AZKEN 10 SARRERAK

2012/02/19

AIZKORRIKO GURUTZEA: LEPOETAKO NARDEARI SAIAKERA ZUZENA. EZIN DENEAN EZIN DA 2012/02/18

Azken astean zehar eginiko elurra kontutan izanda (oraingo honetan elurrak ez zuen ipar-ekialdeko haizeak ekarri ipar-mendebaldekoak baizik) eta larunbaterako eguraldi ona iragarrita zegoela ikusita, duela parebat urte bakarrik eginiko kanal hau bisitatzeko asmoarekin Iker, Josu, Leku eta lauok Otzaurte aldera hurbildu ginen. Oraingo honetan gure helburua bikoitza zen: duela urte pare bat saihestutako erresalteak zuzenean igo eta ertzarako irteera berri bat probatu.

Abiatu baino lehen bagenekien elurra beharbada oraindik ez zela bere puntuan egongo, baina elur kalitatea joan den astekoa baino hobea topatuko genuela ere uste genuen, astean zehar eroritako elurra hezea izan baitzen, eta normalean elur mota hau lehenago eraldatzen da.

Kanal honen deskribapena hemen idatzita dudanez, argazkiak edo deskribapenetik ezberdin eginikoak bakarrik azalduko ditut.

Goizeko 7:30etan gelditu ondoren, hau izan zen 8:00ak aldera Otzaurten topatu genuen panorama.


Gertuago, Nardaaundi, Lepoetako nardea eta hemendik gorako kanala, bi erresalteak eta kanalaren hasieran topatuko genuen elur jausia.


Hasiera batean gure asmoa Emendatz arte kotxez joatea zen, baina Otzaurtetik gora abiatu ginenean lehen ustekabe bat topatu genuen: botatako elur kantitaea. Hasiera batean kotxez nahiko ongi igotzen hasi ginen, baina Beundera ailegatu baino lehen gorago igo ezin zela ikusirik, kotxea zabalune batean utzi genuen.

Kotxea "aparkatu" ondoren. Pena izan zen Beundetik aurrera gurpil arrastoak topatu genituen eta.


Ustekabe honekin lehen zalantzak etorri ziren: bagenekien kotxea utzitako lekutik kanalaren hasierara denbora luze pasako genuela, baina elurrak zuen gogortasuna ikusirik animatu eta 8:30ak aldera goruntz abiatu ginen. Tenperatura 0 gradu ingurukoa, haizerik ez eta zerua oskarbi, ezin da gehiagorik eskatu.

Beundera iristen.


Beunde pasa ondoren eguzkia lotsati pago artean.


Argakian ikusten denez elurra harria bezela topatu genuen lehen metro hauetan.


Esan bezela, elurraren gogortasunak asko animatu gintuen eta dagoeneko ametsetan hasi ginen gaurko ibilbidearekin. Baina ametsetan ari ginela bigarren ustekabea etorri zen: nahigabe putzu izoztu bat zapaldu eta hankaz gora erori nintzen gerrian kolpe handia hartuz. Denbora batean minez izan ondoren aurrera jarraitzeko erabakia hartu genuen nahiz eta gero egun osoan zehar molestiakin izan.

Aldaolara eramango gaituen pista jarraituz. Pista hau San Adrianera doan pista bera da.


Aratz aldea ikusgarria zegoen benetan.


50 minutu inguru ibili ondoren Aldaolan dagoen bidegurutzera iritsi ginen. Hemen San Adrianera doan bidea utzi genuen.

Aldaolako bidegurutzea atzean utzi ondoren.


Gazteluberri mendi bikia eta honen atzean Beriain.


Gertuago...


Pixkanaka-pixkanaka Emendatzera hurbiltzen joan ginen kanala gertuago ikusten hasi ginelarik.


Bideak Donejakue bidearekin topo egiten du Emendatz baino lehen.


Kotxetik irten eta ordu t'erdira Emendatzera ailegatu ginen.

Zertan ari dira bi anaiak?


Gaurko helburua goitik behera aztertzen. Aizkorriko gurutzeko baseliza ere ikusi daiteke. Argazkiaren ezkerrean Nardaaundi eta hemendik gora doazen kanal zabalak.


Atzera begirada, gure Txindoki maitea.


Emendatzeko bordaren ondotik pasatzen. Elurra oraingoz elegantea.


Borda gertuago, atzean Gazteluberri eta honen atzean Beriain.


Lepoetako Nardea pagadian sartu aurretik. Bi erresalteak markatu ditu. Lehenengo erresaltetik behera elur jauzia ikusi daiteke.


Pagadira sartu aurretik.


Pagadira sartu aurretik komeni da kanalaren erreferentzia ongi hartzea, behin pagadian, ez baita ikusten.

Pagadiaren lehen metroetan, elurra oraindik tarteka ona topatu genuen.


Baina pagadian gora egin ahala elurraren kalitateak nabarmen behera egin zuen.


Nardaaundi. Hemen berriro ere elurra nahiko gogorra topatuko genuen.


Iker elurrarekin borrokan.


Esan bezela, Nardaaundin elurra gogorra topatu genuen, sobra ere ez dago babestuta eta hotzak ederki gogortu zuen elurra. Honek gure animoak ere berpiztu zituen pagadian belaunetaraino sartuta ibili ondoren.


Lepoetako Nardeara iritsi ginenean berriro ere elur biguna topatu genuen, berriro ere belaunetaraino bidea irekitzen aritu ginelarik.


Iker eta Leku Lepoetako Nardean elur jausia izan den lekura ailegatzen. Atzean Txindoki ikusi daiteke. Honaino kotxetik ia bi ordu t'erdi pasa genuen.


Nork esaten du Aizkorrin ez dela elur jausirik izaten? Hara hemen argazki bat.


Behin hona iritsita, ur pixkat edan eta elur jauziak utzitako arrastotik gora abiatu ginen.


Josu, ni eta Iker belarretan gora.


Josu lehen erresaltera iristen. Elur jauziaren sorrera non izan den ikusi daiteke.


Zer egingo deu? Bilgunean. Lehen erresaltearen azpian makilak gorde eta piolet eta kranpoiak ateratzea erabaki genuen.


Josu lehen erresaltea errazen igo daiteken puntuari begira.


Lehen erresalte honen zati "errezenari" saiakeratxoa eman ondoren, elur jauzia sortutako lekutik gora igotzea pentsatu genuen elurra oso oso biguna zegoen eta.


Bigarren erresaltea. Elurraren kalitatea ikusita metro batzuk lau hanketan egin nituen zutik jarriz gero belaunetatik gora sartzen nintzen eta.


Josu bigarren erresaltera iristen.


Nola ikusten dezu? Galdetu zidan Josuk, "ba nahiko pattal, elur honekin ezin izango deu gauza handirik egin" erantzun nion.


Zuzenean eta nik duela bi urte igotzeko erabili nuen trepadatxoaren egoerak txarrak zirela ikusirik, erresaltearen ezkerraldera abiatu ginen bide baten bila.


Metro batzuk goruntz egin ondoren Josu eta biok etsitu ginen. Iker dena den erresaltearen ezkerrean dagoen diedrotxo baten egoera nolakoa zen probatzera joan zen.


Elur bigunarekin borrokan.


Azkenean, elurraren kalitatea, ordua (11:30ak), oraindik gora ateratzeko gelditzen zitzaiguna eta kanalatik elurra erortzen zela ikusirik, buelta hartzera erabaki genuen.


Leku bigarren erresaltean etsita.


Lehen erresaltea jaitsi ondoren. Elur jausiaren ibilbidea ikusi daiteke.


Kanalaren sarreran kranpoiak eta pioletak gorde, eta hamaiketako arin baten ondoren, kotxerako bidea hartu genuen igotako bide beretik.

Iker eta biok Nardaaundi zeharkatzen.


Leku Nardaaundin. Elurra ez zegoen argazkian antzeman daiteken bezela.


Nardaaundiren azpian egoten diren harkaitz blokeak erabat estalita daude.


Berriro pagadian.


Eskerrak igoerarako egin genuen marka beretik itzuli ginela, markatik ateraz gero dexente sartzen ginen eta.


Emendatzeko bordara iristen.


Azken begirada, hurrengo batean izango da.


Ez nuke jakin nahi zenbat mendizale izango ziren Txindokiren maldekin borrokan.


San Adrianeko pistan berriro ere.


Beundera ailegatzen. Itzulera luzea egin zitzaigun.


Kotxera 14:00ak aldera ailegatu ginen. Zertxobait jan, gauzak jaso eta etxerako bidea hartu genuen.

Aizkorriri azken begirada...


...baita Lepoetako Nardeari ere. Ea hemen pendiente duguna noiz betetzen dugun.



2 iruzkin:

  1. Aupa artista, ezin denean ezin da. Baina hurrengo baterako apunteak ondo hartuta ezta?

    Geuk Orixoleko kanaletan ibili ginan, egun zoragarria gure mendietan ibiltzeko.

    Segi gogor koadrila, egongo gatxik.

    ErantzunEzabatu
  2. Aupa artista!!!!
    Arrazoi duzu, ezin denean alperrikakoa da aurrera jarraitzea. Pena azpiko bi erresalte hauek egoera onean ez egotea. Astebete gehiago itxaron beharko dugu.
    Ondo izan!!!!!

    ErantzunEzabatu