AZKEN 10 SARRERAK

2020/08/24

MIDI D'OSSAU, GRAND PIC (2.884 m): "EKIALDEKO KONTRAHORMA", 500 m, AD/IV. 2020/08/06

Soum de Pombie lepotik Midi-ri egiten zaion argazki tipikoa.


Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

Gau lasai eta eroso baten ondoren, aparkalekua okupatzen zutenen artean lehenak izan ginen esnatzen. Furgonetaren sabai hedagarriaren leihoetatik tarteka sartzen zen haize freskoak giroa freskatu eta loaldia  sakonagoa izatera eraman zuen. Hala ere, esnatu nintzenean gorputzak atseden hartu bazuen ere burua erabat deskantsatu gabe nuela atzeman nuen, eta ez zen gutxiagorako, Midi-an bide luze bat eskalatuko genuen lehen aldiaren bezperan geunden eta.

Txokolatezko irabiatu batekin bustitako opil batzuk gosaldu ondoren, furgonetaren motorra piztu eta Portaleteko frantziar isurialdean dagoen aparkalekura zuzendu ginen. Gure helburua? Pic du Midi D’Ossauko ekialdeko kontrahorma eskalatzea.

Midi-ko eskalada zailtasunaren aldetik oso zorrotza izateagatik ezaguna bada ere, galtzeko arrisku handia dagoenaren ospea da beti errespetu handiena eman izan diguna. Asko dira "embarcada", "marronazo", "abandono", "perdedor" bezalako hitzak erabili dituzten blog eta kronikak, Midian bide zuzena eskalatu baino bide oker bat eskalatzeko aukera handiagoa dagoela sinestaraziz. Eta galtzeko arriskuari genion beldurra izan zen ekialdeko kontrahorma eskalatzeko erabakia hartzearen arrazoirik nagusiena. Bide honen zailtasun maila eskuragarriak eta historiak ere eragina izan zuten noski, Ravier-etako batek irekitako bide bat eskalatzeko aukera egunero ez dagoelako. Izan ere, ekialdeko kontrahorma P. Daudu, J. Fayet, R. Ollivier eta J. Ravier-ek 1957ko abenduaren 1an eskalatu zuten lehen aldiz.

Sarean eskalada honi buruzko informazio oso ezberdina topatu daiteke: IV+ zailtasuna duela esaten dutenetatik sokarik gabe eta korrika egiteko zapatilekin eskalatu zutenak esaten dutenak arte. Gure uste apalean, IV zailtasuneko bi pasagune eta beste guztia III/III+ zailtasun inguruan badago ere, soka eta autobabeserako materiala eramatea gomendatuko genuke. Katu oinak? Guk eraman genituen baina bidea eskalatu ondoren ez dugu uste ezinbestekoak direnik. Hala ere, beti esaten dudan moduan, bakoitzak erabakitzen du zein arrisku maila hartu nahi duen. 

Pombie aterpetik igo eta jaisteko jarraitu genuen bidea, gorriz eskalatzen igotzen den zatia.


Bidearen nondik norakoak jarraitzeko, kontsultatutako bibliografiaz aparte, Luichyren krokis zehatz eta ezaguna eraman genuen. Blog eta web orriei dagokionez, Mikelen "bergidak" blogeko kronika irakurritakoen artean baliagarriena dela iruditu zitzaigun. Bai Luichyren krokisa baita Mikelen artikulurako esteka ere "kronika idazteko kontsultatutako bibliografia eta web orriak" atalean estekan daude.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 500 metro.
- Luze kopurua: 8.
- Nork irekia: P. Daudu, J. Fayet, R. Ollivier eta J. Ravier-ek 1957ko abenduaren 1an.
- Zailtasuna: IV. Luzez-luze: 1ºL: IV (45 m), 2ºL: IV (50 m), 3ºL: III+ (55 m), 4ºL: III (60 m), 5ºL: III (60 m), 6ºL: IV (45 m), 7ºL: III+ (50 m) eta 8ºL: III (45 m). Zenbait luzeetan kontu handiz ibili beharko dugu, harriren bat botaz gero Midi-ra doan ohiko bidera erortzeko arrisku handia dagoelako.
- Orientazioa: Ekialdea. Goizetik eguzkiak ematen dionez, udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Pombie aterpearen kanpoko iturrian.
- Hurbilketa: Midi D'Ossaura doan ohiko bidea jarraituko dugu. Bidearen hasiera lehen tximiniaren 10-15 metro eskuinera dago, harkaitz-bloke handi batek osatzen duen erlaitz zabal eta handian. Aparkalekutik bi ordu eta laurden inguru.
- Jaitsiera: Midi D'Ossauko ohiko bidetik, bi ordu eta berrogeita bost minutuan kotxean izango gara. Denbora hau tximinietan dagoen mendizale kopuruaren arabera aldatu daiteke.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdineko 12 express zinta,  Totem jokua eta 3 zenbakiko Camalot-a (tarte askotan Alien moduko friend txikiren bat faltan bota genuen), artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta harkaitz-blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. 
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Hiru ordu eta hamar minutu.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue. Kontutan izan ibilbideak horman balio gutxi izan dezakeela, errore-marjina txikia izan arren eskalada batean 3-4 metroetako errore bat oso handia (eta arriskutsua) izan daitekeelako.


Powered by Wikiloc


BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak. Puntu zuriz oinez egindako tarteak baita Midira doan ohiko bidea ere, jaitsieran jarraitu genuena.


Krokisa zehatzago. Puntu zuriz erdi-oinez edo luzeetan jarraitu daitezkeen aukera errazagoak, Luichy-ren krokisean azaltzen direnak.


DESKRIBAPENA

Soum de Pombie lepora doan bidean zehar mendizaleen kopetako argiak barreiatuta zeuden, ipurtargien erritmorik gabeko dantza baten moduan. Begiratzen zuten lekuaren arabera, mendizaleen argien distira itsugarria izatetik desagertzeraino zihoan, mendi-magala argi ezberdinen ikuskizun bihurtuz.

Goizeko bostak eta erdi izan arren, aparkaleku eta mendian zegoen mendizaleen mugimenduak harritu gintuen, gure helburua eskalada Midi-ra joango ziren lehen mendizaleen aurretik hastea baitzen. Motxilak hartu, kopetako argiak piztu eta, beste argien artean nahastuz, martxan jarri ginen.

Midi-a lehendik ezagutzen genuen baita bide ezberdinetatik igo ere, hala nola bide normaletik, La Fourche korridoretik eta Peyreget gandorretik. Aspalditik eskalada kutsuko bide bat probatu nahi genuen, honegatik Soum de Pombie lepotik ekialdeko kontrahormak osatzen duen gandorra ikusi nuenean sabelean tximeletak eragin zizkidan.

Pombie aterpera iristen, Midi-ko eskuineko gandorra da ekialdeko kontrahormak osatzen duena.


Pombie aterpean eta honen inguruan sakabanatutako bibak-leku eta kanpin dendetan bizia sortzen hasia zen. Denden ate irekietatik lokartutako aurpegiak azaltzen ziren bitartean, bibak egindakoek lo-zaku eta esterak biltzen zituzten, egun berri bati hasiera emanez. Nylonezko babesleku koloredunen artetik pasatuz, atsedenik hartu gabe, Suzon lepora zuzendu ginen.

Kuriosoa da udako eguzkiak bazterrak zein azkar argitzen dituen. Suzon lepora iristerako Midi-ko ekialdeko horma osorik eguzkipean zegoen, pixkanaka murrituz zihoazen itzalekin kontraste ikusgarriak osatuz.

Mendizale bikote bat Suzon lepotik gora itzalaren eta argiaren arteko orekan. Atzean, Jean Santé orratza.


Suzon lepotik gora, ekialdeko kontrahorma ez da ekialdeko horman nabaritzen, horma honen handitasunean kamuflatuta geldituz. Metroak irabazten genituen heinean, 3D-ko marrazki ezkutuekin gertatzen den moduan, kontrahorma bereizten joan ginen, ezkutuan zegoen harkaitz pila izatetik hiru dimentsioetako triangelu bat izatera pasa zen arte.

Suzon lepotik gora. Ekialdeko kontrahorma pixkanaka agerian gelditzen.


- Dauneko lehenengo tximinin jendea dau - esan zidan Asierrek.
- Ea gutxiñez gure biden iñor eztaun - erantzun nion.

Lehenengo tximiniaren oinera iritsi gabe, honen ezkerrean dagoen kanal belartsura zuzendu ginen, Luichy-ren krokisaren lehen bilgunearen bila. Kontrahormaren eskalada hemen hasten bada ere, Luichy-k bertara beste luze bat eskalatuz iristeko aukera ematen du. Hasieran tentatuta izan ginen lehen luze hau ere eskalatzeko baina tximinian zegoen jende kopurua ikustean, bildu zitekeen jendetzaren beldurrez, ideia hau bertan behera utzi genuen. Ez genuen nahi nahigabe botatako harri batengatik ezbehar larri bat sortzerik eta honelakoetan jakina da zenbat eta pertsona gehiago aukera handiagoa dagoela ezbehar bat sortzeko.

Kanal belartsura zuzentzen. Eskuinean mendizaleak lehen tximiniaren leku ezberdinetan ikusi daitezke.


Kanal belartsuaren amaieran tximini itxurako hormatxo tente bat eskalatu behar da, azpitik dirudiena baino bertikalagoa dena. Hormatxoan helduleku oso onak dauden arren, bertan eguneko lehen beroaldia pasa genuen.

Hormatxoa eskalatzen.


Hormatxoa eskalatuta (III), harkaitz-bloke batzuen gainetik pasatu eta harkaitz-bloke erraldoi batek osatzen duen plataforma zabal batera iritsi ginen, eskalada hasten den lekura hain zuzen ere. Plataformaren eskuinean marrazo baten aletaren itxura duen harkaitz berezi bat dago eta, 6-8 metro eskuinerago, bide normaleko lehen tximinia.

Plataformaren gainean motxiletako materiala sakabanatu eta prestaketa lanekin hasi ginen: eguzkitako krema eman, arnesak jantzi, materiala ordenatu, kaskoa jantzi... Prestaketa lanetan ari ginela, mendizale batek baino gehiagok, non geunden ikusita, lehen tximiniaren lehen zatia eskalatu eta zuzenean gu geunden lekura zuzentzen hasi zen:

- La primera chimenea no va por aquí, tenéis que meteros por allí... - esan genion bati baino gehiagori tximiniaren erdiko zati mehartua seinalatuz.

Dena prest nuenean katu-oinak jantzi eta krokisari azken begiratua bota nion, paperean marraztutakoa hormara trasladatzeko asmoz.

- Ea ezteun harrik botatzen - esan nion Asierri eskalatzen hastearekin batera.

- Lehenengo luzea, 45 metro, IV. Plataformaren gainetik dagoen harkaitz-plaka etzana eskalatzen hasi nintzen. Lehen metroetan itsasgarritasunezko pasagune errazak baditu ere (II+), harkaitz-plaka eskalatzen nuen heinean tentetzen hasi zen horma bertikal batekin topo egin nuen arte (III):

- Eskubin belarrezko trabesi txiki bat dau errexa emateuna - esan nion Asierri hormaren azpitik -. Eztakit hortio eo hemendio zuzen jarraitu.
- Zuk ikusikozu - erantzun zidan.

Krokisean marraztutako bideak erlaitz belartsu hortatik jarraitzen du gainetik nuen horma eskuinetik saihestu eta, hormaren eskuinetik mantenduz, gora zuzen jarraitzen du harkaitz bloke ezberdin batzuk eskalatuz  (III+).

Gainetik nuen 2-3 metroetako horma eskalatzea erabaki nuen. Ahal izan nuen lekurik onenean artaka-trabagailu bat trabatu nuenean, helduleku ederretatik tira eginez hormatxoaren azpiko pasagune makurtua eskalatu nuen (IV). Pasagune makurtua eskalatuta, zertxobait igo eta eskuin aldera eskalatzen hasi nintzen bide normaleko lehen tximiniaren bertikalean kokatu nintzen arte.

"... lehen tximiniaren bertikalean kokatu nintzen arte". Puntu zuriz eskalatu nuen horma saihesteko jarraitu behar den bidea margotu dut, krokisean marraztuta dagoena hain zuzen ere.


Nire azpian, 10-12 metro beherago lehen tximinia eskalatzen ari ziren mendizaleek zur eta lur begiratzen ninduten. Mendizaleak non zeuden ikusi nituenean berehala ulertu nuen lehen luze honetan harri bat botatzeak duen arriskuaz: "hoixe behar det oain, harri bat bota ta gaurko egune bukatzea" pentsatu nuen.

Nire gainetik diedro motz bat nuen. Hirugarren saiakeran Totem bat trabatu ondoren (oraindik ez diet eskua hartu, jejeje), diedroa kontu handiz eskalatu nuen, harkaitz bakoitza eutsi aurretik sendoa zela egiaztatuz (IV). Diedroa eskalatuta, ezker aldera jo, hormaren ertzera igo eta bertan dagoen pinuaren enborraren inguruan lehen bilgunea muntatu nuen.

Lehen bilgunea muntatu genuen pinura iristen.


Lehen bilgunetik egindako argazki honetan Asier ikusi daiteke (eskuinean bakarrik), baita lehen tximinia eskalatzen ari ziren beste mendizaleak ere.


- Azpin jarrizun fisureroa soka jasotzen hasi zeanen atera da - esan zidan Asierrek bilgunera iritsi zenean.
- Ba eskerreak ez naizen eroi, jejeje.

- "Bigarren luzea", 90 metro, I/II. Krokisa kontsultatu ondoren, luze hau ensanble moduan eskalatzea erabaki genuen:

- Segundo junda soka bukatzeanen eskalatzen hasiko naiz - esan nion Asierri  -, zuk lasai jarraittu.

Asier pinuaren eskuinetik atera eta, harkaitz-bloke lau bat eskalatu ondoren, gandorraren ertzetik ahal izan zuen gehien mantenduz jarraitu zuen. Luze honen helburua 50 metro inguru gorago dagoen hormaren eskuin aldera iristea da eta gandorra ezkerrean utziz zuzenago eskalatzeko aukera badago ere, gandorraren ertzetik jarraitzeak beti du xarma berezia. 

Hormara iristen.


Soka amaitzear zegoela ikusi nuenean, bilgunea desmuntatu eta eskalatzen hasi nintzen. Hemendik aurrera, elkarrekin dantzan ariko bagina bezala, Asierrek markatzen zuen erritmoan eskalatu nuen, bera gelditzen zenean ni ere geldituz, bera martxan jartzen zenean ni ere martxan jarriz.

Gandorrean harkaitz-zubi batetik pasatako soka bat topatu genuen, bide zuzena jarraitzen ari ginearen seinale. Parean dagoen hormaren eskuinean belar eta harrizko kanal nabarmen bat dago eta honen eskuinean harkaitz erraldoi eta gorrixka bat. Kanal nabarmenera iritsi gabe, hormak eskuin aldean ezproi itxurakoa osatzen du, eskuinean eta ezkerrean tximini bana duena. Asier ezproiaren oinera zuzendu zen.

Ezproiaren oinean. Asierren eskuinean harkaitz erraldoi eta gorrixka ikusi daiteke baita, bere gainean, ezproiak sortzen duen gandorra ere.


Bietatik zein zen eskalatu beharra genuen tximinia?

- Hemen hito bat dau - esan zidan Asierrek ezkerreko tximiniaren oinera seinalatuz -, pentsatzet bidek hemendio jarraittukoula.

Krokisean marraztutako laugarren luzea ez zetorren bat ikusten ari ginenarekin:

- Hemen emateu tximini hau krokiseko ezkerrekoa emateula - esan nio Asierri.
- Bai, hala emateo - erantzun zidan -, hitoa hemen eotek moskeatzeit.

Ezkerreko tximiniaren oinean. Argazkian mugarria ikusi daiteke.


Azkenean krokisari baino mugarriari kasu egin eta ezkerreko tximinia eskalatuko genuela erabaki genuen. Tximini hau eskalatu eta gero konturatuko ginen krokisak adierazten duen tximinia eskuinekoa zela, kanaletik gertuen dagoena hain zuzen ere (III).

OHARRA: Bigarren luze hau hain "oso erraza" zela ikusita, krokisean luze bezala ez kontsideratzea erabaki genuen. Eginoko eskalada-bide askotan ere luzeen artean oinez edo eskalada txikiak eginez egiten diren tarteak ere ez dira luze bezala kontsideratzen. Honegatik, hurrengo luzeari "bigarren luzea" bezala ere izendatuko dut, krokisarekin bat joan dadin.

- Bigarren luzea, 50 metro, IV. Tximinian sartzeko harkaitz-bloke txikiz osatutako hormatxo erraz bat eskalatu zuen (II+/III). Hormatxoa eskalatuta, tximinian gora metroak arin baino zuhurtziaz irabazi zituen, helduleku sendoenak aurkituz, tximiniaren amaieran dagoen sabaiarekin topo egin zuen arte.

Asier batera eta bestera begira hasi zen, sabaia eskalatzeko aukera ezberdinak baloratuz. Azkenean, sabaia Totem batekin aseguratu ondoren, zuzen eskalatu zuen tximinia atzean utziz (IV).  

Sabaia eskalatzeko aukera ezberdinak baloratzen.


Tximinia eskalatuta, honen eskuineko ezproiaren ertzetik ahal izan zuen guztia eskalatzen jarraitu zuen, kanal belartsu batekin topo egin zuen arte (III).

Kanalean sartu eta bertatik metro batzuk eskalatu ondoren (II+), helduleku ederretako azken hormatxo bat eskalatu (III+)  eta gandorraren ertzean topatu zuen harkaitz-moko baten ingurutik uztai-zinta bat pasatuz bilgunea muntatu zuen.

Asierrek metroak eskalatzen zituen heinean, ensanblean eskalatzen atera beharko nuela pentsatu nuen. Denbora guztian zenbat soka falta den esatera ohituak, etxean ahaztuta gelditu ziren talkie-ak faltan bota nituen. Reverso-tik soka kendu eta eskalatzen hasi behar nintzen momentu berean "Reunión!!!" oihua entzun nuela iruditu zitzaidan. Badaezpada nengoen lekuan gelditu eta, soka arnesetik tiraka hasi zenean eskalatzen hasi nintzen.

Tximiniaren amaierako sabaiaren eskalada ongi jarritako IV zailtasunekoa iruditu zitzaidan. Ez zailtasunagatik bakarrik, pasagunearen gainetik aseguru bat jartzeko aukerarik ez zegoelako baizik.

Ezproiaren ertzean kanal belartsura (eskuinean ikusten dena) sartu aurretik. Asier bigarren bilgunean.


Ezproiaren eskuinean dagoen kanala ikusi nuenean, Asier eta bion susmoa bete eta kanal hau krokisaren laugarren luzean marraztutakoa zela baieztatu nuen. 

Kanal belartsuari goitik egindako argazkia.


- Krokisen azaltzean azpiko zatie terzerokoa dela jartzeo ta guk eskalau deuna hoi baño gehio zen - esan nion Asierri bilgunera iritsi nintzenean,
- Neire hala iruittu zait - esan zidan -, krokiseko largoa seguro horko kanal hortatio datorrela.
- Bai, nik ere hoixe pentsau det.

Jaitsieran egindako argazki honetan guk eskalatutako luzea gorriz eta krokisean azaltzen dena puntu zuriz marraztu ditut.


- Hirugarren luzea, 55 metro, III+. Laugarren luzeak, Suzon lepotik ikusgarri den harkaitz-plaka erraldoia eskuinetik inguratzen du, honen gainean bilgunea muntatuz. Bilgunetik gora harkaitz-bloke ezberdinak eskalatzen jarraitu nituen harkaitz-plaka erraldoiak azpian osatzen duen sabaira zuzenduz (III).

Sabaiaren azpian.


Sabaiaren azpitik bilgunera egindako argazkia.


Sabaia zuzenean eskalatzeko aukera badago ere, oraingoan krokisa zorrotz jarraitu eta bere eskuinetik eskalatzen jarraitu nuen, harkaitz-plaka erraldoiak eskuinean osatzen duen hormatik gertu mantenduz (III).

Sabaiaren eskuinetik eskalatzen diren lehen metroak.


Eskalada erraza iruditu zitzaidan, harkaitz-plaka etzanak tartenak harkaitz-bloke edo hormatxo batzuekin tartekatuta (III). Hormak pixkanaka ezkerrerako joera hartzen duenez, komeni da jartzen diren express-zintak luzeak izatea soken marruskadura ahalik eta gehien ekiditeko.

Harkaitz-plaka erraldoiaren "zeharkaldiaren" bigarren zatian. Saihesbidearen amaieran eskalatzen den hormatxoa ikusi daiteke.


Zeharkaldiaren amaieran 2-3 metroko hormatxo bat eskalatzen da eta bertara iritsi aurretik kordel bat duen iltze zahar bat dago, nik ikusi ez nuena.

Ikusi ez nuen iltze zaharra.


Hormatxoaren oinera iritsi, bertako harkaitzen sendotasuna ikusi eta seguruak zirela ikusi nuenean bitan pentsatu gabe eskalatu nuen (III+) luzearen zailtsun guztiekin amaituz.

Hormatxoa (III+) azpitik ikusita.


Zailtasunak amaituta, soka gutxi gelditzen zitzaidala jakinda, bilgunea muntatzeko leku baten bila hasi nintzen. Orain arte topatutako harkaitz onaren ordain bezala, inguruan nituen harkaitz-bloke gehienak ezegonkorrak zeuden eta harkaitz-blokeetako arrailetan ezin nituen artaka-trabagailuak trabatu eta txikiegiak ziren nituen Totem-entzat. Hau ikusita harkaitz-plaka erraldoiaren eskuin ertzetik eskalatzen jarrraitu nuen (II), harkaitz-moko nabarmen batean zinta-uztai bat pasatuz bilgune bat muntatzera lortu nuen arte.

Hormatxoaren gainetik bilgunera arte dagoen zatia. Tarte erraza da.


- Etzaizu iruitzen largo guztik errexak badiere aseguratzeko aukera haundik eztaula? - galdetu nion Asierri bilgunera iritsi zenean.
- Ba bai - erantzun zidan -, Alien-ak ekarri izan bagenittu igual hobe ibiliko ginen Totem-ekin baño.

Eskaladaren amaieran, tarteren batean baino gehiagoan Alien moduko friend txikiren bat hartu ez izana faltan bota izango genuen.

Asier hormatxoa eskalatu ondoren. Bere ezkerrean harkaitz-plaka erraldoia ikusi daiteke.


- Laugarren luzea, 60 metro, III. Asierrek bilgunetik harkaitz-plaka eta harkaitz-bloke ezberdinak zuzen eskalatuz jarraitu zuen goian ikusten den triangelu itxurako horma handi batera zuzenduz (III).

Luzearen lehen metroetan.


Luze hau eskalatzeko aukera ezberdinak dauden arren, Asier kontrahormaren ezker ertzetik ahalik eta gertuen mantentzen ahalegindu zen, luzeari metroak arin irabaziz. Konturatu nintzenerako, sokaren erdia adierazten duen arrastoa reversotik ziztu bizian pasa zen.

Luzearen erdian gutxi gora behera. Argazkiaren eskuinean seigarren luzean eskalatzen den harkaitz-plaka inklinatua ikusi daiteke.


Hirugarren bilgunea.


- Hemen soka bat jarrita dau - oihukatu zidan harkaitz bat seinalatuz.
- Bide onetio goatzen señaleeeee!!! - erantzun nion.

Soka jarrita zuen harkaitz-zubitik pixkanaka eskuin aldera hartu eta, orain arte bezala, harkaitz-bloke eta harkaitz-plaka ezberdinak eskalatuz triangelu itxurako horma handira zuzendu zen (III).

Sokadun harkaitz-zubia eta hemendik bilgunera (Asier ikusi daiteke) jarraitutako bidea. Asierren atzean triangelu itxurako horma handia ikusi daiteke.


Luzea erraza zela ikusita, soka amaitu bezain pronto eskalatzen hasi nintzen Asierrek bilgunea muntatu zuela esan zidan arte. Bilgunea, triangelu itxurako hormaren ezkerrean, arrail nabarmen bat duen harkaitz-plaka inklinatu handi baten azpian muntatu zuen.

Argazki honetan bilgunearen kokalekua hobe ikusi daiteke, baita, (Asierren bizkarrean) triangelu itxurako horma handia ere. Goian eskuinean seigarren luzean eskalatzen den harkaitz-plaka inklinatua.


- Pentsatzet krokisen azaltzean "techo triangular" delakoa goiko hoi izangoela, ez? - galdetu nion Asierri bilgunera iritsi nintzenean.
- Itxura guztie dauke bai - erantzun zidan soberan zuen materiala pasatuz.

Asier gainean ikusten den triangelu itxurako sabai bereziari begira.


- Bosgarren luzea, 60 metro, III. Poltsikotik krokisa atera eta kontsultatzen hasi nintzen:

- Esango nuke goiko tetxu hoi oain ezkerretio bordeau beharra daula.
- Bai hala emateo, ta repisa bat jarraituz goien ikuste zen plaka inklinatun ingurun bukatzea - erantzun zidan Asierrek bere krokisari begira.

Krokisa eskuan hurrengo luzearen nondik norakoak deskubritu nahian.


Krokisa poltsikora itzuli ondoren bilgunearen gainetik dagoen harkaitz-plaka nabarmenak ezkerrean duen arraila zuzen-zuzen eskalatzen hasi nintzen, gehienetan arrailaren ezkerreko harkaitz-blokeen gainetik mantenduz. Eskalada hau ez da zaila (III) baina ezkerrean dagoen amildegia handia da. Konturatu nintzenerako horma baten azpira iritsi nintzen, triangelu itxurako sabaiaren ezkerrean dagoena.

Hormaren eskuinean, hormak osatzen duen puntara zuzentzen zen erlaitz altu bat ikusi nuen, hormaren ezkerreab aldiz, amildegiaren gainean ezerezetik zintzilik egotearen itxura zuen harkaitz-bloke handiz osatutako erlaitz apurtu bat ikusi nituen:

- Eztakit eskubitio eo ezkerretio jarraittu - esan nion Asierri.
- Nik esango nuke ezkerretio dela - esan zidan krokisa kontsultatu ondoren.
- Krokisen luzea tetxu triangularren ezkerretio ta gañetio dijola emateu - erantzun nion -, ta tetxue dauneko eskubin dauket.
- Zuk ni baño hobe ikustezu - erantzun zidan -, baña nik ezkerretio dela esango nuke.

Inguruan begiratzen hasi eta Totem morea sendo trabatzeko arrail bertikal bat aurkitu nuen. Bertatik express-zinta eta soka pasa nuenean, aukeratzen nuen bidea aukeratuta ere aseguratuta egongo nintzela jakiteak lasaitu ninduen.

- A tomar por sako, ezkerretio nijo - bota nion azkenik, zeharkaldia asegurua gainetik izanda egingo nuela baloratu ondoren.

Zein bide hartuko nuen baloratzen. Azkenean gorriz marraztutakoa jarraitu nuen.


Laugarren bilgunea hormaren oinetik ikusita. Atzean, zeruertzaren nagusi, Palas eta Balaitus.


Horma ezkerretik kontu handiz inguratzen hasi nuen. Harkaitz-bloke bakoitzaren gainean jartzen nintzenean arnasari eusten nion, honela pisua arinduko banu bezala. Zeharkaldia ez da zaila baina bai oso ikusgarria, azpian dagoen amildegia handia baita (III). Zeharkaldiaren amaieran  dagoen hormara iritsi nintzenean eskuinera bota eta, harkaitz-bloke sendo baten ingurutik zinta-uztai bat pasatuz, zeharkaldiaren bigarren asegurua jarri nuen.

Zeharkaldiaren amaieran jarri nuen bigarren asegurua. Argazkian erlaitz belartsu nabarmena eta, nire gainean, seigarren luzean eskalatzen den harkaitz-plaka inklinatua (argazkian bertikala dirudi) ikusi daitezke.


Hemendik aurrera metro gutxi batzuetan eskuinerako noranzkoan eskalatzen jarraitu nuen (II), erlaitz belartsu eta nabarmen batera iritsi nintzenean oinez hasiz. Asier ensanblean eskalatzen hasi zela jakinda, erlaitzean ahal izan nuen lehen lekuan bilgunea muntatu nuen.

Asier zeharkaldiaren amaieran.


Seigarren luzean eskalatzen den harkaitz-plaka inklinatutik metro batzuetara geundela ikusita, bilgunea desmuntatu, soka bildu eta bilgune "berria"plakara igotzeko eskalatu behar den hormatxoaren azpian muntatu genuen:

- Eztakit zemuzkoa izangoen oaingo largoa baña azpitio behintzat espektakularra emateo - esan nion Asierri gainean genuen harkaitz-plaka inklinatua seinalatuz.
- Oaintxe ikusiko deu - erantzun zidan eskalatzen hasiz -, gutxiñez badakigu largo honek 45 metro bakarrik dittula.

Gure 50 metroetako soka baino gutxiagoko luzeak eskalatzeak lasaitzen gintuen, ensanblean eskalatuko ez genuelako.

- Seigarren luzea, 45 metro, IV. Bilgunetik gorako hormatxoa eskalatuz Asier harkaitz-plaka inklinatura igo (III+) eta bertako harkaitz-moko batetik zinta-uztai bat pasatu zuen.

Hemendik gora harkaitz-plaka inklinatua eskalatuz jarraitu zuen, erdian duen arrailetik metroak erraz irabaziz (IV).

Harkaitz-plakako arrailean artaka-trabagailu bat trabatzen.


- Zemuzkoa?
- Oaingoz errexa - erantzun zidan artaka-trabagailu bat trabatzen zuen bitartean.

Luzeko bigarren asegurua jarrita, harkaitz-plakaren azken metroak ere erraz eskalatu zituen, bere ertzera iritsi zen arte (IV).

Harkaitz-plakaren amaieran.


Harkaitz-plakaren amaieratik bilgunera egindako argazkia.


Elkarri argazki pare bat egin ondoren Asier begi bistatik galdu nuen.

Soka Reverso-tik nola pasatzen zen ikusten nuen bitartean, Asierrek ezkerrean zuen hormaren ondotik mantenduz eskalatzen jarritu zuen, harkaitz-bloke batzuk dituen tximini bertikal batera zuzenduz (II+). Harkaitz-blokeen sendotasuna egiaztatu ondoren tximini bertikala eragozpenik gabe eskalatu zuen (III+) honen gainean bilgunea muntatuz.

Harkaitz-blokeak dituen tximini bertikala harkaitz-plaka inklinatuaren irteeratik ikusita. Puntu gorriz, zazpigarren luzearen nondik norakoak.


- Ze luze earraaa!!! - bota nion harkaitz-plaka inklinatua eskalatu nuenean.

Gozatu ederra hartu nuen luze hau eskalatzen. Zailtasunaren aldetik zorrotza ez bada ere denetik duen luzea iruditu zitzaidan: plaka inklinatua, arraila eta amaitzeko, tximini bertikal bat.

Harkaitz-plaka inklinatuaren amaieran, azpian Moundelhs mendiak eta izen bereko gandorra.


- Oain emateo eskubiko tximini inklinatu hoi goraño eskalatzea izangoela - esan zidan Asierrek bilgunera iritsi nintzenean, eskuinean genuen tximini inklinatu bat seinalatuz.

Krokisa atera eta niri ere gauza bera iruditu zitzaidan.

- Igual tximinin hemendio sartu beharren diagonalen eskalatzen jarraittukoet gorago sartzeko - esan nion -, errexa emateo ta hola soken rozamenduere txikiago izangoa.

- Zazpigarren luzea, 50 metro, III+. Asierri esan nion moduan, eskuinerako noranzkoan diagonalean harkaitz-bloke ezberdinak eskalatzen jarraitu nuen eskuinean dagoen tximiniara iritsiz (III).

Tximinian. Puntu zuriz bilgunetik bertara iristeko bigarren aukera ikusi daiteke.


Tximinia ez da tximini estu eta nabarmen bat eta kanal bezala izendatzea ere ez legoke gaizki. Oso nabarmena ez bada ere, bertatik jarraitzea erraza da eta, nire ustez behintzat, galtzeko arriskurik ez dauka.

Seigarren bilgunea tximiniaren lehen metroetatik ikusita.


Tximinia pixkanaka eskalatzen hasi nintzen, tarteka topatzen nituen hormatxo motzak harririk ez botatzeko zuhurtziaz eskalatuz (III).

Hormatxoetako bat eskalatu ondoren.


Metroak gelditu gabe eskalatzen jarraitu nuen tximiniaren amaierara iritsi nintzen arte. Tarte guzti honetan, hirugarren luzean gertatu zitzaidan moduan, friend txikiak faltan bota nituen eta, eskalada erraza bada ere, metro asko eskalatu behar izan nituen segururik jarri gabe.

Tximiniaren amaieran dagoen horma bertikala ikusi nuenean orain arteko eskalada jarraitua gelditu nuen. Hormaren oinera hurbildu gabe, honen eskuinetik erraz saihestu zitekeela iruditu zitzaidan. Bitan pentsatu gabe harkaitz-plaka tente bat eskalatu eta, azpitik zirudiena baino gehiago kosta zitzaidan ageriko zeharkaldi bat ezkerrera eginez, hormaren gainetan kokatu nintzen (III+). Hemendik gora, harri ezegonkorrez estalitako metro etzan batzuk eskalatuz (II+), erlaitz belartsu handi eta horizontal batera iritsi nintzen:

Erlaitz belartsutik behera egindako argazkia


- Bost metro eskas gelditzeie!! - oihukatu zidan Asierrek bilgunetik.
- OK!! - erantzun nion -, saiauko naiz hemen ingurun reunioa montatzen!!.

Erlaitz belartsuaren ezkerrera jo eta, eskalatutako tximiniaren ezkerrean dagoen monolitoaren puntaren eskuinean dagoen gandorreko harkaitz-bloke handietako batetik zinta-uztai handi bat pasatuz, bilgunea muntatu nuen.

"OK!! saiauko naiz hemen ingurun reunioa montatzen!!"


Asierrek metroak arin irabazi zituen tximiniaren amaieran dagoen hormaren azpira iritsi zen arte:

- Nik eskubitio ebitau det, baña pasito expuesto xamarra dauke - esan nion bilgunetik.
- Soka gañetio eukita zuzen emangoiot - erantzun zidan.

Asier tximiniaren amaierako hormaren oinean.


Horma aitaren batean eskalatu zuen:

- La ostia, errex eskalauzu.
- Azpitio emateuna baño errexagoa da - erantzun zidan -, III+ eo izangou gehienez.
- Joer, ba nik indeten zeharkaldirire III+ emango nioke - erantzun nion -, jakin izan banu pareta zuzen eskalauko nun, jejeje.

Zazpigarren bilgunea. Puntu gorriz zortzigarren luzearen lehen metroak.


Soka askatu eta, erlaitz belartsua oinez zeharkatuz, zortzigarren luzea non hasten zen begiratzen hasi ginen. Erlaitza ia alderik-alde zeharkatu ondoren, gainetik dagoen horma eskalatzeko errazen ikusi genuen lekuaren azpian zazpigarren "bis" bilgunea muntatu genuen, zazpigarren bilgunea muntatu genuen lekutik 8-10 metro eskuinera gutxi gora behera.

- Azkeneko luzea, ez? - bota nion Asierri eskalatzen hasi aurretik.
- Bai, azkenekoa - erantzun zidan -, ea zemuzkoa den.

- Zortzigarren luzea, 45 metro, III. Ideia bat egiteko, zazpigarren "bis" bilgunea gutxi gora behera erlaitzaren erdian muntatu genuen, gainetik dagoen hormaren gainean dagoen harkaitz-bloke berezi baten azpian.

Asier hormaren pasagunerik errazenak bilatuz eskalatzen hasi zen, hormaren goiko ertzeko harkaitz-bloke berezira zuzenduz (III).

Zortzigarren luzearen lehen metroetan, gainean harkaitz-bloke berezia ikusi daiteke.


Harkaitz-bloke berezira ezkerretik igotzearekin batera (III) hormak osatzen duen gandorraren ertzera igo zen. Hemendik aurrera gandorraren ertzetik ahal izan zuen denbora gehienean mantenduz metroak arin irabazi zituen (II/II+) kontrahormaren punturik altuenera iritsi zen arte.

Harkaitz-bloke bereziaren gainean. Hemendik aurrera gandorraren ertzetik mantenduko ginen.


Harkaitz-bloke bereziaren gainetik bilgunera egindako argazkia.


Kontrahormako puntan, uztaidun iltze zahar bat eta bi spit-ez osatuta dagoen bilgunean (edo rappel puntuan) bilgunea muntatu zuen.

Azken bilgunea, bide osoan muntatuta dagoen bilgune bakarra.


Irakurrita banuen ere, ez nuen imajinatzen kontrahormaren eskalada Midira doan bide normaletik hain gertu amaitzen zenik:

- Hara, hortxe hirugarren tximinin bukaerako gurutzea dau - bota nion Asierri bere atzean nabarmen ikusten zen gurutzea seinalatuz.

Asierren atzean mendizale talde batek zur eta lur gelditu ziren guri begira. Hauen argazki kamera eta telefonoen "klik-klik-klik" hotsen artean bilgunera iritsi nintzen. Kontrahorma eskalatzen hasi ginenetik hiru ordu eta hamar minutu pasa ziren, aurrikusita genuen denboraren barruan.

Azken bilgunean, Midira doan bide normaletik gertu. Atzean, karratu zuriaren barruan, hirugarren tximiniako gurutzea ikusi daiteke.


- Joer, publiko ta guzti deu - esan nion Asierri bilgunera iritsitakoan.
- Eztie lehenengok beida geldittu dienak, jejeje.

Elkarri bostekoa eman ondoren, gogoz jotzen hasitako eguzkitik eta mendizaleen ikusmiratik ihes egiteko asmotan, bilgunetik rappel-a muntatu eta ahal izan genuen azkarren kontrahormako punta utzi genuen.

Rappelean.


12-15 metroko rappel-aren ondoren, kontrahormaren puntak osatzen duen itzalaren babesean eguneko lehen atseden "luzea" hartu genuen:

- Midiko lehena poltsikora!!!! - bota nion.
- Bai, baneuken gogoa bia hau eskalatzeko - erantzun zidan -, ta asko gustau zait.

Eguzkia itzala jaten hasi zenean martxan jarri ginen. Rappel-aren amaieratik horizontalean mugarriez adierazitako bidexka bat 25-30 metro jarraituta hirugarren tximiniaren gurutzera iristeko aukera izan arren, Midi-ko gailurrera igotzea erabaki genuen.

Ekialdeko kontrahormaren gailurra eta rappel puntua Midi-ra doan bide normaletik ikusita.


Bide normalarekin bat egin genuenean, maldan gora hastearekin batera arnasketaren abiadura ziztu bizian jarri zitzaigun, hauspoak gorputzak zituen oxigeno beharrak asetzerik izango ez balu bezala.

- Ostia "buff-buff", hauspoa "buff-buff", nola jarrien "buff-buff" - bota nion hala-nola Asierri.
- Neire hala jarri zait "buff-buff" - erantzun zidan.

Abiadura eramangarriagoa bat hartuz, poliki baina gelditu gabe, mendizalez beteta zegoen Midi-ko gailurrera iritsi ginen.

Midi-ko gailurrean zoriontsu.


Elkarri bigarrenez bostekoa eman, gailurretik argazki batzuk egin eta, ia atsedenik hartu gabe, jendetzatik ihesi, beherako bidea hartu genuen.

Palas, Balaitus, Cadier orratza, Frondiellak eta, hauen aurrean erdi ezkutatuta Arriel. Eskuineko piramidea Gran Facha da.


Hirugarren tximiniaren gaineko gurutzean makuluak motxiletan sartu eta lehenengo tximiniaren oinera arte ez genituen berriro ere atera.

Hirugarren tximiniko gurutzera iristen.


Mendian zegoen jendetzaz gain, kaskorik gabeko pertsonak eta mendian gutxi ibilitako itxura zutenak ikusteak harritu gintuen, eta tximinietan zer aurkituko genuenaren kezkarekin jaitsi ginen. Hala ere, jaitsiera uste genuena baino lasaiagoa izan zen eta lehenengo tximinia jaisteko itxaron behar izan genuen ordu laurdena izan zen gauza aipagarri bakarra. Tximini guztiak atzean utzita, harkaitz baten gainean kaskoak kendu, eguzkitako txapelak jantzi eta, berriro ere makuluak eskuetan, maldan behera arin hasi ginen.

Pombie-ren inguruan zegoen jendetzak aho zabalik utzi gintuen. Aterpearen pareko aintziraren ertza inguruko zelaietako belarraren gainean toallak utzitako bainulariek hartuta zuten eta han-hemenka lurrean sakabanatuta mendizale taldeak eserita zeuden. Ez dakit koronabirusak eragina izan duen baina aurten mendia jendez gainezka dago.

Ez ginen denbora luzean gelditu. Pombie-ren kanpoko iturrian zintzurrak gogotik freskatu eta izerdiaz bustitako motxila astunak berriro ere sorbaldetatik zintzilikatu genituenean berriro ere martxan jarri ginen eguzkiak errukirik gabe jotzen zuen momentuan aparkalekura iristeko.

Pombie-ren kanpoko iturria.


Aparkalekuan bostekoa hirugarrenez eman genuen:

- Oain bai!!!!!!

Hamaika orduko ibilbidearen ondoren nekea zoriontasunaren parekoa zen. Ekialdeko kontrahormaren eskalada asko gustatu zitzaigun, mendizalez gainezka egon daitekeen bide normalaren alternatiba elegantea. Aitzaki bat bilatzekotan, jarraitutasun gehiago espero nuen eskaladan, baina hala ere sarrera ederra da Midi-ko eskaladaren gelan sartzeko. Bide "erraza", ekipatu gabea eta krokisa ongi irakurtzera eramango gaituena. Eta gainera ezin ahaztu Ravier sinadura duela, jejeje.

Gomendagarria ehuneko ehunean!!!!

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Valle de Tena mapa. Editorial alpina, 2016.
- Institut Geographique National, 1547 OT Carte de Randonnée. Ossau, Vallée D'Aspe, Parc National des Pyrénées.
- Sauvard R., Cazaurang-Bute R., Baup M., Cazanave H. Ollivier R. eta J., Despiau R., Vaillant Ph., Ravier P. Guide Ollivier, Pyrénées Occidentales II. Vallée d'Ossau, d'Arudy à la frontière espagnole, 238. Pau. Editions Cairn, 2007.
- Munsch R., Ravier C., Thivel R. Roca, nieve y hielo en Pirineos, 80. Madrid. Desnivel Ediciones, 2001.
- Buxó X,. Alfonso L. La Vallée D'Ossau, 336. Supercrack Edicions, scp, 2009.
- La noche del loro bloga. 2014/11/10. Midi D'Ossau - Contrefort orientaux. Eskuragarri: http://luichy-lanochedelloro2.blogspot.com/2014/11/midi-dossau-contrefort-orientaux.html
- Bergidak bloga. 2017/06/19. Contrafuerte oriental bidea; AD (565 m) - Pic Midi D'Ossau (2884 m). Eskuragarri: https://bergidak.wordpress.com/2017/06/19/contrafuerte-oriental-bidea-ad-565m-pic-midi-dossau-2884m/https://bergidak.wordpress.com/2017/06/19/contrafuerte-oriental-bidea-ad-565m-pic-midi-dossau-2884m/ 
- Smithyren bloga. 2009/08/06. Midi D'Ossau, Grand Pic (2884 metro) 09/07/31. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2009/08/midi-dossau-2884-metro-090731.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina