AZKEN 10 SARRERAK

2011/08/24

ESPADAS - POSETS KRESTERIOA 2011/08/08

Abuztuak 6an Forquetak eta abuztuak 7an Bardamina kresterioa egin ondoren, abuztuak 8an lehen froga serioaren txanda etorri zen: Espadas-Posets kresterioa.

Hemen ere, nola ez ba, plan teorikotik aldaketatxo bat egin genuen: Hasiera batean gure asmoa kresterioa Eriste lepotik hastea zen, mendiak.net web orriko azkarate foreroak gomendatu bezela, kresterioa bere osotasunean egiteko asmoarekin. Gomendio honetarako web orri bereko miranda foreroak eginiko deskribapena kontutan izan genuen. Aukera hau egiterik ez bazen, igertu foreroak eginiko deskribapena genuen errekamaran erreferentzi gisa.

Baina goizean goiz kresterioa hodeiez estalita ikusi genuenean, Bardamina kresterioan pasatako hestuasunak burura etorri ziren berriro, eta Diente Royo mendira eramango gintuen trepadatxoan harkaitza nola topatuko genuen beldurrez plan teorikoari aldaketatxo bat egin eta plan errazago batera jo genuen: Lehenik Tuca Forau de la Neu mendira igoko ginen Llardaneta ibonetik gora, hemendik kresteriora pasako ginen Pavots (edo Tucón Royo) eta Diente Royo mendiak igotzeko eta hemendik kresterioa jarraituko genuen Posets mendiraino. Amaitzeko, plan teorikoan bezela, jaitsieran Diente de Llardana mendia igoko genuen. Bigarren plan hau, igertuk eginikoaren ia plan berbera izango zen.

GURE BIDEA 

Espadas-Posets kresterioa bere osotasunean, hau da, Eriste lepotik abiatuta, Germain Castagne, Henri eta Roger Brulle eta Henri Motas d'Hestreux mendizaleek bete zuten 1914 urteko uztailaren 2an. Kresterioa PD sup. bezela dago sailkatua, III mailako pausu bat duelarik, gainera kresterio honek duen xarma Pirinioetako bigarren mendirik altuenean amaitzean datza.

Posets mendiaren inguruan gauza asko esan daitezke: beti ezagutu izan zaio Lardana (Chistau haranean) edo Llardana (Benasque haranean) bezela. Eriste herrian La Tuca bezela da ezaguna. Dirudienez, Posets izena Piriniotako lehen geografoek eginiko akats baten ondorioz izan zen, geografo hauek tontorrari bertakoek mendiari (hau da, bertakoentzat animalien larrak dauden lekuari) ematen zioten izena eman baitzioten. Ondorioz, Posets izeneko larrak kontutan izanda, izen hau tontorrari eman zioten. Gauza bera pasa zen Espadas mendiarekin (tontor hau bertakoentzat beti Lardaneta -Chistau haranean- edo Llardaneta -Benasque haranean- bezela ezaguna izan baita). Posets edo Llardana mendia lehen aldiz 1856 urteko abuztuaren 6ean igo zen. Egun honetan Pierre Barrau eta Pierre Redonnet gidek Halkett ingelesa gailurreraino gidatu zuten. 1864. urtean Henry Russell handiak igoko zuen lehen aldiz. Baina mendi honi zailtasun bideak aurkitu zizkiona Jean Arlaud izan zen. 1924ko irailean mendebaldeko aristatik igo zen. 1927ko uztailean  ipar aurpegiko korridoretik igo zuen. Urte bereko irailean gaur egun Jean Arlaud korridore bezela ezaguna den korridoretik igo zen.

ERAMANDAKO MATERIALA

Zailtasun honetako kresterioekin egiten dugun bezela, kresterio honetarako badaezpada honako materiala eraman genuen: Arnesak eta kaskoak, lau expres zinta, fisurero joku erdia, 6 segurtasunezko mosketoi, lau baga eta 30 metroetako 8 mm-tako kordinoa. Material guzti honetatik kaskoa bakarrik erabili genuen, nahiz eta arnesak denbora osoan jantzita eraman "badaezpada".

DESKRIBAPENA

06:30, Ángel Orús aterpea, 2115 metro. Gosaltzeko ilaran lehenengoak jarri ondoren, ahalik eta azkarren gosaldu, botak jantzi eta bezperatik prestatutako motxilak bizkarrean jarri ondoren martxan jarri ginen. Aterpetik atera eta atzera begiratuta, egunsentia ederra izan genuen hodeiak hego haizearen eraginez gorri-gorri zeudelarik. "Goizeko laino gorri, gaueko iturri" esan nion anaiari, goizean goiz optimismoari heutsiz.

Egunsenti ederra izan genuen gure atzean...


...baita gure aurrean ere.


07:05, Eriste eta la Pllana lepoen bidegurutzean dagoen indikazio postea, 2350 metro inguru. Konturatzerako azken egunetan dagoeneko ezaguna bihurtu den indikazio poste honetara ailegatu ginen, bertan argazki bat atera eta arropa pixkat kendu ondoren aurrera jarraitu genuelarik, Eriste lepora doan bidea jarraituz (GR-11.2 ibilbidea, alegia).

Indikazio postean.


Indikazio postea atzean utzi ondoren, Torrent de Llardana erreka zeharkatzen duen metalezko zubira ailegatzen.


07:35, Posets mendira doan bidegurutzea, 2550 metro inguru. Puntu hau garrantzitsua da, ibilbidearen amaieran hemendik behera jaitsiko gara eta. Hala ere guk ez genuen hemendik gora hartu, GR-11.2 ibilbidea jarraitu genuen ibón de Llardaneta arte.

Iker Posets mendira doan bide normalaren bidegurutzean.


Noizik eta behin goruntz begiratu eta gainean genituen mendi guztiak hodeiez estalita ikusten genituen gure tristurarako. "Ea goien asuntoa nola daun" Ikerrek, "Beno, atzo bezela badau buelta hartu eta aterpera bueltauko gea" nik.

07:55, Tuca Forau de la Neu mendira igotzeko hartu behar den bidegurutzea, 2600 meto inguru. Bidegurutze hau ez da oso argia, baina erreferentzi bat emango dut: Llardaneta ibona ailegatzear gaudela errekatxo bat gurutzatu beharra dugu (Eriste lepoko norantzan beti ere). Juxtu errekatxo hau gurutzatu ondoren GR-11.2 bidea utzi eta eskuineruntz (ipar mendebalderuntz) erdi-ikusten den den bidexka bat jarraitu beharko dugu (hito txiki batzuk daude) zelai batetik gora doan malda bat igotzen hasteko..

Iker errekatxoa gurutzatzen. Gorriz Tuca Forau de la Neu mendira doan bidea, urdinez GR-11.2 ibilbidea. Argazkia abuztuaren 9koa da.


Behin lehenengo 15-20 metroak bete ondoren, hitoak maizago ikusten hasiko gara bidea ongi markatua dagoelarik (nahiz eta ez izan bide zapaldu bat). Hemendik aurrera bideak iparreko norantza hartuko du.

Iker Tuca Forau de la Neu mendira eramango gaituen bidegurutzea hartu eta gero. Bere buru gainean dagoen mendirik altuena Diente Royo mendia da, ezkerrean Forquetak hodei artean daude.


Tuca Forau de la Neu bidegurutzetik gora gutxi gora behera jarraitu beharreko ibilbidea. Argazkia abuztuaren 9koa da.


Bideak metro gutxitan altuera handia irabazten du, di-da batean Llardaneta ibona azpian gelditzen delarik.

Iker maldan gora, ezkerrean Diente Royo mendia.


Esan bezela, metro gutxitan ibon de Llardaneta azpian gelditzen da.


Maldan gora ari garela pixkanaka harriak belarrari irabazi eta zelaia harrikara batean bihurtuko da. Harrikara hau zuzen jarraituko bagenu (iparralderuntz) pareta batekin topo egingo genuke. Bidea ez doa hemendik gora, noski, baina bi aukera ditugu: lehenengoa hito batzuk jarraituz ezkerrera (mendebaldera) hartzea harri kanal batetik gora. Bide hau hemendik Diente Royo eta Pavots mendietara doan bide normala dela esango nuke. Bigarren aukera, guk hartu genuena, eskuinera hartzen du (ekialdera) beste hito batzuk jarraituz orain arte gure eskuinean utzi dugun errekatxoa maldan behera hasten den puntura eraman eta orain arte igotako malda amaitzen delarik.

Harriak pixkanaka belarrari irabazten dio. Jarraitu beharreko bidea markatu dut.


08:15, Llardaneta ibonetik datorren maldaren amaiera, 2810 metro inguru.

Iker lehen malda hau amaitzen den lekuan.


Maldak emandako beroaldiarekin arropa pixkat kendu, zertxobait jan eta edan eta atsedentxo bat hartu genuen. Puntu honetatik aurrera hitoak jarraitzea besterik ez da. Hasieran bideak errekaren ezkerretik eramango gaitu.

Hasieran erreka eskuinean utziko dugu. Dagoeneko eguneko lehen helburua ikusi daiteke eta honen atzean behe lainoa.


Momentu batean erreka gurutzatu egiten da, baina gurutzatu eta metro gutxira berriro ere errekatxoa zeharkatu behar da ezkerreruntz (mendebalderuntz) hartuz.

Iker erreka lehen aldiz gurutzatuko dugun lekura hurbiltzen.


Bigarren aldiz errekatxoa zeharkatu eta mendebalderuntz pasatzen garenean, lehen glaziarra izandako haran batera ailegatuko gara. Haran honen iparraldean Tuca Forau de la Neu eta ekialdean Diente de Llardana mendiak azalduko dira, ipar ekialdean, oraindik urrun, Posets mendia ere ikusiko dugularik.

Dagoeneko haranean, beti ere hitoei jarraika. Bairudi lainoa altsatzen ari dela.


Haran honen itsura ikusi nuenean "Haran honek ilargian gaudela dirudi" pentsatu nuen. Harana harriz josia dago eta Himalayan oinarrizko baseak jartzeko erabiltzen diren lekuetako bat dirudi. Haran honetatik gehien erakarri ninduena zera izan zen: ixiltasuna besterik ez dela entzuten, kristoneko pake sentimentua ematen duelarik.

Esan bezela, haran hau mendebalderuntz zeharkatzen da, momentu batean, erdi izkutuan, ibon txiki bat ezkerrean (hegoaldean) uzten delarik.

Iker erdi izkutuan dagoen ibon txikia ezkerrera utziz.


Tuca Forau de la Neu mendira igotzeko biderik errazana bere mendebalde - iparmendebaldean duen arista erraz batetik igotzea da. Arista honetara ailegatzeko, lehenik haranaren amaierara ailegatzen garenean bideak ipar mendebaldeko norantza hartu eta harri kanal batera ailegatu beharko gara.

Bideak ipar-mendebalderuntz hartzen duen lekuan. Puntukin harri kanaletik gora egiten den bide zatia markatu dut.


Atzera begirada, Diente de Llardana eta honen ezkerrean Posets mendiaren azken maldak.


Harri kanal hau bere amaierarte jarraitu behar da (kanalak iparraldeko norantza hartzen du) eta hemendik aurrera harri eta harkaitz artean jarraituko dugu iparraldeko norantzarekin harrikararen amaierarte. Harrikararen amaieran motxilak utzi genituen.

Iker harri kanalaren hasierako metroetan.


Gaur ere bijilantea dugula gure inguruan!!!!


Harri kanalaren azken metroetan.


Ni kanalaren amaieran. Motxilak non utzi genituen eta hemendik aurrera jarraitu genuen bidea markatu ditut.


Motxilak utzitako lekutik trepada erraz baten ondoren (eskuak ia ez dira jartzen) Tuca Forau de la Neu mendiaren gailurrera eramango gaituen aristara irten ginen, minutu gutxietan bertara ailegatu ginelarik. Gu makilekin igo ginen gailurreraino, eta ailegatzearekin batera, gure zorionerako, inguruko hodei guztiak desegin egin ziren.

Iker Tuca Forau de la Neu mendiaren gailurrera eramango gaituen aristaren azken metroetan.


09:05, Tuca Forau de la Neu, 3079 metro. Egia esan mendi honek duen ikusmira izugarria da, Espadas-Posets kresterioa eta Diente de Llardana mendiek osatzen duten zirkoaren erdian kokatua baitago.

Tuca Forau de la Neu, 3079 metro.


Iker Tuca Forau de la Neu mendiaren gailurrean. Gaur egingo dugun kresterio osoa ikusi daiteke Diente Royo mendia ikusten ez bada ere.


Gailurrean derrigorrezko argazkiak atera ondoren motxilak utzitako lekura itzuli ginen atseden hartu, indarrak berreskuratu eta eguzkitako krema emateko, goizean hain ilun ikusi genituen hodeiak haize eta eguzkiaren indarrez desagertu eta eguzkiak ederki jotzen hasi baitzuen.

Hurrengo erronka: Kresteriora nondik eta nola atera. Irakurritako hainbat deskribapenetan kresteriotik Tuca Forau de la Neu mendira pasatzeko punturik egokiena Pavots mendiaren iparraldean dagoen Paso de Tucón Royo lepotik behera hartu (ekialderuntz) eta altuera gutxi galdu ondoren pixkanaka ezkerreruntz trabesian Tuca Forau de la Neu mendiaren gailurrera eramango gaituen aristara hurbiltzea zela irakurrita nuen, beraz, bidea hau alderantzizko norantzan egiteko prestatu ginen.

Motxilak utzitako lekuan indarrak berreskuratzen. Hemendik aurrera jarraitutako bidea nondik nora doan gutxi gora behera markatu dut.


Motxilak utzitako lekutik Pavots mendiaren iparraldean dagoen Paso de Tucón Royo leporainoko hasierako trabesian ez genuen hitorik aurkitu eta gutxi gora behera altuerarik galdu gabe trabesia egin genuen. Hasieran elurtegi bat gurutzatu eta harkaitzera atera ginenean, trepadatxo batzuen ondoren altuera pixkat irabazi eta trabesia egiten hasi ginen mendia inguratuz. Trabesiak ez dauka zailtasun handirik, baina harkaitza oso hautsia topatu genuen, beraz, badaezpada komeni da kontu handiz egitea.

Iker trabesian, parean dagoeneko Pavots edo Tucón Royo mendia ikusi daiteke.


Ni atzetik, atzean Tuca Forau de la Neu eta Diente de Llardana mendiak ditudala.


Trabesia amaitzerakoan gure azpian Pavots mendira eramango gaituen Paso del Tucón Royo-rako bide normala ikusi (Llardaneta ibonetik datorrena, alegia) eta berehala bideruntz jarraitu genuen. Behin bidean geundela, dagoeneko bide zapaldu bat jarraituz lepora ailegatu ginen.

Trabesia amaitu ondoren Pavots mendira doan bide normalaren bila. Atzean dagoeneko Posets mendiaren gailurra ikusi daiteke.


Iker aurretik, dagoeneko zapaldutako bidean, Paso de Tucón Royo lepora ailegatzear.


09:45, Paso del Tucón Royo lepoa, 3097 metro. Lepora ailegatu, motxilak bertan utzi eta makilen laguntzarekin Pavots eta Diente Royo mendien gailurren bila abiatu ginen. "bueltan etortzen geanen atsedena hartuko deu" esan zuen Ikerrek.

Paso del Tucón Royo lepoa atzean utzi ondoren.


Paso de Tucón Royo lepotik Pavots mendira doan igoerak ez dauka inongo zailtasunik eta ibiltzea besterik ez da. Lepotik di-da batean ailegatzen da mendiaren gailurrera.

Pavots mendiaren gailurrera ailegatzen. Ikusten denez, ibiltzea besterik ez da.


09:50, Pavots edo Tucón Royo mendia, 3124 metro. Bertan gailur argazkia atera ondoren, ia gelditu gabe Diente Royo mendiruntz abiatu ginen.

Pavots edo Tucón Royo, 3124 metro.


Pavots eta Diente Royoren arteko arista zatiak ere ez dauka misterio handirik. Lehen metro erraz batzuen ondoren helduleko ederrak dituen destrepe bat topatuko dugu (beharbada II mailara ailegatuko ez dena). Destrepe honen hasieran makilak utzi genituen itzuleran berreskuratzeko asmoarekin.

Iker destrepe honetatik behera.


Behin destrepe hau egin ondoren, aristatik jarraitzea besterik ez dago Diente Royo mendiren aurretik dagoen bigarren mailako gailur bat arte (harkaitz argia duena). Arista zati hau erraza da, baina baita aereoa ere, honegatik, komeni da badaezpada kontuz ibiltzea.

Destrepea egin ondorengo kresta zatian.


Iker atzean eginiko destrepea duela. Oraindik Posets mendiraino dugun arista zatia ikusi daiteke.


Diente Royora eramango gaituen arista zatian.


Ikusten denez, arista zati hau nahiko aereoa da, ekialdera batez ere...


...Hala ere ez dauka zailtasunik eta azkar-azkar egiten den horietakoa da.


Hau da gozadea!!!!!


Iker Diente Royo mendiaren aurretik dagoen bigarren mailako gailurrera ailegatzen.


Bigarren mailako gailur honetatik Diente Royo mendira doan arista zatiak ere ez dauka misterio handirik, gainera, aristaren ezkerrean (ekialdean) hitoz markaturiko bidexka bat dago aristaren hertza ekidinez.

10:10, Diente Royo, 3010 metro. Diente Royora ailegatzear geundela gure kontrako norantzan zihoazen hiru mendizale topatu genituen gure helburu berberarekin. Tuca Forau de la Neu mendira joateko nondik etorri ginen eta Capdevillaren deskribapenean mendi honetatik berriro ere kresteriora nondik joan behar den azaldu ondoren, bakoitzak bere bidearekin jarraitu zuen.

Diente Royo, 3010 metro.


Diente Royo mendian argazki batzuk atera ondoren, berriro ibilitako bidea desegin genuen motxilak utzitako lekurarte.
Iker Diente Royo mendia atzean duela.


Motxila gabe ez joateak ematen duen aritasuna medio, lehen topaturiko hiru mendizaleak pasatu genituen, uste baino azkarrago motxilak utzitako lepora ailegatu ginelarik.

Ni berriro ere Pavots mendiaren gailurrean.


10:30, Paso del Tucón Royo lepoa, 3097 metro. Orain bai, atsedentxo bat hartu, zerbait jan eta edan eta kresterioa betetzeko prestatu ginen arnesak eta kaskoak jantzi eta txintxilikarioak (expressak, mosketoiak, bagak, etab...) arnesetik zintzilikatuz. Badaezpada ere, hemendik aurrera makilak motxiletan jaso genituen. Atsedentxo honen ondoren, lepotik 10:45tan abiatu ginen.

Iker Paso de Tucón Royo lepora ailegatutakoan.


Lepotik gora doan kresta zatia oso erraza da eta oinez ederki egiten da bigarren mailako gailur baterarte. Zati honek daukan gauzik "txarrena", igo beharreko malda, je, je ,je.

Lepotik gorako lehen metroetan.


Behin gailur honetara ailegatzerakoan aurretik dugunarekin txundituta gelditu ginen. Arista hestutu egiten da eta bere osotasunean ikusten da Posets mendirarte. "Itzela!!!!Hau da hau parajea!!!" Ikerrek, "definitiboki gaur da eguna ibilbide hau aurrera ateratzeko" nik.

Bigarren mailako gailurrera ailegatu.... eta honekin topo egin genuen.


Bigarren mailako gailur honetatik Espadas edo Llardaneta mendira doan arista zatia ere ez da zaila eta gozatzen joateko modukoa da, beti ere trepatzeko ohiturarik badago. Bidean hainbat tontortxo pasa beharko ditugu Espadasen gailurrera ailegatu aurretik.

Iker dagoeneko aristari "egurra ematen"...


...baita nik atzetik ere, dagoeneko behean gelditzen da Paso de Tucón Royo lepoa.


Bigarren mailako gailurra atzean uzti ondoren, lehen tontortxora ailegatzen.


Mendebalderuntz begirada, azpian gelditzen da Tuca Forau de la Neu mendia eta mendi hau igotzeko jarraitu dugun arista.


Kresterioaren lehen zati hau arista zabal eta hestuz tartekatzen da, baina oraingoz ez dauka zailtasun handirik.

Lehen tontortxoa pasa ondoren.


Bapatean harkaitzak marroi ilun kolorea hartzen du, puntu honetan arista zabaltzen delarik.

Harkaitzak marroi kolorea hartzen duen lekuan.


Iker aurretik, harkaitz marroia dagoen arista zatia zabala dela ikusi daiteke.


Bigarren tontortxo batera ailegatzerakoan aristaren malda berriro ere zertxobait jaisten da.

Bigarren tontortxotik ateratako argazkia: oraindik aurretik duguna.


Bigarren tontortxotik behera, lepo batera jaitsiko gara arista hemen berriro hestutuko delarik.

Bigarren tontortxotik behera...


...anaiari oraingo honetan atzetik joatea tokatu zaio.


Lepo honetatik gora goazela lehen trepadatxo interesgarria topatuko dugu: II maila inguruko erresalte motz bat.

Ni erresaltetxoan.


"Hau bai harkaitza eta ez atzokoa!!!!" Ikerrek "honek bai adherentzie, hau da gozadea!!!". Anaia disfrutatzen joan zen denbora osoan eta horrek, biko kordada batean, izugarrizko lasaitasuna eta konfidantza ematen du.

Iker erresaltetxoan...


...eta bertatik ateratzen. Gaurko egunean ez zitzaion irrifarrea aurpegitik kenduko.


Erresaltetxo hau pasa ondoren hirugarren tontortxo batera ailegatuko gara, arista berriro ere zertxobait zabalduko delarik.

Iker hirugarren tontortxoan.


Hirugarren tontortxo honetik aurrera jarraituz beste lepo batera ailegatuko gara pausu errazetatik. Lepo honetan harkaitzak berriro ere kolorea aldatzen du, argiagaoa bihurtzen delarik.

Iker lepoan. Harkaitzaren kolorea berriro ere nola aldatzen den ikusi daiteke.


Eta lepo honetatik gora gure ustez aristak duen zatirik disfrutagarrienean murgilduko gara: arista asko hestutzen da (kotuz bertigorik badezue) eta eskuak eta oinak non jarri etengabe begiratu behar da, baina harkaitza paregabekoa da eta esku nahiz oinentzako lekuak non nahi eta ederrak dauzka. Arista zati honek bi zati dauzka bi zatien artean sorbalda antzeko bat dagoelarik. Bi zati hauen ondoren Espadas mendiaren gailurraren aurretik 3325 metroetara dagoen azken tontortxo batera aileagtuko gara. Zati honetan hainbeste disfrutatu genuen, argazkiak ateratzea ere ahaztu zitzaigula.

Ni lepotik gora hasi eta topatuko dugun lehen trepadatxo (II+) interesgarrian.


Oinak non jarri etengabe begiratu behar da, baina lekuak nonnahi azaltzen dira.


Arista zati honen lehen zatia amaitu ondoren, "sorbaldatik" behera eta atzera begirada. Uste dut zati honetan ateratako argazki bakarra izan zela.


Iker aristaren bigarren zatiaren azken trepadatxoan (II).


Zati disfrutagarri honen ondoren, ailegatuko garen azken tontortxo honetatik aurrera harkaitzaren kolorea berriro ere ilundu eta arista berriro ere zabaldu egiten da, Espadas mendira inongo zailtasunik gabe oinez ailegatuko garelarik.

Iker azken tontortxoa atzean utzi ondoren.


Espadas mendiaren gailurrera ailegatzen.


Ni atzetik, dagoeneko ibilitako zatia luzea da.


11:30, Espadas edo Llardaneta mendia, 3332 metro. "Zemuz zoaz?" nik "De puta madre!!!" Ikerrek. Oso nekatuta ez geundela ikusirik, ia atsedenik hartu gabe aurrera jarraitzera erabaki genuen.

Espadas edo Llardaneta mendia, 3332 metro.


Hemendik aurrera arista berriro ere zabaldu eta oinez erraz egiten da. Lehenik bigarren mailako beste gailur batetik pasatu ginen.

Iker bigarren mailako gailurrera ailegatzen. Aurrean, aristaren punturik hestuenean, hain ezaguna den "funanbulistaren pausua" ikusi daiteke.


Bigarren mailako gailur honetatik behera jaitsiera errazana bilatu behar da, gehienetan aristaren eskuinetik, kontu handiz arista honek duen bi pausu interesgarrietara ailegatuko garelarik: "funanbulistaren pausua" deritzotena eta hemendik gora dagoen 9-10 metroetako paretatxoa (III), azkeneko honek aristari gradua ematen diona.

Iker amaieran ikusten "funanbulistaren pausura" pixkanaka hurbiltzen.


Atzera begirada, Espadas mendiko jaitsiera hemendik ikusgarria ikusten da baina ez dauka zailtasun handirik.


Konturatzerako, "funanbulistaren pausura" ailegatu ginen. "Ni hemen geldituko naiz eta hola beheko pausua eta III-ko pausuan argazkiak aterako dizkizut" esan nion anaiari. Honela pausuaren gainean eseri eta anaiaren eboluzioak ikusten gelditu nintzen.

Iker "funanbulistaren pausura" destrepatzen.


Pausuaren erdian, Allez hop!!!


Eta orain III pausuko paretatxoan.


III mailako paretatxo hau berez bere ezkerretik egiten da, baina ni nengoen lekutik bazirudien zuzen hartuta errazagoa zela. Honela, Ikerri hemendik gora igotzeko oihukatu nion.

Iker zatirik zailena igo ondoren.


Azken zatia trepatzeko prest.


"Zemuzko trepada?" oihukatu nion. "Beeeeeeno, tentsio pixkat batekin, baina tira. Esango nuke ezkerretik errazagoa dela" erantzun zidan. Hau entzun ondoren, ezkerraldetik igoko nintzela erabaki nuen.

Trepadaren amaieran. Gorriz Ikerrek jarraitutako bidea, berdez, nik jarraitutakoa.


Kamara jaso eta "funanbulistaren pausura" jaitsi nintzen. Ez dakit oso mitifikatua dagoelako edo, baina ez zitzaidan horrenbesterako iruditu. Bai, bi aldeetara patio majoa dauka baina pasatzeko pasabidea nahiko zabala da. Honek ez dauka zerikusirik Anbotoko kresterioa egin genueneko Infernuko zubiarekin.

Ni "funanbulistaren pausura" ailegatzen.


Hala!!! Zirkoan bezela!!!


Pausu honen ondoren, paretarekin topo egin nuen, eta esan bezela, bere ezkerretik igo nuen. Ezkerreko trepada honi ere III mailako zailtasuna ematen diote. Trepada erraz baten ondoren errepisa batera ailegatu nintzenean, Ikerrek jarraitutako bidea nire eskuinean utzi eta errepisa amaierarte jarraitu nuen harkaitz baten atzetik eskuinera dagoen tximinia hestu eta bertikal batetik igotzeko. Tximinia honek helduleko ederrak dauzka eta patxadarekin, ongi igotzen da.

III mailako pausua gainditu ondoren. Hau da hau gozamena!!!!


Bi anaiak, gaur bai zoriontsu!!!


Paretatxo hau igo ondoren aristaren zailtasuna dexente jaisten da, pixkanaka apenas altuerarik galdu gabe Tuca de Llardaneta mendira ailegatuko garelarik.

Pareta igo ondoren aurretik duguna. Kresterioa bukatzeko falta diren hiru hirumilakoak non dauden markatu ditut.


11:55, Tuca de Llardaneta, 3325 metro. Esan bezela, zailtasunak amaiturik, lasai asko ailegatu ginen mendi honen gailurrera.

Iker Tuca de Llardaneta mendiaren gailurrean


Ni gailurrera ailegatzen. Atzean orain arte ibilitako arista osoa ikusi daiteke.


Tuca de Llardaneta, 3325 metro.


"Zeozer hartuko al deu?" galdetu nion anaiari "ni ondo nijo. Eta Posets-en hartzen badeu?" erantzun zidan, "Ondo da, nigatik konforme" erantzun nion.

Tuca de Llardaneta menditik Tuqueta Roya mendira doan arista zatiak dagoeneko ez dauka inongo zailtasunik eta oinez egiten da lasai asko aristatik metro gutxira eskuinetik egiten bada.

Posets, zugana goaz!!!!!


Tuca de Llardanetatik behera. Tuqueta Roya mendia gertu ikusten da.


12:10, Tuqueta Roya, 3273 metro. Ez dakit mendi honek zein inpresio egin zigun baina bapatean biok emozionatu egin ginen. Honelako erronkak betetzen direnean urtean zehar eginiko "entrenamenduaz", bertan daudenekin eta dagoeneko bertan ez daudenekin ere gogoratu nintzen eta azkeneko hauek gertuago sentitu nituen, malkoren bat ere irten zitzaidalarik.

Iker Tuqueta Roya mendiaren gailurrera ailegatzen.


Tuqeta Roya, 3273 metro.


Tuqueta Royatik aurrera ibiltzea besterik ez da Posets mendiaren gailurreraino. Lehenik Jean Arlaud lepora jaitsiko gara hemendik gora harrikara batetik Posets mendiaren gailurrera ttirri-ttarra ailegatuko garelarik.

Iker Jean Arlaud lepora jaisten (hito bat dago lepoa markatzen)


Jean Arlaud lepoan.


Jean Arlaud lepoa atzeran utzi ondoren. Ea hurrengo neguan hemendik ibiltzen garen.


12:25, Posets edo Llardana mendia, 3375 metro. "Ostia ze ona!!!!", "Toma!!!!" eta ohitura dugun honelako oihuen arten Piriniotako bigarren mendirik altuenaren gailurra zapaldu genuen.

Posets mendiaren gailurrera ailegatzen.


Hemen bai, gailurrean dagoen vivac batean motxilak bota, ura eta jateko gauzak atera eta lasai-lasai izan ginen eguraldiaz eta emozioaz disfrutatzen. Bertan zegoen frantses bati gailur argazkia ateratzeko eskatu genion.

Posets edo Llardana, 3375 metro.


Gailurrean geundela aprobetsatuz, Posets mendiaren ipar gailurrera hurbildu nintzen. Iker ihaz honaino ailegatu zen Leku handiarekin eta ez zidan oraingo honetan lagundu.

Ni Posets iparreko gailurrean...


...eta Iker Posets mendiaren gailurrean iparreko gailurretik ateratako argazkian.


Ipar Ekialdera bistak: atzo betetako Bardamina kresterioa. Bere hiru hirumilakoak markatu ditut.


Ordu erdi baino gehiago gailurrean egon ondoren, 13:00tan beheko bidea hartu genuen gaurko azken hirumilakoa igotzeko asmoarekin: Diente de Llardana.

Iker jaitsieraren lehen metroetan. Behean Diente de Llardana mendia ikusi daiteke.


13:30, Collado del Diente lepoa, 3000 metro inguru. Hona ailegatu eta metro batzuk goruntz egin ondoren motxilak bertan uztea erabaki genuen.

Iker Collado del Diente lepora ailegatzen. Hemendik Diente de Llardana benetan ikusgarria ikusten da.


Diente de Llardana mendia lepotik ikusita igoezina dirudi, baina ederki jarrita dauden hitoei jarraika eskuak ia jarri gabe igo daiteke. Eskuak jarri beharreko pausu horizontal bat dauka, eta beharbada hau da punturik "delikatuena". Igoera osoan kontu gehiago eduki behar da harriak ez botatzearekin (harri guztiak Canal Fondara erortzen dira eta) ez erortzearekin baino.

Diente de Llardanara doan bidea gutxi gora behera nondik doan markatu dut. Argazkian ere gure ustez duen pausu konplikatua non dagoen adierazi dut.


Igoeraren lehen metroetan.


Ni anaiaren atzetik. Dagoeneko lepoa behean gelditu da.


Iker pausu delikatura ailegatzen.


Behin pausu delikatua pasatzen denean, mendia goitik behera zeharkatzen duen zelai maldatsua (kontuz bustia badago) eskuin-ezkerreko diagonal luze bat eginez zeharkatu behar da maldak gogortasuna galtzen duen punturarte.

Iker zelai maldatsua zeharkatu ondoren. Hemen bideak eskuinera (mendebaldera) hartuko du.


Ni zelai maldatsuaren zeharkaldiaren azken metroetan.


Behin malda lasaitzen denean, eskuinera hartu (mendebalderuntz) eta zeta batzuk egin ondoren Diente de Llardanaren gailurrera eramango gaituen aristara aterako gara inongo zailtasunik gabe.

Iker aristara eramango gaituen zatian.


Aristara ateratzerakoan, aristaren bukaerarte jarraituko dugu (hegoaldera) inongo zailtasunik gabe Diente de Llardana mendiaren gailurrera ailegatzeko.

Iker aristaren lehen metroetan...


...eta azkenekoetan.


13:45, Diente de Llardana, 3094 metro. Oraindik sinistu ezinik, anaiaren atzetik gailurrera ailegatu nintzen.

Iker Diente de Llardana mendiaren gailurrean.


Ni gailurrera eramango nauen arista betetzen.


Eta azkenik gaurko azken hirumilakoaren gailurrean. Hau da zoriona!!!!!!!


Diente de Llardana, 3094 metro.


Argazki batzuk atera eta motxilak utzitako lekura itzultzeko asmoarekin berehala beherunzko bidea hartu genuen.

Iker berriro aristatik bueltan. Gaur igotako hirumilako guztiak markatu ditut, baita Forquetak eta Eristeak ere.


Ángel Orús aterpea gailurretik. Hor amaituko dira gure gaurko neke eta izerdiak.


Zelai maldatsuaren bila. Gaur Aneto hodei artean dago.


Zelai maldatsuan behera. Pausu delikatua non den markatu dut.


Berriro pausu delikatuan. Berez ez dauka misterio handirik, baina kontuz ibili beharreko pausu horietako bat da.


Ni zelai maldatsua eta pausu delikatua atzean utzi ondoren.


14:00, Collado del Diente lepoa, 3000 metro inguru. Lepora ailegatu, ur trago azkar bat egin, motxilak bizkarreratu eta beherunzko bidea hartu genuen. Jaitsierarako Ángel Orús aterpetik Posets mendira doan bide normala hartzea erabaki genuen, Canal Fonda pausu ezagunetik behera.

Diente de Llardana mendiari azken agurra.


Canal Fonda pausua oso ezaguna da Posets mendiaren igoera normalean. Hodi forma dauka eta ia urte osoan elurra izaten du. Gu bi elurtegiz osatua topatu genuen: lehena (jaitsierako norantzan) bietatik maldatsuena da baina bere ezkerretik hitoz markaturiko bide batetik ekidin daiteke.

Iker lehen elurtegiaren (jaitsierako norantzan) hasieran.


Lehen elurtegia ekidin ondoren berriro bidean.


Lehen elurtegia azpitik ikusita.


Bigarren elurtegia, gogoratu beheranzko norantzan ari garela, bere eskuinetik ongi ekidin genuen. Dena den azken metroetan elurtegian sartu behar izan genuen derrigorrez. Baina elurretan sartu ginen zati honetan duen malda eskasak eta elurraren egoerak (oso biguna topatu genuen) pausua erabat erraza egin zuten.

Iker bigarren elurtegia eskuinetik ekiditen (bidea jarraituz).


Azkenik elurraren gainetik pasa izan behar genuen derrigorrez.


Iker elurtegiaren amaieran. Bidea elurtegia jarraitu beharrean zuzen doa.


Behin elurtegia amaitzerakoan Posets mendira doan erabat zapalduriko bidera ailegatuko gara.

Iker elurtegia atzean utzi ondoren.


"Ze ordutan bizi gea?" galdetu zidan Ikerrek. "Ordubi t'erdik" erantzun nion. "Bazkaltzeko ailatuko gea?" "Bueno, kontutan izanda 15:30ak arte ematen dituztela, azkar ibiliz gero hortxe ibiliko gea" erantzun nion. Hau entzunda, orain arteko erritmo lasaia alde batera utzi eta erritmo arinago bat hartu genuen.

Iker Canal Fonda atzean utzi ondoren Posets mendira doan bidegurutzearen bila.


14:40, Posets mendira doan bidegurutzea, 2550 metro inguru. Bertan argazki bat atera eta beherunzko bidea hartu genuen arin-arin.

Iker Posets mendira doan bidegurutzean.


Di-da batean Torrent de Llardaneta erreka zeharkatzen duen metalezko zubira ailegatu ginen.


14:55, Eriste eta la Pllana lepoen bidegurutzean dagoen indikazio postea, 2350 metro inguru. "Ordue?" Ikerrek, "hiruek bost gutxi" nik, "Ailauko gea?" berak, "Erritmo hontan jarraituz geo, ziur baietz" nik.

Indikazio postean.


15:10, Ángel Orús aterpea, 2115 metro. Ia mingaina kanpoan genuela eta harkaitz batetik bestera Sarrioen moduan saltoka egin eta hainbat mendizale erdi korrika pasa ondoren, azkenean bazkaltzeko aterpera ailegatu ginen.

Iker aterpera ailegatzen.


Eta nola bukatu zen ibilbidea? Ba azkeneko egunetan bezela, plater konbinatu baten atzean, baina gaurko platerak zapore ezin hobea izan zuen, aspaldiko ametsa lortu baikenuen.

Nahiz eta hasieran pentsatu ez genuela lortuko, gaur ere azken egunetako argazki bera errepikatu genuen.


PROFILA




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina