Larunbatean Lekukin Txindokin aspaldiko amets bat bete ondoren, igandean Josukin gelditu nintzen Aizkorriko kanaletan saiakeratxo bat egin asmoz. Oraingo honetan Leku eta Iker Tolosako ihauterien atzaparren artean erori eta kale egin zuten.
Goizeko zortzirak laurden gutxitan gelditu eta Zegamako apeaderoruntz abiatu ginen Ikerri kotxea hartu ondoren. Apeaderotik gora gindoazela, zein kanal egingo genuen hitzegiten aritu ginen: "Nardasakonetik eskuinera kanal gehiago ikusten die, eta ez daukea itsura txarra" esan nion Josuri, "gainera hortio ez gea sekula ibili, eta sikiera probatzea ez da txarra izango". "Beno ba, sartuko gea ikustea ea zer dagoen" Josuk.
Kotxea beti uzten dugun bordatik 15 bat minutuetara dagoen zabalune batean utzi ondoren, dagoeneko mendikate osoa eguzkipean zegoela ikusi genuen nahiz eta oraindik goizeko bederatziak ez izan.
"Ordun ze eingo deu?" Josuk. "Ez dakit ba, baina oain eguzkie jotzen ari bada...ez dakit ba gero asuntoa nola egongo den" erantzun nion "gainera gaurko beroa datorrela esan due".
GURE BIDEA
Bapatean begiak kotxea utzi genuen zabalunearen parean dagoen Burnikurutz mendira joan zitzaizkidan: "eta Burnikurutzen ipar aurpegiaren eskuinean ikusten den leku itzal horretara juten bagea?" proposatu nuen "Ziur hor ez digula eguzkik joko egun guztin". "Bueno ba, itxura txarrik ez dauke behintzat" Josuk.
Burnikurutz mendiaren ipar aurpegia kotxea utzitako zabalunetik.
Gertuago... Burnikurutzen eskuinean ikusten den itzalunera joan zitzaizkigun begiak.
DESKRIBAPENA
Eginiko igoera. Argazkia jaitsieran ateratakoa da.
Traste guztiak prestatu ondoren, goizeko bederatziak aldera martxan jarri ginen. Bideak ez dauka galtzeko arrisku handirik eta asko zapaltzen den horietakoa da, dena den, mendia etengabe bistan dugunez, nahiz eta bidea zapaldu gabe izan eta bidea ez ezagutu, Burnikurutz erreferentzi bezela hartuta, ez dago galtzeko arrisku handirik.
Bideak marka horiak dauzka. Ikusten denez, guk nahiko zapalduta topatu genuen.
Bidea hasiera batean pagadi batetik doa, baina berehala laritzen artean murgilduko gara.
Eguzkia Laritzen artean borrokan.
Lariztia bukatu eta berriro ere pagadi batean sartuko gara. Bidea gozoa da eta ez dauka malda handirik.
Hogei minutu inguru ibili ondoren, Nardasakonaren azpian dagoen Lariztiaren bukaerara ailegatuko gara. Puntu honetan bideak eskuinera hartzen du, Lariztiari bizkarra emanez.
Josu aurrean Nardasakonaren azpian dagoen lariztia duela. Bideak puntu honetan eskuinera hartzen du.
Hemendik aurrera bidea pagadi batetik gora doa batzuetan eskuinera, batzuetan ezkerrera, zeta zabalak eginez.
Josu pagadian gora.
Kotxetik ordu erdi pasatxo ibili ondoren, pinudi batera ailegatu ginen, eta hemen zalantza bat sortu zitzaigun: orain arte bezela bidea jarraitu edo bidetik ezkerrera maldan gora zihoazen oinen marka batzuk jarraitu.
Josu pinudiaren hasieran pentsakor: "zein bide hartuko deu?"
Azkenean, orainarteko bidea gehiegi desbideratuko zenaren beldurrez maldan gora hasi ginen bidea behean utzita. Zertan arituko ginen pentsatzen!!!! Hori zen malda eta hori elur biguna!!!
Josu maldaren lehen metroetan...
...eta azkenekoetan. Belaunetatik gora elurretan sartuta igo genuen eta berotze ederra hartu genuen.
Eta askotan pasatzen den bezela, maldaren amaieran behean utzitako bidearekin topo egin genuen berriro ere. "Beno, behintzat entrenamendu gisa hartuko deu" esan nion irrifartxo batekin.
Berriro bidearekin elkartu ginen puntuan lehen aldiz gero egingo genuen bidea gertuago ikusteko parada izan genuen.
"Bide nagusiarekin" berriro topo egin ondoren. Parean Burnikurutz eta eskalatuko genuen bidea.
Josu lehen malda hau igo edo sufritu ondoren, nahiz eta aurpegiak aurkakoa adierazi. Bere atzean eta azpian ikusten den elur zabalunean utzi genuen kotxea.
Atzera begirada. Goierri eta Txindoki bukaeran. Erdian eta azpian, kotxea utzi genuen zabalunea.
Paisaiaz gozatzearen aitzakiarekin deskantsua hartu ondoren, oraingoan bai, bidea utzi gabe aurrera jarraitu genuen.
Burnikurutzen ipar aurpegia gertuago eta bere itzalpean dauden hiru sarrerak.
Bide "normala" oso gozoa da ibiltzeko eta malda handirik ez dauka, inguruneaz gozatzeko aukera ematen duelarik.
Ipar aldea izateko, hemengo maldak oso gozoak dira. Bidea eskuinetik nondik doan ikusi daiteke.
Josuk bidetik kanpo elurraren kalitatea baloratzen. Altura hauetan elurra gogorragoa zegoen.
Bidearen momentu batean zuzenean kresteriorar atera behar zela ikusirik, bidea utzi eta ezkerrera abiatzen ziren marka batzuk jarraitu genituen: "dirudienez ez gea bakarrak izan hemendik gora igotzea pentsatu deunik" esan nion Josuri. "Dudaik ez euki" erantzun zidan. Marka hauek zuzenean Burnikurutzera zihoazen.
Bidea kresterioa aldera zihoala ikusirik, ezkerrean ikusten diren markak jarraituz gora egin genuen.
Leku honetan elurraren kalitatea nahiko ona zela ikusi daiteke, elurretan apenas sartzen zinelarik.
Eta honela, konturatu gabe, gure gauzekin hitzegiten ari ginela, kresteriora atera eta Burnikurutz mendiaren gailurrera ailegatu ginen. "Hau da hau, behintzat ipar aurpegie zemuzkoa den ikusiko deu" esan zidan Josuk. Ipar aurpegia tontorretik aztertu nahian ibili ginen baina ez genuen gauza handirik ikusi, honegatik, igotako marketatik behera jarraitu genuen ipar aurpegiaren sarreren bila.
Momentu batean igoerarako erabilitako bidea utzi eta ipar aurpegiruntz zihoan kanal erraz batetik behera zuzen jo genuen. Kanal hau jaitsi eta ipar paretatik gertu ekialderuntz ageriko trabesia bat jarraitu genuen. Trabesia honek 200 metro inguru izango zituen eta nahiko ageriko iruditu zitzaigun. 45-50 gradu inguru izango zituen eta eguzkiaren eraginez edo, belaunetatik gora sartuta gurutzatu genuen orkatz baten marken atzetik. "Oain bakarrik falta deu elur plaka osoa behera jutea" komentatu nion Josuri.
Burnikurutz mendiaren ipar aurpegia trabesiaren erditik.
Trabesiaren ondoren metro batzuk goruntz zuzen egin eta gure 0 bilgunea izango zen lekura ailegatu ginen (paretaren azpiko elur errepisa bat). "motxilak utzi eta ikusiko deu ea nola dagoen asuntua" esan zidan Josuk, "igotzen ai ginela ezkerrean sarrera bat ikusi det. Ea zemuz ikusten dezun". Sarrera honi lehenengo sarrera izena eman diogu. Bertara hurbildu eta ez nuen batera argi ikusi "ez dakit ba, baina ez det uste elurre daun bezela hemendik igoko geanik" komentatu nion, pioletakin elurraren erdipurdiko kalitatea aztertzen nuen bitartean.
Lehenengo sarrera.
0 Bilgunetik eskuinera sarrera zabal eta errazago bat ikusi genuen. "uste det hemendik gora beste sarreretatik ezin bada igoko geala" komentatu nion Josuri. Sarrea honi hirugarrengo sarrea izena eman diogu.
Bi sarreren artean beste bat ikusi genuen, bigarrengo sarrera. "Eta hemendik?" Josuk. "Bueno, saiatu gaitezke ea zemuzkoa den. Ikusten badeu ez deula ateratzen hirugarren sarreratik gora eingo deu" esan nion.
Bigarren sarrera.
Arnesak jantzi eta motxiletan genituen traste guztiak zintzilik jarri ondoren bigarren sarrera hau irabazi asmoarekin hasi nintzen. Sarrera honetan dagoen erresalteak 5 metro inguru izango ditu eta bertikala da, baina pioletak sartzeko puntu onak dauzka (hori bai lurrean, ez izotzean). 0 bilgunea montatzeko pitzadura edo laharik topatu ez genuenez, erresaltearen erdian topatu nuen pitzadura batean Alien hori bat sartu nuen segurtasun gisa.
Erresaltea gainditu ondoren ezkerreruntz egin nuen 1 bilgunea jartzeko asmoarekin, baina ez nuen inongo lekurik topatu. Honegatik, eta beste erremediorik ez nuenez, pioletak lurrean ondo sartu, bi pioletetara lotu, elurretan eseri eta Josu soka bizkarretik pasata aseguratu nuen.
1 Bilgunea jarritako lekua Oso leku hotza zen eta gainera goitik behera zetorren haizeak ez zuen batere laguntzen. Nahiz eta Josu nengoen lekura nahiko azkar ailegatu, dardar batean, hotzak akatzen, hartu nuen bilgunean.
Josu erresaltera sartzeko prest.
Josu 1 bilgunera ailegatu zenean ez nuen inongo zalantzarik izan: "Josu izoztuta nago, nik jarraituko det gora, ondo?", "Ondo" erantzun zidan.
1 bilgunetik gora bi aukera ikusi genituen: bat bilgunetik ezkerrera pitzadura erdi izkutu eta bertikal batetik gora eta bestea eskuinera beste pitzadura batetik. Ezkerrekoa gogorra eta teknikoagoa zela, eta batez ere hotzak akatzen nengoela ikusirik, eskuineko bidetik gora jotzea erabaki genuen. Eskuin bide hau paretaren kontra erdi enkajonatua doa.
Ezkerreko bidea...
...eta guk hartu genuena... eskuinekoa.
Josu lehenengo bilgunea bere pioletekin "berregiten".
Bigarren luzea egiteko aukeratu genuen bidean elur ona topatu genuen eta honek progresioa dexente erraztu zuen. Rigloseko bideen antzera, luzen honetan bi "pantza" pasa genituen.
Josu lehenengo bileran lehen pantza pasa ondoren.
Bigarren pantza.
Bigarren luze osoan aseguru bat sartzeko ikusi nuen leku bakarra.
Atzera begirada bigarren pantzaren ondoren.
Bigarren bilera 50-55 metro inguru ibili ondoren, kanala zabaltzen den puntuan, eguzkipean zegoen bloke baten inguruan jarri nuen. Bilgunea jarri eta berehala, Josuri bitan oihu egin, eta gorako bidea hartu zuen. Niri pasa zitzaidan bezela, Josu nigana izoztuta ailegatu zen, eta honelakoetan pasatzen zaion bezela, erdi blokeatuta.
Josu zati enkajonatutik ateratzen.
Ni erdi-eguzkitan nengoenez epelduta nengoen, honela Josuri soka askatu eta gailurrera eramango gintuen kanal batetik gora abiatzeko eskatu nion nik soka eta traste guztiak motxilan jasotzen nituen bitartean.
Azken kanal hau nahiz eta bertikala izan oinak jartzeko oso leku onak dauzka eta ez dauka inongo zailtasunik. 5-6 metro inguru izango ditu.
Josu gailurrera aterako gaituen azken kanaltxoan sartuta...
...lehen pausuak eginez...
...eta gailurrera eramango duen azken metroak burutzen.
Traste guztiak jaso eta nire txanda ailegatu zen.
Azken kanaltxoa azpitik...
...eta goitik begiratuta.
Kanaltxo honetatik atera eta ahalik eta azkarren gailurrera ailegatu nintzen Josu nola zegoen ikusteko. Ailegatu nintzenean, oraindik ez zegoen hotzetik erabat osatuta, baina eguzkitan hamar minutu egon ondoren bere onera itzuli zen.
Ohiko besarkada eta animoen ondoren, fruitu lehor batzuk jan, ura edan, gailur argazkia atera eta beheruntz abiatu ginen.
Burnikurutz, 1433 metro.
Beheko bidean, gaur eginiko bidea...
...Gertuago.
Berriro pagadian. Igoeran ikusi ez genituen hitoak ere ikusi genituen.
"Zemuzko bidea iruditu zaizu?" galdetu nion Josuri kotxera ailegatzerakoan, "Earra, bueltauko gea" Josuk. "Ziur, aurpegi horrek oaindik aukera gehiago dauzke eta".
Honela, Burnikurutz gailurretik 50 minutu eskasetan di-da batean berriro ere kotxera itzuli ginen.
Agur Burnikurutz, ziur gehiagotan bueltatuko garela.
AZKEN 10 SARRERAK
2011/03/08
BURNIKURUTZ (1433 m.), IPAR AURPEGITIK 2011/03/06
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
16:16
Etiketak:
Aizkorri,
andraitz,
burnikurutz,
eskalada,
kanala
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
Oso ona berriz ere!! zoragarria igoera hau, eguna oso ondo aprobetsatua edurra badoala dirudi eta.
ErantzunEzabatuSegi gogor! ikusi arte!
Milesker artista,
ErantzunEzabatuEgia esan, leku askotan elur asko topatu genuen. Ea datorren asteburura arte irauten duen!!!!