AZKEN 10 SARRERAK

2011/02/23

PALOMARES (1442 m), MENDEBALDEKO ARISTATIK

Baziren urte batzuk arista hau begi artean genuela, baina ez genuen denborarik hartzen bertara hurbiltzeko. Behin baino gehiagotan internet-en honen inguruko erreportaiak irakurrita genituen eta zenbat eta erreportai gehiago irakurri are eta gose gehiago sartzen zitzaigun bertara hurbiltzeko.

Otsailak 19-20ko astebururako erdipurdiko eguraldia iragarrita zegoela, Josu eta Asierrrek larunbatean lana egiten zuela eta Piriniotara joateko planik ez zegoela kontutan izanda, Iker, Josu, Asier eta lauok aristara honetara joateko plana egin genuen.

GURE BIDEA

Gure helburua Palomares mendia bere mendebaldeko aristatik igotzea zen. Abiapuntua Pipaon herriaren kanpoan dagoen langa baten ondoran egin genuen.

Pipaon herrira ailegatzeko honako bidea jarraitu genuen: N-1 errepidea hartu genuen Gasteizko bidean. Gasteiz atzean utzi ondoren, La Puebla de Arganzon eta Treviño herrietara doan 334 irteera hartuko dugu. Irteera honen ondoren errotonda batera ailegatuko gara eta hemen ezkerrera doan irteera hartuko dugu Treviño herrira ailegatzeko (BU-744). Treviño herria atzean utzi ondoren Gasteiz aldera jarraitu beharko dugu Ventas de Armentia herrian dagoen bidegurutzerarte. Bidegurutze honetan eskuinera hartuko dugu A-2124 errepidea jarraituz Peñacerrada herrirarte. Herri honen irteeran A-2124 errepidea utzi eta Lagran herrira doan A-3130 errepidea hartuko dugu. Lagran herrira ailegatu baino lehen Pipaon herrira doan bidegurutzea hartuko dugu.

Pipaon herrira ailegatzen garenean, bertara sartu eta eskuinean plaza txiki bat eta parean eliza ikusiko dugu. Elizaren ondoan ezkerraldera doan bidea hartuko dugu herriaren amaierarte. Amaieran eskuinaldera diagonalean doan pista hartuko dugu (herriko hilerrira doana) eta honen amaierarte jarraituko dugu. Bertan langa bat eta kotxe pare bat uzteko lekua topatuko dugu.

ERAMANDAKO MATERIALA

Bi bikoteentzat: 70 metroetako bi soka, dozena erdi bat express, fisurero joku erdia, Link Cam gorri eta horia, luzera ezberdinetako bagak eta kaskoa. Eramandako guzti honetatik erabilitakoa: lau express, baga pare bat, Link Cam gorria eta fisurero bat.

DESKRIBAPENA

08:44. Kotxea utzitako langa. Traste guztiak motxilan sartu eta motxilak jarri ondoren, langa zeharkatu eta bideari ekin genion. Hotza majoa topatu genuen: -4 Cº eta aristan arkaitza nola topatuko genuenaren zalantza sortu zitzaigun.

Irteeran dagoen langa zeharkatu aurretik.


Bideak GR-1 bidea jarraitzen du. Hasiera batean ezpel baso baten erdian doa basoen argiune bat arte. Argiune honetan ehiza postu batzuk eta aristaren lehen ikuspegia izango dugu.

Ezpelen artean.


Ezpel basoaren ondorengo argiunean. Arista ikusi daiteke, baita lurrean zegoen izoztea ere.


Argiune honen ondoren izugarrizko pagadi batean sartuko gara, bertan bigarren langa bat topatuko dugularik.

Pagadian dagoen langara ailegatzen.


Guk GR-1 bidea jarraituko dugu etengabe.


GR-1 bidea jarraituz eta ordu erdi eskas ibili ondoren bidegurutze bat markatzen duen poste batera ailegatuko gara: Aurrera jarraituz gero Recilla eta Cervera mendietara eta eskuinera hartuz gero Lagran herrira. Recilla eta Cervera doan bidea jarraiutko dugu.

Pagadiaren erdian topatuko dugun bidegurutzea.


Bidegurutze honetatik gora bidea dexente hestutzen da, baina galtzeko zailtasunik ez dauka, oso bide zapaldua baita. Bide honetatik gora Recilla eta Cervera mendietara eramango gaituen lepo batera joango gara.



09:30. Recilla mendira doan lepoa. Kotxetik abiatu eta hiru ordu laurdenetara lepora ailegatu ginen.

Asier eta Iker lepoan. Eskuinean San Lorenzo mendia elurtuta ikusi daiteke.


Lepo honetan bi aukera ditugu: Recilla mendia igo eta hemendik aurrera arista hartu Palomares mendirarte, edo Recilla mendia inguratu eta arista mendi honen ondoren hartzea. Interneten ikusitako erreportai gehienetan Recillatik behera doan arista interes handirik ez duela irakurri genuenez, bigarren aukera hartu genuen.

Asier Recilla mendia inguratzen aristaren azken metroak agerian daudela.
<

Recilla inguratzen duen bidexkak ez dauka galtzeko arriskurik baina oteaz eta sastrakez josia dago gure hanken kaltetarako. Ez dut jakin ere egin nahi bide hau galtza motzekin egitea zer izango den. Etorkizunerako, gure materialaren barnean katiuska batzuk eraman beharko ditugu je, je, je. Recilla mendia inguratu ondoren, mendi hau eta aristaren hasieraren artean dagoen lepora igo ginen.

Oterik ez dagoen puntu garbi bakarrean. Parean, arista bere osotasunean.


Leporuntz... oteaz kokoteraino bukatu genuen.


Recilla mendia eta gu goazen lepoa.


10:00. Aristaren hasiera. Gutxi gora behera ordu eta laurden ibili ondoren, aristaren hasierara ailegatu ginen. Bertan, motxilak kendu, zertxobait edan eta arnesa eta kaskoa jarri genuen aristaren lehen metroak errazak zirela ikusiz.

Arnesa jartzen.


Aristaren lehen metroekin batera gure lehen zalantzak hasi ziren arkaitzaren gainean izotz geruza fin bat baitzegoen: "oinek ez diate inongo konfiantzarik ematen" esan zuen Josuk. "Ea goikaldea zemuz dagoen, ez dakit ba" Asierrek. "Goiko pausuetan zalantzaik badeu, ahal deun lekun errapelatu eta etxera bueltauko gea" esan nien.

Aristaren lehen metroetan.


Lehen metroetatik aristak bere xarma dauka, pena izotzarena. Udan inongo eragozpenik gabe arkaitzetik arkaitzera saltoka pasa daitezken lekuetatik bi edo hiru aldiz pentsatu ondoren eta eskuak erabiliz pasa genituen.

Izotza ahal bezela ekiditen


Atzera begirada Recilla mendia ikusi daiteke.


Esan bezela, hasieratik pausuak dibertigarriak dira.


Aristaz gozatzen ari ginela, lehen pausu "interesgarrira" ailegatu ginen: X teknika erabilita igo genuen III graduko tximinia bat. Arkaitzaren egoera nolakoa zen kontutan izanda, nahiko erraz igo genuen. Pena pausu honen argazkirik ez izatea.

Pausu honen ondoren, berriro aristaren gainera igo ginen. Hemen topatuko dugu bigarren pausu interesgarria: III + gradua ematen dioten trabesia bat. Trabesia honen aurretik sokak eta eskaladako trasteak ateratzea erabaki genuen. Hemendik aurrera bi kordada egingo genitue: Iker eta Asier batetik eta Josu eta ni bestetik. Trabesia hau arkaitzaren paretan dagoen zulo handi bat zeharkatuz egiten da. Guk zuloaren azpitik, paretaren iparraldetik pasa genuen, baina paretaren hegoaldetik eta zuloaren gainetik ere pasa daiteke (guk izotza zela eta ez genuen oso garbi ikusi). Trabesian zehar bi iltze daude jarriak pausua aseguratzeko. Guk trabesiaren sarreran friend bat jarri genuen. Hotzagatik edo, pausu hau aristan egin genuen pausurik zailena iruditu zitzaidan eta nahi baino tentsio gehiago pasa nuen. Beste hirurak erraz egin zuten.

Trabesiaren aurretik materiala guztia prestatzen.


Josu trabesiaren hasieran lehen iltzea txapatzear.


Asier trabesia burutu ondoren, Iker atzean bere txandaren zai.


Iker trabesia hiru argazkietan pasatzen:

Bat (lehenengo expresa berreskuratzen)...


...bi (bigarren expresa berreskuratzen)...


...eta hiru.


Trabesia honen ondoren ensanblean jarraitzea erabaki genuen nozik eta behin seguruen bat jarriz. Ensanblean eginiko zati guztia oso dibertigarria iruditu zitzaigun, nahiz eta gero Ikerrek bukaeran aitortu zati honetan ez zela batere eroso ibili. Gainera dagoeneko arkaitza lehorra topatu genuen gure gozagarrirako.

Aurretik duguna.


Laurok batera kresteatzen.


Zati batzuk benetan ederrak dira.


Josuk benetan gozatu zuen. Honelako terrenoetan Sarrioen modura ibiltzen da.


Recilla mendia dagoeneko atzean gelditzen da.


Leku gehienetan "patioa" ikusgarria da.


Eta honela, ensanblean, jarraitu genuen bost bat metro izango dituen ebaki batera ailegatu ginen arte. Ebaki honen gainean bi iltze jarrita daude bi kordinoekin rapel bat jartzeko, baina errapela jarri beharrean paretatxo hau destrepatzea erabaki genuen. Paretatxo honen maila III gradukoa izango da.

Destrepatzeko zai. Josu dagoeneko destrepatzen ari da.


Asier destrepearen mugimendurik ikusgarrienean.


Iker destrepearen hasieran...


...eta amaieran.


Hemendik aurrera, aurretik genuen pasabidea aristaren IV graduko pasabide famatua zelakoan luzea aseguratzea pentsatu genuen. Gero ikusiko genuen luze hau ensanblean ere egiterik badagoela, honen amaieran baitaude pausu famatu hauek. Luzearen amaieran, hurrengo III+ maila duen pausu erdi-extraplomatua babesteko dagoen iltze bat eta zuhaixka bat aprobetsatuz bilera jarri genuen.

Asier aristaren zati honi egurra emanez, bukaeran III+ graduko paretatxo erdi-extraplomatua ikusi daiteke.


Pasabidea gertuago... III+ graduko pausua hobe nabarituko daiteke.


Pasabidearen hasieran iparraldera panoa. Aizkorri eta Txindoki ere ikusi daitezke.


Pasabidearen zatirik tentenean behera begirada...


...eta puntu beretik bilerara argazkia.


Pasabidearen amaieran, hau da gozamena!!!!!


Pasabidearen ondoren, eta aipatu bezela, hurrengo erronka III+ graduko 4 metro inguruko paretatxoa igotzearena izan zen. Pareta zuzen hartzen da eta egia esan, dirudiena baina errazagoa. Asier abiatu zen lehengoz eta "hemen eskalatu behar da!!!!" oihukatu zigun pausua atera ondoren.

Pausu honen ondoren arista zati bat 15 bat metroetan egin eta arista osoaren pausurik zailenara ailegatu ginen: IV graduko 15 bat mmetroetako paretatxoa. Paretatxo hau Asierri gehien kostatu zitzaion zatia izan zen, guk ordea, uste baino errezago egin genuen.

Asier azken zatiarekin borrokan...


...eta bere amaieran.


Orain Ikerren txanda Josuren begiradapean...


Josu dagoeneko Ikerren parean bilerara ailegatzen.


IV mailako pausuaren argazkia: hasiera soka doan lekutik ezkerrera hartu nuen gero eskuin diagonalean doan pitzadura zabalera ateratzeko. Amaitzeko goraino doan pitzadura finetik jarraitu behar da. Zati honek helduleko oso onak dauzka denbora osoan oin eta eskuetarako.


Pausu honen ondoren arista berriro ere interesgarri jartzen da trepadatxo eta destrepe motz bezain polit batzuetatik Palomaren mendiaren gailurreraino.

Zailtasun guztiak amaitu ondoren atzera begirada.


Eta azkenean gailurra!!!!!!!!!!!!!! Aristan hiru ordu ibili ondoren, gailurrara ailegatu, besarkada bat eman, trasteak jaso eta tontorrera hurbildu zen mendizale gasteiztar batekin solasalditxoa izan ondoren gailur argazkia atera zigun.

Palomares, 1442 metro.


Jaisteko Palomares mendira doan bide normala jarraitu genuen, bertan zegoen izotzean behin baino gehiagotan irrist egin ondoren goizean utzitako pagadira ailegatu ginelarik. Pagadi honetan beste indikazio poste bat topatuko dugu, eta indikazio poste honen azpian Laziturri iturria.

Pagadian topatu genuen indikazio postean. Poste honetan Pipaon norantza hartu genuen.


Pagadia izugarria da.


Indikazio postetik aurrera bide zabal bat topatuko dugu eta bide hau jarraituz goizean pasatako lehen indikazio postera ailegatuko gara, eta hemendik kotxera. Eguna Gasteizko hanburgeseri batean amaitu genuen bertan indarrak berreskuratuz.

PROFILA




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina