AZKEN 10 SARRERAK

2011/08/22

BARDAMINA KRESTERIOA: BARDAMINA (3079 metro), PICO DE LA PAÚL (3083 metro) eta PICO INFERIOR DE LA PAÚL (3062 metro) 2011/08/07

Udako oporraldiari jarraituz, hemen doa bigarren eguneko kontakizuna.

Atzoko egunean bi Forquetak igo eta Ángel Orús aterpera etorri ondoren, gaur Bardamina kresterioaren txanda zen. Hau izan zen plan teorikotik bere osotasunean bete genuen bakarra, nahiz eta, ikusiko den bezela, bai igotzeko eta baita jaisteko ere mapetan azaltzen ez diren ibilbideak jarraitu. Zergatik? Bide berriak irekitzea gustatzen zaigulako? Bide osoan inor ikusi nahi ez dugulako? Ba ez, arrazoia Wickilok orritik ezezagun batek igotako track-a nondik nora doan fundamentuz ez ikustea izan zen. Hori gutxi ez balitz, nahiz eta mapa motxilan eraman, ez genion kasurik egin bide osoan. Ondorioz, ibilbidea uste baino luzeagoa egin zen. Beno, hori eta eguraldiaren eraginez topatu genuen kresterioaren eragina.

Gaurko egunerako gure oporraldietan izango genuen eguraldirik okerrena iragarrita zegoen, eta bete-betean asmatu zuten. Egun osoan ez genuen apenas eguzkirik ikusiko eta tartera euria eta haize zakarra ere izan genuen, hau da, kresterio bat egiteko eguraldirik egokiena, je, je, je.

GURE BIDEA

Esan bezela, gure helburua Bardamina kresterioa egitea zen. Bardamina kresterioa hiru hirumilakok osatzen dute: Pico Bardamina (3079 metro), Pico de la Paúl (3083 metro) eta Pico inferior de la Paúl (3062 metro). Lehenik Bardamina mendia igoko genuen bide normaletik hemendik, hego mendebaldeko kresterioa jarraituz, Pico inferior de la Paúl mendian amaitzeko. Hemendik Paúl lepora jaitsiko ginen berriro ere igoerako bidekin topo egin eta Ángel Orús aterpera itzultzeko. Baina lehen esan bezela, bai igoeran, baita jaitsieran ere ez genuen mapetan azaltzen den biderik jarraituko.

Kresterioari PD- ko zailtasuna ematen diote, gehienez II mailako pausuak dituelarik.

ERAMANDAKO MATERIALA

Badaezpada, eta tarte batzuetan kresterioa tarte batzuetan hestua dela kontutan izanda, honako materiala eraman genuen: Arnesak eta kaskoak, lau expres zinta, fisurero joku erdia, lau baga, 6 segurtasunezko mosketoi eta 30 metroetako 8 mm-tako kordinoa.

DESKRIBAPENA

06:30, Ángel Orús aterpea, 2115 metro. Goizeko 5:40tan erlojuaren alarma jarri ondoren, goizeko 6:00etako gosaltzeko ginen txintxo eta formal. Gosaldu ondoren, goizeko 6:30tan irteteko prest geunden. “Ufff!!!!! Hau da zeruak daukan pinta” esan zidan Ikerrek aterpetik ateratzen ginela, “beno goruntz joko deu eta momenturen batean ebie fuerte hasten bada, bueltatuko gea eta listo” erantzun nion.

07:05, Eriste eta la Pllana lepoetara joateko bidegurutzean dagoen indikazio postea, 2350 metro inguru. Behin poste honetara ailegatzen denean Pllana lepora doan bidea hartu behar da. Egia esan bide hau hartu zuten bakarrak izan ginen, aterpetik atera ziren mendizale guztien begietan Posets mendia baitzegoen.

Indikazio postean.


Pllana lepora daraman bidea GR-11.2 bidea da, atzo hartutako bide bera, eta lepo hau igo ondoren, Estós aterpean amaitzen da GR-11 ibilbidearekin bat egiten duelarik. Bidegurutzetik lehen metroetan behera egiten du Ibón de Llardanetatik datorren Torrent de Llardaneta errekatxoa zeharkatu behar delarik.

Iker Torrent de Llardaneta errekatxoa zeharkatzen, bidea nondik jarraitzen duen markatu dut.


Normalean ibilbideak bete beharreko helburu txikiz jarraitzen ditugunez, gure hurrengo helburua Llardaneta etxolan jarri genuen. Behin errekatxoa zeharkatu ondoren bidea gozo eta ongi markatua doa etxola honetara ailegatu arte.

Ia ikusten ez den Llardaneta etxola markatu dut eta gutxi gora behera jarraitutako bidea.


07:20, Llardaneta etxola, 2320 metro inguru. Etxola honetan ia gelditu gabe (zerua geroz eta ilunagoa baitzegoen) aurrera jarraitu genuen. “ebie hasten bada, sikiera etxola honetan sartuko gea gelditu arte” esan nion anaiari.

Iker Llardaneta etxolara ailegatzen.


Etxola atzean utzi ondoren. Bideak ez dauka galtzeko arriskurik, denbora osoan GR markak eta hitoak baitaude.


Ibilbideari jarraituz, pixkanaka Vall d’els ibons haranera ailegatu ginen eta honekin batera GR-11.2 bidea utziko dugun puntura: Grist Ibona.

Iker Gris ibonaren amaierara ailegatzen.


07:55, Grist ibona, 2411 metro. Esan bezela, puntu honetan GR-11.2 ibilbidea utziko dugu ibona bere ezkerraldetik pasatuko dugularik.

Iker ibón de Grist ibonaren amaieran.


Esan bezela, Grist ibona bere ezkerretik pasatzen da.


Joan aurretik irakurritako deskribapenak zihoen Grist ibona ezkerretik zeharkatu behar dela Ibón de Alforches ibonerarte. Ibon hau eskuinetik zeharkatu ondoren Ibón Baixo-ra ailegatuko ginen, ibon hau bere ezkerretik pasa eta harri eta arkaitz artean, iparmendebalde norantza jarraituz, 2900 metroetara dagoen ibon txiki baterarte.

Guk, GPSari jarraituz, 2900 metroetara dagoen ibon honetara ailegatzeko beste bide bat jarraitu genuen: Hasiera batean Grist ibona bere ezkerretik pasa genuen, baina Alforches ibona ailegatu aurretik ipar ekialderuntz jo genuen Ibón Baixo ibona gure ezkerrean utzi genuelarik (eskuinean utzi ordez, deskribapenak dioen bezela).

Ibón de Grist atzean utzi ondoren, Ibón Baixo gure ezkerrean uzteko prest. Gero igoko dugun harrikara non dagoen adierazi dut.


Ibón Baixo ibonaren parera ailegatu ginenean bapatean eskuinera (mendebaldeko norantza) hartu eta harrikara batetik gora hasi ginen euria hastearekin batera. “Nola ikusten dezu?” Ikerrek, “ez dakit ba, baina ez dirudi gogor botako duenik, dena den, esandakoa, fuerte hasiko balitz buelta hartuko deu” erantzun nion.

Iker harrikarara ailegatzear.


Harrikaran gora.


08:45, Ibón Altoren mendebaldean dagoen izenik gabeko ibona, 2615 metro inguru. Harrikara amaitzerakoan beste ibon bat topatu genuen: Ibón Alto ibonaren mendebaldean dagoen ibón txikiago bat (gutxi gora behera 2615 metroetara). Hemen ezkerrera (iparraldera) joko genuen.

Izenik gabeko ibona.


Esan bezela, ibon honetara ailegatutakoan ezkerreruntz (iparralderuntz) hartu genuen parean ikusiko dugun gailur baten bila, malda ere handiagotuko delarik. Ez da gailurreraino hartu behar, bere ezkerretik baizik.

Iker eta parean gailurra. Bidea gutxi gora behera nondik hartu genuen markatu dut.


Iker maldaren lehen metroetan.


Ni maldaren erdialdean. Orain arte ibilitakoa eta harrikara non dagoen adierazi dut.


Behin gailurra bordeatzen hasten garenean, altuerarik galdu gabe ipar-iparmendebaldeko norantza hartu behar da.

Iker gailurra bordeatzen.


Atzera begirada, Ibón Baixotik malda handia igotzen da honaino.


Bordeaketa honetan ari garela, bapatean zelai arrastoak amaitu eta harrikara batean murgilduta izango gara.

Iker harrikararen erdian.


Harrikara eta Bardamina gailurreraino gutxi gora behera jarraitutako bidea.


Bordeaketa amaitzerakoan lautadatxo antzeko batera ailegatu ginen. Hemen, euria gelditu zela ikusita, oraindik hartu gabeko atsedena egin eta hidratatu eta zerbait jateko aprobetsatu genuen. Euritako txamarrak haize txamarrengatik ordezkatzeko ere aukera izan genuen. Noizik eta behin Bardamina mendiaren gailurra ikusteko aukera ere izan genuen, baina goian zebilen haize indartsuak berehala estaltzen zuen kresterio osoa inongo momentuan ikusi ez genuelarik. Lautadatxo honetatik aurrera iparreko norantza hartu genuen lautadatxoa bere ezker aldetik (mendebaldetik) pasa genuelarik.

Iker lautadatxoan eta gutxi gora behera jarraitutako bidea.


Atzera begirada, bordeaketaren amaiera eta lautadatxoaren hasiera ikusi daitezke.


Lautadatxoaren ezkerrera ateratzen. Puntu hau gainditu ondoren, mapetan azaltzen den Bardamina mendiaren bide normalarekin bat egingo genuen.


09:54, bide normalarekin bat egin genuen puntua, 2930 metro inguru. Hemendik aurrera orain arte ikusi gabeko hitoei jarraika igo ginen, hasieran ekialde eta geroago ipar-iparekialde norantzarekin, trepadatxo erraz batzuen ondoren gailurraren eskuinera (ekialdera) dagoen aristara atera ginelarik. Harkaitza bustia eta behe lainoaren eraginez ondo ikusten ez zenez, eta batez ere Ikerren atzetik igotzen ari nintzenez, igoera honetarako kaskoa jartzea erabaki nuen.

Bide normalarekin bat egiten. Azpian 2900 metroetara dagoen ibon txikia ikusi daiteke.


Orain bai!!!! Hitoei jarraika.


Ni atzetik dagoeneko kaskoa buruan dudala.


Iker aristara ateratako puntuan nire zai, atzean gailurra non dagoen nabaritu daiteke.


10:25, Pico Bardamina, 3079 metro. Aristara ateratzen den puntutik gailurrera doan zatiak ez dauka inongo zailtasunik, eskuak inongo momentuan jarri behar ez direlarik. Honela, di-da batean Bardamina mendiaren gailurra zapaldu genuen.

Pico Bardamina, 3079 metro.


"Hau da hotza!!!!" Ikerrek, "Joerr, ba bai" nik. Ia ezer jan eta edateko denborarik hartu gabe arnesak jantzi eta pausuak aseguratzeko material guztia arnesetan zintzilik jarri ondoren, aristaruntz abiatu ginen euri eta behe lainoaren artean.

Aurretik duguna, nahiz eta eguraldia dela eta asko ez ikusi.


Iker aristaren lehen metroetan.


"Kontuz harkaitz ilunekin, kriston irristakorra dau eta!!!!!" oihukatu zuen Ikerrek. Egia esan harkaitzak ez zuen konfidantza handirik ematen eta oinak non jarri kontu handiz begiratu behar zen.

Aristan zehar nola-hala jarraituz bretxa batera ailegatu ginen. Bretxarako jaitsiera aristaren ezker aldetik egin genuen eta bretxatik gorako bidea ere ez genuen aristaren hertzetik egin, honen ezkerretik baizik, ez baikinen harkaitzen adherentziaz fidatzen.

Bretxara ailegatzen. Hemendik aurrerako bidea gutxi gora behera nondik hartu genuen markatu dut.


Bretxara jaisten. Heldulekuak non-nahi daude, baina harkaitzaren egoera ez zegoen gauza handietarako.


Bretxatik gora.


Ni bretxa gainditu ondoren.


Hemendik aurrera aristaren hertzetik jarraitu genuen.

Iker berriro ere aristaren hertzean.


"Zemuz zoaz?" galdetu nion anaiari. "Kristoneko tentsiokin nijo, ez dauket oinetan inongo konfidantzarik eta denbora osoan besoetatik tiraka ari naiz" erantzun zidan.
Hau entzunda aurretik pasatzea erabaki nuen berak nik egiten nituen mugimenduak egiteko. Arista berez ez da zaila, eta deskribapenetan azaltzen den bezela II mailako pausuak dauzka, baina, egia esan, guk topatu genuen egoera ez zen batere ona, eta behin baino gehiagotan oinak irrist egin zuten ustez ongi jarriak zeuden lekuetatik.

Iker atzetik babaresa pausu batean.


Ni aurretik, Iker atzean utzita.


Iker atzean gelditzen zela ikusirik, buelta hartu eta ea zemuz zihoan galdetu nion. "Kristoneko tentsiokin, ez nijo batere ondo" erantzun zidan. "Soka aterako al deu?" galdetu nion. "Ez det uste sokak tentsioa kenduko didanik" erantzun zidan. "Ordun aristatik irteteko topatzen dudan lehen lekuan utzi egingo deu eta gelditzen diren mendiak nola egin erabakiko deu" esan nion.

Elkarrizketa hau izan eta metro gutxietara arista tentetu eta gehiago estutzen zela ikusi nuen. "Joer ea orain nola eiten deun" pentsatu nuen. Bapatean harkaitz bertikal baten atzetik aristaren hegoalderuntz tximinia bat jaisten zela ikusi nuen. Hau ikusi buelta hartu eta Ikerri esan nion: "hemendik bera joko deu, nahiko erreza dela ematen du" esan nion. Hau entzun eta gero eta aristatik ihesbide bat zegoela ikusi ondoren, Iker lasaitu zela iruditu zitzaidan irrifarrea berreskuratu zuelarik.

Iker ihesbide bezela erabili genuen tximiniatik behera. Atzean harkaitz bertikala ikusi daiteke.


Behin aristaren azpira jaitsi ginenean altuera galdu gabe aurrera jarraitzea erabaki genuen "Pico de la Paúl parean igotzeko lekuren bat ikusten badeu gora eingo deu Pico de la Paúl eta Pico inferior de la Paúl mendien artean dagoen arista erraza baita" esan nion.

Iker tximiniatik jaitsi ondoren. Atzean jaitsierako puntua eta harkaitz bertikala ikusi daitezke.


Pico de la Paúl mendia non zegoen jakiteko GPSaren laguntza izan genuen, behe lainoa dela eta ez baitzen ezer ikusten. Honela, gailurraren azpira ailegatzear geundela Ikerrek abisua eman eta berriro ere aristara igotzeko leku baten bila hasi ginen.

Bapatean, igotzeko erraza zirudien tximinia bat ikusi genuen. "Eta hemendik igotzen bagea?" Ikerrek, "erraza ematen du" nik. Honela Pico de la Paúl mendiaren gailurraren ipar mendebaldera eramango gintuen tximinian gora hasi ginen.

Arista berreskuratzeko igo genuen tximinia.


Kontu handiz igo ondoren (harria nahiko askea baitzegoen) aristara atera ginen, Pico de la Paúl gailurretik 10-15 metroetara gutxi gora behera. "Zemuz?" Nik, "Hobetoxeago, ni bertikalean ondo nabil, aristan aldiz...... uffff" Ikerrek.

Iker tximiniatik ateratzen.


11:25, Pico de la Paúl, 3083 metro. Aristan zehar metro batzuk egin ondoren, behingoz Pico de la Paúl mendiaren gailurrera ailegatu ginen.

Pico de la Paúl, 3083 metro.


Badaezpada, GPSak gailurra markatzen zigun puntuaren ondoan hitoz markaturiko beste "gailur" bat zegoenez, han ere argazkia atera genuen.

Pico de la Paúl (beste "gailurra"), 3083 metro.


Pico de la Paúl eta Pico inferior de la Paúl mendien artean dagoen arista zatiak ez dauka zailtasun handirik, baina berriro ere harkaitz bustiarekin topo egin genuen, Ikerrek lehen metroak aurretik egin ondoren, atzera pasa zelarik.

Iker aristaren lehen metroetan.


Iker atzean aristaren puntu "interesgarri" batean.


Harkaitzaren egoeragatik, pausu errezenak ere bi-hiru aldiz pentsatuz egin beharra ziren.


Arista bere osotasunean ikusi genuen lehen aldia.


Arista berriro ere hestutzen den zati batera ailegatzen garenean, eskuinera (iparraldera) bidexka bat ateratzen da (hitoen bidez markatua) aristaren puntu zailenak ekiditeko.

Ni pausu zailenak ekiditeko hartu behar den lekuan.


Iker pasabidearen sarreran...


...eta pasabidearen amaieran, bukaeran Pico inferior de la Paúl mendiaren gailurra ikusi daiteke.


11:50, Pico inferior de la Paúl, 3062 metro. Tentsio eta beldur guztiak atzean utzita, azkenean mendi honetara ailegatu ginen.

Iker Pico inferior de la Paúl mendiaren gailurrean. Atzean Pico Veteranos eta Pico Gemelos mendiak non dauden markatu ditut, baita bi mendien ondoan dauden bretxa ezagunak: Gemelos eta Carrivé.


Ni azken gailurrera ailegatzen.


Pico inferior de la Paúl, 3062 metro.


Atzera begirada, gutxi gora behera arista utzi eta berreskuratzeko jarraitu genuen bidea markatu dut.


Gailurrean zegoen haizetea eta hezetasuna zela eta, ahalik eta azkarren bertatik alde egitea pentsatu genuen, gainera ez genekien eguraldiak zein itxura hartuko zukeen.

12:00, Collado de la Paúl, 3057 metro. Lepo honetara ailegatu eta, dagoeneko haizearen babesean, zertxobait edan eta jateko aprobetsatu genuen. Hemen ere orain arte hainbeste babestu gintuen arropa pixkat ere erantzi eta motxilan gorde genuen.

Bardamina kresterioa Paúl lepotik. Eginiko hiru mendiak non dauden markatu ditut.


Iker Paúl lepotik behera.


Eta Paúl lepotik behera teorian jarraitu beharreko ibilbidearekin bigarren ankasartzea egin genuen (gogoratu igoerako bidean ere ez genuela jarraitu beharreko ibilbidea jarraitu, GPSak markatzen zuena baizik): 2900 metroetara dagoen ibonera jaitsi (ekialdeko norantzan) eta hemendik behera mapek markatzen duten bidearekin bat egin beharrean, hegoaldeko norantza hartu genuen GPSaren tracka eta noizik eta behin azaltzen ziren hito batzuei jarraituz.

Iker beherunzko bidean, dagoeneko okerreko bidea hartu ondoren. Jarraitutako bidea gutxi gora behera nondik doan markatu dut. Ezkerrean Ibón Altoa ikusi daiteke eta bere mendebaldean dagoen izenik gabeko ibona (gorunzko bidean topatu genuena).


Eta zu zer ari zara begiratzen?


Ah!!! Zure familia zaintzen ari zara.


Pixkanaka Ibón de Turmo (edo Ibón de Posets) eta Ibón de Ferradura ibonen artean dauden ibon batzuetarako norantza hartzen joan ginen.

Ibón de Ferradura ibonaren eskuinean dagoen ibon txikiaren ingurura jaitsiko ginen.


Azkenean GPSaren bideak belar kanal antzeko batera eraman gintuen. "Ondo al goaz?" Galdetu nion anaiari, "GPS-ko tracka hemendik behera dijo" Ikerrrek.

Iker belar kanalaren sarreran.


Bapatean belar kanala harri kanal batean bihurtu zen malda eta nire preokupazioa ere handitu zirelarik. "Ziur track-a hemendik behera dijola?" Nik "GPS-ak hala dio" Ikerrek.

Gure belar kanala, harri kanala bihurtu zenean. Guk beheruntz zuzen-zuzen jarraitu genuen.


Eta azkenean nire preokupazioa egi bihurtu zen. Harrikara amaitu eta 5-6 metro inguruko erresalte batekin topo egin genuen. "Eta hemendik jaitsi beharra daukeu?" Nik, "trackaren arabera bai" Ikerrek. "Eta nola da posible tipo batek wickilock-en hemendik doan track bat sartzea?" Nik. "Ez dakit, baina hala ere GPSak 15 metroetako akatsa markatzen du ez baititu satelite guztiak hartzen" Ikerrek. "Joerr!!! Eta orain esaten diazu?" Nik.

Erresaltearen hertzera hurbildu, destrepatzen hasi baina ez nituen gauzak oso garbi ikusi. "Utziazu nei probatzen" Ikerrek. Bera joan eta paretatxoa di-da batean destrepatu zuen. Destrepatzeko izan zuen erraztasuna ikusi ondoren, animatu eta neronek ere destrepatu nuen Ikerren laguntzarekin.

Iker destrepearen zatirik gogorrena egin ondoren.


Atzera begirada, nire atzean destrepearen zatirik zailena. "Hortik sartu gaitu GPS madarikatuak!!!!"


Destrepearen ondoren dagoeneko belardi batetik Ibón de Ferraduraren ekialdean dauden ibonetara jaitsi ginen.

Dagoeneko zelaian ibonetara ailegatzen.


Atzera begirada. Jaitsitako harrikara eta erresaltea atzean dugula.


Dagoeneko ibonetan eta zailtasun guztiak amaituta.


Azken begirada gaur eginiko ibilbideari...


Igoerarako jarraitu genuen bidea gutxi gora behera.


Ibonetara ailegatu eta hemen berriro ere hitoekin topo egin genuen, hitoak jarraituz berriro ere Grist ibonera itzuli ginelarik. "bazen garaie hito puta bat ikusteko" Ikerrek.

Grist ibonera eramango gaituen bidea jarraituz.


13:40, Grist ibona, 2411 metro. Ibon honetan gelditu gabe, dagoeneko GR-11.2 ibilbidearen markak jarraituz, Llardaneta etxolaruntz abiatu ginen.

Iker Grist ibonaren sarreran.


Dagoeneko GR markak jarraituz.


14:10, Llardaneta etxola, 2320 metro inguru. "Goizean zenbat denbora pasa deu hona ailatu arte?" Ikerrek, "50 minutu gutxi gora behera" nik, "noiz arte ematen dituzte bazkarik aterpen?", "15:30ak arte" nik. "Ba ordun bazkaltzeko ailegatzen gea" Ikerrek.

Iker Llardaneta etxolan.


Bazkaltzeko ailegatuko ginela jakiteak indarrak eman zizkigun eta ziztu bizian abiatu ginen Ángel Orús aterperuntz.

GR markak eta Ángel Orús aterpea Llardaneta etxola atzean utzi ondoren. Gertu badirudi ere, aterpea urrun gelditzen da.


14:20, Eriste eta la Pllana lepoetara joateko bidegurutzean dagoen indikazio postea, 2350 metro inguru. Postean argazki bat atera ondoren, berriro ere arin-arin abiatu ginen aterperuntz.

Indikazio postean.


14:40, Ángel Orús aterpea, 2115 metro. Azkenean uste baino denbora gehiago pasa ondoren (gure plan teorikoaren arabera zazpi ordu inguru pasako genuen ibilbidea betetzeko), Ángel Orús aterpera eta bazkarira ailegatu ginen.

Ángel Orús aterpera ailegatzen...


...eta atzo bezela, gaur ere argazki bera errepikatzen.


Bazkaldu ondoren, dutxa beroa hartu, siestatxoa egin eta siestaren ondoren lagun berriak egitera aterpearen terrazara atera ginen.

Aterpeko terrazan lagun berriak egiten. Katua lo seko gelditu zen.


PROFILA




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina