AZKEN 10 SARRERAK

2010/08/27

PETIT PIMENÉ (2667 metro) ETA PIMENÉ (2801 metro) 10/08/05

SARRERA

Abuztuak 4ean Sarradets aterpetik Col de Tentes-era itzuli ginen, kotxea Gavarnien utzi eta Espuguettes aterpera igotzeko. Gure asmoa? Abuztuak 5ean Astazou mendiak igotzea.

Sarradets aterpeko gure "suite"-a.


Sarradets aterpeari azken agurra Sarradets lepotik. Argazkian Gavarnie Zirkoa eta hau babesten duten mendiak bere osotasunean.


Taillón, bere behatza eta bere glaziarra leku beretik.


Taillonen glaziarretik jaisten den errekatxoa gurutzatu ondoren. Ezkerrean Col de Tentes ikusi daiteke Vignemale-ren azpian.


Hau da hau erromeria!!!


Dagoeneko Bujaruelo portura doan errepidetik behera Col de Tentes-era ailegatzen.


Col de Tentes-tik gozatu daitezken bistak: Gabietoak, Taillón, Marboré Kaskoa, Sarradets mendia, Ur Jauziaren tontorrak, Marboré, Astazouak.


Hasiera batean gure asmoa Petit Astazou-a iparmendebaldeko aristatik igotzea zen hemendik Grand Astazou-ra pasatzeko, baina ekaina nahiz uztailean eginiko test batzuen ondorioz pentsatu genuen oraindik motelegi gabiltzala arista abiaduraz egiteko. Arista baztertuta, bigarren aukera Les Rochers Blancs bidea jarraituz Astazou-en lepora ailegatzearena zen, hemendik bi Astazouak igo eta Tucarroyatik bueltatzeko. Baina Astazouen lepora doan pasabidean elurra zegoela iruditu zitzaigun Sarradets-en izan ginenean eta ez genuen pasabidea oso argi ikusten. Tucarroyatik joan eta etortzea hasieratik deskartatu egin genuen ibilbidearen luzera dela eta. Gure azken aukera Petit Pimené eta Pimené mendiak igotzea izango zen definitiboki Astazouetara igoko ez bagina.

Gure zalantzak ikusita, badaezpada, eta beharbada gure etorkizuna iragarri nahian, Josu eta Iker mendi-zapatilekin igo ziren aterpera kotxean botak utzita.

Gavarnie herrian (1365 metro) kotxea utzi ondoren (“Parking” deituriko zelai batean kotxea edozein moduan uzteagatik 4 euro kobratu ziguten) Espuguettes aterperuntz abiatu ginen Gavarnie-ko zirkora zihoan jendetzaren artean.

Gavarnie herria zeharkatzen. Parean bi Astazouak eta Swan korridorea.


Espuguettes aterpera igotzeko hasiera batean Gavarnie (1365 metro) herritik bertako zirkora doan bidea hartu behar da. Azkeneko etxeak atzean uzten direnean errekaren gainetik zubi bat topatuko dugu ezkerrera bihurgune bat eginez. Zubia zeharkatu eta errekaren ezker aldetik (igoeraren norantzan) joango gara 10 minutu inguru Espuguettes aterperako bidea markatzen duen poste bat topatuko dugun arte. Hemendik gora, pago artean lehenik eta pinu artean ondoren, bide bat hartuko dugu. Gu igo ginenean eguzkiatk ederki berotzen zituen bazterrak: ”eskertzen da itzala” esan zuen Josuk izerdi tanten artean.

Gavarnie herria utzi ondoren paraje zoragarri hau ikusi daiteke: Gavarnieko ur jauzia.


Gertuago...


Behin Espuguettes aterpera doan bidea hartu ondoren...


...Gavarnie herria behean utziz.


Pinudia bukatzen den puntura ailegatzen. Parean Astazouak.


Behin pinudia bukatzen den puntutik gertu "Hostellerie du Cirque"-ra doan bidegurutze bat topatuko dugu, baina guk bidegurutze honetatik ezkerrera hartuko dugu, parez-pare bi Astazouak eta haien arteko Swan korridorea topatuko dugularik. ”Hau inpresionantea da” Ikerrek, ”hau da parajea” Josuk. "Honea negun bueltatu beharren gare" nik.

Pinudia amaitzear, dagoeneko Astazouak eta Swan korridorea ikusi daitezke...


...eta Espuguettes aterpea. Horra goaz!!!


Pinudia bukatzen den puntu berean zelai batera irtengo gara bertan bidegurutze bat dagoelarik. Bidegurutze honetan hegoaldera hartuz gero Pailla etxolara (1800 metro) ailegatuko gara aurrera jarraituz gero aldiz, goian ikusten den Espuguettes aterpera (2030 metro) ailegatuko garelarik (Gavarnie herritik gutxi gora behera bi ordu) malda elegante bat igo ondoren.

Iker eta Josu pinudia amaitu ondoren. Ezkerrean Pailla etxolara doan bidexka nondik doan somatu daiteke.


Pailla etxolara doan bidegurutzean. Ezkerrean Espuguettes eta parean Pailla etxola. Tarteaan Rouge de Pailla eta Astazou mendiak.


Bistak izugarriak dira: Astazou mendiak, Marboré Dorrea eta Kaskoa, Taillón eta Mendebaldeko Gabietoa.


Azken maldatxoa...


Espuguettes aterpea oso ongi dago eta gu izan ginenean obretan ari ziren, ez dakigu berritzen edo aterpea handitzen. Ez genituen dutxarik topatu (kanpoan modulu batean bat zegoen baina obretako langileena zen) baina oso erosoa eta batez ere oso garbia iruditu zitzaigun. Gainera aterpe hau kokatua dagoen tokia izugarria da: Astazouen magalean Gavarnie zirkoa babesten duten tontorrak, Vignemale, Pimené etab ikusi daitezke.

Aterpearen atea ondoan dagoen kartela.


Aterpera ailegatu eta berehala guardei Les Rochers Blancs pasabidetik doan bidea nola zegoen galdetu genien. Hauek elurrik ez duela esan ondoren berriro ere zalantza piztu zitzaigun Astazouetara igotzeko. “Bihar eiten dun eguraldiaren arabera erabakiko deu nundik jun, konforme?” esan zuen Josuk “Oso ondo” guk.

Honela, arratsalde osoan eguzkia eta garagardoren bat hartzen eta argazkiak ateratzen aritu ginen.

Iker eguzkia hartzen. Atzean Astazouak.


Aterpearen kanpotik dauden bistak.


Zeri begira ari dira bi hauek?


"Swan korridore hori aurtengo negutik ez da pasatzen..."


"...eta Petit Astazouren ipar-mendebaldeko arista egunen baten..."


Espuguettes aterpea paraje ezin hobean dago kokaturik.


Atzean Vignemale eta behean eskuinean Grande de Holle aterpea.


Josu pentsakor...


Rouge de Pailla eta bi Astazouak Espuguettes aterpearen zaindari.


DESKRIBAPENA

Goizeko 6:30tan esnatu ginen zazpietan gosaltzeko asmoarekin. Jeiki ginenean: “Ostia, eurie ari do” anaiak, “bai zea, bromatan ari zea” esan genion.
Aterpearen sarrerara hurbildu eta dena laino tartean eta ederki bustitzen zuen txirimiri bat zegoela ikusi genuen.

“Eta oain zer?” Josuk “argi dau, Pimenea igo beharko deu”, nik. “Egualdi honekin?” anaiak. “Bueno, gauza bat eingo deu. Eguerdiako ez badu argitzen trasteak hartu eta etxera, bestela, goruntz jungo gea” proposatu nien. “Ondo da” biek.

Goizean eguraldiarekin batera Josu eta Iker eraldatu egin ziren, Iker zinta gorriduna da, Josu ordea, pentsakor dago (je,je,je,je...).


Goizeko 10:00etan, eguzkiak atera nahi zuela eta hodeien artean urdinguneren bat irekitzen ari zela ikusirik, Pimené-runtz abiatzea pentsatu genuen. Ibilaldi honetan aterpean afarian ezagutu genuen Getariako mendizale batek lagunduko gintuen.
Anjel, erreportai hau irakurtzen baduzu, eskuminak. Bere emaztea azkenean ez zen animatu.

...baina goizeko hamarretan dena erabat aldatu zen.


Espuguetttes aterpea, 2030 metro, goizeko 10:15ak. Motxiletan behar genuena soilik hartuta Pimené mendirantz abiatu ginen.

Josu eta Anjel Espuguettes utzi ondoren.


Bideak ez dauka galtzeko arriskurik. Espuguettes aterpetik gora Hourquettes d’Alans lepora doan bidea hartu behar da (Tucarroya aterpera ere doana).

Bideak hasieran Horquettes d'Alans leporuntz doa.


2260 metro inguruan bide honek eskuinera bihurgune bat hartzen du Hourquettes d’Alans aldera (bihurgune honetan indikazio poste bat dago). Guk bidea bihurgunetik jarraitu beharrean, ezkerrreko bidea hartu beharra daukagu iparralderuntz. Hemendik aurrera jarraitutako bide zabala bidexka bat bihurtzen da eta bidexka honek Pimené lepora eramango gaitu, bihurgunez jositako malda potente bat igo ondoren.

Hourquettes d'Alans lepora eta Barrage des Gloriettes-erako bidea markatzen duen postearen bidegurutzean.


Bidegurutzea pasa ondoren, dagoeneko Espuguettes nahiko behean utzi dugu.


Atzera begirada. Rouge de Pailla eta Astazouak, Hourquettes d'Alans eta bertara doan bidea ikusi daitezke.


Pimené lepoa, 2470 metro, goizeko 11:10ak. Hemen merezitako deskantsu bat eta zerbait jan eta edan ondoren, Petit Pimené mendiruntz abiatu ginen. Hasiera batean lepotik Petit Pimené-ra doan igoera arista jarraitzea besterik ez da, bideak batzuetan mendebaldeko aurpegira jotzen duelarik. Dena den, Petit Pimené mendira doan maldatxoa ere pazientziz hartzea komeni da hauspoa gehiegi ez berotzeko.

Pimené lepoa, 2470 metro. Petit Astazouaren gainetik Marboré mendiaren gailur elurtsua ikusten hasi da.


Petit Pimené, 2667 metro, goizeko 11:30ak. Gailurrean indarrak berreskuratu eta gailur argazkia atera ondoren, eta batez ere ikusita Pimené mendira eramango gaituen malda, poliki-poliki bere gailurreruntz abiatu ginen.

Petit Pimené, 2667 metro, denon argazkia, atzean Pimené.



Hiru mosketeroak. Atzean Pimené-ra doan bidea garbi ikusi daiteke.


Petit Pimené eta Pimené mendien arteko bideak ere ez dauka zailtasunik. Lehenik bi mendien arteko lepora ailegatu behar da, eta gero, hitoz eta lurrean eginiko margo markez josia dagoen bidea jarraitu. Bide honek, aristatik gertu eramango gaitu Pimené mendiaren gailurrera inongo zailtasunik gabe.

Pimené-ra daraman maldan gora. Margo markak ikusi daitezke.


Aupa Anjel!!! Atzean Petit Pimené.


Josu azken esfortzua egiten.


Pimené, 2801 metro, eguerdiko 12:00ak. Entzunda genuen (Javik eta Lekuk esanda) mendi hau atalaia elegantea dela inguruko mendien bistaz gozatzeko, baina dituen bistekin txundituta gelditu ginen: Monte Perdido, Zilindroa, Astazouak, Gavarnie zirkoaren gaineko tontorrak, Vignemale, La Munia etab luze bat. “Bua, hau inpresionantea da” Ikerrek, “Dudaik ez euki” Josuk.

Anjel, Josu eta Iker Pimené mendiaren gailurrean...


...eta bi anaiak!!!!


Hasiera batean Monte Perdidoren ipar aurpegia hodeiez estalita zegoen, dena den hodeiak noiz garbitu zain gelditu ginen. Bitartean Angelek beherako bidea hartzen zuela esan zigun “…lasai, bidean harrapatuko nauzue eta” batekin agurtu zelarik. Denbora hau ere etxera deitzeko aprobetsatu nuen Itziri dena ondo zihoala esateko.

Behin Perdidoren ipar aurpegia agertu zenean argazki kamera atera eta inguru guztiak “ametrallatzen” hasi nintzen ordu erdiz baino gehiago. Pena iparralderuntz ez zirela hodeiak joan, baina tira, ederki hasetu ginen.

Hegoalderako bistak zoragarriak dira, eta Ordesa gaineko nahiz Gavarnie gaineko mendirik esanguratsuenak ikusi daitezke.


Monte Perdidoren ipar aurpegia. Piriniotako nire lehen negu bidea izan zen.


Honela, kamera ederki berotu ondoren, arratsaldeko 12:45tan beheranzko bidea hartu genuen.

Pimené-ren gailurra utzi ondoren.


Ezin argazkiak ateratzeari utzi...


Jaisteko Pimené mendira bakarrik doan bidea hartu genuen. Bide honek Petit Pimené mendia ekiditen du bere ekialdetik eta nahiko azkar itzultzen da Pimené lepora. Angelek igoerako bidea aukeratu zuenez, Pimené lepoan harrapatu genuen hemendik aurrera denak batera jaitsi ginelarik mendi kontu kontari.

Pimené-tik jaisten, azpian Petit Pimené ikusi daiteke. Jaitsierako bidea bere ezkerretik doa bere atzean ikusten den Pimené leporaino.


Pimené lepoa atzean utzi ondoren.


Josu, Astazouen zaindari.


Goizean utzitako bidegurutzera ailegatzen.


13:45tarako Espuguettes aterpera ailegatu, kontua ordaindu, takiletan utzitako trasteak jaso eta Anjel agurtu ondoren, beheranzko bidea hartu genuen Gavarnien kotxea hartu eta berriro etxera itzultzeko, beti bezela, etxera ailegatu aurretik, gure “pekatutxoa” betez (hanburgesa zikin bat jatea).

Espuguettes aterpea utzi ondoren.


Agur Espuguettes, agur Pailla etxola.


Berriro pinudira ailegatzen, parean Marboré Dorrea, Kaskoa, Taillón eta Mendebaldeko Gabietoa.


Agur Rouge de Pailla eta Astazouak


Beheranzko bidean. Marboré Dorrea, Kaskoa, Taillón eta Mendebaldeko Gabietoa ikusi daitezke etengabe. Behean Gavarnie Zirkora doan bidea.


Gavarniera ailegatzen


Agur Gavarnieko ur jauzia!!!


EGINIKO PROFILA