Duela hiru urte antzuak izan ziren bi saiakeren ondoren, hirugarrengoan Aiako Harrietako mendi batera igo nintzen. Orduan mendiak-eko lagunek bertako gailurrak ezagutzeko KDD bat antolatu zuten. Giro apartako eguna izan zen, baina mendi hauetatik dagoen ikusmira gozatzeko aukerarik ez genuen izan egun osoan euria bota eta bota aritu zen eta. Nahiz eta egun pattala izan, gutxienez mendi hauetara igotzeko nuen gogoa modu batean kendu nuen.
Orduz geroztik, eguraldi onarekin mendi hauetara berriro ere hurbiltzeko bi arrazoi nagusi nituen, bertako arkaitz ederrez eta ikusmiraz gozatzea. Honela ba, eta aspaldiko partez euria iragarrita ez zegoela aprobetsatuz, Ekainaren 16ean Iker eta biok bertako gailurrak bigarrenez zeharkatu asmoz Arritxulo aterpera hurbildu ginen.
SARRERA
Aiako Harriak osatzen duten mendilerroa berezitasunez betea dago: Kostaldean dauden beste mendi batzuekin alderatuz, oso malkartsua eta forma berezikoa da, koro itsurakoa, Euskal Herriko mendi askoetatik oso erraz identifikatzea erraztuz. Forma berezi hau dela eta, frantziarrek korodun mendia edota hiru koroetako mendia bezela ere ezagutzen dute.
Baina beharbada duen berezitasunik handiena bertako arkaitza da, Euskal Herriko granitodun mendilerro bakarra baita. Granitodun mendilerro bakarra bakarrik ez, Euskal Herriko mendirik zaharrenetakoa ere bada.
Granitodun mendilerro hau hiru gailur nagusiz osatua dago: Erroilbide, Txurrumurru eta Irumugarrieta. Muganix gailurra liburu askotan bigarren mailako gailurtzat jotzen dute. Mendi hauen guztien izenen atzean ere bere istoriotxoa gordetzen da (erreferentzi hauek guztiak mendikat web orritik hartu ditut):
- Erroilbide: Dirudienez Erroldan mitikoari egiten dio erreferentzia, izena "Erroldan bide"-tik etorriz.
- Txurrumurru: Mendi honen izenak euskal mitologiarekin erlazioa dauka eta mendi honen magalean dagoen Zulumuru (Muru-ren zuloa) iturburutik omen dator. Mendi hauetan, Aralarren gertatzen zaigun moduan, jainkosa bat bizi zen, Puiako Maia, neguan Aiako Harrietan eta udan Jaizkibel mendiko itsaslabarretan bizi zena. Dirudienez, lekuz aldatzen zenean zerua igitai formako suzko argi batek zeharkatzen zuen.
- Irumugarrieta: Izen honek bi oinarri izan ditzazke: alde batetik puntu hontan Irun, Oiartzun eta Lesaka udalerrien mugek bat egiten dute. Bestalde puntu hontan Nafarroa, Gaztela eta Ingalaterra erresumek bat egiten zutela esan izan da. 1779 urtean mendi hau Zamarrolagaña bezela izendatua azaltzen da. Izena bertan zeuden meatzetatik datorkio, zamar (sarra - "escoría"-), ola (ferreria" eta gaña hitzez osatua. Amaitzeko, Hondarribiko arrantzalek itsasotik garbi ikusten den mendi honi Batallau izena ere eman diote.
- Muganix: Pustako gaña bezela ere ezaguna da. Ez dut mendi honen izenaren jatorririk inon aurkitu.
Egun Aiako Harriak parke natural dira, izen "ofiziala" Aiako Harria parke naturala delarik.
GURE BIDEA
Aiako Harrien zeharkaldia iparretik hegora edo hegotik iparrera egin daiteke. Mendiak-eko lagunekin KDD egin genuenean iparretik hegoruntz joan ginen, baina oraingoan alderantzizko norantza hartu genuen. Bi aukerak "dastatu" ondoren, nik bigarrengo hau aukeratuko nuke, ertz-lerroaren pausurik zailenak, horien artean, Txurrumurru mendiaren azpian dagoen "uztaiaren pasaleku" famatua (III gradukoa gutxi gora behera), igoerako norantzan topatuko ditugu eta.
Kotxea uzteko ere bi leku dira erabilienak: Elurretxe eta Arritxulo aterpea. Guk Arritxulo aterpea aukeratu genuen, baina guk eginiko ibilbiderako bata edota bestea berdintsu izan daiteke.
Arritxulo aterpera iristeko lehenik Oiartzun herrira joan beharrean gaude. Honetarako, Irungo norantzan bagoaz, AP-1 autopista 12garren irteeran utzi beharko dugu, hemendik aurrera Oiartzun herrirarte GI-2134 bidea jarraitu beharko dugularik. Oiartzun zeharkatzen ari garela, Arditurrira eta Lesakara doan bidea hartu beharko dugu (GI-3420 bidea) eta GI-3420 errepidetik 8 kilometro pasatxo egin ondoren, gure eskuinean Arritxulo aterpera doan bidegurutzea topatuko dugu (ongi adierazita dago).
Guk ibilbidea zirkular gisara planteatu genuen: Aritxulegitik Elurretxera gailur guztiak igoz eta Elurretxetik Aritxulegira GR-121 ibilbidea jarraituz. Ibilbidea modu eta norantza honetan egiten bada, udako egun eguzkitsu eta beroetan kotxera baso baten itzalaren babesean ia denbora osoan itzuliko gara.
Eginiko ibilbidea (gorriz).
DESKRIBAPENA
09:20, Arritxulo aterpea, 420 metro inguru. Trasteak prestatu eta, batez ere, eguzkitako krema ongi eman ondoren, aterpe eder hontatik irteteko prestatu ginen.
Arritxulo aterpetik denbora luzean GR-121 bidea jarraitu genuen.
Iker aterpearen ondoan irteteko prest.
Errepidetik metro batzuk eta "S" zabal bat egin ondoren, Aritxulegiko gainara eramango gaituen bidexka bat jarraitu genuen.
Bidexka hartu ondoren, atzean aterpea ikusi daiteke.
09:25, Aritxulegiko lepoa, 450 metro. Bsot minutu eskasaren ondoren gain hontara ailegatu ginen langa bat pasa ondoren.
Aritxulegiko lepoan dagoen tunelera ailegatu aurretik, argazkian ikusten den bezelan, honen eskuinetik doan pista bat jarraitu genuen.
Pista 300 metro inguru jarraitu ondoren Aritxulegiko aterpe irekira ailegatu ginen, honen ondoan indikazio poste bat topatuz.
Iker eskuinean Aritxulegiko aterpe irekia duela. Aurrean indikazio postea ikusi daiteke.
Indikazio postea. Puntu hontan Elurretxera doan GR-121 bidea jarraitu genuen.
Indikazio postea dagoen bidegurutzea atzean utzi ondoren, maldatxo bat topatu eta maldaren erdian Gerra Zibilean eroritako EAE-ANVko gudarien oroimenez jarritako estelaren ondotik pasa ginen.
Estela.
Maldatxo honen ondoren maldak beheruntz jotzen du, bertan indikazio poste eta panel bat topatuz.
Iker panelaren aurrean. Hemendik aurrera gutxi gora behera jarraitutako bidea markatu dut.
Indikazio postea. Guk berriro ere Elurretxera doan bidea jarraitu genuen.
Hauspoa zertxobait berotuko gintuen malda baten ondoren, bidea lasaitu egiten da arkaitz handi batzuen ondotik pasatuz.
09:40, gailurretara eramango gaituen bidearen indikazio postea, 550 metro inguru. Puntu honetan GR-121 bidea utzi genuen bidexka hestu batean sartuz. Gero, Elurretxetik itzultzerakoan, berriro ere puntu hontara ailegatu ginen.
Iker GR-a uzteko prest.
Indikazio postea gertuago.
Esan bezela, hemendik gora bidexka zertxobait hestutzen da, malda handituz, baina gozo-gozo igotzen da.
Bidegurutzea utzi eta 200 metro inguru igo ondoren, bideak diagonalean ezkerreruntz jotzen du, arkaitzen artean dagoean pasabide bateruntz. Pasabidearen sarreran marka txuri-urdin bat dago. Guk pasabidera goizeko 9:48-tan ailegatu ginen.
Iker pasabidera hurbiltzen. Marka txuri-urdina non dagoen adierazi dut.
Pasabidearen sarreran, marka txuri-urdina argi ikusten da.
Pasabide honek ez dauka misterio handirik era erraz egiten da. Amaieran eskuak jartzea eskatu gintuen pausutxo bat topatu genuen.
Pasabidetik ateratzen, atzean Donostialdea ikusi daiteke.
Pasabidearen ondoren bideak malda erabat galtzen du eta lehen aldiz Aiako Harria osatzen duten gailurrak ikusi genituen.
Ni, atzean gailur guztiak ditudala.
Esan bezela, hemendik aurrera bidea goxotu egiten da eta metro askotan Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugaren ondotik doa.
Hemendik aurrera jarraitutako bidea. Eskuineko hesia bi probintzien arteko mugan dago.
Mugaren ondoan dagoen bide hau jarraituz pinudi baten gerizpean sartu ginen.
Pinudia utzi eta metro batzuetara, arkaitzetara ailegatzerakoan, ezkerreruntz doan bidexka zapaldua jarraitu genuen, nahiz eta argazkian oso argi ez ikusi.
Oso garbi ez dagoen bidegurutze hontan zuzen jarraitu ezkero, Erroilbide mendira doan hego-mendebaldeko ertz-lerroruntz joango gara. Bertan bi luzetako eta III graduko bidea topatuko dugu.
Guk, lehen aldirako, ohiko bidea jarraitzea erabaki genuen.
"Arkaitz honek kriston pinta dauke" esan zidan Ikerrek. "Ba bai, Piriniotako arkaitzaren antzekoa da" erantzun nion. Bitan pentsatu gebe, ormara hurbildu eta "bulder" egiten arituko balitz bezela ormatik zintzilik jarri zen.
Iker bidegurutzea hartu ondoren arkaitza "dastatzen".
Bidegurutzea hartu ondoren, nahiz eta hestua izan, bidexka ongi zapaldua dago eta galtzeko arriskurik ez dauka.
Bideak, argazkian ikusten den bezela, arkaitz-ormaren azpitik doa denbora osoan, lepo batera ailegatu arte.
Lepora ailegatzen.
Iker lepoan. Hemengo ikusmira benetan ikusgarria da. Lepora goizeko 10:10etan ailegatu ginen.
Eta lepotik aurrera, Erroilbideren gailurrerarte maldak berriro gora egiten du.
Erroilbidera eramango gaituen azken malda honetan arkaitz plaketan egin beharreko pausu interesgarri batzuk topatu genituen. Pausu hauetan gure oinetakoen zoruen kalitatea ongi ikusiko dugu. Dena den granitoak duen itsasgarritasuna izugarria da eta ez genuen arazo handirik izan.
Arkaitz plaken tartea atzean utzi ondoren, atzean Donostialdea berriro ere.
Arkaitz plaka hauen ondoren bidexka bere hortara itzuli eta inongo arazorik gabe eguneko lehen gailurrera ailegatu ginen.
Ikusmira izugarria da.
10:17, Erroilbide, 837 metro. Azken malda hontan izerdi batzuk bota ondoren gailurrera ailegatu ginen.
Iker Erroilbide mendiaren gailurrean...
...Baita ni ere, Lekuren omenez "Alberto Zenbatzaile"arena egiten.
Juxtu-juxtu argazki batzuk ateratzeko gelditu ondoren aurreruntz jarraitu genuen. Hemendik aurrera ertz-lerrotik ahalik eta gertuen mantentzen saiatu ginen, ibilbideaz gozatuz. Bidean zehar hainbat orratzatxo igo eta jaisten aritu ginen.
Iker gailurra uzten eta gutxi gora behera jarraitutako bidea.
Bidea oraingoz, gozatzeko modukoa. Argazkian Endarako urtegia ikusi daiteke.
Iker bere zapatillen itsasgarritasuna frogatzen. Aurrean ikusten da igo genuen lehen zailtasuna, bost metro inguruko ormatxo erraz bat, II gradukoa gutxi gora behera.
Atzera begirada, ikusten denez ertz-lerroa oso zabala da.
Erroilbideren gailurretik bost minutu eskasera, ertz-lerroaren lehen zailtasuna topatu genuen, bost metro inguruko ormatxo bat. Nahiz eta argazkian bertikal xamarra iruditu, helduleko paregabeak dauzka eta erraz egin genuen. Ormatxo honi II graduko zailtasuna ematen diote.
Eskaladatxo honen ondoren, ertz lerroa berriro ere zabaldu egiten da bidexka gozo bat jarraituz.
Erroilbidetik irten eta hamar minutu eskasera, Txurrumurru mendira eramango gaituen "uztaiaren pasabidea"-ren aurretik, arkaitzen arteko pasabide hestu eta polit batera ailegatu ginen.
Pasabideak ez dauka inongo misterio eta zailtasunik eta noizik eta behin eskuak jartzea besterik ez zigun eskatu.
Pasabidea amaitzen.
Ikerrek pasabidearen gainetik "uztaiaren pasabideruntz" ateratako argazkia. Uztaiaren kokalekua gorriz adierazi dut eta bertan bi mendizale ikusi daitezke.
10:25, "uztaiaren pasabidea", 770 metro inguru. Pasabide hau ez da oso luzea, 7-8 metro inguru izango ditu eta III-ko zailtasuna ematen diote. Pasabidea errazteko, lekurik zailenean uztai handi bat jarrita dago. Pasabide hau bi modutara gainditu daiteke:
- Ezkerreruntz diagonalean metro batzuk igo ondoren eskuineruntz zeharkaldi horizontal bat egin. Zeharkaldi hontarako uztaia oso lagungarria da.
- Zuzen igo. Bigarren aukera hontarako, arkaitzaren lehen metroetan maila batzuk zizelkatu dira.
Guk, arkaitza lehor-lehorra zegoela ikusita, bigarren aukera hau hartu genuen. Egia esan, aparteko zailtasunik ez genuen topatu helduleko onak ditu eta, baina kontutan izan bertikal xamarra jartzen dela. Arkaitza bustia izan ezkero, lehen aukera seguruagoa da.
Pasabidea hasteko prest.
Lehen metroetan, hemen dago zailtasunik handiena. Uztaia non dagoen adierazi dut.
Iker zailtasun handiena gainditzen.
Lehen zati bertikal honen ondoren 10 metro inguruko plaka etzan bat topatu genuen. Denbora guztian esaten ari naizen bezela, arkaitza hain itsasgarria izanda, plaka hau oso erraz igo genuen. Gu plakaren zailtasunik handiena bilatzen igo ginen.
Ni plakaren azken metroetan.
Iker plakatik ateratzen. Leku hau ere, arkaitza bustita badago, kontuz ibili beharreko lekua da.
"Arkaitza flipantea da" esan zidan Ikerrek, "honelako arkaitza Txindokin izango bagenu". Plaka honen ondoren, inongo zailtasunik gabe Txurrumurru mendiaren gailurrera ailegatu ginen.
10:36, Txurrumurru, 828 metro. Gailur hontan Erroilbide gailurrean baino denbora gehiago egon ginen argazkiak atera eta paisaiaz gozatzen.
Txurrumurruren gailurrean dagoen enara itsurako txoria.
Txurrumurru, 828 metro..
Atzera begirada, dagoeneko Erroilbide urrun gelditzen da. Jarraitutako bidea gutxi gora behera adierazi dut.
Irumugarrieta mendia Txurrumurrutik. Ikusmira izugarria da.
Gailurrean bost minutu eskas egon ondoren bidea jarraitzeari ekin genion.
Txurrumurrutik Irumugarrietara doan ohiko bideak ez dauka inongo zailtasunik eta zapaldutako bidexka erraz bat jarraitzea besterik ez da.
Gure kasuan, arkaitzaren kalitateaz txundituta, ertz-lerroa jarraitu genuen, hontarako, bi mendi hauen artean dauden bi orratz igoz. Ohiko bideak bi orratz hauek ekiditen ditu.
Txurrumurrutik behera. Jarraitutako bidea eta bi orratzak non dauden adierazi dut.
Iker Txurrumurrutik behera.
Txurrumurru eta Irumugarrieta mendien arteko orratzetara igotzeko zailtasun bakarra lehen orratzaren igoeran topatu genuen, 6 metro inguruko ormatxo erraz batean (II gradukoa gutxi gora behera).
Ni lehen orratzaren gainean eta nire azpian igo beharreko ormatxoa.
Iker ormatxora hurbitlzen.
Ormatxotik ateratzeko prest.
Lehen orratz hontatik bigarren orratzera ailegatzeko ibiltzea besterik ez da.
Irumugarrieta eta argazkiaren eskuinean bigarren orratzaren gailurra.
Bigarren orratzetik bidexka hestu batetik jaitsi eta ohiko bidearekin topo egin genuen, di-da batean Irumugarrieta mendiaren gailurrera ailegatuz.
10:50, Irumugarrieta, 811 metro. "Hau da jende pila" esan zidan Ikerrek. "Joer, ba bai, Txindoki emateo" erantzun nion.
Irumugarrietan dagoen buzoia.
Irumugarrieta, 811 metro.
Atzera begirada Irumugarrietaren gailurretik.
Zegoen jendetza eta Muganix-en ia mendizalerik ez zegoela ikusita, dozena erdi argazki atera ondoren eguneko azken gailurreruntz abiatu ginen.
Iker Irumugarrietatik behera eta gutxi gora behera Muganix mendiraino jarraitutako bidea.
Azken bi mendi hauen arteko bideak ez dauka inongo zailtasunik eta di-da batean egin genuen bien arteko tartea.
11:00, Muganix,758 metro. "Eta bertan hamaiketakoa itten badeu?" Esan zidan Ikerrek, "kristoneko urdaiazpiko tortilla ogitarteko parea ekarrittut". Honelako gonbidapenei ezezkoa esatea zaila izaten denez, motxilak lurrera bota eta hamaiketakoari egurra emateko prestatu ginen.
Iker Muganix mendiaren buzoira ailegatzen.
Muganix mendiaren buzoia.
Hamaiketakoari errepasoa ematen. Ikerrek esaten duen bezelan, "honelako ogitartekoa daun lekun kendu daitezela barrita guztik".
Atzera begirada.
Ikerrek prestatutako "barrita energetikoei" leku hobeago bat eman eta atsedentxo bat hartu ondoren, 11:17tan berriro ere martxan jarri ginen. Hasieran esan bezela, itzultzeko Elurretxetik Aritxulegira doan GR-121 ibilibidea jarraitu genuen, hontarako, lehenik Muganix menditik Elurretxera doan ohiko bidea jarraituz.
Iker bidearen lehen metroetan.
Bidea oso ibilia dago eta ez dauka galtzeko arriskurik. Denbora osoan GR, PR eta bestelako arrastoak jarraitzea besterik ez genuen egin.
Bideak zatirik gehinetsuenean pagadi bat zeharkatzen du.
Jaitsiera hasi eta hamar minutu eskasera indikazio poste hau topatuko dugu.
Ikusten denez, modu eta mota guztietako arrastoak jarraitu genituen. Jamaikako banderaren koloreak jarraitzen ari ginela zirudien je,je,je.
Muganix menditik ordu laurden eskas batean Elurretxera ailegatu ginen.
11:32, Elurretxe, 486 metro. Bertan dauden informazio panelak irakurri, ur pixkat edan eta argazki batzuk atera ondoren, martxan jarri ginen.
Oraingoan, Elurretxen dagoen indikazio posteak dioen bezela, Aritxulegiko lepora eramango gintuen GR-121 ibilbidea jarraitu genuen. Postearen arabera ordu bat eta berrogeitamar minutu daude bi puntu hauen artean.
Elurretxetik atera eta lehen metroetan.
Hemendik aurrera GR arrastoak etengabe jarraitu genituen. Dena den kontuz ibili behar da, leku batzuetan arrastoen arteko tartea handia da eta. Pagadi batean sartuta geundela,, konturatu gabe bidetik erabat desbideratu ginen eta GPS-ari eskerrak, malda zuzen eta gogor bat igo ondoren, berriro ere bidera itzuliz.
Bidearen ondoan gerra garaiko bunker baten ondotik pasa ginen. Bunker hau Elurretxetik bost minutu eskasera topatu genuen, eta honelakoetan, bazpaere komeni izaten da barruan zer dagoen ikustea, je,je.
Altooooooo!!!!!!!!!!!!!.
Bunkerra atzean utzi eta berehala langatxo bat zeharkatu genuen.
Ikusten denez, bidea PR eta GR arrastoekin markatua dago, baina esan bezela, kontu handiz ibili behar da leku batzuetan arrastoen arteko tartea handia baita.
Elurretxetik atera eta 15-20 minutuetara beste indikazio poste batera ailegatu ginen.
Bidea orokorrean oso gozoa eta apenas maldarik gabekoa da eta ia etengabe baso baten erditik doa. Dena den, basotik irten baino lehen ordurarte bota ez genituen izerdiak botarazi gintuen ezusteko malda bat topatu genuen.
Iker maldaren azken metroetan.
Basoaren amaierara ailegatzen. Honen amaieran goizean eginiko bidearekin topo egin genuen.
Basotik irten ondoren goizean Erroilbidera igotzeko GR-121 bidea utzi genuen bidegurutzean.
Argazki hontan goizean igotzeko (gorriz) eta gero jaisteko jarraitu genituen (urdinez) bideak markatu ditut. Iker makuluarekin Arritxulo aterpea non dagoen adierazten ari da.
12:39, Arritxulo aterpea, 420 metro inguru. Hiru ordu pasatxoko ibilbidearen ondoren, beroaren ondorioz izerditan blai, berriro ere kotxea utzitako lekura ailegatu ginen.
Iker Kotxera ailegatzen.
IBILBIDEAREN PROFILA
AZKEN 10 SARRERAK
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina