AZKEN 10 SARRERAK

2011/02/19

ANBOTOtik ALLUITZera doan KRESTERIOA 2011/02/06

2008 urtean Josu, Andoitz eta hiruok Anbotora hurbildu ginen bertatik Alluitz mendiraino doan kresterioa egiteko asmoarekin. Anboto mendian sarri ibiltzen diren mendizaleek gomendatzen duten eguraldirik onena topatu genuen: behe-laino eta tarteka txirimiria, harkaitz bustia eta haizea (je, je, je). Ahal izan genuen moduan kresterioa egin genuen, Larranora doan tartean galduta ere ibili ginelarik. Infernuko zubia ere azpitik pasa genuen ahal izan genuen moduan eta destreperen batean behar baino izerdi gehiago bota genuen. Ezin izan genuen ez bistaz ezta aristaz gozatu "arista hau egualdi onakin izugarrie izan beharra dauke" behin eta berriz esanez etxera joan ginelarik.

Hiru urte beranduago, eta eguraldi paregabea (oraingoan bai) iragarria zegoela ikusirik, Josuri kresterio hau errepikatzea proposatu nion, bere erantzun bakarra "OK" izan zelarik.

Honela, kotxea hartu eta gure oinarrizko kanpoa Atxarten ezarri genuen. Eguna lasai hartuko genuela adostu genuen: lasai-lasai Anbotora igo, gailurrean bazkaldu eta bazkaldu ondoren, eguzkiaz eta bistaz gozatuz, xuabe-xuabe kresterioa eginez bueltatu.

Atxartetik Anbotorako bidea nondik nora doan ikusteko hemen klikatu.

Kresterioak ez dauka zailtasun berezirik, eta dituen guztiak ekidin daitezke. Guk kresterio osoa hertzatik aldendu gabe egitea proposatu genuen, eta bidea honela eginda kontu izateko lau puntu topatu genituen: Larrano punteara eramango gaituen trepadatxoa, Urkulu kanalera eta Infernuko zubira eramango gaituzten destrepeak eta Infernuko zubi bera. Komenigarria da eguraldi onarekin eta arkaitza lehor dagoela egitea, bestela oso arriskutsu bihurtu daiteke.

Kresterioa egiterakoan hainbat gailur igoko ditugu:

- Saitzen puntie (1257 m.)
- Elgoin (1245 m.)
- Kurutzeta (1202 m.)
- Larrano puntea (981 m.)
- Gaintza (1018 m.)
- Zorrotza (1011 m.)
- Larrano Urkulu puntea (1012 m.)
- Alluitz (1034 m.)

DESKRIBAPENA

Anbotoko gailurrean lasai eta ondo bazkaldu ondoren (Josuk makarroi eta guzti eraman zuen), kresterioa egiteko prestatu ginen.

Anbotoko gailurretik egiteko duguna.


"Ay la ostia hau da jende pila!!!" esan zidan Josuk kresteriotik jaisten hasi zenean, "joe baietz, gero gu Txindokira juten den jendetzakin kejatzen ibiltzen gea"

Kresterioaren lehen metroetan. Mendizale "erromeria" ikusi daiteke.


Atzera begirada. "Beste bat arte, Anboto!!!"


Anbotora doan bidetik aldendu eta berehala bakarrik gelditu ginen kresterioan. Egia esan Anbotoko igoeran bakarren batek pasatzen ari zen estuasunak asko harritu ninduen. "Mendin hala izaten da, batzuntzat errexa dana beste batzuntzat zaile izaten da" esan zidan Josuk.

Josu Anbotora doan jendetzari begira.


Guk gurera. Jendetza atzean utzi ondoren, Saitzeko punteara doan lehen trepadatxoa gainditu genuen, eta konturatzerako bertako gailurrera ailegatu ginen.

Josu Saitzeko punteako gailurrera eramango gaituen lehen trepadatxoan.


Saitzen punteara hurbiltzen...


...atzera begirada...


Ia konturatu gabe (ez genuen gailur argazkirik atera ere egin) Saitzeko puntea atzean utzi genuen, Elgoin mendiaren gailurrera zuzen-zuzen joan ginelarik.

Josu Elgoin mendiruntz (bukaeran ikusten den mendia).


Ordu erdi eskas ibili ondoren Elgoin mendiaren gailurrera ailegatu ginen.

Elgoin, 1245 m.


Atzera begirada Elgoin gailurretik.


Hurrengo helburua? Kurutzeta mendia. Elgoin menditik Kurutzetara doan kresterio zatia zabala da eta ez dauka inongo zailtasunik. 10 minutu eskasetan Kurutzetara ailegatu ginen.

Elgoin atzean utzi ondoren Kurutzeta parean dugula.


Kurutzeta, 1202 m. Mendizale talde bat zegoela ikusirik (bastoiak ez dira gureak) ia gelditu gabe aurrera jarraitu genuen.


Kurutzeta atzean utzi ondoren kresterioak bihurgune antzeko bat egiten du eta bihurgune honen ondoren Kresterioa desagertzen da Larranora eramango gaituen zelai zabal batean bihurtzen delarik.

Josu berriro kresteriora igotzeko zai. Kresterioaren lehen zatia non amaitzen den ikusi daiteke, baita azpian Larrano ere.


Anbototik irten eta ordubete eskasean Larranora ailegatu ginen.

Larranon.


Larranoko estalpea. Han goitik gatoz.


Larranotik Alluitzera doan kresterioan zailtasun guztiak topatuko ditugu.

Lehen zailtasuna Larranoko punteara doan trepadatxoa da. Trepada hau mendia inguratuz ekidin daiteke, baina esan bezela, guk hertzatik ez genuen atera nahi eta estuasun pixkat pasa ondoren, Larranoko puntearen gailurrean azaldu ginen.

Larranoko puntea, 981 metro.


Larranoko puntea atzean utzi ondoren, hurrengo gailurra Gaintza mendiarena da. Gailur honetan mendizale batzuk zeudenez, gailur argazkirik atera gabe aurrera jarraitu genuen.

Josu Gaintza mendiruntz. Gailurrean mendizaleak ikusi daitezke.


Gaintza atzean utzi eta berehala destrepatxo interesgarri bezain erraz bat topatuko dugu.

Josu destrepean.


Destrepea pasa ondoren datorren beste trepada bat. Trepada hau eskuinetik doan zelaitik ekidin daiteke.


Trepada atzean utzi ondoren atzera begirada.


Zorrotza mendiaren gailurrera doan bidegurutzera ailegatu ginenean gailurra ez zapaltzea erabaki genuen duela hiru urte igo genuen eta (joan eta etorria 5-10 minutuko gauza da).

Bidegurutzean zerbait edan eta jan ondoren Larrano Urkulu puntiaruntz abiatu ginen. Gailur hau atzean utzi ondoren, kresterioaren bigarren zailtasuna topatuko dugu: II+ mailako destrepe delikatua, azpian dagoen patioa handia baita. Destrepe honen ondoren Urkulu kanalera ailegatuko gara.

Larrano Urkulu puntie eta honen destrepea Urkulu kanalaren amaieran dagoen gurutzetik.


Urkulu kanalaren amaiera.


Urkulu kanalatik gora doan trepada ere nahi dugun adina konplikatu dezakegu, baina gehien ibilitako bidea jarraituz gero trepada gozo bat topatuko dugu.

Josu Urkulutik gora. Larrano Urkulu puntietik behera mendizale batzuk ikusi daitezke.


Patioa eta giroa paregabeak dira.


Honela, Anbototik atera eta ordu eta hiru laurdenera, hirugarren eta laugarren zailtasunetara ailegatu ginen: Infernuko zubira daraman destrepea eta Infernuko zubia.

Nire puntu indartsuena ez da destrepatzea eta Infernuko zubira doan destrepean agerian gelditu zen. Destrepea berez ez da maila altukoa (II+) baina daukan patioa eta leku batzuetan arkaitza pulitua dagoela kontutan izanda, nahi baino izerdi gehiago botarazi zidan.

Infernuko zubira doan destrepea Infernuko zubia atzean utzi ondoren.


Eta destrepearen ondoren, inguru hauetan fama handiena duen eta laugarren zailtasuna den pausura ailegatu ginen: Infernuko Zubia. Pausuak ez dauka zailtasunik baina daukan patioa izugarria da eta "fede pausu" bat bezela hartu nuen. Josuk di-da batean, bi pausutan pasa zuen, ni ordea pausuaren hasieran arnasa sakon hartu eta bi edo hirutan pentsatu ondoren pasatu nuen "Tomaaaa!!!!!!" oihua bota nuelarik Josuren harridurarako. "Ba hainbestekoa ere ez da ba" esan zidan. "Gure Josu, hau da hau artista" pentsatu nuen.

Infernuko zubia gurutzatu ondoren.


Atzera begirada, Anbototik Infernuko Zubira doan bidea ikusi daiteke.


Azken trepadatxo baten ondoren, berriro kresteriora atera ginen Alluitzera doazen azken metroak burutzeko asmoarekin.

Josu eta gure gaurko azken gailurra: Alluitz.


Infernuko zubia itzal eta eguzkiaren mugan Alluitzetik.


Infernuko zubia gertuago...


...eta Anbototik Alluitzera doan kresterio osoa.


Anbotik atera eta bi ordu eskasera Alluitz mendiaren gailurrera ailegatu ginen.

Durangaldea Alluitz menditik.


Alluitz, 1034 metro.


"Eta orain zer?" Josuk. "Ba Andoitzekin etorri ginenen hemendik behera bidea jarraituz jaitsi ginen" Esan nion. "Eta kresterioa jarraitzen badeu?" Esan zidan aurretik zihoazen bi mendizaleei seinalatuz. "Proba dezakegu ea zemuz" esan nion.

Honela, kresterioa utzi gabe aurrera jarraitu genuen.

Kresterioa utzi gabe aurrera jarraitu genuen...


...eta garai ederrean hartu genuen bide hau. Kresterioa jarraitu eta jarraitu eta momentu batean aurrera joan ezinik gelditu ginen gure oinen azpian izugarrizko paretak azaldu ziren eta. "Eta orain zer?" galdetu nion Josuri "Ez al da hobe izango berriro gailurrera itzultzea?". "Ea hemendik jaixtea badagoen" esan zidan Josuk gure eskuinera (beheko norantzan) irekitzen zen belar kanal bat seinalatuz. Honela kanalatik behera abiatu ginen kanalaren amaieran 3-4 metroetako pareta batera ailegatu ginen arte. Pareta honetan nahi baino denbora, izerdi, tentsio eta beldur gehiago pasa ondoren, Larranotik gora doan harrikara batera atera ginen.

Kresteriotik jaisteko jarraitu genuen zelai kanala.


Pasatako tentsiotik berreskuratu ondoren, harrikaratik behera Artolara abiatu ginen.

Harrikaratik behera, belarra ikusten genuen bakoitzean itsu moduan bertara joaten ginen...


...baina gehienetan harrikaratik ezin izan genuen ihesi egin Artolara karearen eraginez zapatillak zuri-zuri genituela ailegatu ginelarik.


Azkenean, Alluitzetik atera ginenetik ia ordubetera Artolara ailegatu ginen.

Jaisteko erabili genuen "bidea" Artolatik ikusita.


Artolako indikazio postea.


Eta Artolan ur tragoxka bat edan ondoren berriro ere Atxartera ordu erdi eskasean itzuli ginen dagoeneko bide "normal" batetik.

Josu Atartetik Anbotora doan bidearen Larranoko bidegurutzera ailegatzen.


Gaurko ibilbidea kotxetik. Beste bat arte!!!!




2 iruzkin:

  1. Politta! Euskal-Herrian dugun kresterio ederrenetakoa da dudarik gabe. Eguna eta argazkiak oso polittak! Segi gogor!

    ErantzunEzabatu
  2. Milesker Giroa!!!

    Arista ederra da dudarik gabe, baina goierritarrentzat Txindokikoa bezelakorik ez dago (je, je, je). Ondo izan.

    ErantzunEzabatu