Aspalditik genuen buruan Arrielgo ibonetara joan eta bertan vivac bat egiteko asmoa, edo gutxienez denda batean lo egitekoa.
Bi egunetarako plana minutuz-minutu prestatuta genuen: lehenengo egunean La Sarrako urtegitik atera Arrielgo ibonetara ailegatzeko, bertan Decathlonen erositako denda berria (bi pertsonentzako ultralight pro) jarri eta Balaitus mendira igo Diagonal Handitik. Bigarrengo egunean Cadier orratza igo mendebaldetik, eta hemendik Ekialdeko eta Erdialdeko Frondiella mendiak igoko genituen. Erdialdeko Frondiellan Frondiellen arteko arista utzi eta Mendebaldeko Frondiella igoko genuen bide normaletik, berriz ere gure "kanpo basera" itzuli, trasteak hartu eta La Sarrako urtegira bueltatzeko. Abentura hau aurrera ateratzeko Mitz (Iker-nire anaia-) eta Truji (bion lagun bat) animatu ginen.
Ordiziatik goizeko bostak aldera abiatu ginen, honetarako ohe ondoko alarma goizeko lau t'erdietan jarrita nuelarik. Beti bezela, goizeko pi-pi, pi-pi, pi-pi hori ez da oso gustoko izaten, ohearen epeltasunetik kalearen freskotasunera pasatzea gogorra izaten baita. Baina behin kotxean sartuta konturatzen zara barruan duzun urduritasun puntu hori zure bidaiakidek ere badutela eta horrek erabat animatu eta motibatzen zaitu aurretik duzun egun luze hori indarrez hartzeko.
La Sarra (1.430 metro) urtegira bederatziak aldera ailegatu ginen eta pixkanaka gorputza luzatu (bakarren batek kotxean lo eta guzti egin zuen) eta gauzak prestatzen hasi genituen. Abuztuaren 21a izateko fresko-fresko zegoen goiza eta hiruak forro polarrak jarri genituen ziztu bizian.
La Sarra urtegia: Mitz motxila prestatzen
Motxilak prestatu ondoren, atera aurreko amaiketakoaren ordua ailegatu zen eta euskaldun peto-petoen moduan hiruen artean Pottoka tabernak egiten dituen urdaiazpiko tortilla ogitarteko bat jan genuen irten aurretik, badaezpada "pajararik" ez hartzeko aitzakiarekin.
Honen ondoren, eguzkitako krema eman eta La Sarra agurtu genuen.
Mitz eta Truji La Sarra urtegiko irteeran.
La Sarratik Arrielgo ibonetara doan bideak ez dauka inongo misteriorik. Nik duela hiru urtetik ezagutzen nuen. Urte horretan Josukin Balaitus igo nuen Diagonal Handitik. Oso igoera berezia izan zen bertan Juanma eta bere semea Fermin eta Fermin eta bere semea Pablo ezagutu baikenituen Fermin (aitak) buruan jo zion harri batekin istripu larria izan ondoren. Baina istorio hau beste batean kontatuko dut (igoera honetako argazkiak digitalizatzen ditudanean).
Esan bezela, igoerak ez dauka inongo misteriorik. Dena den, hasieratik erritmo motela jartzea erabaki genuen La Sarratik Arriel goiko lakura ia 800 metroetako desnibela baitago, eta hemendik Balaitusera 924 metroetakoa. Honela, dena ondo joatekotan, lehenengo egunean 1724 metroetako desnibela egiteko asmoa genuen.
Ibilbide osoan Respomuso aterpera doan GR-11 bidea jarraitu behar da. Ibilbide hau oso ibilbide polita da, pixkanaka Respomuso urtegitik jaisten den Aguas Limpias erreka behean uzten baita Paso del Onso (1680 metro) puntu gorenera arte. Puntu hau oso ikusgarria da, bidea bertan estutzen baita eskuinean erreka arkaitzen artean oso behean gelditzen delarik.
Iker eta Truji Paso del Onso zeharkatzen.
Paso del Onsoren ondoren bidea eta erreka berriro ere elkartzen dira Llano Cheto (1670 metro) deitzen den lautatxo batean. Egia esan lautadatxo honek ez dauka orain arte egindako bidearekin zerikusi handirik, baina oinak lasaitzeko primerakoa dator.
Lehen esan bezela, bideak ez dauka inongo misteriorik, baina arreta jarri behar da ezkerrera doazen bi bidegurutzetan. Lehenengoa Arriel mendira doan bidegurutzea da. Bidegurutze hau Paso del Onso inguruan dago eta hemen mendizale asko nahasten dira Arriel mendia Arrielgo ibonekin nahasten baitute. Bidegurutze hau ez dugu hartu behar. Bigarren bidegurutzea pago handi baten ondoan dago eta hau da Arrielgo ibonetara doana, gainera karteltxo batek adierazten dugu Arrielgo ibonetarako bidea. Guk puntu honetan (1.700 metro inguru) ura edan, barritaren bat jan eta forro polarra, galtza luzeak eta beroa ematen duen edozer gauza kendu genuen dagoeneko izerditan baikeungen. Gainera hemendik gora hasten den malda (Arriel amildegia deritzona) potentea ahalik eta egoera onenean hartzeko prestatu beharra genuen.
iker Arrielgo ibonen bidegurutzean.
Arriel amildegiak bi gauza dauzka txarrak: alde batetik ez dago inongo itzalik, eta bestaldetik Piriniotan hain ugariak diren harrikada bat da, nahiz eta nahiko eroso igotzen den. Bizitzan gauza askorekin pasatzen den bezela, pazientziaz eta mantso-mantso hartu behar da, presarik gabe, ahalik eta gehien "disfrutatuz".Honela ba, xuabe-xuabe eta argazkiak ateratzeko gogorik gabe, malda bukatu eta ezkerraldera kurba bat egin ondoren lehen aldiz Balaitus eta Frondiellas mendiak ikusi genituen.
Arriel Beheko iboneko panoa: Ezkerretik hasita Balaitusetik Mendebaldeko Frondiellara
Hau ikusita, hiruok esaldi bera aipatu genuen: "merezi du goiz jaikitzea honelako paisaia ikusteko". Gainera, puntu honetan, gure bideak Respomuso aterpetik datorren bidearekin bat egiten du. 2170 metro inguruan gaude.
Hemendik aurrerako bidea gozamena da: lehenik Arriel beheko ibona (2170 metro) zeharkatzen da. Honetarako ibonaren hasieran dagoen zementuzko pareta ezkerretik eskuinera zeharkatzen da hemendik aurrera ibon osoa bere ezker ertzatik pasatzeko. Kuriosoa da ibon honen ertzean zenbat amuarrain ikusten diren (gure Josu hemen izango balitz, egingo luke saiakeraren bat). Arriel beheko ibona zeharkatu eta berehala Arriel erdialdeko ibona (2180 metro) daukagu: ibon hau ere ederra da eta bere eskuin ertzatik pasatzen da. Ibon honen ondoren Arriel goiko (2210 metro) ibonaren zementuzko paretarekin topo egingo dugu. Puntu honetan bi aukera daude: Zementuzko paretaren ezkerralderuntz doan bidea jarraitu (bide hau Palas nahiz Arriel mendiak igotzera doazenak jarraitzen dute), edota bide honi kasurik egin gabe hitoak segiz aurrera jarraitu (hemendik doazenak Balaitus, Wallon kresta, ibon chelau etab. Igotzera doazenak joaten dira). Gurk aurreraka joatea erabaki genuen ibon honen eskuin ertzan jarri nahi baikenuen gure kanpo basea. Baina ez genekiena zen ertza hau harri blokez josia dagoela hitoak jarraituz eskuinera gelditzen den mendixka bat ezik. Honela ba, harri blokeekin “borrokan” aritu ginen mendixka honetara igo eta gure bi dendatxoentzat leku bat topatu arte. Kanpo basea menditxoaren ia gainkaldean jarri genuen, lehen beste mendizale batzuentzat vivac lekua izan zen toki batean, Arriel goiko ibonari begira, iparraldera Palas mendia eta ekialdera Arriel mendia genuelarik. Hego mendebaldera Mendebaldeko Frondiellas mendia ere ikusten zen. 2220 metro ingurura jarri genuen kanpo basea.
Kanpo baseko bistak hegoaldera.
Ibon hau zoragarria da eta dendak jartzeko leku ugariak dauzka, baina gehienak bere ezkerreko ertzean (mendebaldekoan). Ura jasotzera Arriel goiko iboneko paretatik behera doan errekatxora joan ginen, eta bide hau egiterakoan konturatu ginen gure kanpo basera ailegatzeko bide errazago bat badagoela eta gure kanpo basea jartzeko leku hobeagoak ere badaudela (baina dagoeneko dendak kentzeko pereza handia genuen). Bide hau hartzeko Arriel erdialdeko ibona pasa eta gero, Arriel goiko ibonaren paretara igo behar da zuzenean honen eskuinaldera doan bidetxur batetik. Ia paletean gaudela bidetxurrak eskuinera jotzen du kanpo basea jarri genuen mendixka zeharkatuz alderik-alde.
Baina ura hartzetik bueltatu ginenean gure abenturaren lehen ezustea izan genuen: Ikerrek esan zigun erabat ahulduta eta nekatuta zegoela. Dirudienez, aurreko egunean afaldu ondoren botaka egin zuen eta gaur goizean ez zuen ezertxo ere gosaldu. Truji eta biok ondo hidratatzeko eta zerbait jateko esan genion (dagoeneko “bazkaltzeko ardua” genuen) indarrak berreskuratuko zituelakoan, baina nahiz eta egarria izan ez zuen jateko gogorik (barrita bat bakarrik jan zuen). Hau ikusita, ordu beteko epea eman genion gure buruari. Ordu batean Iker ez bazen errekuperatzen ez ginen Balaitusera igoko (edo denok igotzen gara edo ez da inor igotzen) eta eguna lasai errekuperatzeko erabiliko genuen. Ordu limite bezela arratsaldeko hiru t’erdiak jarri genuen.
Hiru t’erdiak baino lehen, Ikerrek esan zigun ez zela inora igoko, oso nekatuta baitzegoen. Orduan Trujik proposatu zuen Balaitus ez zen beste mendi bat elkarrekin igotzea (bi egunetako helbururik nagusiena Balaitus baitzen), eta pixka batean pentsatu ondoren, Mendebaldeko Frondiella igotzea erabaki genuen, zergaitik? Batetik Desnivel aldizkariak igoera erreza zela zioelako eta bestetik mendi hau igota etorkizun baterako Cadier orratzatik Erdialdeko Frondiella mendira doan arista utziko genuelako Erdialdeko eta Mendebaldeko Frondiellen arteko arista “teknikoa” egin gabe, era honetan inguruko hiru milako guztiak amaituz.
Honela ba, motxilak prestatu, Iker lo zakuan lo utzi, eta Mendebaldeko Frondiellaruntz abiatu ginen Truji eta biok. “Arratsaldeko zortzi t’erdiak inguruan bueltatuko gara” esan genion.
Ahalik eta zuzenen igotzeko apostua egin genuen (ia denbora osoan tontorra bistan baikenuen), berriro ere Arriel Erdialdeko ibonaren hasierara joateko gogorik ez baikenuen (Frondielletako bide logikoena Arriel erdialdeko eskuin ertzatik hartzen baita). Jaisteko, Wallon leporaino joango ginen, hemendik ibon chelau edo ibon izoztura jaisteko, eta hemendik gure kanpo basera.
Gogotsu ekin genion lehenengo maldei trepadatxoren bat eta zelai “korridore”ren bat eginez baina ez genuen ikusten tontorra hurbiltzen zenik. Ahatik, bazirudien etengabe distantzia berera geundela eta etengabe gure eskuinera begiratzen genuen ea Arriel erdialdeko ibonetik datorren bidea ikusten genuen bidearekin bat egiteko.
Honela begirada lurrean galdu eta burua altsatu gabe pausuz-pausu, mendiari metroak irabaziz, pixkanaka Arrielgo ibonak behean uzten joan ginen, gure otoitzei bakarren batek hito baten moduan erantzun zien arte. “Hito bat!!!!!!!!!” esan zuen Trujik. Bion zoriontasuna handia zen, dagoeneko Arriel erdialdeko lakutik datorren bidearekin topo egin genuen, eta hemendik aurrera hitoak jarraitzea besterik ez genuen mendia gainditzeko.
Hemendik aurrera onttoak biltzen direnen antzera aritu ginen: “hemen bat!!!”, “hemen beste bat!!!”, “han urrutian beste bat!!!”, hitoak gure “saskian” sartuz eta jolas honekin tontorraruntz hurbilduz. Jolas honetan ari ginela, bapatean hito baten atzetik, ihesi, zarata handia ateraz….. hegazti bat aidean altsatu zen. “Zer da hori?” galdetu zidan Trujik, “ideiarik ez” erantzun nion. Hegaztia, metro batzuk hegan egin ondoren, gu geunden lekutik 25 metro ingurura lurreratu zen arkaitz baten gainean, eta orduan ezagutu nuen: “Elurretako eper bat da!!!” ohiukatu nion Trujiri, emozioz beterik argazki kamera atera eta “tiro egiten” nion bitartean. Eperrak zeharka begiratu zigun eta pixkanaka oinez arkaitzen artean desagertu zen.
Erdiko "oilasko txuria" elurretako eper bat da.
Bisita honen ondoren gora begiratu eta tontorra nahiko gertu ikusi genuen, “Desnivel aldizkariak dioenez bideak glaziarra eskuinetik bordeatzen du gero berriro ere ezkerretara joateko, eta hemendik diagonalean eskuinera tontorreraino” esan nion Trujiri, “eta erdiko pitzadura hori?” galdetu zidan, “Desnivelak ez dio ezer inongo pitzaduraz” erantzun nion. “Dena den, hitoak jarraitzea besterik ez da izango” esan zidan Trujik. Honela, Trujik esan bezela, hitoak jarraitzen joan ginen eta Desnivelean deskribatzen den bezela, glaziarra eskuinetik bordeatu eta zeta bat egin genuen, lehenik ezkerraldera eta gero eskuinaldera……pitzadurarekin topo egin genuen arte. “Eta orain zer?” esan zuen Trujik, “ez dakit, ba” erantzun nion, “hitorik ikusten al dezu?” nik, “ez” Trujik. Desnivelak pitzadurarik aipatzen ez zuenez nik goraka “trepatzen” (momentu horretan trepatu eta eskalatzearen arteko muga zein zen ez nuen oso argi) hasi nintzen rapel bat egiteko zinta bat zuen arkaitz bloke batera ailegatu nintzen arte. “Hemendik gora gauzak ez ditut oso argi ikusten, marroi baten sartzen ez bagara!!!!!!!!” ohikatu nion Trujiri. “Hobe jaisten bazea, eta beste leku batetik igotzen saiatuko gea” esan zidan. Hala, igotakoa jaitsi eta berriz elkartu ginen. Orduan, Trujik pitzaduraren bestaldean, errepisa baten gainean, hito bat izan zitekena ikusi zuen, baina errepisa ailegatzeko pausua konplikatu xamarra zirudien, “horrek ez al du hito baten antzik?” Trujik, “ez dakit ba, baina hala dirudi” esan nion, “ea errepisara ailegatzen naizen eta bestaldean zer dagoen ikusten dudan” erantzun zidan. Horrela, motxila utzi eta errepisaruntz abiatu zen behean uzten zuen “patioari” kasurik egin gabe.
Truji errepisan pausu konplikatua aurrera ateratzen.
Errepisara ailegatu zenean “Hitoak, hitoak!!!!!!!!!!” oihukatzen hasi zen pozez zoratzen eta pausuan pasatako “estuasunak” ahaztuz. Hau entzunda, motxila utzi eta errepisaruntz abiatu nintzen. Egia esan ez da teknikoki pausu oso zaila, esku nahiz oinentzat helduleko onak dauzka, baina egunen zeharreko nekea eta azpiko “patioak” beste egoera batzuetako ziurtasuna utzi eta beldurrez ordezkatu zidan.
Hemendik aurrera pasaera bat dago eta honen ondoren ezkerretara korridore bat hasten da lehen tontor bateraino, hemendik errez tontorrera ailegatuz. Den dena, hitoen bidez dago markatua.
Tontorraren aurreko korridorean.
“Ostia puta!!!!!!!!!!!!!”, “Gora Euskadi!!!!!!!!!!!!!”, “Ahhhhhhhhhh”, etab, oihuen artean tontorrean elkar besarkatu eta tontorreko argazkiak atera genituen. Egia esan, tontorra oso txikia da eta ez gine ausartu biak batera argazki bat ateratzearekin. Lortu diagu!!!!!!!!! Mendebaldeko Frondiella (3006 metro) igo dugu!!!!!!!!!!!!!
Truji Mendebaldeko Frondiellaren tontorrean.
Smithy Mendebaldeko Frondiellaren tontorrean.
Hemengo bistak izugarriak dira: Ekialdera Midi D'Osau, Arriel, Palas..., iparraldera beste bi Frondiellak eta Balaitus eta mendebaldera Vignemale, Gran Facha, Respomusoko urtegia, Infiernok, Algas, Argualas, Garmo negro etab.
Tontorratik ekialdetik iparralderaino panoa: Miditik Balaitus eta Frondiellatara.
Tontorretik mendebaldeko panoa: Vignemaletik Garmo Negro eta Respomusora.
Ordu erdi baino gehiago tontorrean egin ondoren pixkanaka beruntz joan ginen, baina jaitsiera lasai, seguru eta azkar egin genuen errepisako pausua ere inongo zalantzarik gabe egin genuelarik. Pausu hau bete, motxilak pitzaduratik hartu eta berriz ere hitoak jarraituz urduritasunez bete gintuen menditik aldentzen joan ginen pozez zoratzen Wallon leporuntz.
Truji pozik tontorratik jaitsi ondoren.
Mendebaldeko Frondiella eta tontorreraino egin genuen bidea
Wallon lepora arteko bidea ez dauka inongo misteriorik, arkaitzak, arkaitzak eta arkaitzak, orain gainetik, orain azpitik, horrela etengabe Balaitus eta Frondiella mendien begiradapean, denbora osoan Wallon arista non hasten den bistatik kendu gabe.
Balaitus eta bere Diagonal Handia Wallon lepotik.
Honela, arkaitzekin borrokan aritu ondoren, Wallon lepora (2500 metro inguru) ailegatu ginen.Wallon lepotik dagoeneko ibon izoztua (2405 metro) ikusten da. Malda handi bat jaitsi ondoren ibon izoztua zeharkatzen duen bidearen kontrako ertzera jaitsi ginen ondo gindoazenaren ustetan, baina hemen ezusteko bat izan genuen: Ertz osoan zehar nebero bat zegoen eta gu kranpoiak kotxean utzita!!!!!!!!!!!!!!! “Irrist egiten badeu bainu ederra hartu behar deu” esan zidan Trujik, pixkanaka, harri batez lagunduta, neberoa zeharkatzeko “peldañoak” egiten zituen bitartean.
Azkenean, azken “estuasun” hau pasa ondoren Arriel goiko lakura jaitsi ginen eta hemendik harri blokeen laberintoaren artean berriro ere gure kanpo basera, bederatziak hogei gutxietan.
Ordurako Iker esnatuta zegoen, eta berak esan zigunez, nahiko ondo errekuperatuta. Albiste ona izan zen horrek Balaituseko saiakera egiteko aukerak handitzen baitzituen. Guk, bestalde, gure igoerarekin bonbardeatu genuen, harri blokeak, eperrak, pitzadurak, kristoneko pausu txarra etab guztiak aipatuz.
Denok lasaitu ginenean, berriro ere ur bila joan eta Pottokako beste ogitarteko bat gozo-gozo afaldu genuen, eta gauerako prestatu ginen, zeruan pixkanaka izarrak pizten hasi ziren bitartean.
Zerua piztu zen, erabat oskarbi baitzegoen, eta honekin batera Trujik eta Mitzek peta bat piztu zuten, nik izarren inguruan txapa sartu “hara, ipar-izarra, hara hartz handia etab”, Ikerren mobiletik musika entzuten genuen bitartean.
Mitz eskulanak egiten.
Honela, eta petaren azken kaladekin batera, gure Versalite zaku berreen epeltasunera sartu ginen hurrengo egunarekin amets gozoak egiteko.
Don't worry be happy.
Biharko plana? Goizeko sei t'erdi-zazpirak aldera esnatu, ondo gosaldu eta Balaitusaren Diagonal handitik gora tontorra irabazi......
Baina gauak oraindik ezusteko bat gordeta zeukan guretzat……………………………….
(abentura honen kontaketak hemen jarraitzen du)
AZKEN 10 SARRERAK
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina