AZKEN 10 SARRERAK

2011/08/28

PICO DE LOS VETERANOS (3134 metro) eta PICO DE LOS GEMELOS (3176 metro) 2011/08/10

Atzoko "atseden egunaren" ondoren, gaur berriro ere gorputzari egur pixkat emateko eguna ailegatu zen eta honekin batera Posets inguruan gelditzen zitzaizkigun azkeneko bi mendiak igotzeko aukera: Veteranos eta Gemelos mendiak.

GURE BIDEA

Bi mendi hauetara igotzeko Viadós aterpea hartu genuen oinarrizko kanpamentu gisa. Ibilbidea paper gainean ez zirudien oso konplikatua: Aterpetik GR-11 ibilbidea jarraituz Chistau porturarte igo eta hemendik bi mendiak igo gero bide beretik behera jaisteko. Guztira 9 ordu pasatxoko ibilbidea egingo genuela aurrikusita nuen.

Gure asmoa goiz jeikitzea zen, berorik ez harrapatzeko, baina aterpeko guardari gure asmoen berri eman ondoren, buelta hori guk aurrikusita baino denbora gutxiagoan egitea zegoela esan zigun, bere esanetan ordubete gutxiago emango genuelarik. Ez dakit hau benetan edo gosaria aparte ez emateagatik esan zigun, baina kontua izan zen konbentzitu gintuela, goizeko sei t'erdietan aterpean zeuden beste mendizaleekin gosaldu genuelarik. Gero konturatuko ginen ez berak eta ezta guk ere ez genuela aurrikusitako denborarekin asmatuko.

Egun honetarako motxila txikiak eraman genituen, soka, kasko eta arnesa eta aseguratzeko material guztia kotxean utzi genuelarik. Honetaz aparte, lehen aldiz Piriniotan botak kotxean utzi eta zapatillak jantzi nituen. Aurreko egunetan eramandako pisua kontutan izanda, mendi hauetara eramango genuen arintasunak erabat harritu gintuen.

DESKRIBAPENA

06:50, Viadós aterpea, 1760 metro. Ahalik eta azkarren gosaldu ondoren, aterpetik lehenak atera ginen GR-11 ibilbidea jarraituz. "Joño, frexko esnatu da eguna" esan nion anaiari, "Bai, eta zuk forro polarra aterpen utzita!!!" erantzun zidan.

07:05, Chistau lepora eramango gaituen bidegurutzeko indikazio panela, 1750 metro inguru. Panel honetara ailegatu ginenean ezkerreruntz (ipar ekialderuntz) hartu genuen Puerto de Chistau porturantz. Panel honen arabera ibilbideak ordu t'erdi eramango gaitu Pleta de Añes Cruzesera eta hiru ordu Chistau Portura ailegatzen.

Iker indikazio panelean.


Hemendik aurrera topatuko dugun bidea gozo-gozoa da, inongo zailtasunik gabekoa eta malda lasai batetik gora doana. Leku honi Val d'Añes Cruzes deritzaio eta gure eskuinean etengabe daon errekari Zinqueta d'Añes Cruzes erreka.

Iker bidegurutzea atzean utzi ondoren, ibilbidearen lehen metroetan.


Posets aldeko mendiak berehala ikusiko ditugu bere osotasunean.


Gure lehen helburua Pleta d'Añes Cruzes-era ailegatzea izango da, hemendik hasten baita Chistau portura eramango gaituen malda. Honerarte, esan bezela, Añes Cruzes haranean zehar bidea maldan gora doa baina malda hau oso eramankorra da. Gainera bidearen lehen zati honetan itzalpean joaten denez, frexkurarekin (hotza ez esateagatik) ibilbidea ahalik eta gozoago egin genuen.

Iker Añes Cruzes etxola parean duela.


Bidea nondik doan markatu dut.


Atzera begirada. Eguzkia hasi da gailurrak argitzen.


Pleta d'Añes Cruzes dagoeneko bistan. Beheran ikusten den Zinqueta d'Añes Cruzes erreka gurutzatu behar da, bertan Pleta d'Añes Cruzeseko indikazio panela topatuko dugularik.


08:05, Pleta d'Añes Cruzes-eko indikazio panela, 2050 metro inguru. Momentu batean bideak beheranzko norantza (hego ekialderuntz) hartzen du orain arte Zinqueta d'Añes Cruzes erreka gurutzatuz. Gurutzatu eta berehala Plana d'Añes Cruzesen dagoen indikazio panelarekin topo egingo dugu. Honen arabaera ordu t'erdiko igoera dugu Chistau porturaino.

Indikazio panela. Panelaren atzean igo beharreko lehen malda ikusi daiteke.


Indikazio paneletik gora Barranco d'Añes Cruzes amildegia zeharkatzen duen aldapa gogor bat hasten da. Orain arte bezela, bidea ongi dago markatua eta gainera oso ebidentea da, ttirri-ttarra erritmo lasai bat hartuz, aldapa larritasun handirik gabe igo genuelarik. Jarraitu beharreko norantza? Oso erraz, eguzkiari begira, bidea denbora osoan ekialdeko norantzan baitoa.

Maldaren lehen metroetan, GR-11 ibilbidearen markak ikusi daitezke.


Malda harrikara batean hasi ondoren, pixkanaka harriak eta belarra tartekatuz joango da.


Atzera begirada. Harrikara amaitzen denetik aurrera jarraitu beharreko bidea markatu dut.


Bidean GR marketatik aparte gezi gorri hauek ere topatu genituen.


Aldaparen amaieran harkaitz gehiago azalduko dira, baina ez dauka inongo eragozpenik.


9:00, Chistau portua, 2577 metro. Ia konturatu gabe, uste baino azkarrago eta indartsuago Chistau portura ailegatu ginen, bertan eguzkiak ongi etorria eman zigularik. "Zemuz?" Ikerrek, "Ondoegi ez ote goazen susmoa dauket" nik "ez dakit ba, baino hain sentsazio onak edukitzeak harritu egiten nau"

Iker Chistau portura ailegatzen.


Azkarregi eta emozionatuegi ez ote gindoazelaren beldurrez, Chistau portuan motxilak utzi, atseden hartu, galtza luzeak motzengatik aldatu, jan, edan eta eguzkitako krema eman genuen. Piriniotan sekula izan gabe nengoen hain sentsazio onekin, hauspoa ondo, baina oinak hobe.

Iker Chistau portuan atseden hartzen. Parean azkenean igoko ez dugun Bachimala ikusi daiteke.


9:20tan berriro ere martxan jarri ginen. Chistau portutik aurrera GR-11 ibilbidea metro batzuetan jarraitu ondoren (hegoaldeko norantzarekin), berehala ezkerrera utzi eta belar gozotik hegomendebaldeko norantza hartu genuen.

Iker GR-11 ibilbidea utzitako lekuan. Gorriz guk jarraitutako ibilbidea eta urdinez GR-11 ibilbidea.


Estós aterpera aldera (ekialdera) begirada.


Belarratik malda bat igo ondoren, zabalune zabal bat topatuko dugu gure aurrean.

Iker zabalunera jaisten. Hemendik gorako bidea gutxi gora behera nondik nora doan markatu dut.


Zabalunea zeharkatu eta berriro aldapan gora hasiko gara, oraingo honetan hegoaldeko norantzarekin. Hemendik aurrera hitoak jarraituz joan behar da denbora osoan ongi zapaldutako bidetik. Aldaparen lehen metro hauek Unanuatik Beriain mendira igotzeko dagoen malda gogoratu zidan.

Iker lehen malda irabazi ondoren. Zabalunea eta Chistau portua dagoeneko azpian geratzen dira.


Lehen malda honen ondoren lasaitasunerako zati bat dator, baina berehala, oraingo honetan harri askeen artean doan bidea jarraituz, aldapan gora joango gara Collada Negra lepora ailegatuko garelarik. Malda lasaitzen den puntu honetatik Collada Negra lepora ailegatzeko hego mendebaldeko norantza hartu behar da.

Iker atseden lekuan. Collada Negra leporarte doan bidea nondik doan markatu dut.


Collada Negra lepora eramango gaituen harrikaran gora. Azpian Ibón Royo de Posets ibona ikusi daiteke.


10:00, Collada Negra, 2878 metro. Ondo gindoazela ikusirik hemen gelditu gabe goruntz jarraitu genuen.

Iker Collada Negra lepora ailegatzen.


Collada Negra lepoa beheran utzi ondoren.


Collada Negratik gora dagoeneko arista hartuko dugu (hego-hegomendebaldeko norantzarekin) gure gaurko bi helburuen bila. Arista honek hasieran ez dauka zailtasun handirik, zabala da eta makilekin ongi igotzen da bigarren mailako gailur bat arte.

Iker bigarren mailako gailurra gainean duela.


Bigarren mailako gailur hau irabazteko azken metroetan plaka batekin topo egin genuen, baina harkaitzaren egoera paregabea zela ikusirik zuzen eman genion inongo eragozpenik gabe.

Iker plaka honetatik gora.


Baita nik ere. Plaka argazkian dirudiena baino errazagoa da.


Bigarren mailako gailur honetatik aurrera aristak hegoekialdeko norantza hartzen du, norantza hau Pico Veteranos mendirarte mantenduko duelarik. Hemendik aurrera zabal izaten jarraitzen du kolore marroi iluneko harkaitza duen bigarren mailako beste gailur batera ailegatuko garelarik.

Bigarren mailako gailurrera ailegatzen. Eskuinean igoko dugun hurrengo bigarren mailako gailurra ikusten delarik


Ni harkaitzak kolorea aldatzen duen lekuan. Azpian igotako bigarren mailako lehen gailurra ikusi daiteke.


Iker bigarren mailako bigarren gailur honen gailurrean. Arista oinez lasai egiteko modukoa dela ikusi daiteke.


Arista gozoa egiten da.


Harkaitz iluneko bigarren mailako gailur honetatik aurrea segiz, hirugarren gailur batera ailegatuko gara. Gailur honen arkaitzak berriro ere kolore argia hartzen du eta erraz ailegatzen da bertara, eskuak ia jarri gabe.

Iker bigarren mailako gailur berri honetara ailegatzen.


Gailur berri honetatik behera, bideak aristaren eskuinetik jarraitzen du bidexka bat jarraituz, lepo batera ailegatuz. Lepo honetatik gora ibilbide osoak izango duen "zailtasun" handienekin topo egingo dugu: II mailara ailegatzen ez diren trepadatxo batzuk. Behin "zailtasun" hauek irabazita, Veteranos mendiaren gailurrera eramango gaituen arista zabalera irtengo gara.

Iker bigarren mailako gailur hontatik behera. Hemendik aurrera bidea nondik doan markatu dut.


Aristaren eskuinetik egiten den trabesiaren ondoren, trepadatxoak dauden zatiaren bila.


Gailurrera eramango gaituen aristaren hasieran...


...eta amaieran.


10:35, Pico Veteranos, 3134 metro. Gailurrera ailegatu, ur pixkat edan, argazki batzuk atera eta ia atsedenik hartu gabe aurreruntz jarraitu genuen.

Pico Veteranos mendiaren gailurrera ailegatzen.


Pico Veteranos, 3134 metro.


Aurretik duguna. Pico Gemelos, honen ezkerrean Bardamina kresterioa eta denen gainetik Posets handia.


Panoa Estos aldera.


Pico Veteranos eta Pico Gemelos mendien arteko aristak hegomendebaldeko norantza hartzen du berriro ere. Arista zati hau nahiz eta hestua izan, bien arteko bidea batez ere aristaren eskuinetik doan bidexka batetik egiten da inongo zailtasunik gabe. Bidexka hau egiten ari garela, gure ezkerrean Brecha de los Gemelos bretxa utziko dugu. Bidean topatutako zailtasun bakarrak: bere gainetik ekidin genuen elurtegi bat eta Pico Gemelos mendiaren azken aldapan dagoen harri soltez betetako harrikara.

Iker bidean topatuko dugun zulo xelebre batean. Zuloak arista zeharkatzen du.


11:00, Pico de los Gemelos, 3176 metro. Gemelos mendia bi gailurrez osatua dagoela ikusirik, gailur argazkiak bi gailurretan atera genituen.

Pico de los Gemelos mendiaren bigarren gailurrera (urrutien dagoena) ailegatzen.


Pico de los Gemelos, 3176 metro. Urrutien dagoen gailurra.


Pico de los Gemelos 3176 metro. Gertuen dagoen gailurra.


Iker gertuen dagoen gailurrean...


...eta ni urrutien dagoenean. Nire ezkerrera argi ikusi daiteke Posets mendiaren ipar gailurrera ateratzen den ipar aurpegiko korridorea.


Gailur hauetan argazkiak ateratzeko denbora lasai hartu ondoren, berriro egindako bidea desegiten hasi ginen.

11:20, Pico Veteranos, 3134 metro. Gailur honetan ia gelditu gabe beheruntz jarraitu genuen.

Oraindik aurretik duguna Pico Veteranos menditik.


11:45, Collada Negra, 2878 metro. Hemen makilak azkar-azkar motxiletatik atera eta Chistau porturantz jarraitu genuen.

Iker Collada Negratik behera makilak eskuetan dituela.


Goizean utzi dugun zabalunera ailegatzen. Chistau portua non dagoen markatu dut.


12:15, Chistau portua, 2577 metro. Hemen motxilak momentu batez utzi, zertxobait jan eta edan (batez ere edan) eta hamar minutuetako atsedenalditxoaren ondoren, ziztu bizian beheruntz abiatu ginen.

12:55. Pleta d'Añes Cruzes, 2050 metro inguru. Hemen ia panelari begiratu gabe eta ezertarako gelditu gabe aurrera jarraitu genuen. Hemendik aurrera, eta gaur bertan etxera bueltatuko ginela jakinda, Viadós aterperako jaitsiera "a muerte" egin genuen.

Iker Pleta d'Añes Cruzesen dagoen erreka gurutzatzen. Atzean indikazio panela ikusi daiteke.


Pleta d'Añes Cruzesetik behera. Paisaia izugarria da.


Anaia dagoeneko urruti. Esan bezela, oso azkar jaitsi ginen.


Collada Negra eta gaur eginiko mendiak Val d'Añes Cruzes haranatik. Pico de los Gemelos menditik Posets-era pasatzeko rapelatu behar den Carrivé Bretxa non dagoen ere markatu dut. Viadós aterpeko guardak esan zigunez, Collada Negratik alde honetara jaistea bada bidea murriztuz, baina gu ez ginen saiatu ere egin.


13:35, Chistau portura eramaten duen bidegurutzearen indikazio panela, 1750 metro inguru. Hona ailegatu aurretik ni anaiaren aurretik jarri nintzen dagoeneko berak zekarren erritmo azkarra puntutxo bat igoz.

Iker panelera ailegatzen.


13:42, Viadós aterpea, 1760 metro. Ia-ia barruan genituen indar guztiak eman ondoren, aterpera itzuli ginen.

Viadós aterpera ailegatzen.


Iker Viadós aterpera ailegatzen.


Viadós aterpera ailegatu eta etxera definitiboki bueltatzen ginela erabaki ondoren, aterpeko kontua ordaindu eta etxeko bidea hartu genuen gure 2011ko udako Piriniotako oporraldiei amaiera emanez.

PROFILA




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina