean.
Ilunpetan zoazenean inguratzen zaituen paisaia linternen argiak erakusten dizunera mugatzen bada ere, nire ustez horrek badu bere abantaila, ez duzulako ikusten aurretik duzun bidea. Eta hori eskertzen da aurretik datorrena aldapa luze bat denean, jejeje.
GPSak adierazten zuen ibilbideari jarraituz, egunsentiak Salistre bordaren inguruan harrapatu gintuen, isiltasuna artaldeetatik ihes egiten zuten zintzarrien tintin-hotsak hausten zuen leku galdu batean. Baina zarata lasaigarri hori ez zen asaldatu gintuena:
- Guauuu, guauuuu!!!!
- Ostia, mastinak – esan nion Asierri, artaldea seinalatuz.
Ardien artean bi mastin handi agertu ziren, buztanak tente, mehatxuka, igarotzea debekatuta genuen leku batera hurbiltzen ari ginela ohartaraziz.
- Itxituraren barrun dare, ez?
- Hala emateu – erantzun nion -, baña GPSak bidea handik dijola esaten dit.
- Mastinak ez die territorialak?
- Bai – erantzun nion -. Suposatzen da beraien terrenon sartzen ez gean bitarten ez digutela ezer egingo.
Tentsio-puntu batekin, orain arte jarraitutako bidea utzi, etxolaren aurreko mendi-hegalera igo, eta haren ertzetik artaldearen itxitura inguratu genuen, distantzia zuhur batera manteduz. Istorio beldurgarriak entzun izan ditugu artaldeak zaintzen dituzten bitartean mastinen erasoei buruz, eta ez genuen jakin nahi zer asmo zuten zutik gu baino altuagoak diren txakur horiek.
Argazki honetan artaldeak zeuden Salistre borda, ohiko bidea (urdinez) eta guk egin genuena (zuriz) ikusi daitezke.
Sentsazio zirraragarria izaten da igo edo eskalatu nahi duzun mendia lehen aldiz ikusten duzunean, are gehiago hubilketa luzea denean. Mastinen zaunkak bailaran ito eta arnasa lasai hartzen hasi ginenean, Capéran de Sesques agertu zen lehen aldiz zerumugan. Hainbeste denbora zain egon ondoren, aho zabalik geratu ginen aurrean genuen orratzari begira. Hantxe zegoen azkenean, gure begien aurrean, eta ez argazki edo pantaila baten atzean, gure zain.
Capéran de Sesques ikusi genuen lehen aldia.
Belar luzez estalitako aldapa batetik jarraitu genuen orratzari begirik kendu gabe, Pic de Sesques mendi ikusgarriaren begiradapean. Ez nuen mendi hau ezagutzen eta atentzio handia eman zidan. Zenbat mendi dauzkagu oraindik deskubritzeke?
Pic de Sesques mendi ikusgarriaren begiradapean.
Metroak irabazi ahala, eguzkiak apurka-apurka orratza argitzen zuen, baita inguruko mendiak ere, harkaitzei urre kolore bat emanez, baina ohiko bidea dagoen hormak, hego orientazioa duela irakurrita genuena, itzalpean jarraitzen zuen. Nola zen posible? Ipar aurpegia ez ote zen ere zalantzan egon ginen une batez. Etxera iristean ikusiko nuenez, hormak hego-mendebaldera ematen du, eta honegatik dago goizean itzalpean.
Errekasto batek higatutako bailara batetik jarraitu genuen, denboraren eraginez orratzetik eroritako harkaitzek osatutako hartxingadira iritsi arte. Han, harrien gainetik jarraitu beharrean, ezkerretara dagoen aldapa malkartsu belartsutik jarraitu genuen, orratzaren oinera iritsi arte.
Hartxingadira iristen. Puntu zuriz, eskalada hasten den lekura arte gutxi gora behera jarraitu genuen ibilbidea.
Berehala identifikatu genuen lehenengo bilgunearen kokapena eta bertara iristeko jarraitu beharko genuen ibilbidea.
- Luze honek tercero dauke? – Galdetu nion Asierri hasierako diedro bertikalari begira.
- Hala esaten dute baina ez dirudi - erantzun zidan Asierrek.
Nagiak esnatu ginen arren, goiz jaiki izana eskertu genuen. Orratzak itzalpean jarraitzen zuen, eta iparraldetik zetorren haize freskoak haizerako txamarrak janztera behartu gintuen. Eskalatzen hasi aurretik eskuak eta oinak hotz nituen, ez dakit haizearen eraginagatik edo nire gorputzean zehar zihoan adrenalinagatik, gainetik neuzkan metro bertikalak eskalatzen hasteko urduritasunak eraginda.
Oharra: Eskaladaren zailtasuna guri iruditu zitzaigunaren arabera ezarri dugu, eta gaur egun jarraitzen den mailaketarekin bat datorrela esango nuke. Hala ere, argi utzi nahi dut hau iritzi pertsonal bat besterik ez dela.
- Lehenengo luzea, 23 metro, IV+. Diedroa eskalatzen hasi nintzen, harkaitz-moko batetik pasatako soka zahar bateraino (III). Bertatik express-zinta bat pasa eta diedrotik jarraitu nuen, Castagné horma-hobira zuzenduz. Arnasketa kontrolatzen nindoan, likenez estalitako harkaitz hotzak ez baitzidan konfiantza handirik ematen.
Castagné horma-hobitik metro pare batera iritsi nintzenean (III+), zalantzan egon nintzen diedroaren arrailetik jarraitu ala ez. Diedroaren arraila zabalegia zen arnesetik zintzilik zeuden friend-ak trabatzeko eta eskuinean neukan plaka tentean dagoen arrail txikiak ez zidan konfiantza handirik ematen. Une zalantzakor horren ondoren, eskuineko plakara pasa nintzen, bertan zeuden helduleku on batzuei heldu eta plakan gora jarraitu nuen, horma-hobira iritsiz (IV).
- Hemen iltze oker bat dau!!! - Oihukatu nion Asierri.
Castagné horma-hobian dagoen iltze okerra.
Ez dakit nork eta zein egoeratan sartu zuen iltze hori, baina zein oker zegoen ikusita, ez dut uste egoera eroso batean sartu zuenik. Iltzeak ere konfiantza handirik eman ez zidanez (bazirudien orain arteko denak mesfidantza sortzen zidala, jejeje), “badaezpada” ondoko arrail estu batean friend txiki bat trabatuz indartzea erabaki nuen.
Castagné horma-hobian, friend txikia trabatu ondoren.
- Asegurauta? – Galdetu zidan Asierrek.
- Bai – erantzun nion.
- Momentu baten tenso xamar egon naiz, eskubiko plakara pasa zeala ikusi dudanen.
- Ze ba?
- “Oain eroitzen bada lurreraño dijo”, pentsatu det.
- Helduleku onak daude – erantzun nion – gero ikusiko dezu.
- Printzipioz diedroa eskalatzen saiauko naiz.
Hurrengo helburua bilguneraino luzatzen den arrail diagonalera iristea zen. Horretarako, kontu handiz igaro nintzen Castagné horma-hobiaren eskuinaldera (III+), eta metro pare bat eskalatu nituen (IV), arrail diagonalera iristeko, bertan friend bat sendo trabatuz. Bertikala izan arren, banekien ez nintzela eroriko, arrailak helduleku oso onak dituelako eta friend-ak azpiko iltze okerrak baino konfiantza handiagoa ematen zidalako. Dülfer teknika erabiliz, ez nuen arazo handirik izan amildegian zintzilik dagoen bilgunera iristeko (IV+).
Lehenengo bilgunea.
Lehenengo bilgunean.
Asier eskalada hasteko prestatzen ari zen bitartean argazki batzuk egin nituen. Bilgunea osatzen duten iltzeetatik garai eta egoera desberdinetako sokak eta zintak jarrita zeuden arren, ez nuen erabateko segurtasun sentsaziorik, segurasko azken urteetan paraboltez osatutako bilgunetara ohitu naizelako. Soka zati batzuk igo genituen, bilguneetako soka eta zinta zaharrak ordezkatzeko asmoz, baina bilgune guztietan soka berriak ikusi genituenez, berriro jaitsiko genituen gurekin.
Lehenengo bilgunetik beherako ikusmira. Argazkian azken metrotan eskalatzen den arraila ikusi daiteke.
Bidearen oinetik bilgunera egindako argazki honetan, lehen luzearen bertikaltasuna ikusi daiteke.
- Ze iruittu zaizu?
- Uhmmm, badauke berea – erantzun zidan Asierrek bilgunera doan arrailera iritsi zenean -. Terzero mas baño gehiago seguru.
- Nik kuarto mas ere emango nioke – erantzun nion -. Midiko tximini zailenak terzero badauke, honek gutxiñez kuarto dauke.
- Bai, gaur egungo graduaziokin nik ere uste det kuarto masetik gertugo daula terzero masetik baño – erantzun zidan – Portzierto, azkenen diedrotik jarraitu det eskubiko plakara pasa gabe.
- Ta zemuzkoa?
- Errexagoa izan leikela iruittu zait, igual ondo kolokau naizelako.
Lehenengo bilgunera iristen.
- Bigarren luzea, 15 metro, V. Bere eskalada errazagoa edo zailagoa bada ere, bigarren luzeko sabaiak urduri jartzen zaitu azpitik ikusten duzunean. Ez da harritzekoa Pierre Bourdieu hona iritsi zen lehen aldian behera egiteko erabakia hatzea.
Capéran de Sesquesen itzala Pic de Sesques median proiektatzen. Goiz ibiliz gero eskalada osoa itzalpean egiteko zortea izango dugu.
- Leku guztitan irakurri det helduleku oso onak dittula.
- Oain ikusiko deu – erantzun zidan Asierrek bilgunetik ateraz.
Asier bilgunetik irten zen eta oinak horma osatzen duen diedro itxurakoaren bi hormetan jarriz, zuhurtzia handiz metroak irabazi zituen, sabaiaren azpian jarri zen arte (IV+). Friend bat trabatu eta gorputza apur bat altxatu zuenean, zerbaitek atentzioa eman zion:
- Hemen iltze bat dau!!!
- Ze onaaa!!!
Friend-a trabatu ondoren.
Iltzeak emandako segurtasun-sentsazioa aprobetxatuz, atseden motz bat hartu zuen sabaia eskalatu aurretik. Bitxia da zenbat erlaxatu dezakeen harkaitzean sartutako metalezko pieza txiki batek.
Oinak non jarriko zituen begiratu zuen lehenik, eta gero gorputza altxatzen hasi zen, gainean zituen harkaitz guztiak haztatzen zituen bitartean, eskuetarako helduleku on baten bila. Ezkerrerantz pixka bat mugitu eta sabaiaren ezkerraldean aurkitu zuen helduleku handi bati tira egin zionean, Asierrek ez zuen sabaia eskalatzeko zailtasun handirik izan (V).
- Onaaaaaaa!!!!
Sabaia eskalatuta, eskuineko joerarekin jarraitu zuen, bigarren bilgunera iritsiz (III).
Bigarren bilgunea.
Soka gainetik izan arren, sabaia eskalatzeko estutu behar izan nuen, nahiz eta azpitik ikustean iruditu zitzaidana baino errazago eskalatu nuen. Altuak garenok sabaiak eskalatzeko zailtasunak izaten ditugu, horregatik Bourdieuk, oso altua zela ziotena, sabaia eskalatzeko izan zuen odol hotza eta kontzentrazioa, gainetik zer aurkitu zuen jakin gabe, ikaragarriak iruditu zitzaizkidan.
- Ta gañea destrepatu egin zuen!!! – Esan nion Asierri bilgunera iritsi nintzenean.
- Garai hartakok beste kasta batekok zien – erantzun zidan.
- Hirugarren luzea, 27 metro, IV+. Ezkerraldean dagoen tximinia handi eta nabarmen bat utzita, bilgunearen gainetik dagoen arraila eskalatzen hasi nintzen, hormak osatzen duen ezproi antzeko baten eskuinaldean mantenduz, harri askez josita dagoen erlaitz zabal batera iritsi nintzen arte (III+).
Hirugarren luzearen lehen metroetan.
Kontu handiz zeharkatu nuen erlaitza harririk ez botatzeko, eta zuzen jarraitu nuen eskalatzen haren eskuinetik, gainean harlauza erori bat duen erlaitz txiki batera igo nintzen arte (III+). Banekien luzearen punturen batean eskuinera igaro behar nuela diedro/tximinia baten bila, baina ez nintzen gai izan puntu horren kokapena aurkitzeko. Igota nengoen erlaitz txikiaren eskuinaldera zailtasun handirik gabe pasa zitekeela iruditu zitzaidan, baina zeharkaldi horrek orratzaren eskuineko ertzean utziko ninduela zirudien, eta generaman krokisaren arabera, luze hori ez zen ertz horretaraino iristen. Aukera hori baztertuta, zuzen gorantz eskalatzen jarraitzea zen geratzen zitzaidan aukera bakarra, baina aukera horrek ez ninduen asko konbentzitzen, horma makurtu bat eskalatu behar nuelako.
Hormaren eskuinean dagoen arrail estuan friend txiki bat trabatzea lortu nuenean, adi egoteko esan nion Asierri, eta pixkanaka horma makurtua igotzen hasi nintzen, grabitatearen indarrari desafio eginez, eta luze iruditu zitzaizkidan segundo gutxi batzuen ondoren, horma eskalatzea lortu nuen (IV+).
- Hau ere ez da terzero mas!!! – Oihukatu nion Asierri hormaren gainetik.
Horma makurtua eskalatu ondoren, eskuinerantz zeharkaldi bat egin nuen, eta tximinia inklinatu batera iritsi nintzen, diedro bat osatuz amaitzen dena (III). Orduan eguzkiak lehen aldiz argitu ninduen. Ez nuen hotzik, baina eguzki izpien epeltasuna sentitu nuenean, denbora asko pasa ondoren ikusten duzun lagun batek emandako besarkada epel eta goxoa sentiarazi zidan.
Diedroa azpitik ikusita.
Besarkadak indarberrituta, tximinia igotzen hasi eta, diedroaren amaierara iritsi baino lehen, zertxobait ezkerretara jo nuen, tarterik errazenen bila, hirugarren, eta azken, bilgunera iritsi nintzen arte, bloke handi batetik pasatako soka eta zinta desberdinez osatutakoa (III).
- Artzain honek egin zuena ikaragarria izan zen – esan zidan Asierrek bilgunera daraman tximinia/diedrora iritsi zenean.
- Neri oraindik flipanteena iruitzen zaidana da orratza destrepatu izana – erantzun nion -. Ta gañea oinutsik.
Asier azken bilgunera daraman tximinia/diedroan.
Gailurrera iritsi arte geratzen zitzaigun tartea zaila ez bada ere (III), badaezpada aseguratzea erabaki genuen, bagenekielako tarte honetan eroriko bat izanez gero azkenekoa izango zela. Bilgunearen ezkerretik irten, puntan amaitzen den plaka batera igo eta gailurra osatzen duen hormaren azpitik ezkerrerantz zeharkaldi horizontal bat egin genuen, orratzaren puntara iritsiz.
Asier gailurrean.
Azken bilgunea gailurretik ikusita.
Ez dut uste gailurrean elkarri bostekoa eman genionean gu baino zoriontsuagorik egongo zenik Pirinioetan, eta gainera erabateko bakardadean geunden. Hainbat urtez zain egon ondoren, sentitzen genuen zoriontasuna izugarria zen, poza barrutik sortzen denean sentitzen den zorion horietakoa. Horrelako uneetan beti sentitzen naiz pertsona pribilejiatu bat. Ez zait jatekorik falta, ez zait urik falta, ez zait arroparik falta eta ez zait falta non bizi, eta hori gutxi balitz maitatua sentitzen naiz eta bizitzan senti daitekeen gauzarik handienetako bat sentitzen dut: maite ditudan pertsonek esaten didate nire maitasuna sentitzen dutela. Zer gehiago eska dezaket?
Biok gailurrean zorionez beteak.
Argazki batzuk egin ondoren, gailurreko harkaitzen artean kutxa metaliko batean gordeta dagoen koadernoa hartu eta irakurtzen hasi ginen. Zorionetik sortutako hitzez zipriztindutako orrialdeen artean, Josuk eta Isak idatzitako hitzei argazki bat egin nien, Josuri mandako laguntzagatik opari moduan bidaltzeko. Guk ere hitz batzuk utzi genituen idatzita, isilpean geratuko direnak beste kordada bat igo arte, jejeje.
Gailurrean dagoen koadernoan hitz batzuk idazten.
Koadernoa eta kutxa bere lekura itzuli eta hirugarren bilgunera iritsi ginenean, bi rappel behar izan genituen mundu horizontalera itzultzeko, lehenengoa bigarren bilguneraino eta bigarrena lurreraino, metalezko plaka handi baten ondoan.
Lehenengo rapelean.
Atentzioa deitu zidan bi rappeletan airean sokatik zintzilik geratzen zaren tarte bat dagoela, eskerrak “shunt” aparatua eraman nuen, sokatik bi eskuak segurtasunez askatzeko aukera ematen duena, erori gabe.
Bigarren rapelean. Argazkian rappela amaitzen den metalezko plaka handituta ikusi daiteke.
Barra energetikoetan oinarritutako hamaiketakoaren ondoren, gure asmoa igo ginen bide beretik jaistea zen, bidea ederra izateaz gain itzal asko zuela iruditu zitzaigulako. Jaitsiera irribarretsu hasi genuen, zorionez beteak, harro, argazkiak behin eta berriz eginez.
Zoriontsu, Capéran de Sesques atzean dugula.
Baina hartxingadia atzean utzi genuenean irribarrea bat batean ezabatu zitzaigun. Gure azpian, jaitsi nahi genuen bailaratik bi mastin zetozen zaunka bizian:
- Guauuuuu, guauuuuuu!!!!
- No jodassss!!!!
Geldirik geratu ginen mastinek zer egingo zain, inguruan ez baikenuen artalderik ikusi. Baina bi txakurrak guregana zetozen gelditu gabe, igoeran bezala, buztanak tente eta hortzak erakutsiz. Egoerak okerrera egin zezakeela ikusita, atzera egin eta mendian gora hasi ginen, Pic de Sesques mendiaren hegoaldeko hegalera. Mastinak, lasaitu beharrean, inguratzen hasi zitzaizkigun, bidea moztu nahi izango baligute bezala, muino baten atzean begi-bistatik galdu genituen arte.
Jaitsierako bidea baztertua, Pic des Sesques mendiaren hegoaldeko hegaletik jaisten hasi ginen, edozein unetan mastinak ezerezetik aterako ziren beldur. Gure azpian Cap de Guerren borda ikusi genuenean, jaitsiera gelditu genuen, eta, altuerarik galdu gabe, bordatik urrundu eta erdi erorita dagoen Callau bordarantz zuzendu ginen. Batera eta bestera begira gindoazen denbora guztian, GPSarekin bide zuzenetik jaisten ari ginela gutxi gora behera ziurtatzen genuen bitartean. Ardien zintzarriak entzuten genituen bakoitzean bihotzak bizkortzen zitzaizkigun, mastinak nondik agertuko ziren beldurrez.
Licoué bordara iritsi eta Pic de Sesques mendira doan ohiko bideari jarraitzen hasi genionean arnasa lasaiago hartzen hasi ginen. Eta igoerako bidera iritsi ginenerako lasaituta geunden, baina jaitsieraren hasierako irribarreak ezabatuta zeuden. Bidezidorretatik kanpo tarte asko egin ondoren, aparkalekura iritsi ginen, hankak sasi, asun eta garoek urratuta. Pena izan zen hain tarta gozoa jan ondoren azken zatia mingotsa izatea.
Aparkalekura iristen.
Sentimendu mingots horrek, egindako ibilbideak gauza positiboak negatiboak baino gehiago izan zituela ikusten hasi ginen arte iraun zigun: basoa ilunpean zeharkatzearen zirrara, Capéran de Sesques zerumugan ikusi genuen lehen aldi magikoa, eskaladaren bizipena eta gailurrean sentitu genuen zoriontasun sakona. Mastinekin bizitako esperientzia desatseginak ere gure mendi-esperientzia azaleratu zuen, aparkalekura inolako gorabeherarik gabe iristeko. Orduan konturatu ginen lekurik urrun eta ezkutuenean ere bizi daitekeela bizipenik sakonena. Eta orduan marraztu ziren berriro irribarreak gure aurpegietan.
Capéran des Sesquesi egin nion azken argazkia. Azkenekoa izango da?
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- 1547 OT, Ossau Vallée D'Aspe, Parc National des Pyrénées mapa. IGN, 2005.
- Sauvard R., Cazaurang-Butel R., Cazanave H., Despiau R. Ravier P., Ollivier R. et J., Vaillant Ph. Guide Ollivier, Pyrénées Occidentales II, Vallée d'Ossau D'Arudy à la frontiére espagnole, 171-176. Pau. Editions Cairn, 2007.
- De Bellefon P. Los Pirineos: las 100 mejores ascensiones, 188-189. Madrid. Ediciones Desnivel, 2006.
- Lévy A. Le dictionnaire des Pyrénées. Toulouse. Editions Privat, 2000.
- Capéran de Sesques : Tentatives et première Ascension par Maurice Heid, Bulletin Pyrénéen, 1924, n°169, p.205-217. Lehen igoera arteko saiakeren artikulua.
- Frances wikipédia. 2022/09-/24. Capéran de Sesques. Eskuragarri: https://fr.wikipedia.org/wiki/Cap%C3%A9ran_de_Sesques.
- Frances wikipédia. 2022/01/31. Pierre Bourdieu (berger). Eskuragarri: https://fr.wikipedia.org/wiki/Pierre_Bourdieu_(berger).
- Mendikat web orria. Capéran de Sesques (2410 m). 2020/01/24. Eskuragarri: https://www.mendikat.net/es/com/mount/3753.
- wikiloc web orria. ilargibetea. Capéran de Sesques. 2022/10/06. Eskuragarri: https://es.wikiloc.com/rutas-alpinismo/caperan-de-sesques-115492253.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina