AZKEN 10 SARRERAK

2012/02/18

IRAULE (1511 m.) NARDASAKONTIK, IRAULEKO ORRATZAREN KANALETIK 2012/02/11

Otsailaren hasieran botatako elurteekin batera Aizkorrira joateko sena beste urtebetez piztu egin zen. Tamalez, 2012 urteko lehen elurtea ipar ekialdeko haizearen laguntzarekin etorri zen, hotz handia bai, baina oso lehorra, botatako elurra ere kalitate eskasekoa izan zelarik. Dena den, askotan bihotzak buruari irabazten dio eta elur "monoa" kentzeko asmoarekin Josu, Bixki eta hiruok kanal honen egoera nolakoa zen ikustera hurbildu ginen.

Kanal honen nondik norakoak eta azalpen zehatza hemen jarria dudanez, argazkiak bakarrik komentatuko ditut. Esan beharra da elurraren kalitatea oso txarra topatu genuela, bidea irekitzeko ere nahiko lan izan genuelarik. Elurraren kalitatea, behe lainoa eta ipar ekialdeko haize indartsu izoztuak ez zigun kanal polit honetaz disfrutatzen utzi.

Irteera honetatik aipagarriena Josuk eta biok eskuetan pasa genuen hotza. Nik ez dut sekula horrenbesteko hotzik pasa eta asteburu osoan behatzak txingurrituta izan nituen, izozte hasiera izan nuen antza. Honegatik kanal bertako argazkirik ere ez dago argazkiak ateratzeko indarrik ere ez nuen izan eta.

Josu eta Bixki kotxea utzi ondoren lehen metroetan


Elurra majo botata zegoen.


25 minutu eskas ibili ondoren, normalean kotxea uzten dugun Itzubiaga bordara iritsi ginen.


Hortxe borda.


Bordatik Nardasakonen oinara doan pinudian zehar dagoeneko elurra bigun-biguna topatu genuen, ordu erdi pasatxoan kanalaren hasierara ailegatu ginelarik.

Bixki kanalaren hasieran elurrarekin borrokan.


Josu atzetik hala-nola ez elurraren kalitatea (hautsa erabat) ez baitzen ona.


Nardasakon kanalaren lehen zati honetan bidea irekitzen aritu ginen denbora osoan.


Zuhaitzen egoera izugarri/izozgarria benetan.


Kanala zabaltzen den lekura ailegatu aurretik oin marka bat ikusi eta bertara joan ginen zuzen zuzen, nahiz eta, berriro ere, elurraren egoera dela eta, askotarako ez lagundu.

Basotik ateratzen.


Nahiz eta egoera hotza iruditu, haizearen babesean geundenez, hemen ez genuen horrenbesteko hotzik pasa.


Nardasakonen zati zabalera ateratzen. Behe lainoak ez du goiko zatia ikusten uzten.


Kanalaren igoeraren azken argazkia, Josu arropa guztia jantzi eta Orratzaren kanalera sartu aurretik. Gero pasa genuen hotza dela eta, ez berak ez nik ez genuen txantxetarako denborarik izan.


Berriro ere etxerako bueltan. Aizkorrik zuen elur kantitatea ikusi daiteke.


Azken argazkia Zegama herritik aterata, Aizkorri dagoeneko lainoen artean.