AZKEN 10 SARRERAK

2011/09/26

PANTICOSA INGURUKO HIRUMILAKOETAN, 1.go zatia: INFIERNOS mendietatik ARNALES mendira 2011/09/09

Ia hilabetez Pirinio inguruan ibili gabe izan ondoren, eta Arantzazuko Amaren eguna izateagatik Irailaren 9a jai genuela aprobetsatuz (honela hiru egunetako asteburua osatuko genuen) Panticosa aldera hurbiltzea erabaki genuen.

Gure helburua? Panticosaren inguruan dauden hirumilakoak igotzea. Orain arte mendi hauetan izandako esperientzia ez zen batere ona, hona etorritako guztietan eguraldia dela eta esku hutsik berriro ere etxera bueltatzen baikinen. Baina asteburu honetarako eguraldi ederra iragarrita zegoen eta honelakoetan ezin da aukerarik galdu.

Gure plangintza Panticosa inguruko hirumilako guzti hauek bi egunetan egitea zen, nahiz eta egun berean egiten duenik ere badagoen. Beste web orri eta blogetan irakurrita genuen mendizale askok Pondiellos lepoan edo Pondiellos lakuaren inguruan vivac-a egiten dutela (Panticosa inguruan dauden hirumilakoen erdiko puntuan gutxi gora behera) bi egunetan 1400 metrotik gorako desnibela ez igotzeagatik, Guk ordea, nahiago izan genuen bi egunetan Panticosako Casa de Piedra aterpean lo egin, aterpeak eskeintzen dituen erosotasunak (dutxa eta afari beroa, ohetan lo egin, euria eginez gero babesa izan...) aprobetsatuz, nahiz eta bi egunetan oinei desnibel majoa sartu. Hau erabakita, bi egunak honela banatu genituen:

- Lehen eguna: Garmo Blanco (2960 m.), Mendebaldeko Infiernoa edo Iparmendebaldekoa (3073 m.), Erdialdeko Infiernoa (3082 m.), Ekialdeko Infiernoa edo Hegoekialdekoa (3076 m.), Arnales (3006 m.) eta Arnales Sur (2996 m.).
- Bigarren eguna: Aguja de Pondiellos (3011 m.), Garmo Negro (3051 m.), Iparraldeko Algas (3032 m.), Algas (3036 m.) eta Argualas (3046 m.).

Bi egun hauetarako talde majoa elkartu ginen: Josu, Asier (Josuren anaia), Leku, Iker, Jon (Ikerren koadrilako laguna) eta ni. Jonek gurekin egingo zuen lehen irteera izango zen, bere lehenengo hirumilakoak igoz. Denon artean izan genuen giro paregabea eta aukeratutako ibilbidea kontutan izanda, espero dut Jonek gurekin eginiko irteeratxoa azkena ez izatea.

NON GAUDE?

Panticosa inguruko hirumilakoak bi mendikate nagusietan banatzen dira, bien artean Pondiellos lepoa dagoelarik: Infiernos eta Argualas mendikateak. Mendikate bakoitzak bere hirumilakoak ditu:

- Infiernos: Lau hirumilakok osatzen dute: Ipar-mendebaldeko Infiernoa, Erdialdeko Infiernoa, Hegoekialdeko Infiernoa eta Arnales.
- Argualas: Hemen bost hirumilako topatuko ditugu: Aguja de Pondiellos, Garmo Negro, Algas Norte, Algas eta Argualas.

Hirumilako hauen historiari errepasotxo bat eginez esan beharra da mendi oso bisitatuak izan direla betidanik, batez ere Panticosako Balneariotik duten gertutasuna dela eta. Inguruko ehiztari eta artzainek mendi hauek zeharkatzen zituzten Sallent herritik Panticosara pasatzeko.

Argualas mendikateko lehen igoera Carlos IV erregearen kartografoa zen Vicente Heredia izan zen 1791 urtean. Espainiako mugak ezartzeko helburuarekin Algas mendia igo zuen.

Infiernoetako lehen igoera Henry Russell handiak egingo zuen 1867 urtean izotz eta elur artean. Cauterets-etik irten zen eta Infiernoa igo ondoren Panticosako Balnearioan amaitu zuen bere bi egunetako ibilbidea. Igoera honen ondoren, garaiko pirineista famatuak Infiernoetara hurbildu ziren.

Baina oraindik Argualas mendikatea erabat igotzea falta zen. Eta nola ez ba, hemen ere lehen pirineista Henry Russell izan zen. 1876 urtean Garmo Negro mendia lehen aldiz igo zuen Jean Marie Sarrettes gida eta Pablo Belio ehiztaria lagun zituela, gaur egun mendi honetara igotzeko erabiltzen den bide normaletik. Argualas mendia azkenik, Saint Saud-eko kondeak igoko zuen 1880 urtean.

Ordutik hona pirineista handienek beraien marka utzi dituzte mendi hauetan, Jean Arlaud eta Jean eta Pierre Ravier anaiak besteak beste.

GURE BIDEA

Goian azaldu bezela lehen egunerako mendi sorta majoa igotzea pentsatu genuen. Honetarako Infiernos mendietara Panticosatik gora doan bide normala, hau da, GR-11 bidea, jarraituko genuen Infiernos leporaino, hemendik aurrera hegoalderuntz kresterioa jarraituz Arnales Sur mendiraino ailegatuko ginelarik. Aurrikusitako denbora? Kontutan izanda taldearen kopurua eta Arnales mendira ailegatu baino lehen dagoen rapel-ean "galdu genezaken denbora", 10-11 ordu.

Esan beharra da guk eginiko bideak zailtasun handirik ez duela, gehienez II mailako trepadatxoak izango ditu, baina komeni da trepatzen eta destrepatzen soltura pixkat izatea leku batzuetan eskuekin lagundu egin beharko dugu eta. Gainera Infierno Ekialdetik aurrera arista erabat puskatzen da harreta handitu egin behar delarik. Bideak duen zailtasun handiena Ekialdeko Infierno eta Arnales mendien artean dagoen rapel-a eta hemendik aurrera jarraitu beharreko bidea da, esan bezela, harria oso hauskorra baita.

ERAMANDAKO MATERIALA

Kontutan izanda egin beharreko rapela eta hemendik aurrera topatuko genuena, material hau eraman genuen: 30 metroetako kordinoa, arnesak, kaskoa, segurtasun mosketoi batzuk, fisurero joku erdia eta baga batzuk. Dena den, zuen helburua hirumilakoak bakarrik egitea izango balitz ez litzateke material hau behar izango, kaskoa bakarrik eramatea gomendatuko nuelarik, Arnales mendira eramango gaituen trepada eta destreperako, lehen esan bezela, harria ez baita oso sendoa.

DESKRIBAPENA

7:05, Casa de Piedra aterpea, 1636 metro. Goizeko 6:30etan gosaldu eta kotxetik motxilak hartu ondoren, aterpetik irten ginen. Gure lehen helburua? Bachimañako beheko urtegia. Honetarako, hasieran kontatu bezela, GR-11 bidea jarraitu behar da. Bidea aterpearen atzetik irteten da eta ez dauka inongo galerarik erabat zapaldua, markaz betea eta zabala baita. Lehen metroetan pinudi baten erditik joango gara eskuinean erreka bat utziko dugularik. Erreka honek dituen urjauziek ibilbidea ikusgarria egiten dute.

Kotxetik irteteko prest.


Lehen metroetan, oraindik ilunpean, eguna mozten ari dela nabaria da.


Denbora gutxian altuera handia irabaziko dugu Balnearioa behean geldituko delarik.


Esan bezela bidea gozoa da, erraz igotzen den horietakoa.


Pinudia amaitzen denean gure begien aurrean paisaia zabalduko da.


Pinudia amaitzerakoan bideak behera hartzen du berriro ere errekaren parera ailegatuko garelarik. Honela, Frailearen aldaparen aurretik dagoen haran zabal batera ailegatuko gara.

Haranaren amaieran. Frailearen aldapa non dagoen markatu dut.


Aterpetik atera eta 50 minutuetara gutxi gora behera Frailearen aldapara ailegatuko gara. Aldapa hau pazientziz hartu beharreko aldapa horietako bat da, hauspoa eta hankak zainduz.

Aldaparen lehen metroetan.


Iker eta Asier aurretik.


Asier Frailearen aldaparen amaieran. Honen aurretik dagoen haran zabala oso azpian gelditzen da.


08:20, Embalse baxo de Bachimaña, 2205 metro. Casa de Piedratik ordu eta laurden ibili ondoren urtegi honetara ailegatuko gara. Frailearen aldapan botatako izerdiak mereziko du aldaparen gainean topatuko dugun ikusmiraz disfrutatzeko. Urtegi honetan eraikitzen ari diren Bahimañako aterpea ere ikusiko dugu. Dirudienez, etorkizunean aterpe honek Casa de Piedra aterpea ordezkatuko du.

Bachimañako beheko urtegia zeharkatzen. Eskuinean aterpe berria ikusi daiteke.


Bachimaña aterpea. Eraiki duten lekua ederra da benetan.


Beheko urtegi honi erantsita Bachimañako Goiko urtegia dago bi urtegien artean hamar minutu eskaseko ibilbidea dagoelarik.

Embalse Bachimaña alto. Izugarria da ur maila zein bajua dagoen.


Gure hurrengo helburua? Lekuk adierazi bezela, Ibones Azules ibonak.


Bachimañako urtegiak atzean utzi ondoren bideak malda ia erabat galtzen du, eguzkiaren lehen izpiekin batera gorputzak eskertu zuelarik.

Bachimañako urtegiak atzean utzi ondoren.


08:50, Marcadau portura edo Respomuso aterpera joateko bidegurutzean dagoen indikazio postea, 2230 metro inguru. Ibones Azules ibonetara ailegatu baino lehen Marcadau portura edo Respomuso aterpera eramango gaituen bidegurutzera ailegatuko gara. Bidegurutze honetan indikazio poste bat topatuko dugu.

Indikazio postera ailegatu aurretik gurutzatu behar den errekan.


Indikazio postea.


Indikazio poste honetan lehen atsedenalditxoa hartu genuen. Lasai lasai zerbait jan, edan, arropa kendu eta eguzkitako krema emateko aprobetsatu genuen. Atsedenalditxoaren ondoren 09:05tan gure bideari ekin genion.

Noruntz Leku? Ah, Respomuso aterperuntz.


Indikazio postetik gora beste malda bat izango dugu aurretik ia 500 metroetako desnibela irabazi ondoren Infiernoetako lepora ailegatuko garelarik. Bidean Ibones Azules ibonak pasako ditugu.

Maldan gora ibonen bila. Dagoeneko azpian gelditzen da indikazio postea dagoen lautadatxoa.


09:20, Beheko Ibon Urdina, 2365 metro. Ibon honetan gelditu gabe aurrera jarraitu genuen Goiko Ibonaren bila.

Jon, Asier eta Josu Beheko Ibon Urdinean. Hemen ere ur maila zenbat jaitsi den ikusi daiteke.


Ni neu Beheko ibon urdinera ailegatzen.


Bi Ibon Urdinen artean aldapatxo bat igo beharko dugu.

Leku Goiko ibon Urdinera ailegatzen, ezkerrean Infiernoak ikusten hasi dira.


09:30, Goiko Ibon Urdina, 2400 metro. Hemen ere gelditu gabe Infierno leporuntz jarraitu genuen.

Goiko Ibon Urdinean, dagoeneko Infierno lepoa bistan dugu.


Parajea izugarria da.


Hemendik ordu batzuetara Hegoekialdeko Infierno eta Arnales mendien artean rapelatuko dugun bretxa.


Goiko Ibon Urdinatik Infierno lepora doan malda harrikara batetik gora doa, baina bidea hain zapalduta dagoenez, bidea gozo-gozoa egiten da leporaino.

Harrikaran gora.


Atzera begirada, Leku Ibon Urdinak atzean dituela.


Maldak eskeiniko digun atsedenalditxo bakarrean.


Atsedenalditxo honen ondoren berriro ere maldan gora hasiko gara.


Infiernoetako ipar aurpegia eta hiltzorian dagoen glaziarra. Ezkerrean iparraldeko korredorea nondik doan ikusi daiteke. Ikusten al da?


Eta orain? Ea egunen batean hemendik gora igotzen garen...


Ttirri-ttarra Infiernoetako lepora ailegatzen joan ginen...


...azken metroetan...


10:15, Infiernoetako lepoa, 2721 metro. Bertara ailegatu eta honen bestaldean topatu genuenarekin aho zabal gelditu ginen: Tebarrai mendia eta ibona. Lepoan topatu genuen haize frexkoa kontutan izanda, bertan vivac-a egiteko dagoen lekuan nolabait babestu eta atseden hartu genuen.

Infiernoetako lepoan atseden hartzen.


Vignemale handia lepotik. Eskuinean Tapouren orratzak (bi koxka txiki), Grand Tapou eta Milieu mendiak ikusi daitezke.


Tebarrai mendia eta ibona.


25 minutu inguru atseden hartzen egon ondoren, 10:40tan Infierno mendiruntz abiatu ginen. Infierno lepotik gora doan bideak ez dauka galtzeko arriskurik, bideak hegoaldeko norantza hartzen duelarik.

Aldapa gora, lepoa behean utzi ondoren. Azpian ikusten den bidea, Respomuso aterpera doan GR-11 bidea da. Atzean. Frondiellak eta Balaitus, besteak beste.


Gertuago, Balaitus, Costerillou Dorrea eta D'Ussel orratza. Azkeneko biak oraindik igo gabeko hirumilakoak ditugu.


Guk kresteriotik gora jarraitu genuen inongo zailtasunik gabe, gure eskuinean Infiernoetara doan bide normala utziz, gure asmoa Garmo Blanco mendia igotzea baitzen.


Kresterioan gora, amaieran Garmo Blanco mendiaren gailurra ikusi daiteke.


Leku igoerarekin gozatzen.


11:05, Garmo Blanco mendia, 2960 metro. Konturatzerako mendi honen gailurrera ailegatu ginen eta konturatu gabe, bertan gailur argazkia atera gabe, goruntz jarraitu genuen.

Iker eta Asier Garmo Blanco mendiaren gailurra zeharkatzen. Atzean Iparmendebaldeko Infiernoaren gailurra ikusi daiteke.


Garmo Blanco mendian behera. Azpian marmolera ikusi daiteke, bertatik bide normala doa, baina gu kresteatzen jarraitu genuen.


Berriro kresteriora bueltatzen.


Jon gozatzen. Bere atzean Frondiellak, Balaitus eta Garmo Blanco mendiak. Azpian marmolera ikusi daiteke.


Iker atzean Garmo Blanco duela.


Tximiniatxo batetik gora doan trepadatxo erraz baten ondoren (II mailara ez da ailegatuko) kresteriora itzuli ginen, hemendik leku errazenetatik Iparmendebaldeko Infiernoko gailurrera ailegatu ginelarik.

Iker kresteriora itzuliko zigun tximiniatxoa igotzen.


Hegoalderuntz, bihar igoko ditugun mendiak ikusi daitezke bere osotasunean.


Josu terreno errazetik lehenengo hirumilakora hurbiltzen. Aurrean marmolera eta Erdialdeko Infiernoa.


Iparmendebaldeko Infiernoko gailurrera zapaltzear...


11:30, Iparmendebaldeko Infiernoa, 3073 metro. "Tomaaaaa!!!!!". Hau izan zen Jonen lehen hirumilakoa, bere "hirumilakoen batailoa". Uste dut egun hau ez zaiola sekula ahaztuko.

Iparmendebaldeko Infiernoa, 3073 metro.


Gailurrean argazkia atera ondoren, ia gelditu gabe aurreruntz jarraitu genuen marmoleraren bila. Denbora luzean momentu honen zain izan nintzen: Infiernoen arteko marmolera zeharkatzea. Gauza asko irakurrita eta entzunda nituen pasabide honengatik, bakarren batek buelta hartu zuenaren istorioa ere entzunda nuen.

Asier eta Josu marmoleran murgilduta. Gu oraindik ez gara ailegatu.


Jon eta biok marmolera pasatzen hasteko prest, aurretik Josu, Asier eta Leku doaz. Atzean beste bi Infiernoak eta Vignemale ikusi daitezke.


Ez dakit pausu hau oso mitifikatua nuelako edo, baina oso erraza eta uste nuena baino zabalagoa iruditu zitzaidan inongo hestuasunik gabe denok pasa genuelarik.

Jon eta biok dagoeneko marmolera zeharkatzen.


Asier marmoleraren azken zatian. Atzean beste bi Infiernoak ikusi daitezke.


Josu eta Asier marmolera pasa ondoren. Argazkia Erdialdeko Infiernoaren gailurretik gertu aterata da. Atzean beharbada Piriniotako mendirik ezagunena markatu dut: Midi d'Ossau.


Erdialdeko Infiernora doan arista bikoloreduna, tentagarria benetan, egunen batean beharbada....


Josu eta Asier Erdialdeko Infiernora ailegatzear...


...bitartean Jon eta Iker marmolera amaitzen atzean Frondiellak eta Balaitus handia dutela.


11:45, Erdialdeko Infiernoa, 3082 metro. "Bigarrenaaaa!!!!!" Jonek.

Josu, Leku eta Asier Erdialdeko Infiernoren gailurrean.


Erdialdeko Infiernoa, 3082 metro.


Gailur honetan ere ez genuen denbora luzerik pasa, eta aurrera jarraitu genuen azken Infiernoaren bila.

Hegoekialdeko Infiernorarte duguna.


Azken Infiernorarteko bideak ere ez dauka inongo zailtasunik. Infiernoen iparreko korredorearen irteeran geldiunetxo bat egin genuen irteera posibleak aztertuz. "Hau egin beharren gaude" esan zigun Asierrek, "nahi dezunen" erantzun nion.

Infiernoetako ipar korredorearen irteeran...


Korridorea goitik ikusita, neguan ikusgarria izan beharra dauka.


Azken Infiernora ailegatzen, atzean Aguja de Pondiellos, Garmo Negro, Iparreko Algas, Algas eta Peña Telera (Partacua mendizerra) ikusi daitezke.


11:55, Hegoekialdeko Infiernoa, 3076 metro. "Earraaa", "Gora Euskadiii" eta honelakoak oihu egin ondoren denbora asko galdu gabe aurreruntz jarraitzeko prestatu ginen, baina arazotxo bat izan nuen argazki kamararekin eta "nahikoa da" esanahi zuen zarata batekin pott egin zuen. Hainbat juramentuen ondoren azkenean motxilan gorde eta Ikerren kamararekin argazkiak ateratzen jarraitu nuen.

Hegoekialdeko Infiernoa, 3076 metro.


Atzera begirada gailurretik, igotako bi Infiernoak eta bien arteko marmolera argi ikusi daitezke.


Hemendik aurrera kresterioa jarraitzea besterik ez genuen egin. Ez dakit hemendik aurrera mendizale asko pasatzen ez direlako edo, baina arista erabat hausten da kontuz ibili behar delarik. "Zemuz Jon?" galdetu nion hainbatetan, "oso ondo, disfrutatzen" berak.

Hegoekialdeko Infiernotik behera. Aurretik ditugun bi mendiak markatu ditut.


Aristatik behera batzuetan eskuinetik eta bestetan ezkerretik ibili ginen terreno erraz baina erabat hauskorrean.


Josu, Iker eta Jon atzean Hegoekialdeko Infiernoa dutela.


Hamar minutu eskas kresterioan behera ibili ondoren rapel-a montatzen den lekura ailegatu ginen.

Asier rapel-a jarri beharreko lekuan, atzean rapel-aren ondoren igo beharreko paretatxoa.


Rapelatzeko prestatzen.


Rapel honen inguruan gauza asko irakurrita nituen: 50 metroetako soka batekin justu ibiltzen dela, 10 metro inguru besterik ez dituela, etab. Guk, hasieran esan bezela, 30 metroetako soka eraman genuen eta rapela jartzeko dagoen bloketik bretxara ongi ibili ginen. Nire ustez 12-14 metro izango ditu (10 metro eskasegi iruditu zitzaigun).

Iker rapelatzeko prest.


Nire txanda.


Aguja de Pondiellos, Garmo Negro, Algas... bretxatik.


Lehen rapel honen ondoren nondik jarraitu ez genuen oso ongi ikusi. Deskribapen ezberdinen arabera expuesto xamarra den pasabide bat egin behar da III mailako tximinia-diedro antzeko batetik gora igotzeko. Josu eta Asierrek saiakera ezberdinak egin ondoren eta seiok bide hortatik jarraitzea denbora luzea izango zela kontutan edukita, bretxa honetatik behera hegomendebalderuntz dagoen bigarren rapel bat egitea erabaki genuen, gero aurretik genuen orratza bordeatzeko asmoarekin. "Total, orratz hori ez da hirumilakoa, ez?" Ikerrek, "Ez, baina kresterioa osoa egin nahi badugu..." nik.

Egin genuen bigarren rapel-a montatzen.


Bigarren rapel hau bestea baino motzagoa da, 10 metro inguru izango dituelarik. Rapel hau lehenengoa baino konplikatuxeagoa da, bloke baten gainetik egin behar baita.

Rapelatzeko prest.


Jon bigarren rapelean, blokea argi ikusi daiteke.


Iker rapelatzeko prest gure begiradapean. Bigarren rapel honetan harri dexente botatzen dira behera, beraz, komeni da paretik kentzea.


Rapel-a egin ondoren ezkerrera hartu (jaitsierako norantzan) eta orratza inguratu genuen.

Josu rapel-a atzean utzi ondoren.


Asier eta Jon atzetik.


Orratza inguratu ondoren berriro kresteriora hurbiltzen joan ginen bertara orratza eta Arnales gailurraren artean dagoen lepoan atera ginelarik.

Orratza inguratu ondoren. Gutxi gora behera jarraitutako bidea markatu dut.


Orratza eta Arnalesen arteko lepora ailegatzen, eskuinean Arnales mendiaren gailurra ikusi daiteke.


Jon lepoan...


...eta berriro ere aristan, "Earraaaa!!!!!!!!!!!"


12:55, Arnales, 3006 metro. "Zemuz Jon?" Ikerrek, "Rapelaren ondoren tentsio pixkatekin, baina ondo" berak.

Arnales, 3006 metro.


"Eta orain zer?" Ikerrek, "nik Arnales Sur mendiraino jarraituko nuke" esan nien. "Eta zemuzkoa da?" Josuk, "irakurri dudanez erraza omen da hemendik hauntzainoko bidea" nik. "Beno ba, guazen ba" Lekuk. Honela, kresterioa utzi gabe Arnales Sur mendiruntz abiatu ginen.

Arnales Sur mendira doan kresterioan. Atzean gailurra ikusi daiteke.


Bi mendi hauen arteko kresterioak ere ez dauka misterio handirik, baina orain arte bezela, oso hautsia dago. Arnales Sur mendiaren gailurraren azpira ailegatzen garenean kresterioa utzi eta eskuinetik (mendebaldetik) doan bidexka bat hartu behar da gailurrera atzetik (hegoaldetik) igotzeko.

Asier arista utzi behar den lekuan. Bidea nondik doan markatu dut.


Kresterioa utzi ondorenengo bidexkan.


Bidexka jarraituz gero II mailako trepadatxo batzuen bidez eta hito batzuei jarraituz Arnales Sur mendiaren gailurrera ailegatuko gara.

Josu azken trepadan murgilduta.


Jon trepadaren amaieran.


13:10, Arnales Sur, 2996 metro. Tentsio pixkat baten ondoren gaurko azken mendiaren gailurrera ailegatu ginen.

Arnales Sur, 2996 metro.


Atzera begirada, Hegoekialdeko Infiernotik Arnales mendiraino eginiko bidea gutxi gora behera markatu dut, baita rapelen kokalekua ere.


Panticosako Balnearioa Arnales Sur mendiaren gailurretik.


Gailur honetan beste arazotxo bat sortu zitzaigun: nondik jaitsi Pondiellos lepora ailegatzeko? Gailurrean mendizale batekin topo egin genuen eta honek esan zigun gailurretik Saretas lepora doan aristak ez duela zailtasun handirik (bera hemendik gora igo zuen). Mendizale honi kasu egin ondoren kresterioa jarraitzera erabaki genuen Saretas leporaino.

Arnales Sur menditik beherako lehen metroetan.


Momentu ederrean kasu egin genion mendizale honi!!!! Kresterioa oso hautsia dago eta harriak etengabe botatzen joan ginen. II mailako destrepe asko egin genituen eta gainera harkaitzaren egoerak ez zuen konfidantza handirik ematen.

Jon, Iker eta Asier destrepeetako batean.


Atzera begirada Arnales Sur gailurreruntz. Nondik jaitsi ginen markatu dut gutxi gora behera.


Izagirre anaiak besteon jaitsiera kontrolatzen. Saretas eta Pondiellos lepoen arteko bidea markatu dut.


Monte Perdidoruntz begiradatxoa.


Lehen destrepe bertikalaren ondoren, Saretas lepora ailegatu baino lehen tximinia batekin topo egin genuen. Beste aukera batzuk aztertu ondoren, azkenean tximinia honetatik behera jo genuen (II maila) kontu handiz behera botatzen genituen harriak direla eta.

Asier eta biok tximiniara hurbiltzen.


Tximinia azpitik ikusita, Josu bertan dagoela.


13:45, Saretas lepoa, 2800 metro inguru. Uste baino tentsio handiagoa pasa ondoren (batez ere harkaitzaren kalitatea dela eta) lur finkora ailegatu ginen. Atsedena Pondiellos lepoan hartuko genuela erabaki ondoren Saretas lepoan eskaladako trasteak motxilan gorde eta aurreruntz jarraitu genuen.

Asier Saretas lepoan.


Atzera begirada Saretas lepotik. "Hau da hau ein deun destrepe nazkagarrie!!!"


Saretas eta Pondiellos lepoen arteko bidea harrikara batetik doa baina ez dauka inongo zailtasunik ongi zapaldua baitago.

Asier Pondiellos lepora ailegatzen.


14:00, Pondiellos lepoa, 2809 metro. "Orain bai!!!" Lekuk. Motxilak lurrera bota eta merezitako atsedena hartu genuen dagoeneko tentsio guztiak amaituta.

Pondiellos lepoan solasaldian eta atseden hartzen.


Midi D'Ossau handia Pondiellos lepotik.


"Ze eingo deu aurreruntz jarraitu beste hirumilakok igotzeko?" Josuk, "nik gaurkoz nahiko dauket, beheruntz jungo naiz" Jonek, "Nik lagunduko dizut beheruntz" Ikerrek. "Zenbat gehiago da?" Nik, "Ordu pare bat gehiago uste det" Lekuk, "ez dakit ba, hankak oain oso ondo dauzket, baina ordu pare bat gehiago ein ondoren ez dakit nola eongo naizen. Nahiago det bihar frexko egon eta berriro honea igotzea" nik.

Azkenean, ordu erdiko atsedena eta zenbait zalantzen ondoren, 14:30tan Balnearioruntz jaistea erabaki genuen.

Pondiellos lepoa uzteko prest.


Hegoekialdeko Infierno eta Arnales mendien artean eginiko bi rapel-ei azken argazkia Pondiellos lepotik. Rapelen ondoren jarraitutako bidea nondik doan gutxi gora behera markatu dut.


Jaitsieraren lehen metroetan. Egia esan, nahiz eta harrikara handia izan, ustez baino erosoago jaisten da.


Aurretik duguna.


Lehen harrikara atzean utzi ondoren.


Bigarren harrikara bat zeharkatuz. Atzean Serrato eta Xuans mendiak besteak beste.


Harrikara guztiak amaitu ondoren Mallata Alta-ra ailegatu ginen, hemendik behera bidea gozo-gozoa bihurtu eta abiadura handitu genuelarik.

Josu Mallata Alta-n.


16:20, Casa de Piedra aterpea, 1636 metro. Bederatzi ordu eta laurden ibili ondoren berriro abiapuntura ailegatu ginen, nekatuta baino oso zoriontsu.

Iker eta Jon kotxean trasteak uzten.


Kotxean trasteak utzi eta ia litroerdiko garagardoaren ondoren, Casa de Piedra aterpearen atzeko paretan dauden eskalada bidei saiakeratxo bat emateko prestatu ginen, gaur gutxi nekatu izan baginen bezela.

Pareta honetan lau bide daude eta eskuinetik ezkerrera errazenetik zailenera ere ordenatuak daude. Ez dira bide oso luzeak, baina besaurreak ederki gogortzeko paregabeak dira. Aterpeko guardak zein maila duten ez zigun esan, beraz ez dakit zein graduazioa duten.

Josu eskuinetik hasita bigarren bidean.


Ni bide berean. Bi hilabete baino gehiago eskalatzen ibili ez izana ederki antzeman nuen.


Epaileak...


Orain Asierren txanda bide berean...


...baita Ikerrena ere.


Azkenik Lekuk ere egurra eman zion bide honi.


Asier diedro teknikarekin igo zuen hirugarren bidean.


Josu bide berean.


Eta azkenik, ezkerreko bidean, lauetatik zailena.


Bidearen zatirik zailena pasa ondoren.


Josu pausu zailenean...


...eta pausu honetan erori ondoren.


Baina Josu ezagututa, azkenean pausua atera eta bidea bete zuen...


...Leku bezela, nahiz eta atseden hartzeko leku xelebrea topatu.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina